149. zk., 2023ko abuztuaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (282 KB - 26 orri.)
- EPUB (1498 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3839
78/2023 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko jarraibideak onartzeko Erabakia.
Gobernu Kontseiluak, 2023ko uztailaren 11n egindako bilkuran, lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko jarraibideak onartzeko Erabakia hartu du, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra. – Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko jarraibideak onartzeko Erabakiaren testua (ikus ebazpen honen eranskina).
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
Jon Iñaki Urbina García de Vicuña.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 28a.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN uztailaren 28KO 78/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ LEGE-PROIEKTUAK, DEKRETUAK, AGINDUAK ETA EBAZPENAK EGITEKO JARRAIBIDEAK ONARTZEN BAITIRA
Bai esperientziak, bai teknika juridikoan espezializatutako doktrinak agerian utzi dutenez, xedapenen eta egintzen kalitateak eta argitasunak berebiziko garrantzia dute hartzaileek behar bezala uler ditzaten, bai eta ordenamendu zorrozki taxutu bat lortzeko ere, ordena formalean, eta, beraz, ordenamendu hori segurtasun juridikoaren bermatzaileagoa izan dadin.
Apirilaren 30eko 286/1991 Dekretuak Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako Sailaren egitura organikoa ezarri zuen, eta haren 8.1.d) artikuluak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren esku utzi zuen txostenak eta proposamenak egitea, Jaurlaritzari azter ditzan aurkezten zaizkion xedapen eta egintzen kalitateari buruz.
Eginkizun hori betez, idazkaritza horrek 1988an jarraibide batzuk prestatu zituen, lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko legegintza-teknikari buruzkoak. Jarraibide haiek sail guztietara bidali ziren, aztertu eta oharrak egin zitzaten, eta, pixkanaka, zenbait arauren idazketan aplikatu ziren, halako moldez non onarpen orokorra lortuz joan baitziren, harik eta Gobernu Kontseiluak 1993ko martxoaren 23an hartutako Erabakiaren bidez onartu zituen arte, administrazio honetan erabilitako araugintza-teknikaren normalizazio-prozesua behin betiko finkatu zedin.
Gobernu Kontseiluak 1993ko martxoaren 23ko Erabakiaren bidez onartutako jarraibide horiek berak aipatzen ditu Xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legeak, zeinak 14.6 artikuluan agintzen baitu jarraibide horiek legearen eranskin gisa argitara daitezela, ahalik eta hedapen eta jarraipen handiena izan dezaten, betiere kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak, «egoki iritziz gero, jarraibide horiek eguneratu ahal izango dituela», artikulu horrek berak dioenez.
Harrezkero igarotako denborak erakutsi du jarraibide horiek erabilgarritasun handia dutela, batez ere administrazio honen barruan arauak egiteari dagokionez; hainbesteraino non Estatua bera iritsi baitzen 1988an hasitako bidea ibiltzera, eta Ministroen Kontseiluak 1991n, urriaren 18ko Erabakiaren bidez, lege-aurreproiektuen formari eta egiturari buruzko bere jarraibideak onartu baitzituen, gerora Ministro Kontseiluaren 2005eko uztailaren 22ko Erabakiaren bidez handiagotu zirenak.
Hala ere, kontuan hartuta arau-ekoizpenak izan duen gehikuntza, gaiari buruzko azterketa zientifikoen bilakaera, Estatu autonomikoak bere arau-iturrietako bakoitzean dituen jarraibide desberdinak (horiek koordinatzea egoki litzatekeelarik) —izaera konposatua baitu—, eta produktuaren kalitatea alderdi guztietan hobetzeko borondatea bera, komenigarria da berrikustea hala 1993ko martxoaren 23ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartutako jarraibideen aplikazio-eremua eta objektua nola haien formulazio zehatza.
Horrela, bada, administrazio honetan erabilitako araugintza-teknikaren normalizazio-prozesua behin betiko finkatzea lortzeko, nahitaezkoa da aurreko jarraibideak eguneratzea, eta Gobernu Kontseiluak xedapenak eta egintzak prestatzeko jarraibide berriak onartzea.
Hori guztia dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez eta gaia aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Onartzea Erabaki honen eranskinean agertzen diren legegintza-teknikako jarraibideak, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak, zeinak lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko erabiliko baitira.
Bigarrena.– Legebiltzarrari helaraztea Gobernu Kontseiluak lege-proiektuak, dekretuak, aginduak eta ebazpenak egiteko jarraibide hauek onartu dituela, egokitzat jotzen badu, Erabaki honetan jasotakoekin bateragarriak diren legegintza-teknikako jarraibide propioak har ditzan, tresna egokienaren bidez.
Gidalerro hauek bidaltzearen helburua da Legebiltzarrean, exekutibotik abiatu gabe, onar daitezkeen lege-proposamen eta arau-proposamen guztiak izapidetzean erabilitako araugintza-teknikaren normalizazio-prozesua bermatzea, hizkuntzaren edo aplikatutako legegintza-teknikaren arrazoi hutsagatik kontraesanik edo antinomiarik sor ez dadin, jatorria desberdina delako.
Hirugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritza eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak aginduko du Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.