Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3697

1308/2023 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Uribeko Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako Zuzendariaren lanpostua betetzeko deialdi publikoa iragartzen den.

Uribeko Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako Zuzendariaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko erakunde sanitario integratuei buruzko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarri hauen arabera

OINARRIAK

Lehenengoa.– Ebazpen honen bitartez, Uribeko Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako Zuzendariaren lanpostua betetzeko deialdia egiten da, eta bertara honako hauek aurkez daitezke: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionarioak, estatutupekoak nahiz lan-kontratukoak), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak eta baldintzak betetzen dituen beste edozein langile. Hona hemen bete beharreko baldintzak:

1.– B1 lanbide-taldeko diplomadun/gradudun sanitario titulua izatea.

2.– Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia izatea.

Bigarrena.– Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak. Horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten hautagaiek, eskabidearekin batera, curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, eta bertan honakoa adierazi beharko dute:

– Titulu akademikoak.

– Orain arte betetako lanpostuak.

– Esperientzia profesionala eta kudeaketa sanitarioko esperientzia.

– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

Izangaiek eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkeztu ahalko dute.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu beharko aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman behar du eskaeran.

Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.


Azterketa dokumentala