Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2023ko uztailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3619

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 30ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena «Cloud» 2023 laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea agintzen duena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoa da, eta ardura hau du: Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzea eta Euskadiko enpresei trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzea lehiakortasunerako bektore gisa, inbertsioaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen bidez eta enpresen jarduera ekintzailea sustatuta.

Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia bultzatzera bideratutako hainbat ekintza ari da garatzen SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiren eraldaketa digitala eta euskal enpresen zibersegurtasuna bultzatzera bideratutako laguntza-programak.

Horren ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da Euskadiko enpresetako areto teknikoetan edo datu-zentroetan dauden zerbitzuak edo azpiegiturak Cloud edo hodeiko ingurune komertzialetara migratzen laguntzeko.

Bestalde, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 48.5 artikuluan, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die, besteak beste, publikotasun-printzipiora egokitzeko haien dirulaguntzen jarduera.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Cloud» 2023 laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Programaren edukia eranskin gisa gehitu zaio ebazpen honi.

Bigarrena.– «Cloud» 2023 programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bilbao, 2023ko ekainaren 30a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
CLOUD 2023 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko ente publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresetan industria-sustapena, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta garapena sustatzeko ardura du.

«Cloud» programa, berriz, tresna bat da, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren (EEDE2025) Euskadiren Eraldaketa Digitalerako Plan Estrategikoan definitutako jardute-politikekin bat datorrena.

Horrenbestez, laguntza-programa hau Euskadiko enpresetako areto teknikoetan edo datu-zentroetan dauden zerbitzuak edo azpiegiturak hodeiko ingurune komertzialetara migratzen laguntzeko diseinatu da. Halaber, adierazi behar da programa hau SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, zeina Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21ean onartu baitzuen 2023ko ekitaldirako –gero, 2023ko ekainaren 13ko erabakiaren bidez aldatu zen–, eta onartutako helburu hau lortzea duela xede: «Enpresei laguntzea beren areto tekniko eta datu-zentro pribatuetako ekipamenduak hodeian eskainitako kanpo instalazioetara migratzen, zibersegurtasuna, eraginkortasuna eta zerbitzua hobetu dezaten».

1. artikulua.– Xedea.

Programaren xedea da enpresa industrialetako edo produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuetako areto teknikoetan edo datu-zentroetan dauden zerbitzu edo azpiegiturak hodeiko ingurune komertzialetara migratzeko proiektuetarako laguntza ematea. Proiektu horiek hodeiko zerbitzuak eskaintzen dituzten hornitzaile teknologikoek inplementatu behar dituzte.

2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta laguntzen nolakotasuna.

1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako eskabideen elkarren segidako lehia-prozeduraren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera noiz egin den kontuan hartuta.

2.– Programa hau aplikatuta emango diren laguntzak garrantzi txikiagoko laguntzak edo minimis laguntzak dira. Ondorioz, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako (EB) 1407/2013 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

4.– Programa honen bidez emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kantitateekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2023an, 800.000 euro bideratuko dira dirulaguntza-programa honetara, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik. SPRIren aurrekontuak 2023rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan daude sartuta.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta, beraz, funtsen esleipena modu ordenatuan egingo da, espedientea osatuta noiz dagoen kontuan hartuta, eta programaren guztizko zenbatekoa gainditzen denean ezekoa emango zaie laguntza-eskaerei, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen direnean, amaiera emango zaio programari, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Aurrekontuko kreditua agortutakoan, ezingo da beste dirulaguntzarik eman. Kasu horretan, espresuki ezetsi egingo dira aurkeztu eta ebatzi gabeko eskaerak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta kondizio hori lortzeko eskakizunak.

1.– Jarduera industrialak edo produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuak egiten dituzten pertsona juridikoek eskura ditzakete programa honetan aurreikusitako laguntzak, enpresaren neurria edozein izanda ere; baita Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden enpresa-taldeetako enpresa nagusiek ere, hala eskatzen badute, eta talde osoa aintzat hartuta oinarri hauetan ezarritako ezaugarriak bete –haien egoera ekonomiko bateratua hartuko da aintzat horretarako– eta 5. artikuluan zehaztu eta diruz lagun daitezkeen jarduerak gauzatzeko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute.

b) EAEko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda badaude.

2.– Ezingo dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jaso:

a) Zuzenean edo zeharka, oinarri hauetan jasotako dirulaguntzaren xede diren arloetan zerbitzuak eskaintzen dituzten informatika-aholkularitzako eta ingeniaritzako enpresetan % 25eko edo gehiagoko partaidetza dutenek edo enpresa horien gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna dutenek.

b) Nortasun juridiko propioa izan eta administrazio publikoen mendeko edo haiei lotutako entitateek.

c) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren («DLO») 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin bat etorriz, bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrekin bat etorriz ere.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea, edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

d) Jarduera armen ekoizpenaren, merkaturatzearen eta finantzaketaren arloan egiten dutenek, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren 2007ko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoaren arabera.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.

f) Krisialdian dauden enpresa edo entitateek, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

g) Sexuan oinarritutako diskriminaziozko jarduerak egiten dituztenek edo sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso dutenek, zigor horretan ezarritako denboran. Erakunde hauek ere ezingo dituzte jaso laguntza edo dirulaguntza hauek: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar dutenek baina ez dutenek, eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarrita dituztela ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritakoaren arabera.

h) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzeagatik arau-hauste larri edo oso larriengatik ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnek.

i) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri eta oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnek, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.

j) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan dirulaguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du eskakizun hauek betetzen diren:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat duten.

– EAEko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda dauden.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituzten.

Dena den, eskatzaileak aurka egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, zeina eskaera egiteko inprimaki elektronikoan baitago txertatuta.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

Diruz lagun daitezkeen jarduerak izango dira tipologia hauek dituzten areto teknikoetan edo datu-zentroetan dauden zerbitzuak edo azpiegiturak hodeiko inguruneetara migratzeko proiektuak:

– Hodeiko estrategiak diseinatzea eta definitzea.

– Biltegiratze-zerbitzuak (segurtasun-kopiak eta biltegiratze eskalagarria).

– Negozioaren jarraipen-zerbitzua (BRS – Business Recovery Systems).

– IaaS – Infrastructure as a Service (ardura bakarreko zerbitzariak, IA/ML algoritmoentzako GPUak edo beste zerbitzu-azpiegitura batzuk).

– PaaS – Platform as a Service.

– Datu-basearen kudeaketa.

– Ekipoen ostatatzea.

Hodeiko inguruneetara migratzeak, besteak beste, sistemen zibersegurtasun-maila hobetzen laguntzen die enpresei, komunikazioetan, datuetan eta ekipoetan segurtasun-estandar oso altuak erabiltzen baitira. Proiektu horiek hasi eta gehienez ere 12 hilabeteko epean gauzatu beharko dira.

Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatu eta erakunde onuradunaren katalogoko parte diren produktuak/zerbitzuak.

Ez da inola ere diruz lagunduko Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara edo beste herrialde batzuetara esportatzea, eta, beraz, programa honen esparruan emandako dirulaguntzak ezingo dira zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzearekin edo esportazio-jarduerari lotutako bestelako gastu arruntekin.

Programa honen esparruan emandako dirulaguntzarik ez da baldintzatuko inportatutako produktuen ordez etxeko produktuak erabiltzera.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta aplikatzekoak diren betekizunak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastu edo inbertsiotzat hartuko dira zerbitzuak edo azpiegitura hodeiko inguruneetara migratzearekin hertsiki lotutako aholkularitza-, ingeniaritza-, hardware- eta software-gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza-eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean sortutako edo fakturatutako gastuak izatea. Laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik sortutako edo fakturatutako gastuak ere onartuko dira, baldin eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuenak badira eta eskabideak araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

b) Kanpoko enpresa adituek egindakoak izatea.

2.– Softwarearekin eta hardwarearekin erlazionatutako gastu errepikakorrak, gehienez ere, 12 hilabeteko epean onartuko dira, betiere artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 5. artikuluan deskribatutako proiektuen tipologian sartuta badaude.

3.– Ez da diruz laguntzeko gastu izango fakturan jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga.

4.– Ez dira diruz laguntzeko gastu eta inbertsio izango eskatzaileak berak egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea, aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu behar dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez izatea sozietate publiko, zuzenbide publikoko entitate, elkarte edo elkargo profesional.

b) Ez izatea, zuzenean edo zeharka, % 25eko edo gehiagoko parte-hartzerik laguntza-eskatzailearen enpresan, ez eta erabakitzeko ahalmenik ere haren gobernu-organoetan.

6.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta inbertsioak balioesteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Oinarri hauen 5. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiteagatik sortutako gastuak izan behar dute.

b) Deskontuek eta antzekoek gastuaren balioa gutxituko dute.

c) Diruz lagun daitezkeen gastuen balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Proiektuaren gastu-aurrekontua antzeko proiektuetako gastuen batez besteko kostuarekin alderatuta gehiegizkoa dela jotzen bada, gastu egoki eta proportzionatua irizten den kopurura murriztuko da diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoa.

e) Dirulaguntza jaso dezaketen lanen exekuzioa enpresa espezializatuei azpikontrata dakieke osorik, egokia den kasuetan. Hala eginez gero, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa bete dadin, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratuen arloko araudian kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu obra, zerbitzu-emate edo ondasun-hornitze jakin baterako konpromisoa hartu aurretik, kasu hauetan izan ezik: diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarriak direla-eta, merkatuan zerbitzu hori ematen duten edo ondasun horrez hornitzen duten erakunde nahikorik ez izatea edota gastua dirulaguntza eman aurretik egin izana.

f) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, onuradunak azpikontratatu egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xede den jarduera partzialki edo osorik egikaritzea hirugarrenekin hitzartzen duenean. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratatzeko edo hirugarren bat kontratatzeko gastua diruz lagundutako jardueragatik emandako kopuruaren % 100 izan daiteke, eta, horrenbestez, diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo horiek gauzatzeko hirugarrenak kontratatzeko aipatutako artikulu horietan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatuko dira.

g) Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Dirulaguntza kalkulatzeko, definizio hauek hartuko dira kontuan:

– «Proiektuaren aurrekontu global onartua» bi aurrekonturen batura izango da: aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuen aurrekontu onartua eta hardware- edo software-gastuen aurrekontu onartua.

– Diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzeko «onartutako gehieneko aurrekontua» dirulaguntzaren ehunekoak aplikatu eta hura kalkulatzeko erabiliko da, eta aholkularitza- edota ingeniaritza-gastuen aurrekontu onartuaren eta hardware- eta software-gastuen aurrekontu onartuaren batura izango da.

– Aholkularitza- eta ingeniaritza-gastuek, gutxienez, proiektuaren aurrekontu global onartuaren % 20 izan behar dute.

– Hardware- eta software-gastuek, gutxienez, proiektuaren aurrekontu global onartuaren % 50 izan behar dute.

– Proiekturako «onartutako gehieneko gastu- eta inbertsio-aurrekontuei» dagokien dirulaguntzaren ehunekoa % 50 izango da, diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzeko (artikulu honetan bertan deskribatutakoaren arabera).

Enpresa onuradun bakoitzak 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez ere, proiektuarekin lotutako aholkularitza-, ingeniaritza-, hardware- eta software-gastuetarako, dirulaguntza jaso dezaketen jarduera bat edo gehiago egiteko, ekitaldian zehar.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.

1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak metatu egin daitezke beste laguntza bateragarri batzuekin edo Europako Erkidegoko beste finantzaketa modu batzuekin.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da, inola ere, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa izango, ez bera bakarrik, ez beste edozein administraziok edo haien sektore publikoek helburu bererako emandako beste batzuekin batera, ez eta bestelako diru-sarrera publiko nahiz pribatuekin batera ere. Beste laguntza publiko edo pribatu batzuen eta programa honen bidez emandakoaren artean kostu hori gainditzen bada, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa behar den neurrian gutxituko da jarduerak gainfinantzaketarik izan ez dezan.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi gutxiagoko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

4.– Onuradun batek ezingo du 200.000 euro baino gehiago jaso minimis laguntza gisa uneko ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bi ekitaldiek osatzen duten aldian. Onuraduna besteren kontura salgaiak errepidez garraiatzeko eragiketak egiten dituen enpresa bada, gehienez 100.000 euro jasoko ditu minimis laguntza gisa (gainera, laguntza ezingo da erabili salgaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, ez dira programa honetan aurreikusitako laguntzak emango, baldin eta emandako dirulaguntzaren eta onuradunak beste edozein administraziotatik jaso ahal izan dituen bestelako minimis laguntzen baturak muga hori gainditzen badu.

5.– Minimis laguntzak ezingo dira metatu dirulaguntza jaso dezaketen gastu berberei dagozkien Estatuko inolako laguntzekin, baldin eta metaketa horrek laguntzaren intentsitatea edo dagokion laguntzaren gehieneko kopurua gainditzen badu. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, Batzordeak onartutako kategorien araberako salbuespen-erregelamendu baten edo hark harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurretik aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa behar den neurrian gutxituko da.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela aitortzen zaionean.

9. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Hemen jasotako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean datozen laguntza-eskaera egiteko inprimakiak bete beharko dituzte.

2.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko onartu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duenak. SPRIk gaitutako helbide elektronikoan eskabidea elektronikoki sinatzen den eguna izango da eskaeraren aurkezpen-eguna.

3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela automatikoki ziurtatuko da, behar beste aldiz, salbu eta eskatzaileek modu arrazoituan uko egiten ez badiote; kasu horretan, obligazio horiek betetzen dituztela adierazten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Era berean, eskaera eginda, SPRIri baimena ematen zaio enpresa jarduera ekonomikoen gaineko zergaren zer epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko. Hala ere, eskatzaileak uko egin diezaioke espresuki baimena emateari, eta, kasu horretan, berak aurkeztu beharko du eskatzen zaion ziurtagiria edo dokumentua.

4.– Erakunde eskatzailearen eta bertako legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

5.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Entitateko legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Entitateko legezko ordezkariak, eskaerari atxikitako ereduaren arabera, hauxe adierazi behar du:

– Entitateko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN) edo atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ).

– Entitatearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta helbide-soziala.

– Laguntza-eskaeran diruz lagundu daitezkeela adierazitako jarduerak egingo diren jarduera ekonomikoko zentro bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan dagoela.

– EAEko Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda dagoela.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, adierazita noiz eman den, zer erakundek eman duen, zein programaren barruan eman den eta zenbateko laguntza eman den.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntzak, adierazita noiz eskatu diren, edo, eman badira, noiz eman diren, zer organismok eman dituen, zer programaren barruan eman diren eta zenbateko laguntza eman den.

– Ez dagoela oinarri hauen 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

– Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik eta administratiborik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

– Ez duela armarik ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

– Konpromisoa duela oinarri hauen 6.6.e) artikuluan adierazitakoa betetzeko.

– Konpromisoa hartzen duela aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jasotzeko, aplikatu beharreko kontabilitate-arauekin bat etorriz, aurrerakina emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo hura jasotzeari buruzko arrazoizko zalantzak badaude, eta SPRIri itzuliko diola dagozkion interesekin, hura itzultzeko ebazpenak hala xedatzen badu.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion foru aldundiko edo udaleko ogasun sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titularra onuraduna dela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa; puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar du:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).

– Detektatutako arazoa/premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware- eta software-inbertsioen azalpena. Argitu behar da proiektuarekin zer lotura duten eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den konponbidearen azterketa zehatza.

– Aurrekontu banakatua; jaso beharko dira aholkularitza edo ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzerako kalkulatutako ordu-kopurua (dedikazioak).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

f) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan sortu bada, enpresaren «negozio-plana» aurkeztu beharko da.

6.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, dirulaguntzak eskatzetik etorritako jardueretan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2023ko azaroaren 20an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2023ko azaroaren 20ko 17:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

Laguntza-eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagundu daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko dira.

Era berean, izapidetzeko onartuko dira 2023ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera horiek araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete baino lehen aurkezten badira.

11. artikulua.– Laguntza onartzeko eta ebazteko prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak ebazteko, elkarren segidako lehia-prozedura erabiliko da. Aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira eskabideak, eta behar bezala formalizatuta eta osatuta daudenean eta hurrenkera horretan ebatziko dira. Eskaerak akatsen bat izan, eta zuzendu beharko balitz, zuzenketa egin den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

2.– 5. eta 6. artikuluetan daude jasota aurkeztutako laguntza-eskaerak onartzeko betekizun erabakigarriak.

3.– Ebazpena SPRIko zuzendari nagusiak egingo du, elkarren segidako lehiaren araubidearen arabera, eta ebazpena eman eta gehienez ere 10 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori, esan bezala, SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegietan.

4.– Ebazteko epea. Eskaera osatuta geratzen den egunaren biharamunetik aurrera sei hilabete izango dira eskaeren gaineko ebazpen espresua eman eta jakinarazteko. Epe hori igaro eta jakinarazpenik jaso ez bada, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute.

5.– Eskatzaileei ebazpena jakinarazten zaienean, adieraziko zaie zenbateko dirulaguntza eman zaien, zer baldintzatan eman zaien, eta jarduera garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintzaren berri ere emango zaie, eta, hala badagokio, dirulaguntza zergatik ukatu zaien ere adieraziko zaie.

6.– Ebazpenak SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira, denek jakin dezaten zer dirulaguntza eman diren.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta, gehienez ere, 90 egun naturaleko epean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webgunean dauden likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Likidazio-eskaera sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak. SPRIren sistemetan sinadura elektronikoa baliatu den eguna hartuko da aurkezpen-eguntzat.

3.– Erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen fakturen kopia, aholkularitza-, ingeniaritza-, hardware- eta software-gastuak banakatuta.

b) Finantza-erakundeak emandako ordainketa-egiaztagirien kopia.

c) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa. Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Zer arazo/premia konpondu den. Zer helburu lortu diren.

– Zer ingeniaritza- edo aholkularitza-lan egin den, eta proiektuan zer dokumentu sortu diren.

– Aholkularitza-zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, adieraziz dedikazio-orduak (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako denbora...).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin erlazionatutako hardware- eta software-inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila-argazkiak, argazkiak...). Azaldu zer erlazio duten eta zergatik diren beharrezko.

– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza- eta ingeniaritza-kostuak, sistemaren lizentzia kostuak eta mantentze-lanen eta hardwarearen kostuak (hala badagokio).

d) Finantza-erakundeak egindako egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titularra onuraduna dela egiaztatzeko eta kontu-zenbakia zein den adierazteko (IBAN).

e) Ez dira kontuan hartuko Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.

13. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta edo ez bada eskatutako dokumentazio guztia aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, eskaerari uko egin diola ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

14. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi ordainketatan emango da. Lehen ordainketa laguntza emango dela adierazten duen ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, eta dirulaguntzaren % 65 ordainduko da, aplikagarri zaion berme-araubidea kontuan hartuta. Bigarren ordainketan, gainerako % 35a ordainduko da, likidazio-eskaera eta 12. artikuluan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastua laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, laguntza proportzioan egokituko da, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluak xedatutakoak, eta bereziki, honako hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dela ulertuko da.

b) Emandako dirulaguntza laguntza eskatu den proiektu hori Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera-zentro batean garatzeko erabiltzea. Aurkeztutako proiektuak eragina eduki beharko du zentro horretan eta bertan garatu beharko da diruz lagundutako jarduera.

c) Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek dirulaguntzaren onuradunaren edozein instalaziotan beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapenak egin ditzaketela. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura edukitzea bost urtez, diruz lagundu daitezkeen gastuak gauzatzen direnetik.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuei (estatu zein Europakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzen ari direla eska dezaketen edozein informazio ematea.

f) Hemen araututako laguntzen xede bererako edo antzekorako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu edo haietatik lortutako dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri berehala ematea SPRIri.

g) Dirulaguntza emateko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatzen ari dela egiten diren dokumentu eta euskarri guztietan.

16. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, eta, betiere, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek ematen dituzten laguntzak edo dirulaguntzak lortzen badira, bai eta helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide ere, laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraituz gero.

2.– Halaber, egin beharreko jarduerak atzeratzeko baimena eman dezake programaren kudeatzaileak, erakunde eskatzaileek hala eskatu eta justifikatzen badute; hala ere, proiektuak gauzatzeko ezarrita dagoen gehieneko 12 hilabeteko epea ez da beste 12 hilabete baino gehiago luzatuko.

3.– Laguntza-eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak egin beharko dira nahitaez; SPRIk, hala ere, egin beharreko jarduerak aldatzeko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta jardueren izaera eta programa honen hasierako helburuak aldatzen ez badira.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetakoren bat edo laguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzetakoren bat betetzen ez badute, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte jasotako laguntzen zenbatekoa eta dagozkien berandutze-interesak, eta, beharrezkoa bada, lege-ekintzak abiaraziko dira kopuru horiek itzul daitezen. Era berean, arau-hausteren bat egiaztatuz gero, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea eragotz dakioke kanpoko enpresari.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, ez-betetzetzat hartuko da:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. Halaber, ez betetzea izango da laguntza emateko aztertu ziren baldintzak aldatzen dituen edozein aldaketa SPRIri ez jakinaraztea. Aldaketak baimendu ahal izango dira, baldin eta aldaketak SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta, betiere, programa honek lortu nahi dituen jardueren eta helburuen izaera aldatzen ez bada.

b) Diruz lagun daitezkeen gastuak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea, programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein obligazio ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kausak.

3.– SPRIko Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirua itzultzeko prozedura abiaraztea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, ez-betetze espedientea ireki eta dirulaguntza ezeztatu egingo da, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko zaizkio jasotako laguntzak nahiz berandutze-interesak, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan xedatutakoa betez (horren bidez, EAEren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira, hargatik eragotzi gabe kasuan kasuko ekintza legalak eta zehapenak). SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntzaren zatia ere itzuli egin beharko da, baldin eta laguntza kobratu ondoren programaren gainfinantzaketa gertatzen bada 9. artikuluan araututako beste laguntza batzuk metatzeagatik. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertaera deklaratu eta itzultzea erabakitzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra, dirulaguntzekin lotutako oinarrizko legeriari dagokionez.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen-jarduera eta -argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO-EDB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da, eta deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritzen da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIk duen interes publikoa da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gai honetan eskumena duen administrazio publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko obligazioak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko eta eramateko, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko ere, eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide izateko, baldin eta aplikatzekoak badira, helbide elektroniko honetara idatziz: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko SPRIko ordezkariarekin jarri daitezke harremanetan, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan; SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.euskadi.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babesaren esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.

Datuen babesa eskatu behar izanez gero, jakinarazten da Datuak Babesteko Euskal Agentzia dela kontrol-agintaritza (www.avpd.euskadi.eus)

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

SPRI-Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala