Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3701

AGINDUA, 2023ko ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez 2023rako dirulaguntzak ematen baitzaizkie azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako kide diren erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen; eta horren bigarren xedapen gehigarrian zehaztu zen sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-zuzkiduren pentzutan ematekoak diren dirulaguntzak emateko prozedura.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordean sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen. Ordezkaritza hori proportzionaltasun irizpidea errespetatuz egingo da, enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera, eta ez da baztertuko legezko ordezkaritza lortzen duen sindikaturik.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekin akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Bigarren xedapen gehigarri horren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, 2023ko maiatzaren 12ko Aginduaren bidez, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako kide diren erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei dirulaguntzak emateko prozedura hasi zuen.

2023ko maiatzaren 17an, Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren erakunde sindikalek eta Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak akordio bat lortu zuten, eta akordio horren bidez, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari proposatu zioten abenduaren 23ko 15/2022 Legean –Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena– ezarritako dirulaguntza zati berdinetan banatzea 3112 Programan (11. zerbitzua). Aurrekontu-zuzkidura 763.138,00 eurokoa da.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura xedatutakoa betez, agindu honen bidez dirulaguntzak emango zaizkie Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako kide diren erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntza ematea.

1.– 2023rako dirulaguntzak ematen zaizkie azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako kide diren erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei. Dekretu horren bidez sortu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza.

2.– Aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatutik 5.era ezarritakoaren arabera, eta interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartu zituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak 2023ko ekitaldirako ezarri zuen 763.138,00 euro-ko aurrekontu-hornidura zati berdinetan banatzea adostu dutenez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordea osatzen duen sindikatu bakoitzak 190.784,50 euro jasoko ditu:

– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

– Euskadiko Langile Komisioak sindikatu-konfederazioa (CCOO).

– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

– Unión General de Trabajadores (UGT-Euskadi).

2. artikulua.– Dirulaguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako dirulaguntza jaso aurretik, sindikatu interesdunek honako hau bete beharko dute:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak horretarako xedatzen duenarekin bat etorrita (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko agindua).

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak, hurrenez hurren. Espedientea kudeatzen duen organoak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, dokumentu horiek zuzenean bilduko ditu.

Hala ere, erakunde eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu bere kabuz.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, honako inguruabar hauek egiaztatzeko:

b.1.– Aurretik Lan eta Enplegu Sailetik jasotako laguntzak justifikatu izana.

b.2.– Enpresa eskatzailea ez egotea zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolamendurako Printzipioen Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

b.3.– Ez egotea Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 eta 3 artikuluan xedatutako ezein inguruabarretan.

b.4.– Zein egoeratan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozedurak, artean izapidetzen ari direnak.

b.5.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorrita (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

3. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emango da, agindu honetan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

4. artikulua.– Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak izango dira sindikatuek jasotzen dituzten bestelako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere laguntza horiek ez badira Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako helburu edo xede berbererako ematen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ematen denetik hara sortuko ditu ondorioak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko pertsona interesdunei jakinarazpena egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Jende orok jakin dezan, argitara bedi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 30a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala