145. zk., 2023ko abuztuaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (107 KB - 2 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3720
114/2023 DEKRETUA, uztailaren 18koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta baimena ematen duena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariak sozietatearen estatutuetako 6. artikuluaren aldaketaren aldeko botoa emateko.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Era berean, EOLen 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek onartu behar dituzte estatutu sozialak, eta Gobernu Kontseiluak emango du horiek aldatzeko baimena.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuratzea ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko berrogeita hamarreko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako ehuneko berrogeita hamarrekoa.
«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen xedea edozelako artelan eta -sorkuntza motak eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.
Sozietatearen Ezohiko Batzar Orokorrak 2023ko martxoaren 30ean egindako bilkuran erabaki zuen, besteak beste, kapital-gehikuntza bat proposatzea, beharrezko baliabideak lortzeko xedez, eta horiei esker ekin ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programari 2023ko ekitaldian zehar. Proposamen horrek hau dakar: Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 1.663 partaidetza harpidetzea; 999.479,63 euro, guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion. Halaber, sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzea erabaki zuen, sozietatearen kapitalari buruzkoa.
1.663 partaidetza horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.
Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona, hain zuzen.
Hori dela eta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 18an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte har dezan 999.479,63 eurorekin, sozietatearen batzar nagusiak adostutako gehikuntza osoaren gainetik; horretarako, sozietatearen 1.663 partaidetza eskuratuko ditu –bakoitzaren balio nominala 601,01 eurokoa da– ordainketa bakarrean.
EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partaidetza sozialen balio nominal osoa 2023ko irailaren 30a baino lehen ordainduko da, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.
Gehikuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen kapitalean 60.406.914,09 euroko partaidetza izango du, 100.509 partaidetzekin. Kapital sozialaren % 50eko partaidetza izango du, eta beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» enpresaren kapital soziala 120.813.828,18 eurokoa izango da, eta guztira 201.018 partaidetza izango ditu.
2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunpeko partaidetzen ordezkariei, sozietatearen Estatutuetako 6. artikulua onar dezaten «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. Artikuluaren aldaketarekin ados egon daitezen, kapital-gehikuntzari aipatutako gehikuntzaren ondoriozko kapital sozialaren zifra berriari behar bezalako idazketa emanez.
3. artikulua.– Ahalmena ematea Administrazio Kontseiluko lehendakariari eta idazkariari, bai eta edozein kontseilariri ere, notarioaren aurrean ager dadin eta aurreko erabakiak publiko egin ditzan, horretarako beharrezkoak diren adierazpenak eginez eta edozein akats material zuzenduz. Horretarako, beharrezkoak diren agiri publiko eta pribatu guztiak sinatuko dira, eta ahalmena izango dute, bereziki, inskripzioaren xede diren zuzenketa-, argiketa- edo zuzenketa-eskriturak egiteko, Merkataritza Erregistroan, bai eta beharrezkoak diren kudeaketak egiteko ere.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko uztailaren 18an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.