141. zk., 2023ko uztailaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (151 KB - 5 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3616
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 4koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinen bidez Berdintasunaren aldeko 2023ko Emakunde Sarirako deialdia egiten baita.
Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortu eta arautzen duen irailaren 12ko 166/2006 Dekretuak ezartzen du sari hori, zeinen xedea baita azpimarratzea eta publikoki aitortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana dela-eta nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna, emakumeen lanaren aitortzara eta haiek ahalduntzera edo sexuen arteko berdintasun-eskubideak eta -aukerak sustatzera bideratutako jarduerak egin baitituzte pertsona horiek.
Deialdi hau bat dator 2023rako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2022ko azaroaren 2ko Ebazpenean ezarritakoarekin, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarenarekin (https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/emakunde_planes/es_def/adjuntos/plan_estrategico_subvenciones_2023.pdf).
Bidezkoa da, beraz, deialdi hau iragartzea 2023ko ekitaldirako, aipatu dekretuaren 1. artikulua aplikatuz.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren deialdia iragartzea 2023. urterako, irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren arabera eta ebazpen honi erantsita ageri diren oinarri onartuen arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien salan, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
BERDINTASUNAREN ALDEKO 2023KO EMAKUNDE SARIAREN DEIALDIKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Berdintasunaren aldeko 2023ko Emakunde Sariaren deialdia iragartzea. Sari horren bidez azpimarratu eta jendaurrean aitortu nahi da emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna. Saria emango zaie emakumeen lana aitortzen laguntzeko edo emakumeen ahalduntzea hobetzeko zenbait ekintza, lan edo proiektu egin dituztelako edota beren jarduerak nabarmen lagundu duelako emakumeen zeregina balioesten eta duin bihurtzen edo EAEko emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen.
Bigarrena.– Diru-kopurua.
14.400 eurokoa da sariaren diru-kopuru gordina.
Hirugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.
1.– 2023ko irailaren 15ean amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea.
2.– Interesdunek bide elektronikoz zein era presentzialean (Manuel Iradier 36, 01005 Vitoria-Gasteiz helbidean) aurkez ditzakete hautagaitzak eta kontsultatu eta izapidetu ditzakete prozedura honetako izapide guztiak, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16. artikuluan aurreikusitako organoetan ere.
Hautagaitza Zuzenean zerbitzuan aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, hitzordua jarri beharko dute aldez aurretik, 012 doako telefonoaren bidez (945 01 80 00) edo online, honako webgune honen bidez: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
Hautagaitzak bide elektronikoz aurkeztu beharko dituzte pertsona juridiko interesdunek eta edozein izapidetarako administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoz izatera behartuta daudenek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duenez.
Interesdunek ez dute zertan Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datuak eta agiriak aurkeztu. Eskubide horretaz baliatzen direnean, baimena ematen diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari datu edo dokumentu horiek dauden organoetatik eskuratzeko. Bitarteko elektronikoen bidez ere baliatu ahal izango dute eskubide horretaz.
Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren hautagaitzak gutun-azal irekian jarri behar dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.
– Hautagaitzak bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0028609.
– Eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri daude izapideak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz egiteko argibideak, hautagai-eredu normalizatua, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0028609
– Bide elektronikoz egindako eskaeraren ondorengo izapideak «Nire karpeta»ren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen bide bera erabiltzera aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Legeak bide elektronikoa erabiltzera behartzen badu, ezin izango du besterik erabili.
4.– Euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari erantsitako agiriak pertsona eta erakunde eskatzaileek, nahi bezala. Halaber, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozedura guztian, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
5.– Hautagaitzekin batera, hauek aurkeztu beharko dira: gehienez 20 orriko memoria bat; emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten dela egiaztatzeko agiriak; memoriaren laburpen bat, 2 orrialde baino gutxiagokoa, zeinetan bilduko baitira aurkeztutako hautagaitza sari horretarako egokia izatearen arrazoiak balorazio-irizpideei jarraikiz. Hautagaitza pertsona juridikoa bada, emakumezkoen zein gizonezkoen osaera-kopurua zehaztu behar da.
6.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana aitortzeko aurkezten diren hautagaiek –erakundeak zein pertsonak– ez dute egon behar dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, barne direlarik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak. Horretarako, I. eranskina bete beharko dute hautagaiek.
Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte pertsona eta erakunde onuradunek. Betebehar horiek berariaz, argi eta zehatz egiaztatu beharko dituzte eskabidean eta deialdian aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenen eta mekanismoen bidez.
7.– Beharrezkoa dela iritziz gero, informazio gehiago eska dezake Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak.
8.– Hautagaitza irabazlea zein den publiko egin baino lehen, elektronikoki egiaztatuko da hautagaitza horrek beteak dituela bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa betez. Hautagaitza onuradunak berariaz uka dezake elektronikoki egiaztatzeko baimen hori (I. eranskina), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz.
Era berean, hirugarrenen alta egiaztatuko da. Alta hori elektronikoki izapidetu ahal izango da egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
9.– Aurkeztu arren sarituak izaten ez diren hautagaitzak errekuperatu ahal izango dituzte interesdunek, 2024ko otsailaren 28a arte, non eta ez duten baimena ematen hurrengo deialdian aintzat hartuak izateko (I. eranskina). Dena den, administrazioa ez da arduradun egiten epe horretan erretiratu ez diren hautagaitzez.
Laugarrena.– Esleitzeko irizpideak.
Erabakia hartzeko, jasotako hizkuntzan baloratuko ditu hautagaitzak eta/edo lanak epaimahaiak. Irizpide hauek hartuko ditu aintzat, eta haztapena berbera izango da denentzat:
a) Proposatutako pertsonak izan duen ibilbidea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, non garatu baitu bere jarduna.
b) Emakumeen lana eta haien ahalduntzea aitortzera edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzera bideratutako jardunaren, ekintzen, lanen edo proiektuen berezko garrantzia.
c) Jardunen, ekintzen, lanen edo proiektuen oihartzuna eta eragina gizartean, edo proposatutako pertsonak egin duen ibilbidea.
Bosgarrena.– Aurkeztutako hautagaitzetan egindako akatsak zuzentzea.
Hautagaitzak behar bezala betetzen ez badira edo eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela ohartarazten zaio eskatzaileari; eskaera ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).
Seigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.
Arduraduna: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea.
Helburua: Bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea horiek eskatzen dituzten pertsonei edo erakundeei. Ikerketa-lanen zabalkundea egitea, hainbat euskarritan argitaratuta. Deialdiak ezagutaraztea.
Legitimazioa:
Interesdunaren adostasuna.
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Interesdun legitimatuak.
– Organo judizialak.
– Kontuen auzitegia edo erkidegoko baliokidea.
– Pertsona onuradun fisikoen datuak EHAAn argitaratzearen ondoriozkoak, kasua bada.
Eskubideak:
Datu horien erabilera mugatzen da Institutuak botere publikoak baliatuz egindako misio bat betetzeko sustatutako laguntzak kudeatzeko erabilera esklusibora. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatu ahal izango dute. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/622
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=celex%3A32016R0679).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).