Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2023ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3326

ERABAKIA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegia aldatzeko dena.

2023ko apirilaren 27ko bileran, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Batzarrak ikastegiaren arautegia aldatzea erabaki zuen (2016ko urriaren 14ko EHAAn argitaratutakoa), Ikastegien Esparru Arautegi berrira egokitzeko (2022ko azaroaren 9an sartu zen indarrean). Unibertsitateko Estatutuetara egokitzeko moldatu zen esparru arautegia, kide anitzeko hainbat gobernu organori eta unibertsitateko taldeen ordezkaritzari dagokienez hainbat aldaketa eginda. Era berean, teknologia berriak erabiltzeko aukera jaso da bertan, deialdiak egiteko eta erabakiak argitaratzeko tramiteak azkarragoak izan daitezen.

Bestetik, kontuan hartuta ikastegiko gai espezifikoei eragiten dieten zenbait artikulu berri sartu direla, eta oraingo testuan agertu behar ez diren beste batzuk kendu, komenigarria da testu osoa berriro argitaratzea, ez soilik egindako aldaketak.

Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko arautegia egin eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, horrek proposamena onar dezan eta, beraz, arautegia alda dadin.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du.

Gobernu Kontseiluari dagokio ikastegien arautegietan egindako aldaketei behin betiko onespena ematea.

Adierazitakoarengatik, idazkari nagusiak proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegia alda dadin, eta aldaketak jasotzen dituen testu berria argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Arautegia aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2023ko ekainaren 5a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
MEDIKUNTZA ETA ERIZAINTZA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea da osasun ikasketen arloan eta osasun zientzien arloan graduko eta graduondoko tituluak lortzera bideratutako ikasketak antolatzen dituen ikastegia, eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatzen ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea Bizkaiko Campusean dago eta honako helbide honetan du egoitza: Sarriena auzoa z.g.– 48940 Leioa. Horrez gain, Erizaintzako Graduaren atal bat dauka Gipuzkoan eta Medikuntzako irakasguneak hiru campusetan.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak indarreko legeriaren, unibertsitatearen Estatutuen eta Ikastegien Esparru Arautegiaren arabera jardungo du, zeintzuk zuzenean aplikatuko zaizkion, bai eta gainerako arauetako xedapenak osatzen dituen barne arautegi honen arabera ere.

4. artikulua.– Ikastegiko atalak.

1.– Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak Erizaintzako Graduaren atal bat dauka Gipuzkoan, helbide honetan: Begiristain Doktorearen pasealekua 105 – 20014 Donostia.

2.– Atalaren Koordinazioko dekanordea, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasle bat izango da, edo, ezinezkoa bada, bertan eskolak ematen dituen irakasleetako bat. Errektoreak izendatuko du, ikastegiko dekanoak proposaturik, Ataleko Batzarraren iritzia entzun eta gero, eta dekanotza taldean sartuko da dekanorde karguarekin.

3.– Ataleko Batzarrak osakide hauek izango ditu: Atalaren Koordinazioko dekanordea, batzarreko burua izango dena; Ataleko Batzarreko idazkari lanak egiten dituen ikastegiko dekanordea; eta dekanotza taldeko kide izanik atalari esleituta daudenen artetik dekanoak izendatuko duen kide kopurua, Koordinazioko dekanordearen proposamenari jarraituz. Dekanotza taldeko kideen kopurua zehazteko aplikatuko dira ikastegiak atalean izango duen dekanorde kopurua zehazteko esparru arautegian azaltzen diren irizpideak eta prozedurak, baina horiek ezingo dira izan, inola ere ez, ataleko batzarreko kide hautagarrien % 10 baino gehiago, unibertsitateko taldeen ordezkaritza ez desitxuratzeko.

Berezko kideez gain, Ataleko Batzarrak beste hamabost kide izango ditu: lotura iraunkorra duten irakasle ikertzaile doktoreen zortzi ordezkari; lotura iraunkorra daukaten irakasle ikertzaile ez doktoreen eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle-ikertzaile doktoreen ordezkari bat; gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen hiru ordezkari, ataleko Ikasleen Kontseiluko kide hautetsiak izango direnak; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari.

4.– Ikastegiko aurrekontuan bereizita azalduko da Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Atalari dagokion zatia. Atalak bere gain hartuko ditu aurrekontuaren kudeaketa eta tramite administratiboak.

5.– Ataleko Batzarraren funtzionamendua arau hauei lotuko zaie:

a) Ataleko Batzarreko kideak hautatzean, bete egin beharko da kide anitzeko organoak hautatzeko UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura. Ahalegina egingo da Ataleko Batzarrerako hauteskundeak Fakultateko Batzarrerako hauteskundeen data berean egin daitezen.

b) Ataleko Batzarreko kide hautetsien agintaldiaren iraupena izango da Fakultateko Batzarreko kide hautetsien agintaldiaren berbera.

c) Ataleko Batzarreko kide izateari uzteko arrazoiak izango dira Fakultateko Batzarreko kide izateari uzteko arrazoi berberak, eta horiei gehituko zaie Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Atalari atxikita edo bertan matrikulatuta egoteari uztea.

d) Ataleko Batzarrak, gainerako gai guztietan, Fakultateko Batzarraren funtzionamendu arauetan adierazitakoaren arabera jardungo du.

6.– Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Atalak eskumen hauek izango ditu:

a) Atalaren Koordinazioko dekanordea izendatzeko dekanoak egindako proposamenaren berri ematea.

b) Atalaren urteko aurrekontua kudeatzea.

c) Atalaren Koordinazioko dekanordeari eta ataleko dekanordeei laguntza eta aholkularitza ematea, bere eskumeneko gaietan.

d) Atalaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen berri ematea, Atalaren Koordinazioko dekanordeak hala proposatuta.

e) Irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzea Gipuzkoako Campuseko Batzarrerako. Ikasleak ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuko ditu.

f) Atalaren urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea.

g) Fakultateko Batzarrari proposatzea Gipuzkoan eskainiko diren berezko tituluak eta masterrak.

h) Taldeen kudeaketa (ikasleak taldeetan banatzea eta abar) eta Gipuzkoako Ataleko irakaskuntza antolatzea. Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da campus guztietan, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta ikastegiak ezarritako irizpide orokorrak.

i) Fakultateko Batzarrari proposatzea ikasturte bakoitzean Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Atalean ezarri beharreko numerus claususa.

j) Fakultateko Batzarrari proposatzea irakaskuntza azpiegiturei buruzko planak edo irakaskuntzan zein ikerketan sortutako bestelako premiei buruzkoak.

k) Fakultate Batzarrari proposatzea Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Atalean matrikulatutako ikasleak kalifikatuko dituzten epaimahaiak, ikasleak ebaluatzeko arautegian ezarritako kasuetan.

l) Ataleko batzordeak eratuko dituzten Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Ataleko kideak izendatzea.

m) Fakultateko Batzarrak eskuordetuko dizkion gainerako guztiak.

5. artikulua.– Ikastegiko Batzarraren osakideak.

Ikastegiko Batzarrak osakide hauek ditu: dekanoa, batzarreko burua izango dena; idazkari akademikoa; erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; eta ikastegiko ataletako koordinatzaileak. Horiek guztiak berezko kide izango dira. Batzarreko kide izango dira, baita ere, dekanoak izendatutako zortzi dekanorde eta laurogei kide hautetsi, Ikastegiko Batzarrean ordezkaritza duten taldeek aukeratuak, honela banaturik:

– Lotura iraunkorra duten irakasle-ikertzaile doktoreak: 47 ordezkari.

– Lotura iraunkorra daukaten irakasle ikertzaile ez doktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle ikertzaile doktoreak: 4 ordezkari.

– Gainerako irakasle ikertzaileak: ordezkari 1.

– Ikasleak: 16 ordezkari.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 12 ordezkari.

Ikastegiko Batzarrak, gainerako gai guztietan, Ikastegien Esparru Arautegian adierazitakoaren arabera jardungo du.

6. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Fakultateko Batzarrak batzorde iraunkor bat izango du, osakide hauek izango dituena: dekanoa, batzordeko burua izango dena; Atalaren Koordinaziorako dekanordea; idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena; erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea; eta fakultateko taldeen ordezkariek aukeratutako hamalau kide. Kide horiek honela banatuko dira: irakasle-ikertzaile doktore iraunkorren zazpi ordezkari; irakasle-ikertzaile ez-doktore iraunkorren eta irakasle-ikertzaile doktore ez-iraunkorren ordezkari bat; gainontzeko irakasle-ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen hiru ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari.

Fakultateko Batzorde Iraunkorrak Fakultateko Batzarraren eginkizun guztiak izango ditu eskuordetuta, Ikastegien Esparru Arautegiko 10. artikuluko 3. atalaren arabera eskuordetu ezinak izan ezik. Era berean, batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak arautegi honetan Fakultateko Batzarrerako ezarritakoak izango dira.

7. artikulua.– Ikastegien Esparru Arautegiko 12. artikuluaren zehaztapena.

1.– Ikastegiko Akademia Antolakuntzako Batzordeak osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: ikastegiko dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, batzordeko burua izango dena; ikastegiko idazkari akademikoa, batzordeko idazkaria izango dena; ikastegian ematen diren titulazioetako koordinatzaileak; ikastegian ematen diren titulazio bakoitzeko irakasle bat; eta erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Parte hartuko du baita ere Ikasleen Kontseiluko buruak edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak. Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

2.– Batzordearen eginkizunak, bai eta hartuko dituen erabakien eraginak ere, Ikastegien Esparru Arautegian ezarritakoak izango dira.

3.– Akademia Antolakuntzako azpibatzorde bat eratuko da fakultatean irakasten den titulazio bakoitzeko. Azpibatzorde bakoitzak osakide hauek izango ditu: titulazioko koordinatzailea, azpibatzordeko burua izango dena; titulazioko hiru irakasle, eta horietako bat azpibatzordeko idazkaria izango da; AZPkoen ordezkari bat; eta titulazioko ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak izendatua. Hauek izango dira azpibatzorde horien eginkizunak:

– Ikastegian ikasketak baliozkotzeko aurkeztutako eskaerak ebaztea, gaiarekin zerikusia duten sailen txostena jaso eta gero.

– Espainian zein atzerrian unibertsitate ikasketa ofizialak hasita dituzten edo UPV/EHUn beste ikasketa batzuk hasita dituzten ikasleek espedientea lekuz aldatzeko egindako eskariak antolatzeko irizpide objektiboak zehaztea.

– Lan arloko esperientzia daukaten 40 urtetik gorakoek graduko ikasketetan onartuak izateko egindako eskariak antolatzeko irizpide objektiboak zehaztea (ikasketa planean sarbide mota hori onartuta daukaten titulazioetarako besterik ez).

– Titulazioaren jarduera akademikoa hobetu eta antolatzeko proposamenak egitea.

– Titulazioko Akademia Antolakuntzako Batzordeak esleituko dizkion gainerako guztiak.

Erizaintzako Graduaren kasuan, Akademia Antolakuntzako azpibatzorde bat egongo da, jarduteko irizpide orokorrak ezarriko dituena, eta beste bi azpibatzorde, bata egoitzakoa eta bestea Gipuzkoako Atalekoa. Erizaintzako ikasketetako Akademia Antolakuntzako Azpibatzordea osatuko dute aipatutako bi azpibatzordeetako kideek. Azpibatzordeko burua urtero aldatuko da, eta urte batean izango da titulazio horren egoitzako koordinatzailea eta hurrengoan Gipuzkoako Atalekoa. Azpibatzordeko burua izango ez den dekanordeak azpibatzordeko idazkariaren eginkizunak beteko ditu.

Bi azpibatzorde horietako bakoitzak osakide hauek izango ditu: titulazioaren egoitzako koordinatzailea eta Gipuzkoako Atalekoa, azpibatzordeko burua izango dena; egoitzari eta atalari atxikitako bi irakasle, eta horietako bat kasuan kasuko azpibatzordeko idazkaria izango da; egoitzako edo ataleko AZPkoen ordezkari bat; eta ikasleen ordezkari bat, fakultateko eta ataleko Ikasleen Kontseiluak izendatua, hurrenez hurren.

Azpibatzorde honetako kidea izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

8. artikulua.– Beste batzorde batzuk.

1.– Euskara Batzordea.

a) Euskara Batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da eta bere helburua izango da bultzatzea ikastegian euskararen erabilera, UPV/EHUren planifikazio orokorraren barruan, eta jardungo du koordinatuta unibertsitateko Euskara Batzordearekin eta campusetakoekin.

b) Osakide hauek izango ditu: irakasle eta ikertzaileen lau ordezkari (titulazio bakoitzetik bat), Gipuzkoako Atalaren ordezkari bat, ikasleen bi ordezkari eta AZPkoen ordezkari bat. Batzordeko burua dekanoa izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; eta idazkaria izango da batzordea eratzen denean horretarako izendatuko den pertsona.

Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Atalean euskararen arloko eginkizunak beteko ditu Ataleko Batzarrak horretarako izendatuko duen pertsonak, eta bera izango da batzordeko kidea.

Ez da beharrezkoa Ataleko Batzarreko kidea izatea aipatutako eginkizunak betetzeko izendatua izateko.

2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Batzordea.

a) Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Batzordea parte hartze, kontsulta eta aholkularitzarako organoa da eta arlo horretan fakultateari dagozkion eginkizunak hartuko ditu bere gain, unean unean indarrean egongo den araudi aplikagarriaren arabera, eta jardungo du koordinatuta unibertsitateko Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Batzordearekin eta campusetakoekin.

b) Osakide hauek izango ditu: irakasle eta ikertzaileen lau ordezkari (titulazio bakoitzetik bat), atalaren ordezkari bat, ikasleen bi ordezkari eta AZPkoen ordezkari bat. Batzordeko burua dekanoa izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; eta idazkaria izango da batzordea eratzen denean horretarako izendatuko den pertsona.

Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Atalean emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko eginkizunak beteko ditu Ataleko Batzarrak horretarako izendatuko duen pertsonak, eta bera izango da batzordeko kidea.

Ez da beharrezkoa Ataleko Batzarreko kidea izatea aipatutako eginkizunak betetzeko izendatua izateko.

3.– Kanpoko Praktiken Batzordea.

a) Fakultateko Praktiken Batzordeak jardungo du unibertsitatean indarrean egongo den Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiaren arabera.

b) Osakide hauek izango ditu: indarreko arautegi akademikoaren arabera zehaztuko den graduetako eta graduondokoetako irakasle kopurua, bi ikasle, eta administrazio eta zerbitzuetako langile bat. Batzordeko burua Practicumeko dekanordea izango da, eta idazkaria batzordea eratzen denean horretarako izendatuko den pertsona.

Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Gipuzkoako Atalak Praktiken batzorde bat izango du, osakide hauek izango dituena: indarreko arautegi akademikoaren arabera zehaztuko den irakasle kopurua, bi ikasle, eta administrazio eta zerbitzuetako langile bat. Batzordeko burua Practicumeko dekanordea izango da, eta idazkaria batzordea eratzen denean horretarako izendatuko den pertsona. Horiek guztiak Gipuzkoako Ataleko kideak izango dira.

Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Ataleko Batzarreko kidea izatea.

4.– Gradu Amaierako Lanen Batzordea.

a) Gradu Amaierako Lanen Batzordeak jardungo du unibertsitatean indarrean egongo den Gradu Amaierako Lana Egin eta Defendatzeari buruzko Arautegiaren arabera.

b) Batzordeak osakide hauek izango ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, batzordeko burua izango dena; ikastegiko idazkari akademikoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, batzordeko idazkaria izango dena; titulazioetako koordinatzaileak; titulazio bakoitzeko gradu amaierako lanen koordinatzaileak; Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Ataleko gradu amaierako lanen koordinatzailea; eta erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona.

Parte hartuko du baita ere Ikasleen Kontseiluko buruak edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak. Hauek dira Gradu Amaierako Lanen Batzordearen eginkizunak:

– Gradu Amaierako Lanen eskuliburuak egiteko lanak koordinatzea.

– Gradu amaierako lanak defendatzeko egutegiak koordinatzea.

– Gradu amaierako lanen epaimahaietako kideak izendatzea.

Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

c) Gradu Amaierako Lanen azpibatzorde bat eratuko da fakultatean irakasten den titulazio bakoitzeko. Azpibatzordeak osakide hauek izango ditu: titulazioko koordinatzailea, azpibatzordeko burua izango dena; titulazioko gradu amaierako lanen koordinatzailea, azpibatzordeko idazkaria izango dena; titulazioko bi irakasle; AZPkoen ordezkari bat; eta titulazioko ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak izendatua. Hauek izango dira azpibatzordearen eginkizunak:

– Titulazioko gradu amaierako lanen eskuliburuaren proposamena prestatzea, Fakultateko Batzarrak onar dezan.

– Gradu amaierako lanen gaiak zehaztea.

– Gradu amaierako lanak egin eta defendatzeko, hizkuntza ofizialez gain, zeintzuk erabili ahal izango diren zehaztea.

– Titulazioko gradu amaierako lanen zuzendariak izendatzea.

– Titulazioko gradu amaierako lanak defendatzeko egutegiak antolatzea.

– Titulazioko epaimahaietako kideak izendatzea.

– Fakultateko Gradu Amaierako Lanen Batzordeak esleituko dizkion gainerako guztiak.

Erizaintzako Graduaren kasuan, titulazioko Gradu Amaierako Lanen azpibatzorde bat egongo da, jarduteko irizpide orokorrak ezarriko dituena, eta beste bi azpibatzorde, bata egoitzakoa eta bestea Gipuzkoako Atalekoa, tutoreak esleitzeko eta ikasleak kalifikatuko dituzten epaimahaiak antolatzeko dagokien esparruan. Erizaintzako ikasketetako Gradu Amaierako Lanen Azpibatzordea osatuko dute aipatutako bi azpibatzordeetako kideek. Azpibatzordeko burua urtero aldatuko da, eta urte batean izango da titulazio horren egoitzako koordinatzailea eta hurrengoan Gipuzkoako Atalekoa. Azpibatzordeko burua izango ez den koordinatzaileak azpibatzordeko idazkariaren eginkizunak beteko ditu.

Bi azpibatzorde horietako bakoitzak osakide hauek izango ditu: titulazioaren egoitzako koordinatzailea eta Gipuzkoako Atalekoa, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, azpibatzordeko burua izango dena; egoitzako eta ataleko gradu amaierako lanen koordinatzailea, azpibatzordeko idazkaria izango dena; egoitzari eta atalari atxikitako bi irakasle; egoitzako edo ataleko AZPkoen ordezkari bat; eta ikasleen ordezkari bat, fakultateko eta ataleko Ikasleen Kontseiluak izendatua, hurrenez hurren.

Azpibatzorde horietan parte hartzeko ez da beharrezkoa Fakultateko edo Ataleko Batzarreko kidea izatea.

5.– Praktika Txandakatuak eta horien Ebaluazio Kliniko Objektibo Egituratua (EKOE) Koordinatzeko Batzordea, Medikuntzako Gradurako.

a) Praktika Txandakatuak eta horien Ebaluazio Kliniko Objektibo Egituratua (EKOE) Koordinatzeko Batzordea egokituko da fakultatean irakasten den Medikuntzako Graduko unean uneko ikasketa planera.

b) Praktika Txandakatuak eta horien Ebaluazio Kliniko Objektibo Egituratua (EKOE) Koordinatzeko Batzordeko burua izango da dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona; eta idazkaria, idazkari akademikoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Horiez gain, osakide hauek izango ditu:

– Kalitateko dekanordea.

– Arlo klinikoen ardura duen dekanordea.

– Titulazioko koordinatzailea.

– Irakasguneen Koordinazioko dekanordeak.

– EKOEren irakaskuntzarekin zerikusia daukaten sailetako zuzendariak, edo haiek beren ordez izendatzen dituzten pertsonak.

– Praktika txandakatuen koordinatzailea.

– Ikastegian erantzukizun handiena duen administrazio eta zerbitzuetako langilea, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona.

– Medikuntzako Graduko ikasleen bi ordezkari, fakultateko Ikasleen Kontseiluak izendatuak.

Batzorde horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa Fakultateko Batzarreko kidea izatea.

6.– Oro har, atalak ordezkari bat izango du fakultatean eratu eta atalari dagozkion gaiez arduratuko diren batzorde guztietan.

9. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua beteko dela bermatzeko.

2.– Ikastegiak neurriak hartuko ditu ikastegiko ikasleek bateratu ahal izateko jardun akademikoa eta ordezkari zereginak.

3.– Kide anitzeko organoetako kideek, euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko eskubidea baliatuta, idatziz eskatuko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, hamabost (15) eguneko epean, gehienez ere, fakultateak haren esku jarriko du dokumentazioa fakultateko idazkaritzan.

Era berean jardungo da Gipuzkoako Ataleko kide anitzeko organoen kasuan, eta organo horiek atalaren gune administratiboetan izango dute dokumentazioa eskuragarri.

10. artikulua.– Botoa eskuordetzea.

Botoa eskuordetu ahal izango da, hauteskunde prozesuetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi beharko dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.

11. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.

1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.– a) Fakultateko kide anitzeko organoek hartutako erabakiak gehienez ere hiru egun balioduneko epean emango dira argitara fakultatearen Intranetean, bat etorrita Ikastegien Esparru Arautegiko 16.4 artikuluan adierazitakoarekin. Idazkari akademikoak eta dekanoak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak. Aipatutakoaz gain, Fakultate Batzarraren agiri guztiak, erabakiak barne, batzarreko kideen eskura egongo dira eGelaPi aplikazioan horretarako prestatuko den atalean. Pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.

b) Era berean jardungo da Erizaintzako Graduaren Gipuzkoako Ataleko kide anitzeko organoek hartuko dituzten erabakien kasuan, eta erabaki horiek gehienez ere hiru egun balioduneko epean emango dira argitara horretarako prestatuko den gune birtualean, bat etorrita Ikastegien Esparru Arautegiko 16.4 artikuluan adierazitakoarekin. Ataleko Batzarreko idazkari lanak egiten dituen dekanordeak eta Atalaren Koordinazioko dekanordeak bermatu egin beharko dute atalean hartutako erabakiak argitaratu eta ikusgai egongo direla.

12. artikulua.– Dekanoa.

1.– Dekanoa da fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena. Dekanoa Fakultateko Batzarrak hautatuko du ikastegiari atxikitako irakasle ikertzaile iraunkor doktoreen artetik eta errektoreak izendatuko du. Halako irakasle ikertzailerik ez balego, irakasle ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

2.– Fakultateko dekanoa izateko hautagaitzak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, hauteskunde deialdia argitaratu eta biharamunetik aurrera hasita, eta gobernu taldearen egitura eta programa ere aurkeztu beharko dira hautagaitzarekin batera. Dekanoa errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia sei urtekoa izango da eta ezingo da luzatu, ezta ere beste agintaldi bat egin segidan.

13. artikulua.– Ordezkoa egitea hautetsiak kargua uzten duenean.

Hautetsiak kargua uzten duenean, zerrenda bereko hurrengo kide ez hautetsiak beteko du haren lekua. Organoko idazkariari ordezkoa nor izango den jakinarazi eta zazpi egun balioduneko epean gauzatuko da ordezkapena.

14. artikula.– Ordezkoa egitea titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik.

Ordezkoek kide anitzeko organoko titularrak ordezkatuko dituzte titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean, eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenean. Organoko kide titularrak ezingo badira joan bilerara arrazoi justifikatu bategatik, dena delako arrazoia egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte ikastegiko idazkaritzan bileraren eguna baino bi egun lehenago, ordezkapena gauzatu ahal izateko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak medikuntzako bost irakasgune ditu, modu honetan banatuak:

– Arabako Campusean Vitoria-Gasteizko Irakasgunea (Jose Atxotegi kalea z.g.– 01009 Vitoria-Gasteiz).

– Bizkaiko Campusean Basurtuko Irakasgunea (Gurtubay kalea z.g.– 48013 Bilbo), Gurutzetako Irakasgunea (Gurutzeta plaza 12 – 48903 Barakaldo), eta Galdakao-Usansoloko Irakasgunea (Labeaga auzoa z.g.– 48960 Galdakao).

– Gipuzkoako Campusean Donostiako Irakasgunea (Begiristain Doktorearen pasealekua 105 – 20014 Donostia)

2.– Irakasgune horietako burua koordinatzaile bat izango da, dekanorde maila izango duena. Hauek dira irakasguneetako koordinatzaileen eskumenak:

– Laguntza ematea dekanoari bere eginkizunak bete ditzan.

– Irakasgunean ematen diren ikasketak koordinatu eta antolatzea, kalitatea zainduz.

– Irakasguneko praktika txandakatuak antolatzea.

– Laguntzea ikasketen akreditazioa lortzen eta ikasketa planak eguneratzen, gizartearen premiei erantzun ahal izateko.

– Irakasguneko irakasleen etengabeko prestakuntza planifikatzea, eta etengabeko hobekuntza bultzatzea ikastegiaren kudeaketan.

– Ikasleei orientazio profesionala ematea sustatzea.

– Ikasketen plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzea, bai eta irakasgunean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestioak ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak irakasguneak sortu ahal izango ditu irakaskuntza klinikoa ematen duen unibertsitate ospitaletan, edo, hala behar bada, unibertsitateari elkartutako lehen arretako zentro edo unitateetan, UPV/EHUren eta Osakidetzaren arteko hitzarmenarekin bat etorrita.

Irakasgune horiek koordinatzaile bat izan ahalko dute: dekanorde maila izango du eta ikastegiko barne arautegian zehaztutako eginkizunak izango ditu. Dekanorde hori, soldatapeko kargu bat ez den bitartean, ez da aintzat hartuko dekanordeen kopurua zenbatzeari dagokionez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegia indarrean sartu eta gero Ikastegiko Batzarreko taldeen ordezkariek agintean jarraituko dute, hautatuak izan ziren aldia amaitu arte. Hutsunerik sortuz gero, ordezkariak hautatuak izan zirenean indarrean zegoen sistemaren arabera beteko dira.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, halaber, haien eraketan batzarreko unibertsitateko kidegoak islatzen dituzten gobernu eta ordezkaritza organoei.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzean indargabetuta geratuko da Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 29an onartu zuen Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Arautegia (2016ko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua), eta 2016ko azaroaren 17an eta 2019ko ekainaren 28an argitaratu ziren arautegiaren aldaketak.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala