132. zk., 2023ko uztailaren 12a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (187 KB - 8 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3324
97/2023 DEKRETUA, ekainaren 27koa, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 6. artikuluan esaten denez, euskara, euskal herritarren hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea; eta autonomia erkidegoko erakunde komunek, autonomia erkidegoaren barruko aniztasun soziolinguistikoa kontuan izanda, bi hizkuntzak erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizialtasuna araututa. Eta, horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskararen ezagutza ziurtatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskararen Erabilera Arautzeko 10/1982 Oinarrizko Legea euskararen normalizazioaren oinarrizko habe juridikoa izan da. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea zabaldu zuen, gizarteko esparru giltzarrietan euskararen ezagutza eta erabilera berreskuratzeko eta euskarari hain beharrezkoa zitzaion erakundeen babesa eskaintzeko. Horrez gain, bere 5.2 artikuluaren arabera, euskal herritarrei funtsezko hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkie gizarte-bizitzako esparru guztietan.
Horren ildotik, 4/2023 Legeak, apirilaren 27koak, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuarenak, VIII. kapitulua eskaintzen dio kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei. Bertan ezarrita dagoenez, euskal herritarrek eskubidea dute ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko, eta enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko.
Alde horretatik, beharrezkoa eta onuragarria da hizkuntzaren normalizazioa arlo sozioekonomikoko sektoreko esparru guztietan. Alor horretan, ibilbide luzea egina du Eusko Jaurlaritzak, bereziki 1991n hasi eta gaur egun arte. Horren adibide dugu 2006an abian jarritako LanHitz programa markoa, esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera eta presentzia areagotzekoa. Eusko Jaurlaritzak, LanHitz programa marko horren testuinguruan, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortu zuen, lehendabizi Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez, eta, ondoren, Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautu zituen martxoaren 3ko 53/2009 Dekretuaren bidez, «esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren, presentziaren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzeko xedez».
Halaber, Eusko Jaurlaritzak, hainbat urtetako hausnarketaren ondoren eta eremu sozioekonomikoko eragile askok parte hartu zuten prozesu baten ondorioz, abian jarri du «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-23» izenekoa, eta bertan, Bikaini lotutako helburu estrategikoa jasotzen du: «Ziurtagirien eskema egokitu, bezeroen aukerak zabaltzeko». Helburu estrategiko horrek honako hau dio: «Gaur egun indarrean dagoen ziurtagiri eskema hizkuntzaren kudeaketan maila aurreratua duten erakundeei zuzenduta dago. Erakunde txiki edo baliabide gutxi dutenei zuzendutako eskaera maila baxuagoko aitortza eskema edo sistema sortu beharko litzateke, harrera edo oinarrizko arreta euskaraz eskaintzen duten zerbitzu enpresentzat».
Administrazioari dagokionez, bere hizkuntzaren inguruko araudia du, eta, legeak betearaztea ez ezik, legeak betetzea ere badagokio. Administrazioa gizarte gero eta elebidunago baten zerbitzura dago, eta horrek badu eragina Administrazioko langileen egunerokoan, Administrazioak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu behar baititu.
Horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluek ezarritakoaren arabera, erakunde bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar du, eta bost urteko iraupena duten plangintzaldiak ezartzen dira. Administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu hau berritze-bidean dago, eta Euskal Sektore Publiko osoa bere gain hartzeaz gainera, bertan araututako hizkuntza-plangintza erabat lerrokatuta egongo da dekretu honek arautuko duen aitortza-sistemarekin.
Indarrean den Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren arabera (ESEP), arlo sozioekonomikoa helburu estrategikoa da, eta horretan eragiteko jasotzen dituen ekintzen artean, euskararen presentzia eta erabilera egiaztatzeko sistema eraginkor baterantz pausoak ematea proposatzen du. Bestalde, ESEPen sailkapenaren barnean Administrazioa ere aintzat hartzen da, eta, besteak beste, honako helburu hauek proposatzen ditu: batetik, Administrazioan euskararen erabilera sustatu eta bermatzea, eta bestetik, neurriak hartzea euskara lan-hizkuntza ere izan dadin.
Era berean, 2021-2024 aldirako Euskararen Agenda Estrategikoan, genero-berdintasunari buruzko ardatz estrategiko bat jasotzen da. Horren arabera, euskarak generoarekin duen lotura azpimarratzen da, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika sustatu beharra nabarmentzen, esparru guztietako zeharkako politika baita. Ildo horretatik, dekretu honek emakumeen eta gizonen berdintasunerako zeharkako politikak garatu eta ezarriko ditu, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, betetzea bultzatu eta bermatuko du. Bereziki, hizkuntzaren erabilera ez-sexistari buruzko neurrien gaineko artikuluak bermatuko ditu: sexuaren arabera bereizitako datu-bilketa (17. artikulua), ordezkaritza orekatua (3.10 artikulua), hizkuntzaren erabilera inklusiboa eta ez-sexista (19.4 artikulua), berdintasunaren arloko prestakuntza (18. artikulua), eta berdintasun-planak (43. artikulua).
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokio, eta horrela jasotzen da bere sailaren egitura-dekretuan, erakunde publiko eta pribatuen jardueretan euskararen erabilera nolakoa den jakiteko eta ebaluatzeko sistema bat ezartzeko azterketa egitea, eta sistema horren ezarpena sustatzea, indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta.
Horiek horrela, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sektore publikora berariaz zabaltzeko asmoz eta ebaluazio eredua berraztertu eta eguneratzeko helburuarekin eman zen Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen zituen martxoaren 3ko 53/2009 Dekretua indargabetu eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen zuen maiatzaren 30eko 162/2017 Dekretua.
Euskararen kudeaketaren aitortza-sistema berriaren muina da prozesua etengabe berrikustea eta antzemandako beharren arabera egokitzea. Efizientziaren mesedetan, dekretua aldatzeko prozedura malgutu behar da beharrezko egokitzapenak egin ahal izate aldera. Horrez gain, aurreko ebaluazio-prozeduretatik eratorritako berrikuntzak txertatzeko aukera zabaldu nahi da, eta, era berean, ebaluazio- eta ziurtatze-aukerak hedatu, esparru sozioekonomiko pribatuaren ezaugarrietara egokituz.
Dekretu berri honen testu artikulatuan, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko sistemaren oinarria jasotzen da (hemendik aurrera, Euskararen kudeaketaren aitortza-sistema), eta horren garapena ebazpenen bidez osatuko da. Horrez gainera, aipatu beharra dago dekretu honen bidez, Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Erregistroa sortzen dela.
Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Dekretuaren xedea.
Dekretu honen bidez, euskararen kudeaketaren aitortza-sistema arautzen da, esparru sozioekonomiko pribatuko zein sektore publikoko erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko xedez.
2. artikulua.– Euskararen kudeaketaren aitortza-sistemaren erakunde hartzaileak.
1.– Euskararen kudeaketaren aitortza-sistema honetan, hauek parte hartu ahal izango dute:
a) Beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten esparru sozioekonomikoko erakunde pribatuek, osorik edo partzialki.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten sektore publikoko erakundeek, osorik edo partzialki.
2.– Erakundeen izaera kontuan hartuko da ebaluazio-, egiaztatze- eta aitortza-prozesuak zehazteko.
3.– Dagokion sektorean –esparru publikoan zein sektore sozioekonomiko pribatuan–, sailburuordearen ebazpenen bidez garatuko dira euskararen kudeaketaren aitortza-sistemaren hartzaileei buruzko zehaztapenak, eta honako hauek gutxienez jaso beharko dira bertan: erakunde hartzaile motak, erakunde-eskatzaileek bete beharrekoak, eta izen-ematea eta gainerako izapideak.
3. artikulua.– Euskararen kudeaketaren aitortza-sistema.
1.– Euskararen kudeaketaren aitortza-sistema hiru aitorpenek osatzen dute. Bakoitza garatu egingo da sailburuordearen ebazpenaren bidez. Hona hemen hiru aitorpenak:
a) Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriak hiru egiaztapen-maila ditu:
1. Oinarrizko mailako ziurtagiria.
2. Erdi-mailako ziurtagiria.
3. Goi-mailako ziurtagiria.
Horrekin batera, euskararen kudeaketan lan eredugarri zein trakzio-lanak egin dituzten erakunde eta enpresen lanari aintzatespena egiteko xedez, izaera bereziko aipamenak sortu ahalko dira.
b) Euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoari loturiko Harrobi diploma.
c) Euskaraz barra-barra bereizgarria, euskara erabiltzeko espazioak identifikatzea helburu duena.
Sistema honetako aitorpenen maila eta aldaera berriak sortu ahalko dira, baita aitorpen berriak ere.
2.– Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren baitako aitorpenak beren-beregi eta zehaztasunez garatzeko emango diren sailburuordearen ebazpenetan, gutxienez, ondorengoak jasoko dira: aitorpen-motak, eta hala badagokio, horien mailak edo aldaerak; aitorpenen edukia; markak; ebaluazio-, egiaztatze- eta aitortza-sistemaren baitako prozesuen zer-nolakoak.
3.– Artikulu honetan aurreikusitako aitorpenak hizkuntza-politikaren eskumena duen sailburuordeak emango ditu.
4. artikulua.– Aitortza-agirien erabilera.
1.– Eusko Jaurlaritzak emandako Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren eta gainerako aitorpenen markak zein horiek adierazten dituzten irudiak eta ikurrak Eusko Jaurlaritzarenak izango dira, eta haren izenean egongo dira inskribatuta.
2.– Erakundeek Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren baitan aitorpenei dagokien iruditegia erabili ahal izango dute beren barneko zein kanpoko dokumentuetan. Halaber, eskubidea izango dute publizitatean, beren webguneetan, kontsumitzaileei eta bezero potentzialei zuzendutako komunikazio orotan txertatzeko, baita enpresa-komunikazioan ere.
3.– Aitorpena erakundearen zati batek edo batzuek lortu badute, baina ez erakundeak bere osotasunean, agiriaren eta honen marken erabileran modu argian adierazi beharko da nori dagokion; agiria erakunde osoari dagokiola ulertzeko biderik eman gabe.
4.– Marken zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurren erabilera bat etorriko da abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuaren bidez onartutako Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan markentzako ezarrita dagoen araudiarekin.
5.– Halaber, markek zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurrek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onartutako erakunde-nortasunaren berariazko eskuliburua edukiko dute, eta eskuliburu hori erakundearen eskura jarriko da behin aitortza-agiria egiaztatuta. Markaren zein horiek adierazten dituzten irudi eta ikurren erabilera egitean, eskuliburuan ezarritako jarraibideak bete beharko ditu erakundeak.
5. artikulua.– Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen batzordea.
1.– Euskararen kudeaketaren aitortza-sistemaren koherentzia bermatze aldera, Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen batzordea sortzen da.
2.– Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen batzordean bilduko dira, hizkuntza-politikaren eskumena duen sailburuordearen gidaritzapean, sektore publiko eta pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duten zuzendariak eta zuzendaritza horietako bina langile publiko.
3.– Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Jarraipen batzordeari dagokio aitortza-sistemaren koordinazioa, eta eginkizun hauek izango ditu, besteak beste: esparru publikoari eta sektore sozioekonomiko pribatuari dagokien aitortza-sistemaren zabalkundea egitea; bi sektore edo esparru horien arteko beharrezko koordinazioa bermatzea, sistemaren koherentzia mantentze aldera; aitortza-sistemari jarraipena egitea, eta beharrezko hobekuntzak inplementatzea.
6. artikulua.– Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Artezkaritza Kontseilua.
1.– Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Artezkaritza Kontseilua partaidetza sozialeko organo aholku-emailea da, hizkuntza-politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, baina haren egitura hierarkikotik at dagoena.
2.– Organo honetan parte hartuko duen erakunde bakoitzak proposatuko du bere ordezkaria, eta hizkuntza-politikaren eskumena duen organoak izendatuko ditu kide horiek.
3.– Hona hemen Artezkaritza Kontseilua osatzen duten kideak:
a) Lehendakaritza: hizkuntza-politikaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuordea.
b) Idazkaria: sektore sozioekonomiko pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duen zuzendaria.
c) Sektore publikoan hizkuntza-politikaren eskumena duen zuzendaria.
d) Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatuta izendatutako kide bana.
e) Euskal Udalen Elkarteak (Eudel) proposatuta izendatutako kide bat.
f) Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) proposatuta izendatutako kide bat.
g) Euskal Enpresaren Konfederakuntzak (Confebask), Gipuzkoako Enpresen Elkarteak (Adegi), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (Cebek) eta Arabako Enpresak (SEA) proposatuta kide bana.
h) Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (Konfekoop) proposatuta izendatutako kide bat.
4.– Halaber, Artezkaritza Kontseiluan esku hartu ahal izango dute Artezkaritza Kontseiluak hala erabakita egoki iritzitako beste erakunde batzuetako ordezkariek ere, gehienez 20 kideko kopurura heldu arte.
5.– Artezkaritza Kontseilua osatzeko edo horretan parte hartzeko pertsonak izendatu eta aukeratzean, trebakuntza, gaitasuna eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar da. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dira.
6.– Artezkaritza Kontseiluak hizkuntza-politikaren eskumena duen organoko zerbitzu teknikoen laguntza izango du.
7.– Artezkaritza Kontseiluaren funtzionamendua eta berau osatzen duten kideen ordezkapen-erregimena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritakoari lotuta egongo dira.
8.– Honako hauek dira Artezkaritza Kontseiluaren eginkizunak:
a) Urteko ekintza-plana onartzea, euskararen kudeaketaren aitortza-sistema zabaldu eta inplementatzeko.
b) Aholkuak ematea, hizkuntza-kudeaketaren ebaluazio- eta egiaztapen-ereduaren garapenari eta horrek dakartzan prozedurei dagokienez.
c) Jarraipena egin eta hobekuntza-jarduerak proposatzea, ezarritako ebaluazio-, egiaztatze- eta aitortza-sistema garatzeko.
9.– Artezkaritza Kontseilua aldiro-aldiro bilduko da, hau da, bilkurak egitea, beharrezko irizten dionean; dena dela, urtean behin gutxienez bilduko da.
10.– Ebaluazio-, egiaztatze eta aitortza-sistema honetan adituak diren teknikarien laguntza jaso ahal izango du Artezkaritza Kontseiluak. Teknikari horiek Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren eskumena duen arlokoak izango dira. Era berean, gai honetan adituak diren pertsonen laguntza jaso ahal izango du Artezkaritza Kontseiluak, bere egitekoak hobeto betetzeko, betiere egoki iritziz gero eta horretarako berariaz hartutako erabakiaren bidez.
11.– Artezkaritza Kontseiluko kideek ez dute dietarik eta konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izango organo horretan parte hartzearen ondorioz izandako gastuengatik.
7. artikulua.– Bikain Ebaluatzaileen Kluba.
1.– Bikain Ebaluatzaileen Klubari dagokio sektore sozioekonomiko pribatuari lotutako ebaluazioak egitea.
2.– Honako hauek izan daitezke klub horretako kide:
a) Erakundeetako profesionalak, euskararen erabilera sustatzeko ardura-lanpostuak dituztenak.
b) Kudeaketa aurreratuaren ereduan adituak direnak.
c) Hizkuntza-arloko zerbitzu-enpresetako profesionalak.
d) Hizkuntza-normalizaziorako teknikariak.
e) Kudeaketa-sistemetako profesionalak.
f) Kanpo-ebaluazioa jaso edo jasotzeko eskabidea egin duten erakundeetako langileak.
3.– Ezinbestekoa izango da Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide izateko berariaz antolatuko diren prestakuntza-saioetan parte hartzea. Ebaluatzaileen klubeko kide izateko gainerako betekizunak sailburuordearen ebazpenaren bidez garatuko dira.
4.– Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide izateko eskabideak kudeatzea eta klubeko kideen zerrenda sortzea sektore sozioekonomiko pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duen zuzendaritzak egingo du.
5.– Bikain Ebaluatzaileen Kluba osatzerakoan ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko.
6.– Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kideek ebaluazioetan zehar egindako lanak erabat boluntarioak dira; ondorioz, ez dute dietarik edota ordainsaririk jasoko ebaluazioetan erabilitako orduen truke, ezta dietarik ere egindako bidaiengatik edota egun horietako otorduengatik.
8. artikulua.– Homologazioa.
1.– Beste erakunde publiko edo pribatu batzuk homologatzeko aukera egongo da sektore sozioekonomiko pribatuko erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko, betiere aitortza-sistema osatzen duten mailaren batean beharrezkoa ikusiko balitz eta hizkuntza-politikaren esparruan sektore pribatuan eskumena duen zuzendaritzak hala erabakiko balu.
2.– Homologazio-prozeduraren baldintzak sektore pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duen zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko dira.
Homologatzeko ezinbesteko baldintza izango da eskarmentua izatea Euskal Autonomia Erkidegoan esparru sozioekonomiko pribatuan euskararen kudeaketaren inguruko aholkularitzan edo ziurtagirigintzan, ebazpenean zehaztuko diren baldintzetan.
3.– Ebazpenean zehaztuko den prozedurari jarraituz egiten bada homologazio-eskaera, gehienez 6 hilabeteko epean emango da sektore pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duen zuzendariaren ebazpena. Epe hori igarota erantzunik egon ezean, homologazio-eskaera ukatutzat joko da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Aitortza-sistemaren kudeaketaren baitan sortutako organoetako kideak izendatzean, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea, eta bilatuko da gizonen eta emakumeen parte-hartze orekatua. Organoetako kideek euren jardunean hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute. Organoak horrela erabakitzen badu, bilera-deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta testu idatziak oro har, euskaraz bideratu ahalko dira. Bestelakoa erabakitzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan, euskararen kudeaketaren aitortza-sistemaren baitan arautzen diren ziurtagirien eta gainerako agirien mailak Euskal Sektore Publikoko erakundeek izapidetzen dituzten dirulaguntza-deialdietan aurkezten diren egitasmoak baloratzeko kontuan hartu ahal izango dira kasuan-kasuan, eta horrela izatea sustatuko da.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Datu pertsonalen tratamenduek xedapen hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez; eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinekoekin (Segurtasun-neurriak).
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau indarrean sartu aurretik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidaritzapean egindako ebaluazio-prozesuetan emandako ziurtagiri-mailek indarrean jarraituko dute, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren mailak arautu dituen araudiari jarraikiz.
Edonola ere, ziurtagiri horiek lortu zituzten erakundeek dekretu honetan eta berau garatzeko ematen diren administrazio-egintzetan ezarritakoa bete beharko dute haien erabileran.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Entitate interesdunek bide elektronikoa erabili beharko dute prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan dioenari jarraituz.
Dekretu honen 2.1 artikuluan aipatutako entitate pribatuen kasuan, pertsona fisikoak badira, bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabidea, kontsultak eta beharrezkoak diren bestelako izapide guztiak. Halaber, eskatzaileei egin beharreko jakinarazpen, komunikazio eta eskabidearen ondoko bestelako izapideak bitarteko berberak erabiliz egingo dira.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau argitaratzen denean 162/2017 Dekretuaren araberako prozeduraren bat abian bada, hasitako araudiaren arabera izapidetuko da, prozesua amaitu arte.
Dekretu hau aplikatuko zaie berau argitaratu ondoren izapidetzen diren prozedura eta espediente guztiei.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu berria argitaratzen denean ere, indarreko Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen duen 162/2017 Dekretuan zehaztutako Bikain Ebaluatzaileen Kluba osatzen duten kideak mantenduko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Aurreko xedapen iragankorretan adierazitakoa eragotzi gabe, dekretu hau indarrean jartzen denean, indargabetuta geldituko da Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen zuen maiatzaren 30eko 162/2017 Dekretua, eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka egon daitezkeen gainontzeko guztiak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Sektore publiko eta pribatuan hizkuntza-politikaren eskumena duten zuzendariei ahalmena ematen zaie, bakoitzak bere aginpide-esparruan, dekretu hau garatzeko hartu beharreko erabaki guztiak har ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Euskararen Kudeaketaren Aitortza-sistemaren Erregistroa sortzen da, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloko eskumena duen sailari atxikita. Sail horren menpe dago, eta sail horretako titularraren aginduz antolatuko eta kudeatuko da.
Erregistro horretan inskribatuko dira aitorpenak jasotzen dituzten erakundeak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko ekainaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.