Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2023ko uztailaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3576

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Arabako Iruña Okan Campezo taldearen asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

AURREKARIAK

2023ko apirilaren 12an, Hondakin Ez-arriskutsuen Zerbitzuak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko Arabako Iruña Okan Campezo taldeak asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektuari buruz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatuaren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko apirilaren 13an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu duela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; eta, hain zuzen ere, ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legeria aplikatuz, Campezo taldeak Arabako Iruña Okan gauzatu nahi duen asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Campezo taldeak Arabako Iruña Okan asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektua gauzatzeari buruz, honela:

A) Campezo taldeak asfalto-nahasketak ekoizten ditu beroan, eta emultsioz epeldu, Iruña Okako udal-barrutian. Enpresak errepideetako asfalto-fresaketaren hondakinak berrerabiltzea aurreikusi du, hondakin arriskugabea izanik. Beraz, asfalto-nahasketen ekoizpen-prozesuan aprobetxatzeko erabiliko du lehengai gisa, proportzio jakin batean.

B) Campezo taldeak Arabako Iruña Okan asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektua gauzatzeari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Campezo Obras y Servicios SA (aurrerantzean, Campezo) enpresaren lantegiaren jarduera nagusia aglomeratu asfaltikoa fabrikatzea da, eta 2005etik ari da horretan. Iruña Okako herrigunetik 2 km-ra dago, Subillabide industrialdean. Sarbidea Subillabide industrialdea A-1 errepidearekin lotzen duen A-3302 errepidean dago sarbidea; edo A-3308 errepidean, Iruña Okako herrigunea aipatutako industrialdearekin lotzen duena.

Languneak 25.803 m2-ko azalera du, eta horietatik 19.803 m2 ekoizpen-prozesurako erabiltzen dira, eta 6.800 m2 Campezoren obretako materialak biltzeko, esate baterako, seinaleak, lauzak, eraikuntza-materiala, bidoiak eta abar. Ekoizpen-prozesurako erabiltzen den gainazalak hormigoizko eta/edo aglomeratu asfaltikozko zoladura du; hala ere, badago gainazal txiki bat fabrikazio-lantegiaren ondoan, zeinaren gainean fresaketa-hondakinen pilaketa baitago gaur egun, eta bertan ezin izan da egiaztatu zoladurarik dagoen edo, balego, zoladura horren egoera zein den; beraz, hartarako prestatuta dagoen gune batera eraman beharko da pilaketa hori.

Egungo ekoizpen-prozesua osatzeko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) birziklatzeko lanak egin nahi dira lantegian; zehazki, errepideetako bide-zoruak birgaitzeko eragiketetan sortzen diren zoru eta zoladura asfaltiko zahartuen fresaketaren ondoriozko hondakinen kudeaketa egin nahi da.

Ondorioz, ebaluatu behar den jarduera hondakin arriskugabeen kudeaketa da, zehazki, zoru eta zoladura asfaltikoen fresaketatik sortutako hondakinen kudeaketa (EHZ kodea: 17 03 02: Nahasketa bituminosoak, 17 03 01 kodean barne hartu gabekoak), haiek ondoren lantegiko ekoizpen-prozesuan aprobetxatzeko, nahasketa bituminosoak ekoizteko lehengai modura gehituz.

Fresaketaren hondakina birziklatzeko, ez da aldatu behar gaur egun lantegian egiten den materialen fabrikazio- eta/edo tratamendu-prozesua, normalean erabiltzen den agregakin naturalaren zati bat fresaketaren hondakinekin ordezkatzea baita kontua, gehienez ere % 20an.

Langunearen ipar-mendebaldean 1.200 m2 inguruko azalera bat egokitu da, aglomeratu asfaltikozko zoladuraren bidez, lantegian jasoko den asfalto-fresaketaren hondakina (sailkatu gabeko asfalto-fresaketa) pilatzeko, eta bertan sailkapen-instalazio bat eratu ahal izateko, granulometriaren arabera sailkatuko duena materiala, unean uneko ekoizpen-beharren arabera.

Sailkatu gabeko asfalto-fresaketaren hondakina jasotzeko gaitutako azaleran, gutxi gorabehera 2.400 m3 hondakin metatzeko lekua dagoela zenbatesten da.

Bestalde, agregakinak biltegiratzeko gunearen ondoan, gutxi gorabehera 1.000 m2-ko pabiloi bat dago (ondo kontserbatutako zoladura duena), eta fresaketako hondakinak (asfalto-fresaketa sailkatua) metatuko dira bertan.

Pabiloiaren barruan, sailkatutako asfalto-fresaketaren hondakina biltegiratzen da; gutxi gorabehera 2.000 m3 hondakin biltzeko lekua dagoela zenbatesten da.

Gaur egun, 1.000 t/eguneko aglomeratu asfaltiko berri ekoizteko ahalmena du lantegiak gehienez ere, eta 300 t/eguneko da batez besteko ekoizpena.

Fresaketa-hondakinak birziklatzeko gehieneko gaitasuna, lanerako baldintza optimoetan (asfaltoa fabrikatzeko gehieneko gaitasuna urteko 211.250 t aglomeratu asfaltiko berrikoa izango litzateke), urteko 42.250 t hondakinekoa da. Asfaltoa ekoizteko urteko batez besteko gaitasuna 63.375 t aglomeratu asfaltiko berrikoa da; beraz, fresaketa-hondakinaren urteko batez besteko birziklatze-ahalmena 12.675 t-koa izango litzateke.

Aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko prozesua honako hau da:

– Kareharri-agregakinak eta agregakin ofitikoak jaso eta biltegiratzea, lau aldeetatik hirutan hormigoizko hormek banatuta, estaldurarik gabe eta zola iragazgaitzaren gainean dauden siloetan.

– Errepideetako bide-zoruak birgaitzeko eragiketetan sortzen diren asfaltozko zoladura zahartuen fresaketako hondakin arriskugabeak jasotzea eta pilatzea, sailkatu gabe.

– Zoladura zahartuen fresaketa-materiala sailkatu eta pilatzea, lau aldeetatik hirutan hormigoizko hormek banatuta, estaldurarik gabe eta zola iragazgaitzaren gainean dauden siloetan.

– Agregakinak eta asfalto-fresaketa garbi eta sailkatuz elikatzea kalapatxak, pala kargatzailearen bidez.

– Materiala uhal bidez danbor lehortegira garraiatzea, han haizagailu depresore eta erregailu baten bidez berotzeko. Lehorgailuaren zirkuituaren amaieran gehitzen da berrerabili behar den fresaketa-materiala.

– Putzupada-jasogailu baten bidez bahera garraiatzea agregakin lehorrak; bertan bereizten dira agregakinen kalapatxaren konpartimentuetara doazen agregakin desberdinak.

– Agregakinak bahetzeko eta berotzeko prozesutik datorren airea mahuka-iragazki batean iragaztea, eta fillerra berreskuratzea, zati batean nahasketan berrerabiltzeko. Tximiniatik ateratzen diren errekuntza-gasak partikularik gabe doaz.

– Nahasgailua: agregakinak nahasgailura igarotzea, eta bertan betuna ematen zaie. Nahasgailuak olio bero bidezko berokuntza-ganbera bat du. Betuna jario termikoko galdara bidez bero-isolatutako tangatan biltegiratzen da.

– Materiala deskargatzea: nahasketa burutu ondoren, zuzenean husten da helmugara eramango duen kamioira. Eskariaren arabera ekoizten da, eta ez da produktu amaiturik biltegiratzen instalazioetan.

AKDJ baimenarekin bat etorriz, bi foku kanalizatu ditu instalazioak, agregakinen lehorgailukoa eta jario termikoko galdarakoa, 12 eta 9 metroko garaiera duten tximinia banarekin, hurrenez hurren. Agregakinen lehorgailuak mahuka-iragazkia du. Era berean, emisio lausoak sortzen dira instalazioaren hainbat puntutan.

Iruña Okako Ur Partzuergoaren isurketa-baimena du instalazioak.

Hondakin arriskutsuen eta arriskugabeen ekoizle txiki gisa inskribatuta dago jarduera. Halaber, 9/2005 Errege Dekretuak, urtarrilaren 14koak, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpideak eta estandarrak ezartzen dituenak, eta 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, aintzat hartzen dituzten lurzorua kutsa dezaketen jardueren eta instalazioen Zerrendan jasota dago. Lurzatiak lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena du (2016ko abendukoa), proiektuaren III. eranskinean jasota dagoena.

Jarraian, instalazioaren beste ezaugarri batzuk laburbilduko ditugu:

– Erdiko gunean fabrikazio-instalazioa dago, kalapatxak, lehorgailua, bahea, nahasgailua, irteerako konporta eta uhal garraiatzaileak, betun eta erregai andelak, kontrol- eta programazio-etxola eta abar dituena.

– Lurzatiaren ekialdean, makinak hornitzeko lurpeko gasolio-andela eta ibilgailuak garbitzeko gunea daude.

– Lurzatiaren sarreran daude transformadorea, gas-instalazioa, baskula eta bulegoak, aldagelak, tailer mekanikoa, lehengaien biltegia eta hondakinen garbigunea, atxikipen-askekin. Horrek guztiak egoera onean dagoen zoladura du.

– Honako makina hauek daude instalazioetan:

– Caterpillar 950 GII pala kargatzailea eta Caterpillar 432 D atzerako hondeamakina mistoa, aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko instalazioko kalapatxetako materialak jaso, sailkatu, metatu, instalazioen barruan garraiatu eta kargatzeko lanetarako.

– Sailkatzeko instalazioa edo bahegailu mugikorra, Warrior 800 motako atoiaren gainean, kalapatxaz, hainbat uhal garraiatzailez eta trommel edo bahe birakari funtzioa beteko duten hainbat saretaz osatuta.

– Lantegiak hainbat ur-aspertsore ditu, eta, haien bitartez, lantegi barruko ibilgailu-trafikoak eta lantegi barruko agregakinen zamalanek sortzen duten hautsa minimizatzen da. Aspertsoreek gutxienez 4 metroko irismena dute, eta lantegira sartzeko eta bertatik irteteko igarobide osoa hartzen dute.

– Lantegiak urak tratatzeko sistema bat du, Iruña Okako Ur Partzuergoko hondakin-urak biltzeko sistemara isuri aurretik. Partikula finak, olioak eta koipeak ezabatzean datza tratamendua, olio eta hidrokarburoen bereizgailu baten bidez. Instalatutako hidrokarburoen bereizgailu motak bermatzen du, UNE-EN-858 araudiaren arabera, hidrokarburoen eta olioen irteerako kontzentrazioa arauzko < 5 mg/l baino txikiagoa izatea. Olio eta hidrokarburoen bereizgailu horrek 8 l/s-ko gehieneko tratamendu-ahalmena du. Olioen eta hidrokarburoen bereizgailuan espero den gehieneko emaria 7,1 l/s-koa da. Proiektuak arrazoitzen du neurri horiek nahikoak direla.

– Ibilgailuak garbitzeko gunean harea/koipea kentzeko sistema bat dute. Hobi-dekantagailuak bi atal ditu, bata koipeen dekantagailua eta bestea jalkinak atxikitzekoa. Behin koipeak eta jalkinak kenduta, jariakina 160 mm-ko kanalizazio bidez bideratzen da, eta 3 kutxatila zeharkatu ondoren, hondakin-urak biltzeko sistemara isurtzen da.

– Instalaziotik dabiltzan euri-urak eta makinen garbiketatik datozen urak isurtzen diren drainatze-sarekoak, bulego eta aldageletatik datozen hondakin-urekin batera, industrialdearen sare orokorrera konektatzen dira.

2.– Proiektuaren kokapena.

Eremua Iruña Oka udalerrian dago. Jarduera kokatuta dagoen lurzatia guztiz artifizializatutako eremua da. Bertan dagoen landaredi urria erruderal-nitrofiloa da.

Mendizorrotz erreka eremuaren iparraldeko mugaren paraleloan doa, eta Zadorra ibaian isurtzen da, trenbidearen eta A-3308 errepidearen azpitik igaro ondoren.

Eremuaren ipar-mendebaldean Zadorra ibaia igarotzen da; tarte horretan, Natura 2000 Sarean barne hartuta dagoen Zadorra ibaia/Río Zadorra (ES2110010) KBEan barne hartuta dago. Babesgunearen eremu periferikoa eremuaren mugakide da.

Zadorra ibaia zonalde horretan Interes Bereziko Eremua da iparraldeko katxo (Squalius pyrenaicus), bisoi europar (Mustela lutreola) eta igaraba eurasiarrarentzat (Lutra lutra). Gainera, uhalde-enararen (Riparia riparia) banaketa naturaleko eremua da tarte hori. Guztiek dute onetsitako kudeaketa-plana; lehendabiziko hirurak EAEko espezie mehatxatuen katalogoan daude sartuta, Galzorian kategorian, eta azkena, Kaltebera kategorian. Eremutik gertu dagoen Zadorra ibaiaren zatiaren ezkerraldean, ur-bazterreko lizardi eurosiberiar bat dago, Batasunaren intereseko «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior baso alubialak» (91E0*) habitat gisa izendatuta dagoena.

Eremuak ez du zerikusirik beste gune babestu batzuekin, ezta natura-intereseko beste leku batzuekin ere. Interes geologikoko gunerik ere ez dago bertan. EAEko korridore ekologikoen sareari dagokionez, eremuan ez da haren osagairik ukitzen; hala ere, Zadorra ibaia, eremu horretan, lotura-interes bereziko ibai-zatitzat hartzen da.

Ez da interes arkeologiko edo arkitektonikoko elementurik identifikatu.

Arriskuei dagokienez, lurzatia lurzorua kutsa dezaketen industria-jarduerak edo -instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dago (01901-00034 kodea).

Eremua ez da kutsagarria, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua ere apala da.

Arabako lurralde historikoko errepideen foru-sarearen mapa estrategikoen arabera, eremua AP-1 errepidearen eragin-eremuaren barnean dago.

3.– Balizko eraginaren ezaugarriak.

Egin nahi den jardueraren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, gainazal asfaltatuen fresaketatik letorkeen materiala balorizatzearen ondoriozko balizko inpaktuek zerikusia izango dute estali gabeko biltegiratze-eremuetan sortuko diren euri-ur «zikinen» isurketekin eta makinen eta kamioien joan-etorriekin (euri-urak solido esekiekin nahasi ditzaketelako eta hidrokarburoekin kutsa ditzaketelako), lurzorua eta lurrazaleko urak kutsatzeko arriskua areagotu baitezakete halakoek. Lantegia Mendizorrotz errekastotik eta Zadorra ibaitik gertu dagoenez, uren kalitatea murriztea saihestu behar da eta, ondorioz, ibaiaren eta ibaiertzaren intereseko faunaren (iparraldeko katxoa, bisoi europarra, igaraba eurasiarra eta uhalde-enara) gaineko zeharkako eragin posibleak, haien habitataren kalitatea gutxitzeagatik; alde horretatik, kontuan izan behar da espezie horiek EAEko espezie mehatxatuen katalogoan barne hartuta daudela eta kudeaketa-plan onetsia dutela. Zadorra ibaia, gainera, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da.

Gainera, aire zabalean biltegiratzeko eta balorizatu beharreko materiala manipulatzeko jardueretatik eta makinen joan-etorrietatik eratorriko diren emisio atmosferikoak gehitzeak airearen kalitatea murriztea ekarriko du, partikula-emisio lausoen ondorioz (eragina ez litzateke oso nabaria izango, hein batean, biltegiratu eta kudeatu beharreko materialak ez direlako hautsezkoak), eta beste konposatu batzuk, hala nola makineriaren motorren errekuntzan sortutakoak. Fresaketa-hondakinak sailkatzeko lantegi berri bat instalatzea foku akustiko berria izan daiteke instalazioan. Ez da aurreikusten hondakin gehiago sortzerik, birziklatze-jardueraren ondorioz.

Eragin horiek gaur egun lantegian sortzen direnen izaera eta ezaugarri antzekoak dituzte, eta, a priori, hondakinaren balorizazioak ez du halakoen gehikuntza nabarmenik erakarriko.

Kutsatuta egon daitekeen lurzorua egotearen ondoriozko arriskuak baztertzen dira, ez baita beharrezkoa inolako obrarik egitea egungo instalazioan. Nolanahi ere, lurzoruaren kalitateari buruzko aurretiazko txostena badu instalazioak.

Gainera, aipatu behar da hondakinak balorizatzeko jarduerak badakartzala zenbait alderdi positibo, hala nola materialak berrerabiltzea eta, ondorioz, lehengai naturalen erabilera murriztea, ez bakarrik asfalto-ekoizpenean erabilitako materialei dagokienez, baita birziklatu nahi diren agregakinak deuseztatzeko eremu txikiagoa beharko delako ere.

Bigarrena.– Ebazpen honetan neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Campezo taldeak Arabako Iruña Okan egin nahi duen asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak proiektuaren baldintza-agirietan aintzat hartu beharko dira osoro, eta baldintza horiek beteko direla bermatuko duen aurrekontu-zuzkidura ere eduki beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Isurketa-baimenean eta, hala balitz, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimenean ezarritako baldintzei kalterik egin gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartu beharko dira:

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalazioaren gainazal osoak hormigoizko edo aglomeratu asfaltikozko zoladura eduki beharko du, baldintzarik onenetan, arrakalarik gabe edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskugunerik gabe. Bereziki, eta aurkeztutako dokumentazioan jasotakoaren arabera, gaur egungo fresaketa-hondakinen pilaketa dagoen gainazala kontserbazio-egoera ezin hobean dagoela egiaztatu beharko da.

– Instalazioko euri-ur guztiak, metaketa-eremukoak barne, arazketa-sistemara konektatutako drainatze-azpiegituren bidez bildu beharko dira. Arazgailuak isurketa motarako egokiak izan beharko dira eta solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko kalkulu hidraulikoen eta isurien nahitaezko baimenean ezartzen diren emari-mugen eta parametro fisiko-kimikoen araberakoak.

– Ibilgailuak garbitzeko eremuan dagoen harea-/koipe-kentzailea eta euri-uretarako aurreikusitako tratamendu-sistema (olioen eta hidrokarburoen bereizgailua) mantentzeko lanak egin beharko dira maiztasun egokiarekin, hark behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

– Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan (zortasun- edo zaintza-eremuetan), edo jabari horretan bertan, egin behar den edozein jarduerak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eduki beharko du, Uraren Euskal Agentziaren bidez izapidetuta. Baimen horren esparruan aztertuko da lurzatiak Mendizorrotz errekak urpetzeko arriskurik duen, eta, hala balitz, dagozkion aginduak ezarriko dira.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Campezo taldeak Iruña Okan egin nahi duen asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektua dela eta, erabilitako agregakin naturalaren zati bat errepideetako asfaltoaren fresaketaren hondakinez ordeztuko da, % 20ko proportzioan.

Ildo horretan, sustatzaileak aldaketa hori jakinarazi beharko dio (horretarako prestatutako bitartekoen bidez) Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Aire Zerbitzuari, zuzendaritza horrek egoki deritzen oharrak egin diezazkion Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez Campezo Obras y Servicios SAri (Subillabideko Asfalto-lantegia) aglomeratu asfaltikoa fabrikatzeko instalazioan, Arabako Billoda-Iruña Okako udalerrian, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak (AKDJ) egin ahal izateko emandako baimenari.

AKDJ baimenean ezarritako baldintzak betetzeari kalterik egin gabe, kutsatzaileak aireratzea minimizatu beharko dira, bai konfinatuak, bai lausoak, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Bereziki, hauts-itxurako materialaren zamalanetan, garraioan eta pilatze-lanetan sortutako emisio lausoak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aplikatuko dira. Horretarako, neurri hauek hartuko dira aintzat:

– Emisioak biltzeko sistemak behar bezala mantenduko dira, eta instalazioa garbi eduki beharko da (sarbideak, igarobideak eta kamioien zamalanetarako guneak). Ibilgailuen eta makinen bideak eta zirkulazio-eremuak aldizka garbituko dira, eta ibilgailuen abiadura mugatuta da.

– Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta horiek egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

– Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

– Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.

– Pilaketa-eremua hezetzeko eta kamioiak igarotzen diren eremuak ureztatzeko sistemak izango dira.

– Lantegiko instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egin beharko dira aldian behin, arestian deskribatu diren prebentzio-neurri horien betetze-maila egiaztatzeko.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezartzen dituen segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute haien kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Ondarea babesteko neurriak.

– Lur-mugimenduak egin behar izanez gero, eta horren ondorioz arkeologia-aurkikuntzak agertuko balira, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 74. artikuluak xedatzen duena betez, Arabako Foru Aldundiari jakinarazi beharko zaio.

Jarduera uztea.

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Campezo taldeak Arabako Iruña Okan egin nahi duen asfaltoak birziklatzeko instalazio-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar izatea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 3a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala