132. zk., 2023ko uztailaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (165 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3349
AGINDUA, 2023ko uztailaren 4koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, bigarren aldiz aldatzen duena 2018ko urriaren 24ko Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2019ko laguntzetarako deialdia egiten duena.
Urriaren 23ko 185/2007 Dekretuak –nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzei buruzkoa– itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak erregulatzen zituen doktoratu aurreko ikertzaileentzat eta teknologoentzat. Dirulaguntza horiek hainbat urtetarako ziren: lau urte, gehienez, doktoratu aurreko ikertzaileentzat, eta 2 urte, gehienez, teknologoentzat.
Dekretuan, atxikitze-zentro batzuk planteatzen ziren, dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile gisa; haien funtzio nagusia zen onuradunek beren prestakuntza-jarduera bertan egitea. Gainera, doktoratu aurreko ikertzaileen kasuan, entitate laguntzaileak onuradunaren enplegatzaile modura ere jarduten zuen. Horretarako, dekretuaren 16. artikuluaren 1. apartatuko b) paragrafoan ezartzen zuen laguntzaren zenbatekoa urteroko deialdian ezarriko zela, eta diru hori doktoratu aurreko ikertzaile kontratatuen soldata eta Gizarte Segurantza ordaintzeko erabiliko zela nahitaez.
Edozein kasutan, dekretuaren bokazioa zen kontratazioaren ondoriozko gastu guztiak estaltzea. Entitate laguntzailearen figurak berak indartu egiten du bokazio hori: entitate enplegatzaile ere bada, eta, ondorio horietarako, Administrazioak esleitzen dizkion funtsak exekutatzera mugatzen da, doktoratu aurreko ikertzaileak kontratatzeak dakartzan kostu guztiak ordainduz.
Urriaren 23ko 185/2007 Dekretua otsailaren 18ko 15/2020 Dekretuaren bidez indargabetu zen (izen bera du dekretuak), nahiz eta dekretu horien arabera emandako egintza eta ebazpenek indarrean jarraitzen zuten haien ondorioak iraungi arte. Ondorio horietako batzuk gaur egun ere indarrean daude, zehazki doktoratu aurreko ikertzaileen kontratazioari buruzkoak (2019an hasi ziren, eta 2023an bukatuko dira).
Langile horiek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak 2018ko urriaren 24an 2019ko laguntzetarako (urriaren 23ko 185/2007 Dekretuan erregulatuak) emandako Aginduan xedatutakoa exekutatuz kontratatu ziren. Agindu horren bosgarren artikuluan, laguntzen zuzkidura ekonomikoa aurreikusten zen; zazpigarrenean, berriz, laguntza horien zenbatekoa eta helburua aipatzen ziren.
2019rako laguntzen deialdia ebatzi ondoren, doktoratu aurreko lan-kontratuak egin ziren doktoratu aurreko ikertzaileekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan xedatutako betekizunen arabera. Ildo horretan, irailaren 5eko 17/2022 Legeak, zeinak aldatzen baitu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea, betekizun berri bat ezartzen du doktoratu aurreko kontratu horiei dagokienez (21. artikuluaren e) paragrafoa).
«e) Kontratua amaitzen bada hitzartutako denbora amaitzeagatik, langileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du. Kalte-ordain horren zenbatekoa Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 49. artikuluan iraupen mugatuko kontratuetarako aurreikusitakoaren parekoa izango da».
Apartatu horrek kontratu-amaierari dagokionez ezartzen duen aldaketak (12 eguneko ordainsaria lan egindako urte natural bakoitzeko) ez die bakarrik eragiten irailaren 5eko 17/2022ko Legea indarrean jarriz geroztik izenpeturiko doktoratu aurreko kontratuei, baizik eta indarrean dirauten doktoratu aurreko kontratuei ere bai. Horrek zera esan nahi du: 2019rako deialdia exekutatuz egindako doktoratu aurreko kontratuei ere e) paragrafoa aplikatu behar zaie, eta, beraz, dirulaguntzak kudeatzen laguntzen duten entitateek, doktoratu aurreko ikertzaileen enplegatzaileak ere badiren heinean, kontratu-amaieragatik eratorritako kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte.
Hala, bada, alde batetik, urriaren 23 185/2007 Dekretuak erregulatzen duen programa dirulaguntza bezala planteatzen da, erabiliko dena doktoratu aurreko ikertzaile onuradunak kontratatzeak dakartzan gastu guztiak ordaintzeko. Bestetik, atxikitze-zentro deiturikoek dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile modura jarduten dutenez, onuradun horiek kontratatzeko betebeharra bete behar dute, eta soldata-kostu guztiak estali behar dituzte Administrazio Orokor honek esleitzen dizkion funtsekin.
Urte anitzeko exekuzioaren amaieran (2019-2023) kalte-ordainak kontratazio-kostu berri bat bezala ex lege sartzeak (oinarriak ezarri zirenean ez zegoen halako betebeharrik) gainkarga bat ezartzen dio entitate laguntzaileari, enplegatzaile ere baden heinean, aurreikusi gabeko kostu bat ezartzen baitzaio.
Ildo horretan, ulertzen da bidezkoa dela deialdiaren agindua aldatzea, programak finantzaturiko gastuen artean sartzeko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21.e) artikuluaren ondoriozko kalte-ordainak.
Eta esandakoagatik, kontuan hartuta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 artikuluan e) paragrafoa sartu dela, badaudela kalte-ordain horien kostuak ordaintzeko funtsak, eta aintzat hartuta entitate laguntzaileen aurreikuspen legitimoak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatzea 2018ko urriaren 24ko Agindua, nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2019ko laguntzei buruzkoa, eta 7. artikuluaren 1. apartatuaren b) letran bigarren paragrafo hau gehitzea:
Kontratua amaitzen denean hitzartutako denbora amaitzeagatik, doktoratu aurreko ikertzaileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du. Kalte-ordainaren zenbatekoa Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 49. artikuluan iraupen mugatuko kontratuetarako aurreikusitakoaren parekoa izango da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren e) paragrafoan xedatutakoaren arabera. Kopuru hori atxikitze-zentroari transferituko zaio.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, honako agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.