141. zk., 2023ko uztailaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (192 KB - 7 orri.)
- EPUB (509 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3615
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 20koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2023. urtean dirulaguntzak ematen dizkiena.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2022ko abenduaren 14ko Ebazpenaren bidez, 2023. urtean dirulaguntzak emateko deialdia egin zen, hain zuzen ere emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei dirulaguntzak emateko.
2022ko abenduaren 14ko Ebazpenaren 10. artikuluan ezartzen denez, eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ebatziko ditu, Hautaketa Batzordeak proposatutakoaren arabera, eta ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horretako 13. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, dirulaguntza onartu ostean, emandako zenbatekoaren % 75 ordainduko da; bigarren ordainketa (gainerako % 25a), berriz, sortutako gastu guztiak 2024ko martxoaren 1era bitartean justifikatu ondoren.
Adierazitakoagatik, eta Hautaketa Batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatuta dauden erakunde, elkarte eta fundazioei dirulaguntzak ematea: orotara, hirurehun mila (300.000) euro. Bakoitzari emandako zenbateko zehatza ere jasotzen da eranskinean.
Bigarrena.– II. eranskinean aipatzen diren entitateak ordezko izendatzea, kasuan kasu gehienez ere jaso dezaketen zenbatekoaz.
Hirugarrena.– III. eranskinean agertzen diren entitateei laguntzak ukatzea, han adierazten diren arrazoiengatik.
Laugarrena.– Ebazpen hau Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen bidez jakinarazten da eta publikotasuna ematen zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluaren arabera, dirulaguntza deialdi honetako hautaketa- eta jarraipen-batzordeko lehendakariaren aldaketari. 2022ko abenduaren 14ko Ebazpenaren 8.2 artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, Miren Elgarresta Larrabide andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, izan da aurretiaz aipatutako batzordearen lehendakari, Idazkaritza Nagusiaren kargua bete gabe zegoelako.
Seigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, hilabete biko epean, ebazpena jaso eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 20a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.