146. zk., 2023ko abuztuaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (100 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3747
118/2023 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluko kide bat berritzekoa.
Irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen. Atariko Tituluaren II. Kapituluan, interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak arautzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Bilboko eta Pasaiako portuak dira interes orokorrekoak.
Estatuaren lurraldea antolatzeko modua eta lurralde horretako interes orokorreko portuek autonomia erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta sozial handia kontuan hartuta, aipatutako legegintzako errege-dekretuak beharrezko neurriak ezartzen ditu erkidegoek portuetako agintaritzaren antolakuntzako egituretan parte-hartze handiagoa izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuak artezten dituzten herri-organoak dira.
Hain zuzen ere, hauxe dio Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 5eko Legegintzako Errege Dekretuak (2/2011 Dekretua, 30. artikuluko 1. eta 2. zenbakiak):
«1.– Administrazio Kontseiluak honako kide hauek ditu: (...)
b) Berezko kide bat; itsas kapitaina.
c) Kide-kopuru bat, 10 eta 13 artekoa. Kanariar eta Balear uharteetarako, ordea, 16 artekoa izango da. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiriei dagokie kopuru hori ezartzea, baita kideak izendatzea ere.
2.– Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek, c) idatzi-zatian aipatu diren kideak izendatzerakoan, honako irizpide hauek errespetatuko dituzte:
a) Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkari itsas kapitaina eta kide horietako hiru. Izango dira Kideetako bat estatuaren abokatua izango da, eta bestea, Estatuko Portuak erakunde publikokoa.
b) Autonomia-erkidegoaren ordezkaritza kide horietako lauk eta lehendakariak izango dute.
c) Kanariar Uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear Uharteetan ere, kontseilu bakoitzak ordezkari bat izango du.
d) Portuaren zerbitzugunea kokatuta dagoen udalerriek Kontseiluko gainerako kideen 100eko 33ko ordezkaritza izango dute Zerbitzugunea udalerri batean baino gehiagotan kokatuta egonez gero, ordezkaritza, lehenik, Portuko Agintaritzak administratutako portuari edo portuei izena ematen dion udalerriari edo udalerriei egokituko zaie; ondoren, gainerako udalerriei, zerbitzugunearen eraginpean duten azalerarekiko proportzioan.
e) Kontseiluko gainerako kideen ehuneko 66 honako hauen ordezkaritzari egokituta izendatuko da: merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberei, enpresa- eta sindikatu-erakundeei, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoei.
Kideen izendapena, nahitaez, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza duten administrazio publikoek, erakundeek eta organismoek proposatuta egingo da. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, proposamen hori Estatuko Portuak izeneko erakunde publikoaren lehendakariak egingo du.
Administrazio Kontseiluko kideen izendapenak, lehenengo ataleko c) idatzi-zatian aipatzen denak, lau urteko indarraldia izango du. Izendapena berritu ahal izango da, hurrengo lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Kontseiluko kideak kargutik kentzeko erabakia autonomia-erkidegoko organo eskudunak hartuko du, kide horiek ordezkatzen dituzten antolakundeek, organismoek eta erakundeek hala proposatuta».
Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko uztailaren 26an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aizpea Otaegi Mitxelena andrea Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko kide izendatzea berriz, Errenteriako Udalaren ordezkari gisa.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honen ondorioak Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko lehendakariari kidearen berritzea jakinarazten zaion egunetik aurrera hasiko dira; dekretua, bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko uztailaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.