Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2023ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3352

95/2023 DEKRETUA, ekainaren 27koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Errezilgo Udalak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Errezilgo herriguneko hondakin-urak biltzeko eta arazteko instalazioen proiektua burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Errezilgo Udalak, «Errezilgo herrigunean hondakin-urak biltzeko eta arazteko instalazioen proiektua» delakoaren espedientea egin eta formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

Errezilgo Udalaren osoko bilkurak, 2022ko azaroaren 10ean, desjabetzearen legezko izapideak hastea erabaki zuen, eta hasierako onarpena eman zion desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen zerrendari. Zerrenda hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (233. zk.,2022ko abenduaren 12koa), 15 eguneko epean jendaurrean jartzeko. Gainera, interesdunei banan-banan jakinarazi zitzaien hasieran onartutako ondasun eta eskubideen zerrenda, bai eta afekzioen kokapen-planoa ere, eta prentsan iragarkia jarri zen. Era berean, desjabetzearen eraginpeko ondasunak lehenbailehen okupatzeko eskaera erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuan aurreikusitako obrak egin behar direlako.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

«2019ko apirilaren 12an, Uraren Euskal Agentziak egindako Errezilgo udalerrian Kutsadura Murrizteko Plana igorri zen, Plan Orokorraren esparruan kontuan har zedin, udalerrian berrikustea egitean.

Aurrekoaren osagarri gisa, 2019ko azaroaren 20an, Konfederazio Hidrografikoko presidenteak Ebazpena eman zuen Errezilgo hiriguneko hondakin-urak Errezil ibaira isurtzeko behin-behineko baimena emateko, inguruko saneamendu-plana definitu eta gauzatzeko zain, eta 2022rako kutsadura murrizteko programaren barruan geratu zen, «3. jarduketa gisa»: Lizarre Errota eremuan (PV1) saneamendu-sare bereizle bat eraikitzea eta aldi baterako iragazki biologikoa duen hobi septiko bat instalatzea etxeko urak isuri aurretik, eremu horretan egingo baitira obrak.

Nahiz eta Plan Orokorrean ez zen zehaztu saneamendu-sare bereizia, geroago idatzi da dagokion obra-proiektua, Konfederazio Hidrografikoko presidentearen ebazpenean ezarritako epeen barruan betetzeko, eta hori guztia Kutsadura Murrizteko Planaren barruan; beraz, berehala eta atzerapenik gabe gauzatu behar da.

Are gehiago, obra gauzatzeko, Udalak 96.800,58 euroko dirulaguntza du, eta horrek aukera ematen du, gainera, obra hori abian jartzeko, beharrezkotzat jotzen baita udalaren helburuen barruan.

Beharrezkoa da aipatutako obrari lehenbailehen ekitea, eta kutsadura murrizteko plana bete behar da. Horretarako, udalerrietako herriguneetan sortzen diren hondakin-urak araztu behar dira, horien helburua 2022. urterako ezarrita baitago».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2023ko ekainaren 27ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, Errezilgo herriguneko hondakin-urak biltzeko eta arazteko instalazioen proiektua burutzeko beharrezko diren ondasunak eta eskubideak Errezilgo Udalak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala