139. zk., 2023ko uztailaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (260 KB - 11 orri.)
- EPUB (133 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3561
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 14koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia argitaratzen da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko uztailaren 13ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2023ko uztailaren 13ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez onartzen baita deialdia, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 14a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZA-ERAKUNDEENTZAT BERRIKUNTZAREN GAINEKO INBERTSIOA FINANTZATZEKO 2023KO EKITALDIKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzute aldera. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak –Lan eta Enplegu Sailari atxikita– egitekoen artean ditu, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaz onarturiko organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Ekimen nagusietako bat enplegurako lanbide-heziketa da, bere prestakuntza-eskaintza desberdinetan.
Enplegurako lanbide-prestakuntza funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Testuinguru horretan, aukera ematen da Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuek eta landunek prestakuntza-eskaintza zabala izan dezaten. Eskaintza horrek eraginkortasunez lagundu beharko du beren enplegagarritasuna hobetzen, emandako prestakuntzak enpresen beharrizanei erantzun diezaien, ekoizpen-metodo eta -bitartekoen berrikuntza eta eguneratze-eremu guztiak batuz.
Enplegu Plan Estrategikoa 2021-2024 delakoak adierazten duenez, «Trantsizio digital, energetiko-klimatiko eta sozio-demografiko hirukoitza gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, gizarteen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da jendea ikasita eta prestatuta egotea». «Kualifikazio handiko eskulan bat behar da, ondo prestatua eta moldagarria, eta biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta enpresen beharren arteko desorekak saihestea hiru trantsizioei lotutako profiletan».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari ezinbestekoa iruditzen zaio pertsona langabetuak eta landunak prestatzen lankidetzan aritzen diren erakundeek EAEko enpresa-sarearen beharretara ondoen egokitzen diren eta eguneratuen dauden bitarteko eta instalazioak edukitzea eta, beraz, eguneratze eta egokitzapen hori babestea.
Enplegurako prestakuntza-erakundeentzako berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzera bideratutako laguntzak aurreikusita daude, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan (2.2 gako estrategikoa – Prestakuntza eraginkorragoa eta gure produkzio-sarearen benetako beharretatik hurbilago dagoena, konpetentzia profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena). Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko abenduaren 21eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza horiek estaldura ekonomikoa emango dute Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan azpiegitura berritzaileen zuzkiduretan egindako inbertsioa finantzatzeko, kalitatezko garantia daukaten prestakuntza-ekintzak irakasteko aukera ematen badute.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2023ko uztailaren 13ko bilkuran, onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza-erakundeentzat berrikuntzaren gaineko inbertsioa finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, honako baldintza hauekin:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da 2023ko ekitaldirako enplegurako lanbide-heziketa ematen duten erakundeentzako laguntzak arautzea, azpiegitura berritzaileak emateko inbertsioa finantzatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazioetan, prestakuntza-ekintzak eman daitezen kalitate, eguneratze eta eraginkortasuneko bermeekin, enpresen errealitate teknologikora eta gaur egun dituzten ekoizpen-bitartekoetara egokituta. Hartara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntzak merkatuaren benetako beharrei erantzungo die, eta, beraz, sustatu egingo du enpresen lehiakortasuna eta langileen laneratzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak guztira 5.000.000 eurokoak dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.
Baliabide horiek bi dirulaguntza lerrotan banatzen dira, honela:
a) 250.000 euro, ordenagailuetan inbertsioak egiteko, 4. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, bereziki 4.2 artikuluaren bigarren lerrokadan adierazitakoetan.
b) 4.750.000 euro, gainerako inbertsioetarako.
Baldin dirulaguntza-lerroren batean kreditua agortzen ez bada, soberakina beste lerroko laguntzak finantzatzera bideratzerik izango da, eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten prestakuntza-erakundeek.
– Eusko Jaurlaritzaren mendekoa ez den prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoa izatea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia erkidegoren bateko prestakuntza-erakundeen beste erregistro batean edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan akreditatuta edo izena emanda egotea, dirulaguntzarekin lotutako inbertsioei dagokien familia profesionaleko prestakuntza-espezialitateetako gutxienez bi irakasteko.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak eman izana, laguntzaren xede diren inbertsioak lotuta dauden lanbide-arlokoak, honako bi baldintza hauek betez:
• aurtengo ekitaldian espezialitate horiek ematen aritzea edo 2019-2023 aldiko hiru ekitalditan eman izana gutxienez.
• Urtean batez beste familia horretako bi prestakuntza-ekintza eman izana, gutxienez. Batez besteko hori honela kalkulatuko da: 2019. eta 2023. urteen artean (biak barne) emandako edo emango diren ekintzen batura zati ekintza horiek eman diren urteen kopurua.
2.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, hala bada, baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.
c) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, hauek barne:
– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bateginean edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.
– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak barne:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanda.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.
f) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, ez edukitzea behar bezala beteta abenduaren 29ko 3/2004 Legean (lege horren bidez merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira) aurreikusitako ordainketetarako epeak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da f) apartatuari buruzko eskakizunaren kasuan, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateak badira. Gainerakoek, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko auditore batek egindako egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen babespean diruz lagundu ahal izango dira ekipamendu aurreratuak edo makinak erosi edo alokatzeko eragiketak, renting edo leasing modalitateak barne, bai eta horiek instalatzeko gastuak ere, baldin eta beharrezkoak badira familia profesional bereko prestakuntza-espezialitateak emateko, berrikuntzaren gaineko inbertsioa eragiten badute, edo azpiegitura-hornidurak lan-merkatuan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara egokitzea eta eguneratzea badakarte, langileei aldaketa horietara egokitutako prestakuntza eskaintze aldera.
Errentamendu, renting edo leasing kasuetan, kontratuaren iraupena gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte luzatu beharko da. Leasing kasuan, kontratuaren iraupena baxuagoa izan ahalko da, baldin eta prestakuntza-erakundeak kontratua amaitzean hura erosteko aukera izango duela egiaztatzen bada, 6.3.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Era berean, diruz laguntzeko modukoa izango da instalazioak hobetu edo aldatzeko gastu oro, ikaskuntza-metodologia eta -tresna berritzaileak ezartze aldera.
2.– Diruz lagundutako ekipamenduak eta makinak dirulaguntzaren xede zehatzera bideratuko dira, gutxienez 2024ko abenduaren 31ra arte.
Ondore horietarako, fisikoki prestakuntzarako espazioetan kokatuko dira (prestakuntzaren tailerra edo gela), eta soilik prestakuntzarako erabiliko dira. Ez dira inoiz baliatuko irakasleen edo ikastetxeko zuzendaritzen erabilera esklusiboko ekipamendu moduan. Ondorioz, dagozkion espezialitaterako espezifikoak izango dira.
3.– Aurreko ataletan deskribatutako jarduera diruz lagungarriak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden instalazioetan instalatu beharko dira, izan propioak edo besterenak. Azken kasu horretan, errentamendu-kontratu bat edo horiek erabiltzeko hitzarmen bat egon beharko da tartean, aurreko atalean aurreikusitako denborarako, gutxienez.
4.– Makina edo/eta ekipoak erosi, errentamendu, renting edo leasingeko kuotak ordaindu eta deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzaren xedeko instalazioak hobetu edo aldatzeko lanak 2022ko urtarrilaren 1aren eta dirulaguntza-eskaria aurkeztu den dataren artean egin beharko dira. Ondorioz, diruz lagun daitekeen gastua aldi horretan benetan ordaindutakoa izango da.
5.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzeko (renting edo leasing barne) kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino altuagoa.
6.– Makinak edo ekipoak erosi edo alokatzean jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga diruz laguntzeko modukoa izango da, baldin eta ezin bada berreskuratu zerga-araudi aplikagarriaren arabera.
7.– Honako makina edo ekipo hauek ezin izango dira diruz lagundu:
– Administrazioko elementu komunak, ordenagailuak eta bestelako elementu informatikoak (eskanerrak, inprimagailuak eta abar) ez daudenak prestakuntzako gelan, tailerrean edo prestakuntza-jarduerak lantzeko espazio fisikoan, baldin eta prestakuntzarako soilik erabiltzen badira, bai eta irakasleek, zuzendaritzak eta ikastetxeko administrazioak soilik erabiltzekoak diren ekipoak ere.
– Aplikazio informatiko edo teknologikoen erabilerarako software eta lizentziak, beren xedeko espezialitateetarako espezifikoak ez direnak.
– Sareko elementu komunak, esaterako zerbitzariak, wifi sarbideak edo xedeko espezialitaterako espezifikoak ez diren beste batzuk.
– Erabilera partekatu eta orokorreko beste edozein elementu, xedeko espezialitaterako espezifikoa ez bada.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz laguntzekoa den gastuaren zenbatekoaren arabera kalkulatuko da, honako hauen arabera:
– 2019tik 2023ra bitartean (biak barne) Lanbidek diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen batez besteko kopurua, lanbide-arlokoak eta edozein deialditakoak, dagoeneko eman direnak edo orain ematen ari direnak eta
– laguntza eskatzen duen inbertsioei lotuta dauden lanbide-arloko prestakuntza-espezialitateen kopurua, prestakuntza-erakunde eskatzailea espezialitate horiek emateko inskribatuta edo egiaztatuta badago, ehuneko hauek aplikatuta:
(Ikus .PDF)
2.– Prestakuntza-erakundeko eta familia profesionaleko gehieneko dirulaguntza 70.000 eurokoa izango da, kontuan hartu gabe 2. artikuluko dirulaguntzen lerro batera edo bi lerroetara aurkeztu den, baina erakunde bakoitzeko gehienez hiru familia profesional finantzatuko dira, dirulaguntzen bi lerroetan. Edonola ere, minimis laguntzak arautzen dituen araudi europarrean aurreikusitako muga aplika daiteke, deialdi hau araudi horren pean baitago, 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.
Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabideak honako helbide honetan daude eskura: https://www.euskadi.eus/servicios/1218602
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da erakunde bakoitzeko eta dirulaguntza-lerro bakoitzeko (2. artikulua), dirulaguntzaren xedeko gastuak familia profesionalen arabera bereizita.
Inbertsio bakoitza lanbide-arlo bakar bati esleitu dakioke.
3.– Eskabide bakoitzarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Aurkeztutako proiektu bakoitza deskribatzen duen memoria bat, elektronikoki sinatuta; bertan, egindako inbertsioaren azalpen labur bat, programatutako helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa eta emaitzen eta hobetzeko proposamenen ebaluazioa jasoko dira.
b) Justifikazio-memoria ekonomikoa. Agiri horretan, honako hauek jasoko dira:
– Erosketaren kasuan: fakturak eta ordainketaren egiaztagiriak, bai eta faktura horien zerrenda ere, hornitzailearen/finantza-erakundearen identifikazioarekin, faktura-zenbakiarekin, fakturaren jaulkipen-datarekin eta ordainketa-datarekin.
– Errentamendu, renting edo leasingaren kasuan: kuoten hileroko ordainagiriak edo fakturak, horiek ordaindu direla egiaztatuta, eta kontratuaren kopia, gutxienez 4.1 artikuluan aurreikusitako iraupenarekin. Leasingaren kasuan, kontratuaren iraupena artikulu horretan eskatutakoa baino baxuagoa bada, kontratua amaitzean hura erosteko aukera baliatzeko konpromisoa erantsi beharko da, bi aldeek sinatuta, edo, hala badagokio, diruz lagun daitekeen aldiaren barruan benetan egindako erosketaren egiaztagiria.
– Instalazioak hobetu edo aldatuz gero, egindako gastua eta ordainketa egiaztatzen duten agiriak.
c) Inbertsioa, dirulaguntzaren bidez ez ezik, funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.
d) Balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratzeari buruzko informaziorako, dirulaguntzaren eskatzaileek zergaren aitorpenak aurkezteko betebeharrik ez dutela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga-administrazio eskudunak emanda, edo, hala badagokio, eskuragarri dagoen azken ekitaldiko zergaren urteko likidazio-aitorpenaren 390 ereduaren kopia.
e) Diruz lagundutako inbertsioarekin edo gastuarekin lotutako instalazioak ez badira propioak, errentamendu-kontratuaren kopia edo hura erabiltzeko baimena ematen duen hitzarmena (gutxienez 2025eko abenduaren 31ra arte) aurkeztu beharko da.
f) Aurreko 3.2.f) artikuluan aurreikusitako kasuan, galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
4.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
5.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2023ko urriaren 20an amaituko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da.
2.– Berrikuntzaren gaineko inbertsioaren laguntzetarako dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko lehiaketa izango da.
Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, eskabidea aurkezten den unearen arabera, jarduera horietarako 2. artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, egoitza elektronikoaren bidez.
4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.
7.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer erakundek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten.
8. artikulua.– Prestakuntza-erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan adierazitakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diruz lagundutako makinak edo ekipoak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez 2025eko abenduaren 31 arte.
b) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, beren eginkizunak betetzean hala eskatzen denean.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.
e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileei erraztasunak ematea diruz lagundutako inbertsioak dauden instalazioetara sartzeko.
g) Berariaz jasotzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen den finantzaketa diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horien zioz bideratzen diren ekintzetan ere. Finantzaketa hori hedatzeko neurri gisa, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan honako adierazpen hau sartuko da: «Makina edo ekipo honek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketa jaso du 2023. urteko deialdian».
9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, hura emateko ebazpena ezarri ondoren.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.
Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahal izango du: https://euskadi.eus/hirugarrenak
10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza bera ere aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzulketa-prozedurari hasiera emango zaio.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu honetan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa egonez gero, deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak 4.4 artikuluan aurreikusitako aldiko gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.
12. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egingo ditu egiaztatzeko diruz lagundutako makineria eta/edo ekipamendua dirulaguntza eman zen helburu zehatzerako erabiltzen dela 4.2 artikuluan eskatutako gutxieneko aldian, gutxienez.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, berrikuntzaren gaineko inbertsioaren onuradun izan diren prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta diruz lagundutako makina/teknologia berriak erabiliz emandako prestakuntzaren emaitza ebaluatzeaz harago doan lana da, eta kalitatearen hobekuntza bermatzeko balio izango du.
Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren eta eskuratutako horniduraren kokaleku den zentroa bisitatu ahalko da, eta idazki bidez jasoko da dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, hornidura eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako makinak/teknologiak prestakuntza-erakundearen instalazioetan benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.
13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak –osorik edo zati batean– itzuli beharko dira, dirulaguntza eman denetik aplikatu ahal izan diren berandutze-interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan; edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan; edo deialdi honetan berariaz aurreikusitakoetan. Eta, bereziki, honako hauetan:
a) Jarduera egiaztatzeko betebeharra ez betetzea, edota laguntza emateko zein laguntzaz gozatzeko zehaztutako baldintzak ez betetzea.
b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
e) Deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak ebazpena emango du.
Itzulketa-prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik aurrera gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.
Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
14. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute datuak eskura izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
15. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzak, 3. artikuluan aurreikusitako onuradunei emandakoak, «minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren (DOUE L352, 2013-12-24) pean daude. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
2.– Dirulaguntza jasotzen duen enpresak 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldietan jasotako minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, minimis laguntza berriak aipatutako Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko.
16. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. Kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeko erregimen orokorra eta itzultzeak kudeatzen dabiltzan erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.