Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2023ko uztailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3489

8/2023 LEGEA, ekainaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzkoa.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskal Autonomia Erkidegoko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio-aniztasunari buruzko ekainaren 29ko 8/2023 Legea.

ZIOEN AZALPENA

Antolamendu juridiko demokratiko guztiek, giza eskubideen nazioarteko araubideak bezalaxe, aitortzen dute pertsona orok duen erlijio- eta kultu-askatasuna, oinarrizko eskubidetzat hartuta eta berme juridiko handienarekin. Erlijio-askatasuna 1978ko Konstituzioaren 16. artikuluan ere aitortzen da, eta Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoaren bidez eta Estatuak elizekin eta erlijio-erakundeekin egindako lankidetza-hitzarmenen bidez garatu da. Europako esparruan, berriz, gogoan izan behar da eskubide horri zer-nolako babesa ematen dioten Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 9. artikuluak eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 10. eta 22. artikuluek.

Era berean, azken hamarkadetan erlijio-fenomenoek aldaketa handiak izan dituzte gure inguruko gizarteetan. Oro har, esan daiteke erlijioaren bilakaera hori sinesmen-aniztasunari edo kidetza-sentimenduen aniztasunari dagokiola, bai eta gure gizarteetako zati garrantzitsu bati eragiten dioten sekularizazio-prozesuei ere. Eta euskal gizartean, zehazki, erlijio-aniztasuna ez da erabateko berritasuna alderdi historikotik, baina gero eta garrantzi handiagoa du sozialki, eta, hori dela-eta, gero eta beharrezkoagoa da aniztasun horren kudeaketa publiko egokia egitea. Euskal Herria, funtsean, nahikoa homogeneoa izan da zenbait mendez, erlijio-adierazpenei dagokienez; gaur egun, paisaia dibertsifikatua eta askotarikoa dugu, erlijio-tradizio bat baino gehiago dugulako eta, gainera, erlijioak modu desberdinetan antolatuta daudelako.

Euskal gizartearen erlijio-aniztasuna gero eta handiagoa da, eta hori hainbat faktore sozialen ondorio da. Azkenaldiko migrazio-mugimenduen eraginez, ugaritu egin dira Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan dauden erlijio-tradizioak, edo lehendik zeudenak finkatu. Horrez gain, beste prozesu sozial batzuk ere kontuan hartu behar dira; hala, esaterako, gaur egun aukera handiagoa dago talde bereizien artean gizarte-harremanak garatzeko, horretara bultzatzen baitute komunikazio edo elkarreragin modu berriek, teknologiaren eta komunikazioen alorreko aurrerapenek eta bizi-esperientzien gizarte-eskaintza oparoagoak. Azken batean, Europako beste gizarte garatu batzuetan bezala, euskal gizartean ere erlijio-aniztasuna gero eta handiagoa da, eta fenomeno hori, segur aski, behin betikoa da eta ez du atzera bueltarik.

Hala eta guztiz ere, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ez die arau-tresna nahikorik ematen erakunde publikoei askotariko errealitate berri horrek gizartearen jardunean sorrarazi dituen gai eta eskarietako asko kudeatzeko. Arau-zehaztasunen edo kudeaketa politikoko printzipioen gabezia hori, besteak beste, kultu-lekuen edo -zentroen gaian islatzen da, erlijio- eta kultu-askatasunerako eskubideaz egokiro baliatzeko parametro beharrezkoak baitira askotan, eskubide horren alderdi ageriko edo kolektiboari dagokionez. Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoaren bigarren artikuluak bermatzen du elizek, erlijio-konfesioek eta -elkarteek erlijio-xedez kultu- edo bilkura-lekuak ezartzeko duten eskubidea, oinarrizko askatasun hari datxekion zati gisa. Ildo horretatik, Estatuko legeriak kultu-leku edo -zentro gisa definitzen ditu soil-soilik otoitz egiteko, erlijio-heziketa emateko edo erlijio-laguntza emateko erabiltzen diren eraikinak edo lokalak. Kultu-lekutzat edo -zentrotzat hartzeko ez da aski legez ezarritako helburuak betetzea; horrez gain, helburu horiek betetzen direla egiaztatzen duen ziurtagiria ere behar da.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak arau zehatzak ezartzen ditu kultu-lekuak edo -zentroak antolatzeko eta irekitzeko. Lege horrek aurreikuspen lotesle bat du hirigintza-diseinuaren ardura duen Administrazioarentzat: sistema orokorren sarean erreserba bat ezartzea, ezinbestean, ekipamendu kolektibo pribatuetarako, besteak beste, erlijio-zentroetarako (54.2.e artikulua). Era berean, legearen arabera, tokiko sistemen zuzkidura-sareak izan beharko dituen elementuen artean daude erabilera erlijiosorako –besteak beste– ekipamendu pribatuak (57.2.e artikulua), bat datozenak, bestalde, lege horretan (79. artikulua) hiri-lurzoru finkatugaberako zein lurzoru urbanizagarrirako aurreikusitako tokiko sistemen estandarrekin, kasu bietan bizitegi-erabilera duten lurzoruetan.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen zabalak ditu hirigintza-gaietan, bai eta erlijio-profila izan dezaketen beste gai batzuetan ere; hor dira, besteak beste, osasuna, gizarte-laguntza, hezkuntza, komunikabideak, ingurumena edo ondare historiko eta kulturala. Autonomia Estatutuaren 9.2 artikuluak adierazten du EAEko botere publikoek konpromisoa dutela, dauzkaten eskumenen alorrean, herritarren oinarrizko eskubideen eta betebeharren erabilera egokia zaintzeko eta bermatzeko; beraz, behar diren neurriak hartu behar dituzte pertsonen eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetakoak izateko baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko. Erlijio-esparruko berdintasun eta askatasun hori gauzatzea lortzen da, hain zuzen, Konstituzio Auzitegiak «laikotasun positiboa» izendatu duen hori praktikatuz eta bermatuz, zeina Estatuko, autonomia-erkidegoetako, foru-mailako zein tokian tokiko botere publiko guztien ardura baita, intentsitate berarekin, eta otsailaren 15eko 46/2001 Epaiaren bidez sartu baitzen. Halaber, 1978ko Konstituzioaren 16. artikuluak aurreikusten du, mandatu edo betebehar bidez, botere publiko guztiek lankidetzan aritu behar dutela erlijio-konfesio guztiekin, eta hori interpretatu behar da 9.2 artikuluari lotuta, berdintasun materiala bermatzeko konfesio guztiei erlijio-askatasunerako eskubidea baliatzeko garaian.

Honenbestez, EAEko botere publikoek neurri positiboak hartu behar dituzte –neurri arauemaileak barne– beren lurraldean oinarrizko eskubideak betetzen direla bermatzeko, eta eskubide horien barruan sartzen da, noski, erlijio-askatasuna. Neurri horiek guztiz bat etorri behar dute bereizkeriarik ezaren printzipioarekin, eta antolamendu juridikoaren printzipio operatiboak errespetatu behar dituzte; horien artean, batik bat, segurtasun juridikoa.

Erlijio-askatasuna baliatzeko eskubidea modurik publikoen, zehatzen eta argienean islatzen da erlijio-aniztasunari erantzuten dioten eta tokiko errealitate sozioerlijioso bakoitzaren arabera irekita dauden leku edo zentro normalizatuak izateko aukeraren bidez. Horrek guztiak justifikatzen du erlijio-aniztasuna eta erlijio- eta kultu-askatasunerako eskubidea baliatzea –bere dimentsio kolektiboan zein indibidualean– erraztuko duen araudia onartzeko beharra, arlo horretan eraginkortasunez erantzun diezaien Autonomia Estatutuaren irakurketa eguneratuak dakartzan betebeharrei.

Lege honek, bada, erlijio-askatasunerako eskubidea babesten du, kultu-lekuak edo -zentroak ireki eta erabiltzeari dagokionez, berme juridiko handienak dituen oinarrizko eskubidetzat hartuta.

Horregatik, lehenengo kapituluan ezarrita daude legearen xedea, oinarri dituen printzipioak, aplikazio-eremua eta kultu-lekuen edo -zentroen definizioa.

Legearen bigarren kapituluan erlijio-xedeetarako titulartasun publikoko ekipamenduen edo espazioen noizbehinkako erabilera arautzen da, eta lurzoruen eta eraikinen erabilerak antolatzeko tresnak kultu-zentroak ezartzeari dagokionez.

Hirugarren kapituluko artikuluek, berriz, honako alderdi hauei buruzko manuak zehazten dituzte: hirigintzako lizentziak, kultu-lekuen edo -zentroen irekiera-komunikazioa, sailkatutako jardueren araubidearen aplikazioa, beste jarduera-baimen batzuk, kultu-lekuek edo -zentroek bete beharreko baldintza tekniko eta materialak, bai eta irekitze-baldintzak ez betetzearen aurkako neurriak ere.

Legearen laugarren kapituluak Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren sorrera arautzen du, erlijioen arteko elkarrizketarako eta elkarbizitzarako lehentasunezko esparru izan dadin. Aholkua eta informazioa ematea izango du eginkizun, erlijio-askatasunaren eta kultu-askatasunaren erabilerari eragin diezaioketen euskal erakundeen ekimen eta erabakietan. Euskadiko Erlijioen Kontseiluak Euskadiko erlijio-aniztasunaren kudeaketa positiboa sustatuko du, eta elkargune izango da erakunde, erlijio-konfesio, entitate akademiko eta gizarte zibileko antolakundeentzat. Hala, elkarrizketarako eta adostasunerako foro gisa egituratuko da, gure gizartearen aniztasuna babesteko eta sustatzeko lagungarri diren diagnostikoak partekatu eta jarduerak proposatzea xede hartuta.

Azken batean, legeak, gure antolamenduaren printzipioekin bete-betean bat etorrita, erantzun arauemaile koherentea eta bideragarria eman nahi dio oinarrizko eskubide bati, zeina estu-estu lotuta baitago errealitate sozial berriarekin, hartara Estatutuaren mandatua betetzeko; alegia, gizarte demokratiko eta plural honetan benetako berdintasun eraginkorra lortzeko, bai herritar guztientzat bai eta herritarrek beren eskubideak baliatuz osatzen dituzten taldeentzat ere.

LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Lege honen helburuak dira: gure gizartearen bizikidetza- eta erlijio-aniztasuna babestea; elkarrizketarako eta adostasunerako mekanismoak ezartzea, aniztasun hori modu positiboan kudeatzeko, eta, kultu-lekuak edo -zentroak ireki eta erabiltzeari dagokionez, erlijio-askatasunaren oinarrizko eskubidea bermatzea, bai pertsonei bai elizei, erlijio-konfesioei eta -elkarteei, inolaz ere onartu gabe bereizkeriak egitea elizen, erlijio-konfesioen eta -elkarteen artean.

2. artikulua.– Printzipioak eta eskubideak.

1.– Lege honen printzipioak honako hauek dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen barruan erlijio- eta kultu-askatasunaz banaka zein taldeka baliatzeko berme eraginkorra ematea. Eskubide horietaz baliatzeko mugak Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera baino ezin izango dira ezarri.

b) Euskal gizartean dauden erlijio-elkarteen eta -konfesioen arteko tratu-berdintasuna bermatzea, bai kultu-lekuak edo zentroak irekitzeari dagokionez, bai lege honen arabera ezarritako funtzionamendu-kontrolei dagokienez.

c) Segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzarik hoberenak bermatzea kultuko eta beste erlijio-erabilera batzuetarako lekuak edo zentroak irekitzeko eta erabiltzeko orduan, indarreko arau-esparruan ezarritakoarekin bat etorrita.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden pertsonek eta elizek, erlijio-konfesioek eta -elkarteek eskubidea izatea erlijio- eta kultu-askatasunaz berdintasun-baldintzetan baliatzeko leku aproposak edukitzeko.

e) Erlijio-konfesio eta -elkarte desberdinen arteko bizikidetza eta errespetua sustatzea.

f) Instituzioen laikotasuna bermatzea.

2.– Lege honen ondorioetarako, honela ulertuko da erlijio- eta kultu-askatasuna baliatzeko eskubidean gertatzen den zuzeneko eta zeharkako bereizkeria:

a) Zuzeneko bereizkeria gertatzen da eliza, erlijio-konfesio edo -elkarte batek, kultu-lekuen edo -zentroen irekierarekin eta funtzionamenduarekin lotutako alderdiren batean, tratu desberdina jasotzen duenean beste eliza, erlijio-konfesio edo -elkarte batek antzeko egoera batean jaso duenaren aldean, salbu eta tratu-desberdintasuna modu objektibo eta arrazoizkoan justifikatzen duen bidezko helburu bat badago eta helburu hori lortzeko erabilitako baliabideak egokiak eta beharrezkoak badira.

b) Zeharkako bereizkeria gertatzen da udalaren hirigintza-antolamenduko plan batek, lizentzia edo emakida batek edo irizpide edo praktika batek desabantaila berezi bat eragiten dionean eliza, erlijio-konfesio edo -elkarte bati beste batzuen aldean, kultu-leku edo -zentro bat edukitzeko eskubidean. Ez dago zeharkako bereizkeriarik, baldin eta jarduketa hori modu objektibo eta arrazoizkoan justifikatzen duen bidezko helburu bat badago eta helburu hori lortzeko erabilitako baliabideak egokiak eta beharrezkoak badira.

3. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Lege hau aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatuta dauden eta Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan sartzen diren kultu-lekuei edo -zentroei, bai eta noizean behin erlijio-jardueraren baterako erabiltzen diren gune eta ekipamendu publikoei ere.

2.– Lege honen aurreikuspenak ez zaizkie aplikatuko ospitaleetako, laguntza-zentroetako, ikastetxeetako, hilerrietako, beilatokietako eta espetxeetako kultu-lekuei edo -zentroei, ez eta beste jarduera nagusi batzuetara zuzendutako titulartasun publiko zein pribatuko guneetakoei ere, horiek guztiak dagokien araudiaren arabera arautzen baitira; dena dela, araudia aplikatzeko garaian, ahal dela, lege honen iturburu diren printzipioak aintzat hartzeko ahalegina egingo da.

3.– Lege honen aplikaziotik kanpo geratzen dira, beren-beregi, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan sartuta dauden kultu-lekuak edo -zentroak, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren bidez arautzen baitira.

4. artikulua.– Kultu-lekuaren edo -zentroaren definizioa.

Kultu-lekutzat edo -zentrotzat hartzen dira jendearentzat zabalik dauden eta nagusiki eta modu iraunkorrean kulturako, erlijio-xedeko bileretarako eta erlijio-heziketa edo erlijio-laguntza emateko erabiltzen diren eraikinak, lokalak edo areto erantsiak, titulartasun publiko zein pribatukoak, baldin eta, Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoak ezarritakoarekin bat, berariaz halakotzat aitortu baditu dagokion elizak, erlijio-konfesioak edo -elkarteak, zeinak nortasun juridikoa eduki behar baitu.

BIGARREN KAPITULUA
ERLIJIO- ETA KULTU-ASKATASUNA HIRIGINTZA-ANTOLAMENDUAREN ESPARRUAN

5. artikulua.– Titulartasun publikoko ekipamenduak edo guneak noizean behin erlijio-xedeetarako erabiltzea.

1.– Erlijio-konfesioek eta -elkarteek noizean behin erlijio-jarduerak gauzatzeko, administrazio publikoek tratu berdina emango diete erlijio-konfesio eta -elkarte guztiei, kasuaren arabera aplikatzekoa zaien araudiarekin bat etorrita, arlo hauetan:

a) Ekipamendu eta gune publikoen erabilera pribatiborako lagapenak eta baimenak.

b) Jabari publikoaren erabilera pribatiboa.

c) Bide publikoaren aldi baterako okupazioa.

d) Ondare-ondasunen lagapena.

2.– Aurreko paragrafoan aipatzen den jabari publikoaren erabilera pribatiboari dagokionez, konfesio batek baino gehiagok erabiltzeko lekuak, lokalak edo eraikinak laga ahal izango dituzte udalek, lege honetan aipatzen diren jarduerak noizean behin egiteko, baldin eta jabari publikoko ondasunaren okupazioa instalazio desmuntagarriekin edo ondasun higigarriekin egiten bada.

6. artikulua.– Erlijio-erabilerak zehaztea hiri-antolamenduko udal planetan.

1.– Lege honen helburuak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, hiri-antolamendurako aurrerantzean onartuko dituzten planetan, erreserbak egin beharko dituzte erlijio-erabilerarako ekipamendu kolektibo pribatuetarako, dagoen lurzorua kontuan hartuta eta udalerri bakoitzean hautemandako premien arabera.

2.– Betebehar hori betetzeko, udalek ezingo dute jardun erlijio- eta kultu-askatasunaren oinarrizko eskubidean zuzeneko nahiz zeharkako bereizkeriarik edo mugatze arbitrariorik eragiten duten irizpideekin; batez ere, erreserbak egin edo esleitu behar dituztenean erlijio-erabilerarako ekipamendu kolektibo pribatuetarako, udalerri bakoitzean hautemandako premien arabera.

3.– Udalek beren hirigintza-ahalmenak baliatuko dituzte, erlijio-erabilerarako ekipamendu kolektibo pribatuetarako erreserbak zehazteko, udalerri bakoitzean hautemandako premien arabera, betiere erkidegoaren interes orokorra zainduta eta elkarbizitza eta gizarte-kohesioa sustatuta; horretarako, erlijio-elkarteen erlijio- eta kultu-askatasuna eta pertsona guztien duintasuna eta eskubideak errespetatzen dituzten erabakiak eta neurriak hartuko dituzte.

4.– Udalen hirigintza-antolamenduko prozesuetan, nortasun juridikoa egiaztatuta daukaten elizek, erlijio-konfesioek edo -elkarteek parte hartuko dute kultu-lekuetarako eta erlijio-ekipamenduetarako erreserbatutako guneak zehazteko eta esleitzeko prozeduran, hirigintza arloko legedian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

5.– Erlijio-erabileretarako lurzorua zehazteko eta esleitzeko prozeduran, indarrean dagoen hirigintza-araudi autonomikoa aplikatuko da, bai eta dagokion foru-araua eta horiek garatzeko erregelamenduzko xedapenak eta udal-ordenantzak ere.

7. artikulua.– Hileta-zerbitzuak.

1.– Lege honen helburuak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek erlijio-konfesio eta -elkarte desberdinen kultuen baitan hiletak egiteko aukera bermatu eta espazioak egokituko dituzte.

2.– Era berean, hileta zibilak eta azken agurrak egiteko espazioak egokitu eta eskaintzea ere udalen ardura izango da, indarrean dagoen udalen legediaren baitan.

HIRUGARREN KAPITULUA
HIRIGINTZA-LIZENTZIAK, KULTU-LEKUAK EDO -ZENTROAK IREKITZEKO KOMUNIKAZIOA, SAILKATUTAKO JARDUEREN ARAUBIDEAREN APLIKAZIOA ETA BESTE BAIMEN BATZUK

8. artikulua.– Kultu-leku edo -zentroek izan beharreko hirigintza-lizentziak.

Kultu-lekuek edo -zentroek eta gainerako erlijio-ekipamenduek hirigintza-araudian ezarritako hirigintza-lizentziei buruzko araubide orokorrean ezarritakoa bete beharko dute, bai lokalak eraikitzeko eta egokitzeko obrak egiteko, bai lokalok irekitzeko.

9. artikulua.– Kultu-leku edo -zentroak irekitzeko komunikazioa.

Jendearentzako kultu-leku edo -zentro bat irekitzeko, komunikazio-araubidea bete beharko da, bat etorrita Tokiko Administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak hamazazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (edo hori gerora garatu edo aldatuko duen araudian ezarritakoarekin). Kultu-leku edo -zentro bat ireki baino lehen, aldez aurretik komunikazio bat aurkeztu behar zaio udalari, bai eta Erlijio Erakundeen Erregistroak igorritako ziurtagiria ere, zeinetan elizaren, erlijio-konfesioaren edo -elkartearen nortasun juridikoa egiaztatuko baita eta kultu-zentroaren kokapena azalduko baita.

10. artikulua.– Udalaren esku-hartzea jarduera sailkatuen alorrean, kultu-lekuak edo -zentroak eta gainerako erlijio-ekipamenduak irekitzeko.

1.– Kultu-lekuak edo -zentroak eta gainerako erlijio-ekipamenduak ireki eta funtzionamenduan jartzeko, sailkatutako jarduera eta instalazioen araubidea bete beharko da, zeina araututa baitago Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean edo hura gerora garatzen edo aldatzen duen araudian.

2.– Eusko Jaurlaritzak beharrezko diren mekanismoak ezarriko ditu, erregelamenduz, aurreko artikuluan aurreikusitako aurretiazko komunikazioa egokiro integratzeko sailkatutako jardueren araubidearen edo hirigintza-araudiaren ondoriozko beste prozedura batzuekin.

11. artikulua.– Lizentzia lortzeko egiaztapena eta irekitzeko komunikazioa aurkeztea.

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten elizek, erlijio-konfesioek eta -elkarteek, hirigintza-lizentzia eskatzeko eta kultu-lekuak edo -zentroak irekitzeko komunikazioa aurkezteko, beren nortasun juridikoa egiaztatu beharko dute Erlijio Erakundeen Erregistroak emandako egiaztagiri baten bidez, non kultu-zentroaren kokapena jasoko den.

12. artikulua.– Beste baimen batzuk.

Kultu-leku edo -zentroetan berariazko jarduerak ez diren bestelako jarduerak egiten badira, aplikatu beharreko sektore-arauetan ezartzen diren baimenak eduki beharko dira.

13. artikulua.– Segurtasunari eta osasungarritasunari buruzko baldintza materialak eta teknikoak, kultu-lekuek edo -zentroek nahitaez bete beharrekoak.

1.– Jendeari irekitako kultu-lekuek edo -zentroek behar diren baldintza materialak eta teknikoak eduki behar dituzte, indarrean dagoen araudia bete eta erabiltzaileen segurtasuna eta instalazioen higienea bermatzeko, bai eta hirugarrenei eragozpenik ez sortzeko ere.

2.– Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bat onartuko du jendeari irekitako kultu-lekuek bete behar dituzten baldintza teknikoak eta materialak ezartzeko, hartara segurtasuna, osasungarritasuna, irisgarritasuna, babes akustikoa, edukiera eta ebakuazioa bermatzeko eta hirugarrenei eragozpenik ez sortzeko, kultu-lekuon tamaina eta kokapena kontuan hartuta.

3.– Baldintza horiek, kasu guztietan, dagokien helburuarekiko egokiak eta neurrikoak izan behar dute, indarrean den araudian ezarritakoaren arabera, eta ezingo dute inola ere eragotzi edo zaildu, era arbitrarioan edo arrazoirik gabean, zentro horietan gauzatzen den jarduera.

14. artikulua.– Kultu-lekuak edo -zentroak irekitzeko baldintzak ez betetzearen kontrako neurriak.

1–. Dagokion udalak exijituko du indarrean dagoen araudian aurreikusitako baldintza tekniko eta material guztiak bete daitezela.

2.– Baldintza horiek betetzen ez badira, udalak kultu-zentroaren edo -lekuaren titular den erakunde erlijiosoari errekerimendua egingo dio hautemandako gabezia zuzendu dezan; horretarako, legez ezarritako epea emango dio, behar diren obren ezaugarrien eta baldintza teknikoen arabera.

3.– Emandako epea igaro eta errekerimenduari jaramonik egiten ez bazaio, udalak, ebazpen arrazoitu baten bidez eta ukitutako erlijio-entitateari entzun ondoren, kultu-zentroa itxi edo zigilatu ahal izango du, kultu-zentroak hirigintzako lizentzia izan arren edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu arren, baldin eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna edo osasungarritasun publikoa arriskuan jartzen dituzten gabeziak baditu.

4.– Neurri horiei eutsiko zaie neurriok hartzeko arrazoiak mantentzen diren bitartean.

5.– Hala ere, erlijio- eta kultu-askatasunaren erabilera bermatzeko, udalak, ebazpen arrazoitu baten bitartez, establezimendua ixteko neurria ordeztea erabaki ahal izango du, eta, neurri horren ordez, instalazioen zati bat zigilatzea erabaki ahal izango du, baldin eta pertsonen segurtasuna eta osasungarritasuna bermatuta geratzen badira.

6.– Manu hau betetzeko hartzen diren neurriek ez dute zehapen-izaerarik izango, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Neurri horien helburu bakarra izango da oinarrizko eskubideak babestea, pertsonen segurtasuna eta osasuna zaintzea eta ingurumena babestea.

LAUGARREN KAPITULUA
EUSKADIKO ERLIJIOEN KONTSEILUA SORTZEA

15. artikulua.– Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortzea, kontsulta-organoa izan dadin.

1.– Euskadiko Erlijioen Kontseilua sortzen da, instituzioen eta erlijio-konfesioen eta -elkarteen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako organoa izan dadin. Kontseiluaren helburua erlijioen eta kulturen elkarbizitza babestea eta bultzatzea da, oinarritzat hartuta erlijio-aniztasunari eta bere erlijio-adierazpen guztien eskubideei eta betebeharrei zor zaien errespetua.

2.– Euskadiko Erlijioen Kontseilua kontsulta-organoa izango da; hala, aholkua eta informazioa emango du Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko instituzioen eta elizen, erlijio-konfesioen eta -elkarteen ekimen edo erabakien gainean, baldin eta ekimen edo erabaki horiek berariaz eragin badiezaiokete erlijio-askatasunaren eta kultu-askatasunaren erabilerari.

3.– Kontseilu horretan ordezkariak izango dituzte Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek eta elizek, erlijio-konfesioek eta -elkarteek, baita adituek eta lege honen aplikazioan interes kualifikatua duten herritarren elkarteek ere.

4.– Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez zehaztuko dira Euskadiko Erlijioen Kontseiluaren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-arauak. Kontseiluaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea sustatuko da, eta partaideek gaikuntza, konpetentzia eta prestakuntza egokia izango dute.

16. artikulua.– Eginkizunak.

Euskadiko Erlijioen Kontseiluak honako eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) EAEko instituzioei aholkularitza ematea eta erlijio-askatasuna baliatzeko eta bereizkeria oro saihesteko politikak garatzen laguntzea.

b) EAEko instituzioei aholkularitza ematea eta haiekin batera lan egitea erlijioen eta kulturen arteko elkarbizitza integratu eta integratzailea sustatzeko, erlijioan oinarritutako terrorismo, indarkeria, arrazakeria, xenofobia edo beste inposatze, derrigortze edo bereizkeria mota ororen kontrakoa.

c) Txostenak eta irizpenak egitea, instituzioek berek edo erlijio-elkarteek eskatuta.

d) Kultu-lekuak edo -zentroak irekitzeko prozedura hasi baino lehen aholku ematea instituzioek eta erlijio-konfesioek planteatzen dituzten kontsultei buruz.

e) Udalen hirigintza-plangintzen jarraipena egitea, diagnostikoak eta mapak eratzeko elizek, erlijio-konfesioek eta -elkarteek EAEko udalerrietan duten presentziari buruz eta haien beharrei buruz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Egoitza Santuarekiko eta beste eliza, erlijio-konfesio eta -elkarte batzuekiko akordioak.

Lege honetan ezarritakoak ez ditu eragozten Egoitza Santuarekin izenpetutako akordioak, ez eta Estatuak elizekin, erlijio-konfesioekin eta -elkarteekin sinatutako lankidetza-akordioak onartzen dituzten lege-mailako arauak ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lizentziak lortzeko egiaztapena.

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten elizek, erlijio-konfesioek eta -elkarteek Erlijio Erakundeen Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatu beharko dute, hirigintza-lizentzia eskatzeko eta kultu-lekuak edo -zentroak irekitzeko komunikazioa aurkezteko edo 5. artikuluan aipatzen den noizean behingo erabilerarako lagapena edo baimena eskatzeko.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Udalen hiri-antolamenduko plan orokorrak lege honetara egokitzea.

1.– Seigarren artikuluan ezartzen diren eskakizunak aplikagarri zaizkie lege hau indarrean jartzen den unean izapidetze-egoeran edo berrikuste-prozesuan dauden hiri-antolamendurako plan orokorrei, oraindik behin betiko onarpena jaso ez badute.

2.– Hiri-antolamendurako plan orokorra 6. artikuluko zehaztapenetara egokituta ez daukaten udalerriek, ahal dela, zehaztapen horietara egokitu beharko dute plana, lege hau indarrean jarri ondoren onartzen den hirigintza-plangintzaren lehenengo berrikuspenean.

3.– Udalerriek, edozein kasutan, honako lege honen 6. artikuluaren eskakizunetara egokitu behar dute beren plangintza orokorra, indarrean sartzen denetik 8 urteko epean; horretarako, indarrean dagoen legeriak hirigintza-antolamendua berrikusteko edo unean-unean aldatzeko ezartzen dituen aukerak erabiliko dituzte.

4.– Ahal den guztietan, hasierako onarpenaren unean edo, bestela, behin-behineko onarpenaren aurretik ekingo zaio planak 6. artikuluaren eskakizunetara egokitzeari.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kultu-lekuen edo -zentroen baldintza tekniko eta materialak egokitzeko aldia.

Lege hau indarrean jartzean 13. artikuluan aipatzen diren gutxieneko eskakizun materialak eta teknikoak betetzen ez dituzten kultu-lekuek edo -zentroek erregelamenduz ezarriko den epea izango dute egokitzapen horiek egiteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudiaren garapena.

Eskumena duten organoen ekimenez, lege hau garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu Jaurlaritzak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 7a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala