139. zk., 2023ko uztailaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (304 KB - 17 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3568
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 29koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez 2023ko «Smart Industry» laguntzen programa arautzen duten oinarriak onartzen diren, deialdia egiten den eta argitaratzea agintzen den.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Ildo horretatik, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia (EEDE2025) bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala eta fabrikazio aurreratuari aplikatutako EIKTak bultzatzera bideratutako laguntza-programa ugariak.
Horren ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburua izan da teknologia «hornitzaile teknologikoetatik» industria eta zerbitzu aurreratuen enpresetara transferitzea jorratzen duten Garapen Esperimentaleko Proiektuak babestea, Fabrikazio Aurreratuko aplikatutako EIKTen arloan.
Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 48.5 artikuluan, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntzako jarduera, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera moldatzea.
Hori guztia dela eta,
HONAKO HAU EBATZI DUT:
Lehenengoa.– «Smart Industry» 2023 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– Smart Industry 2023 programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2023ko ekainaren 29a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
«SMART INDUSTRY» LAGUNTZEN PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK. 2023
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, bestea beste, enpresen garapena sustatzeko.
Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian (EEDE2025) definitutako jardute-politikekin bat datorren tresna bat da «Smart Industry» programa.
Horren ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburu gisa ezarri dugu industria adimenduna sustatzea, eta horregatik babesten ditugu garapen esperimentaleko proiektuak, honako hau jorratzen dutenak: teknologia «hornitzaile teknologikoetatik» («I+G arloko eragilea», adibidez, Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak eta ingeniaritza/aholkularitza-enpresak edo telekomunikazioetako operadorea) Fabrikazio Aurreratuari aplikatutako EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologiak) esparruan, enpresa industrialetara eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuen enpresetara transferitzea. Proiektu horiek erakuste-efektua izan behar dute eta aukera eman behar dute, beraz, EIKTetan I+Gko proiektuen emaitzak merkatura transferitzea bizkortzeko. Halaber, adierazi behar da programa hau jasota dagoela SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Administrazio Kontseiluak 2022ko abenduaren 21ean onartu eta 2023ko ekainaren 16ko saioan aldatu zutenean. Planaren helburu hau lortzen laguntzeko xedea du: «Garapen Esperimentaleko Proiektuak babestea, besteak beste, I. A., Zibersegurtasuna, Konputazio Kuantikoa, 5G edo Cloud Computing bezalako Smart Industry kontzeptuari lotutako teknologiak txertatzeko proiektuei heltzen dietenak, eta «hornitzaile teknologikoek» («I+Gko eragilea», adibidez, Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak eta/edo IKT arloko ingeniaritzako eta aholkularitzako enpresak) industria-enpresetara eta industria-produktuarekin eta industria-prozesuarekin lotutako zerbitzuetara (5G teknologietarako beste batzuk onartuz) inplementatutako garapen esperimentaleko fasean daudenak, efektu erakusgarria dutenak eta, horrenbestez, EIKTen arloko I+G proiektuetako emaitzak merkatura transferitzea bizkortzea ahalbidetu beharko lukete».
1. artikulua.– Xedea.
Programaren helburua da honako kontzeptu hauei lotutako teknologiak gehitzeko proiektuak lantzeko garapen esperimentaleko proiektuak bultzatzea: Smart Industry, Adimen Artifiziala, Zibersegurtasuna, Konputazio Kuantikoa, 5G edo Cloud Computinga, besteak beste. Horiek guztiek garapen esperimentaleko fasean egon behar dute «hornitzaile teknologikoek» inplementatuta («I+G arloko agentea»: Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak, ingeniaritzak/aholkularitza-enpresak edo telekomunikazioetako operadoreak) produktu-prozesu industrialari lotutako enpresa industrialetara eta zerbitzu-enpresetara zuzenduta (5G teknologiatarako beste jarduera ekonomiko batzuk onartuko dira). Horiek guztiek erakusteko efektua izan beharko dute eta, horrenbestez, I+G arloko proiektuen emaitzak merkatura transferitzea bizkortu EIKT arloan.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ondoz ondoko norgehiagoka-prozedura bete behar dute.
2.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
3.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
4.– Arau honetan jasotako laguntzak edo dirulaguntzak Salbuespenen 651/2014 Araudi Orokorrean (EB), 2014ko ekainaren 26ko 187. EBAOn argitaratutakoan (651/2014 araudia), 25. artikuluan, ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzetan xedatutakoaren mende daude.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2023ko baliabide ekonomikoak 1.400.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2023rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.
3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte eskaera egiten duten eta 5. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkezten dituzten enpresek. Hori guztia, baldin eta:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute (industriakoa edo produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuetakoa, edo beste jarduera ekonomiko batzuekin lotutakoa, 5G teknologiak biltzen dituzten jardueren kasuan).
b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda badaude.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) Zuzenean edo zeharka, oinarri hauetan jasotako dirulaguntzaren xede diren arloetan zerbitzuak eskaintzen dituzten Informatika Aholkularitzako eta Ingeniaritzako enpresetan parte hartzen badute, edo horietan gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna badute.
b) Berezko nortasun juridikodun entitate, administrazio publikoen mendeko entitate edo haiei lotutako entitate izaera badute. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da eskatzailearen kapital sozialean, Euskadiko sektore publikoko erakunde baten partaidetza % 50ekoa baino handiagoa bada.
c) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea. Dirulaguntzak itzultzearekin lotutako betebeharren ordainketari dagokionez egunean dagoela ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo bere sektore publikoko edozein erakunderen aurrean zorrik ez duenean epe exekutiboko dirulaguntzen itzulketak direla eta, edo, pertsona onuradunen edo erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian erantzun gabeko zorrekin lotuta, premiamendu-bidea erabiltzea egokia ez denean.
– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.
– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen eta enpresen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak ez betetzea.
d) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten badute, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.
e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.
f) Krisian dauden enpresa edo entitateak badira, horretarako krisian dauden eta enpresa arlokoak ez diren enpresen berregituraketako eta salbamenduko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (2014/C 249/01).
g) Sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egiten badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako erakunde hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
h) Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzeagatik arau-hauste larri edo oso larriengatik ebazpen irmo bidez zehatuak izan badira.
i) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri eta oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan badira, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.
j) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen badute, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea (industriakoa edo horri lotutako zerbitzuetakoa, edo beste jarduera ekonomiko batzuekin lotutakoa, 5G teknologiak biltzen dituzten jardueren kasuan).
– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.
b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.
c) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak bete direla ziurtatuko da, Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez edo auditorearen ziurtagiriaren bidez.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Diruz lagun daitezkeen jarduerak izango dira honako kontzeptu hauei lotutako teknologiak gehitzeko proiektuak lantzeko garapen esperimentaleko proiektuak: Smart Industry, Adimen Artifiziala, Zibersegurtasuna, Konputazio Kuantikoa, 5G edo Cloud Computinga, besteak beste. Horiek guztiek garapen esperimentaleko fasean egon behar dute «hornitzaile teknologikoek» inplementatuta («I+G arloko agentea»: Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak, ingeniaritzako/aholkularitzako enpresak edo telekomunikazioetako operadoreak) produktu-prozesu industrialari lotutako enpresa industrialetara eta zerbitzu-enpresetara zuzenduta (edo, 5G teknologiekin lotutako jardueren kasuan, beste jarduera ekonomiko batzuk). Horiek guztiek erakusteko efektua izan beharko dute eta, horrenbestez, I+G arloko proiektuen emaitzak merkatura transferitzea bizkortu EIKT arloan.
Proiektuek honako arlo hauetakoren batekin lotuta egon behar dute fabrikazio aurreratuari aplikatutako CPSen (Cyber Physical Systems) arloan:
1.– Zibersegurtasuna.
2.– Cloud Computing-a.
3.– Adimen artifiziala.
4.– Konputazio kuantikoa.
5.– Robotika kolaboratiboa.
6.– Errealitate areagotua/birtuala/mistoa.
7.– Sentsorikoa, IoT, komunikazio industrialak.
8.– Material metalikoen eta aurreratuen (zeramikak, konpositeak, etab.) diseinua eta fabrikazio aditiboa.
9.– Material eta prozesu aurreratuen proiektuak.
10.– 5G teknologiak ezartzeko proiektuak. 5Gko aplikazioak honako esparru hauetakoren batekin lotuta egon daitezke:
– 5G sareak erabiltzea sentsorikan, haririk gabeko komunikazioetan eta lantegi industrialetako datu-prozesamenduan.
– 5G sarea erabiltzea 4.0 Industriako teknologiekin lotutako proiektuetan (Zibersegurtasuna, Ikusmen Artifiziala, Robotika Kolaboratiboa eta abar).
– 5G sareak erabiltzea mugikortasun-proiektuetan, ibilgailu autonomoan-konektatuan, garraio adimentsuko sareetan, logistikan-hornidura-katearen optimizazioan eta abarretan.
– 5G sareak erabiltzea ingurumenaren eta energiaren arteko trantsizioari lotutako proiektuetan (sareen monitorizazioa, kontsumoaren murrizketa, eraginkortasun energetikoa, ingurumenaren kudeaketa, eta abar).
– 5G sarea erabiltzea trantsizio soziosanitarioarekin zerikusia duten proiektuetan (anbulantzia konektatua, urruneko ebakuntza kirurgikoak, eta abar).
Proiektu batek, dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 50.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du.
Proiektua laguntza eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko da eta gehienez ere 16 hilabete iraungo du.
Ez dira diruz lagunduko SPRIn lehenago aurkeztu diren eta SPRIren edo euskal sektore publikoaren programa honen edo beste edozein programaren laguntza jaso duten proiektuetan egindako eguneraketak edo mantentze-lanak.
Nolanahi ere, diruz lagundu daitezkeen jarduerek, gastu eta inbertsio hautagarriek eta horien intentsitateak 651/2014 Araudiaren 25. artikuluak ezarritakoa bete beharko dute.
Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.
Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.
6. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriak.
1.– Gastu eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira ondorengo kontzeptu hauek, aurreko artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerekin lotutakoak:
– «"Hornitzaile teknologikoaren" («I+G arloko agentea»; honako hauek, adibidez: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak, ingeniaritza-/aholkularitza-enpresak edo telekomunikazioetako operadoreak), ordukako dedikazioaren gastuak, lantegi industrialean edo, 5G teknologiarekin lotutako lanen kasuan, jarduera ekonomikoko zentroan eskainitako aholkularitza eta laguntza barne. Bi baldintza hauek bete beharko ditu:
– 651/2014 (EB) Araudian zehaztutako moduan Garapen Esperimentalaren esparruan fabrikazio aurreratuari aplikatutako EIKT arloko I+Gko jarduerak egiten dituzten erakundeek egin behar dituzte, hau da:
«Garapen esperimentala»: zientzia, teknologia, enpresa edo beste arlo bateko ezagutzak eta teknikak eskuratzea, konbinatzea, konfiguratzea eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko; kasu horretan, adibidez, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien definizio kontzeptualeko, plangintzako eta dokumentazioko jarduerak jaso ditzake;
garapen esperimentalean, prototipoak sortu, frogatu, proiektu pilotuak egin, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak probatu eta balioztatu ahal izango dira, funtzionamenduko baldintza errealak adierazten dituzten inguruneetan, betiere helburu nagusia funtsean finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak eskaintzea bada; horretan jasota egon daiteke komertzialki erabil daitezkeen prototipoen edo proiektu pilotuen garapena, azken produktu komertzialaren kasuan beharrezkoa denean eta horren fabrikazioa erakusteko eta balioztatzeko helburu esklusiboetarako garestiegia denean;
garapen esperimentalean ez dira sartzen produktuetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, lehendik dauden zerbitzuetan eta egiten ari diren beste eragiketa batzuetan egindako ohiko edo aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzak ekar ditzaketen»; eta
– Enpresa eskatzailearekin edo eskatzaileekin akzio edo partaidetzen bidez loturarik ez duten (ez zuzenean, ez zeharka) erakundeek egindakoak izango dira.
– «Inplantariak» eskainitako orduen gastuak, horren barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza (edo, 5G teknologiarekin lotutako jardueren kasuan, jarduera ekonomikoaren zentroan emandakoa). Hornitzaile horiek aholkularitza eta/edo ingeniaritzako enpresak edo telekomunikazioetako operadoreak izan beharko dute, edozein dela ere enpresa onuraduna; hau da, ezin dute enpresa onuradunarekin akzio-harremanik izan, ez zuzenean, ez zeharka. Akzio-harremana egongo balitz, gastu horiek, dirulaguntza kalkulatzeari begira, «Enpresa onuraduneko barneko langileen gastutzat» hartu ahal izango dira.
– Jabetza Industriala eskuratzeko gastuak.
– Hardwarean eta softwarean egiten diren inbertsioak eta/edo gastuak.
– Enpresa onuradunaren barneko langileen gastuak, diruz lagundutako proiektuari egoztekoak direnak; gehienez 30 euro/orduko balioa duen kostu hautagarria onartuko da.
2.– Gastu eta inbertsio hautagarriek ezingo dituzte gainditu gehieneko ehuneko hauek, diruz lagun daitekeen proiektuaren aurrekontu osoa kontuan hartuta kalkulatu direnak:
– Hornitzailearen edo hornitzaile teknologikoen ordukako dedikazioko gastuak («I+Gko agentea», hala nola Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak, ingeniaritzak/aholkularitzak edo telekomunikazioko operadorea): gehienez % 100.
– «Inplantariak» eskainitako orduen gastuak (aholkularitzako eta ingeniaritzako enpresak edo telekomunikazioetako operadoreak), horren barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza (edo, 5G teknologiarekin lotutako jardueren kasuan, jarduera ekonomikoaren zentroan emandakoa): gehienez % 20.
– Jabetza Industriala eskuratzeko gastuak: gehienez % 20.
– Hardwarean eta softwarean egiten diren inbertsioak eta/edo gastuak: gehienez % 20.
– Enpresa onuradunaren barneko langileen gastuak: gehienez % 10.
3.– Gastu eta inbertsio hautagarriek Laguntza Eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta proiektua gauzatzeko epean sortuak edo fakturatuak izan behar dute. Proiektua, berriz, eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko da.
7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikagarri zaizkien eskakizunak.
Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.
2.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
3.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.
4.– Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
5.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.
6.– DLOko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada (azken kasu horretan, 651/2014 Araudiaren eraginpeko enpresentzako salbu). Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke.
7.– Diruaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 29. artikuluan («DLO») eta 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 68. artikuluan (horrek onartzen du DLOren araudia («DAO») ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten du, baldin eta hirugarren batzuekin diruz lagundu nahi den jarduera osorik edo partzialki egitea hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak.
8.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira DLOko 31. artikuluarekin bat datozenak.
8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira, honako ehuneko hauetan onartutako gastu eta inbertsio hautagarriak aintzat hartuta:
– Oro har, proiektuan onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 25.
– Horrez gain, proiektuan onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 15, lankidetza efektiboa garatzen denean enpresa baten eta ikerketa organismo baten edo batzuen artean eta ezagutzaren zabalkundea egiten denean, betiere beren gain hartzen badute (azpikontratista gisa) diruz lagundu daitezkeen kostuen % 10 eta garatutako ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea gordetzen badute.
Proiektuen dirulaguntza-muga 150.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko. 5G esparruarekin modu esklusiboan lotutako proiektuen kasuan, proiektukako dirulaguntzaren gehieneko muga 300.000 eurokoa izango da.
Diruz lagundu daitekeen jarduera bat edo gehiago egiteko ekitaldian zehar, enpresa bakoitzak urtean 200.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez. Zenbateko hori beste 100.000 euroan gehituko da 5G arloarekin lotutako proiektuen kasuan.
9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.
2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
10. artikulua.– Laguntza Eskaera.
1.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.
2.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan egindako eskaerako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
3.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak ote dituzten automatikoki ziurtatuko da, behar beste aldiz, ez badiote, behintzat, horri, arrazoia emanda, aurka egiten, eta horrela bada, aipatutako betebehar horiek betetzen dituztela adierazten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Era berean, eskaera eginda, SPRIri baimena ematen zaio, Jarduera Ekonomikoen Zergan enpresa zer epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko baimen horri, eta hori eginez gero, dagokion ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du.
4.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira Laguntza Eskaeran.
5.– Laguntza Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Entitatearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:
– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbide-soziala.
– Laguntzaren eskaeran jasotako diruz lagundutako jarduerak egingo dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).
– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.
– Zerga arloko betebeharrak, Gizarte Segurantzarekin lotutakoak eta/edo bere erakunde laguntzaileekin adostutakoak egunean izatea eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutako betebeharren ordainketa egunean izatea.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Ez egotea araudi honen 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.
– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
– Konpromisoa hartzea oinarri hauen 7.6 artikuluan adierazitakoa betetzeko.
– Enpresaren kontabilitatean laguntzaren aurrerapena pasibo gisa agertzea, aplikagarriak diren kontularitzako arauek xedatutakoaren arabera, laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen diren bitartean eta/edo laguntza jasotzeari buruzko arrazoizko zalantzak dauden bitartean; eta laguntza SPRIri itzultzea, dagozkion interesekin, ebazpenak laguntza itzuli egin behar dela agintzen badu.
b) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, Erantzukizunpeko Adierazpena edo, hala badagokio, ROACen izena emandako auditorearen ziurtagiria, DLOko 13.3 bis artikulua, ordaintzeko epe legalei buruzkoa, betetzeko.
c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.
d) Erakunde onuradunaren IFZ.
e) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).
f) Proiektuaren memoria, eta horren barnean, hauek:
– Hornitzaile teknologikoen eta inplantarien eskaintza teknikoa.
– Eskaintza ekonomikoa, helburuak, eginkizunak eta kostuak zehaztuz, eta barnean sartuz hornitzaile teknologikoaren gastuen banakapena, eta hardwareko eta softwareko inbertsioak.
– Proiektuaren laburpen exekutiboa (gehienez, 2 orrialde).
– Arrazoiturik azalduta enpresan espero diren lehiakortasunaren arloko hobekuntzak.
– Ezarri behar den teknologiak duen gaitasuna enpresak fabrikazio aurreratuan duen arazo bat konpontzeko.
– Teknologia hori ezartzeak enpresara ekar ditzakeen hobekuntzak edo konpon ditzakeen arazoak.
– Proiektuak honako hauetan duen inpaktuaren justifikazioa: zuzeneko eta zeharkako enplegu sorkuntzan (kuantifikatu enplegu berriak zenbakitan), eta enpresa onuradunen fakturazio handiagoan edo esportazio ugariagoetan (kuantifikatu ehunekotan aurreko urtearekin alderatuta eta termino ekonomikoetan, hots, eurotan).
– Ezarpenerako lan-taldea (proiektuan inplikatuta dauden pertsonen CV xehea barne). Txosten bat, arrazoituz proiektuaren lan-taldean badaudela EIKTen ezarpenean adituak direnak, nahiz enpresa onuradunaren barnean bertan, nahiz kanpoko aholkularitza-enpresa aditu baten bidez; horrela bermatuko da manufakturako enpresa industrialean ezarri den proiektuaren iraunkortasuna eta mantenimendua (5G teknologiarekin lotutako jardueren kasuan izan ezik, horretarako beste jarduera ekonomiko batzuk onartuko baitira).
g) Transferituko den teknologiaren azalpen-memoria. Azaldu zein diren hornitzaile teknologikoaren ezagutza teknikoak, «aktibo teknologiko»tzat hartzen direnak; hortik bereizi egin behar da hornitzaileak enpresa industrialari helarazi nahi dion ezagutza horren zatia (edo 5G teknologiarekin lotutako jardueren kasuan, beste jarduera ekonomiko batzuk). Azaldu teknologia horiek dituzten gaitasunak diseinuari laguntzeko, eta ondasun eta zerbitzu berriak sortzeko. 4-5 orrialdeko laburpen exekutibo bat sartu behar da, teknologia horiek deskribatuz.
h) «Jabetza industriala eskuratzeko gastuak» gastu hautagarri gisa aurkezten badira, jabetza industrial hori transferitzeko baldintzak eta prezioa jasotzen dituen dokumentua aurkeztu beharko da.
6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonari posta elektronikoz bidalitako jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.
7.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, dirulaguntzak eskatzetik etorritako jardueretan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legearen, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2023ko azaroaren 13an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2023ko azaroaren 13ko 14:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).
12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.– Laguntza-eskaerak ebazteko, ondoz ondoko lehia-prozedura erabiliko da. Aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira eskaerak, eta behar bezala formalizatuta eta osatuta gelditzen diren neurrian eta hurrenkeran ebatziko dira. Eskaerak akatsen bat badu, eta akats hori zuzendu egin behar bada, zuzenketa egin deneko data hartuko da eskaera aurkeztearen datatzat.
2.– Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIko zuzendari nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.
3.– Proiektuak honako irizpide eta puntuazio hauek aplikatuta ebaluatuko dira:
– Enpresa onuradunaren edo onuradunen lehiakortasuna hobetzea, teknologia transferitzeko proiektua ezartzearen ondorioz. Hobekuntza horiek neurtuko dira enpresaren edo enpresen produktu, prozesu (ekoizpen-aurreko, ekoizpeneko eta ekoizpen-osteko), bitarteko eta sistemekin modu orokorrean loturiko hobekuntzen bidez. Teknologia ezartzeak duen gaitasuna enpresak fabrikazio aurreratuan duen arazo bat konpontzeko (gehienez 30 puntu).
– Proiektuak duen gaitasuna enpresan bertan enplegua sortzeko (zuzenean edo zeharka), fakturazioa handitzeko, edo enpresa onuradunen esportazioa areagotzeko (gehienez 30 puntu).
– Transferitu behar den aktibo teknologikoak duen gaitasuna produktuak eta ekoizpen-prozesuak hobetzeko manufaktura aurreratuen esparruan, Euskadiko manufaktura sektoreko beste enpresa industrialetan, edo oro har jarduera ekonomikoarena 5G teknologiarekin lotutako jardueren kasuan. Aktibo horiek diruz lagun daitezkeen CPSen esparruak hartuko dituzte (Zibersegurtasuna eta industria-komunikazioak, Cloud computing, Big Data – Analitika Aurreratua eta business Intelligence, Robotika Kolaboratiboa, 5G, Errealitate areagotua, Ikusmen artifiziala, Sentsorika eta Diseinua eta fabrikazio aditiboa metalezko materialetan eta material aurreratuetan) (gehienez 40 puntu).
Irizpide bakoitzak gehieneko puntuazioa du. Zehaztutako irizpideak zenbateraino betetzen diren aztertuko da puntuazioa emateko. Balorazioa ebaluatzaile tekniko batek egingo du eta, jarraian, programaren kudeaketaz arduratzen den pertsona batek onartu.
Gutxienez 60 puntuko puntuazio globala gainditzen ez duten jardueren laguntza-eskaerei ezezkoa emango zaie.
4.– Aurkeztutako laguntza-eskaerak onartzeko eskakizunak erabakigarriak 5 eta 6 artikuluetan jasota daudenak dira.
5.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, ondoz ondoko lehiaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
6.– Ebazteko epea. Eskaeren gaineko ebazpena espresuki emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da eskaera osatuta geratzen den dataren hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Jakinarazpena egin gabe epe hori igarotzen denean, interesdunek eskaera baztertuta geratu dela ulertu ahal izango dute.
7.– Ebazpenen berri ematean jakinaraziko da zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den eta jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da; baita, hala dagokionez, ez ematearen arrazoiak ere.
8.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 3 hilabete gehieneko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webguneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.
2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.
4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.
a) Memoria ekonomikoa, fakturak xehatuta eta kostu hauen zehaztapenekin: hornitzaile teknologikoarenak, jabetza industriala eskuratzearenak, inplantariaren kostuak, hardware eta softwarearenak eta bertako pertsonalaren kostua.
b) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia eta finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.
c) Erakunde hornitzaileak egindako lanak (eskuratutako mekineria eta/edo ekipamendu aurreratua ezartzea eta abian jartzea) egiaztatzeko deskribapen-memoria. Honako informazio hau bildu beharko du:
– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratu hori (hardwarea eta softwarea) eskuratzetik lortutako hobekuntzak/onurak.
– Eskuratutako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (hardwarea eta softwarea) ezarri ondoren bideratu nahi den Smart Industry proiektuaren hurrengo urratsen deskribapena / jarraipena.
– Hasierako planak izandako desbideratzeak.
– Makinerian eta/edo ekipamendu aurreratuan (hardwarea eta softwarea) egindako inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...).
d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).
e) Bertako langileen dedikazioaren eta kostuaren ziurtagiria, enpresaren legezko ordezkariak digitalki sinatua.
f) Ez dira kontuan hartuko DLOko 31.3 artikulua eta, aplikagarria denean, 31.2 artikulua betetzen ez duten gastuak 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeei dagokienez.
14. artikulua.– Laguntza edota Likidazio Eskaerak zuzentzea.
1.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.
2.– Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, eskaera ukatuko da, helburu horretarako agindutako ebazpen baten bidez.
15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzaren ordainketa bi ordainketatan egingo da. Lehen ordainketa laguntza emango dela adierazten duen ebazpena jakinarazi ondoren egingo da; dirulaguntzaren % 70ari dagokion zenbatekoa ordainduko da, aplikagarri zaion berme-araubidearekin. Gainerako % 30a, Likidazio Eskaera eta 13. artikuluan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu ondoren ordainduko da.
2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
3.– SPRIk laguntzen onuradun den entitateari ordainketa egingo dio, Eskaeran eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta SPRIk horretarako izendatutako teknikariek horiek ebaluatu eta onartu ondoren.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira DLOko 14. eta 46. Artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileen Legeko Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.1 artikuluak xedatutakoak, eta bereziki, honako hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamar egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
b) Emandako laguntza Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera-zentro batean (industriala edo horri lotutako zerbitzuena, 5G teknologiarekin lotutako jardueren kasuan izan ezik) proiektua garatzera eta bertan inpaktua izaten saiatzera bideratzea.
c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.
f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.
h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.
i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.
2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da diruz lagundu daitekeen jarduera egiteko gehieneko epea (16 hilabetekoa da epe hori).
3.– Laguntza Eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta aldaketak egitea baimendu ahal izango den, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak aldatzen ez badira.
18.– Artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunek ez dutela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko dute eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte kobratu dituzten laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzaten.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DAOren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kausak.
3.– SPRIko Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirua itzultzeko prozedura abiaraztea, izapidetzea eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. Tituluan xedatutakoa betez (horren bidez arautzen dira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta horren bidez ezartzen dira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarriki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– DLO eta DAO, dirulaguntzekin lotutako oinarrizko legeriari dagokionez.
2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Printzipio Ordenatzaileen Legeko Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– 651/2014 araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen-jarduera eta -argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/eus/lege-oharra/pribatutasun/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.