Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3708

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 12koa, HABEko zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baitira 2023-2024 ikasturtean C1C1 komunikagaitasun-maila helburu duten ikastaroak egiteko C1C1 helburu maila eta abiapuntu maila jakin bat duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste dirulaguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Bestalde, XII. legegintzaldi honetako gobernu-programaren 118. konpromisoaren 3. ekinbidean jasota dago euskararen ezagutza handitzeko programak eta laguntzak areagotuko direla, oro har, egiaztatutako B2 mailara arteko doakotasuna ezarriz eta C1 mailara arteko doakotasuna eskainiz 16 eta 30 urte bitartekoentzat.

Ildo horretatik, 2023ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduak Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, besteak beste euskararen C1 maila lortzeko 16-18 urteko ikasle gazteei zuzendutako dirulaguntzak aurreikusiz, unibertsitatera edota lan-merkatura bideratzen diren gazteak euskararen aldeko komunikagaitasun egokiarekin abia daitezen beren ibilbidean.

Aurreko xedapenak aintzat hartuta, HABEren arau organikoak onartu zituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak (eta berau aldatu duen urriaren 22ko 166/2019 Dekretuak) emandako eskumenez baliatuz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak araututakoari jarraikiz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak (eta berau garatu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak) xedatutakoa oinarri izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2023-2024 ikasturtean euskararen C1C1 komunikagaitasun-maila helburu duten ikastaroak egiteko C1C1 helburu maila eta abiapuntu maila jakin bat duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu eta deialdia egitea.

Bigarrena.– Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, haren aurka, interesdunek berraztertze errekurtsoa jar diezaiokete HABEko zuzendariari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Donostia, 2023ko uztailaren 12a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

OINARRIAK

Lehenengo oinarria.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ebazpen honen xedea da 2023-2024 ikasturtean euskararen C1C1 komunikagaitasun-maila helburu duten ikastaroetan matrikulatzeko C1C1 helburu maila eta abiapuntu maila jakin bat duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak emateko baldintzak eta esleipen prozedura onartzea.

2.– Dirulaguntza hauen xedea da C1C1 helburu maila eta abiapuntu maila jakin bat duten 16-18 urteko ikasleei hobaria eskaintzea C1C1 komunikagaitasun-maila helburu duten ikastaroen matrikula-prezioan.

3.– Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2023-2024 ikasturtean 850.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura. Honela banatuko da kopuru hori:

a) 535.000 euro, 2023an hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat.

b) 315.000 euro, 2024an hasiko diren ikastaroetan matrikulatzen direnentzat.

4.– Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, oinarri honen 3. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste dirulaguntzetarako aurrekontu-partiden izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori dirulaguntzen esleipen ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketa HABEko zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu eta EHAAn argitaratu beharko da.

Bigarren oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Ikaslearen adina: 16tik 18 urtera bitarteko adina izatearen baldintza egiaztatzeko, deialdi honen ondoriotarako, jarraian adierazitako urte tartetan jaiotakoak izango dira onuradun:

– 2023. urtean: 2005., 2006. eta 2007. urteetan jaiotakoek egin ahal izango dute matrikula deialdi honen babesean.

– 2024. urtean: 2006., 2007. eta 2008. urteetan jaiotakoek egin ahal izango dute matrikula deialdi honen babesean.

b) Matrikulatu izana, C1C1 helburu mailarekin eta abiapuntu maila jakin batekin: HABEko erregistroan inskribatutako euskaltegi batean edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu batean C1C1 helburu-maila duen aurrez aurreko ikastaroren batean edota autoikaskuntza ala jardun biko ikastereduko ikastaroren batean matrikulatu izana, 2023-2024 ikasturtean.

Helburu-maila horren azpimailen egitura C1C1 izan beharko da, HABEko zuzendariaren 2015eko abuztuaren 3ko Ebazpenean, mailen azpimailak zedarritu eta ikas-irakas prozesuen eraketa, jarraipena eta kudeaketa didaktikoaren jarraibideak ezartzeko denean, aurreikusitakoaren arabera.

Hau da, ikastaroak eta ikasleak baldintza hauek bete beharko ditu:

1) Helburuari dagokionez, ikastaroak C1C1 maila izan behar du eta aldi berean ikasleak C1C1 helburua izan behar du.

2) Abiapuntuari dagokionez, ikasleak abiapuntu maila hauek izango ditu:

a) C1B2 orohar, HABEko zuzendariaren 2022ko abuztuaren 31ko Ebazpenaren I. eranskinean aurreikusitako edozein ikastaro modulutan matrikulatuz gero.

b) B2B2, betiere, 330 orduko ikastaro batean matrikulatuz gero.

c) Matrikularen 20 euroko ordainketa: hautatutako ikastaro bakoitzeko matrikula egiterakoan 20 euro ordainduko ditu ikasleak euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan, matrikularen ordainketa partzial gisa, eta euskaltegiak edo zentroak matrikularen prezioan dagokion hobaria aplikatuko dio eskari egileari, onuradun baldin bada.

d) Ikastaro moduluak: ikasleak matrikula egiteko hautatzen duen ikastaroak nahitaez bete beharko ditu HABEko zuzendariak 2022ko abuztuaren 31n onartu zituen Ebazpenetako I. eranskinetan ezarritako moduluen baldintzak, bai euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek antolatutako ikastaroetan bai udalen edo udal erakundeen mendeko euskaltegiek antolatutako ikastaroetan. 2023-2024 ikasturterako HABEko zuzendariak onartzen dituen ebazpenetan aldaketarik badago ikastaroen moduluetan, aldaketa horiek aintzat izango dira, ikastaroak antolatzerakoan.

e) Ikaslearen errendimendu akademikoa: gutxieneko bertaratzea betetzeko konpromisoa hartu beharko du ikasleak, ikastereduaren arabera proportzio ezberdinetan. Gutxieneko bertaratze hau bete ezean, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean. Halaber, ikasleak ikastaroa amaitu aurretik, baja emanez gero gutxieneko bertaratzearen baldintza bete gabe, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko diot ikasleak HABEri «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean.

Aurrez aurreko ikastereduan, euskaltegiak ikastaro bakoitzeko eman dituen ikastorduen % 75 hartuak izan beharko ditu.

Autoikaskuntza ikastereduan, ordu teorikoen % 75 bete beharko du eta gainera, mintza-saioetan izandako asistentzia-orduekin, ikastaroaren ordu teoriko guztien % 7,5era iritsi behar du, gutxienez.

Euskaltegiek eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuek bilduko dute baldintza horri buruzko informazioa sistema informatikoan (Q87).

f) Administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana, sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edota emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak).

g) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne direlarik, betiere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintza-dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz (emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).

h) Dirulaguntza Lege Orokorraren 13.2 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea. Bereziki, zerga zein gizarte segurantza arloko betebeharrak egunean eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea. Horretarako, ikasleak eskari-formularioaren baitan erantzukizunpeko adierazpena egingo du, adieraziz egunean dituela zerga zein gizarte segurantza betebeharrak eta konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzen jarraitzeko emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte. Betiere, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren otsailaren 13ko Aginduaren 8. artikuluaren gerizpean.

2.– Dirulaguntzen deialdi honetatik at geldituko dira Administrazio Publikoak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

Hirugarren oinarria.– Dirulaguntzaren eskariak (I. eranskina) aurkeztea.

1.– Eskari egileak eskabide-formularioa (I. eranskina) bete beharko du erakunde laguntzaile gisa hautatzen duen euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan. Formulario hori betetzen lagunduko diote euskaltegietako langileek. Eskabide-formulario horretan honakoak jasoko dira:

– Eskari-egilearen datuak eta NANa.

– Matrikularen prezioa edo zenbateko osoa (ikasleak ordaindu behar duen 20 euroko diru kopurua kendu gabe).

– Eskari-egilearen izenpea edo sinadura (eskuzkoa edo elektronikoa).

Eskari-formularioa euskaltegietan eskuratu ahalko du ikasleak zuzenean edo modu elektronikoan.

2.– Eskari-formularioarekin batera honako bi agiri hauek aurkeztu behar ditu eskari egileak:

– NANaren kopia.

– Ikasleak ordaindu beharko duen ikastaroaren 20 euroko matrikula-zatiari dagokion ordainagiria. Matrikularen ordainketa ikastetxearen bitartez ala euskaltegiak edo autoikaskuntza zentro homologatuak egindako banku-kargua dela medio gauzatzen den kasuetan, legezko froga balioa duten bestelako dokumentu kontableak aurkeztu eta txertatu beharko dituzte erakunde horiek HABEren Q87 izeneko sistema informatikoan.

3.– Dirulaguntza eskari-formularioa eta arestian aipatutako bi agiriak matrikulatuko den euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuan aurkeztuko ditu eskari-egileak.

4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak. Besteak beste, ikasleak konpromisoa hartuko du matrikulatu den ikastaroko klasetara joateko eta bertaratzeko, ikastereduaren arabera proportzio ezberdinetan, bigarren oinarriaren e) atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Gutxieneko bertaratze hau bete ezean, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean. Halaber, ikasleak ikastaroa amaitu aurretik, baja emanez gero gutxieneko bertaratzearen baldintza bete gabe, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean.

Laugarren oinarria.– Dirulaguntza eskaria aurkezteko epea.

Eskari-egileak matrikulatu nahi duen ikastaroaren matrikulazio epe-mugaren barruan aurkeztu beharko du dirulaguntza-eskaria.

Bosgarren oinarria.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Eskari-egileak aurkeztutako eskari-formularioan okerren bat badago edo agiriren bat ekarri ez badu (NAN-a edota ordain-agiria aurkeztu ez duelako) hala jakinaraziko zaio ikasle-eskari egileari, okerrak zuzen ditzan. Laugarren oinarrian aipatutako epe-muga aurretik akatsak zuzendu ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da eta horrelaxe jasoko da bederatzigarren oinarrian aipatutako ebazpenean.

Seigarren oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

Zazpigarren oinarria.– Erakunde laguntzaileak.

1.– HABEko euskaltegien erregistroan inskribatuta dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntza zentro homologatuak izenda daitezke erakunde laguntzaile, aldez aurretik, horretarako eskaria eginez gero (II. eranskina) eta hitzarmena (III. eranskina) izenpetuz gero, eta betiere, zerga zein gizarte segurantza betebeharrak egunean edukiz gero.

2.– Deialdi honen babesean erakunde laguntzaileek eskainiko dituzten ikastaroek ondoren zehaztutako matrikula-prezioak izan ditzakete:

a) Berariaz deialdi honetako xedearekin antolatutako ikastaroetan (ikastetxeetan, gela lekualdatuetan, euskaltegietan), taldeen matrikula prezioa (talde orduko) honakoa izango da:

1) Udal euskaltegi publikoen kasuan, Udal bakoitzak argitaratutako prezio publikoa (ikasle bakoitzeko).

2) Euskaltegi pribatuen aurrez-aurreko ikastereduan matrikula prezioa 26,79 euro talde/orduko aplikatuz ateratzen dena izango da.

b) Euskaltegietan edo gela desplazatuetan ohiko ikastaroetako taldeetan barneratzen diren ikasleen kasuan, ikasle horiek ordainduko duten matrikula gehienez izango da talde horretan gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina.

c) Euskaltegi pribatuen autoikaskuntza ikastereduan eta autoikaskuntza zentro homologatuen kasuan, ikasle horiek ordainduko duten matrikula gehienez izango da gainontzeko ikasleek ordaintzen duten berdina.

3.– Erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko dute HABErekin non arautuko baitira erakunde laguntzaileek bere gain harturiko baldintza eta betekizunak. Horretarako, deialdi honetako II. eta III. eranskinak beteta aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko erregistro bidez, betiere, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari deialdi honen ebazpenaren berri eman ondoren.

4.– Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta matrikulatu diren euskara-ikasleen dirulaguntza-eskaerak kudeatu eta izapidetuko dituzte erakunde laguntzaileek. Deialdi honen hirugarren oinarriko dokumentazioa jaso eta baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan, dagokion hobaria aplikatuko dute matrikulan. Dirulaguntza-eskabidearen formulario- inprimakia (I. eranskina) eskatzaileak sinatu beharko du, eskuz ala elektronikoki. Ondoren, jasotako eskabide-formularioak, NAN agiriak eta ordain-agiriak (edo honen ordez, legezko froga balioa duten beste dokumentu kontableak) HABEri igorriko dizkiote erakunde laguntzaileek Q87 aplikazio edo programa informatikoaren bidez, ondoren ezarritako epeetan:

– 2023ko abenduaren 5a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena abenduaren 20a baino lehen gauzatu ahal izateko)

– 2024ko martxoaren 15a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena martxoaren 29a baino lehen gauzatu ahal izateko)

– 2024ko ekainaren 10a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena ekainaren 28a baino lehen gauzatu ahal izateko)

– 2024ko irailaren 13a (dirulaguntzaren esleipen-ebazpena irailaren 27a baino lehen gauzatu ahal izateko).

Ez da onartuko epe horiek igaro ondoren bidaltzen den aurretiazko matrikularik. Halakoetan, euskaltegiaren edota euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuaren kargu izango da matrikula horri dagokion hobaria, eta ezingo zaio koste hori ikasleari jasanarazi.

5.– HABEk ofizioz egiaztatuko du erakunde laguntzaileek zerga eta gizarte segurantza arloetako betebeharrak egunean dituela, elkar-eraginkortasun sistemak baliatuz. Honen aurka egonez gero, berariaz aurkeztu beharko ditu erakunde laguntzaileak ziurtagiri horiek.

6.– Dirulaguntzen kudeaketan laguntzeagatik sortutako gastuengatik, erakunde laguntzaileek konpentsazio bat jasoko dute, matrikula bakoitzeko 3 euroko zenbatekoan. Konpentsazio ekonomiko hau ikasleen dirulaguntzen ebazpenak eman ondoren ordainduko da fakturen kontra.

Zortzigarren oinarria.– Ikastaroen matrikula-hobaria.

Euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak ezarria duen matrikula-prezio osoari 2. oinarriaren 1.c) atalean ezarritako 20 euroko diru kopurua kenduko zaio (ikaslearen aurretiazko ekarpena), kontuan hartuta matrikula-prezioak 7.2 oinarrian aurreikusitako mugen barruan ezarri behar direla.

Barnetegiek antolatutako ikastaroen prezioan ez dira sartuko pentsio-gastuak.

Bederatzigarren oinarria.– Ikasleen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena.

1.– Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEko zuzendariak euskara ikasleen dirulaguntza-eskariak ebatziko ditu eskabide-formularioan zehaztutako zenbatekoari jarraikiz (3. oinarriaren 1. puntua), zazpigarren oinarriaren 2. puntuan jasotako prezio mugen baitan dauden matrikula-prezioak oinarritzat hartuz eta, erakunde laguntzaileek onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Ebazpenak epe hauetan emango ditu HABEko zuzendariak:

– 2023. urtean abiatu diren ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak ebatziko dira 2023ko abenduaren 20a baino lehen. Horretarako, zazpigarren oinarriaren 4. atalean ezarritako epeetarako igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen datuak HABEren Q87 sistema informatikoan.

– 2023. urtean hasitako ikastaroetan beranduago matrikulatu diren ikasle berrien dirulaguntza-eskariak eta 2024 urtean zehar abiatu diren ikastaroetan matrikulatu diren ikasleen dirulaguntza-eskariak ebatziko dira 2024 urtean zehar hiru hilabetean behin, zazpigarren oinarriaren 4. atalean adierazitako egunetan (hau da, martxoaren 29an, ekainaren 28an, irailaren 27an). Horretarako, laugarren oinarrian ezarritako epeetarako igo beharko dituzte erakunde laguntzaileek antolatutako ikastaroen eta matrikulatutako ikasleen datuak HABEren sistema informatikoan (Q87).

Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira (http://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa) eta interesdunei HABEren webgunean (Q87 aplikazioaren bitartez) jakinaraziko zaizkie, ikasleen atalean.

2.– Dirulaguntzaren esleipen ebazpenean eskari-egileari eman zaion dirulaguntza-kopurua zehaztu behar da eta arrazoituta adierazi behar da gainerako eskaerak ezetsi direla, hala gertatu izanez gero.

Era berean, emandako dirulaguntzen publizitateari dagokionez, aipatutako ebazpenak HABEren web-orrian argitaratuko dira Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitara ematen diren egun berean.

Eskabideen gainean emandako ebazpenek bide administratiboa agortzen dute eta interesdunek horien kontra borondatezko berraztertze errekurtsoa aurkez diezaiokete HABEko zuzendariari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Hamargarren oinarria.– Matrikula-hobariaren kudeaketa ekonomikoa.

1.– Ikasleak egindako matrikula bakoitzagatik ikastaroa eman duen erakunde laguntzaileak jasoko du zuzenean HABEtik matrikula-prezioaren hobariari dagokion zatia.

2.– 2023-2024 ikasturtearen hasieran jasotako ikasleen dirulaguntza eskarien zenbatekoaren kopurua, aurrekontu-partidan adierazitako diru zuzkidura baino gehiago balitz, 2024 urteari dagokion aurrekontuko gastu-partidaren kargu ordainduko lirateke.

Ordainketa ikasleek HABE edo Eusko Jaurlaritzarekin egiteke dituzten prozedura betearazleen ondorioz konpentsatzen bada, HABEk egoera horren berri emango dio eragindako euskaltegiari eta konpentsatutako kopurua ikasleari ordaindu beharreko guztizko kopurutik kenduko da.

Laguntza-eskaria aurkezteak euskaltegiari egoera horren berri ematea onartzea dakar.

Lau alditan jasoko dituzte euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuek HABEtik ikasleen matrikula-prezioaren hobariari dagokion zatiaren zenbatekoak, 7.4 oinarrian zehaztutako epeetan, betiere 9. oinarrian adierazitako dirulaguntza esleitzeko ebazpenak eman eta jarraian.

Horietako ordainketa bakoitza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez.

Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak aitortzeko eta erakunde laguntzaileei ordaindu ahal izateko.

Hamaikagarren oinarria.– Bateragarritasuna.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, HABEko zuzendariaren 2023ko apirilaren 26ko Ebazpenaren bidez egindako deialdiaren babesean aitor daitezkeenak barne, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, baldin eta deialdi honen xede den gaiari atxikitzen bazaio.

Dirulaguntza-deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar ikasle den eskari-egileak berariaz ontzat eman dituela oinarri hauek, eta baimena ematen diola batetik, HABEri, gainfinantzaketa hori egon den ziurtatzeko beharrezko diren informazioa eska diezaien gainerako administrazio publikoei, eta bestetik, azken hauei, informazioa HABEri emateko ere.

Hamabigarren oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunek, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak bete beharko dituzte.

2.– Eta zehazki, ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte honako betebehar hauek:

a) Errendimendu akademikoari buruz ikasleak konpromisoa hartuko du matrikulatu den ikastaroko klasetara joateko eta bertaratzeko, ikastereduaren arabera proportzio ezberdinetan, bigarren oinarriaren e) atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Gutxieneko bertaratze hau bete ezean, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean. Halaber, ikasleak ikastaroa amaitu aurretik, baja emanez gero gutxieneko bertaratzearen baldintza bete gabe, bete gabeko zatiarekin proportzionala den matrikularen diru kopurua ordainduko dio ikasleak HABEri, «errekonozitutako dirulaguntzaren itzulketa» kontzeptupean.

b) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, deialdi honen bitartez eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

c) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

d) Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

e) Horretaz gain, 1/1997 Legegintzako Dekretuak, 1997ko azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, ezarritako betebeharrak eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.

Hamahirugarren oinarria.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzez gain eta berauek ebatzi ondoren, kanpoko beste dirulaguntzak eskuratzeak horren berri HABEri ematea erakarriko du, baita erakunde honek aurretiaz emandako dirulaguntzaren aldaketa egitea ere, beti ere deialdi honen 8. oinarrian aurreikusitako gainfinantzaketa ekiditeko besteko proportzioan, edo onuradun izateko baldintzak mantendu ez diren proportzioan.

Hamalaugarren oinarria.– Datuen tratamendua.

Deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak araututakoaren arabera tratatuko dira, «Ikasleen dirulaguntzen kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretan, ondoren zehazten den helbururako:

– Deialdi honetan aurreikusitako prozeduren kudeaketa.

HABEko zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.

Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko.

Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Halaber, onuradunek bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezakete helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala