Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2023ko abuztuaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3766

116/2023 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoan urpeko jarduerak eta urpekaritzako lanbide-jarduera berriak baimendu eta kontrolatzeko baldintzak ezartzen dituena.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzeko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.c artikuluan xedatzen da Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumena dela Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta bere lurraldean betearaztea, EAEko arrantza-sektorearen antolamenduari dagokionean. Halaber, 16. artikuluan, Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, jasotzen da Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa dela irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, modalitate eta espezialitate guztietan, hartara eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluan eta hura garatzeko lege organikoetan ezarritakoa.

Abenduaren 29ko 3391/1981 Errege Dekretuaren bidez, Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zizkion itsasoari eta arrantzari buruzko irakaskuntzaren alorreko zerbitzuak. Era berean, uztailaren 8ko 1544/1994 Errege Dekretuaren bidez, uretako eta urpeko kiroletako irakaskuntzen alorreko funtzio eta zerbitzuak eskualdatu zitzaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari.

Euskal Autonomia Erkidegoan, urriaren 13ko 201/2004 Dekretuan, urpekaritza profesionalean aritzeko baldintzak xedatzekoan, urpeko jarduera profesionaletan aritzeko gai egiten duten baldintzak garatu ziren, honako hauei dagokienez: lanbide-tituluak eta haiei esleitutako eskumenak, prestakuntza-zentroak, eta urpekaritza-jardueren liburuxkak.

Azkenik, ekainaren 24ko 898/2011 Errege Dekretuak 1981eko eta 1994ko Errege Dekretuek eskualdatutako funtzioak eta zerbitzuak zabaldu zituen uretako eta urpeko kirolen irakaskuntzen alorrean, eta, horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zizkion urpekaritza profesionalaren alorreko funtzio eta zerbitzuak. Besteak beste, 898/2011 Errege Dekretuaren Eranskinaren B) 3 apartatuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak urpekaritza profesionaleko eskumen hauek hartzen ditu bere gain: «Urpekaritza profesionalaren irakaskuntzarako ikastetxeak baimentzea eta irekitzea, urpekaritza profesionalaren tituluak lortzeko azterketak egitea eta kontrolatzea, eta, orobat, urpekaritza-mota honetan jarduteko behar diren tituluak eta nortasun profesionaleko txartelak ematea», eta «urpeko jarduerak baimentzea eta kontrolatzea, itsasoan gizakien bizitzaren segurtasuna bermatzeko arloan Estatuak dituen eskumenei kalterik egin gabe».

Hori guztia dela eta, gero eta handiagoa da sektore horren gaineko eskaria, eta, horrenbestez, ezinbestekoa da sortutako beharren arabera eguneratutako eta egokitutako araudi bat izatea, eta horrexegatik da gomendagarria urriaren 13ko 201/2004 Dekretua arautzea eta osatzea, kontuan izanda ekainaren 24ko 898/2011 Errege Dekretuaren bidez eskualdatutako funtzio eta zerbitzuak. Beraz, dekretu honekin, lehendik dauden urpekaritza-tituluak osatzeko bi titulu arautuko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko uretan aritzeko urpeko jardueren baldintzak eta kontrola ere. Hori guztia, ekainaren 2ko 550/2020 Errege Dekretuan xedatutakoa betez (urpekaritza-jardueren segurtasun-baldintzak ezartzen dituena).

Dekretu hau prestatzeko, kontsulta egin zaie foru-aldundiei, baita sektorean ordezkaritza duten organizazio eta elkarteei ere.

Azaldutakoak azalduta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 26an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Bi lanbide-titulu berri arautzea. Titulu horiek aukera emango dute lanbide horietan aritzeko, dekretu honetan ezarritako mugen barruan, aplikagarri diren segurtasun-arauak ezertan eragotzi gabe. Hauek dira titulu horiek:

a) Itsasoko baliabideen urpekari biltzailea.

b) Bigarren mailako urpekari profesionala.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko barruko uretan, itsas uretan edo ur kontinentaletan egiten diren urpeko jardueren baldintzak eta kontrola arautzea.

2. artikulua.– Tituluak eta eskumenak.

Urpekaritza profesionalerako titulu berriak, Euskal Autonomia Erkidegoan urpekaritza profesionalean jarduteko baldintzak ezartzen dituen urriaren 13ko 201/2004 Dekretuan araututakoen osagarriak, honako hauek dira:

1.– Itsas baliabideen urpekari biltzailea.

Titulu horrek titularra gai egiten du 15 metrora arteko sakonerarainoko urperatzeak egiteko, deskonpresiorik gabe, urpekaritza-ekipamendu autonomoak eta ur-azaletiko aire-hornidura duten ekipamenduak erabiliz, arrantzako itsas baliabideak haztearekin, biltzearekin edo erauztearekin lotutako lanak egiteko.

2.– Bigarren mailako urpekari profesionala.

Titulu horrek honako jarduera hauek egiteko gai egiten du:

a) Urpekaritza-ekipamendu autonomoak, ur-azaletiko aire-hornidura duten ekipamenduak, aire aberastua, kanpai hezeak, gindolak eta beste edozein sistema erabiltzea.

b) 50/60 metroko sakonera arteko urperatzeak egitea, segurtasun-arauak betez, eta erabilitako ekipamenduen mugak kontuan hartuta.

c) Urpeko lanak egitea, ezarritako metodoak eta prozedurak erabiliz.

d) Prestakuntza-jardueretan parte hartzea, urpekari laguntzaile gisa.

3. artikulua.– Tituluak lortzeko baldintzak eta eskakizunak.

1.– Itsas baliabideen urpekari biltzailea:

a) 18 urte beteta izatea.

b) Urpekaritzarako gaitasunaren baloraziorako legez ezarritako azterketa medikoa gainditzea.

c) I. eranskinean zehaztutako proba fisikoak gainditzea.

d) I. eranskinean aurreikusitako gutxieneko langile-baldintzak eta titulua betetzen dituen prestakuntza-ikastaro batean izena eman, osatu eta gainditzea.

2.– Bigarren mailako urpekari profesionala:

a) 18 urte beteta izatea.

b) Titulu hauetakoren bat edukitzea: Sakonera txikiko urpekaria, urriaren 13ko 201/2004 Dekretuan arautua; bigarren mailako urpekari mugatua edo sakonera txikikoa (30 metro arte), NAEMen 1995eko abenduaren 22ko Agindua indarrean sartu aurretik lortua; edo sakonera txikiko urpekaria (25 metro arte), Estatuko Administrazio Orokorrak irailaren 25eko 2055/1969 Dekretuan arautua.

c) Urpekaritzarako gaitasunaren baloraziorako legez ezarritako azterketa medikoa gainditzea.

d) OBEren (oinarrizko bizi-euskarria) eta oxigeno normobarikoko administratzaile izateko ikastaroa egin izana.

e) II. eranskinean zehaztutako proba fisikoak gainditzea.

f) II. eranskinean aurreikusitako gutxieneko langile-baldintzak eta titulua betetzen dituen prestakuntza-ikastaro batean izena eman, osatu eta gainditzea.

4. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren uretako urpeko jarduera profesionalen baldintzak eta kontrola.

1.– Urpekaritza-jardueren segurtasun-baldintzak zehazten dituen ekainaren 2ko 550/2020 Errege Dekretuaren 61. artikuluan ezarritakoa betez, pertsona fisiko edo juridikoek urpekaritza profesionalean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari jakinaraziko diote urpekaritzako edozein jarduera profesional egin dutela, jakinarazpen baten bidez. Jakinarazpen horretan, honako datu hauek jasoko dira:

1.1.– Bere izenean edo legezko ordezkari baten bidez eskatzen duen pertsona fisiko nahiz juridikoaren datuak:

a) Jardueraren titularraren izen-abizenak edo sozietatearen izena.

b) NAN, AIZ edo IFK, dagokionaren arabera.

c) Helbidea edo sozietatearen egoitza.

d) Harremanetarako telefonoa.

e) Helbide elektronikoa.

1.2.– Urpekaritza profesionaleko jardueraren aitorpena: jardueraren hasiera-data, eta jardueraren eta bertan erabilitako giza baliabideen eta baliabide materialen deskribapen laburra.

2.– Urpekaritza profesionalean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako titularra izango da horren jakinaren gainean jartzeko eta egiaztatzeko organo eskuduna.

3.– Indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen beste komunikazio edo baimen batzuei ezertan eragotzi gabe jarriko da jakinaren gainean.

4.– Komunikazioa eginez gero, jarduera muga tenporalik gabe egin ahal izango da. Eskabidearekin batera egindako aldaketak (langileena edo bestelako zirkunstantzietan egindakoak) Eusko Jaurlaritzan urpekaritzan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio, eta zuzendaritza horrek emakida aldatu edo baliorik gabe utzi ahal izango du, batez ere ez badira emakida emateko baldintzak betetzen.

5.– Artikulu honetan ezarritako arauak ez zaizkio aplikatzen urpekaritza militarrari. Halaber, ez zaizkie aplikatzen ikerketa zientifikoko jarduera batetik eratorritako ingurune hiperbarikoko urperatzeei, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko poliziek eta administrazio publikoetako suhiltzaileek egindako urperatzeei ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio urpekaritza profesionalaren arloan eskumena duen saileko titularrari dekretu honen eranskinak aldatzeko, teknika, ekipo edo justifikatutako beste arrazoi batzuen erabilerara egokitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko uztailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

UZTAILAREN 26KO 116/2023 DEKRETUAREN i. ERANSKINA
TITULUA: Itsas baliabideen urpekari biltzailea

1.– Proba fisikoak.

Itsas baliabideak urpekaritza-teknikekin erauzteko lanbide-titulua lortu nahi dutenek prestakuntza-ikastaroetan izena eman ahal izateko gainditu behar dituzten proba fisikoak:

A) Igerilekua edo ur konfinatuak.

1.– 400 m etenik gabe igeri egitea, estilo librean, gehienez 15 minutuz, eta 1.000 metro igeri egitea, hegalekin, gehienez 20 minutuz, igerileku batean edo ur konfinatuetan.

2.– Apnea-proba bat egitea, gutxienez minutu batekoa.

3.– Urpean 25 metro igeri egitea, apnean, hegalik gabe.

Proba horiek igerilekuan edo ur konfinatuetan egingo dira, bainujantzia, txanoa eta betaurrekoak soilik izanda.

B) Birkonpresioarekin eta oxigenoarekiko tolerantziarekin lotutako probak.

1.– Aparatuz aparatuko anamnesia.

2.– Azterketa fisiko osoa.

3.– Proba osagarriak egitea, medikuaren iritziz urpekaritza profesionalean aritzea kontraindikatzen duten arrisku-egoerak baztertzeko.

Konpresioarekin eta oxigenoarekiko tolerantziarekin lotutako probak Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun edo Erizaintzako diplomadun batek gainbegiratu beharko ditu une oro, eta horrek erakunde ofizial batek emandako eta urpeko jarduerekin lotutako titulua, espezialitatea, diploma edo ziurtagiria izan beharko du ezinbestean.

2.– Itsas baliabideen urpekari biltzailearen titulurako prestakuntza-programa.

Titulua lortzeko prestakuntza-programak honako helburu hauek izango ditu:

a) Helburu orokorra: itsas baliabideak urpean biltzen jardutea, segurtasunez, gaitasunez eta arduraz, 15 metroko sakoneraraino, arnasteko gas gisa airea erabilita, ur-azaletiko hornidura duten ekipamenduak eta urpekaritza-ekipamendu autonomoa erabiliz.

b) Helburu espezifikoak:

– Urperatze seguruak egiteko kalkuluak ulertzeko eta egiteko behar adina prestakuntza-maila teoriko eta praktikoa izatea. Taldean lan egitea.

– Jarduera honetako istripu ohikoenak eta haiek prebenitzeko moduak zein diren jakitea. Oinarrizko lehen sorospenak egitea.

– Akuatizitate egokia izatea eta ur-azaletiko hornidura duen urpekaritzako gutxieneko oinarrizko ekipamendua eta ekipamendu autonomoa segurtasunez erabiltzea.

– Kontzientzia arduratsua garatzea arrantzako itsas baliabideekiko.

c) Edukiak:

1.– Teorikoak (36 ordu):

1.– Legedia (3 ordu): urpeko jarduerak egiteko segurtasun-arauak; tituluak eta kualifikazioak, eta haiei esleitutako eskumenak; higieneari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko legedia; NBEak.

2.– Aire bidezko urpekaritzara aplikatutako fisika (4 ordu):

– Aire konprimatu bidezko urpekaritzarako oinarrizko parametro fisikoak. Flotagarritasuna, Arkimedesen printzipioa.

– Presioa. Gasen lege orokorra. Charles-en legea.

– Boyle-Mariotte-ren legea. Aplikazio praktikoa.

– Dalton eta Henry-ren legeak. Kontzeptua eta aplikazio praktikoa.

3.– Aire bidezko urpekaritzara aplikatutako fisiologia (4 ordu):

– Arnas sistema.

– Zirkulazio-sistema.

– Belarriak eta sinuak.

– Presioaren eragina giza gorputzean.

– Aire bidezko urpekaritzan gerta daitezkeen istripuak.

– Orokorrak. Jaistean. Hondoan. Igotzean.

4.– Lehen sorospenak (4 ordu):

– Urpekaritzako istripu baten sintomak identifikatzea.

– Bihotz-biriketako geldialdia eta bizkortze-teknikak.

– Zauriak, odoljarioak, hausturak, erredurak, elektrokuzioa, asfixia eta biriketako edema, hipotermia eta hipertermia.

– Istripua izan duen pertsona lekualdatzea.

5.– Urpekaritza-teknikak (10 ordu):

– Urpekaritza-taulak erabiltzea eta interpretatzea.

– Ur-azaletiko hornidura duen oinarrizko urpekaritza-ekipamendua eta urpekaritza-ekipamendu autonomoa erabiltzea.

– Urpekarien arteko komunikazioa eta seinaleak.

– Matxura eta konponketa ohikoenak.

6.– Urpeko lanaren planifikazioa eta antolaketa (2 ordu):

– Urpeko lantalde baten osaera eta talde horretako kideen eginkizunak eta ardurak.

– Larrialdi- eta ebakuazio-plan bat prestatzea.

7.– Baliabide-erauzketa arduratsua (9 ordu):

– Arrantza-baliabideak. Arrantza arduratsua. Urpeko biltzaileen jarduerara aplikatzea.

– Itsaski-bilketa, ekonomia-jarduera gisa.

– Itsas inguruneari buruzko orokortasunak.

– Itsaski-bilketarako interesa duten itsas espezieak.

– Sarda naturalen bilakaera: baliabidearen ustiaketa arrazionala. Ustiaketa-planak.

– 6/1998 Legea, martxoaren 13koa, itsas arrantzari buruzkoa.

– Antolaketa. Antolaketaren kontzeptua itsaski-bilketaren esparruan. Abantailak eta helburuak.

– Arrantzale-kofradiak, bazkide-izaera. 16/1998 Legea, ekainaren 25ekoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko organoak: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza.

– Merkaturatzea.

– Itsasoko langileen araubide berezia Gizarte Segurantzan, prestazioak eta hitzarmen bereziak.

2.– Praktikoak (36 ordu):

1.– Igerilekuan edo ur konfinatuetan, sakonera gero eta handiagoan, metro batetik 4 metrora bitartean.

Gutxienez, 4 saio.

– Urpekaritza-ekipamendu arinera egokitzea, eta apnea-praktikak egitea.

– Ekipamendu autonomoa ur-azalean erabiltzea. Honako hauek osatzen dute ekipamendu hori: neoprenozko jantzi hezea, hegalak, betaurrekoak, hodia, berun-gerrikoa, labana, erregulatzaile independenteak, urpekaritzako ordenagailua, flotagarritasunerako txalekoa eta bi txorrotako botila.

– Ekipamendu autonomora egokitzea: igoerak eta jaitsierak erreferentziekin eta erreferentziarik gabe, flotagarritasunaren kontrola, larrialdiko igoerak, etab.

– Jantzi lehorrera egokitzea.

– Ur-azalean igeri egitea, jantzi lehorra, hegalak, betaurrekoak, hodia eta lasta-gerrikoa erabiliz; ur-azalean igeri egitea beste jantzi-mota batzuk erabiliz.

– Ur-azaletiko hornidura duen urpekaritza-ekipamendua muntatzea:

Hornidura nagusia: konpresorea eta iragazkiak.

Larrialdiko hornidura.

Banaketa-koadroa.

Kable bidezko eta haririk gabeko komunikazioak.

Aurpegiko maskara eta eskari txikia.

Urpekariaren botila eta larrialdiko balbula.

Urpekaritzako zilbor-hodia.

Urpekariaren ekipo pertsonala.

Lantaldeko rolak lantzea.

Taldeburuaren figura: egiaztatze-zerrendak, banaketa-koadroaren manipulazioa eta kontrola.

Urpekaritza-laguntzailea: urpekariari ekipamendua jartzen eta kentzen dio. Zilbor-hodiak kontrolatzen ditu.

Larrialdietarako urpekaria: larrialdi-egoeren simulazioa.

Urpekaria: uretan sartzea. Ahozko komunikazioen, eskuzko seinaleen eta tiratzeen bidezko seinaleen praktikak. Flotagarritasun-praktikak. Igeriketa hegalekin eta hegalik gabe; larrialdi-praktikak. Aire-horniduraren etena. Buiatzearen simulazioa. Zilbor-hodiak korapilatzea. Aurpegiko maskara urez betetzea.

2.– Praktikak ur irekietan (ur-azaletiko hornidura duten ekipamenduekin eta ekipamendu autonomoekin): gutxienez, 10 saio egingo dira, eta, horietako bakoitzean, ikasleek 50 minutu egon beharko dute urpean, urperatzeetan gero eta sakonera handiagora jaitsita, 4 metrotik hasita eta 15 metrora arte.

– Larrialdi-praktikak.

– Aire-horniduraren etena.

– Zilbor-hodiak korapilatzea.

– Aurpegiko maskara urez betetzea, flotagarritasunaren kontrola, larrialdiko igoera, korapilo-lanen praktikak, konexio bakuna eskuko erremintaz muntatzea eta desmuntatzea.

– Ur-azala/urpekaria/ur-azala arteko komunikazioak eta urpekarien artekoak.

Ikastaroaren ordu-kopurua: 72 eskola-ordu (36 ordu teoriko eta 36 praktiko).

3.– Arrantzako itsas baliabideen urpekari biltzailearen titulurako ikastaroak emateko gutxienez eduki behar diren langileak eta tituluak.

a) Ikasle-kopurua ikastaro bakoitzeko: 12 ikasle.

b) Ikastaro bakoitzeko gutxienez behar diren langileak:

– Urpekari irakasle profesional bat.

– Bigarren mailako edo sakonera ertaineko urpekari profesional bat.

– Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun bat edo Erizaintzako diplomadun bat, urpeko jarduerekin lotutako titulua, espezialitatea, diploma edo ziurtagiria duena, erakunde ofizial batek emana.

UZTAILAREN 26KO 116/2023 DEKRETUAREN Ii. ERANSKINA
TITULUA: Bigarren mailako urpekari profesionala

1.– Proba fisikoak.

2. mailako urpekari profesionalaren eta urpekaritza-tekniken lanbide-titulua lortu nahi dutenek prestakuntza-ikastaroetan izena eman ahal izateko gainditu behar dituzten proba fisikoak:

A) Igerilekua edo ur konfinatuak.

1.– 400 m etenik gabe igeri egitea, estilo librean, gehienez 15 minutuz, eta 1.000 metro igeri egitea, hegalekin, gehienez 20 minutuz, igerileku batean edo ur konfinatuetan.

2.– Apnea-proba bat egitea, gutxienez minutu batekoa.

3.– Urpean 25 metro igeri egitea, apnean, hegalik gabe.

Proba horiek igerilekuan edo ur konfinatuetan egingo dira, bainujantzia, txanoa eta betaurrekoak soilik izanda.

B) Birkonpresioarekin eta oxigenoarekiko tolerantziarekin lotutako probak.

1.– Aparatuz aparatuko anamnesia.

2.– Azterketa fisiko osoa.

3.– Proba osagarriak egitea, medikuaren iritziz urpekaritza profesionalean aritzea kontraindikatzen duten arrisku-egoerak baztertzeko.

Konpresioarekin eta oxigenoarekiko tolerantziarekin lotutako probak Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun edo Erizaintzako diplomadun batek gainbegiratu beharko ditu une oro, eta horrek erakunde ofizial batek emandako eta urpeko jarduerekin lotutako titulua, espezialitatea, diploma edo ziurtagiria izan beharko du ezinbestean.

2.– 2. mailako urpekari profesionalaren titulurako prestakuntza-programa.

a) Helburu orokorra: ingurune hiperbarikoan lan egitea eta eragiketak eraginkortasunez eta segurtasunez egitea, 6 barreko presio erlatibora arte, arnasteko ingurune gisa airea eta/edo aire aberastua erabiliz.

b) Helburu espezifikoak:

1.– Lanak egitea ingurune hiperbarikoan, ezarritako metodoak eta prozedurak erabiliz.

2.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzea, urpekari laguntzaile gisa.

c) Edukiak:

Teoria:

– Legedia:

• Urpeko jarduerak egiteko segurtasun-arauak.

• Laneko osasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko legedia. Norbera babesteko ekipamenduak (NBE).

• Hitzarmen kolektiboa.

• Itsasoko salbamendu, aurkikuntza eta erauzketei buruzko araudia.

– Fisika:

• Gasen legeak: gasak urpekaritzan.

• Arkimedesen printzipioa.

• Hidraulikako oinarrizko ezagutzak. Hidrostatikaren funtsezko teorema. Urpekaritza ura ez den beste fluido batzuetan. Pascalen teorema. Makina bakunak eta makina bakunaren legea (tornua, polea, plano inklinatua, ziria eta torlojua). Energia, fenomeno termikoak, argia eta urpeko ikusmena, itsas azpiko akustika.

• Pneumatikako propietateak eta kontzeptu fisikoak.

• Elektrizitateko oinarrizko nozioak.

– Fisiologia:

• Deskonpresio-gaixotasuna. Tratamendu-taulak.

• Biriken gainpresioa.

• Gasek eragindako intoxikazioak.

• Presio handien sindrome nerbiosoa.

• Urpekaritza-istripuetan jarduteko protokoloa.

• Lehen sorospenak.

• Arnas eta zirkulazio-sistema; egitura kardiobaskularra; odol-presioa; urpekaritza-ekipamenduekin arnastea; urperatzean gertatzen diren aldaketak; akidura eta arnas erresistentzia; hiperkapnia, hipokapnia, hipoxia, hiperoxia; narkosia; hipertermia, hipotermia; belarriak; presio-aldaketak gorputzeko aire-eremuetan; biriken gainpresioa; sinuen barotrauma.

– Urpekaritza-teknikak:

• Deskonpresioaren teoria; altitudea eta aireko joan-etorriak urperatzearen ondoren; kontsumoen teoria; gasen hornidura ur-azaletik.

• Gasen nahasteak, aire aberastua.

• Arnastu daitezkeen zenbait nahastetarako urpekaritza-taulak erabiltzea.

• Urpekaritza-kaskoak eta -maskarak.

• Komunikazio-sistemak.

• Check listaren eta urperatu aurreko protokoloen beharra eta erabilera.

• Stand-byren, tenderaren eta taldeburuaren figurak.

• Rebreather.

• Itsasontzien ikuskapena.

• Ekipamendua. Konpresoreak, gasen eta komunikazioaren panelak, zilbor-hodiak, segurtasun-arnesa, urpekaritza-kaskoa eta -maskarak, telebista-zirkuitu itxien sistemak.

– Ingelesa: honako hauetan aplikatu daitekeen terminologia: itsasoko lanak, tresnak, maniobrak, instalazioak, sistemak eta urpekaritza-eragiketak.

– Espezialitate hauetarako sarrera:

• Ebaketa eta soldadura: soldadura elektrikorako sarrera, soldadura-teknikak, ebaketa-prozedurak, segurtasun-arauak.

• Obra hidraulikoak: tresna pneumatikoak, hidraulikoak eta presiozko ura erabiltzen duten tresnak. Erabilera eta mantentze-lanak. Egitura murgilduak, egitura flotatzaileak, portuak, presak, dikeak, ontzitegiak, urpeko hoditeriak.

• Berriz flotarazteko eta ur gaineko konponketak egiteko teknikak: itsasontzigintzako oinarrizko kontzeptuak, berriz flotarazteko lanerako elementuak, ur gaineko konponketetarako lan-elementuak (defentsak, panelak, hormigoia, erretxinak eta eskoramenduak), urpeko aldeko elementuak garbitzea eta aldatzea, TZI bidezko ikuskapenak, lodierak neurtzea, erregaiak erauztea. Babes katodikoaren neurketa.

• Instalazio eta sistema hiperbarikoak: ganbera hiperbarikoak, airea eta/edo nahasteak hornitzeko instalazioak, tunelatzeko makinak, urpekaritza-sistemak, segurtasun-arauak.

• Lehergailuak: motak eta ezaugarriak; segurtasun-arauak; manipulatzea-garraiatzea-biltegiratzea, itsatsi aurreko eta osteko neurriak, zementu hedakorrak.

– Prestakuntza osagarria.

• Itsasontzi laguntzaileen erabilera. Itsasontziari buruzko teoria.

• Itsas kutsaduraren aurkako borroka.

• Planoak interpretatzea.

• Txostenak egitea.

• Marea-taulak eta mapa nautikoak.

• Itsasoaren baldintzak eta eguraldi-iragarpenak.

Praktika.

– Urpekaritza-ekipamenduak:

Ekipamendu autonomoen eta ur-azaletiko hornidura dutenen erabilera, mantentze-lanak eta konponketa.

Ekipamendua prestatzea eta egiaztatzea.

Urpekariaren prestaketa. Egiaztatzea: komunikazioa, zilbor-hodia, kaskoa, erreserbako botila eta irakurketa, hornidura nagusia eta bigarren mailako hornidura egiaztatzeko protokoloa, etab. Larrialdi-prozedurak urpekaritza-eragiketetan.

Gero eta sakonera handiagoko urperatzeak egitea, 50 metrora arte.

Istripua izan duen edo konorterik gabe dagoen urpekaria erreskatatzea.

Orientazio-praktikak.

Komunikazioak; kable bidezko telefonia; haririk gabeko komunikazioak; soka bidezko komunikazioa (seinaleen bidezkoa eta tiratzeen bidezkoa).

– Hastapeneko lanak, honako hauetan:

• Jantzi lehorraren erabilera.

• Ebaketa eta soldadura: soldadura-praktikak lehorrean; soldadura-praktikak urpean; ebaketa ultratermikoko praktikak lehorrean; ebaketa ultratermikoko praktikak uretan; metal-lodieren neurketak; hotzean ebakitzeko tresnak, oxigeno bidezko ebaketa.

• Obra hidraulikoak: zenbait tresnaren erabilera (eskuzkoak eta pneumatikoak); berdintzeak eta kofratuak; hurrupatze-sistemak; metalen lodieraren neurketak eta babes katodikoko neurgailuaren erabilera (batikorrometroa).

• Berriz flotarazteko eta ur gaineko konponketetarako teknikak: berriz flotaraztea, puxika irekien eta itxien bidez; ur-zirrituak ixtea, defentsak, panelak eta erretxinak erabiliz.

• Instalazio eta sistema hiperbarikoak: presio handiko edo txikiko airearen hornidura instalazio hiperbarikoetarako; langileen transferentzia ganberaren eta ganberaurrearen artean; gasen banaketa-koadroaren erabilera; gasen kalitatearen analisia ganberan eta hornidura-linean.

Ikastaroaren ordu-kopurua: 350 eskola-ordu:

Teoria – 140 ordu.

(Ikus .PDF)

Praktika – 210 ordu.

(Ikus .PDF)

Praktiketarako gainerako ordu-kopurua, 210 arte, honela banatuko da:

– 60 ordu praktiketarako: ekipoa eta ekipamendua oro har, joan-etorrietarako denbora, prestaketa eta entrenamenduko oinarrizko eragiketak.

– 50 praktika-ordu uretan. Uretan egiteko jarduera praktikoetan, honako minimo hauek bete beharko dira:

(Ikus .PDF)

Guztizko urperatze-denborak urpean emandako guztizko denbora adierazten du (jaitsiera, sakoneran emandako denbora, eta igotzeko denbora). Urperatzeak ur irekietan egingo dira: portua edo kostaldea, urtegiak, ibaiak, aintzirak.

3.– 2. mailako urpekari profesionalerako ikastaroak emateko gutxienez behar diren langileak eta tituluak.

Gehieneko ikasle-kopurua ikastaro bakoitzeko: 12.

Ikastaro bakoitzeko gutxienez behar diren langileak:

Urpekari irakasle profesional bat.

Bigarren mailako edo sakonera ertaineko 2 urpekari profesional.

Laneko arriskuen arloko teknikari bat.

Medikuntza eta Kirurgiako lizentziadun bat edo Erizaintzako diplomadun bat, urpeko jarduerekin lotutako titulua, espezialitatea, diploma edo ziurtagiria duena, erakunde ofizial batek emana.


Azterketa dokumentala