Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2023ko abuztuaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3835

424/2023 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Barakaldo-Sestaoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barakaldo-Sestaoko Erakunde Sanitario Integratuan (Bakeako Osasun Zentroan) Lehen Mailako Arretako Unitateburu lanpostu bat izendapen askez betetzekoa.

Barakaldo-Sestaoko Erakunde Sanitario Integratuko Bakeako Osasun Zentroan Lehen Mailako Arretako unitateburu lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko eskakizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskakizun hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea A1/B1 lanbide-taldean.

b) Honako titulazioetako bat edukitzea:

b.1.– Medikuntzako eta Kirurgiako lizentzia eta Familiako eta Komunitateko Medikuntzako espezialitatea edo, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinak ezarritakoaren arabera Medikuntza Orokorreko mediku-eginkizunak betetzeko ezarritako titulu, ziurtagiri edo diplometatik bat edukitzea, edota Medikuntzako eta Kirurgiako lizentzia eta Pediatriako espezialitatea edukitzea.

b.2.– OLTko titulazioa edo Erizaintzako Unibertsitate Diploma, edota Erizaintzako Gradua, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandakoa, Osakidetza Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinak ezarritakoaren arabera.

c) 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-datarik gabe.

d) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia A1/B1 lanbide-taldeetako zereginetan.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

– Lehen Mailako Arretako Unitatea kudeatzeko memoria-proiektua baloratuko da.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barakaldo-Sestaoko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Antonio Miranda Etorbidea 5, 48902 Barakaldo). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. 4. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztua ahal izango dira eskaerak.

Interesdunek Barakaldo-Sestaoko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Antonio Miranda Etorbidea 5, 48902 Barakaldo), beren datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera. Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Lehen Mailako Arretako Unitateko memoria-proiektua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta lanpostua haietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

6.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, proposamena osatuko da dagozkion funtzioak esleitzeko. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake Batzordeak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Osakidetzako Barakaldo-Sestaoko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpen baten bidez amaituko da ebazpen honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea). Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean eta webgune korporatiboan ere argitaratuko da.

Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian n argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Barakaldo, 2023ko ekainaren 15a.

Barakaldo-Sestaoko ESIaren zuzendari-gerentea,

JOSEBA JULEN BALLESTERO ZARRAGA.


Azterketa dokumentala