Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2023ko abuztuaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3749

AGINDUA, 2023ko uztailaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatu eta komunikatzeko laguntzen 2024. urteko deialdia (ISV sustapena).

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduak 43. artikuluan xedatzen duenez, estatu-kide guztiek esku hartu beharko dute mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean, eta, 57.ean eta hurrengoetan, berriz, sektore horretan egin beharreko esku-hartze motak eta horiek egiteko Europar Batasunak emango duen finantza-laguntza jasotzen ditu. Oraintsu argitaratutako erregelamendu horretan, Europar Batasuneko estatuek nekazaritza-politika erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPEren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak ezartzen dira, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduen indargabetzea xedatzen da; laguntza hori Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuko da.

Ondoren, Espainiako Erresumaren (NPE) Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionala 2023-2027 argitaratu da, eta haren helburua da garapen jasangarria lortzea nekazaritzarekin, elikagaiekin eta landa-eremuekin loturikoetan gizartearen elikagai-segurtasuna bermatzeko sektore lehiakor baten eta landa-eremu bizi baten bidez; Europako Batzordeak 2022ko abuztuaren 31n onartu zuen plana.

Nekazaritza Politika Erkideari buruzko arau berriak indarrean sartzearen ondorioz, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea laguntzeko programak utziko dio politika horren neurrietatik aparte egoteari eta haren plan estrategikoaren parte izatera pasako da, hots, hemendik aurrera Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektoriala (MAES) izena hartuko du.

Bukatzeko, Estatuan urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua argitaratu da, eta haren bidez arautzen da Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala.

Bestalde, agindu honen bidez, deialdia egiten da urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuan ezarritako laguntzak emateko, baina laguntza horien gastua 2025eko Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua eduki behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan. Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta haiei buruzko informazioa emateko laguntzen 2024ko deialdia egitea, betiere 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean garatzen badira.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.

1.– Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta haiei buruzko informazioa emateko ekintza eta programetarako laguntza-eskabideak aurkezteko epea, eta 2023ko irailaren 15ean bukatuko da.

2.– Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, ebazpen honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Eskabideak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/ (Erref: 1223002)

http://www.euskadi.eus/servicios/ (Erref: 1223002)

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, honen bidez egingo dira:

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta, edo

http://www.euskadi.eus/micarpeta

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri dago https://www.euskadi.eus helbidean, eta agindu honen I. eranskina da.

Hirugarrena.– Egokitzapena.

1.– Laguntza hauek xedapen eta erregelamendu hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 Erregelamendua (EB) (apirilaren 15eko 2016/1149 EB Erregelamendu Delegatuak osatua), Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1150 Betearazpen Erregelamendua (EB), urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duena, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua, edo horiek ordezten dituzten araudiak.

2.– 2024ko laguntzak arautzen dituen araudia ezagutarazteko, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2 artikuluan xedatutakoa betez, agindu honen I. eranskinean jasotzen da araudia, ekitaldi horretan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.

Laugarrena.– Balorazio-batzordea.

Abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, Balorazio-batzordea sortu zen, aurkeztutako eskabideak baloratzeko. Honako hauek osatzen dute:

Elisa Torre-Enciso Enciso, batzordeburua eta idazkaria (titularra).

M.ª Luisa Fraile Correa, batzordeburua eta idazkaria (ordezkoa).

Mikel Albaina Troya eta Nora Beltrán de Otalora Errasti, kideak (titularrak).

Iñaki Aresti Uribe eta Yon Loinaz Mariezkurrena, kideak (ordezkoak).

Bosgarrena.– Baldintza.

Agindu hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan, behin betiko ebazpenaren unean, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Seigarrena.– Bateraezintasuna.

1.– Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak bateraezinak izango dira xede bereko beste edozeinekin, eta, bereziki, «Lehiatu Sustapena» laguntzen programan aurreikusitako laguntzekin.

2.– Ezingo dira dekretu honetan jasotako laguntzen kontura finantzatu Euskadiko Landa Garapenerako Programan bildutako neurriak, ez eta europar funtsekin finantzatutakoak ere. Laguntza hauek ezingo dira inola ere Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiek helburu berdinerako finantzatutako beste edozein laguntzarekin batera hartu edo horiekin osatu. Zehazkiago, bateraezinak izango dira landa-garapenerako programetatik eratorritakoekin.

Zazpigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke nekazaritza-gaietan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zortzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala