139. zk., 2023ko uztailaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (580 KB - 37 orri.)
- EPUB (411 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3563
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita batez ere langabeei zuzendutako euskarazko prestakuntza-eskaintza (2023-2024) finantzatzeko dirulaguntza-deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2023ko uztailaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, 2023-2024ko dirulaguntza-deialdia onartu du batez ere langabeei zuzendutako euskarazko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak finkatutako testuaren arabera), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea zer dirulaguntza-deialdi egiten den batez ere langabeei zuzendutako 2023-2024an euskarazko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du, 2023ko uztailaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, eta ebazpen honen eranskin gisara jaso da.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartutako erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Jakinaraztea ezen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 14a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
ERANSKINA
BATEZ ERE LANGABEEI ZUZENDUTAKO EUSKARAZKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA (2023-2024) FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN
Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen dituen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa da Lanbide Heziketaren sistemetako bat enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko (hurrenez hurren), prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta ezertan eragotzi gabe Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntza-deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan, zeinak maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi baitziren. Enplegurako Lanbide Heziketaren ekimen nagusietako bat da langabeei prestakuntza eskaintzea.
2022ko martxoaren 22an egin zuen bilkuran, Euskal Legebiltzarreko Mahaiak agindu zuen Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara eman daitezela Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeak Euskararen Agenda Estrategiko 2021-2024ren inguruan onartutako ebazpenak, eta adierazi zuen: «Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio bere ekimena baliatu dezala Lanbidek ematen dituen prestakuntza-ikastaroetan eta martxan jar dezala plan pilotu bat euskarazko prestakuntza-ikastaroak ezarriz, hartara lanean beharrezkoak diren komunikazio-gaitasunak landuko baitira, migratzaileei eta desabantaila-egoeran dauden ikasleei testuinguru elebidunetan lan egiteko gaitasun komunikatiboak garatzeko aukera emanez. Bereziki zaintza eta zerbitzuen sektorean.»
Enplegurako Lanbide Heziketa funtsezko tresnetako bat da langileei benetan laguntzeko lan-merkatuan laneratzen, eta langileen enplegagarritasuna hobetzen. Testuinguru horretan, akordio honen arabera finantzatzen diren prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeek euskarazko prestakuntza-eskaintza zabala izango dute, lanerako behar diren komunikazio-konpetentziak landuko dituena, eta aukera emango diena bereziki ikasle migranteei eta desabantaila-egoeran daudenei komunikazio-konpetentziak garatu, eta testuinguru elebidunetan lan egiteko; batez ere, zaintza-arloko sektorean eta zerbitzu-sektorean; izan ere, sektore horretako interrelazioak beharrezkoa egiten du euskaraz sarri egitea.
Euskarazko prestakuntza-deialdia sartuta dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratu da, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean eta Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2022ko abenduaren 21ean egin zuen bilkuran. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Dirulaguntzen Plan Estrategikoak honako hau jasotzen du 2. helburu estrategikoan: «Ekoizpen-sistemara moldatzen den enplegu erresilientea». Era berean, 2.2 gako estrategikoa jasotzen da: «Trebakuntza eraginkorragoa eta gure ekoizpen-sarearen beharretara hobeto moldatzen dena, bai gaitasun profesionalak eta baita zeharkakoak garatzen dituena».
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2023ko uztailaren 13an egindako bilkuran, dirulaguntza-deialdia onartu du, 2023-2024 urteetako euskarazko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko, zeina batez ere langabeei zuzentzen baitzaie, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, eta baldintza hauetan:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea da laguntzak arautzea 2023-2024 ekitaldian euskaraz emango diren prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzenduko zaizkienak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 500.000 euro dira: haietatik 250.000 euro 2023ko ordainketa-kreditukoak dira, eta 250.000 euro, berriz, 2024ko konpromiso-kreditukoak.
3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatuta egon daitezke, osorik edo zati batean, EGF+ Euskadi 2021-2027 programaren esparruan.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan ahalko dira prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, baldin eta dirulaguntza argitaratu baino lehen akreditatuta edo/eta inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan.
Deialdi hau argitaratu baino lehen, egiaztatu behar da, halaber, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak ematen direla dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruan. Gainerako prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeak inskribatuta egon beharko du eskabidea aurkezten den unean.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek baliabide materialak eta pertsonalak eduki beharko dituzte, zeinak beharrezkoak baitira dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko, edo konpromisoa hartu beharko dute haiek izateko dirulaguntza adjudikatu ondoren, prestakuntza-jarduerak hasten direnean. Ez dago baimenduta prestakuntza-jarduera azpikontratatzea. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea prestakuntza emateko. Instalazio eta baliabide horiek norberarenak izan daitezke, edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoenak; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.
Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.
3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du ea beteta dauden zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak espresuki aurka egin diezaioke egiaztatze horri, baina, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu frogatzeko eskakizun hori betetzen duela.
b) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharra.
c) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:
– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, lege hauetan ezarritakoaren arabera: Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.
– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat ezarrita izatea, aurreikusten dena Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan.
d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, barnean harturik Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa horretara behartuta egon Estatuaren araudiaren arabera.
– 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
e) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, ez izatea beteta epeak, aurreikusten direnak Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago e) apartatuari buruzko baldintza egiaztatzeko, galdu-irabazien kontu laburtuak aurkez ditzaketen sozietateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute. Gainerakoek, berriz, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko auditore batek egindako egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
3. artikulua.– Prestakuntza-plana eta diruz lagun daitekeen jarduna.
1.– Prestakuntza-plana da prestakuntza-ekintzen multzo bat, antolatzen dena parte hartzen duten pertsonen konpetentzia-beharrei erantzun, eta haien enplegagarritasuna hobetzeko.
2.– Prestakuntza-planak dirulaguntzaren xede izan ahal izango dira, baldin eta bat badatoz prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateekin edota enplegurako garrantzitsuak diren beste batzuekin, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko espezifikoak baitira.
3.– Honela sailkatzen dira programa daitezkeen prestakuntza-ekintzak:
a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.
b) Prestakuntza egiaztaezina edo inskripziokoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko. Bi motatakoak izan daitezke:
b.1.– Kualifikatzen ez dutenak; hauetan ere bi multzo daude:
b.1.1.– Baztertuta gelditzeko arrisku handian dauden pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak. Ekintza hauek aukera ematen dute konplexutasun handiagoko beste prestakuntza-prozesu batzuk arrakasta edukitzeko ziurtasunarekin hasteko beharrezkoak diren oinarrizko konpetentziak, jarrerak eta ezagutzak hobetzeko, eta horrela enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzen dira. Ekintza hauetan laneratzeko proiektu integralen garapenean oinarritutako metodologia aktiboak aplikatzen dira. Deialdi honen ondorioetarako, 0 mailako prestakuntza-ekintza egiaztaezinak izango dira.
b.1.1 apartatuan aipatzen diren ekintzak irabazteko asmorik gabeko prestakuntza-entitateek emango dituzte; entitate horien xede edo helburu sozial edo fundazionaletako bat gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak laneratzea izan behar da. Hori dela-eta, irabazteko asmorik gabekotzat joko dira eratze-eskrituretan edo estatutuetan ezartzen dutenak ekitaldi bakoitzean gertatzen diren mozkinak edo soberakinak entitatearen xede sozialerako edo beraren ekoizpen-egiturak edota gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko egiturak hobetzeko edo zabaltzeko erabili behar direla.
b.1.2.– Oinarrizko konpetentziak eta zeharkako konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Hau da:
– Zeharkakoak: hizkuntzen, osasunaren, lan-arriskuen, ingurumenaren, kalitatearen, ekintzailetzaren, ofimatikaren, informazioaren teknologien eta komunikazioaren gaineko zeharkako ezagutza-eremuekin lotutako konpetentziak (arrakala digitala murrizten laguntzen dutenak) eta enplegu-eskatzaileentzat esanguratsuak izan daitezkeen bestelakoak eskuratzeko helburua izango dute.
– Gako-konpententziak: ekintza hauen helburua izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea titulazio akademikorik ez duten edo profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratzeko prestakuntza-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek aukera eduki dezaten profesionaltasun-ziurtagiri bat edo horien moduluak ikasteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: 2. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, batetik, eta kualifikazioko 3. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, bestetik.
b.2.– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: Kualifikazio Profesionalen Katalogo Nazionalarekin lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horien xedea da produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak asetzea edota aurreikustea, batez ere sektore berritzaileenak edota enplegu-aukera onenak dituztenak garatzeko kualifikazio-beharrak eta berariazko erregulazioak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrak (lanbide-txartelak).
4.– Prestakuntza-hizkuntza.
Prestakuntza-ekintzak euskaraz eman beharko dira.
5.– Prestakuntza-modalitatea.
Prestakuntza-ekintzak aurrez aurre eman beharko dira.
Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkiotenean, edozein direla ere erabilitako baliabide didaktikoak.
6.– Prestakuntza-planak egikaritu behar dira dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2024ko urriaren 14ra bitarteko epean (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanez kanpoko praktikak barne).
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2023ko ekitaldian hasi beharko da, eta, beranduenez, dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen.
7.– Prestakuntza-ekintzak onestean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide-kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Beraz, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiagorekin.
Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:
a) Diruz lagundutako parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik emango.
b) Salbuespen gisa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aurretik baimena emanez gero, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten pertsonentzako prestakuntza-ekintzetan: ekintza horiek 8 parte-hartzailerekin hasi ahal izango dira.
8.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, ez da diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoko modulurik, edo, gainerako espezialitateetan, lanekoa ez den enpresa-praktikarik.
9.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraunaldi osoaren % 25 betetzean, hasi diren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, parte-hartzaileen kopurutzat joko da zenbat pertsona dauden lehen prestakuntza-egunean eta/edo hurrengo egunetan muga-egunera arte (5. saioa profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza-espezialitateetan, eta orduen % 25 egiaztatu ezin den prestakuntzan), eta mugatzat joko da eskabidean onartutako parte-hartzaile kopurua.
4. artikulua.– Prestakuntza-hartzaileak.
Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren prestakuntza-ekintzetan, parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langile langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langile langabeek ere parte hartu ahal izango dute. Langabeen artean, lehentasuna izango dute migratzaileek eta desabantaila-egoeran daudenek, laguntzeko komunikazio-konpetentziak garatzen, eta testuinguru elebidunetan lan egiten.
Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.
Era berean, langile aktiboek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean ebazpenean onartutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 gainditu gabe. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo langile aktibotzat hartzeko, kontuan hartuko da zer lan-egoeratan dauden prestakuntza hasten denean.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Plana osatzen duen prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batuketa izango da prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa.
2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen I. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoen arabera.
Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua–.
Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte inola ere gainditu uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak, eta, Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen kasuan, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan aurreikusitakoak.
Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluak batu, eta emaitza aipatutako araudietan aurreikusitakoena baino handiagoa balitz –edo, hala badagokio, haien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino–, azken horiek aplikatuko dira.
3.– Prestakuntza-erakundeek soilik eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-plan bakar baterako, zeinak jasoko baititu programatu beharreko prestakuntza-ekintzak. Nolanahi ere, prestakuntza-erakunde batek ezingo du inolaz ere 75.000 euro baino gehiago jaso prestakuntza-planagatik, eta ez da onartuko 200 ordutik gorako espezialitate bereko hiru prestakuntza-ekintza baino gehiago, ezta 200 ordutik beherako espezialitate bereko lau prestakuntza-ekintza baino gehiago ere.
Erakunde bakoitzari esleitu beharreko zenbatekoaren gehieneko muga hori handitu ahal izango da aurrekontua 8.5 artikuluan aurreikusitako moduan agortzen ez bada.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).
Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/
Honako helbide honetan eskuratu daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena: https://www.euskadi.eus/servicios/1201003
2.– Dirulaguntza-eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
2.1.– Oro har, prestakuntza-planetarako eskatzen den laguntza, prestakuntza-plan hori.
2.2.– Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:
a) 9. artikuluaren A.3 eta A.4 atalean aurreikusitako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikuluan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia.
b) 9. artikuluaren B apartatuan (B.1, B.2 eta B.3) eta D.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: ziurtagiria aurkeztu beharko da, enplegurako lanbide-heziketako arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoarena, eta prestakuntza-espezialitateko esperientzia egiaztatzen duena, III. eranskinean jasotako ereduaren arabera; LanF aplikaziotik ere atera daiteke eredua. Ziurtagiriak II. eranskineko ereduari jarraitu ahal izango dio, edo beste formatu bat izan, baina, kontuan har dadin, eredu horretan ezarritako eduki guztiak jaso beharko ditu.
3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Dirulaguntza-eskabidean jasotzen denean prestakuntza-planak profesionaltasun-ziurtagiri osoa emango dela, erakundeak baimena eman ahal izango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, azkenean dirulaguntza jasotzen badu, profesionaltasun-ziurtagiria hainbat prestakuntza-ekintzatan eta modulutan bereiz dezan, etengabeko ikaskuntza sustatzeko, 13.2 artikuluan ezartzen den bezala.
5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, hutsune edo akatsa konpontzeko, edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, ulertuko da eskabideari uko egiten diola, horretarako ebazpena eman eta gero.
6.– Eskabideak aurkezteko epealdia deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 11n amaituko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.
2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka konkurrentziakoa izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.
Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzari banakako balorazioa egingo zaio.
3.– Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, balorazio-batzorde tekniko bat eratuko da. Batzordea pertsona hauek osatuko dute, eta, haiek ez badaude, ordezkoek:
Batzordeburua:
– Juan Carlos Ibarrola Sáenz de Ugarte, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria.
Idazkaria:
– Aitziber Leturiaga, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.
Bokal titularrak:
– Eduardo Campo Guillerna, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko koordinatzailea.
– Laura Lapeyra Lasa, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.
Ordezko bokalak:
– Amaia Alonso Bikuńa, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.
Amaia Sáez Ortiz de Zárate, Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko teknikaria.
Ebaluazio-batzordea balio osoz eratutzat joko da batzordeburua eta idazkaria (edo, kasua denean, haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzen direnean.
Batzordeburua ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeran.
Idazkaria ez badago, bokaletako bat izango da batzordeburu, arestian aipatutako hurrenkeraren alderantzizkoan.
4.– Behin egiaztatuta eskabideek betetzen dituztela deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak, ebaluazio-batzordeak baloratuko ditu, kontuan hartuz zer irizpide ezartzen diren 9. artikuluan; gero, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, aintzakotzat hartuz zer sistema arautzen den 8. artikuluan laguntza zehazteko, barnean hartuz zer ekintzetarako proposatzen den behin-behinean onartzea edo ukatzea.
Behin-behineko ebazpen hori jakinarazteko, argitara emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus), eta 5 egun baliodun emango dira entitateek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabideari uko egin diezaioten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.
Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez du inolako eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako erakundeen alde.
5.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, ebazpena emateko organo eskuduna baita.
6.– Behin betiko ebazpenak jasoko du zer prestakuntza-ekintzari emango zaien dirulaguntzaren bat eta zenbatekoa izango den dirulaguntza hori, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, bai eta zer prestakuntza-ekintzari ukatzen zaien dirulaguntza eta zein diren ukatzeko arrazoiak; hori guztia, berriz, prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus). Erakundeek 5 egun balioduneko epealdia edukiko dute LanF aplikazioaren bidez modu telematikoan adierazteko ea prestakuntza-plan osoa onartzen duten, edo uko egiten dioten. Epe horretan ezer adierazten ez badute, ulertuko da dirulaguntzari uko egiten diotela.
7.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epealdia sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epealdi horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, ulertuko da eskabidea ezetsi dela.
8.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
9.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea edozein itzulera- edo zehapen-prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasi dena eta oraindik izapidetzen ari dena.
10.– Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean berariaz adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsetik datorrela, EGF+ Euskadi, 2021-2027 programaren esparruan.
11.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.
8. artikulua.– Laguntza zehaztea.
1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6.5 artikuluan ezarritakoaren arabera zuzentzeko epealdia amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta, horrela, eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da. Aurkeztutako ekintzen eskabideak, bestalde, puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.
2.– I. eranskinean aurreikusitako modulu ekonomikoak aplikatuko dira zehazteko zenbateko dirulaguntza eman behar zaion prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzari.
3.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoak batu egingo dira jakiteko zein den prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.
4.– Prozesuan, kontuan hartuko da zer dirulaguntza-muga ezartzen diren 5.3 artikuluan erakunde eskatzaileentzat.
5.– Dirulaguntzak emateko, balorazio teknikoko fasearen ondoriozko ekintzen lehentasun-ordenari jarraituko zaio harik eta aurrekontua agortu arte.
Kreditu erabilgarri nahikoa ez dagoenean, lehentasun-hurrenkerari erreparatuko zaio, eta, hurrenkeran aurrean dagoen eskaera bati dirulaguntzarik ematen ez bazaio, ezin izango zaie ezer eman atzerago daudenei.
6.– Berdinketarik gertatuz gero, lehentasuna izango du 9. artikuluan ezarritako irizpide hauetan puntuazio handiena lortu duen eskaerak: B.1, B.2, B.3.1, B.3.2 eta A apartatua. Berdinketak bere horretan badirau, lehentasuna izango du pertsona prestatu gehien dituenak, B.3.1 irizpidean jasoak, eta, azkenik, B.3.2 irizpidean jasoak.
9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
Eskatzen diren prestakuntza-ekintzak baloratzeko, kontuan hartuko dira jarraian arautzen diren irizpideak (II. eranskinean zehazten dira):
Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, kontuan hartzen dira langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak, eta ez da kontuan hartzen beste deialdi zehatzagorik, hala nola kontratazio-konpromisoa duen prestakuntza, proiektu bereziak, kualifikazio baxuko gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza, etab.
Irizpide guztiak aintzat hartzen dira prestakuntza-entitate mailan; hau da, batera aztertzen da zein diren prestakuntza-entitatearen maila bereko prestakuntza-zentroen datuak. Eskatzailea sozietate-talde bateko kidea bada, kontuan hartuko da zein den taldeko erakundeen jarduna, eta halakotzat joko da bat datorrena 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin, edo bat datorrena Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate-taldearen definizioarekin.
A) Prestakuntzaren kalitatearen eta eraginaren adierazleak langabeentzako 2017ko, 2018-2020 eta 2020-2022ko lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan, eta zer konpromiso duen entitateak kalitatearekin eta euskararekin. Gehienez ere, 54 puntu.
Horren xedea da baloratzea zer kalitate lortu zen enplegurako lanbide-heziketako 2017 eta 2022 bitarteko eskaintzaren deialdian langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean, bai eta zer eragin lortu duten enplegagarritasunaren eta laneratzearen aldetik ere, eta zer konpromiso duen erakundeak kalitatearekin.
A.1.– Parte-hartzaileen gogobetetze-tasaren batez bestekoa, lanbide-arloaren arabera: gehienez ere, 15 puntu.
Prestakuntza-entitate batek langabeentzako 2018-2020ko eta 2020-2022ko deialdietan eskaintzen duen prestakuntzan emandako prestakuntza-ekintzetan lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batezbesteko haztatua.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz lortuko du adierazle hori bere datu-baseetatik. Prestakuntza-entitate batek ez badu parte hartu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian, 4 puntu emango zaizkio.
A.2.– Enplegagarritasun-indizea lanbide-arloen arabera: gehienez ere, 25 puntu.
Langabeeni 2017 eta 2018-2020 urteetan eskainitako prestakuntza-deialdietan emandako prestakuntza-ekintzek prestakuntza-espezialitate bakoitzean lortutako enplegagarritasun-indizeen batezbesteko haztatua, gehienez 25 puntu.
Tasa hauek osatzen dute enplegagarritasun-indizea:
Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzaren tasa x p3),
Eta hor:
– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: zenbat pertsonek amaitu duten prestakuntza arrakastaz, prestakuntza-jarduera amaitzen duten guztizko parte-hartzaile kopuruaren gainean.
Prestakuntza-ekintza disoziatuak badira, prestakuntzaren emaitza positiboa izango da baldin eta profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzen bada, bai eta prestakuntza-moduluetako bat egiten bada eta horrela profesionaltasun-ziurtagiria lortzen bada. Ziurtagiri osoa egin gabe ere, egindako moduluak gainditzen dituztenek «ama» ekintzan «Amaituta, ez-gai» egoera izango dute, zeren eta prestakuntza moduluka egin daiteke eta ez dute modulurik utzi bertan behera («Amaituta, gai» gainditutako moduluetan eta «Amaituta, ez-gai» «ama» ekintzan, ez baitute profesionaltasun-ziurtagiri osoa gainditu eta ez baitute utzi modulurik bertan behera).
– Besteren konturako laneratzearen tasa: prestakuntza-ekintza amaitu, eta zenbat pertsonek lortu duten sei hilabeteren buruan besteren konturako kontratu bat.
– Parte-hartze anitzeko tasa: prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondoko hamabi hilabeteetan, zenbat pertsonek hasten duten enplegurako bigarren prestakuntza-ekintza bat.
– p1, p2 eta p3, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik, tasa bakoitzari emandako balioak dira.
Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta haien kualifikazio-mailaren arabera. Hain zuzen ere, zenbat eta altuagoa izan espezialitatearen kalifikazio-maila, orduan eta handiagoa da laneratze-tasa, kalifikazioaren araberakoak baitira lanean aritzeko konpetentziak, hau da, lana aurkitzeko aukerak zehazten dituzten konpetentziak. Gako-konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentzien espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzeko tasak pisu handiagoa hartzen du, prestakuntza kualifikazio-emailearen aurreko prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.
(Ikus .PDF)
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz ateratzen du adierazle hori bere datu-baseetatik.
Prestakuntza-erakundeek ez badute eman dirulaguntzaren xede den prestakuntza-espezialitaterik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017 eta 2018-2020 urteetako deialdien babesean, 11 puntu aplikatuko dira.
A.3.– Kalitatearekiko konpromisoa: gehienez ere, 5 puntu.
Entitate eskatzaileek kalitate-arloan lortutako aintzatespenak baloratuko dira, hain zuzen ere batzordeak balorazioa egiten duen egunean indarrean daudenak. Kudeaketa-kalitatearen aitorpenengatik, gehienez 4 puntu lortu ahalko dira; EFQM eredukoak, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistemakoak eta ISO araukoak baino ez dira baloratuko, hauek: EFQM +500 eta altuagoa eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, ISO 9001 eta Urrezko Q, Zilarrezko Q, eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma. Puntuaziorik handiena ematen duen ziurtagiria baino ez da baloratuko.
Puntu gehigarri bana lortu ahal izango da ziurtagiri hauek edukitzeagatik: ISO 14001 ziurtagiria (Ingurumen Kudeaketako Sistemak), ISO 45001 ziurtagiria (Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemak), eta OHSAS 18001 ziurtagiria ISO 45001 ziurtagiria lortzeko aldian.
A.4.– Euskarekiko konpromisoa: Gehienez ere 9 puntu.
Soilik baloratuko dira Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak, 6 eta 3 punturekin hurrenez hurren.
B) Prestakuntza-jardueren ondoriozko kudeaketa-emaitzen adierazleak. Gehienez ere, 20 puntu.
B.1.– Esperientzia prestakuntza-espezialitatea ematen. Gehienez ere, 5 puntu.
Kontuan hartuko da zer esperientzia izan den prestakuntza-ekintzak ematen eskatzen den prestakuntza-espezialitate berean, langabeak edo langile aktiboak prestatzeko 2018-2020 eta 2020-2022 urteetan onetsitako (emandako) deialdietan.
B.2.– Esperientzia lanbide-arloa irakasten. Gehienez ere, 5 puntu.
Kontuan hartuko da zer esperientzia izan den prestakuntza-ekintzak ematen eskatzen den prestakuntza-espezialitateko lanbide-arlo berean, langabeak edo langile aktiboak prestatzeko 2018-2020 eta 2020-2022 urteetan onetsitako deialdietan.
B.3.– Prestakuntza emateko gaitasun egiaztatua. Gehienez ere, 10 puntu.
B.3.1.– Langabeentzako 2018-2020 eta 2020-2022 urteetan onetsitako prestakuntza eskaintzeko deialdietan parte hartu dutenen kopuruaren batezbesteko haztatua: gehienez ere, 5 puntu.
Kontuan hartuko da zenbatek parte hartu duten enplegurako lanbide-heziketako arloan eskumena duten administrazioek langabeak prestatzeko 2018-2020 eta 2020-2022 urteetan onetsi zituzten deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan.
B.3.2.– 2018 eta 2020 bitartean langile aktiboei zuzendutako eskaintza-deialdietako parte-hartzaileen batezbesteko haztatua: gehienez ere, 5 puntu.
Zenbatek parte hartu duten langile aktiboei Enplegurako Lanbide Heziketa eskaintzeko 2018-2020 eta 2020-2022 urteetan onetsitako deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan (prestakuntza amaitu duten guztiak).
B atal honetako irizpideetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onetsitako deialdiei dagokienez, datu hori ofizioz ateratzen da haren datu-baseetatik. Beste administrazio publiko eskudun batzuen (autonomia-erkidegoak edo, hala badagokio, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) deialdien kasuan, erakunde eskatzaileak aurkeztu beharko du ziurtagiria, 6. artikuluko 2.2.b) apartatuan horretarako ezartzen dena.
C) Eman beharreko prestakuntza-espezialitateei lehentasuna emateko adierazlea. Gehienez ere, 14 puntu.
C.1.– Euskarazko hizkuntza-konpetentziekin lotutako prestakuntza-espezialitate bat eskatzea: 7 puntu.
C.2.– Zainketen eta zerbitzuen sektorearekin lotutako lanbide-arloetan sartutako prestakuntza-espezialitate bat eskatzea: 7 puntu.
D) Emakumeak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eskabideak Gehienez 7 puntu.
D.1.– Zenbat emakumek parte hartu duten langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren 2018 eta 2020-2022 urteetako deialdietan, emakume gutxi dauden lanbide-arlo jakin batzuetan: Gehienez ere, 5 puntu.
Emakume gutxi dauden lanbide-arloetan, zenbat eta handiagoa emakumeen ehunekoa, orduan eta positiboagoa balorazioa. Honako lanbide-arlo hauetan emango da balorazio positiboa emakumeen ehunekoa handia izateagatik: NEK, ELE, ENU, EOC, FME, ERI, IFK, IRU, IRS, ELI, ZUA, SEA, GIM.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, datu horiek ofizioz ateratzen dira Lanbideren beraren datu-basetik.
Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak aurkeztu beharko du ziurtagiria, 6. artikuluko 2.2.b) apartatuan aipatzen dena.
D.2.– Desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik prestatzeko eskatzen diren prestakuntza-ekintzak: 2 puntu.
2 puntu jasoko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzen eskabideek.
E) Prestakuntza-ekintza prestakuntza-premietara egokitzea. Gehienez ere, 5 puntu.
2018-2020 eta 2020-2022 urteetako deialdietan prestakuntza-ekintza disoziaturen bat eman zuten erakundeek 2 puntu lortuko dituzte.
Profesionaltasun-ziurtagiri osoak disoziatuta ematea eskatzen duten erakundeek 3 puntu jasoko dituzte.
10. artikulua.– Hautatzea nork parte hartuko duen prestakuntza-ekintzetan.
1.– Hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartuko duten hautagaiak:
a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden pertsona aktiboak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan, aditzera emango da zein diren prestakuntza-ekintzak, zer epe dagoen haietan izena emateko, zer baldintza bete behar duten eskatzaileek sartzeko, eta zein diren prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak.
2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonek Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailetarako. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.
3.– Erakunde onuradunak egingo ditu ikastaroetan parte hartuko duten pertsonen azken hautaketa-lanak, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.
Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo da aurretik, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko, eta ekintza kualifikazio-emaileen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, bat etorriz honako printzipio hauekin:
Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.
Beraren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.
Prestakuntza-zentroko instalazioetan egingo da. Ez da inolaz ere onartuko ezagutza-probatzat telefono bidezko elkarrizketa bat egitea, edo prozedura telematiko baten bidez elkarrizketa bat egitea.
Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.
Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiria bada, ziurtagiri horretako konpetentziaren bat egiaztatua duten pertsonek ez dute egin beharko proba, eta maila bereko edo goragoko mailako lanbide-arlo bereko ziurtagiria dutenek ere ez.
Proba hori LanF aplikazioaren dagokion apartatuan erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.
4.– Honela jokatuko da prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera:
1.a Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera disoziatu gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahalko dute. Nolanahi ere, enplegu eta prestakuntzako bideak errazteko xedez, eta langabeen nahiz lanean ari direnen garapen profesionala eta pertsonala lantzeko xedez, moduluren bat egiaztatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen (Lanbideko teknikariek aldez aurretik baimena ematen badute), baldin eta modulua zeharkakoa bada eta profesionaltasun-ziurtagiriak bere prestakuntza-bidean aurrera egiten badu, lanbide-arlo berean.
2.a Modulutan banatutako profesionaltasun-ziurtagiri bat programatzen denean, 6.4 artikuluaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskaintza bakar baten bidez iragarriko du zein den profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa, poltsa bat sortzeko prestakuntza-bidea osatzen duten ekintzetako edozeinetan parte hartzeko prest dauden hautagaiekin. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren, taldeka elkartuko dira hautagaiak, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Honela egingo da prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen azken hautaketa:
– Profesionaltasun-ziurtagiriaren lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztapen partzial metagarririk ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak izango dira profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak, eta lehentasuna emango zaie lehen prestakuntza-ekintza hori soilik falta zaienei. Parte-hartzaileen bi tipologia horietako batean hautagai nahikorik egon ezean, adierazitako ehunekoa aldatu ahal izango da, eskatzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, lehentasuna izango dute dena delako ekintzaren aurreko modulua bukatu, eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek. Haien ondoren, lehentasuna izango dute prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik falta duten pertsonek, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Azkenik, gainerako pertsonak sartuko dira, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta lehentasuna emanda profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei.
3.a Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, prestakuntza-ekintzan parte hartzeko lehentasuna izango dute egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Haien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.
4.a Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, emakumeek izango dute lehentasuna. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira familia profesional hauetako prestakuntza-ekintzak: NEK, ELE, ENU, EOC, FME, ERI, IFK, IRU, IRS, ELI, ZUA, SEA, GIM.
5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko apartatuan deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:
1.a Lehenik eta behin, migratzaileak eta desabantaila-egoeran daudenak.
2.a Bigarrenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona hauek:
– Kualifikazio-maila baxua dutenak.
– 30 urtera arteko gazteak, luzaroan langabezian egon diren pertsonak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.
– Gizarteratzeko Errenta Aktiboren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.
– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
– Ondorio horietarako, langabetzat joko dira arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak.
– Krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzea xede duen Aukeraberri programan parte hartzen dutenak; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.
Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportzioz berekoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere, ahal dela, emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira.
3.a Hirugarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.
6.– Pertsona aktiboek, lehentasunezkoak ez direnez, plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute, baldin eta ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen langabe nahikorik ez badago.
7.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin baldin eta ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.
8.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuz zer jarraibide ematen dituen berariaz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.
9.– Prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan jarri beharko dute hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Han, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.
Aurrekoa gorabehera, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei jakinarazteko ikastaroetan parte hartuko dutela.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagunduko dituzte.
2.– Eusko Jaurlaritzak poliza bat sinatuko du ikasleen istripu eta erantzukizun zibila estaltzeko haiek ikastaroetan parte hartzen dutenean eta, hala dagokionean, enpresan prestakuntza praktikoa jasotzen dutenean, eta haietara joan-etorrietan dabiltzanean.
3.– Lehen eskola-egunean, parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, eta jaso izanaren dokumentua sinatu beharko dute.
4.– Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta segitu beharko dute prestakuntza-ekintzei etekina ateratzen. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, baina honako kasu hauek salbuespena izango dira: enplegua aurkitu badute, eta horrek galarazten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren barengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.
12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Hilean, hirutan baino gehiagotan huts egitea ezer justifikatu gabe.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua zein justifikatu gabea.
c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo jokabide desegokia izatea, eragozten duena ekintza behar bezala egitea; osasun- eta higiene-arauak barne.
2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia emango du. Erabaki horretan, aditzera eman beharko da zerk eragiten duen ikaslea baztertzeko proposamena; ikasleak, berriz, bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak, gehienez ere, hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkeztu daitekeen.
Asteren batean parte-hartzaileren baten huts-egiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabe hirutan baino gehiagotan huts egiten badu hilabetean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako huts-egiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), aztertu ahal izango da ea pertsona horrek aukerarik duen geratzen den modulua egiteko.
Parte-hartzaileren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta egiaztatzea zer konpetentzia lortu den.
1.– Dirulaguntzaren onura jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta erakunde autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (Lan-F) baliatu beharko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), geroago aldaketak gertatu direla (gertatu eta berehala), eta amaitu dela. Halaber, parte-hartzaileen asistentzia kontrolatuko du. Oro har, eta aurkako jarraibiderik eman ezean, gehienez ere 7 egun balioduneko epealdiaren barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi baldin eta Lanbidek ez badu aurretik LanF aplikazioan baimentzen Hasierako komunikazioa.
2.– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa emateko dirulaguntzarik emanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagirian jasotako moduluak bereizi ahal izango ditu bezainbeste prestakuntza-ekintzatan, baldin eta dirulaguntzaren eskabidean jasota badago entitateak horretarako baimena eman duela, 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.
– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.
– Modulu bat hasten duten pertsonei bermatu behar zaie modulu guztietan parte hartuko dutela, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.
Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta haietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, 10.4.2 artikuluan araututako hautaketa-prozesuaren arabera.
– Erakundeak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, baldin eta modulu horiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen badute.
3.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaile-fitxategian sartuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
4.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta bermatzen bada ikasle guztiek baldintza berak izango dituztela. Baimena emateko, egiaztatuko da ea erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, horrez gain, egiaztatuko da zenbat parte-hartzailek eskatu duten.
5.– Langile langabeek ezingo dute 8 ordu baino gehiago eman egunean prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astebeteko guztizko iraupenak ezingo du 40 ordutik gorakoa izan. Muga horien barruan daude, hala egokitzen denean, bai profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean lantokietan egiten den prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, bai profesionaltasun-ziurtagiriei ez dagozkien ekintzen praktiken orduak.
6.– Prestakuntza-entitateek ahaleginak egingo dituzte prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzeko, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak, ikasleek aukera izan dezaten prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko.
Behin prestakuntza-ekintza hasiz gero, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-erakundeak ezin izango du eten aldi baterako, ezinbesteko kasuetan izan ezik, zeinak behar bezala justifikatu beharko baitira, eta Lanbidek onartu beharko baititu.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta anomaliak hautematen badira nabarmen eragiten dutenak prestakuntza emateko ohiko garapenean.
7.– Ikastaroaren hasieran, erakunde onuradunek gutxienez material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten guztiei:
– Espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan.
– Idazmahaiko materialak, ikastaroa behar bezala egiteko behar dena.
– Beharrezkoak diren babes-elementuak.
Era berean, ikasleei azalduko diete zer eskubide eta betebehar dituzten, bai eta zein diren kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere, 11. eta 12. artikuluetan arautzen baitira.
8.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordeztea, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jardueren kasuan; kasu horretan, soilik onartuko da ordeztea baldin eta prestakuntza-jarduera hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan ordezten bada eta, betiere, ehuneko hori gainditu ez bada.
Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara gai izan daitezen eragozpenik jarri gabe ikastaroa normaltasunez jarraitzeko, eta hari etekina ateratzeko. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, bermatzeko ikasleek gutxieneko maila bat dutela prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko.
9.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, eta ondo zehaztuta zergatik gertatu diren gertaera horiek.
10.– Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan, gutxienez, honako datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta zenbat prestakuntza-ordu jaso dituen ikasleak guztira.
11.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten dituen modulu guztiak ebaluatuko dira, egiaztatzeko zein diren ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, ea eskuratu diren konpetentzia profesionalak.
Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, zer data aurreikusten diren modulu guztiak egiteko, zein tokitan egingo diren, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denboran aplikatuko diren (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak izango dira haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikoei dagozkienak; horrela, osotasunean, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.
Konpetentzia-unitateak egiaztatzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» direla frogatuta.
Prestatzaileek dokumentuen bidez islatuko dituzte txosten batean zer emaitza lortu duten ikasleek prestakuntza-modulu guztietan, eta bertan bilduko da nola moldatu den ikasle bakoitza aplikaturiko ebaluazio-tresnetan: zer zuzenketa egin zaion eta zer puntuazio lortu duen (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).
Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».
Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitartean, prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek batera egingo dituzte ikasleen jarraipena eta ebaluazioa. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.
Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, osorik burutu badute.
Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, asistentzia-ziurtagiri bat emango zaio, eta, hala dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak, edo ziurtagiri bat adierazten duena zer prestakuntza-unitate gainditu dituen prestakuntza-modulu baten barruan.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:
• Ikastaldia hasi aurreko 7 egun balioduneko epearen barruan:
– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da).
– Zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zer euskarri erabiliko diren zuzentzeko eta puntuatzeko.
• Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epearen barruan:
– Ikasleen emaitzak biltzen dituzten dokumentuak LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).
– Ebaluazio-aktak betetzea.
12.– Dirulaguntzen prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, ez da azpikontrataziotzat hartuko onuradunak irakasleak kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza-ekintza emateko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.
14. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta, berandu jota, prestakuntza-ekintza amaitu, eta 2 hilabeteren buruan hasi beharko dira. Epealdi hori, bestalde, 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du.
2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:
– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek ez direla nahikoak, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.
– Prestakuntza-erakundeek aurreikusi beharko dute ezen ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen % 100ek egin beharko duela lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa, ikasten den moduluarekin lotutako lanetan (salbuespena: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).
– Lanbide-praktikak, ahal dela, gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, baldin eta aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira; horrela, lanbide-praktikak, beranduenez, azken prestakuntza-modulua amaitu, eta lau hilabeteren buruan hasi beharko dira. Epealdi hori, bestalde, 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du.
Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien lan egoera administratiboa gorabehera (aktiboa zein langabea).
– Ikasleek, bestalde, praktiketan jarraitzeko aukera izango dute, baldin eta praktikaldia hasi badute prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean eta azken emaitza negatiboa izan bada. Prestakuntza-ekintza utziz gero, amaitutzat joko da hari lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua.
– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, salbu langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta dituenean.
3.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresak eta prestakuntza-entitatek akordio bat sinatuko dute, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: zein diren praktiken edukia eta iraupena, non eta zer ordutegirekin egingo diren praktikak, eta zer tutoretza-sistema erabiliko den praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri emango zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete dela egiaztatzeko, agiri bat erantsi beharko da, egiaztatzen duen langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.
4.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira; salbu, behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimena eman ondoren.
5.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, salbu eta Lanbidek horretarako baimena ematen duenean.
6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da izan 8 ordutik gorakoa.
7.– Ezinbesteko baldintza da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik. Hori bete ezean, baliogabetu ahal izango dira nahitaezko baimena ez duten praktikak.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori ez da mugatuko egiaztatzera eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla; aitzitik, barnean hartuko du prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa, eta, hartara, kalitatea bermatzen lagunduko du.
2.– Jarduera-plan bat ezarriko da egiaztatzeko ea erregulartasunez betetzen diren deialdian ezarritako baldintzak eta ea gauzatzen diren prestakuntza-planak, eta, beharrezkoa izanez gero, neurri zuzentzaile egokiak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.
3.– Batasuneko arautegian ezartzen den bezala, eta bat etorriz prestakuntza-erakundeen inskripzioa edo egiaztatzea arautzen duen arautegiarekin, plan horretan, in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira, egiaztatzeko ea betetzen diren Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak, eta ikusteko ea mantentzen diren inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak.
16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ebaluatuko du deialdi honen kalitatea, kontuan hartuta zer emaitza lortzen diren, batez beste, ikasleek berek betetako galdetegietatik, eta zer xedatzen den Enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE).
Horretarako, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean, dirulaguntza-onuradunek ebaluatu beharko dute zer prestakuntza ematen duten, eta haren kalitate-kontrola egin beharko dute.
Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; galdetegi hori, oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan emango zaie, amaierako azterketa egitean, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.
Ikasleek telematikoki beteko dituzte galdetegi horiek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea ekintza amaitu duten ikasleek kalitateari buruzko galdetegia betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarri beharko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, 18.3 artikuluan adierazten den bezala likidatuko da dirulaguntza.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Ematen den dirulaguntza bi alditan ordainduko da, dirulaguntza bera eskatu eta gero eta honela:
a) Lehenengo ordainketa, 2023ko ordainketa-kredituaren kargura, programatutako prestakuntza-ekintzen dirulaguntza guztiaren % 50, behin komunikatu eta gero lehen prestakuntza-ekintza hasi dela.
b) Bigarren ordainketa, 2024ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitutakoan –lanekoak ez diren praktikak barne–, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.
Ordainketa aurreratuen zenbatekoa –banaka edo aurreko ordainketekin batuta– 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ezer ordaindu aurretik, dirulaguntzaren erakunde onuradunak frogagiri bat aurkeztu beharko du, egiaztatzen duena bermea, abala edo fidantza eratu duela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Saileko hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du helbide honetan adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta likidatzea.
1.– Prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzak justifikatzeko eta likidatzeko, kontuan hartuko da zenbat parte-hartzailek amaitu duten prestakuntza-ekintzetan, eta zenbat eskola-ordu egin duten benetan, ezarritako modulu ekonomikoei jarraikiz.
Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko zer prestakuntza jaso duten prestakuntza praktikoaren modulua ezarritako epealdietan amaitu ez duten ikasleek.
3.– Honela kalkulatuko da zenbat likidatu behar den:
– A modulua 15 ikaslez biderkatuko da, baldin eta prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago –aipatutako artikuluko b) atalean aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz–, eta emandako prestakuntza-orduez ere biderkatuko da.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio, bestalde, B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute–; eta, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan, prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.
Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.
– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da zeharkako gastuengatik.
Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira ekintzaren % 75era gutxienez joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.
4.– Prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko, dirulaguntza jasotzen duen erakundeak memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez. Horretarako epea, gehienez ere, 15 egun baliodunekoa izango da, behin prestakuntza-ekintza amaitu, eta Lanbidek baliozkotu eta gero prestakuntza-erakundeak ikasleei buruz egiten duen azken ebaluazioa:
– Laburpen-koadro bat. Hartan, jaso beharko da zenbat eskola-ordu egin dituen benetan ikasle bakoitzak eta zer zenbateko dagokien ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz.
– Beharrezkoa izanez gero, prestakuntza-planaren egikaritza osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, horretan zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo, bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22. artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio-memoria ekonomikoak aurkezteko epealdia amaituko da azken prestakuntza-ekintza amaitu eta beranduenez 15 egun baliodun igarotakoan.
Ezarritako epealdietan beharrezko agiriak aurkeztu ezean, organo eskudunak 15 eguneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzultze-prozedura hasiko da.
5.– Prestakuntza-planaren azken likidazioa egiteko, onuradunek 2024ko urriaren 31 baino lehenago LanF aplikazioan bete beharko dituzte egindako prestakuntza-ekintza guztien amaiera-ziurtagiriak (gauzatzea), zeinen justifikazio-memoria ekonomikoak aurkeztu baitira.
19. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Deialdi honetako artikuluetan ezarritako betebeharrez gain, onuradunaren betebehar izango dira hala Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak nola Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketako sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak.
2.– Bereziki, laguntza-onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta harremanak izateko prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten pertsona guztiekin.
Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek onartu egin beharko dituzte arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak.
3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
– Finantzatutako ekimena gauzatu izanari edo haren bideragarritasunari buruzko informazio oro ematea eta jarraipena egiteko eskatzen zaizkion dokumentuak bete eta bidaltzea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea ea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzarik edo laguntzarik eskatu edo lortu duten, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.
– Jakinaraztea ea ezer gertatzen bada nabarmen aldatzen dituena diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoak, edota aldatzen bada dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu zen edozein inguruabar.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du egiaztatzeko ea betetzen diren deialdian ezarritako baldintzak eta aztertzeko benetan zer baldintzatan gauzatzen diren diruz lagundutako ekintzak.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, entitate onuradunak identifikatu beharko du zer transakziok duten zerikusia laguntzarekin; horretarako, aparteko kontabilitate-identifikazio bat eta kontabilitate-kode egoki bat erabili beharko du.
6.– Dirulaguntza onartzeko unean, entitate onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak datu pertsonalei tratamenduari buruzko konpromiso bat sinatu beharko du; izan ere, deialdiaren entitate onuradun guztiek, tratamenduaren arduradun diren aldetik, nahitaez onartu behar dute konpromiso hori, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.
7.– Entitate onuradunek bost urtean gorde beharko dituzte kofinantzatutako gastu guztien ziurtagiriak edo kopia ziurtatuak, bat datozenak jatorrizko datu-euskarriekin, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera; betiere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.
Agiri horiek jatorrizko agirietan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan; bereziki, jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.
8.– Azkenik, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleei laguntzeko galdetegia bide telematikoz betetzen.
20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik eta Europak lagundutako finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.
Diruz lagundutako jarduera guztietan, erakundeek espresuki jaso beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela; bai eta haien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).
Prestakuntza-ekintza guztiek Europako kofinantzaketa izango dutela aurreikusita, deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan, espresuki adierazi beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa (EAEko EGIF 2021-2027 EGIF Plus Programaren esparruan).
Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.
21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzak aldatzeagatik dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.
23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, kasu batzuetan, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan arautzen diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:
a) Ez betetzea jarduera gauzatu dela egiaztatzeko betebeharrak, edota ez betetzea laguntza emateko zein laguntzaz gozatzeko zehaztutako baldintzak.
b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
d) Datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak, diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz.
e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio-betebeharrak ez betetzea.
f) Ez betetzea deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak.
2.– Honako irizpide hauen arabera zehaztuko da zein mailatakoak diren balizko ez-betetzeak:
a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoi izango da.
Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak ez duenean lortzen helburuen % 25, honela neurtuta: prestakuntzaren ordu-kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Ondorio horietarako, barne hartuko dira justifikatutako huts-egiteengatik edo enpleguagatik zenbatu daitezkeen absentzia-orduak ere. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira ekintzaren % 75era gutxienez joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute.
b) Ez-betetze partziala gertatzen bada: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntza aldatu edo hein batean itzuliko da.
Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:
– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da bete gabe utzi den ehuneko berberean.
– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan, baldin eta praktiketan hasi ez diren ikasleak praktikak egin behar dituzten ikasle guztien % 30 baino gehiago badira, prestakuntza-ekintza horretarako emandako dirulaguntza itzuli beharko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta laguntza jaso duen enpresa edo erakunde onuradunari jakinaraziko dio, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ezarriko da, ebazpena jakinarazi, eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Dirua borondatezko aldian itzuli ezean, izapideak hasiko dira premiamendu bidez berreskuratzeko itzuli beharreko kopuruak.
24. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute datuak eskura izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
25. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
1.– Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.
2.– Laguntzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduan xedatua aplikatu behar zaie. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+Euskal Autonomia Erkidegokoa, 2021-2027) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.
3.– Deialdi honetan aurreikusi ez denerako, xedapen hauek aplikagarri izango dira: 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketako sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketako sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzak emateari dagokienez, xedapen hauek aplikatuko dira: 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, errege-dekretu hori arautzen duena, eta EFP/942/2022 Agindua, irailaren 23koa, zeinaren bidea arautzen baita Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako lan-esparruko Lanbide Heziketako sistemaren prestakuntza-eskaintza, administrazio eskudunek egindakoa, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza bereziak ezartzen baitira.
26. artikulua.– Deialdi honetako ehunekoen kalkulua.
Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da kontuan hartuko, eta hamartarrak alde batera utziko dira.