Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2023ko uztailaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3312

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Arte Ederren Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2023ko otsailaren 28ko bilkuran, Arte Ederren Fakultateko Batzarrak ikastegiko Kalitate Batzordearen arautegia aldatzea onartu zuen, batzordean sartzeko ikastegiari atxikitako master ofizialen ordezkaritza bat. Artikulu batzuen idazkerari eragiten dioten beste aldaketa batzuk ere burutu dira. Horregatik guztiagatik, arautegi berrituaren testu osoa argitaratzea erabaki da.

Arautegia aldatzeko proposamenak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du, errespetatu egiten baitu Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Arautegian jasotakoa batzordeen osaerari dagokionez.

UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, ikastegietako kalitate arautegiak onartzea, baldin eta Gobernu Kontseiluko kideren batek edo Ikastegiko Batzarreko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari aurkezteko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Arte Ederren Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa, eranskinean jasota bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2023ko ekainaren 15a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ARTE EDERREN FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA

– 2022ko azaroan idatzia (2010-09-13an idatzitako eta 2010eko urriaren 7an Gobernu Kontseiluak onartutakoaren gainean egindako ñabardura)

– Arte Ederren Fakultateko Kalitate Batzordeak 2022-11-30ean onartua.

– 2022-12-21ean UPV/EHUko Lege Zerbitzuak egindako txostenari jarraituz egokitua, 2023-02-28an Ikastegiko Batzarrean aurkezteko.

– Ikastegiko Batzarrak 2023-02-28an onartua.

ATARIKOA

Arautegi honetan ezartzen dira UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Kalitate Batzordearen jarduna arautzeko.

Arautegi hau betetzera dator Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin zerikusia duten zenbait programatan aurreikusitakoa. Zehatzago esanda, gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako ikastegiek izan beharko dutela Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat (KBBS). Bestalde, AUDIT programaren arabera, KBBS bat daukaten ikastegietan, bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin behar du sistema hori. Bestalde, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak «Docentiaz» Programa onartu zuen, UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzekoa; programa hori gauzatzeko beharrezkoa da, haren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.

Ikastegiko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da, eta zuzendaritza taldearekin batera KBBSren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Kalitate Batzordeak, gainera, zuzendaritzari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, ikastegiko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.

Ikastegiko Batzarrari dagokio, UPV/EHUko ikastegietako gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Orobat, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan, Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Organoaren izena hau da: ikastegiko Kalitate Batzordea.

3.– Arautegi honek Kalitate Batzordearen funtzionamendua gobernatuko du.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

Ikastegiko Kalitate Batzordea gobernatuko da arautegi honen bitartez, UPV/EHUko Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Araudiaren bidez –zeinak bete beharreko gutxienekoa markatuko baitu– eta arlo honetan aplikatu beharreko gainerako arautegiez.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.

b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.

c) Ikastegiko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.

d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulaziorako ezarritako helburuak betetzeko.

g) Titulazioaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

i) Titulazioko curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.

j) Sailekin batera, ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

k) Bere kideek eta ikastegiko interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

l) Ikastegiko zuzendaritzari aholku ematea KBBSri dagozkion gaietan.

m) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen arloko erabaki proposamenak aurkeztea.

2.– Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio berari dagozkion eta kalitatearekin zerikusia duten eginkizunak, adibidez, Ikastegien Esparru Arautegiaren 10.2.i) artikuluan ezarritakoa.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:

a) Dekanoa edo horretarako eskuordetza daukan pertsona. Batzordeko burua izango da.

b) Ikastegiko sailetako ordezkari bana, sailek proposatuak eta dekanotza taldeak berretsiak.

c) Ikastegiko graduetako eta masterretako koordinatzaileak.

d) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

e) Ikasleen ordezkari bat ikastegian ematen diren ikasketa maila bakoitzeko (gradua eta masterra), ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuak.

2.– Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.

3.– Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, dekanotza taldeak proposatuta. Izendapena lau urterako izango da. Ikasleen ordezkariak, berriz, bi urterako izendatuko dira, baina epe hori urtebete luzatu ahal izango da, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak hala proposatuz gero.

4.– Ikastegiko Kalitate Batzordearen irizpideek eta funtzionamenduak jarraipena izan dezaten, batzordeko kideen erdiak bi urterik behin berrituko dira. Hau kide hautetsiei aplikatuko zaie, ez berezko kideei (hau da, ez dekanordeari eta titulazioetako koordinatzaileei).

5. artikulua.– Laguntza batzordeak.

1.– Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak sortu ahal izango ditu. Bere menpe egongo dira eta aholkurako izango dira. Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.

2.– Ikastegiak zenbat titulu koordinatzen dituen, horrenbeste batzorde sortu ahal izango dira titulazioen curriculuma garatzeko. Batzorde horiek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiek Kalitate Batzordean parte hartzeko ezarrita dauden irizpideak. Mailako edo moduluko koordinatzaileak, halakorik balego, batzorde horietako kide izan beharko dira.

3.– Era berean, batzorde bat sortuko da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hau osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak. Beraz, osakide hauek izango ditu:

a) Ikastegiko Kalitate dekanordea.

b) Ikastegiko sail bakoitzeko ordezkariak, Kalitate Batzordeko kide direnak, sailen proposamenez, eta Ikastegiko Batzarrak berretsiak.

c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

d) Ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatua.

6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Deialdi motak eta saioen maiztasuna.

a) Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

b) Ezohiko bilerak egingo dira aztergaiak berak hala eskatzen duenean edo aplikatu beharreko arauek hala ezarrita dutenean. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira honako hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

c) Premiazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Batzarraren hasieran berretsi egin beharko da bilera premiazkoa dela, eta hala ez bada, bukatutzat joko da automatikoki.

2.– Deialdia.

Batzordeko buruari dagokio deialdia egitea, Arte Ederren Fakultateko Arautegian zehazten den bezala.

Era berean, batzordeko kideen % 25ek hala eskatzen badute, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta, gehienez ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.

3.– Batzordeko kide izatea eta leku hutsak betetzea.

a) Kalitate Batzordeko kideak hautatzean, bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

b) Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Justifikazio gabe huts eginez gero segidan hiru bilerara edo tarteka bost bilerara, organoko kide izateari utziko zaio. Ikasleen ordezkariek organoko kide izateari utziko diote Ikasleen Arautegian zehazten denaren arabera. Batzordean ordezkatuta dagoen kolektibo bakoitzak ordezko bat izendatu beharko du batzordean sor litezkeen hutsuneak betetzeko.

4.– Kide anitzeko organoko kideen eskubideak eta betebeharrak.

a) Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak betetzekoa.

b) Era berean, eskubidea izango dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Nahi duten dokumentazioa idatziz eskatu beharko diote batzordeko buruari edo batzordeko ordezkari nagusiari, eta hamar egun balioduneko epearen barruan jaso beharko dute erantzuna.

5.– Bileren garapena, bozketak, aktak eta erabakien argitalpena.

a) Bileren funtzionamenduari dagokionez, Kalitate Batzordea gobernatuko da Ikastegiko Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen bidez, aplikagarri zaizkion neurrian, kide anitzeko organoentzat indarrean dagoen funtzionamendu araubideari jarraikiz.

b) Batzordeak bertaratutako kideen gehiagoaz hartuko ditu erabakiak. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez betearazi beharrekoak izango. Zuzendaritza taldeari bidaliko zaizkio beharrezko neurriak har ditzan.

c) Idazkariak akta jasoko du eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die. Gainera, argitara emango da, ikastegiko kide guztien esku egon dadin.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordeetako kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.

Era berean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia bete beharko dute batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala