139. zk., 2023ko uztailaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (315 KB - 20 orri.)
- EPUB (301 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3567
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 29koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2023ko «Elkartu» programaren oinarri arautzaileak, eta laguntzen deialdia egiten baita.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.
Hala, laguntza-programa hau diseinatu da, lankidetzan eginiko nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko nazioartekotze-prozesuan.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publikotasun-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.
Gorago adierazitakoaren arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Elkartu» 2023 Laguntza Programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeinen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2023ko ekainaren 29a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.
ERANSKINA
ELKARTU 2023 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.
Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da 2021-2024 aldiko Garapen Ekonomikoko eta Nazioartekotzeko Planean, eta eduki horien artean aipatzekoa da lehen apartatuan jasotakoa: «enpresen nazioartekotzea bultzatzeko finantza-laguntzen programak garatzea».
Hala, jarraipena ematen zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publiko bati, zeinaren helburua baita bultzada bat ematea nazioartekotu nahi duten enpresa hasiberriak sustatzeko ekimenei, beharrezkoak baitira atzerriko merkatuetara sartzean dauden oztopoak gainditzeko.
Elkartu programako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira. Laguntza horiek helburutzat dute enpresen arteko lankidetza bultzatzea nazioartekotzearekin zerikusia duten proiektuetan eta, 17. GJHari jarraikiz, aliantzak sortzea garapen jasangarria lortzeko.
Programa hau jasota dago erakundearen 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –2022ko abenduaren 21eko Administrazio Kontseiluaren erabakiz onartua–, eta Planaren helburu hau betetzea du xede: «lankidetzan diharduten enpresen nazioartekotzea sustatzea, horien artean daudelarik EAEko elkarte sektorialak, esportazio-partzuergoak eta salmenta-taldeak».
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen helburua da nazioartekotze-jardueretara bideratutako enpresa-lankidetzako dirulaguntzak ezartzea eta 2023ko ekitaldirako deialdia egitea, jarraian datozen artikuluen arabera.
Hala, Elkartu programa bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin (zeintzuk jasota baitaude XII. legealdiko gobernu-programan eta hura garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan), eta bere xedea da lankidetzako nazioartekotze-proiektuak eta -jarduerak bultzatzea, eta garapen jasangarria sustatzea nazioartekotze-prozesuan.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
2.– Laguntza hauek egoki aurkeztutako eskaeren hurrenkerari jarraituz tramitatuko dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete diren unearen arabera.
3.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak dira eta, beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa bete behar dute.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 500.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomi Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Deialdi honetara bideratutako funtsak agortzen badira, bukatu egingo da laguntzen prozedura eta, beraz, ez da onartuko funtsak agortu ondoren aurkeztutako eskaerarik. Aurretik aurkeztutako eskaeren kasuan, ebazteke badaude zuzkidura agortzen den unean, ezetsi egin beharko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzen direnean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/Elkartu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Erakunde onuradun izan ahalko dira lankidetzan jardungo duten enpresa-elkarte eta -taldeak, besteak beste esportazio-partzuergoak, salmenta-taldeak eta kanpoko merkatuetan lankidetzan jarduteko konpromisoa duen bestelako edozein figura, juridikoki baliozkoa bada.
Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean, berariaz adierazi beharko da eskaeran zer konpromiso hartuko dituen elkarteko kide bakoitzak, bai eta horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, denak izango baitira onuradun. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da talde osoarentzat, zeinak behar besteko ahalordea izango baitu taldeak onuradun gisa izango dituen obligazioak betetzeko. Taldea ezingo da desegin, harik eta honako xedapen hauetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan.
2.– Oinarri hauetan aurreikusitakorako, elkartetzat hartuko dira baldintza hauek betetzen dituzten erakundeak:
a) Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.
c) Elkartutako enpresetatik gutxienez hamarrek EAEn izatea egoitza edo jarduera-zentro bat.
d) Helburu nagusien artean izatea elkartutako enpresen nazioartekotzea, eta plangintza bat edukitzea helburu hori erdiesteko.
3.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeek bete beharreko baldintza orokorrak:
a) Taldea osatuko dute elkarren arteko loturarik gabeko gutxienez 2 enpresa independentek, zeinek, beren operazio-sinergiek eskaintzen dizkieten abantailek bultzaturik, konpromisoa hartuko baitute kanpoko merkatuetan elkarrekin jarduteko, arriskuak eta kostuak partekatuz. Egoitza soziala EAEtik kanpo duten enpresek ere parte hartu ahal izango dute taldean, baina beren partaidetza ez da izango partaidetza txikiena duen ETEarena baino handiagoa.
b) Onuradun izan daitezke egoitza edo produkzio-lantegiak Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten enpresa handiak eta ETEak, baldin eta deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik eratu badira.
c) Proiektuetan enpresa handiek parte hartzen badute, enpresa horiek trakziogileak izango dira eta gutxienez beste ETE bat sartu beharko dute taldean.
d) Jarduerek enpresa edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen batean (kontratu batean edo bestelako edozein dokumentutan) oinarritu behar dute, eta hitzarmen horrek argi eta garbi jaso behar du alderdien konpromisoa.
e) Ekintza-plan edo nazioartekotze-estrategia bateratu bat izan beharko dute, eta hor honako hauek adieraziko dituzte: enpresa parte-hartzaileen deskribapena, euren produktu edo zerbitzuak, euren helburu eta igurikapen komertzialen definizioa, segmentu, bezero eta jomuga-merkatuen identifikazioa, garatuko diren jardueren definizioa, erantzukizunak eta epeak.
4.– Esportazio-partzuergoak kategoria espezifiko bat dira lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen barruan; beraz, baldintza berezi hauek bete beharko dituzte, 3. atalean ezarritakoez gain:
a) Izaera juridiko propioa izatea, taldeko gainerako enpresa edo erakundeetatik independentea.
b) Pertsona bat lanaldi osoan kontratatzea partzuergoa kudeatzeko.
5.– ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.
6.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.
7.– Ezingo dituzte eskuratu deialdi honen xede diren dirulaguntzak:
a) Bitartekaritza-lanak egiten dituzten enpresek eta/edo hirugarrenen produktuak bakarrik banatzen dituztenek. Hori horrela dela ulertuko da bitartekaritzako edo hirugarrenen produktuen banaketako jarduera komertzialaren negozio-bolumena negozio-bolumen osoaren % 50 baino handiagoa denean.
b) Horrez gain, ezingo dira Elkartu programaren onuradun izan:
b.1.– Sexu diskriminazioagatik edo emakume eta gizonen berdintasun arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapen edo zehapen penalen bat jaso dutenak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako epean. Estatuko araudiaren araberako berdintasun-plan bat izatera behartatuta egonik berdintasun-plan hori ez duten enpresek ere ez dute jasoko laguntza edo dirulaguntzarik, ez eta 50 langiletik gora izanik sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela ziurtatzen ez duten enpresek, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan dioenari jarraikiz.
b.2.– 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso duten enpresak, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.
b.3.– Era berean, ez dira izango Elkartu programako laguntza publikoen onuradun 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluko eta 38/2003 Legearen 13.2, 13.3 eta 13.3 bis artikuluetako suposizioetan dauden enpresak, zeinen arabera ezin baitaitezke izan laguntzen onuradun, eta, bereziki, egoera hauetan daudenak:
– Bete gabe izatea zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzako Altxortegi Orokorrarekikoak edo/eta haren erakunde laguntzaileekikoak.
– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.
– Prozeduraren batean kaudimengabetzat joa izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
– Enpresen kasuan, eta soilik 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, ez betetzea Merkataritzako Eragiketetan Berankortasunari Aurre Egiteko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.
b.4.– Armak egitea, merkaturatzea eta finantzatzea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.
b.5.– Ekonomia Zirkularreko Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzearen ondoriozko arau-hauste astun edo oso astunengatik ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnak.
b.6.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astunengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnak, harik eta neurri zuzentzaileak aplikatu edo zehapena bete arte.
b.7.– LGTBIfobiaz jokatzen dutenak edo LGTBIfobia eragin edo sustatzen dutenak; jokabide horien barruan sartzen da konbertsio-terapiak sustatu edo egitea, Trans-pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legeak ezarritako terminoetan.
c) Ez da eskaerarik onartuko, baldin enpresa edota bere legezko ordezkariak epai irmo bidez kondenatuak izan badira lan-osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo zehapen irmoa jaso badute deialdi honen aurreko 5 urteetan arlo horretako arau-hauste administratibo oso astuna egin izanagatik.
d) Azkenik, ez dira onuradun izango EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe badaude eta Europar Batasunak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela; ez dira onuradun izango ezta ere krisialdian dauden enpresak, Krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EO C249, 2014-07-31).
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta exekuzio-epea.
1.– Taldearen sorkuntza-gastuak: alderdi juridiko, fiskal eta finantzarioei buruzko kanpo-aholkularitza, akordioak egiteko eta partzuergoak edo bestelako enpresa-taldeak sortzeko.
2.– Ekintza-plana edo Nazioarteko Estrategia garatzeko gastuak: ekintza-plan bateratua egiteko kanpo-aholkularitzako gastuak.
3.– Gastu operatiboak: Gainera, diruz lagundu ahal izango dira jomuga-merkatuan operatzeko egin beharreko gastuak:
3.1.– Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak. Azterlan bat baino ez da diruz lagunduko jomuga-herrialde bakoitzeko,
3.2.– Jabetza industrialarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:
a) Patenteak eta markak erregistratzea: diruz lagunduko dira beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak, eta baita ere helmuga-herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak.
b) Homologazioa eta ziurtapena: jomuga-herrialdean eskatzen diren derrigorrezko homologazioetatik (horretarako egiaztatuak dauden erakundeek eginak) eratorritako gastuak, eta atzerriko bezero handiekin egin beharreko ziurtapen eta aurre-kalifikazioak.
3.3.– Taldearen funtzionamendu operatiboarekin lotutako gastuak: halakotzat hartuko dira gastu partekatuak edo transbertsalak: bulegoen alokairua, hornidurak, gastu logistikoak edo taldearen sustapen-jarduerekin lotutako beste edozein gastu partekatu.
3.4.– Jomuga-merkatuan merkataritza-agente bat edo ordezkari bat hautatzeko gastuak.
4.– Sustapen-gastuak: Kontuan hartuko dira baita ere sustapenarekin zerikusia duten gastuak:
4.1.– Nazioarteko azoketan (Estatuan zein atzerrian) parte hartzea erakusle gisa, baldin eta enpresak ez badu ekitaldi berean parte hartzen beste administrazio, elkarte edo kluster batekin eta prezio publikoaren menpe dagoen dirulaguntzaren bat jasota. Nazioarteko azokaren definizioa arlo honetako ministerio eskudunaren irizpideen arabera zehaztuko da. Kasu horretan, diruz lagundu ahal izango dira gastu hauek: espazioen alokairua, erakutsiko den produktua garraiatzeko gastuak, standaren dekorazioa eta, atzerrian egiten diren azoken kasuan, bidaia-poltsa bat azoka bakoitzeko, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
4.2.– Atzerriko nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan parte hartzea bisitari bezala: diruz lagundu ahal izango dira izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
4.3.– Nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan parte hartzea, on line formatuan: diruz lagundu ahal izango dira izen-emate kuota eta aipatutako ekitaldiekin zuzenean erlazionatutako beste gastu batzuk.
Diruz lagundu ahal izango dira espazioen alokairua, standaren dekorazioa (erakusgai jarriko diren produktuak garraiatzeko kostua barne), izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat azokako eta enpresa parte-hartzaileko.
a) Elkarteen kasuan: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa bildu edo ordezkatu beharko dituzte.
b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeek azoketan parte hartzea: erakusle bezala parte hartzeko, taldearen eskaintza bateratua aurkeztu beharko dute.
Horrelakoetan, ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, SPRI Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logotipoei) ikusgarritasuna ematea standean eta azokan erabiliko diren sustapen-materialetan.
4.4.– Zuzeneko misioak: Prospekzio-bidaiak merkatuak aztertzeko, edota bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko, edota azoketara joateko, edota kongresu edo foro espezializatuetan parte hartzeko.
a) Elkarteen kasuan: egoitza EAEn duten gutxienez hiru enpresa lagundu edo ordezkatu beharko dituzte.
b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeei laguntza emango zaie partzuergoaren kudeatzaileak edo enpresa-taldea ordezkatzen duen ordezkariak/liderrak edo lankidetza-taldeko ordezkariren batek egindako bidaietarako.
Diruz lagunduko dira gehienez zuzeneko 3 misio jomuga-herrialde bakoitzeko, eta horietako bakoitzean bidaia-poltsa bat emango da erakunde parte-hartzaile bakoitzeko.
4.5.– Alderantzizko misioak, balizko bezeroentzako edo atzerriko preskriptoreentzako gonbidapenak.
a) Elkarteen kasuan: gonbidatuek elkartea eta EAEn kokatuta dauden elkarteko gutxienez hiru enpresa bisitatu beharko dituzte.
b) Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeetan: partzuergoan edo taldean bildutako enpresak bisitatzeko gonbidapena.
Diruz lagundu ahal izango dira gehienez 3 alderantzizko misio herrialde bakoitzeko, eta gehienez 10 gonbidapen egingo dira misioko, 1. eranskineko bidaia-poltsen arabera kalkulatuta.
4.6.– Sustapen- eta zabalkunde-elementuak. Bakarrik onartuko da talde osoarentzako sustapen-materiala, eta material horretan adieraziko da zein diren enpresa parte-hartzaileak. Partzuergoen kasuan, beronen izena bakarrik erabili ahal izango da. Sustapen-elementuetan jomuga-herrialdeko hizkuntza ofiziala edo ingelesa erabili beharko dira.
5.– Azterlanak egitea:
a) Nazioartekotze-planak berriren berri prestatzea eta kontingentzia-planak lankidetzan idaztea.
b) Birdiseinatze-azterketak egitea eta ikuspegi sektoriala duten global supply chain alternatibak sortzea.
c) Nazioarteko e-commerce estrategia bat egitea.
6.– Egitura-gastuak: langileak hautatzeko kanpo-kontratazioko gastuak edota kudeatzailearen soldata gordinaren kostua, esportazio-partzuergoen kasuan.
7.– Eskaintzak kudeatzea eta prestatzea lankidetzan egiten diren nazioarteko lizitazioetan.
8.– Ez da laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketak eta eman dituzten zerbitzuak ordaintzeko, prezio publikoen menpe badaude.
9.– Egokia den kasuetan, posible izango da dirulaguntzaren xede diren lanak osorik azpikontratatzea enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko, edo gastua dirulaguntzaren eskaera baino lehenago egin bada.
10.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ulertuko da onuradun batek azpikontratazio bat egin duela, baldin eta hirugarrenekin adosten badu partzialki edo osorik gauzatzea dirulaguntzaren xede den jarduera. Ez dira kontzeptu horretan sartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuak. Zentzu horretan, posible da hirugarrenak azpikontratatu edo kontratatzea, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eraino, eta hirugarrenen azpikontratazio edo kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.
11.– Nolanahi ere, oinarri hauen ondorioetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31. artikuluarekin bat datozenak.
12.– Laguntza jaso dezakete 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gauzatutako ekintzek.
6. artikulua.– Laguntza-eskaera.
Eskatzaile bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da.
7. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.
1.– Dirulaguntzak portzentaje hauetara irits daitezke, onuradunak jasangarritasunarekin duen konpromiso-mailaren arabera:
– Onartutako aurrekontuaren % 80, baldin eta erakunde onuraduneko liderrak egiaztatzen badu Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kide dela.
– Onartutako aurrekontuaren % 60, baldin eta erakunde onuraduneko liderra ez bada Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko kidea.
2.– Horrez gain, gehieneko zenbateko hauek ezarri dira dirulaguntza-eskaera bakoitzeko:
– Gehienez 60.000 euro onuradun bakoitzeko, partzuergoen kasuan, eta gehienez 20.000 euro partzuergoan parte hartzen duen enpresa bakoitzeko.
– Gehienez 50.000 euro elkarte bakoitzeko.
– Gehienez 45.000 euro onuradun bakoitzeko, eta gehienez 15.000 euro enpresa bakoitzeko, lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan.
3.– Bidaia-poltsen zenbatekoa 1. eranskinean jasota dago.
8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateraezinak dira honako hauekin:
a) Administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek jomuga-herrialdean kontzeptu bererako emandako beste edozein laguntzarekin.
Aurrekoa gorabehera, de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena aplikatuko da, honako hauetan xedatutakoari jarraituz: Batzordeak laguntza horiei buruz 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan, (EB) edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan.
b) Klusterrak Dinamizatzeko Elkarteentzako laguntza-programakoekin.
9. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean, eta 2023ko urriaren 31n edo funtsak agortzen direnean bukatuko da, 3. artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, herritarrentzako arreta 2023ko urriaren 31ko arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.
2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eskaerak, eta deialdi honetatik eratorritako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera, helbide honen bitartez: www.spri.eus/elkartu
3.– Behin bete ondoren, eskaerak pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortua izan behar du eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar du.
4.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
5.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.
10. artikulua.– Eskaeren edukia eta atxikitako dokumentazioa.
1.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan, erakundeari nahiz ekintzei buruzko datuak jasoko dira, eta horiek izango dira proiektua egoki baloratzeko oinarria.
b) Erakunde eskatzailearen eskriturak edota ordezkaritza-ahalordea. Sorkuntza-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua erantsi beharko da.
c) Eskatzaileak emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.
d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten ziurtagiriak, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari ziurtagiri horiek zuzenean lortzeko.
e) ETEa dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (2003-05-20ko L 124 EBAO, 0036 – 0041 or.) adierazitakoaren arabera (3. eranskina). Horretarako egindako bisita batean egiaztatu ahal izango da eskatzailea ETE bat dela.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, bai eskatzailearena eta bai enpresa parte-hartzaileena, azalduz zein diren aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) mende daudenak. Enpresa parte-hartzaile guztiek bete behar dute 4. eranskina.
g) Enpresen kasuan, eta soilik 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, erantzukizunpeko adierazpena edo, hala badagokio, ROACen inskribatutako ikuskatzailearen ziurtagiria, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.3 bis artikuluan legezko ordainketa-epeei buruz ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.
h) Memoria, dirulaguntzaren xede diren jardueren zerrendarekin eta gastu moten banakapenarekin.
i) Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen duen akreditazioa, hala izanez gero.
2.– Lankidetzan jardungo duten enpresa-taldeen kasuan, aurreko puntuan adierazitako dokumentazioaz gain, honako hauek ere aurkeztu behar dira:
a) Enpresen edota erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena, kontratua edo beste edozein dokumentu, non argi adieraziko baita alderdien konpromisoa. 2. eranskina bete behar da.
b) Lankidetzan jardungo duen enpresa-taldearen ekintza-plana. Eraketa-gastuekin lotutako laguntza eskatzen bada, eskaera aurkezten den momentuan kanpoko zerbitzuaren kontratua edota kostuaren aurrekontua erantsi beharko da.
3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori.
11. artikulua.– Zuzenketak.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak akats edo okerreko daturen bat aurkitzen badu aurkeztutako dokumentazioan, horren berri emango die enpresa eskatzaileei, eta 10 egun balioduneko epea emango die zuzenketak egiteko; zuzendu ezean, ulertuko da uko egiten diotela eskaerari, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoarekin.
12. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura. Erakunde laguntzailea.
1.– Laguntza-eskaerak modu ordenatuan ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.
2.– Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egingo ditu behar diren txosten teknikoak, eta agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira bere eginkizunak:
a) Laguntza emateko: bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa prestatzea.
b) Laguntza likidatzeko:
– Gastu hautagarriak behar bezala egin direla kontrolatzea.
– Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.
Txosten teknikoek informazio hau jasoko dute: baliozkotzearen xehetasunak eta eskaera bakoitzari dagozkion onartutako gastu hautagarriak.
3.– Behin ikusi ondoren Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txosten teknikoek aldeztutako proposamenak, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak laguntza-eskaerak ebatziko ditu, behin beteta daudenean, aurkeztu diren ordenaren arabera, eta betiere aurrekontu-kreditua badago.
4.– Ebazpenak, gutxienez, eduki hau izango du:
– Erakunde onuraduna.
– Aurkeztutako eta onartutako gastuen aurrekontua.
– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
– Justifikazioa egiteko modua.
– Ezesteko arrazoiak, hala badagokio.
– Ebazpenaren aurka jar daitezkeen errekurtsoak, zer organo administratibo edo judizialetan aurkeztu behar diren eta zer epetan; hala ere, interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez dezakete.
5.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariak telematikoki emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena, eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.
6.– Ebazpen hori 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da espedientea osorik dagoen momentutik hasita, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. apartatuaren arabera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
7.– Ebazpena SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.
13. artikulua.– Laguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:
– Dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gero.
– Gainerako % 50aren likidazioa, dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzean egindako gastuak justifikatu ostean.
2.– Egiaztagiriak telematikoki aurkeztu behar dira, www.spri/elkartu webgunean, enpresa onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, laguntza esleitu izanaren ebazpena jasotzen denetik 2024ko otsailaren 29ra bitartean. Hala ere, herritarrentzako arreta 2024ko otsailaren 29ko 15:00etan amaituko da.
3.– Hauexek dira aurkeztu beharreko egiaztagiriak:
– Dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduerak gauzatu izanaren justifikazio-memoria.
– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua.
– Onartutako gastuen fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.
– Egindako bidaiak justifikatzeko, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edo ostatuaren ordainagiriak aurkeztea –benetako kostua egiaztatuta– bidaiaren egiaztagiri gisa. Ez da onartuko ibilgailu propioa edo taxia erabiltzea.
4.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada badaudela konpon daitezkeen akatsak enpresak aurkeztutako justifikazioan, enpresari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko.
5.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak emango du aurkeztutako likidazioari buruzko ebazpena. Ebazpen horren aurka, eskatzaileak berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango du, organo beraren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.
6.– Ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko 31.3 artikulua betetzen ez dutenak, hau da, Merkataritzako Eragiketetan Berankortasunari Aurre Egiteko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu ez diren gastuak.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek derrigor bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bidez onartua) testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak. Zehazki, hauexek dira betebehar horiek:
a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.
b) Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko eta eskaeran aurkeztutako gastuak finantzatzeko.
c) Onartzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezko eta komenigarri jotzen dituzten egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.
d) Fakturak gordetzea eta SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, bost urtez, fakturak egin direnetik hasita.
e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.
f) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso izana, xede berbererako beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik.
g) Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.
h) Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari dagokion publizitatea egitea laguntza publiko honen xede diren sustapen-euskarri guztietan.
i) Era berean, azoketan parte hartzeko laguntza jasotzen bada, ezinbesteko baldintza izango da Basque Country markari (Euskadi Basque Country, Spri Taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentzia marken logoei) ikusgarritasuna ematea standean eta erabiliko diren sustapen-materialetan.
j) Hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta irudi guztietan.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen laguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunen bat, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak, interesdunari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du, eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Baldin eta, aurkeztutako proiektuen justifikazioan, onartu den aurrekontuarekiko % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideratze bat badago, berriz kalkulatuko da dirulaguntza, hasierako laguntza emateko erabili ziren irizpide berberei jarraikiz.
3.– % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratzeak berekin ekar lezake dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea, salbu eta justifikatzen bada bete direla laguntzak xedetzat dituen helburuak. Bigarren kasu horretan, dirulaguntzen zenbatekoa murriztu egingo da, aurreko apartatuan aurreikusitako moduan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinean finkatzen baitira dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).
5.– Enpresak sortu eta handitzeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legea.
6.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (aurrerantzean «DPBEDB»), Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren Datuen Babeserako 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (aurrerantzean «DBEO»), eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatzekoa den gainerako araudiekin, jakinarazten da SPRIk tratatu egingo dituela ematen diren datuak eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.
Tratamendu hori deialdiaren interes publikoan eta zuen parte-hartze eskaeran oinarritzen da, helburutzat dauka eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk daukan interes publikoa Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetako xedeak betetzeko.
Informazio hori laga ahal izango zaie gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.
Datuak gordeta geratuko dira laguntza emateko espedientea tramitatzen den bitartean, eta lege-obligazioak betetzeko legez gorde daitezkeen denboran.
Interesdun guztiek dute eskubidea datuak zuzendu zein ezerezteko, tratamendua mugatzeko, datuak aurkaratzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendu automatizatu batean bakarrik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, eta datu-babesaren arloan aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitako eskubideak baliatzeko, baldin eskubide horiek aplikagarriak badira, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunek posible dute harremanetan jartzea Datuen Babeserako Ordezkariarekin, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: dpd@spri.eus
Halaber, interesdun guztiek eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko dagokion Kontrol Agintaritzan; hau da, SPRIren kasuan, Datuen Babeserako Euskal Agentzian: www.avpd.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.