Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2023ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3353

96/2023 DEKRETUA, ekainaren 27koa, Vitoria-Gasteizko barruti judizialari dagozkion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostuen zerrendak onartzen dituen urriaren 23ko 224/2012 Dekretua aldatzen duena.

Lanpostuen zerrendak Justizia Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko tresna dira, eta, beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu diren eta aldeko ebazpena jaso duten aldaketak sartu behar dira aldizka, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 521., 522. eta 523. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 521. artikuluan ezarritakoaren arabera, langileak bulego judizialen egitura osatzen duten unitateetan antolatzeko eta integratzeko, onartzen diren lanpostuen zerrendak erabiliko dira. Zerrenda horiek, nolanahi ere, publikoak izango dira.

Aipatutako Lege Organikoaren 522. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskumenak bereganatuta dituzten autonomia-erkidegoek hasierako onarpena emango diete beren jardun-eremuari dagozkion bulego judizialetako lanpostuak antolatzen dituzten lanpostu-zerrendei, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin eta ordezkaritza handieneko sindikatuekin negoziatu ondoren.

Lege horren 523. artikuluaren bigarren paragrafoak ezartzen duen bezala, lanpostuen hasierako zerrendetan gertatzen diren aldaketek kontuan hartu beharko dituzte lege honetan efektiboak birbanatzeko eta berrantolatzeko jasotako printzipioak.

Hainbat dekreturen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Justizia Administrazioko langileen lanpostu-zerrendak onartu dira. Besteak beste, urriaren 23ko 224/2012 Dekretua aipatu behar da, Vitoria-Gasteizko barruti judizialari dagozkion Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko lanpostuen zerrendak onartzen dituena.

2022ko azaroaren 16an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen azaroaren 15eko 954/2022 Errege Dekretua, 2022ko programazioari dagozkion hirurogeita hamar unitate judizial sortzekoa eta planta judiziala egokitzekoa. Horien artean, Euskal Autonomia Erkidegoan unitate berri bat sartu zen: Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 4. Epaitegia.

Dekretu honen xedea, beraz, lanpostu berriak goian aipatutako dekretuaren bidez onartutako lanpostuen zerrendan sartzea da.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuarekin bat etorriz, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak Vitoria-Gasteizko barruti judizialari dagozkion lanpostuen zerrenda aldatu du.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 4. Artikuluak xedatzen duen bezala, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dekretu honen eranskinean aurreikusitako baldintzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Vitoria-Gasteizko barruti judizialeko lanpostuen zerrendak onartzen dituen urriaren 23ko 224/2012 Dekretuaren bidez onartutako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala