Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2023ko uztailaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3566

AGINDUA, 2023ko ekainaren 27koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2023ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko toki-esparruan osasuna sustatzeko partaidetza-proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak.

Autonomia Estatutuaren (EAEE) 18. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea barne-osasunaren alorrean, baita farmazia-produktuak gauzatzea ere, gizarte-laguntzarekin batera, autonomia-erkidegoaren eskumen esklusibokoa baita (EAEEren 10.12 artikulua).

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publiko guztiei dagokie osasuna sustatzea eta indartzea jarduera sozioekonomikoan diharduten sektore guztietan, lehentasunezko misioa izanik, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea, eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatzea eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea Euskal Autonomia Erkidegoan, egokitzat jotzen dituen gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboak taxutzea bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du Osasunaren alorreko EAEko Administrazioari dagokiola Osasun Publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, koordinatuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Azkenik, 15. artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioek arlo sanitarioa eta osasungarritasuna kontrolatzeko eskumenak egikarituko dituzte, zehazki, antolamendu juridikoak esleitzen dizkienak, jarduera osagarriak gauzatzeko duten ahalmen instituzionala eragotzi gabe, eta, hala badagokie, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuordetu dizkien eskumenak ere egikarituko dituzte. Toki-korporazioak, halaber, Euskadiko Osasun Planaren helburuetara egokituko dira jarduera guztietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-ikuskaritzaren mende jarriko dira. Eginkizun horiek gauzatzeko, toki-korporazioek Euskal Autonomia Erkidegoko sistema sanitarioko langileen laguntza teknikoa eta bitartekoak jaso beharko dituzte. Halaber, lankidetza-tresnak sustatu, eta, beharrezkoa bada, koordinazio-organo espezifikoak sortuko dituzte.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.

Tokiko gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, beren zenbait arloren gaineko politiken bidez, besteak beste: osasunaren, hezkuntzaren, gizarte-ongizatearen, garraioaren, ingurumenaren, kulturaren, hirigintzaren, etxebizitzaren, kirolaren eta segurtasunaren politikaren bidez. Tokiko eremuan garatzen diren osasuna sustatzeko politika batzuk ez dira, oro har, tokiko eskumenekoak. Politika horietan, goragoko mailako beste erakunde batzuen eskumenek esku hartzen dute, eta, horrenbestez, haien arteko koordinazioak sinergia oso eraginkorrak sortzen ditu osasuna irabazteko.

Agindu honen xedea da, hain zuzen, osasuna sustatzea, toki-eremuan eta osasun-arlokoak ez diren beste sektore batzuetan egiten diren jarduerak dinamizatuz eta sustatuz. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendatutako «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, baita Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna-politika guztietan» estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, sektore sanitarioaren eragin-eremutik kanpo daude.

Bestalde, 2013-2020 aldiko Osasun Planaren 1.2 helburua da ekitatea indartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sisteman. Helburu horiek zenbait ekintzatan garatzen dira. Hala, bada, 1.2.6 ekintzan ezartzen da osasunean komunitateko ekintza garatuko dela biztanleriaren osasunaren gaineko esku-hartzeen bidez, toki-mailako eragile guztiak barne hartzen baitira.

Halaber, plan horren 1.4 helburua da pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea indartzea, genero-ezberdintasunak eta kolektibo eta egoeren aniztasuna aintzat hartuta. Bestalde, 1.4.6 ekintzaren xedea da parte-hartze komunitarioa artikulatzea eta indartzea esparru guztietan, dauden tresnen bidez nahiz mekanismo berrien bidez, herritarrek parte har dezaten osasuna sustatzeko esku-hartze komunitarioen plangintza- eta ezarpen-faseetan.

Bere aldetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak ezartzen duenez, aldez aurretik Dirulaguntzen Plan Estrategikoa egin behar da, eta plan estrategiko horretan, kasu bakoitzean deitu nahi diren dirulaguntzak jaso behar dira. Plan estrategiko horrek eduki bat izan behar du, nahitaez.

Dirulaguntzen agindu-proiektu honek bete egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2023ko martxoaren 14ko aginduaren bidez onetsi ziren 2023ko ekitaldiko Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ezarritako jarraibideak, zeinak 2023ko martxoaren 7an jakinarazi baizitzaizkion Gobernu Kontseiluari. Plan hori Osasun Sailaren politika planifikatzeko tresna bat da, eta helburu du dirulaguntzak emanez osasuna sustatzea. Plan horrek helburu eta ondorio hauek jasotzen ditu I. eranskineko («Tokiko eremuan osasuna sustatzeko dirulaguntzak») 3.1.2 epigrafean:

3.1.2.1.– Helburuak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren partaidetza eta ahalduntzea indartzea.

2.– Erakundeen eta eragileen arteko lana optimizatzea, sinergiak sortzea eta aliantzak jostea osasuneko ekintza komunitarioa garatzeko.

3.1.2.2.– Lortu nahi diren ondorioak.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak tokiko eremuan osasuna sustatzearen alde egiten du, herritarren osasun-egoera hobetzeko, eta dirulaguntza horiek apustu horren barruan sartzen dira.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Horregatik, eta aurreko urteetako deialdietan pilatutako esperientzian oinarrituta, deialdi honen ardatza da partaidetza komunitarioko prozesuen eraketa ahalbidetzea, bertatik artikulatzeko osasun-sustapeneko estrategiak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete. Partaidetza komunitarioa da komunitateak parte hartzea bere beharrizanei erantzuten dieten prozesuak aztertzen, diseinatzen, martxan jartzen eta ebaluatzen, helburu partekatuak ezarriz eta era kooperatiboan jardunez, modu horretan baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

Deialdi honek eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerek honako esparru juridiko hau betetzen dute:

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak emandako oinarrizko arauak.

– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen xede diren laguntzak ezin dira Estatuko laguntzatzat hartu; izan ere, deialdiak diruz lagun ditzakeen xedea edo jarduerek ez dute zerikusirik jarduera ekonomikotzat har daitekeenetik eta erakunde onuradunak ez dira enpresak, publikoak baitira. Horregatik, espedienteari ez zaio inolako izapiderik egin behar Europar Batasunaren aurrean.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Dirulaguntzaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei, tokiko erakunde autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea, ekintza komunitarioaren bidez osasuna toki-mailan sustatzeko proiektuak gara ditzaten.

2.– Laguntza hauen helburua da 2023ko urtarriletik abendura bitartean egindako partaidetza-proiektuak finantzatzea, honako helburu hauekin:

Espazio berean bizi direnen bizi-baldintzak hobetzea.

Osasuna eta ongizatea hobetzeko prozesuetan ekintza indibidualeko eta kolektiboko gaitasunak sustatzea.

Loturak eta gizarte-kohesioa indartzea, kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboak barne hartuta.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek, tokiko erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek.

2.– Baldintza hauek bete beharko dituzte tokiko merkataritza-sozietateek: kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko, eta merkataritza-erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea.

3.– Erakunde onuradun izatera iristeko eta onuradun-egoera horri eusteko, erakundeak beteta izan beharko ditu legezko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak ere.

4.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak.

5.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dituzte betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

6.– Zigor- edo administrazio-arloko zehapen baten ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten entitateek eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean daudenek ezin izango dituzte laguntza hauek eskuratu. Horri lotuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioagatik ezarritako zigor eta debekuak barne hartuko dira.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Deialdiaren zenbatekoa 250.000 eurokoa da (berrehun eta berrogeita hamar mila euro).

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Honako ekintza hauen ondoriozko gastuak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Komunitateko eragileak erakartzea eta osasuna sustatzeko proiektuak egitea ahalbidetuko duten aliantzak ezartzea.

b) Herritarren osasunerako eta ongizaterako interesgarriak diren beharrak, nahiak, arazoak edo gaiak identifikatzea.

c) Komunitateko aktiboak identifikatzea pertsonen eta komunitateen gaitasuna indartzen duten faktore eta bitarteko gisa, osasunari eta ongizateari eusteko (aktiboen mapaketa).

d) Osasuna sustatzeko jarduera zehatzak diseinatu, garatu eta ebaluatzea, herritarren intereseko arlo edo gaietara bideratuta, hala nola jarduera fisikoa, elikadura osasungarria, ongizate emozionala, osasuna eta ongizatea sustatzen dituzten inguruneak eta komunitatearen osasunerako eta ongizaterako garrantzitsuak diren beste gai batzuk.

2.– Honako gastu hauek, berriz, ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Langile-kostuak ordaintzera bideratutako gastuak, langile-egiturak sortzea edo haiei egonkortasunez eustea ekartzen dutenak.

b) Une jakin bateko jarduerak egitea, besterik ez, helburu duten jarduerak edo parte-hartze komunitarioko prozesu batean sartuta ez daudenak.

c) Finantza-gastuak.

d) Inbertsio-gastuak.

e) Administrazio-lizentziak.

f) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.

g) Laguntzaren xedearekin edo jarduera betearaztearekin bat ez badatozenak, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak direnak.

3.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, oro har, oinarrizko legea den aldetik, 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hauek, ematen badira, bateragarriak izango dira helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

2.– Lortutako laguntza guztien zenbatekoen batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, sobera dagoen zenbatekoa kenduko zaio dirulaguntzari.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

1.– Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez du muga hauetako bat ere gaindituko:

a) Eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 75.

c) Proiektu bakoitzeko 8.000 euro.

d) 15.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko, proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero.

2.– Lehen esleipenaren ondoren, muga horiekin deialdi honetarako aurrekontu-zuzkidura agortuko ez balitz, gainerako zenbatekoa honela banatuko litzateke: gehieneko mugak aldatuko lirateke, diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100 arte; proiektu bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa eta erakunde onuradun bakoitzeko 18.000 euroko zenbatekoa. Kopuru hori esleipenean lortutakoari gehituko litzaioke.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabide bat aurkeztuko da proiektu bakoitzeko, eta eskabide bat baino gehiago aurkeztu ahal izango da erakunde bakoitzeko.

2.– Eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira 20. artikuluan adierazitako sarbide zuzenaren bidez.

3.– Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra eta/edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurraldea/probintzia, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak (10. artikuluan daude zehaztuta).

b) Proiektuaren izenburua.

c) Harremanetarako pertsonaren datuak.

d) Proiektuaren deskribapen teknikoa:

1) Zer emaitza edo eragin lortu nahi den osasuna sustatzeko jardueren bidez.

a) Jokabide indibidualak aldatzea, osasuna hobetzeko.

b) Pertsonen ingurune fisikoen, sozialen eta kulturalen baldintzak aldatzea, ongizatea eta osasuna sustatzeko.

c) Erabaki osasungarriak hartzea errazten duten arauak eta politikak aldatzea.

2) Ekintza-planarekin lortu nahi diren helburuak.

3) Ekintza Plana Zelan jokatuko den helburuak lortzeko:

– Zer ekintza egingo diren.

– Zeinek eramango dituen aurrera.

– Zelan ezarriko diren.

– Noiz eta zenbat denboraz. Denbora-plangintza (kronograma).

4) Nola ebaluatuko den proiektua (Ebaluazio-proposamena):

– Ekintza Plana. Zer sistema erabiliko den jarraipena egiteko.

– Zer sistema erailiko den ezarritako helburuak lortu diren baloratzeko.

5) Zabalkunde-plana (hitzaldiak, partaidetza sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, hedabideetan publizitatea egitea).

e) Proiektuaren partaidetza-maila deskribatzea:

1) Proiektua diseinatzeko fasean.

2) Proiektua ezartzeko fasean.

3) Proiektua ebaluatzeko fasean.

f) Proiektua garatzean ekitate-ikuspegia aplikatzea.

g) Jarduera gauzatzeko epea.

h) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, proiektuaren finantzaketa-iturriak eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuk.

i) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.

4.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Onespen-akordioa, hau da, eskatu den dirulaguntzaren xede den jarduerari onespena ematen diona, batetik, eta proiektu osoa egiteko aurrekontu-partida, bestetik.

b) Proiektuan parte hartu izana justifikatzen duen azalpen-dokumentazioa, inplikatutako eragileek sinatua. Agiri horrek honako hauek jaso beharko ditu: proiektua egiteko konpromisoa jasotzen duen agiria/akta, eragileak eta jardueren kronograma.

c) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gain, jarduera gauzatuko den udalerriko edo udalerrietako osoko bilkuraren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori erakunde horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.

d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 15ean amaituko da.

2.– Proiektu bakoitzeko, eskabide bat aurkeztu behar da.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 20. artikuluan adierazia).

4.– Eskabidea aurkezten duenak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:

a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20 artikuluan aipatutako ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.

5.– Erakunde eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar ditu. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidean datuak falta badira edo nahitaezkoa den agiriren bat falta bada, Administrazioak hamar egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko duela eskabidean atzera egin duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan (zeinak lotura baitauka 21. artikuluarekin).

10. artikulua.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.

Erakundeak, eskabidearen bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, azken horrek dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskabidean ez badu berariaz aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigorrean. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erakundearen erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen ditu:

1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.

3.– 38/2003 Legearen 13.2 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.

4.– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik edo Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetatik. Halakorik eskatu edo jaso bada, kopurua adierazi behar da.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan izapidetzen hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura identifikatzea.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.

Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, erakunde eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela –hala badagokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin dela aurkeztu xede bereko beste prozedura batera; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esango.

a) Proiektuaren deskribapen teknikoa. 40 puntu, gehienez.

1) Proiektu honen bidez zer lortu nahi den (azken emaitza, eragina, proiektuak zer bilatzen duen): 8 puntu, gehienez.

a) Osasuna eta ongizatea hobetzeko prozesuetan ekintza indibidual eta kolektiboko gaitasunak sustatzea (pertsonak gaitzeko informazioa ematea eta ezagutzak transmititzea): Puntu 1.

b) Pertsonen ingurune edo giro fisiko, sozial eta kulturalen baldintzak hobetzea, ongizatea eta osasuna sustatzeko. Laguntza areagotzea, oztopoak kentzea, aukerak sortzea, baliabide teknikoak areagotzea: 3 puntu.

c) Arauak eta politikak egokitzea, erabaki osasungarriak hartzen laguntzeko: 4 puntu.

2) Ekintza-planaren bidez zer helburu lortu nahi diren: 6 puntu, gehienez.

a) Aipatzen baditu: 2 puntu.

b) Azaltzen baditu (zehatz-mehatz adieraziz zer, zeinek, noiz edo zenbat diren neurgarriak, errealistak eta eskuragarriak): 4 puntu.

3) Ekintza Plana. Zelan jardungo den helburuak lortzeko: 20 puntu, gehienez.

a) Zer ekintza egingo diren: 6 puntu.

b) Zeinek eramango dituen aurrera: 6 puntu.

c) Zelan ezarriko diren: 6 puntu.

d) Noiz eta zenbat denboraz. Denbora-plangintza (kronograma): 2 puntu.

4) Zelan ebaluatuko den proiektua (ebaluatzeko proposamena): 6 puntu, gehienez.

a) Proposamenak Ekintza Planaren jarraipen-sistema bat zehazten du: 3 puntu.

b) Proposamenak sistema bat zehazten du planteatutako helburuak lortu diren baloratzeko: 3 puntu.

b) Proiektuaren partaidetza-mailaren deskribapena. 40 puntu, gehienez.

1) Proiektuaren diseinu-fasea: 10 puntu gehienez.

a) Toki-administrazioko sailen partaidetza: Puntu 1.

b) Beste erakunde eta zerbitzu publiko batzuk: 2 puntu.

c) Herritarrak, auzo-elkarteak eta bestelakoak: 4 puntu.

d) Fase honetan parte hartzea errazteko baldintzak ezartzen dira (Parte hartzeko oztopoak eta bideratzaileak identifikatzea): 3 puntu.

2) Proiektuaren ezarpen-fasea: 10 puntu gehienez.

a) Toki-administrazioko sailen partaidetza: Puntu 1.

b) Beste erakunde eta zerbitzu publiko batzuk: 2 puntu.

c) Herritarrak, auzo-elkarteak eta bestelakoak: 4 puntu.

d) Fase honetan parte hartzea errazteko baldintzak ezartzen dira (Parte hartzeko oztopoak eta bideratzaileak identifikatzea): 3 puntu.

3) Proiektuaren ebaluazioa: 10 puntu, gehienez.

a) Toki-administrazioko sailen partaidetza: Puntu 1.

b) Beste erakunde eta zerbitzu publiko batzuk: 2 puntu.

c) Herritarrak, auzo-elkarteak eta bestelakoak: 4 puntu.

d) Fase honetan parte hartzea errazteko baldintzak ezartzen dira (Parte hartzeko oztopoak eta bideratzaileak identifikatzea): 3 puntu.

4) Zabalkunde-plana (hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, hedabideetan publizitatea egitea): 10 puntu, gehienez.

a) Hedabideetan: 2 puntu.

b) Komunitateko eragileen bidez: 2 puntu.

c) Egintza publikoen bidez: 2 puntu.

d) Estrategiak ezartzen dira informazioa zailtasun gehien dituzten taldeengana iristea errazteko: 4 puntu.

c) Proiektua garatzean ekitate-ikuspegia aplikatzea: 20 puntu.

1) Proiektua non garatzen den (udalerria, auzoa, mankomunitatea): 10 puntu.

Tokiko MEDEA indizearen arabera, honako puntu hauek esleituko dira:

a) 7. eta 8. dezilak: 8 puntu.

b) 9. eta 10. dezilak: 10 puntu.

c) Gainerako dezilak: 0 puntu.

Zentsu-sekzioaren araberako indize hori helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/contenidos/estadistica/privacion2021/eu_def/index.shtml

Zentsu-sekzio bat baino gehiago duten toki-erakundeetan, batez besteko aritmetikoa egiten da.

2) Proiektuak kontuan hartzen ditu desberdintasun sozialaren ardatzak: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, migrazioa, lurraldea, desgaitasuna, sexu-aniztasuna, eta abar. 10 puntu.

Proiektuak zer jasotzen duen adierazten duen:

a) Desberdintasun-egoeran dauden taldeak lehenesten ditu, eta kontuan hartzen ditu: 3 puntu.

b) Ekitatearen eta osasunaren baldintzatzaile sozialen ikuspegia barne hartzen du: 3 puntu.

c) Proiektua nork eskuratzen duen eta nork ez identifikatzen du (xede-biztanleriaren barruan desberdinkeria nozitzen duen zein taldek eskuratzen eta jasotzen duten proiektua eta zeinek ez): 2 puntu.

d) Desberdinkeria nozitzen duten taldeen partaidetza errazten duten oztopoak identifikatzen ditu: 2 puntu.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek 15 puntu edo gehiago lortu beharko dituzte balorazio-irizpideen a) apartatuan, eta 50 puntu edo gehiago, berriz, guztizko puntuazioan.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea, dirulaguntzak emateko prozedura eta haien kuantifikazioa.

1.– Eskabideak baloratuko dituen balorazio-batzordea honako hauek osatuko dute:

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeburu gisa.

– Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua dutenak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo).

Kide anitzeko organoko idazkari-lanak egingo ditu batzordeburuak batzordekideen artean izendatutakoak.

2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu aurkeztutako eskabide guztiak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein den proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen dirulaguntzaren zenbatekoa, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, edo Balorazio Batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko, betiere.

5.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira.

6.– Honako hau da zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.

b) 11.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 artikuluaren f) apartatuan lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta d) apartatuetan lortutakoa gero. Berdinketa egoten jarraitzen bada, eskabideen sarrera-ordena kronologikoa hartuko da aintzat.

d) Banakako zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ordena hori eta 6. artikuluan aurreikusitako mugak, eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa, 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

e) Hasierako banaketan, gainditu egiten bada erakunde batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.

7.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkion zenbatekoak zehaztu ondoren, Balorazio Batzordeak ebazpen bat proposatuko dio Osasuneko sailburuordeari. Horretarako, akta motibatu eta justifikatua aurkeztuko dio. Ebazpenean, erakunde onuradunak eta proposatutako zenbatekoak adieraziko dira, finantzatu beharreko proiektuen arabera banakatuta, bai eta, hala badagokio, zer proiekturi proposatzen den dirulaguntza ez ematea, erakunde eskatzaileak eta laguntza ukatzeko arrazoiak zehaztuta.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio laguntzen deialdia ebaztea, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren, eskabide bakoitzerako. Diruz laguntzekoak diren erakundeen identitatea eta haietako bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Onartu ez diren dirulaguntzem eskaerei dagokienez, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea 4 hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horrenbestez, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Laguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematiko bat bete beharko da –eskuragarri dago 20. artikuluan zehazten den «Nire karpeta» atalean–.

2.– Justifikazioetan gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Proiektuaren izenburua eta espediente-zenbakia.

b) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:

1) Egindako jardueren deskribapena:

a) Zer ekintza egin diren.

b) Zeinek egin dituen.

c) Zelan ezarri diren.

d) Noiz eta zenbat denboraz. Denbora-plangintza (kronograma).

2) Proiektuaren ebaluazioa:

a) Ekintza Plana. Zer sistema erabiliko den jarraipena egiteko.

b) Planteatutako hasierako helburuak lortu diren baloratzeko sistema.

3) Zabalkunde-plana.

4) Proiektuaren partaidetza-maila deskribatzea:

a) Proiektua diseinatzeko fasean.

b) Proiektua ezartzeko fasean.

c) Proiektua ebaluatzeko fasean.

5) Proiektua garatzean ekitate-ikuspegia aplikatzea.

c) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena; hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.

d) Gastu-egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoa egingo duena, eta honako hauek adierazi beharko dira: dokumentuaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egotzitako ehunekoa. Gastuen egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-erakundeko idazkariarena edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.

b) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopiak, toki-erakundeko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dela faktura, eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

c) Proiektua egin dela egiaztatzen duen dokumentazio osagarria: material grafikoa, bileren aktak edo sortutako bestelako dokumentazioa.

4.– Dirulaguntza onartu aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek jardueren kostu errealak eta diruz lagundutako jardueren barruko kontzeptuak izateaz gain 2023. urtean sortutakoak badira.

5.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2024ko martxoaren 1ean amaituko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.

6.– Dirulaguntzaren egiaztagiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 20 artikuluan azaltzen den moduan.

7.– Gizonen eta emakumeen egoeran duen eraginaren berri izateko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.

8.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, 38/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.

Justifikazio-dokumentazioan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, erakundeari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentazioa aurkezteko hamar egun balioduneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) % 70, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a: proiektua egin izana eta izandako gastua justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte, hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen araudiak (1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua eta 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluak) adierazitako beste batzuk:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia bideratzea horretara.

3.– Eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematean, horren berri ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko baldintzak eta eskakizunak bete direla justifikatzea.

6.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jardueren mende jartzea.

7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.

8.– Osasun Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan, baita egiten den publizitate guztian ere. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/

9.– Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea emango diote Osasun Sailari, doan eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen bide oro baliatuz.

10.– Euskadi Aktiboa plataforman proiektuaren ondoriozko jarduerak ikusaraztea, puntualak ez badira, bai eta proiektuan inplikatutako eragile/baliabide komunitarioak ere. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Erakunde bati laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

1.– Gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo txikiagoa bada eta betiere hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

2.– Aurkeztutako aurrekontuarekiko beheranzko desbideratzea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, soberan jaso duten zenbatekoa itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko ikusten dituen alde guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapideak.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskaera-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0088615.

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu delako adierazpenak berekin dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra, gehi dirulaguntza-arloan aplikatzeko den berandutze-interesa (ordainketaren egunetik itzulketa-ebazpena eman den datara artekoa).

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen duenean (bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera). Kasu horretan, lortutako soberakinera mugatuko da itzulketa, dagokion berandutze-interesa gehituta.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren 18. artikuluko baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, erakundeak egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du sekula eragin jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere.

Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzen badira, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, behar diren izapide prozesalak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeak eta itzulketak, eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

6.– Itzulitako diru kopurua diru-sarrera publikotzat hartuko da ondorio guztietarako.

22. artikulua.– Datuen babesa.

Datuak babesteko ordezkariak Tratamendu Jardueren Erregistroan aurreikusitako «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerarako prestatutako klausuletan oinarrituta, ezartzen da datu pertsonalak tratatu egingo direla eta Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa:

– Arduraduna: Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Xedea: Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: bankuak eta kutxak; ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; autonomia-erkidegoko bestelako organoak.

– Eskubideak: datuak eskuratzea, zuzentzea eta ezabatzea, baita informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.

– Informazio osagarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml

Datu-babesari buruzko arauak:

– 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduerak honako xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 27a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala