Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
3696

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 29koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez deialdia egiten baita Euskadiko Udaltzaingoen Kidegoetako Oinarrizko Eskalako agente lehenaren Kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako.

Deialdi hau honako hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan; Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean; Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan; eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuan.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Kontseilu Errektoreak jarduera onartu du, eta Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaerari erantzun zaio.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek Oinarrizko Eskalako agente lehenaren Kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea ebazten du, honako oinarri hauen arabera:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Hautaketa-prozedurarako deia egiten da, lehiaketa-oposizio bidez, barne-sustapen bidez. Prozesu hori osatzeko, beste fase bat egingo da, eta prestakuntza-ikastaro bat eta praktikaldi bat egingo dira, Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren Kategorian sailkatutako 69 plaza betetzeko, Euskal Administrazio Publikoetako funtzionarioen sailkapeneko C Taldeko C-1 Azpitaldeari dagozkionak, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Deialdia honako udal hauetatik jasotako gomendioen arabera egiten da:

1.– Abadiño.

2.– Andoain.

3.– Arrasate.

4.– Azkoitia.

5.– Barakaldo.

6.– Basauri.

7.– Bilbao.

8.– Derio.

9.– Donostia / San Sebastian.

10.– Durango.

11.– Ermua.

12.– Gernika-Lumo.

13.– Getxo.

14.– Ibarra.

15.– Irun.

16.– Sestao.

17.– Valle de Trápaga-Trapagaran.

18.– Zalla.

19.– Zarautz.

Euskal Herriko Polizia Hautatzeko eta Prestatzeko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, deialdiko plaza-kopurua handitu ahal izango da, Oinarrizko Eskalako agente lehenaren Kategoriako lanpostu hutsen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori Hemeretzigarren Oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

Kopuru handitze hori Hamaikagarren Oinarriko hirugarren apartatuan aurreikusitako izapidearen aurretik egin beharko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurretiazko eskaera egitea.

b) Parte hartzeko eskaera egiten duen udalerriari dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoko karrerako funtzionarioa izatea.

c) Poliziaren Oinarrizko Eskalan zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea, edo seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia-egoeran, genero-indarkeriagatiko eszedentzia-egoeran, edo parte hartzeko eskaera egiten duen udalerrian zerbitzu berezietako egoeran.

d) Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente gisa, parte hartzeko eskaera egiten duen udalerriko polizia-kidegoan 3 urtez lanean aritu izana.

Benetako zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 78.4 artikuluan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira: «Jatorrizko kategorian edo eskalan benetako zerbitzuetan emandako denbora zenbatzearen ondorioetarako, barne-sustapenean sartzeko aukera ematen duten administrazio-egoeretan igarotako aldiari gehitu egingo zaio barne-sustapenean sartu aurreko praktikei dagokiena, betiere hautaketa-prozesua gainditu bada». Praktikaldia zenbatuko da, baldin eta praktikaldi horrek lanpostu bat betetzea ekarri badu.

e) Falta astuna edo oso astuna egiteagatik zehapenik jaso ez izana, salbu eta ezarritako zehapena ezeztatu bada.

f) Gidabaimen hauek izatea:

– B motako baimena, turismoetarako, deitutako plaza guztietarako eskabideak aurkezteko epearen azken egunean indarrean dagoena.

– A2 motako baimena, Basauri, Ermua eta Irungo udaletarako deitutako plazetarako, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena.

– A motako baimena, Andoaingo Udalak deitutako lanpostuetarako hamaseigarren oinarrian aurreikusitako karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena.

– C1 motako baimena, Azkoitiko Udalak deitutako lanposturako hamaseigarren oinarrian aurreikusitako karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena.

– E motako baimena, Andoaingo Udalak deitutako lanpostuetarako hamaseigarren oinarrian aurreikusitako karrerako funtzionario izendatu aurretik indarrean dagoena.

Arestian adierazitako baimenak indarrean egon beharko dira eskatzen direnetik, gidatzeko eskubidea eten edo kendu gabe, administratiboak edo judizialak izan, eta esleitutako puntu guztiak galdu gabe.

g) Derrigortasun-data igarota duten lanpostuak eskuratu nahi dituztenentzat, eskatutako hizkuntza-eskakizuna izatea, I. eranskinean jasotakoaren arabera.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren aurreko apartatuan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte, hori egiaztatzeko prozeduraren faseari kalterik egin gabe.

3.– Pertsona onartu eta hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagokionez. Baldintza horiek ofizioz egiaztatuko ditu deialdia egin duen organoak, eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiria beharko da.

4.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, hautaketa-prozesuko edozein unetan edo prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko eskumena duen organoak jakiten badu pertsona horietakoren batek ez dituela betetzen deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, edo, hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik edo praktikalditik kanpo, hari entzun ondoren.

5.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta proba psikoteknikoak eta nortasun-probak egiteko baimena ematea ekarriko du, eta proba horien emaitza beste balorazio-faktore bat bezala erabiltzea onartuko da, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.euskadi.eus) dagoen eskabidea formalizatu beharko dute, eta, inprimakia bete ondoren, parte hartzeko eskaera egin den udaleko erregistroan entregatu.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabidean adierazi beharko da zein hizkuntzatan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi diren oposizio-probak. Eskabidean adierazitako aukera aldatu ahal izango da, Epaimahai Kalifikatzaileari idatziz jakinarazita, probak eta/edo ariketak egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.

4.– Eskabidea betetzeak berekin ekarriko du berariaz adieraztea eskatzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagokionez.

5.– Hautaketa-prozeduran parte hartzea borondatezkoa da, eta horrek esan nahi du hautagai bakoitzak berariaz eta zalantzarik gabe baimena emango duela probak eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabiltzea onartuko da, oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.

Parte-hartzaileek emandako datuak hautaketa-prozeduran aurreikusitako helburuetarako bakarrik erabiliko dira. Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori hautaketa-prozesua kudeatzeko baino ez da erabiliko.

Datuen tratamendua, hirugarrenei lagatzea eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.).

Laugarrena.– Hautagaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, udalek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara bidaliko dituzte.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, prozesuan parte hartzen duten toki-administrazioekin lankidetzan, ofizioz egiaztatuko du bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpen bidez onartuko da hautaketa-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda, eta Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

Behin-behineko zerrendan, parte hartzeko eskaera egin duen udaleko hautagai bakoitzaren zerrenda agertuko da. Zerrenda horretan honakoak agertuko dira: eskainitako lanpostuak bat baino gehiago -lanpostu-dotazioak- badira edo plaza horiek hizkuntza-eskakizun jakin bat baldintza gisa ezartzen badute, derrigortasun-data igarota duten edo ez duten.

2.– Baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, behin-behineko zerrendak baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko ditu, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskabidean zeuden akatsak zuzentzeko.

3.– Aurkeztutako erreklamazioak onartu edo baztertu egingo dira onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen ebazpenean.

Behin betiko zerrendak honako hauek adieraziko ditu hautagai bakoitzari dagokionez: parte hartzeko eskaera egin duen plazei dagokien udala, eskainitako plazak bat baino gehiago badira –dotazioak-, edo plaza horietako hizkuntza-eskakizuna derrigortasun-datarekin den edo ez.

Onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez argitaratuko da, lehenengo apartatuan aurreikusitako moduan.

4.– Zerrenda horiek eta argitaratzen diren ondorengo zerrendek hautagaiaren identifikazioa jasoko dute, zenbaki profesionala adierazita.

Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

1.– Oposizio-lehiaketako probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

– Mahaiburu bat.

– Hiru bokal, EUDELek proposatuta, hautaketa-prozesuan parte hartzen duten toki-korporazioen artetik aukeratuak.

– Idazkari bat, (hitzarekin, baina botorik gabe).

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta horien ordezkoen izendapena Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua erregulatzen duten arauen arabera arautuko da.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errefusatze-arrazoiak aplikatuko zaizkie.

Epaimahai Kalifikatzaile honetan parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea ekarriko du.

3.– Hautaketa-sistema osatzen duten probak eta merezimenduak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, eta autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren arduraduna izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahai Kalifikatzaileak aholkulariak edo espezialistak erabili ahal izango ditu bere lanetan, hautaketa-sistemako proba guztietarako edo batzuetarako. Horiek aholkularitza eta laguntza teknikoa ematera mugatuko dira beren espezialitateetan jardutean.

5.– Epaimahai Kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, eta horren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren arazo guztiak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko ere.

6.– Epaimahaiak ezin izango du hautatu deitutako plazen kopurua baino hautagai gehiago, eta muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiak Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

8.– Epaimahai Kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:

2023agentelehena.bateratua@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide horretatik jasotzen dituen idazkiei erantzungo die.

Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.

1.– Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da; hau da, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak egingo dira, lehiaketan parte hartzen dutenen gaitasuna eta ondoriozko lehentasun-ordena zehazteko.

2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta fase horretan lortutako puntuazioa ezin izango da kontuan hartu oposizioko ariketak gainditu direla ulertzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizio-fasea honako proba hauek segidan egitean datza:

1.– Lehen proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, ezagutza-proba bat izango da eta test erako galdetegia idatziz erantzun beharko da.

Probaren edukia ebazpen honen II. eranskinean zehaztuta dago.

Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

Proba horretan ondo erantzundako galderan puntu bat lortuko da eta gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik 0,333rekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak ez dira zigortuko.

Proba honetan, 0 puntutik 80ra emango dira, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 40,00 puntu lortzen ez dutenak.

Hautaketa-sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai Kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du.

Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai Kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m)).

Hau da:

HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

APgeh = Proban gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 80 puntu).

PZ= Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena.

PZ= Erantzun zuzenak – (errore kopurua x 1/3).

m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio-atalasea.

PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (proban gehienez lortzen den puntuazio zuzena).

2.– Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa. Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategoriako polizia-eginkizunak betetzeko hautagaien gaitasunak ebaluatzeko proba.

Proba hori 0tik 40ra bitartean baloratuko da, eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dutenak automatikoki baztertuta geratuko dira.

Probak lau ariketa izango ditu, guztiak derrigorrezkoak eta baztertzaileak, eta bakoitzak 0 eta 10 puntu bitarteko balioa izango du. Test moduko galdetegi bat idatziz erantzun beharko da, lau erantzun-aukera dituena, eta horietako bakarra izango da zuzena.

Ariketa bakoitzean, erantzun oker bakoitzeko 0,333 puntuko zigorra ezarriko da. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.

Proba hori gainditzeko, gutxienez 3 puntu lortu beharko dira lau ariketetako bakoitzean, eta gutxienez 20 puntu lau ariketen batukarian.

Ariketak honako hauek izango dira:

a) Arrazoitze-ariketa.

b) Pertzepzio gaitasunari buruzko ariketa (identifikazioa, diferentziazioa...).

c) Gaitasun espazialei buruzko ariketa.

d) Hitzezko gaitasunari buruzko ariketa.

Hautaketa-sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai Kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du.

Horrelakoan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai Kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

HAP = (PZ x APgeh) / (PZgeh).

Hau da:

HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen puntuazio gehiena: 20 puntu).

PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:

PZ = Erantzun zuzenak – (errore kopurua x 1/3).

PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (proban gehienez lortzen den puntuazio zuzena).

3.– Hirugarren proba, derrigorrezkoa eta baztertzailea, nortasun-proba.

Proba hori nortasun-test bat izango da, lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtzeko eta ebaluatzeko.

Proba hori deitutako lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoa izango da.

Proba horri 0 eta 44 puntu arteko balioa emango zaio, eta zuzenean baztertuko dira gutxienez 22 puntu lortzen ez dituztenak. Proba hori baloratu ahal izateko, item guztiei erantzun beharko zaie. Baieztapenen bati erantzuten ez bazaio (galdera berari erantzun bat baino gehiago ematen bazaio, erantzun zuri bat edo baliogabetze-lerroan markatutako erantzun bat baino gehiago badago), galdera horri dagokion eskalan 0 puntu emango zaizkio.

4.– Laugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, elkarrizketa pertsonala, deitutako lanpostuaren lanbide-profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko hautagaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna zehaztera bideratua. Proba hori 0 eta 50 puntu artean baloratuko da, eta gainditzeko gutxienez 25 puntu lortu beharko dira. Proba hori III. eranskinean zehaztutako baremoen arabera baloratuko da.

Elkarrizketari buruzko ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute. Curriculum hori formatu normalizatuan beteko da, eta ez da puntuagarria izango, eta hura egiteko elementu lagungarria baino ez da izango.

Zortzigarrena.– Oposizio-proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera iragarriko dira, gutxienez zazpi egun natural lehenago, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira, Epaimahai Kalifikatzailearen erabakiaren bidez, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

3.– Aurreko zenbakian ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran erabaki ahal izango du probak egitea, bai eta egun berean hainbat proba egitea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzen argitalpenek deialdiaren oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak Zazpigarren Oinarrian ezarritako ordenari jarraituz gainditu dituztenen kasuan baino ez dira argitaratuko.

4.– Epaimahaiak nahitaezko probak egiteko egiten duen deialdira –adierazten den egunean, orduan eta lekuan– agertzen ez direnak hautaketa-prozeduratik kanpo utziko ditu automatikoki, baita ezinbesteko arrazoiengatik badira ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa egitera aurkezten direnei, horiek egiten hasi ondoren.

Nahitaezko probetako batek ariketa bat baino gehiago baditu, ez-bertaratutzat joko da horietako edozeinetara ez joatea edo atzeratzea.

Aurreko bi apartatuetan ezarritakoaren salbuespen gisa, aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Epaimahai Kalifikatzaileak probak egiteko datak eta/edo lekuak egokitu ahal izango ditu, baldin eta haurdun egoteagatik edo erditu aurretik edo erditu ondoren egoteagatik arriskuren bat duten emakumeek hala eskatzen badute, eta, betiere, inguruabar horiek Epaimahai Kalifikatzaileari jakinarazten bazaizkio proba edo ariketa egin aurretik, eta mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatzen badira.

5.– Parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak eraman beharko dira probetara, eta Epaimahaiak uneoro eskatu ahal izango du agiri horiek aurkeztea.

6.– Proba bakoitza amaitzean, Epaimahai Kalifikatzailearen erabaki baten bidez argitaratuko da, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, proba gainditu duten eta kanpoan geratu diren pertsonen zerrenda, lortutako puntuazioa berariaz adierazita.

Zerrenda horrek bereizi egingo ditu, batetik, udaleko hautagai bakoitza eta, bestetik, eskainitako plazen artean parte hartzeko eskaera egin zuen udala, eta, bestetik, eskainitako plazak bat baino gehiago badira, lanpostu-dotazioak.

7.– Oposizio-probak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira, eskabidean adierazitakoaren arabera. Eskabidean adierazitako aukera aldatu ahal izango da, Epaimahai Kalifikatzaileari idatziz jakinarazita, probak eta/edo ariketak egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten pertsonei bakarrik aplikatuko zaie.

2.– Merezimenduak eskabideak aurkezteko epearen amaiera-dataren arabera baloratuko dira, Hirugarren eta Bederatzigarren Oinarrietan ezarritakoaren arabera.

3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautapen eta Prestakuntza Arautegia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizun eta baldintzak ezin izango dira merezimendutzat hartu.

4.– Alegatu daitezkeen merezimenduak hautaketa-prozesuko hautagaien espediente pertsonalean egongo direnez, ez da beharrezkoa izango alegatzea edo egiaztatzea.

Ofizioz egiaztatu eta baloratuko dira, kontuan hartuta prozesuan parte hartzen duten udalerrietako artxiboetan jasotako espediente pertsonalean aurkeztutako merezimenduak baloratuko direla eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean. Beraz, interesdunek beren espediente pertsonalean eskabideak aurkezteko epea amaitu arte agertzen ez diren merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte, eta ondoren aurkeztutakoak eta deialdian parte hartzeko eskatu direnak ez dira baloratuko.

5.– Lehiaketa-fasean merezimenduak baloratuko dira, 55 puntu guztira, baremazio honen arabera:

5.1.– Polizia-kidegoetako historia profesionala baloratuko da, gehienez ere 20 punturekin. Ondorio horietarako, oinarrizko eskalako eta ikuskapen lanpostuetan egindako zereginak eta polizia-lanari egindako errekonozimenduak hartuko dira kontuan.

5.1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako lanpostuak betetzeko moduetatik edozeinen bidez lortutako lanpostuetan izandako lanbide-jarduna edo zereginak baloratuko dira.

Lanpostu bakoitza lanpostuen zerrendan adierazitako lanpostuaren kodearen arabera identifikatuko da. Ez dira lanpostu desberdintzat hartuko lanpostu-kode bereko dotazio ezberdinak.

Atal hau gehienez 10 punturekin baloratuko da, honako baremo partzial honen arabera, jarduera profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino txikiagoak diren zatiak baztertuz), deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan hautagaiak betetako lanpostuak soilik kontuan hartuta.

Ikuskapen-eskalan sailkatutako lanpostuetan, 0,10 puntu jardun profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuko dira).

Oinarrizko eskalako lehen mailako agentearen eta lehen mailako agentearen kategorian sailkatutako lanpostuetan, 0,05 puntu jardun profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuko dira).

5.1.2.– Polizia-lanari egindako aintzatespenak gehienez 10 puntura arte baloratuko dira. Euskal Herriko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduaren dominak, zorionak eta gainerako ohorezko kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuan araututako aitorpenak ematea baloratuko da, (2023-01-05eko EHAA), Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroan inskribatuta daudenak, honako baremo honen arabera:

a) Polizia-merezimenduaren bereizgarri gorriko domina: 10 puntu.

b) Polizia-merezimenduaren bereizgarri berdeko domina: 7 puntu.

c) Polizia-merezimenduaren bereizgarri zuriko domina: 4 puntu.

d) Zoriontzea: puntu 1.

5.2.– Ikasketak, trebakuntza eta lanbide-hobekuntzako jarduerak baloratuko dira, gehienez ere 20 punturekin. Atal honetan titulazio eta diploma ofizialen balorazioa sartzen da, eta halakotzat hartuko dira soilik Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak horrela onartutakoak.

Gehienez ere 20 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

a) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 2. mailan sartutako titulazio ofizialak (Kualifikazioen Europako Esparruko 6. maila); 10 puntu emango dira.

b) Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailan edo goragokoan sartutako titulazio ofizialak (Kualifikazioen Europako Esparruko 7. maila edo goragokoa); 15 puntu emango dira.

Goi-mailako beste maila bat lortzeko titulazio-maila bat beharrezkoa den kasuetan, maila goreneko titulua bakarrik baloratuko da.

Unibertsitateen berezko tituluak ez dira baloratuko.

5.3.– Antzinatasuna.

Antzinatasuna zenbatzeko, kontuan hartuko da langileak zerbitzu aktiboko eta bigarren jarduerako egoeretan igarotako denbora, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia; ordezkaritza-organo publikoetarako hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzeagatiko borondatezko eszedentzia; genero-indarkeriagatiko eszedentzia; nahitaezko eszedentzia; zerbitzu bereziak; eta beste administrazio publiko batzuetako zerbitzuen administrazio-egoera. Zerbitzu aktiboaren edo bigarren jardueraren egoera aldatzen ez duten lizentziek eta baimenek ere ez dute antzinatasunaren zenbaketa etengo.

Antzinatasunaren kontzeptuaren zenbaketaren hasiera-data praktiketako funtzionario izendapenaren ondorengo datatik ateratzen den data izango da, eta horren barruan sartuko da polizian sartzeko prozeduraren prestakuntza-ikastaroaren aldiari dagokion praktiketako funtzionario izendapena, hautagaia karrerako funtzionario izatera iritsi denean.

Falta arinagatiko eginkizun-gabetzeak ez du antzinatasunaren zenbaketa eteten. Era berean, ez da antzinatasun-denbora murriztuko hutsegite larrien kasuetan, etete-zehapena uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Herriko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena) 146. artikuluaren bosgarren apartatuan ezarritako modalitatearen bidez bete denean.

Antzinatasun-merezimendua kasuan kasuko udaletako giza baliabideen arloan dauden datuen arabera baloratuko da, eta 0,50 puntu emango dira antzinatasun-urte oso bakoitzeko (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertu egingo dira), baina gehieneko puntuazioa ezin izango da inoiz 15 puntutik gorakoa izan.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutza baloratzea.

1.– Euskal Herriko Poliziaren Hautapen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizun eta baldintzak ezin izango dira merezimendutzat hartu.

2.– Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da baldintza ez diren lanpostuetarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta gehienez 25 puntu emango zaizkie egiaztatuta dutenei, edo aitortu edo parekatu zaienei, betiere azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzekoa –2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.–) eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan (euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzekoa eta euskarazko hizkuntza-titulu eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuestekoa) ezarritakoarekin bat etorriz, honako baremo honen arabera:

– B1 hizkuntza-eskakizuna: 10 puntu.

– B2 hizkuntza-eskakizuna: 20 puntu.

– C1 hizkuntza-eskakizuna: 25 puntu.

3.– Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

4.– Egiaztapen hori ofizioz egiaztatu eta baloratuko du Epaimahai Kalifikatzaileak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagokionez.

Datu horiek dagokion udaleko Langileen Erregistrotik aterako dira.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketaren azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, euskararen ezagutzaren merezimendu gisa egindako ebaluaziotik ateratzen dena gehituta, eta hautaketa-prozesuan parte hartuko duten pertsonen lehentasun-ordena zehaztuko du.

2.– Sailkapen-ordenaren araberako berdinketak irizpide hauen arabera ebatziko dira, ezarritako hurrenkeran:

a) 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

b) Puntuaziorik onena ezagutza teorikoen proban (oposizioko lehen proba).

c) Antzinatasun handiena.

3.– Hautaketa-sistema osatzen duten proba eta merezimenduen sailkapena amaituta, Bosgarren Oinarrian aurreikusitako Epaimahai Kalifikatzaileak, Hemeretzigarren Oinarrian ezarritakoaren arabera, oposizio-lehiaketan kalifikazio onena lortu duten hautagaien behin-behineko zerrenda onartu eta argitaratuko du, prozesuan parte hartzen duen udalerri bakoitzeko eta eskatutako plazei dagokienez.

Behin-behineko zerrendak, udalerrika eta eskatutako plazei dagokienez, puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira.

Aurreko apartatuan aipatutako behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean, interesdunek egoki iritzitako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte horien aurka, eta behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira erreklamazio horiek.

Epe hori igarotakoan, Epaimahaiak, Bosgarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda onartuko du eta Hemeretzigarren Oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko du, kalifikazioen arabera, puntuazio-ordenaren arabera, udalerriei eta eskatutako plazei dagokienez.

Hamabigarrena.– Betekizunak egiaztatzea eta praktiketako Poliziaren Oinarrizko Eskalako agente lehena izendatzea.

1.– Bigarren Oinarrian ezarritako erregulazioaren arabera deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela behar bezala egiaztatu duten hautagaiek hautaketa-prozeduran parte hartzen duten administrazio publikoetako organo eskudunak izendatuko ditu praktiketako oinarrizko eskalako agente lehen.

Praktiketako funtzionario izendatutakoak egoera horretan egongo dira prestakuntza-ikastaroa hasten denetik karrerako funtzionario izendatu edo hautaketa-prozesutik kanpo utzi arte.

2.– Baldintzak ez betetzeagatik edo ezarritako epean uko egiteagatik inor baztertzen bada, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak, aurreko apartatuan adierazitako ebazpena argitaratu aurretik, hautaketa-prozesutik kanpo uztea eta ordezkatzea erabakiko du.

Uko egite edo baztertze horien ondorioz bete ez diren plazak plazarik gabe geratu diren pertsonei eskaini, eta haiek beteko dituzte, eskabidearekin bat etorriz eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, lortutako puntuazio-ordenari eta Hirugarren Oinarriko 1. apartatuko bigarren paragrafoari jarraituz, eta deitutako plaza-kopuruan tokia badute.

Hamahirugarrena.– Prestakuntza-ikastaroa.

1.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, prestakuntza-ikastaroaren hasiera-data argitaratuko da, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Prestakuntza-ikastaroan parte hartzeko eskubidea duten praktiketako oinarrizko eskalako agente lehenak txandaka banatu ahal izango dira ikastaroa egiteko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak atxikiko ditu txandak, eta Hamaikagarren Oinarriko hirugarren apartatuan ezarritako lehentasun-hurrenkerari zorrotz jarraituko zaio. Prestakuntza-txandetarako atxikipena aldatu ahal izango da, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea, Ezkontza eta erditzearen, erditu aurreko edo erditu osteko egoerak aplikatuz. Gorabehera horiek hauteman ahal izateko, ukitutako pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren aurrean alegatu beharko dituzte, hamar egun naturaleko epean, Hamabigarren Oinarriko lehenengo apartatuan aurreikusitako argitalpenetatik aurrera.

Txanda bati atxikitako prestakuntza-ikastaroa egiten duten pertsonei dagokienez, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legearen aplikaziotik, ezkontzatik eta erditzetik, erditu aurretik edo erditu ondoren eratorritako egoeretatik sortutako inguruabarrak aplikatuz, ikastaroaren kalifikazioa ez da argitaratuko, eta eten egingo da, harik eta, Hamaikagarren Oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera, aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte.

Pertsona batek prestakuntza egitea atzeratu behar badu, hamaikagarren oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren eskubide berberak izango ditu; hala ere, eskubide horiek atzeratutako pertsonak prestakuntza gainditzearen baldintzapean geratuko dira.

Prestakuntza Ikastaroa egiten den bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein motatako lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikastaroan eskola-jardueretara joatea nahitaezkoa da, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da edozein baimen-eskaera egiteko.

2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izapidetuko du ikastaroan sartzeko interesdunei egin beharreko jakinarazpena, parte hartzen duten udaletako Giza Baliabideen Zuzendaritzen edo Zerbitzuen bitartez.

3.– Prestakuntza-ikastaroa ikastaro horren ikasketa-planaren arabera egingo da.

4.– Prestakuntza-ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo Akademiako zuzendariak izendatzen dituen zentro edo egoitzetan egingo da.

5.– Prestakuntza-ikastaroaren azken kalifikazioa Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

6.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak kanpoan utziko ditu prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak.

7.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein unetan, ikaslearen espedientetik ondorioztatzen bada ezin dela ikastaroa gainditu, prozesutik kanpo utzi ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, interesdunari entzun ondoren.

Hamalaugarrena.– Praktikaldia.

1.– Prestakuntza-ikastaroa amaitutakoan, praktikaldia hasten den bitartean, prestakuntza-ikastaroan parte hartu duten pertsonak jatorrizko destinoetara itzuliko dira, beren kategoriaren arabera eta prestakuntza-ikastaroaren hasieran zuten egoera berean.

2.– Praktikaldia prestakuntza-ikastaroa gainditu duten pertsonek egingo dute, hautatuak izan ziren plazetan.

3.– Praktikaldia hasi aurretik, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena emango du, praktikaldiaren hasiera-, iraupen-, balorazio- eta gainditze-prozedurak eta -sistemak ezartzeko.

4.– Praktikaldian, agente lehenaren kategoriei dagozkien zereginak betetzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa praktikaldiak irauten duen bitarteko gertakarien gainekoa baino ez da izango.

5.– Praktikaldiko kalifikazioak Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

6.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozesutik kanpo utziko ditu praktikaldia gainditzen ez duten pertsonak.

Hamabosgarrena.– Praktiketako Oinarrizko Eskalako agente lehenen araubide juridikoa.

1.– Praktiketako Oinarrizko Eskalako agente lehenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Erregimeneko Arautegian ezarritako diziplina-araubideari jarraituko diote, eta, osagarri gisa, irakaskuntzako diziplina-falta soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen diziplina-araubideari buruzko arauei.

Era berean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak aplikatuko zaizkie.

2.– Praktiketako Oinarrizko Eskalako agente lehenei lizentzia bat emango zaie betetzen ari ziren lanpostuari dagokionez. Lizentzia hori ordaindu egingo da, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak jasotzea aukeratzen badute.

3.– Oinarrizko Eskalako agente lehenak egoera horretan egongo dira kategoria horretan karrerako funtzionario izendatzen diren bitartean edo hautaketa-prozesutik kanpo geratzen diren bitartean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

4.– Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira banaka hartuta, eta ez sartzeak edo ez gainditzeak pertsona hautaketa-prozesutik kanpo uztea ekarriko du automatikoki, bai eta Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategorian sartzeko dagozkion eskubideak galtzea ere. Baztertzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deklaratuko du.

Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiren bat dela-eta ikastaroan edo praktikaldian parte hartzen ez duten pertsonek, edo praktikaldia betetzen ez dutenek, inguruabar eragozleak desagertu ondorengo hurrengoetan egin ahal izango dute, aldez aurretik eskaera eginda. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio auzia aztertzea, eta hari dagokio erabakia hartzea.

5.– Hautaketa-prozesua amaitu aurretik prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia borondatez utziz gero, Administrazioak aukera izango du uko egiten duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko.

Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

a) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aldetik:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera).

b) Tokiko korporazioaren aldetik:

– Prestakuntza-ikastaroan ordaindutako soldaten zenbatekoa.

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipazio pertsonalaren zenbatekoa.

Hamaseigarrena.– Karrerako funtzionarioak hautatzeko eta izendatzeko prozeduraren behin betiko sailkapena.

1.– Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapen-hurrenkeran, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioak, prestakuntza-ikastarokoak eta praktikaldikoak batuko dira.

2.– Praktikaldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak proposatuta, toki-administrazioetako organo eskudunek hautaketa-prozedura gainditu duten pertsonen artean agente lehenak izendatuko dituzte, eta Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

Polizia Kidegoetako Oinarrizko Eskalako agente lehen gisa izendatuko dira.

3.– Izendatuek 10 eguneko epea izango dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horrela egiten ez badute, ezinbesteko kasuetan izan ezik, beren jarduera guztiak ondoriorik gabe geratuko dira, eta karrerako funtzionario izateko izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamazazpigarrena.– Zehapenak ezartzea falta astunengatik edo oso astunengatik.

Agente lehenaren Kategorian sartzeko hautagaiek diziplina-espedientea hasita badute edo ondoren irekitzen bazaie, hautaketa-prozesuan onartzeko, bertan jarraitzeko eta Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategorian sartzeko baldintza izango da aipatutako diziplina-espedienteetan hutsegite astun edo oso astunengatik zehapenik ez ezartzea.

Hemezortzigarrena.– Hautaketa-prozesuko pertsonak identifikatzea.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) identifikatuko dira eskabidean erabilitako identifikazio profesionaleko zenbakiaren bidez. Era berean, identifikazio profesionaleko zenbaki hori bera erabiliko da Oinarrizko Eskalako agente lehena izendatzeko.

Hemeretzigarrena.– Argitalpenak.

Berariaz kontrakorik xedatu ezean, hautaketa-prozesu honetan ezarritako argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-taulan egingo dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako web-orrian kontsultatzeko aukera alde batera utzi gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-taulan argitaratzeko data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Era berean, eta modu eta izaera berean, horren ondorioz sor daitezkeen administrazio-egintza guztiak argitaratuko dira.

Hogeigarrena.– Kalte-ordainak.

Pertsonak barne-sustapeneko edozein hautaketa-prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez, Hautaketa Fasean, Prestakuntza Ikastaroan edo Praktikaldian bidaiek edo bestelako gastuek ez dute horretarako eskubiderik sortuko, eta, beraz, Administrazioa ez dago gastu horiek ordaintzera behartuta.

Hogeita batgarrena.– Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ezin izango da jurisdikzio-bidera jo beren-beregi ebatzi arte edo ustezko ezespena isiltasunaren bidez gertatu arte.

Interesdunak jurisdikzio-aurkaratzea aukeratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Deialdi honetatik, Epaimahaien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik datozen administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

Arkauti, 2023ko ekainaren 29a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala