Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3704

AGINDUA, 2023ko uztailaren 7koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita arrantza-sektoreko partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak (PTGE) eta horiek kudeatzeko ardura duten tokiko ekintza-taldeak (ATET) hautatzeko eta onartzeko deialdi publikoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduak Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen ditu, baita funts horietarako eta honako hauetarako finantza-arauak ere: Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtsa, Barne Segurtasuneko Funtsa, eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresna. Gainera, lurralde-garapena ezartzen du III. tituluko II. kapituluan.

Partaidetzazko toki-garapena lurralde-garapeneko modalitate bat da. Eremu geografikoetan oinarritutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategien bidez gauzatuko da, eta tokiko interes sozioekonomiko publiko eta pribatuen ordezkariek osatutako tokiko ekintza-taldeek zuzentzen dute. Estrategiak aukeratzeko irizpideak eta estrategia horiek onartzeko prozesua kudeaketa-agintariei dagozkie.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduak, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duenak, 2017/1004 (EB) Erregelamendua aldatu eta partaidetzazko toki-garapena arautzen du 30. artikuluan. Hori funtsaren 3. lehentasunaren barnean jasotzen da: «kostaldeko, uharteetako eta barrualdeko eremuetan ekonomia urdin jasangarria ahalbidetzea, eta arrantza- eta akuikultura-komunitateen garapena sustatzea».

Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) 3. lehentasuna 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 5.1 artikuluko e) letran deskribatutako helburu politikoan sartzen da: «herritarrengandik hurbilago dagoen Europa bat, mota guztietako tokiko ekimen eta lurraldeen garapen integratu eta jasangarria sustatuz».

2021-2027 programazio-aldirako partaidetzazko toki-garapena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduko 31. artikulutik 34. artikulura xedatutakoaren arabera arautzen da, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren 29 eta 30. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Partaidetzazko toki-garapenak, guneetan oinarritutako lurralde-garapeneko tresna gisa, argi utzi du, aurreko programazio-aldian, kostaldeko guneen garapena sustatzeko gai dela eta komunitateen garapen ekonomiko eta sozialaren erronka zehatzei erantzuteko gai dela. Arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak lurraldeak dinamizatzeko motorra eta toki-garapenerako baliabide bat dira kostaldeko pertsona eta erakundeentzat. Taldeek ezarritako toki-garapeneko estrategien bidez, arrantza-politika erkidearen (APE) erronkak jorratu ziren, baita hazkunde urdinaren eta klima-aldaketaren erronkak eta enplegua sortzearen erronka ere.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, partaidetzazko toki-garapeneko estrategiek hark barne hartzen duen gune geografikoa eta biztanleria ezarriko dituzte, eta dagokion kudeaketa-agintaritzak xede horretarako sortutako batzorde batek hautatuko ditu (agintari horiek onartuko dituzte).

Euskadiko 2020 Arrantza eta Akuikulturaren Egitasmoak sartzen du (gaur egun indarrean, Plan berri bat onartu arte) arrantza-guneak garatzea estrategiak, proiektuak eta ekimenak garatzeko jarduera-esparru gisa, bai erauzketako arrantza-sektorearekiko arrantza-udalerriek duten mendekotasuna gutxitzera –sektore horren ehun sozioekonomikoaren dibertsifikazio-prozesu bati jarraituz– eta bai itsasoa/arrantza baliabidearekin zerikusia duten jarduerek eragindako sarrera osagarrietan oinarritutako arrantza-sektorearen dibertsifikazioa sustatzera zuzenduak. Ardatz hori da oinarria eta lanerako esparrua Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldearentzat (ATET). Hori guztia, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa aintzat hartuz.

Honela, azpimarratu behar da arrantza-udalerrien lurralde-garapenerako estrategien 2021-2027 aldi berrirako diseinuan, aurreko programazio-aldian egindako elkarlanean aritzeko eta indarrak batzeko arrantza-komunitateak duen borondatea eta estrategia horiek era deszentralizatuan kudeatzeko beharrizana. Horretarako, arrantza-sektoreko tokiko ekintza-talde bat sortu behar da, arrantza-guneetan eta arrantza-sektorean aberastasuna sortzeko tresna dinamizatzaile gisa.

Bestalde, Europako Batzordeak, 2022ko azaroaren 29ko Betearazpen Erabakiaren bidez, «Europako Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Funtsa: Espainiarako programa» onartu du Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren laguntza jasotzeko (CCI 2021ES14MFPR001). Programa honek barne hartzen du partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak aplikatzeari buruzko eta horiek eta estrategia horien sustatzaile diren arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak hautatzeko prozedurari buruzko informazioa.

Deialdi honen bidez, baterako arrantza-politikaren ikuspegi horretara egokitu nahi du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, eta partaidetzazko toki-garapeneko prozesu hau bultzatu, toki-garapeneko estrategiak eta horiek kudeatzeko ardura duten arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak hautatzeko prozesua irekiz.

Adierazitakoa kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak onartzeko eta 2021-2027 programazio-aldian estrategia horiek kudeatzeko ardura duten arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak hautatzeko deialdi publikoa iragartzea, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduan eta xedapen orokorrei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan babestua.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Euskadiko 2020 Arrantza eta Akuikulturaren Egitasmoan bildutako Euskal Autonomia Erkidegoko kostaguneetan aplikatuko da agindu hau, non diruz lagundu daitezkeen jarduerak egin beharko baitira, agindu honen babesean onartzen diren planen esparruan.

Hirugarrena.– Arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak.

1.– Estrategiak aurkezteko eta hautatzen diren estrategiak gauzatzeko erantzukizuna duten elkarteak izango dira arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak.

2.– Estrategiak aurkezteko, agindu honen hurrengo artikuluan xedatutako betekizunak bete beharko dituzte arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeek.

3.– Arrantza-sektoreko bi tokiko ekintza-talde hautatuko dira, gehienez.

4.– Arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeek honako eginkizun hauek izango dituzte:

a) Tokiko eragileek eragiketak garatzeko eta gauzatzeko duten gaitasuna sortzea.

b) Hautaketa-prozedura eta -irizpide ez-diskriminatzaileak eta gardenak lantzea, interes-gatazkak saihesteko eta interes-talde bakar batek ere hautaketa-erabakiak kontrolatzen ez dituela bermatzeko.

c) Proposamenen deialdiak egitea eta argitaratzea. Kudeaketa-erakunde bitartekariari dagokio deialdiak onartzea eta argitaratzea komunikabide ofizialetan, EAEren eskumen esklusiboa baita.

d) Eragiketak aukeratzea, laguntzaren zenbatekoa finkatzera eta, onartu aurretik, onargarritasunaren azken egiaztapenaz arduratzen den erakundeari proposamenak aurkeztea.

e) Egindako aurrerapenen jarraipena egitea estrategiaren helburuak lortzeko orduan.

f) Estrategia gauzatzen dela ebaluatzea.

Laugarrena.– Arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeen betekizunak eta betebeharrak.

1.– Estrategiak aurkezteko, betekizun hauek bildu beharko dituzte arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeek:

a) Legez eratuak izatea edo irabazi-asmorik gabeko elkarte pribatu gisa eratzeko konpromiso formala izatea, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean, bestelako forma juridiko oro baztertuta, nortasun juridiko propioarekin eta bere kideekiko independentea izanik.

b) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak sortu eta aplikatzeko xedearekin eratuak izatea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari buruzko 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduko baldintzekin.

c) Estatutuetako helburuen artean izatea arrantza-udalerrien partaidetzazko toki-garapena, eta estatutuetan bermatzea irabazi-asmorik gabeko erakundea dela.

d) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategia bat (PTGE) egitea, eta frogatzea estrategia hori definitzeko eta gunean aplikatzeko gaitasuna dutela, partaidetza ikuspegiarekin, goranzkoa, sektore anitzekoa, interaktiboa, berritzailea, laguntzailea eta enplegu-sortzailea. Estrategiak 2021-2027 programazio-aldian aurreikusitako jarduketak barne hartuko ditu, eta 2029ko abenduaren 31ra arte luzatu ahal izango da.

e) Estrategia gauzatzeko gai izatea eta ATETek zuzenean kontratatutako talde tekniko batekin hornitzea edo hornitzeko konpromisoa hartzea; izan ere, talde horrek proposatutako garapen-estrategia kudeatzeko prestakuntza eta gaitasuna izan behar ditu. Gerenteak edo arduradun tekniko gorenak arduraldi esklusiboa izango du ATETen, eta ez du kargu hautetsirik izango gobernu-organoetan.

f) Gardenki esleitzea funtzioak eta erantzukizunak. Gainera, emandako lanak egiteko solaskideek duten gaitasun osoa bermatuko da, finantza-egitekoak barne, baita funtzionamenduko eta erabakiak hartzeko mekanismoen efikazia ere.

g) Taldeen jarduerak oinarri hauek izan beharko ditu: lankidetza, objektibotasuna, inpartzialtasuna, efizientzia, gardentasuna, publizitatea eta lehia askea.

h) Tokiko interes sozioekonomikoko ordezkari publiko eta pribatuen ordezkariek osatutako tokiko ekintza-taldeak izan behar dute, eta interes-talde bakar batek ere ez du kontrolatuko erabakiak hartzea, edo estatutuak osaera horretara egokitzeko konpromisoa. Erakunde bat bakarrik tokiko ekintza-talde bateko bazkide izan daiteke. Era berean, arrantza- edo akuikultura-sektoreen ordezkaritza esanguratsua bermatu beharko dute.

ATETen osaera ate irekien printzipioak arautuko du. Ondorio horietarako, estatutuek behar bezala bermatu beharko dute, eratzean nahiz estrategia gauzatzean, tokian ezarrita dauden eta eskabidea egin duten erakunde guztiak sartzen direla, betiere kide izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

i) Estatutuetan sartu beharko dira h) letran aurreikusitako betekizun orokorrak betetzearekin lotutako beharrezko diren arauak, eta erabakiak hartzeko sistemari dagozkion arauak aurreikusi edo aurreikusteko konpromisoa hartu beharko dute. Zehazki, gaian zuzeneko interesa duten erakundeen ordezkariek ezin ezingo dute egon bozketetan. Bestalde, interes-gatazka oro saihesten dela bermatu beharko da. Horrela, bada, mekanismo bat ezarriko da ATETen organoek erabakiak hartzean interesen adierazpenak behar bezala dokumentatuta gera daitezen eta espedientean sar daitezen.

j) Irabazi-asmorik ez izatea estatutuetan; horiek izango dira, nahiz eta merkataritzako jarduerak egin, jarduera horien ondoriozko irabazi guztiak inbertitzen dituzten erakundeak, erakundearen merkataritzakoak ez diren helburuak betez.

2.– Betebehar hauek izango dituzte hautatutako arrantza-sektoreko partaidetzazko toki-garapenerako estrategien erantzukizuna duten arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeek:

a) Aplikazio-lurraldean gauzatzea onartutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategia.

b) Europako Erkidegoen Batzordeak eta Europako, Espainiako eta EAEko kontrol-organoek haien jarduna egiaztatu ahal izatea erraztea.

c) Kontabilitate independentea eramatea onartutako estrategien esparruan garatutako ekintzetarako.

3.– Arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak, eurei aplikatzekoak diren arau autonomikoez gain, administrazio-, finantza- eta informazio-betebeharren eta Europako arauditik eratorritako egiaztatze- eta kontrol-betebeharren mende egongo dira, eta, bereziki, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren eta xedapen orokorrei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende.

Bosgarrena.– Partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak.

1.– Deialdi honen II. eranskinean bildutako elementuak izan beharko dituzte, gutxienez.

2.– Estrategiek arreta berezia ezarri beharko diote arrantza-komunitateetan eta -guneetan jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera eragiten duten proiektuei, baita ekintzaile gazteek eta emakumeek gidatutako proiektuei ere. Helburu hauek lortu nahi dira estrategien bidez:

a) Balioa handitzea, enplegua sortzea, emakumeen parte-hartzea baloratu eta sustatzea, gazteak erakartzea, arrantza- eta akuikultura-produktuen ekoizpen- eta hornidura-katearen fase guztietan berrikuntza sustatzea, eta tokiko produktuen eta ekoizpen-jardueraren irudia hobetzea, lurraldeko elikadura-kulturan txertatzeko.

b) Arrantza- eta akuikultura-guneetan ekonomia urdina sustatzea. Horretarako, dibertsifikazioa bultzatuko da arrantza komertzialaren sektorearen barruan edo kanpoan, baita etengabeko ikaskuntza eta enpleguaren sorrera ere.

c) Arrantza- eta akuikultura-guneetako ingurumen-ondarea sustatzea eta aprobetxatzea, baita klima-aldaketa arintzeko eragiketak ere.

d) Arrantza- eta akuikultura-guneetako gizarte-ongizatea eta kultura-ondarea sustatzea, baita arrantzako, akuikulturako eta itsasoko kultura-ondarea ere.

e) Arrantza-komunitateen papera toki-garapenean eta arrantza-baliabideen tokiko itsas jardueren gobernantza indartzea.

f) Lankidetza.

3.– Gunearen eta biztanleriaren definizioa koherentea izan behar da komunitateak aplikatu nahi duen estrategiarekiko. Udalerri osoak edo udalerrien parteak izango dira jarduketa-guneak, jarduketa-guneak geografikoki zedarritu badaitezke.

Gune zedarrituan bizi diren biztanleak zenbatu ahal izango dira estrategian. Hautatutako udalerriek 150.000 biztanletik gorako biztanleria badute, arrantza-portua bakarrik sartu ahal izango da arrantza-sektorearen ekimenezko proiektuak gauzatzeko gune hautagarri gisa.

Biztanleriari buruzko informazioa sexuaren arabera bereizita aurkeztu beharko da.

4.– Estrategiek bat etorri beharko dute dagokion eremuan hautemandako aukerekin eta beharrekin, baita EBk tokiko komunitateak bultzatzeko duen helburu politikoarekin eta Itun Berdearen eta ekonomia urdina bultzatzeko Europako politikekin ere. Estrategiak arrantza-sektorean zentratu ahal izango dira, edo zabalagoak izan eta arrantza-guneen dibertsifikaziora bideratu. Estrategiak ez dira mugatuko eragiketen taldekatze soilera edo sektoreko neurrietara.

5.– ATETen arteko lankidetza-jarduketek estrategietan sartuta egon behar dute.

6.– Onartutako estrategiak eta ATET hautatuak ez dira bi baino gehiago izango.

Seigarrena.– Partaidetzazko toki-garapenaren estrategiek lagundutako eragiketetarako arauak.

ATET izateko erakunde hautagaiek PTGEak egin ahal izateko, III. eranskinean adierazitako arauak hartu beharko dira kontuan.

Zazpigarrena.– Eskabideak eta epea.

1.– Partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak aukeratzeko eskabideak Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari bideratuko zaizkio. Kanal elektroniko bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, instantzia bidez, honako helbide honetan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera:

https://www.euskadi.eus/servicios/1236901

2.– Eskabidearekin batera, tokiko ekintza-taldeari buruzko eta partaidetzazko toki-garapeneko estrategiari buruzko informazioa aurkeztu beharko da. Informazio horren edukiek behar bezala bete beharko dute Agindu honen I. eta II. eranskinetan xedatutakoa.

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabidearen ondoko izapideak hemen egin daitezke:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/, edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

Zortzigarrena.– Hautaketa-prozedura.

1.– Prozedura garden, ireki eta zehatz baten bidez hautatuko dira estrategiak eta arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak, eta hautaketa-batzorde batek egingo du prozedura hori. Honela osatuko da batzorde hori:

– Arrantza antolatzeko zerbitzuaren titularra, batzordeburu izango dena.

– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako teknikari bat, batzordekide izango dena.

– Zuzendaritzako aholkulari bat, idazkari izango dena.

Batzorde horren eraketan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina egingo da.

2.– Beharrezkoa izanez gero, eskatzaileekin elkarrizketa bat egingo da, hasierako eskabideetan egin beharreko aldaketak, hobekuntzak edo zuzenketak txertatzeko, erakunde parte-hartzaileei eta eragindako lurraldeei kohesio, irismen eta ordezkagarritasun handiagoa emateko, edo autonomia-erkidegoan proiektatutako etorkizunerako estrategiei koherentzia emateko.

Elkarrizketa horren ondorioz, erakundeak eskabidearen aldaketak edo hobekuntzak aurkeztu ahal izango ditu, eta berariaz aipatu beharko ditu taldean edo lurraldean txertatu edo aldatu diren gai guztiak.

3.– Hautaketa-prozesuan, irizpide hauen arabera egingo da balorazioa:

a) Gunearen eta biztanleriaren definizioa gunearen diagnostikoarekiko, arrantza-komunitatearekin eta taldeak aplikatu nahi duen estrategiarekin bat datorrela. Koherentzia agirian justifikatu behar da. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

b) AMIA analisien kalitatea: gunearen berezitasunetan zentratu beharko da aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahuleziak identifikatzea. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

c) Beharrizanen diagnostikoaren kalitatea eta koherentzia: AMIA analisietan oinarrituko dira gunearen garapeneko beharrizan nagusiak eta potentziala. 4 puntu, gehienez, eta % 10eko haztapena.

d) Estrategiaren eta helburu estrategikoen kalitatea eta koherentzia diagnostikoan identifikatutako eskaerei eta beharrei dagokienez. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

e) Helburu espezifikoen kalitatea eta koherentzia, baita helburu espezifikoak betetzeko planifikatu diren jarduketena ere (jarduketak deskribatzen dituen ekintza-plana, hartzaileen multzo potentzialaren identifikazioa, aurreikusitako emaitzak –adierazleak–, laguntza-ehunekoak). 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

f) Ikusgarritasun-plan bat egotea eta haren kalitatea. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

g) Finantza-planaren kalitatea eta koherentzia. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

h) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategien sustatzaile diren eta lurraldean existitzen diren beste tokiko talde batzuekin lankidetza-, koordinazio- eta osagarritasun-plan bat egotea eta haren kalitatea, EIAAFen edo bestelako funts estrukturalen esparruan hartuak. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

i) Parte hartzea arrantza-sektoreko toki-garapeneko estrategiak lantzen eta gauzatzen. Horretarako baloratuko da taldean egotea arrantzako edo akuikulturako produktuen ekoizleen erakundeak, eta arrantzako edo akuikulturako jardueretako ekoizpen-kateetako eragileak ordezkatzen dituzten elkarteak (erauzketa-sektorea, transformatzailea eta arrantzako produktuen merkaturatzailea). 4 puntu, gehienez, eta % 15eko haztapena.

j) Taldearen eragiketa-gaitasuna proposatutako estrategia betetzeko: dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak; eta PTGE kudeaketa- eta ebaluazio-mekanismoak definitzea. 4 puntu, gehienez, eta % 15eko haztapena.

k) Emakumeen parte-hartzea arrantza-guneen garapen jasangarrian: arrantza-jarduerari lotutako emakume taldeek taldean parte hartzea baloratuko da, saregileak, neskatilak eta paketatzaileak, kasu. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

l) Arrantza-udalerri gehien duten eta biztanleria ahalik eta handiena barne hartzen duten guneei aplika dakizkiekeen partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak aurkeztea baloratuko da, 3. artikuluan ezarritako mugekin bat. 4 puntu, gehienez, eta % 15eko haztapena.

m) Enpleguaren gaineko eragina, emakume eta gazteentzako aukera berriak sortzeari arreta berezia ezarriz. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

4.– Aurkeztutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategietatik abiatuz, hobekien baloratutako proposamenak hautatuko dira. Hautaketa-irizpide bakoitza 0 puntutik 4ra bitartean baloratuko da. Era berean, haztapen jakin bat ezarriko zaie hautaketa-irizpideei. Hautaketa-prozesua gainditzeko, irizpide bakoitzean puntu bat gutxienez lortu beharko du partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak, eta, orotara, 26 puntu, gutxienez.

5.– Aukeratutako arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeek barne hartzen duten lurraldeak ahalik eta lurralde eta biztanle gehien hartzen saiatu beharko da. Kanpo geldituko dira lurralde bereko arrantza-sektoreko tokiko ekintza-talde baten edo gehiagoren jarduketen gainjartzea eragiten duten estrategiak. Kasu horretan, balorazio-fasean puntu gehien lortu duen proposamena gailenduko da.

6.– Agindu hau argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da deialdia. Epe hori igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ukatu egin direla ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpena EHAAn argitaratuz jakinaraziko da.

7.– Ondoren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeen arteko hitzarmenak sinatuko dira, hamargarren artikuluan xedatutakoaren arabera.

8.– Hautatutako taldeak, agindu honetan ezarritakoaren arabera, erakunde laguntzaile izendatu ahal izango dira, baina hauek bete beharko dituzte horretarako: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 52.2 artikuluaren a) letratik d) letrara bitartean ezarritako betebeharren oinarrizko erregimena (1/1997 Legegintzako Errege Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren hirugarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena).

Horretarako, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.1 artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte, eta ez dira egongo artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean.

Bederatzigarrena.– PTGEak aldatzea.

Tokiko garapen-estrategiak onartu ondoren, edukiaren aldaketak baimenduko ditu Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak, betiere ATETek justifikatutako eskaera egin ondoren eta ebaluazio-prozesuaren emaitzak kontuan hartuta, edo ezohiko arrazoiei erantzuteko.

Hamargarrena.– Kudeaketa-prozedura eta lankidetza-hitzarmenak.

1.– Kudeaketa-prozedura bat izango dute taldeek, zeina eskabidearekin aurkeztu beharreko partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren edukiaren parte izango baita. Kudeaketa-prozedura horrek IV. eranskinean agertzen diren arau orokorrak bete beharko ditu.

2.– Tokiko ekintza-talde bakoitzak estrategiak kudeatu ditzan, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko dute tokiko ekintza-taldeak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, V. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Hitzarmen horrek barne hartuko du tokiko ekintza-taldeek partaidetzazko toki-garapeneko estrategia kudeatzea, laguntzak kudeatzeko, kontrol eta jarraipenerako arauak ezarriko dituzte, bai eta finantzaketa eta dagozkien erantzukizunak ere.

Hamaikagarrena.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/001400-capa2-es.shtml

Hamabigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gauzatzeko eta garatzeko baimena.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau gauzatzeko eta garatzeko egoki iritzitako xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 7a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
TOKIKO EKINTZA-TALDEA

Estrategiaren talde sustatzaileari buruzko datuak

A) Taldearen identifikazioa.

1.– Taldearen izena.

2.– Egoitza soziala. Telefonoa. Helbide elektronikoa.

3.– Elkartearen behin-behineko edo behin betiko IFZ.

4.– Eratze-akta eta estatutuen akta, behar bezala erregistratuak, edo, hala dagokionean, Elkarteen erregistroan alta emateko eskabidea.

5.– Erakundearen legezko ordezkariaren izendapena edo, hala dagokionean, ahalduntze-eskritura.

6.– Taldea osatzen duten erakundeen osoko bilkuren erabakiak, zeinetan taldeari atxikitzeko baimena ematen baita.

7.– Egiaztagiria, partaidetzazko toki-garapeneko estrategia aurkezteko eta EIAAFen 3. lehentasunaren esparruan aplikatzeko erantzukizuna hartzeko erabakiari buruz, aipatu erakundearen ordezkaritza-organoak hartutako erabakiarena. Arrantza-guneetako tokiko ekintza-taldea izatea eskatzen duen erakundean idazkari-lanak egingo dituen pertsonak emango du egiaztagiri hori.

B) Taldearen osaera.

1.– Bazkideen zerrenda, publikoak edo pribatuak diren eta zein sektoretan integratzen diren adierazita. Lurralde-ezarpena eta ordezkagarritasuna.

2.– Kide diren pertsonen betekizun, eskubide eta betebeharrak.

3.– Taldearen funtzionamenduaren organo arduradunak.

4.– Taldearen organo gidariaren akordioa, non ordezkariari baimena ematen baitzaio eskabidea formulatzeko.

C) Estrategiaren kudeaketa- eta jarraipen-xedapenen deskribapena, non frogatzen baita tokiko ekintza-taldeak eragiketa-gaitasuna baduela estrategia hori praktikan jartzeko; informazio hau ere jasoko du:

1.– Dauden giza baliabideen eta baliabide teknikoen deskribapena.

2.– Haren kudeaketa-mekanismoen definizioa, hauek bereziki:

a) Taldeak bere gain hartzen dituen funtzioen eta erantzukizunen deskribapena.

b) Antolaketa-egitura, dituen teknikariak eta administrariak, lanen eta egitekoen banaketa, izendatutako pertsonen kopurua eta arduraldi-ehunekoa, Taldean inplikatutako erakundeen artean.

c) Berariazko xedapenak ebaluatzeari begira, funtzionatzen duena eta funtzionatzen ez duena ezberdintzeko tresna bat lortzeari eta estrategia aldatzen diren egoeren arabera doitzeari begira.

II. ERANSKINA
TOKI-GARAPENEKO ESTRATEGIA

Toki-garapeneko estrategiaren edukia eta egitura

A) ATET eta arrantza-gunea identifikatzea: izena eta IFZ, egoitza soziala (lurraldearen barruan egon behar du), telefonoa eta helbide elektronikoa.

ATETen lurralde-eremuan sartutako udalerriak eta arrantza-gunearen mapa; bertan aplikatuko da PTGE.

B) PTGEren diseinua. Estrategia egiteko partaidetzazko prozesuaren laburpena.

C) Gunea eta biztanleria definitzea.

Agindu honen 5.3 artikuluan xedatutakoaren arabera definitu beharko dira estrategiaren xede diren gunea eta biztanleria. Gunea eta bereizgarri nagusiak deskribatuko dira, eta gunearen koherentzia funtzionala justifikatuko da, geografiari, ekonomiari, gizarteari eta kulturari dagokienez. Kohesioan eta homogeneotasun-mailan laguntzen duten balio geografikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak bereizi eta identifikatuko dira. Biztanleriari buruzko informazioa sexuaren arabera bereizita aurkeztu beharko da.

Arrantza-guneak eta kostaguneak definitzean, irizpide hauek erabili ahal izango dira:

1.– Ikuspegi fisikotik:

a) Lurraldearen izaera, ahal dela kostako udalerri txikiak, arrantza-jarduera dutenak.

b) Homogeneotasun geografikoa, funtzionala eta arrantza-tipologiaren araberakoa, kasuaren arabera.

2.– Ekonomiaren ikuspegitik:

a) Arrantza-jardueraren gainbehera, flota eta itsaski-bilketaren gutxitzearen, harrapaketa edo salmenten beherakadaren edo sektoreko langabezia-tasaren igoeraren arabera neurtua.

b) Sektoreak gunean duen garrantzi ekonomikoa, sektoreko balio erantsi gordinaren arabera neurtua, guneko enplegua, edo sektoreak duen pisua, okupatutako biztanleriari dagokionez.

c) Estrategia martxan jartzeko kostu-aukera:

i) Eragile publiko eta pribatuen inplikazio ekonomikoa estrategia garatzean.

ii) Merkatu potentzialak existitzea, udalerriaren errealitatea dela eta, esaterako, turismoaren presioagatik.

iii) Arrantza-sektoreak gunean duen presentzia. Ekoizleen erakundeak, arrantzaleen kofradiak eta abar existitzea.

3.– Ikuspegi sozialetik:

• Biztanleriaren dentsitatea.

• Zahartze-indizea.

• Errotze historikoa.

• Arrantza-sektoreak gunean duen presentzia. Ekoizleen erakundeak, arrantzaleen kofradiak eta abar existitzea.

• Biztanleriaren garapena: biztanleriaren aldaketak aldi jakin batean.

• Arrantza-sektorearen pisua: arrantza-sektorean okupatutako biztanleria orotara okupatutako biztanleriarekiko.

D) Gunearen eta arrantza-komunitatearen diagnostikoa.

E) Ahulezien, indarguneen, aukeren eta mehatxuen analisia (AMIA), hautatutako gunearen ezaugarrietan eta berezitasunetan zentratua.

F) Gunea garatzeko beharren eta potentzialaren azterketa.

Gunearen beharrak identifikatzea, AMIA analisia oinarritzat hartuta. Horretarako, diagnostikoan zehaztutako eremuak hartuko dira kontuan, baita estrategiarekin erantzun nahi diren erronkak eta gunearen potentziala ere.

G) Estrategiaren deskribapena, helburuak eta planifikatutako ekintzak.

Helburu estrategikoak adieraztea (agindu honen 5.2 artikuluan jasotakoen artean), diagnostikoan identifikatutako eskaerei eta beharrei erantzuteko. Helburu espezifikoak ezartzea (helburu estrategikoen mende egongo dira hierarkikoki), baita planifikatutako jarduketak ere (helburu espezifikoen mende egongo dira).

Helburuak jarduketa bihurtuko dira (ekintza-plana), jarduketak deskribatuko dira, hartzaileen talde potentziala identifikatuko da, aurreikusitako emaitzak (adierazleak), laguntzaren ehunekoa eta abar.

Estrategietan zehaztutako helburuek espezifikoak izan behar dute, neurgarriak, lorgarriak, errealistak eta denboran mugatuak.

Helburuek ATETak gune horretan zer lortu nahi duen deskribatuko dute eta, gainera, argi eta garbi erantzungo diete zehaztutako beharrei eta erronkei. Egokitasuna aztertuko da, diagnostikoan agertzen diren helburuak eta beharrak bat datozen aztertuta.

Helburuak neurtzeko, produktibitatearen, emaitzaren eta inpaktuaren adierazleak erabiliko dira, hala badagokio.

Honako hauek dira EIAAFen 3. lehentasunerako emaitzen adierazle komunak: sortutako enpleguak (pertsona kopurua), mantendutako enpleguak (pertsona kopurua) eta ingurumenaren egoera ona lortzen laguntzen duten esku-hartzeak, bereziki natura leheneratzen eta kontserbatzen, eta ekosistemak, biodibertsitatea, osasuna eta animalien ongizatea babesten laguntzen dutenak (esku-hartze kopurua).

Estrategiek jomuga argi, zehatz eta errealistak ezarriko dituzte helburu espezifiko bakoitzerako, betiere beharrak, gunearen potentziala eta erabilgarri dauden baliabideak kontuan hartuta.

Estrategiak jarraipen-adierazleen eta jomugen koadro bat izango du, eta hark estrategia lurraldean nola aplikatzen ari den neurtu eta baloratuko du; gainera, helburuak zer mailatan lortzen ari diren zehazteko aukera emango du.

H) Finantza-plan bat, helburu espezifikoak betetzera bideratuko diren funtsen esleipena adierazita, zeinak bideratuko baitira PTGEn definitutako berariazko helburuak edo ekintza-kategoria nagusiak gauzatzera.

Finantza-planak egin beharreko gastuen zenbatespena jasoko du, honela banatuta: estrategia aplikatzeko gastuak, lankidetza-kostuak eta estrategiaren funtzionamendu-, kudeaketa-, jarraipen- eta ebaluazio-gastuak, eta taldeen animazioa.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzarekin kontsultatu ondoren, finantza-plana egoera aldakorretara doitzea ahalbidetzen duten jarraipen- eta ebaluazio-xedapenak ere jasoko ditu.

I) Ikusgarritasun-plana. Haren xedea izango da publiko egitea EBren esku-hartzea, baita PTGEren alderdi esanguratsuenak, helburuak, jarduketak, egutegia eta finantzaketa eta estrategia gauzatzeko prozedurak ere. Komunitateak, oro har, PTGErekiko duen parte-hartzeari eta konpromisoari eustea bermatzeko tresna gisa erabili ahal izango da plan hau.

J) Estrategiaren eta lurraldean aplikatuko diren beste garapen-programa batzuen arteko osagarritasun- eta koherentzia-plana.

Beste funts-, tresna- edo lurralde-politika batzuekiko sinergia bermatuko duten koordinazio-sistemak badauden adieraziko da. Estrategiaren eta lurraldean ezarriko diren beste laguntza-programa eta -ildo batzuetako esku-hartzeen arteko koherentzia bermatzen duten sistemak deskribatuko dira, bereziki Leader taldeek kudeatzen dituzten toki-garapeneko programekin.

Lurraldeko beste eragile batzuekin sarean eta lankidetzan lan egiteko proposamena, hala badagokio.

K) Koherentzia Europako, Estatuko eta eskualdeko esparru estrategikoarekin.

Estrategiak EBren tokiko komunitateak sustatzeko helburu politikoari eta Itun Berdearen Europako politikei zer ekarpen egiten dien deskribatzea, eta ekonomia urdina sustatzea. Koherentzia EIAAFen Espainiako programa eragilearekin partaidetzazko toki-garapenari dagokionez, eta estrategiaren ikuspegiarekin lotutako Eusko Jaurlaritzaren estrategiekin. Politika horiek estrategian sartzea.

L) Printzipio horizontalak.

Toki-garapeneko estrategiak, bere diseinuan, funtsen laguntzak arautzeko printzipio horizontalak kontuan hartzen dituela justifikatu behar da, honako hauek, besteak beste: berdintasuna sustatzea eta genero-ikuspegia txertatzea; diskriminazioaren aurkako borroka; irisgarritasun-eskubidea; gizarteratzea; ingurumenaren kalitatea kontserbatu, babestu eta hobetzeko printzipioak; Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuak eta karbono-emisioak gutxituko dituen gizarte batera igarotzeko beharra.

M) Eranskina. Komunitateak estrategiaren garapenean izan duen partaidetzazko prozesuaren deskribapen xehatua, eta komunitatearen benetako partaidetzazko prozesu bat egin dela egiaztatzen duten agiriak. Dokumentazioan honako hauek jasoko dira, gutxienez: jarduera bakoitzean parte hartu duten pertsonen eta erakundeen zerrenda, garatutako jardueren eta erabilitako parte-hartze publikorako tresnen kronograma eta deskribapena, lortutako informazioa tratatzeko eta aztertzeko metodologia, eta parte-hartze publikoko prozesuaren emaitzak eta ondorioak.

III. ERANSKINA
PARTAIDETZAZKO TOKI-GARAPENAREN ESTRATEGIEK LAGUNDUTAKO ERAGIKETETARAKO ARAUAK

1.– Oro har, proiektuek betekizun hauek bete behar dituzte:

A) Hirugarren lehentasuna lortzen laguntzea, PTGEn kokatzea eta garatuko diren arrantza-gunerako onartutako estrategiaren helburuak lortzen laguntzea.

b) ATETen lurralde-eremu onartuan kokatuta egotea.

c) Teknikoki, finantzarioki eta ekonomikoki bideragarriak izatea, hala badagokio.

d) Sektoreko araudia betetzea (Europar Batasunekoa, Estatukoa eta autonomikoa).

2.– 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren IV. tituluko II. kapituluaren babespean egiten diren eragiketetan, dagokion PTGEren arabera egiten diren inbertsioetarako finantzaketa-maila honako hau izango da:

a) Proiektuen laguntzaren gehieneko ehunekoa eragiketan diruz lagundu daitekeen gastuaren % 50ekoa izango da.

b) Arrantzale-erakundeen edo arrantza-sektoreko beste kolektibo onuradun batzuen kasuan, proiektuetarako laguntzaren gehieneko ehunekoak ez du gaindituko diruz lagun daitezkeen gastuen % 60.

c) Proiektuetarako laguntzen gehieneko zenbatekoa % 100eraino handitu daiteke, eragiketak gutxienez irizpide hauetakoren bati erantzuten dionean: interes kolektiboa, edo onuradun kolektiboa, edo ezaugarri berritzaileak izatea, dagokionean, toki-mailan eta, emaitzetarako sarbide publikoa bermatzea.

d) Kostaldeko artisau-arrantzarekin lotutako eragiketen kasuan, laguntza % 100eraino handitu ahal izango da. Kostaldeko artisau-arrantzarekin lotuta egongo dira kostaldeko artisau-arrantzako jarduerak zuzenean gauzatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek egindako eragiketak, eta kostaldeko artisau-arrantzara bakarrik bideratutako proiektuak garatzen dituzten arrantza-sektoreko elkarteek egindako eragiketak.

e) EIAAFen 10.2 artikuluan ezarritako estatu-laguntzei buruzko arauak aplikatzetik salbuetsita ez dauden proiektuen kasuan, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da:

• Arrantzaren esparrutik kanpo egindako inbertsioetan, onuradunak arrantza-sektorekoak badira, 2022ko abenduaren 14ko (2029) Batzordearen 2022/2473 Erregelamendua aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107. eta 108. artikuluekin bat, arrantzako eta akuikulturako produktuak ekoizten, eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresentzako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira (Erregelamenduaren 54. eta 55. artikuluek partaidetzazko toki-garapenari egiten diote erreferentzia). Proiektu bakoitzak jasoko duen zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da gehienez, eta aipatutako laguntza-mugak errespetatuko dira.

• Arrantza-sektoreak sustatzen ez dituen proiektuetan 1407/2013 Erregelamendua aplikatzen da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (2023ko abenduaren 31ra arte luzatua). Onuradun bakoitzak jasoko duen zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da gehienez, hiru urte fiskalen epean.

PTGEek gehieneko laguntza-mugak ezarri ahal izango dituzte, adierazitakoak baino txikiagoak.

3.– Diruz lagunduko ez diren kontzeptuak:

• Erabilitako material eta ekipamenduen erosketa.

• Eragiketarekin zuzenean lotuta ez dauden garraio-elementuen kostua.

• Oro har, aurrekoen birjarpena baizik ez diren gastuak, betiere erosi berria aurrekoez besteko inbertsioei badagokie, dela erabilitako teknologiagatik, dela errendimenduagatik. Era berean, ez dira diruz lagunduko hondatutako elementuak ordezkatzeko lanek edo horiek mantentzeko eta konpontzeko lanek eragindako gastuak (adibidez, oholak ordeztea, kroskoa berriz iltzatzea edo ontziak margotzea edo bikeztatzea), hori guztia jarduera moten fitxan jasotzen diren diruz lagundu daitezkeen gastuei kalterik egin gabe.

• Sozietate bat eratzeko eta lehenengoz ezartzeko gastuak ez dira diruz lagunduko, jarduera moten fitxan jasotzen diren diruz lagundu daitezkeen gastuak salbu.

• Ez dira diruz lagunduko inbertsio-proiektuarekin lotuta ez dauden lanak, etxebizitzenak, jantokienak, edertzeko lanak, aisialdirako ekipamenduak eta antzekoak.

• Ezingo dira diruz lagundu finantzatu nahi den proiektuaren jarduerarekin loturarik ez duten urbanizazio-lanak.

• Ezingo da diruz lagundu eraikin edo lokalen erosketa, horiek dirulaguntzaren bat jaso badute azken hamar urteetan.

IV. ERANSKINA
TOKIKO EKINTZA-TALDEAK KUDEATZEKO PROZEDURARI BURUZKO ARAU OROKORRAK

1.– Laguntzen deialdia egin eta gero, tokiko ekintza-taldeak, kudeaketan laguntzen duen erakundea izanik, eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aztertuko ditu, behar den informazioa jasotzen duten eta diruz lagunduko diren neurrien izaerarekin bat datozen egiaztatzeko. Nahitaez aurkeztu behar diren agiriez gain, nahi adina informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango zaio laguntza-eskatzaileari diruz lagundu beharreko jarduera eta horrek merkatuko prezioen arabera duen kostua hobeto ezagutzeko, bai eta laguntzaren xedea argitzen lagunduko duen edozein alderdi ere. Era berean, egokitzat jotako behar adina txosten eskatu ahal izango dira aurkeztutako proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren inguruan.

2.– Tokiko ekintza-taldeak proiektuen eta jardueren kokalekuetan bisitak egingo ditu, dirulaguntzaren xede diren proiektuak oraindik hasi ez direla egiaztatzeko, eta, inbertsio materialen kasuan, aldez aurreko edo ez hasitako akta egingo du. Egiaztatu beharrekoa, une horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan ez badago, Sailkapen Sozietate aitortu batek egindako txostena onartuko da aldez aurreko edo ez hasitako aktatzat. Inbertsio immaterialak egin ez direla frogatzeko, dagokion fakturaren data edo onartutako oinarrien arauan ezarritako modua erabiliko da.

3.– ATETek alderdi hauei buruzko txosten tekniko-ekonomiko bat egingo du, eta honako alderdi hauek aurreikusiko ditu:

a) Proiektuak PTGEren helburuei nola laguntzen dien justifikatuko da.

b) Proiektuak helburuari zer ekarpen egiten dion aipatuko da, baita PTGEan aurreikusitako emaitzen adierazle espezifikoak ere.

c) EIAAFen beste lehentasun batzuen helburu espezifikoei zer ekarpen egiten zaion justifikatuko da.

d) Baloratuko da zenbateraino betetzen duen proiektuak aukeratutako lurralde-eremuan kokatuta egotearen betekizuna.

e) Eskatzaileak onuradun izateko betekizunak betetzen dituen adieraziko da.

f) Gastuak diruz lagundu daitezkeen adieraziko da.

g) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baloratuko da.

4.– Jarraian, Dirulaguntzen Batzordea eratuko da, eta hura tokiko ekintza-taldeko eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako ordezkariek osatuko dute. Ordezkariak Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez izendatuko dira, eta, horiez gain, Batzordeko idazkaria eta batzordeburua izendatuko dira. Organo horrek ATETek egindako txostenak aztertuko ditu, zuzenketak proposatuko ditu eta proiektu bakoitzak dirulaguntza jasotzeko duen eskubidearen irizpen bat emango du. Organoak ATETi jakinaraziko dizkio dirulaguntza jasotzeko duen eskubidearen irizpenak eta zuzenketa-proposamenak, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari aurkeztuko dizkio.

5.– Aurreko lan horiek amaitutakoan, ATETek proiektu guztiak ebaluatuko ditu, eta baremoa ezarriko du deialdiaren irizpideak eta jarritako balorazioarekin bat etorriz. Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 artikuluan ezartzen denez. Horretarako, beheranzko zerrenda bat egingo da, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta deialdian ezarritako balizko laguntza-lerroak kontuan hartuta. Ondoren, laguntzen zenbatekoa zehaztuko da, adierazitako ordenari jarraituz, funtsak guztiz agortu arte.

Jarraian, ATETek ebazpen-proposamena bidaliko dio Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari. Bertan, informazio hau jaso beharko da gutxienez:

a) Ezestea proposatutako eskabideen zerrenda, dela onuradun izateko baldintzak betetzen ez dituztelako, dela EIAAFen, programaren edo PTGEren helburuak lortzen laguntzen ez duten proposamenak direlako, ezesteko arrazoia adieraziz.

b) Diruz laguntzea proposatutako proiektuen zerrenda. Bertan, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa, eskatzailea zein den, inbertsioaren zenbatekoa, gauzatzeko epea eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa jasoko dira.

c) Atzera egin duten eskabideen zerrenda.

6.– Tokiko ekintza-taldearen proposamena ikusirik eta akta egin eta gero, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, eskabideak eta eskatutako agiriak aztertuta, eskabideak ebatzi eta jakinaraziko ditu. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azalduko ditu.

7.– Tokiko ekintza-taldeak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena. Horretarako, behar adina ikuskapen egin ahal izango du egiaztatzeko behar bezala gauzatzen direla diruz lagundutako proiektuak; beraz, eskatzen zaien agiri eta informazio oro eman beharko dute onuradunek.

8.– Diruz lagundutako jardueraren inbertsioak edo gastuak egin ondoren, horren berri eman beharko dio onuradunak Taldeari, zeinak informazio hori egiaztatu eta Taldeari bidaliko baitio. Zuzendaritza horrek, berriz, egiaztatuko du hobekuntza edo jarduera burutu dela eta gastua egin dela, bai materialki, bai dokumentuei dagokienez ere.

Egiaztatze materialaren bidez ziurtatuko da dena delako ondasun-objektua benetan badagoela, aztertutako proiektu edo memoriari egokitzen zaiola, haren erabilgarritasuna eta funtzionamendua, dokumentuetako justifikazioarekin bat datorrela, eta dirulaguntza jaso duten inbertsio edo gastuen arabera beharrezkoak diren egiaztapenak.

9.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio, ordainketa egin baino lehen, Taldeak aurkeztutako dokumentazioa eta diruz lagundutako proiektuak gauzatzen direla egiaztatzen duen ziurtagiria ikuskatu eta egiaztatzea, baita dirulaguntza ordaintzea eta tokiko ekintza-taldeari eskatu gabeko edo indarreko araudiaren arabera berari dagozkion bestelako jarduketa batzuk ere.

10.– Partaidetzazko toki-garapeneko estrategia behar bezala ezagutarazi beharko dute tokiko ekintza-taldeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eremuko biztanleen artean, baita, laguntzak emateko, erregimen honetan jasotako arauak ere.

11.– Tokiko ekintza-taldea osatzen duten toki-entitateak eta elkarteek, ordezkaritza izaera dutenak, estrategiaren helburuak onuradun potentzialei ezagutarazteko behar den informazioa sartuko dute haien iragarki-oholetan eta argitalpenetan.

12.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak behar diren jarraibideak emango ditu tokiko ekintza-taldeek eta proiektuen sustatzaileek aplika dezaten Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren 60. artikuluan xedatutakoa, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duena, eta 2017/1004 (EB) Erregelamendua aldatzen duena, Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2021/1139 (EB) Erregelamenduan xedatua, informazio-, komunikazio- eta publizitate-jarduerei buruzkoa, Europar Batasuneko funtsen onuradunei dagokienez.

V. ERANSKINA
HITZARMENA, EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILAREN ETA «........................» TOKIKO EKINTZA-TALDEAREN ARTEKOA, PARTAIDETZAZKO TOKI-GARAPENEKO ESTRATEGIA APLIKATZEKO

.............(e)n, .........ko .........ren .........(e)(a)n

Batetik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, ....................................................k ordezkaturik, berau izendatzeko ......................................... Dekretuaren indarrez eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen ............... artikuluak ematen dizkion eskumenak erabiliz.

Bestetik, «...........................» tokiko ekintza-taldea (egoitzaren helbidea: ....................................................., eta identifikazio fiskaleko kodea: ...............................), .................................. jaun/andre presidenteak ordezkaturik, .....................................(e)ko erabakiaren bidez izendatua eta ........................................ erabakiaren bidez hitzarmen hau sinatzeko ahaldundua.

Bi alderdiek aitortzen diote elkarri hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasuna, eta hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Hitzarmen honen xedea da partaidetzazko toki-garapeneko estrategia aplikatzea aurrerago zehazten den jarduketa-eremuan, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren 2021-2027 Programaren arabera (EIAAF), zeina Europako Batzordeak onartu baitzuen 2022ko azaroaren 29ko Betearazpen Erabakiaren bidez.

Bigarrena.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren II. tituluko IV. kapituluan eta EIAAF 2021-2027 Programan xedatutakoa aplikatuz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak partaidetzazko toki-garapena Euskal Autonomia Erkidegoan arautu nahi du.

Hirugarrena.– ..........................ko Aginduan iragarritako hautaketa-prozeduraren bidez, partaidetzazko toki-garapeneko estrategia bat aurkeztu zuen «................................................» tokiko ekintza-taldeak. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ............eko ..............ren .................(e)ko Ebazpenaren bidez hautatua izan zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, ............ zk.).

Laugarrena.– EIAAF 2021-2027 Programan eta aurreko puntuan adierazitako deialdiaren xedapenean aurreikusitakoaren arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta tokiko ekintza-taldearen arteko harremana erregulatzeko arauak ezarri behar dira, hitzarmen bidez, Batzordeak eta autonomia-erkidegoak –aipatu sailaren bidez–, eta, zehazki, hautatutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategia gauzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak emandako laguntzen erabilera, jarraipena eta kontrolari dagokionez.

Adierazitakoaren arabera eta haien eskumenak baliatuz, bildutako alderdiek erabaki dute hitzarmen hau gauzatzea, hona hemen edukiaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen xedea da tokiko ekintza-taldeak Euskal Autonomia Erkidegoan partaidetzazko toki-garapeneko estrategia kudeatzeko arauak ezartzea, EIAAF 2021-2027 Programaren esparruan, 2022ko azaroaren 29ko Betearazpen Erabakiaren bidez onartua.

Bigarrena.– Finantza-zuzkidurak.

1.– Europako funtsen eta Administrazioaren finantza-ekarpena, ekarpen pribatuarekin batera, izango da estrategiaren kostu osoa; hasieran, ....................... euroan zenbatetsia. Kostu osoa, neurri, finantza-eragile eta urteka zehaztua, hitzarmen honen I. eranskineko finantza-koadroetan jasotzen da.

Halaber, tokiko ekintza-taldeak finantza-koadroak sartu ditu bere estrategian.

2.– 2021–2027 programazio-aldi osorako, ......................... euro izango da bai Eusko Jaurlaritzaren finantza-kontribuzioa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeak urtero zehazten duen aurrekontu-zuzkiduraren kargura, bai EIAAFen finantza-ekarpena.

Finantza-ekarpen guztiak gauzatzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailekoak zein EIAAFekoak, aurretik laguntzak arautu beharko dira, eta, hala dagokionean, urteko deialdiak egin.

Hirugarrena.– Eremu geografikoa eta ekimenaren xedea.

1.– Bertan adieraziko da tokiko ekintza-taldeak hautatutako estrategia aplikatuko duen jarduketa-eremua. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak baimendu beharko du eremu geografiko horretako aldaketa oro, eta hitzarmen honen klausula aldarazle bat egingo da.

2.– Estrategiaren helburua izango da gune horretan barne hartutako garapenean laguntzea, estrategian adierazitako jarduketak aplikatuz partaidetzazko toki-garapenaren esparruan; eskematikoki, aipatu I. eranskina osatzen duten finantza-koadroetan zerrendatzen dira.

Laugarrena.– Jarduketa-printzipioak.

1.– Tokiko ekintza-taldea lankidetza-formula batean oinarrituta dagoenez –Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan, Europako funtsei dagozkien xedapen orokorrei buruzkoan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduan, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari buruzkoan–, haren jarduketak behar bezala bete beharko du erregelamendu horietan ezarritakoa; era berean, aipatutako 38/2003 Legearen 12. artikulutik 16.era bitartean xedatutakoa kontuan hartuko da.

2.– Estrategiaren xedeak betetzeko eta kudeatzen dituen funtsen publikotasuna dela-eta, lankidetza-, objektibotasun-, inpartzialtasun-, efikazia-, efizientzia-, gardentasun-, publizitate- eta lehia-printzipioak bermatu behar ditu tokiko ekintza-taldearen jarduketak; inguruabar hauek zehazten dituzte kontzeptuok, besteak beste:

a) Lankidetza, herritarrekin, oro har, eta lurraldeko erakunde publiko edo pribatuekin, tokiko ekintza-taldean partaide izan zein ez, baita gainerako tokiko ekintza-taldeekin ere.

b) Objektibotasuna edo diskrezionaltasun-automugaketa, aurretik kudeaketa-prozedurak eta proiektuen balorazio-irizpideak ezarriz, eta emateko edo ukatzeko ebazpena behar bezala arrazoituz.

c) Inpartzialtasuna. Erabaki-organoaren kideek ezin dute proiektuen eztabaidetan eta bozketetan parte hartu, baldin eta horietan interes zuzenekoa edo zeharkakoa badute, titulartasun-arrazoiak, ekonomikoak edo sozietarioak, odol-, ezkontza- edo adopzio-ahaidetasunezko hirugarren gradu zibilera arteko senidetasun-arrazoiak, adiskidetasun handia edo ageriko etsaitasuna badituzte.

d) Efikazia, eskualdeko programaren helburuak zuzenean lortzera bideratu behar dira akordioak, erabakiak kuantifikatuz eta ondorio posibleak aztertuz.

e) Efizientzia, kostu txikienarekin onura sozial handiena lortzen duena, bereziki, emakume gazteen artean, edo ingurumena gehiago babestea, errendimendu, inbertsioen erabilera eta funtzionamendu-gastuen arteko gehieneko proportzioa lortzeko.

f) Gardentasuna, ez egotea ezkutuko akordiorik eta nahitaezko kontabilitateaz bestelakorik: une oro eguneratutako kontabilitate-sistema; espediente osoak; erabaki-organoaren ordezkaritzan diharduen ordezkariaren sinadura, laguntzaren jasotzailea edo onuraduna dena aldi berean.

g) Proiektuen balorazio-irizpideen publizitatea. Halaber, azken onuradunek behar bezala ezagutaraziko dute lagundutako proiektua, plaka edo kartel egokien bitartez.

h) Lehia, deialditik beretik datozen mugekin bakarrik, bai laguntza emateko zein tokiko ekintza-taldeak giza baliabideak edo baliabide materialak kontratatzeko, salbu egunero kopuru txikian erabiltzekoak, zeinak behar baitira beren ekipo teknikoak eta gerentziazkoak eratzeko, horien funtzionamendurako eta azterketa edo laguntza tekniko orotarako.

Horretarako, agiriak, deialdiak edo iragarkiak haien iragarki-oholetan kokatzea eta horien argitalpenetan sartzea ahalbidetuko dute tokiko ekintza-taldeak nola toki-erakundeek, enpresa- edo sindikatu-elkarteek eta talde horien parte diren ordezkari izaerako bestelako erakundeek, printzipio hauek betetzen direla bermatzeko.

Bosgarrena.– Jarduketak gauzatzea.

Horiek gauzatzeko, tokiko ekintza-taldea doitu beharko zaio bai hautatutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategiari, baita Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren 2021-2027 Programari, finantza-aurreikuspenei eta aplikatzekoa den Europako, autonomia-erkidegoko eta tokiko araudiari ere.

Seigarrena.– Estrategiaren kudeaketa, jarraipen eta ebaluaziorako gastuak, eta animazioa.

1.– Hauek barne hartuko ditu partaidetzazko toki-garapeneko EIAAFen laguntzak:

a) PTGE praktikan jartzeko kudeaketari lotutako ustiapen-kostuak: funtzionamendu-kostuak, langile-kostuak, prestakuntza-kostuak, harreman publikoei lotutako kostuak, finantza-kostuak, eta estrategiaren gainbegiraketari eta ebaluazioari buruzko kostuak.

b) PTGEren animazioa, besteak beste, alderdi interesdunen arteko trukea errazteko helburuarekin, informazioa eman eta estrategia sustatzeko eta onuradun potentzialei laguntzeko eragiketak garatu eta eskabideak prestatzeko.

Taldeak berariaz gauzatu beharko ditu honako funtzio hauek:

a) Tokiko eragileek eragiketak garatzeko eta aplikatzeko gaitasunak sortzea.

b) Eragiketak aukeratzeko prozedura eta irizpideak diseinatzea. Eragiketa horiek gardenak izan behar dute, ez-diskriminatzaileak, interes-gatazkak saihestuko dituzte eta interes-talde bakar batek ere hautatzeko erabakiak kontrolatzen ez dituela ziurtatuko dute.

Gainera, proiektuak aukeratzeko modua aurreikusi beharko dute (dirulaguntzaren onuraduna ATET bera denean), hala badagokio, hirugarrenek aurkeztutako proiektuekin norgehiagoka saihestu gabe.

c) Proiektuen deialdiak prestatzea eta horien berri ematea.

d) Eragiketak aukeratzea eta laguntzaren intentsitatea zehaztea. Horretarako, proposamenak bidaliko zaizkio erakunde arduradunari, onartu aurretik, hautagarritasunaren azken egiaztapena egin dezan.

e) Bilakaeraren jarraipena egitea estrategiaren helburuak lortzeko orduan.

f) Estrategiaren aplikazioa ebaluatzea.

2.– Lehenengo apartatuan ustiapen- eta animazio-kostuetarako aurreikusitako laguntzak ez du gaindituko estrategiarako ekarpen publiko osoaren % 25.

EIAAF 2021-2027 Programaren programazio-aldiko urtaldi bakoitza diruz laguntzera bideratutako zenbatekoaren ondoriozkoa izango da tokiko ekintza-taldeak funtziona dezan bideratutako % 25eko gehieneko muga, hitzarmen honen I. eranskineko finantza-planean ezarritakoaren arabera. Hala ere, laguntzaren zenbatekoa taldeak ezarritako mugen barruan egin beharreko gastuen urteko aurreikuspenera egokituko da.

3.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan, eta tokiko ekintza-taldeak egin beharreko jarduketen eta gastuen aurreikuspena entregatu ondoren, urte bakoitzerako laguntza izendun bat onartuko dio taldeari, estrategiaren kudeaketa-, jarraipen- eta ebaluazio-gastuetarako, eta animaziorako, eta onartutako laguntzaren % 50 ordainduko du aurrerakin gisa.

Aurreikusitako ekintzak egin direla justifikatu eta gero ordainduko da gainerakoa. Esandakoa frogatzeko, jatorrizko agiriak edo gastua benetan egin dela egiaztatzeko moduko fakturak edo ordainagiriak aurkeztuko dira. Entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira faktura eta egiaztagiri guztiak.

Onuraduna administrazio publikoa ez bada, onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari berdin aplikatuko zaizkio.

Zazpigarrena.– Proiektuen titularrei, azken hartzaileei edo sustatzaileei laguntzak ematea.

1.– Tokiko ekintza-taldeak proposatuko ditu proiektuak, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak emango dizkie proiektu horien titularrei onartutako estrategiari dagozkion laguntzak, partaidetzazko toki-garapeneko laguntzen araudian xedatutakoaren arabera.

2.– Horretarako ezarritako eskabide-ereduak eta txosten tekniko-ekonomikoko ereduak erabili beharko dira proiektuen titularrei laguntzak emateko prozeduran.

3.– Finantza-funtsen zuzkidurak, Europakoak zein autonomikoak, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak gehienez aitor ditzakeen betebeharrak dira. Beraz, izaera mugatzailea eta loteslea dute, baina finantza-plana aldatu ahal izango dute.

4.– Data hauen arabera emango zaizkie laguntzak proiektuen titularrei:

a) Eskabideak onartzeko hasierako data: uneko ekitaldia hasi den data.

b) Eskabideak onartzeko azken eguna: urteko deialdian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Saileko sailburuak agindu bidez ezartzen duena.

c) Sustatzaileek diruz lagundu daitezkeen inbertsioak edo gastuak egiten hasteko eguna: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak agindu bidez ezarria urteroko deialdian.

d) Sustatzaileek haien hornitzaileei diruz lagundu daitezkeen inbertsioak edo gastuak ordaintzeko azken eguna: Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpenaren bidez ezarria.

Edonola ere, egun hauek aldatu ahal izango dira laguntzaren deialdian urtero ezartzen diren xedapenen arabera.

5.– Laguntzak emateko, proiektua diruz lagundu daitekeela egiaztatuko dute tokiko ekintza-taldearen ordezkariek eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eratutako batzorde batek, espedientearen izapidetzeak aurrera jarrai dezan.

Batzorde horrek emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan behar du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Kudeaketa-prozedurak.

1.– Partaidetzazko toki-garapeneko estrategian barne hartutako kudeaketa-prozedurara doituko du bere jarduera tokiko ekintza-taldeak. Kudeaketa-prozedurako aldaketa oro aurretik baimendu beharko du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzak.

2.– Onartutako proiektuei dagozkien inbertsioak, gastuak eta laguntzak identifikatzeko eskatuko die tokiko ekintza-taldeak sustatzaileei; horretarako, haien jarduera dela-eta erabili behar duten kontabilitate-sistemako kodifikazio egoki bat erabiliko dute.

3.– 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-erakunde bitartekari gisa jardungo du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak Partaidetzazko Toki Garapenaren kudeaketan.

4.– Dena den, Europako Batzordeak onartutako izaera horizontaleko xedapenetan jasotzen dira finantza-betearazpenerako eta Europako laguntzak ordaintzeko arauak eta prozedurak.

Bederatzigarrena.– Informazioa emateko eta txostenak egiteko sistema.

1.– Hitzarmen hau aplikatzen den bitartean, tokiko ekintza-taldeak dagokion informazioa kargatu beharko du, urteko deialdietan aurkeztutako proiektuei buruzkoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak horretarako gaituko duen aplikazio informatikoan.

2.– Txosten bat helarazi beharko dio tokiko ekintza-taldeak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, azken honek aginduzko agiriak presta ditzan, eta EIAAF 2021-2027 Programaren Jarraipen Batzordera igorri ditzan.

Hauek barne hartu beharko ditu txosten horrek: gauzatutako proiektuen deskribapen bat, onartutako laguntzak eta finantza-iturriek egindako ordainketak, jarduketen garapen-maila eta horien eragina, eta, oro har, programa ebaluatzeko beharrezko diren adierazle fisiko eta finantzario guztiena; era berean, estrategiaren helburuak lortzeko orduan egin diren aurrerapenen jarraipena egin beharko da.

Hitzarmena aplikatzean sortutako zailtasunak eta eska daitezkeen aldaketak edo doitzeak ere aipatu beharko dira.

3.– Urtea amaitu eta hiru hilera, beranduenez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku egon beharko da aurreko apartatuan aipatzen den urteko txostena.

4.– Era berean, tokiko ekintza-taldeak estrategiaren betearazpen-egoera eta beharrezkotzat jotzen den gainerako informazioa bidaliko dio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Sailak beharrezkoa dela uste duen guztietan.

5.– Aurreko apartatuetan xedaturikoa ez betetzeak azken jasotzaileei oraindik ordaindu ez zaizkien ordainketak behin-behinean bertan behera uztea ekarri ahal izango du, harik eta eskatutako txostenak helarazi arte.

Hamargarrena.– Finantza-kontrola.

1.– 2021/1060 eta 2021/1139 (EB) erregelamenduetan eta arlo horretan ematen diren garapen-arauetan ezarritako kontrolerako, Europako xedapenen mende daude bai tokiko ekintza-taldea zein azken pertsona jasotzaileak.

2.– Batzordearen eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzen kudeaketari dagokionez, kontrolaren eta egiaztapenaren mende dago tokiko ekintza-taldea, baita Ekonomia eta Ogasun Sailaren finantza-kontrolaren eta Kontuen Auzitegien mende ere. Laguntzen azken jasotzaileek ere kontrol bera gainditu beharko dute, eta hori jakinarazi beharko die tokiko ekintza-taldeak horiei; laguntza jasotzeko, ezinbestean onartu beharko dituzte kontrol horiek.

3.– Azken ordainketa egin eta hurrengo hiru urteetan, egindako gastuei eta ordainketak egin izanari buruzko kontabilitate-liburuak eta justifikazio-agiri guztiak gorde beharko ditu tokiko ekintza-taldeak, eta, hala dagokionean, aurreko apartatuan adierazitako erakundeen esku utzi beharko ditu. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren idazki baten bidez jakinaraziko zaio tokiko ekintza-taldeari noiz arte gorde beharko diren agiri horiek, zuhurtzia-printzipioari jarraikiz.

4.– Halaber, diruz lagundutako jarduera osorik egin dela eta ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dizkiote laguntzen jasotzaileek tokiko ekintza-taldeari, eta azken honek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari. Justifikazio hori oinarri izango da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Europako Batzordearen aurrean egiazta ditzan Euskal Autonomia Erkidegoan partaidetzazko toki-garapeneko estrategia-ekintzak eta Europako Batzordeari eska diezaion emandako laguntzen azken saldoa.

Hamaikagarrena.– Irregulartasunak prebenitu, atzeman eta zuzentzea.

1.– 2021/1060 eta 2021/1139 (EB) erregelamenduetan xedatutakoaren arabera, hitzarmen honen alderdi sinatzaileak behartuta daude beharrezko diren neurriak hartzera esleitutako finantza-zuzkidurak aplikatzean gerta litezkeen irregulartasunak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko.

2.– Estrategia aplikatzean atzemandako irregulartasun oro jakinaraziko dio tokiko ekintza-taldeak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, horien berri izaten duen unean berean.

3.– Baldin eta proiektu bat egiteak onartutako finantza-ekarpena justifikatzen ez badu, osorik edo zati batean, laguntzaren zenbateko murriztuan edo deuseztatuan sartu ahal izango da jatorrizko finantza-neurri eta zuzkidurara.

4.– Baldin eta proiektuen titularrei laguntza ordaindu bazaie, irregulartasun-arrazoiengatik itzuli behar den zenbatekoa, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan (1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzkoa) xedatutakoaren arabera egingo da berreskuratze-prozedura.

5.– Aurreko apartatuan xedaturikoa eragotzi gabe, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak murriztu, atxiki edo bertan behera utzi ahal izango du, kautelaz edo behin betiko, estrategia garatzera bideratutako ekarpena, baldin eta esku-hartzearen, neurriaren edo proiektuaren izaerari edo baldintzei eragiten dien irregulartasunen bat edo aldaketa nabarmenen bat balego, zeinentzat ez baitzitzaion eskatuko dagokion organoari berau onartzerik.

6.– Irregulartasun larrien kasuan, tokiko ekintza-taldeak egoera hori galtzea erabaki ahal izango du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, eta, kasu horretan, hamalaugarren klausulan xedaturikoa aplikatuko zaio.

Hamabigarrena.– Tokiko ekintza-taldearen bestelako betebeharrak eta erantzukizunak.

Estrategia aplikatzeko, tokiko ekintza-taldeak behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak izango ditu dagozkion egitekoak behar bezala egiteko, bai teknikoki zein ekonomikoki.

Hamahirugarrena.– Iraupena.

Sinatzen denetik, Europako Batzordeak egindako Programa Operatiboaren itxieratik hiru urte igaro arteko indarraldia du hitzarmen honek. Ondorioz, tokiko ekintza-taldea ezin izango da desegin epe hori igaro arte, non eta ez dizkion aurretik bermatzen hartutako erantzukizunak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

Hamalaugarrena.– Ebazpena.

Hitzarmen hau alderdi bien adostasunez deuseztatu ahal izango da, edo bietariko baten erabaki arrazoituz; kasu horretan, idatziz jakinarazi beharko zaio beste alderdiari, hiru hilabete lehengotik, gutxienez.

Hitzarmena ezeztatzen bada, tokiko ekintza-talde izateari utziko dio tokiko ekintza-taldeak, eta jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak zehazten duen zenbatekoa, hain zuzen ere.

Hamabosgarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da alderdi bien adostasunez, partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren egiazko garapenaren arabera; horretarako, behar den aldaketa-akordioa sinatuko dute alderdiek, zeina iraupen-aldia amaitu baino lehen sinatu beharko baita.

Berrikuspen honek eta 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 44. artikuluan aipatzen den ebaluazio-planetik erator litezkeenek finantza-koadroak aldatzea eragiten dutenean bestelako neurrien artean, erakunde eskudunak onartu egingo du, zeinek horren berri emango baitio Jarraipen Batzordeari, behin betiko onar dezan.

Hamaseigarrena.– Izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmen honek Sektore Publikoaren Kontratuen Legean aurreikusitako izaera dauka, eta, arau espezifikorik ezean, lege-testu horren printzipioak aplikatu behar zaizkio, sortzen diren zalantzak eta hutsuneak konpontzeko.

Hitzarmen hau interpretatu eta betetzeak sortzen dituen auzigaiak, administrazio-bidea amaituta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende geratuko dira, horren berri izan eta ebatz ditzan, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen arabera.

Eta, adostasunaren erakusgarri, agiri hau sinatzen da, ondorio bakarrerako eta hirukoiztuta, hasieran adierazitako lekuan eta epean.


Azterketa dokumentala