Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2023ko uztailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3611

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 12koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez laguntzak deitzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetako eta foru-administrazioetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak xedeen artean honako hau ezartzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, beste edozein administrazio publikok edo antolamendu juridikok haren esku utz dezakete funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza». Orobat, haren xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainerako entitateekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta lege hori garatzen duen 887/2006 Errege Dekretuak oinarrizko izaerako arauak dituzte administrazio publikoek esleitzen dituzten dirulaguntzen araubide juridiko orokorrari buruz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, VI. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea erregulatzen du.

2012. urteaz geroztik aurrekontuen legeetan egin den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan. Aurrekontu honek zuzkidura espezifikoak ditu xede hauetarako: foru-administrazioko prestakuntza planak (sekzioa: 43; programa: 1216; zerbitzua: 02; kontzeptua: 420; partida: 19/1320) eta toki-administrazioko prestakuntza (sekzioa: 43; programa: 1216; zerbitzua: 02; kontzeptua: 421; partida: 19/1321).

15/2022 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, EAEko administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

Deialdi honek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren dirulaguntza lerro bat gauzatzen du eta hauxe du helburu estrategikoa: EAEko administrazio publikoetako enplegatu publikoak prestatzeko programa berezituen ezarpena bultzatzea. Plan Estrategikoa IVAPen webgunean dago argitaratuta, gardentasun atalean.

2023ko ekitaldian, foru- eta toki-administrazioei dagozkien kopuruetan, eskatutakoaren batura aurreikusi den zuzkidura baino handiagoa denean, entitate eskatzaile bakoitzean prestakuntza jaso dezaketen langileen kopuruaren arabera hainbanatuko dira kopuru horiek.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ahaleginduko da baliabideak errazten interesa duten erakunde publiko guztiek prestakuntza-beharren analisiak edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egiteko.

2023ko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatiko laguntzei heldu ahal izateko baldintzari eusten zaio. 15.000 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalerriek bakarrik izango dute laguntza horiek jasotzeko aukera, 15.000 biztanletik gorako udalerriek Prestakuntza Beharren Diagnostiko batean oinarritutako prestakuntza-plana aurkezteko baliabide nahikoak dituztela iritzi baita. Laguntza modalitate horrek indarrean jarraitzen du mankomunitateetarako eta kuadrilletarako, arrazoi berberengatik.

Era berean, gizartean gertatzen diren aldaketa digitalei egokituz, uste dugu beharrezko garrantzia eman behar zaiola herritarrentzako zerbitzu publiko digital inklusiboagoak, efizienteagoak, pertsonalizatuagoak, proaktiboagoak eta kalitatezkoagoak garatzeari. Helburu nagusia prozesuak optimizatzea eta herritarrei balio erantsi berri bat eskaintzea da. Ikuspegi horretatik ikusi da digitalizazioari buruzko prestakuntza-ekintzak hurrengo deialdietako prestakuntza-planetan txertatu behar direla. Beraz, IVAPek gomendatzen du prestakuntza-planetan digitalizazio-ikastaroak egitea, datozen urteetan baldintza gisa eskatzea aurreikusten baita.

2023rako berrikuntza gisa, prestakuntza-planetan eta dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak bete direla justifikatzen duen memorian, prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da, bai eta erakunde onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera banakatuta, genero-berdintasunari buruzko azterlanak eta estatistikak egin ahal izateko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntzak deitzea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazio eta foru-administrazioko enplegatuen prestakuntza finantzatzeko, ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari aurkez dakioke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilabetekoa izango da ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hala ere, aldez aurretik, erakunde honi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza ezeztatu dezan. Errekeritzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekerimendua IVAPeko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bazaio, ukatutzat joko da (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea berariazko akordioa jaso edo isilbidez ezeztatuta jo eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 12a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA
OINARRIAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA ARAUTUKO DUTENAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hirugarren oinarrian adierazitako EAEko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko laguntzak ematea, 2023ko ekitaldian.

Honako hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

a) EAEko administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten 2023ko ekitaldirako prestakuntza-planak edo -programak.

Prestakuntza-planek edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetako bat edo batzuk ere jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

b) 2023an Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Laguntza ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea izango da.

Kontzeptu horrengatik finantzatzeari bakarrik 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek heldu ahalko diote, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez, baldin eta oinarri honen a) letran ezarritako laguntzen onuradunak izan ez badira.

Inola ere ez dira finantzatuko joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta oinarri hauetako a) edo b) idatzi-zatietatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenak ordezkatzeko gastuak ere.

Dirulaguntza honek bete behar ditu honako arau hauetan oinarrizko izaera duten xedapenak: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa, deialdiaren objektua bat baitator Legearen 2.1 artikuluak ematen duen dirulaguntzen definizioarekin; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita 38/2003 Legearen Erregelamendua. Horrez gain, honako arauotan ezarritakoa ere ete behar du: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta legegintzako dekretu hori garatzeko araudia.

Bigarrena.– Definizioak.

Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, honako definizio hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua eraginkortasunez betetzeko egiten jakin beharko lukeenaren eta egiten dakienaren arteko aldearen azterketa.

b) Prestakuntza-plan edo -programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukien garapenerako erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehienezko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza emateko eragiketa-multzoa.

d) Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren erakundeak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahal izango dira ondoren zerrendatzen diren administrazio publikoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak. Deialdi honen ondorioetarako, toki-administrazioen kategoriak, udalak, mankomunitateak eta koadrilak hartzen ditu bere baitan eta ez du hartzen foru-administrazioa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

2.– Erakunde hauek prestakuntza-plan edo -programa bana aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako, beren mendeko langileak hartuko dituena. Plan edo programa horrek aukeran dauka erakunde bakoitzaren mendeko organismo autonomoetako langileak ere kontuan hartzea.

Horietaz gainera, udalez gaineko erakundeek ere haiek osatzen dituzten entitate batzuen edo guztien langileak hartzen dituzten plan edo programak aurkeztu ahal izango dituzte. Plan horiek aurkeztuz gero, beren mendeko entitate horiek ezingo dute beren kabuz planik edo programarik aurkeztu.

3.– Erakunde eskatzaileek, ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, honako hauek zehazki:

– Indarrean dauden xedapenek ezarritako tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 9.2 artikulua betez, ez da egiaztatu behar betebehar horiek betetzen direla.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda izatea. Interesdunak aurkeztuko du baldintza hau bete izanaren egiaztagiria edo, hala dagokionean, erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpenak bat etorri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren edukiarekin.

Laugarrena.– Laguntzen zuzkidura.

Laguntza hauen zuzkidurak, gehienez, zenbateko hauek izango dituzte, erakunde motaren arabera banatuta:

Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak 183.556,00 euro.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak 408.372,00 euro.

Guztira 591.928,00 euro.

Toki-administrazioei esleitutako zenbatekotik 40.000 euro gordetzen dira lehenengo oinarriaren b) idatzi-zatian aurreikusitako laguntzarako (ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea).

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, erakunde interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute oinarri hauetan zehaztutako eran.

Eskabideak aurkezteko epea 2023ko irailaren 22an amaituko da, 24:00etan.

Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin behar izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak IVAPen webgunean aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz, helbide honetan https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096411, Sariak eta Laguntzak atalean.

Entitate interesdun bakoitzak inskribatuko du Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan, haren izenean jardungo duten pertsonak, deialdi honen izapidetza eta betearazte ondorioetarako. Honako helbide honen bidez sar daiteke Erregistrora:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Entitate interesdunek, bitarteko elektronikoz, prozedura honetako izapide guztiak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako ziurtagiri elektronikoak zeintzuk diren jakiteko, esteka honetan egin ahal da kontsulta:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Laguntza, 2023an Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eskatzen duten erakundeek eskabidea behar bezala bete beharko dute, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena barne.

Seigarrena.– Prestakuntza-plan edo -programa aurkezten duten administrazioek eskabidearekin batera aurkeztu behar duten dokumentazioa.

a) Laguntzak eskatzeko aurkeztu den prestakuntza-plan edo -programa, Prestakuntza Beharren Analisiari lotu beharko zaio. Analisi hori, IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntza lehentasunak jasoko dira. Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek, gutxienez, honako eduki hau izango dute:

– Helburu nagusia(k).

– Prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

– Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzaren izena, parte-hartzaile kopurua, sexua, iraupena, prestakuntza-modalitatea, lehentasuna...).

– Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

– Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

b) Eskabidearekin batera, indarrean dagoen aurrekontu-plantillako langile-kopuruari buruzko ziurtagiria.

c) Eskabidea lehenengo oinarriaren a) idatzi-zatian aurreikusitako ekintzaren bati edo gehiagori badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

d) Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraziz.

Aipatutako dokumentazioa prestatzeko, honako helbide honetan ageri den prestakuntza-planaren eredua kontsulta daiteke: https://www.ivap.euskadi.eus/diru_laguntza/2023/2023-euskal-autonomia-erkidegoko-enplegatuen-prestakuntza-finantziatzeko-dirulaguntza-toki-administrazioak-eta-foru-administrazioak/z16-h2home/eu/ IVAPen webgunean, «Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea» ataleko Betekizunak izeneko zabalgarrian.

Eskabideak edo harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak beteko ez balituzte, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Zazpigarrena.– Laguntzen esleipena.

Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzen esleipena IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, bai eta erakunde horietako bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ere. Dagozkien diruz lagundutako kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Eskuragarri egongo da, halaber, honako helbide elektroniko honetan: www.ivap.euskadi.eus

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzeko diren laguntzen esleipena ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako erakundeen zerrenda bilduko du, eta erakunde bakoitzari egokitu zaion guztizko zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpen hori ematen den datan argitaratuko da aurreko paragrafoan adierazten den eran.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak honako printzipio eta arau hauen arabera emango dira:

a) Lehenik eta behin, aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen laguntzak esleituko dira, erakunde bakoitzari eman dakiokeen gehienezko zenbatekoari buruzko muga honekin:

– Kontzeptu horiengatik erakunde bati esleitzen zaion laguntzak ezin du gainditu erakunde horrentzat kontzeptu horiek duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

Horren ondorioz, laguntzen esleipenen prozedura era honetan burutzen da:

Deialdiko talde bakoitzari esleitutako zenbatekoak taldeak berak aurkeztutako plan guztien kostuaren % 50 hartzen badu, erakunde onuradun bakoitzari % 50 emango zaio.

Funtsak banatzeko irizpideak finantzatzea eskatzen den prestakuntza-jardueraren kostuetara bidaliko dira, eta, kredituak eskatutako guztizko kopurura iristen ez badira, administrazio bakoitzari dagozkion zenbatekoak hainbanatuko dira, erakunde bakoitzak mota bereko erakunde eskatzaileen guztizko kopurua kontuan hartuta. Hori guztia, EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Erakunde eskatzaileek prestakuntza-planak edo -programak gauzatzearen ondoriozko gastuei aurre egin ahal izateko, dagokion zenbatekoa dirulaguntza ematen duen ebazpenetik aurrera ordainduko da.

b) Bigarrenik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan, hau da, deialdi honen babesean laguntzarik jaso ez denean, honako arau hauen arabera:

– 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu horrengatik finantzatzeari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez.

– Laguntza hori izango da matrikularen zati bat finantzatzea, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik 2023an sortua bada eta erakundeak ordaindua izan bada.

– Matrikula bakoitzeko esleitutako laguntzak ezin izango du gainditu matrikularen kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Funtsak banatzeko irizpideak finantzatzea eskatzen den prestakuntza-jardueraren kostuetara bidaliko dira, eta, kredituak eskatutako guztizko kopurura iristen ez badira, administrazio bakoitzari dagozkion zenbatekoak hainbanatuko dira, erakunde bakoitzak mota bereko erakunde eskatzaileen guztizko kopurua kontuan hartuta. Hori guztia, EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Foru-aldundietarako laguntza, bere langileei dagokienez, lehenengo oinarriko a) atalean ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da.

Zortzigarrena.– Erakunde esleipendunen betebeharrak.

Deialdiaren xedea burutze aldera, laguntza hauen onuradun diren erakundeek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezartzen diren obligazioak bete behar dituzte; honako hauek bereziki:

a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen prestakuntza jarduera burutzea.

b) Prestakuntza-planak egin eta gauzatzen badituzte, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan dauden lanpostu-tipologia bakoitzerako beharrezkoak diren eskumenak kontuan hartzea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 18. artikulua betez.

c) IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin duela ere. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betez, dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak betetzen direla justifikatzeko memorian prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da, baita erakunde onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera bereizita.

d) IVAPek egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagokion ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.

e) Dirulaguntza ematen duen erakundeari, IVAPi, aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

f) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea IVAPi.

g) Jasotako dirulaguntzaren publizitate egokia egitea eta dagozkion zabalkunde-neurriak hartzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.3 eta 18.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

h) Legezko beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, onuradunek nahitaez eman behar dute jasotako dirulaguntzaren berri, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean 5.4 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan.

Ebazpena eraldatzea eragin dezake, dirulaguntza horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako laguntzarekin batera, diruz lagundu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute. Kasu horretan, laguntza murriztu eta iritsiko da, gehienez ere, koste guztiaren zenbatekora.

Bederatzigarrena.– Prestakuntza-plana edo -programa aurkeztu duten administrazio publikoek laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatiko laguntzak esleitzeko den ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ordainketa izapidetuko da.

Planaren edo programaren betearazpena justifikatzeko, laguntzaren esleipendun diren erakundeek hau aurkeztu beharko dute:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko memoria. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betez, dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak betetzen direla justifikatzeko memorian prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da, baita erakunde onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera bereizita.

– Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.

– Ziurtagiria, hau adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen deialdi honetan esleitutako laguntzekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

– Ziurtagiria, hau adierazten duena: ez daukala Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren inguruko gorabeheraren batengatik itzuli beharreko dirulaguntzarik itzuli gabe.

– Ziurtagiria, hau adierazten duena: diruz lagundutako jardueretarako erabili diren funts propioen edo beste dirulaguntzen edo beste baliabideen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

Laguntzaren justifikazioa Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2023ko azaroaren 30ean amaituko da.

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, gauzatutako betearazpena eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.

Ordaindutako matrikulen zenbatekoaren zati bat finantzatzeko laguntzen ordainketa horiek esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

Hamargarrena.– Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako dirulaguntzari uko egitea.

Entitate esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion laguntzaren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

Hamaikagarrena.– Laguntza itzultzea.

Dirulaguntza ematea eragin zuen baldintzaren bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, jasotako zenbatekoak eta dagozkion interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, honako kasu hauetan bereziki:

a) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.

b) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluak ezartzen dituen zabaltze-neurriak ez betetzea.

e) Laguntzaren edo dirulaguntzaren emate-erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

f) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

g) Laguntza edo dirulaguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

Emandako dirulaguntzak itzultzea, hori egitea bidezko den kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

Hamabigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igarotzen direlarik, eta epe horretan deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez delarik, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hamahirugarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Dirulaguntza hauek izapidetzean, IVAPek ez ditu prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen datu pertsonalak tratatu behar; beraz, erakunde eskatzaileek ez dute beren langileei buruzko datu pertsonalik bidali behar. Hala ere, IVAPek prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datu pertsonalak tratatzera behartuta badago, datu horiek tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Prestakuntza eta hobekuntza.

– Arduraduna: IVAP.

– Helburua: EAEko administrazioetako langileak prestatzeko eta hobetzeko ikastaroen jarraipena eta kudeaketa (eskaeren kudeaketa, bertaratze-kontrola, ziurtagiriak egitea). Hirugarrenentzako prestakuntza-ekintzak. Azterlanak eta estatistikak egitea.

– Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.

– Hartzaileak: foru-aldundiak eta toki-administrazioko beste organo batzuk.

– Eskubideak: Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Interesdunak Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezake gure web-orrian: Gardentasuna eta informaziorako eskubidea (euskadi.eus).

– Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.

Hamalaugarrena.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna.

Laguntzen erakunde onuradunek konpromisoa hartzen dute Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua benetan betetzeko, bai eta hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazioa aurkezteko eta justifikatzeko eta irizpide sozial horiei buruzko egiaztapen-jarduketak egitea baimentzeko ere.


Azterketa dokumentala