Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2023ko uztailaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3565

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 3koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Topoaren saihesbideko instalazio elektrikoen eta ekipoen proiektua».

Aurreko Etxebizitza, Garraio eta Herri Lan Sailak ETSri eskatu zion zehazteko Donostialdean dauden trenbideak errendimendu altuko lurpeko sistema bihurtzeko egin beharreko lanak.

Premisa horri jarraikiz, 2009ko urrian ETSk Donostiako Metroaren azterlan informatiboa idazteko kontratua adjudikatu zuen. Kontratuaren barruan lanak zenbait azterlan independentetan banatu ziren:

– Donostiako Metroaren funtzionaltasunaren eta eskariaren azterlana.

– Lugaritz-Anoeta tartearen azterlan informatiboa.

– Loiolako erriberetako intermodalaren azterlan informatiboa.

– Irun-Hondarribia tartearen azterlan informatiboa.

Bideragarritasun ekonomikoa eta soziala, batetik, eta bideragarritasun funtzionala eta teknikoa, bestetik, frogatu ondoren ETSk azterlan Informatiboan zehaztutako soluzio teknikoa garatzen zuten eraikuntza-proiektuak idazteko lanak enkargatu zituen: Lugaritz-Kontxa tartekoa eta Kontxa-Morlans tartekoa.

Ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak erabaki zuen Lugaritz eta Morlans arteko trenbide berriaren oinarrizko diseinua berriro planteatzea. Aldaketa horretarako Lugaritz-Easo tartearen azterlan informatibo berria egin behar zen. 2015eko otsailean amaitu zen.

2017an IDOMek tarteko instalazio elektrikoen eta ekipoen proiektua idatzi zuen ETSrentzat.

Oraingo proiektua haren berrikuspena da, instalazio elektrikoak eta ekipoak Topoaren saihesbidearen trazaduran, geltokietan eta larrialdi-irteeretan egindako aldaketetara egokitzeko egindakoa.

Proiektua idaztearen xedea da Topoaren saihesbide berriko Lugaritz-Easo tarteko instalazio elektrikoak eta ekipo elektromekanikoak instalatzeko eta abian jartzeko behar diren lanak zehaztea eta balioestea.

Horrez gain, irismenaren barruan zenbait jarduketa ezartzen dira ETSren 13,2 kV-ko sare propioan sartzeko Errekaldeko tunelaren, Añorgako tunelaren eta Añorgako geltokiaren egungo transformazio-zentroak, eta 13,2 kV-ko sarea Loiolako egungo geltokiaren transformazio-zentroraino luzatzeko.

Ez dira proiektu honen xedeak, besteak beste, geltoki bakoitzeko sarbide mekanizatuko ekipoak –eskailerak edo/eta korridore mekanikoak eta igogailuak– hornitzea eta instalatzea, ezta Lugaritz-Easo tarteko ticketinga ustiatzeko ekipamendua ere. Horretarako berariazko proiektuak egingo dira.

Proiektua burutzeko aurrekontua hamabi milioi bederatziehun eta laurogeita bost mila zortzi ehun eta laurogei euro eta berrogeita hamazazpi zentimokoa da (12.985.880,57 euro). Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hemezortzi milioi seiehun eta laurogeita hemezortzi mila hirurehun eta hirurogeita bederatzi euro eta berrogeita bi zentimokoa dela (18.698.369,42 euro), BEZ barne.

Obrak burutzeko epealdia hogeita bi (22) hilabetekoa da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak ezarritako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez gauzatzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu. Halaber, proiektua maila formalean berrikusi dute eta berretsi dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean beharrezko dokumentuez ezarritakoa, baita eta indarreko araudian horien edukiaz, sinadurez eta alderdi formalez, beharrezko kalkulu-oinarriez eta hipotesiez ezarritakoa eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokiona ere.

Organo honek eskumena dauka trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatzen denaren arabera.

Azaldutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Topoaren saihesbideko instalazio elektrikoen eta ekipoen proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, hemezortzi milioi seiehun eta laurogeita hemezortzi mila eta hirurehun eta hirurogeita bederatzi euro eta berrogeita bi zentimokoa da (18.698.369,42 euro), eta obrak egiteko epealdia hogeita bi (22) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar honako hauek adieraztea: obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla, okupazioa beharrezkoa dela, eta eraikuntza-proiektuaren eranskinean zerrendatuta dauden eraginpeko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean. Beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari jakinarazpenaren edo argitalpenaren biharamunetik hilabete igaro baino lehen. Errekurtsoaren idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali dakioke.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi (2) hilabeteko epean. Nolanahi ere, aurretik errekerimendua egin ahal izango da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezartzen den moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 3a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala