Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3705

AGINDUA, 2023ko uztailaren 12koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez aldatu egiten baita 2022ko ekainaren 16ko Agindua. Horren bidez, alde batetik, zuzkidura bizitoki bi esleipen-prozedura orokorretik kanpo uzten dira ordezko bizilekuak ahalbidetzeko, eta, bestetik, hasiera ematen zaio 34 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari Basauriko udalerrian, Ramon eta Kareaga kalean.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean sustatu ditu araubide autonomikoko 36 zuzkidura-bizitoki Basauriko Ramon eta Kareaga kalean, eta bera da titularra. Sustapenaren espediente-zenbakia EB2-0418/16-11-000 da.

Bigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 16ko Aginduak, besteak beste, ebazten du bi logelako bi zuzkidura-bizitoki ohiko prozeduratik baztertzea aipatutako udalerrian, Etxebizitza Sailburuordetzaren hirigintza-jarduketen ondoriozko birkokatze-premiei erantzuteko.

Hirugarrena.– 2023ko ekainaren 6an, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako Lurzoruaren Kudeaketarako Zerbitzuak idatzi bat bidali zion Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari; horren bitartez uko egiten dio Basauriko Ramon eta Kareaga kaleko 36 zuzkidura-etxebizitzen sustapenean gordetako bi zuzkidura-bizitokiei.

Laugarrena.– Ukatu diren bi zuzkidura-bizitoki horiek bi logelakoak dira eta 44,10 m2 eta 49,10 m2 arteko azalera dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio agindu hau ematea, araudi hauetan ezarritakoak ahalbideturik: Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua –hirugarren xedapen gehigarria, zehazki– (aurrerantzean, 39/2008 Dekretua); eta etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua –48. artikulua, zehazki– (aurrerantzean, 2012ko urriaren 15eko Agindua).

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Indarrik gabe uztea 2022ko ekainaren 16ko Aginduaren lehenengo ebazpen-zatia.

Bigarrena.– Aldatzea 2022ko ekainaren 16ko Aginduaren bigarren ebazpen-zatia, honela:

«Bigarrena.– Hasiera ematea Basauriko Ramon eta Kareaga kalean Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko 36 zuzkidura-bizitoki erabilera-lagapeneko erregimenean esleitzeko prozedurari».

Hirugarrena.– Aldatzea seigarren ebazpen-zatiaren hasierako zatia, honela:

«Seigarrena.– 36 zuzkidura-bizitoki horien esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan alta emanda dauden pertsonek edo bizikidetza-unitateek, baldin eta jarraian jasotako baldintzak betetzen badituzte».

Laugarrena.– Aldatzea 2022ko ekainaren 16ko Aginduaren zazpigarren ebazpen-zatia, honela:

«Zazpigarrena.– Agindu honetako bosgarren ebazpen-zatian aipatutako eskabideen artean esleitu beharreko 36 zuzkidura-bizitoki horietatik, kupo hauek gordeko dira:

a) Zuzkidura-bizitoki bat, mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituei egokitutakoa. Zuzkidura-bizitoki hori esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 52. artikuluko egungo ezarpenei jarraituko zaie, hau da: lehenik eta behin, desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei esleituko zaizkie etxebizitzak; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei, eranskin bereko Dtik Hrako letretan ezarritakoak batuz.

b) Beste 35 zuzkidura-bizitokiak 36 urte baino gazteago diren kupoko eskatzaileen artean banatuko dira.

Mugikortasun urriko kupoko zuzkidura bizitokirik esleitu gabe geratuko balitz, soberako zuzkidura-bizitoki horiek esleituko lirateke 36 urte baino gazteago diren kupoko eskatzaileen artean».

Bosgarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 12a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala