Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2023ko uztailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3499

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 3koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, «Zabaldu 2023» laguntza programaren deialdia arautzeko oinarriak onartzen dituena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoak, honako hauek bultzatzeko ardura du: industria eta enpresa arloko jarduera; industria arloko inbertsioak, garapena, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea; Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza jardueraren sustapena, hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Horri dagokionez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak askotariko ekintzak garatzen ditu, EAEko enpresen nazioartekotzea bultzatzeko. Ekintza horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzera bideratutako laguntza programak dira aipagarriak.

Horrenbestez, laguntza programa hau nazioartekotze maila txikia duten euskal enpresei laguntzeko ekintzak sustatzeko eta beren kanpoko presentzia areagotzeko asmoz sortu da.

Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, 48.5 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantzatzen diren erakunde guztiei, dirulaguntzaren bat ematerakoan, besteak beste, publikotasunari buruzko printzipioa betetzea agintzen die.

Azaldutakoa dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Zabaldu 2023» laguntza programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea; oinarrien edukia ebazpen honen eranskinean atxikita dago.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtso bat jarri ahal izango zaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo –zuzenean– administrazioarekiko auzi-errekurtso bat administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2023ko uztailaren 3a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
«ZABALDU 2023» LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak, Industria eta Nazioartekotze arloan kokatutako lehen ardatzean (Oparotasuna) 18. konpromisoa jasotzen du: EAEko enpresen nazioartekotzea.

Gobernu programa horren aginduz, konpromiso hori Garapen Ekonomikoko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 aldirako Planean zehaztu beharko da, gutxieneko eduki batzuk emanez; eduki horietan, lehen atalean jasotakoa da aipagarria: «enpresen nazioartekotzea bultzatzeko finantza laguntzen programen garapena».

Hala, jarraipena emango zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publikoari, bere bitartez bultzada bat emateko nazioartekotu nahi duten enpresa hasiberriak sustatzeko ekimenei, zeren ekimen horiek beharrezkoak baitira atzerriko merkatuetara sartzeko oztopoak gainditzeko, hori guztia, nazioartekotze arloko jasangarritasun, aniztasun eta inklusibitatearekin hartutako konpromisoari balio are handiagoa emanez. Ildo horretan, jasangarritasunaren errealitatea euskal enpresen lehiakortasunerako elementu gisa ikusarazten eta balioan jartzen duten ekimenak hobesten ditu estrategiak. Horrela erakusten da euskal enpresak konprometituta daudela giza eskubideekiko errespetuarekin, inklusibitatearen eta aniztasunaren garrantziarekin, hori guztia 2030 Agendarekin bat. Horrela, ingurumen, ekonomia eta gizarte jasangarritasun arloetan, ekonomiari eta euskal enpresei buruz ezagutza sakonagoa lortzea espero da.

Zabaldu programak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ematen ditu, enpresen gastuak arintzeko. Hain zuzen, aholkularitza estrategikoaren eta operazionalaren arloan egin behar diren gastuak dira, baita –kanpoko merkatuetan sartzea ahalbidetzeko– enpresen sustapenarekin eta antolamendu egokitzapenarekin lotuta daudenak ere.

Programa hau erakundeak –Administrazio Kontseiluaren 2022ko abenduaren 21eko erabakiz– 2023ko ekitaldirako onartu zuen, eta pasa den 2023ko otsailaren 22an egindako bilkuran hartutako erabakiz aldatu zen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan agertzen da.

1. artikulua.– Xedea.

Zabaldu programa bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin, XII. legealdiko Gobernu Programan eta berau garatzen duten plangintza estrategikoko tresnetan jasota daudenekin; programaren helburua nazioartekotze prozesuetan hasten ari diren enpresei laguntzea da, kanpoko merkatuetan duten presentzia areagotzeko eta nazioartekotze prozesuetan zehar enpresen garapen jasangarria sustatzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau aplikatuz ematen diren dirulaguntzak garrantzi txikikoak edo «de minimis» laguntzak dira, eta, beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa bete behar dute.

2.– Programa honen baitan ematen diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabekoak dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Baliabide ekonomikoei dagokienez, 2.500.000 euro bideratuko dira 1. artikuluan ezarritako helburua lortzera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu zuzkiduretatik etorriko direnak. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023rako Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Deialdi honetara bideratutako funtsak agortuz gero, laguntzak emateko prozedura bukatu egingo da, eta, beraz, ez da onartuko funtsak agortu ondoren aurkeztutako eskaerarik. Aurretik aurkeztutako eskaeren kasuan, zuzkidura agortzen den unean ebatzi gabe daudenak ezetsi beharko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzen direnean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du erakundearen web-orrian (www.spri.eus/Zabaldu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenaren bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Programa honen onuradun izan daitezke nortasun juridiko propioa duten enpresa txiki eta ertainak (ETEak), baldin eta egoitza edo ekoizpen instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoan badituzte eta deialdi hau egin baino lehen eratu badira. Enpresa horien esportazio jarduerak ezin du 2022ko fakturazio osoaren % 50 gainditu, eta enpresak bere nazioarteko estrategia abian jarri edo finkatzeko asmoa izan behar du.

ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan (mikro-enpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

2.– Aintzatespen eta laguntza berezia jasoko dute enpresa emergenteek, baldin eta gorabidean diren eta egoitza edo ekoizpen instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten enpresen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legearen 3. artikuluan ezarritako ezaugarriak badituzte. Adierazitakoa alde batera utzi gabe, gorabidean diren enpresei oinarri hauetan ematen zaien tratua 2013ko abenduaren 31ren ondoren eratu diren eta 28/2023 Legearen 3. artikuluko ezaugarriak betetzen dituzten enpresei emango zaie. Artikulu honetan aipatzen diren baldintzak –dirulaguntzen onuradun izateko– eskaera aurkezten den unetik ematen den dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko artikulu honetan ezarritako baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntza likidatu arte.

4.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak ez zaizkie emango:

a) Bitartekaritza lanak egiten dituzten enpresei eta/edo hirugarrenen produktuak banatu baino egiten ez dutenei. Horrela dela ulertuko da, bitartekaritzaren edo hirugarrenen produktuen banaketaren jarduera komertzialaren negozio bolumena negozio bolumen osoaren % 50 baino handiagoa denean.

b) Horrez gain, honako hauek ezingo dira Zabaldu programaren onuradunak izan:

b.1.– Zehapen administratibo edo penal bat duten eta, beraz, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasuna galdu duten enpresak, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat dutenak.

b.2.– Egungo zerga ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta, 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso duten enpresak.

b.3.– Sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penal bat jaso duten enpresak, dagokion zehapenean ezarritako denbora tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzarik gabe geratuko dira estatu araudiaren arabera berdintasun plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, baita 50 langiletik gora dituzten eta, estatu legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten enpresak ere.

b.4.– Era berean, Zabaldu programako laguntza publikorik ez dute jasoko izango 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 38/2003 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan –onuraduna izatea galarazten dutenetan– aipatzen diren egoeretan dauden enpresek eta, horiei dagokienez, bereziki, egoera hauetan daudenek:

– Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko betebeharrak eta/edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak eguneratuak ez izatea.

– Edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak oraindik bete gabe izatea. Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu zehapen prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan parte hartzea galarazten duten zehapenak jaso dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen prozeduran badago, horren emaitzaren arabera emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

– Prozedura batean kaudimengabetzat joa izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaitua izatea, konkurtsoko kalifikazio epaian finkatutako desgaitze aldia amaitu gabe dagoela.

– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen dituztenek, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoaren arabera.

b.5.– Soilik 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordaintzeko epeak betetzen ez dituzten enpresak.

b.6.– Ez dira onuradun izango EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe badaude eta Europar Batasunak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela; krisialdian dauden enpresak ere ez dira onuradun izango, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EO C249, 2014-07-31).

b.7.– Azkenik, programatik kanpo geratuko dira honako enpresa hauek:

– Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea bete ez izanaren ondorioz, arau hauste larri edo oso larriagatik, ebazpen irmo bidez zigorra jaso dutenak.

– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau hauste larriengatik eta oso larriengatik, administrazio bidean ebazpen irmo bidez zigorra jaso dutenak, dagozkion neurri zuzentzaileak ezarri arte eta zigorra ordaindu arte.

– LGTBIfobiarekin zerikusia duen arau hausteren bat, fobia hori bultzatzen edo sustatzen dutenak, konbertsio terapiak sustatzea edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legean ezarritako moduan.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak eta gastuak.

1.– Zabaldu programaren baitan, laguntza jaso dezaketen enpresen ekintzak honela sailkatzen dira:

a) Enpresak nazioartekotzeko sustapen eta egokitzapen ekintzak.

a.1.– Kanpoko aholkularitza batek proposatutako nazioartekotze estrategia bat lantzea.

a.2.– Jabetza industrialarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:

– Patenteak eta markak erregistratzea: diruz lagunduko dira kudeaketa gastuak, baita jomuga herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak ere.

– Homologazioa eta ziurtapena: diruz lagunduko dira jomuga herrialdean eskatzen diren homologazioen gastuak (egiaztatuak dauden erakundeek eginak), baita atzerriko bezero handiekin egin beharreko ziurtapen eta aurre-kalifikazioak ere.

– Zientzia artikuluak argitaratzeko gastuak, gorabidean diren enpresen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legean deskribatutako enpresa emergenteen kasuan soilik. Enpresa emergenteen kasuan (startup enpresak), zientzia artikuluak argitaratzeko gastuak diruz lagunduko dira.

a.3.– Azokei lotutako gastuak:

– Nazioarteko azoketan (bai estatu mailan, bai atzerrian) parte hartzea erakusle gisa, baldin eta enpresak ez badu ekitaldi berean parte hartzen beste administrazio, elkarte edo kluster batekin, prezio publikoaren menpe dagoen dirulaguntzaren bat jasota. Horrelakoetan, diruz lagundu ahal izango dira honako gastu hauek: espazioen alokairua, erakutsiko den produktua garraiatzeko gastuak, standaren dekorazioa eta –atzerrian egiten diren azoken kasuan– bidaia poltsa bat azoka bakoitzeko, 4. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresa emergenteen kasuan, azoka bakoitzeko 2 bidaia poltsa diruz lagunduko dira.

– Atzerrian antolatzen diren nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan parte hartzea bisitari gisa: diruz lagundu ahal izango dira izena emateko kuota eta bidaia poltsa bat (4. eranskina) edo poltsa bi, enpresa emergenteentzat.

– Diruz lagun daitezkeen nazioarteko azokak 2022ko abenduaren 19ko ebazpenean aipatutakoak dira; Estatuko Merkataritza Idazkaritzarena ebazpena, Nazioarteko Merkataritza Azoken 2023ko Egutegia onartzen duena, abenduaren 29an BOEn argitaratu zen.

– Atzerrian antolatzen diren nazioarteko kongresu, foro espezializatu eta azoketan –online formatuan– parte hartzea: diruz lagundu ahal izango dira izena emateko kuota eta ekitaldi horiei zalantzarik gabe lotuta dauden bestelako gastuak.

a.4.– Bidaiak:

– Prospekzio bidaiak, merkatuak aztertzeko eta/edo bezero izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko. Laguntza bezala bidaia poltsak emango dira; poltsa horiek jomugaren arabera kalkulatuko dira, 4. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

– Alderantzizko misioak eta bezero izan daitezkeen enpresentzako gonbidapenak.

Kasu bietan, garraio- eta/edo ostatu-gastuak diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira.

a.5.– Komunikazio- eta marketin-gastuak:

– Hedapen- eta sustapen-materiala jomuga herrialdera egokitzea, hizkuntza ofizialean edo ingelesez.

– Katalogoak, eskuorriak eta kartelak egitea, baita web-orriak sortzea eta abiaraztea eta, ondoren, nazioarteko merkaturako egokitzea ere. Web-orria mantentzea eta urtero eguneratzea ez da diruz lagunduko.

– Publizitatea: materiala sortzea; jomuga herrialdean eragina duten sektore mailako hedabideetan publizitate espazioak kontratatzea; produktua eta/edo zerbitzua merkaturatzeko publizitate digitalaren gastuak.

– Produktu edo zerbitzuen aurkezpenak, sustapenak edo aldi baterako erakusketak merkataritza guneetako cornerretan, jomuga herrialdeetan.

– Harreman publikoak: publizitate agentziak kontratatzeko gastuak, produktuak/zerbitzuak abiaraz ditzaten jomuga herrialdean.

– Sustapen formatu berriak garatzea, merkatuetarako sarbide birtuala hobetzeko.

a.6.– Enpresak jomuga herrialdean duen inpaktua aztertzeko iraunkortasun txostenak, kanpoko aholkularitza batek eginak, betiere 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuak kontuan izanik.

a.7.– Eskaera egin den ekitaldian eratutako atzerriko ezarpen produktibo eta/edo komertzialekin lotutako gastuak: balizko ezarpen proiektuen bideragarritasunaren azterketak, eraketa gastuak, negozio planak egiteko aholkularitza, due diligence eta dagozkion ikuskapenak, baita ezarpenari lotuta dauden alokairu gastuak eta hornidurak ere, lehen urtean.

a.8.– Talentua: atzerriko operazioak egingo dituzten langileak hautatzea.

b) Aholkularitza estrategikoko eta operazionaleko ekintzak, onuradunaren interesekoak diren merkatuetan errazago sartu eta aritzeko.

– Enpresa emergenteen kasuan (startup), nazioartekotze-estrategia, nazioarteko marketin-planak eta/edo atzerrian ezar daitezkeen ezarpenen bideragarritasun-azterketak egiteko barne-orduak diruz lagunduko dira.

2.– 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean burututako ekintzek jaso dezakete laguntza.

3.– Merkataritza agenteen eta ordezkarien kostua ez da diruz lagunduko.

4.– Ez da laguntzarik emango balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) edo beste edozein tasa edo zerga ordaintzeko.

5.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua inoiz ere ez da merkatuko balioa baino handiagoa.

6.– Posible izango da dirulaguntzaren xede diren lan osoa enpresa espezializatuei azpikontratatzea, bidezkoa den kasuetan; horrelakoetan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen badu kontratazio publikoaren arloan kontratu txikientzat indarrean dagoen araudian zehaztutakoa, onuradunak gutxienez hiru hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu, lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago behar beste erakunde lan hori egin, zerbitzua eman edo produktua hornitzeko edo gastua dirulaguntza-eskaera baino lehenago egin bada.

7.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradun batek azpikontratazio bat egin duela joko da, baldin eta dirulaguntzaren xede den jarduera partzialki edo osorik gauzatzea hirugarrenekin adosten badu. Onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuak ez dira kontzeptu horretan sartuko.

8.– Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozen gastuak joko dira oinarri hauen markoan diruz lagun daitezkeen gastutzat.

6. artikulua.– Laguntza-eskaerak.

Zabaldu programaren deialdi honetan, eskatzaileek eskaera bakar bat aurkeztu ahal izango dute, 3. eranskinak jasotzen dituen ekintzetatik gutxienez bi hautatuta.

7. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntzak onuradun izateko eskakizunak bete dituztela frogatzen duten enpresei emango zaizkie, betiere balorazio-irizpide hauek kontuan hartuz:

– 1. irizpidea: Nazioartekotzeko Estrategia: Dirulaguntzaren xede diren ekimenak biltzen dituen nazioartekotzeko estrategiaren kalitatea hartuko da kontuan. Irizpide hau baloratzearren analisi orokor bat egingo da, honako apartatu hauetako puntuazio partzialetatik abiatuta: Gaitasuna, Merkatuak, Merkatuetan sartzeko moduak, Produktua/zerbitzua, Sustapen politika, Proiektuaren kalitatea eta egingarritasuna, Inpaktua enpresan, Inpaktua ingurunean eta Koherentzia estrategikoa (aintzat hartuko da enpresak Nazioartekotze Proiektuari ekiteko duen gaitasuna, betiere kontuan izanik azken bi ekitaldietan izan duen bilakaera, fakturazioaren igoera eta esportazioetan izan duen ibilbidea). 5. eranskina.

– 2. irizpidea: Jomuga diren merkatuak eta herrialdeak: kontuan hartuko da proiektua bat etortzea Garapen Ekonomikoko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 aldirako Planean jasotako lehentasunezko kokapenekin.

– Sendotzeko herrialdeak: ekonomia hurbilak, euskal enpresen presentzia handia eta hazkunde mugatua dituztenak.

– Merkatu handiak: tamaina handiko eta ertaineko ekonomiak eta merkatu industrializatuak, sektore estrategikoetan hazkunde handia izateko aukerak dituztenak.

– Eskualdeko «HUB» herrialdeak: hazkundeaz gain, beste merkatu batzuetarako sarbidea ematen dutenak.

– Espezializazioren bat duten herrialdeak: ekonomia bateratuak, merkatu mugatua izan arren, nazioarteko jarduera bizia duten bezeroengana, teknologietara, sektoreetara, berariazko ekosistemetara iristea ahalbidetzen dutenak.

– Zaintza herrialdeak: ekonomia indartsuak dituzten eta/edo hazten ari diren herrialdeak, non euskal enpresen jarduerak, presentzia mugatua duenez, potentzial handia baitu.

– 3. irizpidea: Ingurunearen gaineko inpaktua: proiektuak lurraldearen lehiakortasun orokorrean izango duen inpaktua hartuko da aintzat, inpaktu horrek EAEko enplegu sorkuntzan izango duen ondorio positiboa aztertuz.

– 4. irizpidea: Gizartearekiko konpromisoa eta jasangarritasuna. Garapen jasangarrirako helburuekiko konpromisoaren erakusgarri, aintzat hartuko da enpresa eskatzaileak jasangarritasunari, genero berdintasunari, euskararen sustapenari eta erantzukizun sozial korporatiboari buruzko ziurtagiriak edo/eta planak izatea (6. eranskina), baita 2030 Agendaren helburuekiko azaldutako konpromisoa ere.

– 5. irizpidea: Enpresen arteko lankidetza Kontuan hartuko dira lankidetza modalitatea eta lankidetza horri eusteko konpromisoa.

Enpresa emergenteen kasuan (startup enpresak), lehenengo hiru irizpideak baino ez dira aintzat hartuko.

Oinarri hauen 1. eranskinean puntuak esleitzeko taula jasotzen du, ETEen kasuan deskribatutako bost irizpideetako bakoitzari dagokion haztapenaren arabera. Oinarri hauen 2. eranskinak enpresa emergenteek (startup enpresek) aurkeztutako proiektua baloratzeko erabiliko diren hiru irizpideen puntuazioak jasotzen ditu.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Eskaerak baloratzeko orduan, oinarri hauetan eta dagozkion eranskinetan ezarritako irizpideak izango dira kontuan. Horri dagokionez:

– 50 eta 59 puntu (biak barne) bitarteko balorazioa jaso duten eskaerei onartutako aurrekontuaren % 35eko laguntza esleituko zaie.

– 60 eta 79 puntu (biak barne) bitarteko balorazioa jaso duten eskaerei onartutako aurrekontuaren % 40ko laguntza esleituko zaie.

– 80 puntuko edo gehiagoko balorazioa jaso duten eskaerei onartutako aurrekontuaren % 50eko laguntza esleituko zaie.

– 50 puntu baino gutxiago jaso duten eskaerek ez dute jasoko Zabaldu programaren laguntza publikorik, eta ezetsi egingo dira SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzak emango duen ebazpenaren bidez.

2.– Laguntzak onartutako aurrekontuaren % 50erainokoak izan daitezke, enpresako 45.000 euroko muga ezarrita.

3.– Bidaia poltsen kopuruari dagokionez, enpresa bakoitzak 4 poltsa jaso ahal izango ditu. Enpresa emergenteen kasuan (startup enpresak), gehienez 6 bidaia izan ahalko dute. Poltsako zenbatekoa 4. eranskinean zehaztu da. Atzerriko azoketan produktuak aurkezteko stand batekin parte hartzen bada edo kongresu eta foro espezializatuetan bisitari bezala parte hartzen bada, bidaia poltsa bat bakarrik eskatu ahal izango da, aurreko apartatuan aipatutako poltsa mugan sartzen ez dena. Enpresa emergenteen kasuan (startup enpresak), 2 poltsa izango dira.

4.– Balizko bezeroentzako gonbidapenak: Ostatu- eta garraio-gastuen muga 1.000 eurokoa izango da gonbidapen bakoitzeko, eta enpresa bakoitzak 4 gonbidapen eta enpresa emergente bakoitzak (startup enpresak) 6 gonbidapen egin ahal izango ditu gehienez.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauen babespean jasotako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek entitate onuradunei xede bererako emandako dirulaguntza guztiekin. Dirulaguntzen zenbatekoa –horiekin batera beste administrazio publiko edo erakunde pribatu eta/edo publikoen dirulaguntzak jasotzen badira– ezin izango da diruz lagundutako ekintzaren kostua eta/edo gastua baino handiagoa izan; horrelakoetan, oinarri hauen babespean lortutako laguntzaren gehiegizko kopurua murriztu egingo da.

2.– Ez da laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketak eta eman dituzten zerbitzuak ordaintzeko, erakunde horiek prezio publikoak izan behar badituzte.

3.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzak metatzeko araubidea, laguntza horiei buruzko Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 30ean amaituko edo, bestela, erabil daitezkeen funtsak agortu eta gero, 3. artikuluan adierazitakoaren arabera. Aurrekoa gorabehera, jendeari arreta emateko epea 2023ko urriaren 30eko 15:00etan amaituko da.

2.– Eskaerak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio, eta deialdi honetatik eratorrirako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, helbide hau erabiliz: www.spri.eus/zabaldu

3.– Eskaera beteta, eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa erantsiko zaio.

4.– Eskaera eta erantsitako dokumentazioa hautatzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza eskaerarekin zerikusia duten jarduketetan eta prozedura osoan zehar enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoari jarraikiz.

5.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria zuzenean eskuratzeko baimena ematen dio organo emaileari. Hala ere, eskatzaileak esanbidez uko egin diezaioke baimena emateari; kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen egiaztagiria eskatzen zaion guztietan aurkeztu beharko du.

11. artikulua.– Eskaeren edukia eta erantsitako dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileek dokumentu hauek erantsi beharko dizkiote eskaerari:

a) eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaeran erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, eta azken horiek proiektua egoki baloratzeko oinarria izango dira.

b) Enpresaren eskriturak eta ordezkaritza ahalordea.

c) Emandako kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta erakunde emaileari ez bazaio eman egiaztagiri hori zuzenean lortzeko baimenik.

e) ETEa dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpena, Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an eman zuen 2003/361/EE Gomendioan (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2003-05-20ko L 124 zk., 0036-0041 orr.) esandakoaren arabera. Baldintza hori, hala badagokio, horretarako egindako bisitan egiaztatu ahal izango da.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jaso diren eta Europako Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren menpe dauden gutxieneko laguntzak azaltzen dituena.

g) Laguntza 5. artikuluaren a) 7 atalean jasotako gastuetarako eskatzen bada eta ezarpena 2023. urtean egin behar bada, ezarpen hori egin izana ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

h) Soilik enpresei emandako 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordaintzeko epeak betetzen direla ziurtatzen duen egiaztagiria; erantzukizunpeko adierazpena edo auditorearen ziurtagiria izan daiteke.

i) Enpresa emergenteen kasuan (startup enpresak), egoera hori egiaztatzen duen justifikazio memoria eta erantzukizunpeko adierazpena, Gorabidean diren enpresen ekosistema sustatzeko abenduaren 21eko 28/2022 Legean ezarritakoari jarraikiz, enpresa horiek 2013ko abenduaren 31 eta gero eratu badira. Baldintza hori, hala badagokio, horretarako egindako bisitan egiaztatu ahal izango da.

2.– Era berean, enpresa nazioartekotzeko proiektua behar bezala baloratzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) 2030 Agendarekiko eta Giza Eskubideekiko konpromisoen arloan izandako inpaktuaren (jatorrian eta/edo jomugan) justifikazioa; horretarako, ingurumen jasangarritasuna, genero berdintasuna, euskararen sustapena eta, hala badagokio, erantzukizun sozial korporatiboa bezalako arloetako ziurtagiriak aurkeztuko dira (6. eranskina).

b) 5. irizpiderako, lankidetza modalitatea egiaztatzen duen ziurtagiria.

3.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa aplikatuko dela adierazita. Dokumentazio hori eskatzen zaion unean eta epean aurkeztu beharko du.

12. artikulua.– Zuzenketak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak jasotako dokumentazioan akats edo datu oker bat topatzen badu, horren berri emango die enpresa eskatzaileei eta 10 egun balioduneko epea emango die, zuzenketak egiteko; zuzendu ezean, eskaeran atzera egiten diotela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoari jarraikiz.

13. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen prozedura. Erakunde laguntzailea.

1.– Zabaldu programako laguntzak eskakizun guztiak betetzen dituzten eskaeren hurrenkerari jarraikiz emango dira, betiere ezarritako balorazio irizpideen arabera. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebazten hasiko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatzen direnetik aurrera.

2.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan-materialak Basque Trade&Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentziak) izendatutako teknikariek egingo dituzte, eta dagozkion txosten teknikoak aurkeztuko dituzte. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

Laguntza emateko: bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa egitea.

Laguntza likidatzeko:

– Gastu hautagarriak behar bezala egin direla kontrolatzea.

– Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

3.– Dagozkion txosten teknikoetan informazio hau agertuko da: Nazioartekotzeko Estrategiaren balorazio eta kalifikazioaren xehetasunak, onartutako gastu hautagarriak eta oinarri hauetako 7. eta 8. artikuluetan ezarritakoaren arabera lortutako puntuazioa.

4.– Basque Trade&Investment edo Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txosten teknikoak ikusita, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak laguntzak banatuko ditu eskaerak guztiz osatu ondoren aurkeztu diren ordenaren arabera, horretarako aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

5.– Ebazpenak, gutxienez, honako hau jasoko du:

– Erakunde onuraduna.

– Aurreikusitako ekintzak eta balorazioan lortutako puntuazioa.

– Aurkeztutako eta onartutako gastuen aurrekontua.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Justifikazioa egiteko modua.

– Ezesteko arrazoiak, hala badagokio.

– Horrez gain, ebazpenetan jaso behar da zer errekurtso aurkeztu daitezkeen haren aurka, zer administrazio organori edo organo judiziali aurkeztu behar zaizkion, eta zer epetan, hargatik eragotzi gabe interesdunek egoki iritzitako beste errekurtsoren bat aurkezteko aukera.

6.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariak eskaera onartzeko edo ezesteko emandako ebazpena telematikoki jakinaraziko zaio eskatzaileari, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran, ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkezteko aukera emanez.

7.– Ebazpen hori 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da espedientea osatzen denetik aurrera, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. apartatuaren arabera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela joko da.

8.– Ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek izan dezaten emandako laguntzen berri.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

– Dirulaguntzaren % 25 emandako laguntza onartu eta gero ordainduko da edo, bestela, oinarri hauetako 15. artikuluan zehaztutako hamabost eguneko epea igarota.

– Gainerako % 75a, aldiz, dirulaguntzaren xede diren ekintzak burutzeko egindako gastuak justifikatu eta gero ordainduko da.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpen baten arabera zorduna bada.

2.– Dokumentazio justifikagarria bide telematikoz aurkeztu beharko da www.spri/zabaldu webgunean, enpresa onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, laguntza esleitzen duen ebazpena jasotzen denetik 2024ko otsailaren 29ra arte. Hala ere, jendeari arreta emateko epea 2024ko otsailaren 29ko 15:00etan amaituko da.

3.– Dokumentazio horrek honako hauek jasoko ditu:

– Dirulaguntzaren bidez finantzatu diren jarduerak gauzatu izanaren justifikazio memoria.

– Enpresa emergenteen kasuan (startup enpresak), langileen kostu zuzena justifikatzeko, enpresak 10T eredua eta langileen izenen zerrenda aurkeztu beharko ditu, baita proiektuan lan egiten duten langileen laneko parteak ere, horretan emandako ordu kopuru zehatza adierazita. Nazioartekotzeko estrategia, nazioarteko marketin planak eta/edo proiektuak kanpoan ezartzeko aukeren bideragarritasuna aztertzeko lanetan parte hartzen duten pertsonak soilik hartuko dira kontuan.

– Ekintza bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua.

– Onartutako gastuen fakturak, kostuak banakatuta, jaulkipen data eta hornitzailea adierazita, baita ordainagiriak ere, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa datarekin.

– Egindako bidaiak justifikatzeko, bidaiaren egiaztagiri gisa, garraio txartelak edo ostatuaren fakturak –benetako kostua egiaztatzen dutenak– aurkeztu beharko dira. Era berean, bidaiaren testuinguruan eginiko bileren aktak aurkeztu beharko dira. Ibilgailu propioaren edo taxiaren erabilera ez da kontuan hartuko. 3. eranskinean aipatzen diren azterketei dagokienez (aholkularitza estrategikoko eta operazionaleko azterketak), azterketaren kopia osoa aurkeztu beharko da.

– Hirugarrengo eranskineko azterketei dagokienez (aholkularitza estrategikokoak eta operazionalak), txostenaren kopia oso bat aurkeztu beharko da.

4.– Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeei dagokienez, ez dira kontuan hartuko DLOren 31.3 artikulua betetzen ez duten gastuak.

5.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada badaudela konpon daitezkeen akatsak enpresak aurkeztutako justifikazioan, enpresari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko.

6.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariak emango du aurkeztutako likidazioari dagokion ebazpena, eta eskatzaileak, ebazpen horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du organo berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek nahitaez bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak, bereziki, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean erakunde onuradunak idatziz esanbidez horri uko egiten ez badio, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko eta eskaeran aurkeztutako gastuak finantzatzeko erabiltzea.

c) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea; gainera, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapen eta azterketa guztiak egin ditzakete enpresako instalazio guztietan, dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatze aldera.

d) Fakturak gordetzea eta SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, bost urtez, fakturak egiten direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo estatu zein Europa mailako beste kontrol organismo eskudun batzuek, laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen dutenean, eskatzen dioten informazioa ematea.

f) Administrazio batek edo erakunde publiko zein pribatu batek xede berbererako laguntzak edo dirulaguntzak edo bestelako diru-sarrera edo baliabideren bat eman izana SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea.

g) Dirulaguntza esleitzerakoan aintzat hartu diren baldintzetako bat aldatuz gero, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari horren berri ematea.

h) Zabaldu programaren dirulaguntza jasotzen duten sustapen euskarri guztietan behar bezala adierazi beharko da Programaren bidez emandako dirulaguntzaren jatorria.

i) Era berean, azoketan parte hartzeko laguntza jasotzen bada, Basque Country marka (Euskadi Basque Country, SPRI Taldearen eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) agerian jarri beharko da standean eta erabiliko diren sustapen materialetan.

j) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentu eta irudietan hizkera ez sexista erabiltzea.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren arau honetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du, eta administrazio-ebazpen baten bidez deklaratuko du interesdunak galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; hala badagokio, bi hilabeteko epean, jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola deklaratuko du, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru sarrera publikotzat hartuko dira lege ondorio guztietarako.

2.– Aurkeztutako proiektuen justifikazioan ikusten bada dirulaguntza emateko aurkeztu eta onartu den aurrekontuarekiko % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideraketa, dirulaguntza berriz kalkulatuko da hasierako laguntza emateko erabili ziren irizpide berberak aplikatuz.

3.– % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbiderapenak berekin ekar dezake dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea, salbu eta laguntzaren helburuak bete direla justifikatzen bada. Bigarren kasu horretan, dirulaguntzen zenbatekoa murriztu egingo da, aurreko apartatuan aurreikusitako moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriak ezartzen duen guztian.

2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak arautzen dituena.

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L 352/1).

5.– 28/2022 Legea, abenduaren 21ekoa, gorabidean diren enpresen ekosistema sustatzekoa (BOE, 2022ko abenduaren 22koa).

6.– 18/2022 Legea, irailaren 28koa, enpresa sortu eta hazteari buruzkoa.

7.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, «DPBL-EDB»), baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak apirilaren 27an eman zuen Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Erregelamenduan (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, emandako datuak SPRIk prozesatuko dituela eta bere tratamendu jardueren erregistroan sartuko dituela jakinarazten da.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskaeran oinarritua, eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea da, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIren interes publikoa da, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa eratzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko dagokiona.

Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Datuak laguntza emateko espedientea izapidetu bitartean eta legez eskatu daitekeen epeak iraun bitartean gordeko dira, lege betebeharrak betetze aldera.

Interesdun guztiek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuak zuzentzea edo ezereztea, tratamendua mugatzea, datuen eramangarritasunari aurka egitea edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izatea, baita datuen babesaren inguruan aplikagarria den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetara bidalita: lopd@spri.eus Halaber, interesdunek datuak babesteko ordezkariarekin harremanetan jar daitezke, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide honetan: dpd@spri.eus

Halaber, interesdun orok edozein motatako erreklamazioa aurkez dezake kontrol agintaritza eskudunaren aurrean; SPRI erakundearen kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa da: www.avpd.eus

SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza jasotzeko, webguneko Pribatutasun Politika atala (https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/) kontsulta daiteke.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala