122. zk., 2023ko ekainaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (227 KB - 18 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3103
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 15ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, argitaratzen eta iragartzen baitira «Lortu» 2023 laguntza programa arautzen duten oinarriak.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria-arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, informazioaren eta ezagutzaren gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu Euskadiko enpresa-ehuna sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira industria-lehiakortasuna sustatzea helburu duten laguntza-programak.
Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna palanka batzuk aktibatuz enpresen lehiakortasuna bultzatzea izan, garrantzitsua da planteatzen diren erronka desberdinei ekitea epe ertainerako eta luzerako finantza-osasuna lortzearren. Izan ere, horren menpe dago lehiakortasunari zuzenean eragingo dioten plan eta proiektuei ekiteko aukera izatea.
Halaber, azken gertakarietatik eratorritako egoera (COVID-19ak eragindako krisia eta Errusiak Ukraina inbaditzea, besteak beste), are larriagoa egin du horien ondorio eratorriak (hala nola lehengaien prezioen igoera, garraio-gastuak, hornidura-katearen hausturak eta energia-kostuen igoera) arintzearen garrantzia.
Egoera horren ondorioz, erakunde publiko zein pribatuek hainbat laguntza-neurri jarri dituzte enpresen esku, eta neurri horiek enpresa-jarduerari jarraipena ematen lagundu dute. Hala ere, neurri guztiak positiboak izan diren arren, enpresa askoren zorpetze-ratioak nabarmen igo dira.
Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da helburu nagusi batekin: industria-produktuari eta -prozesuari lotutako industria-enpresen eta zerbitzu-enpresen bideragarritasuna babestea, haien jarduerari jarraipena emateko eta etorkizuna ziurtatzeko, haien zati operatiboa eta bereziki finantza-zatia antolatuz.
Gorago adierazitakoaren arabera,
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Onestea «Lortu» 2023 Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia (horien edukia atxikita dago erabaki honen eranskinean) eta horri lotutako gastua baimentzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Batzordean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2023ko ekainaren 15a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
LORTU 2023KO LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatzearen bidez euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.
«Lortu» programa lehiakortasunaren palanketako jarduketa-politikekin lerrokatutako instrumentu bat da. Programa honen helburua da azkenaldiko ekitaldietatik eratorritako efektuen ondoren enpresei finantza-osasuna berreskuratzen laguntzea; horri esker, lehiakortasuna epe labur eta luzean finkatzeko plan eta proiektuetan areagotzeko aukera izango dute. Finantza-osasuna da finantza baliabideen kudeaketa egokia egin ondoren erakunde batean lortutako ongizatea. Horri esker, ordainketa-betebeharrak bete daitezke eta diru-sarrera eta gastuen aldakortasunaren aurrean erresiliente mantendu daitezke, enpresaren egungo eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko, eta horretarako lehiakortasuna mantentzeko proiektuak egiten jarraitzen dutela bermatu behar da.
Ildo horretatik, enpresa askoren jarraipena bermatzeko birfinantzaketa prozesuen negoziazioa egin behar da, eta biziraun duten enpresa askoren kasuan aktiboa berregituratzeko eta zorra osorik birfinantzatzeko gaitasunari esker biziraun dute. Berregituraketaren kasuan, zorra birfinantzatzeaz gain, gehienetan aktiboak eta/edo zati operatiboa berregituratu behar da.
Aldea dago ikuspuntu operatibotik eta finantza-ikuspuntutik jorratu beharreko kontuen artean. Lehenengoek prezio eta kostuei, kobrantza eta ordainketei, gastuei, inbentarioari, eta abarri buruzko erabakiei leku handiagoa ematen diete, eta bigarrenek, berriz, gai operatibo horiek finantzatzeko moduari buruzko erabakiak behar dituzte, kapital-egitura, zorraren egitura, bien kostua eta horiek nola edo noiz eskuratu behar diren aztertuz. Enpresek finantza-osasuna izan eta mantentzeko horretan eragina duten aldagai guztiak eta beharrezkotzat jotzen diren guztiak egiaztatu behar dituzte.
Laguntza horren bidez, kontu horietan eragina duen alderdi bakoitzaren aurretiko diagnostikoa egin nahi da, bi aldeen arteko lan partekatuaren bidez. Zeregin horretan, aditu independenteak enpresaren egungo egoera ezagutu ahal izango du, eta, horrela, lagundu ahal izango dio plan bat egiten eta alde guztiek beharrezkotzat jotzen dituzten erabakiak eta neurriak hartzen.
Egungo egoeraren ondorioz, berregituraketa operatiboak egiten dituzten enpresa askok likidezia-arazo bat hautematen dute, eta arazo hori sortu daiteke galera-irabazien kontuan islatzen diren eragiketa-politiken ondorioz, enpresaren maniobra-funtsaren kudeaketarekin zerikusi handiagoa duten alderdi operatiboen ondorioz, aktibo finkoetan inbertitzeko politika ez-efiziente baten ondorioz eta/edo kapital- eta zor-egitura egokirik ez izatearen ondorioz.
Behin enpresaren aldi baterako berregituraketa eta birfinantzaketa behar duen likidezia-arazoa identifikatuta, finantza-plan bat egin behar da, epe labur, ertain eta luzekoa, non jasoko baitira likidezia operatiboa hobetzeko ezarriko diren neurri operatiboak eta enpresa bideragarri egiteko behar diren baliabideak.
Horrek analisi bat eta plan bat egiteko eskatzen du, enpresaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten neurri identifikatuak aurrera eraman ahal izateko; izan ere, horri esker finantza-osasuna lortuko da eta horrek lehiakortasuna indartuko du.
Birfinantzaketa beharrezkoa den kasuetan, enpresak finantza-erakundeekin aldebiko negoziaketa egin beharko du, eta testuinguru horretan alternatiba ugari egon daitezke. Hala ere, eragile gehiago (finantza-hartzekodunak, hartzekodun komertzialak, akzionistak, langileak, bezeroak, Ogasun Publikoa eta Administrazioak) behar dituen berregituraketa izan daiteke. Bideragarritasun eta/edo berregituratze plana enpresaren bideragarritasunaren eta eragile desberdinen sakrifizioaren arteko orekan oinarrituta egon beharko du.
Mota horretako prozesuak diagnostikatzeko eta lantzeko zailtasun tekniko eta operatibo handiak daudenez, adituen laguntza erabakigarria da emaitza arrakastatsuak lortzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da enpresei laguntzea horrelako prozesuetan parte hartzen, gaian esperientzia duten kanpoko profesionalek lagunduta. Bestalde, eta egungo egoeratik eratorritako inpaktuaren ondorioz, garrantzitsua iruditzen zaigu enpresari laguntza profesional aditua eskaintzea, berreskurapenari ekiteko.
Horregatik guztiagatik, laguntza honen bidez, kanpoko profesionalek emandako zerbitzuak kalitatezkoak izatea lortu nahi da, birfinantzaketa-proiektua gauzatzeko aldi osoan alderdien arteko lankidetza estua izango dela ziurtatuz, eta lankidetza hori gailenduko dela dokumentuak egiten direnetik neurriak betearazteko laguntza ematen den arte eta, azkenik, hartzekodunekin birfinantzatzen den arte. Proiektu osoarekin lortutako arrakasta ulertuko da bi aldeen arteko lankidetzaren emaitza izango dela, eta, horregatik, laguntza hori zenbait jarduketa betetzearen baldintzapean egongo da.
Amaitzeko, adierazi behar da programa jasota dagoela 2023 ekitaldirako 2022ko abenduaren 21eko Administrazio Kontseiluaren akordioaren bidez onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta planaren honako helburu hau lortzen laguntzen duela: «Behar duten industria-produktuari eta industria-prozesuari lotutako zerbitzuei kanpoko laguntza profesionala ematea, enpresaren abiapuntu operatibo eta finantzariotik enpresaren jarraipena eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduerak aztertuko dituen birfinantzaketa-proiektu bat egin ahal izateko.»
1. artikulua.– Xedea.
Programa honen xedea da industria-produktu eta industria-prozesuekin lotutako zerbitzuen industria-enpresei zuzendutako kanpoko laguntza profesionala arautzea, elkarrekin birfinantzaketa-proiektu bat egin ahal izateko, enpresaren abiapuntu operatibo eta finantzariotik abiatuta, enpresaren jarraipena eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak azter ditzan.
Erabaki horiek neurri operatiboak eta finantzarioak dakartzate, eta ekintza-plan batean jaso behar dira. Ondoren, laguntza eta aholkularitza emateko esparruaren barruan gauzatu beharko dira. Horri guztiari esker, finantza-zorrak berriro negoziatu ahal izango dira, epe labur, ertain eta luzera finantza-egonkortasuna eta bideragarritasuna lortzeko.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago dirulaguntzen programa hau.
2.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren ondoz ondoko konkurrentzia-prozedurari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
4.– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Araudian ezarritakoa bete behar dute.
5.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzak ez daude zuzenean lotuta esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat ezartzearekin eta ustiatzearekin edo esportazio-jarduerari lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza-programa honen helburura 2023an 500.000 euro bideratuko dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funtsen izaera mugatua denez, programaren helburua da eskaera egiten den eta laguntzak ematen diren uneen artean ahalik eta azkarren egitea; hortaz, laguntzak modu antolatuan emango dira, espedientea betetzen den unearen arabera. Halaber, ebazpenaren bidez, laguntzak uka daitezke, programarako gehieneko zuzkidura gainditu bada.
3.– Programarako funtsak agortzen badira, programa amaituko da, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen webgunean (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Enpresa industrialek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresek eskura ditzakete programa honetan aurreikusitako laguntzak, 5. artikuluaren arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat badute.
b) Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda badaude.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) Herri-administrazioek edo horietakoren baten sektore publikoaren parte direnek.
b) Dirulaguntzen 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.
– Zehapen penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.
c) Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera.
d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.
e) Sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso dutenek, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako erakunde hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
f) Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzeagatik arau-hauste larri edo oso larriengatik ebazpen irmo bidez zehatuak izan badira.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri eta oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan badira, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.
h) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen badute, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
i) Lortu programaren onuradunak izan badira 2023 ekitaldian edo aurreko ekitaldietan laguntzaren xede izan diren jarduketak bukatu ez badituzte.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat dutela.
– Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta egikaritze-epea.
1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak izango dira birfinantzaketa proiektuak egitera bideratutakoak edo finantza-osasuna tratatzen dutenak, honako hau ahalbidetzen badute:
a) Onuradunaren abiapuntuko egoeraren diagnostikoa egitea.
b) Ekintza-plan bat egitea, abiapuntuko egoeraren diagnostikoan oinarrituta, onuradunaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren ekintzak gauzatu ahal izateko.
c) Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzea, eta, hala badagokio, finantza-pasiboaren birfinantzaketa ahalbidetzea prozesuan inplikatutako hartzekodun guztiekin.
Ondore horretarako, finantza-osasuntzat hartuko da, alde batetik, enpresa batek lortzen duen ongizatea uneko eta etorkizuneko ordainketa-betebeharrak betetzeko finantza-baliabideen kudeaketaren bidez; eta, bestetik, operatiban eragina duten gainerako faktoreen kudeaketa ekonomiko ona. Horri esker, proiektuak modu jasangarrian egin ahalko dira, eta lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko gai izango da. Enpresa baten xedea kaudimen ekonomikoa izango da, uneko eta etorkizuneko betebehar ekonomikoei aurre egiteko eta jarduera modu jarraian egin ahal izateko. Kasu jakin batzuetan enpresaren pasibo finantzarioaren baldintzak hobetuko dituen birfinantzaketa egin beharko da, zorraren zerbitzuaren epeak eta baldintzak hobetzeko xedez.
Ondorio horietarako, birfinantzaketa-proiektutzat hartuko dira diruzaintzako tentsioen edo kaudimengabeziaren ondorioz pasibo finantzario osoaren terminoak eta baldintzak aldatzen saiatzen diren proiektuak. Prozesu hori bukatu ondoren, enpresaren egoera finantzarioa egonkorragoa eta jasangarriagoa izan beharko luke.
2.– Proiektu bakarra aurkeztu daiteke enpresa edo enpresa-talde bakoitzeko.
3.– Proiektuen egikaritze-epea 9 hilabetekoa izan beharko da hasten direnetik.
6. artikulua.– Gastu hautagarriak.
1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira kanpoko enpresek egindako aholkularitza-gastuak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egiteko gastuak, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik;
b) Ekintza-plan bat egiteko gastuak, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne; eta
c) Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzearen gastuak, pasibo finantzarioa berriz negoziatzeko prozesuan laguntza eta aholkularitza emanez; halaber, horen barruan pasibo finantzarioaren bernegoziazioa barne hartuko da.
7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduketarekin, eta ezingo dituzte gainditu 8. artikuluan adierazitako gehieneko ehuneko eta zenbatekoak.
2.– Laguntza-eskaera SPRIn aurkezten denetik eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortu edo fakturatu beharko dira. Epe hori 9 hilabetekoa izango da. Halaber, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak onartuko dira.
3.– Kanpoko enpresa adituek egin beharko dituzte.
4.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
5.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.
6.– Aditu independentearen eskaintzak proiektuaren bi faseetan proposatutako lanorduen kopurua eta aholkularitza espezializatu eraginkorraren ordu bakoitzeko prezioa adierazi beharko ditu, eta jarraian jasotako jarduketak zehaztu beharko ditu:
i) Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egitea, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik.
ii) Ekintza-plan bat egitea, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne.
iii) Ekintza-plana eta bertan planteatutako neurriak gauzatzea.
iv) Finantza-osasuna lortzeko plana egikaritzeko laguntza jasotzea; eta horren barruan pasibo finantzarioaren bernegoziazioa kontuan har daiteke.
7.– Antzeko proiektuen batezbesteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua edo aholkularitza espezializatuaren orduko prezioa handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionaltzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
8.– Ez dira gastu hautagarritzat hartuko eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak.
9.– Oinarri hauen esparruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak. Zehazki, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan laguntza emateko gastuek araudi sektorial aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, halakorik ezean, merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoetan.
10.– Dirulaguntzaren xede diren lanak, hala dagokionean, enpresa espezializatuei azpikontratatu ahal izango zaizkie erabat. Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin bada.
11.– DLOaren 29. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ulertuko da onuradun batek azpikontratatu duela hirugarrenekin dirulaguntzaren xedea den jardueraren egikaritze osoa edo partziala hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak bere kabuz diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar ordaindu behar dituen gastuak. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke, eta hirugarrenekin diruz lagundutako jarduerak kontratatu edo azpikontratatzeko aplikagarriak izango dira DLOaren 29. artikuluan jasotako gainerako aurreikuspenak.
12.– Kanpoko enpresa adituek ezingo dute laguntzaren eskatzailearekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetzarik izan, ezta gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere. Erakunde eskatzaileak ere baldintza bera bete beharko du kanpoko enpresa adituari dagokionez.
13.– Kanpoko enpresek eta proposatutako taldeak esperientzia egiaztatua izan beharko dute proiektuaren esparruan, eta eskaintzan honako datu hauek jaso beharko dira:
– Proiektua gauzatzeko osatutako taldean parte hartzen duten pertsonen izena, prestakuntza eta esperientzia osoa.
– Esperientzia antzeko eragiketatan.
– Lankidetzan aritu diren izaera bereko eragiketen kopurua.
– Eragiketa motak.
– Eragiketa horiek zein sektoretan kokatzen diren.
– Parte hartu duen 3 eragiketa nagusien deskribapen laburra.
– Mota horretako eragiketetan birfinantzatutako zorraren bolumena.
– Eragiketa horietan lortutako emaitzak/lorpenak.
8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.
Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza bezala egituratuko dira, onetsitako gastu hautagarrien ehuneko hauetan:
Gastu hautagarrien % 80ko dirulaguntza, gehienez 30.000 euro enpresa bakoitzeko.
9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete.
2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuz. Baldin eta enpresa onuradunak errepideko garraio-sektorean besteren konturako garraio-operazioak egiten baditu, gehieneko hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.
5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
7.– Minimis laguntzak emanda hartuko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.
10. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.
2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.
3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko onartu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
4.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZn (ekonomia-jardueraren gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.
5.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.
11. artikulua.– Laguntza eskatzeko dokumentazioa.
Laguntzaren eskaera hurrengo dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:
1.– Administrazio-dokumentazioa.
a) Erakundeko legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Eskaerarekin batera doan ereduaren araberako adierazpena, erakundeko legezko ordezkariak egindakoa, honako inguruabar hauek azaltzeko:
– Erakundeko legezko ordezkariaren izen-deiturak eta nortasun agiri nazionala (NAN) edo atzerriko identifikazio-zenbakia (AIZ).
– Erakundearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia ala kodea (IFZ/IFK) eta egoitza soziala.
– Gutxienez erakunde eskatzailearen ekonomia-jarduerarako zentro baten egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan.
– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergan dagokion epigrafean alta emanda egotea.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gainekoak eta/edo bere erakunde laguntzaileenak eguneratuta izatea.
– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean emandako minimis laguntzen zerrenda, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Proiektu bererako erakunde publiko edo pribatuei eskatu eta/edo haiek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaera-data edo, bidezkoa bada, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 31.3 artikuluan aurrez ikusitakoa aplikatuta, adieraziko da kontratu txikietarako kontratazio publikoaren arloan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak indarreko araudian xedatutako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu dizkiela beste hainbat hornitzaileei obra, zerbitzu edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu baino lehen; dena den, salbuespenak izango dira ezaugarri bereziengatik merkatuan egiteko, emateko edo hornitzeko erakunde nahikoak ez egotea edo gastua dirulaguntzaren aurretik egitea.
– Oinarri hauetako 4. artikuluan xedatutako baldintzak betetzea eta bereziki honako hauek:
• Enpresa eskatzaileak zehapenik ez izatea arlo penal edo administratiboan dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko; horrez gain, horretarako gaitzen duen legezko debekurik ez izatea, sexu-diskriminazioarengatik sortutakoak barne.
• Enpresa eskatzailea oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean murgilduta ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo dirulaguntzen esparruan.
• Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa eguneratuta izatea.
• Batzordearen aurretiazko erabakiaren babesean, berreskuratze-agindurik betetzeke ez izatea, barne-merkatuarekin laguntza bateraezin edo legez kanpoko aitortu ondoren, eta krisian ez egotea, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko erkidegoaren zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).
• Enpresak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutako debekurik ez izatea.
• Armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen ez jardutea, Herrialde Pobretuekin Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legearen arabera.
• Jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziara itzultzeko konpromisoa, itzultzea erabakitzen duen ebazpenak hala xedatuz gero.
b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa bada, dagokion foru-aldundiko edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiria, eguneratuta, ekonomia-jarduera egiaztatzen duena.
c) Erakunde onuradunaren IFZ.
d) Finantza-erakundeko ziurtagiriaren kopia, onuradunaren izenean titulartasuna eta kontu-korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen dituena.
2.– Dokumentazio teknikoa.
a) Aditu independentearen aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua eskatu behar izanaren justifikazio-memoria. Memoria horretan eskaeraren datan ondorengo puntu hauek landu beharko dira:
a.1.– Enpresaren jarduera eta egungo egoera.
a.2.– Enpresaren arlo desberdinetan identifikatutako arazo operatibo eta finantzarioak (bertako jarduera ekonomikoan eragina);
a.3.– Egiteko antzemandako edo gauzatutako balizko ekintzak osasun-krisiak sortutako egoerari aurre egiteko (bai alderdi operatiboan, bai finantza-alderdian).
a.4.– Finantza-posizio garbiaren egoera.
a.5.– Finantza-hartzekodunen zerrenda eta bakoitzaren zor-posizioa.
a.6.– Aditu independenteari laguntza eskatzeko beharra eta arrazoiak.
a.7.– Dirulaguntza honen xede den zerbitzuarekin lortu nahi diren helburuen deskribapena.
b) 7.6 artikuluan deskribatutako irizpideen arabera aditu independenteak egin ostean, eskaintzaren aurrekontua. Aurrekontu horri erantsiko zaizkio deskribapen-dokumentazioa eta talde aholkulariaren esperientzia ziurtatzen duena, aintzat hartuta 7.12.c artikuluko irizpideak.
c) Enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratu bada, Negozio Plana aurkeztu beharko du.
d) Enpresa onuradunak 13. artikuluko puntu gehigarria eskatuz gero, honako dokumenturen bat erantsi beharko du:
– Bikain Hizkuntza Kudeaketan Kalitateko Ziurtagiriaren kopia, enpresan euskara erabili, agertu eta kudeatzen dela ziurtatzeko.
– Berdintasun-planaren kopia, 50 pertsona edo hortik behera aritzen diren enpresen kasuan bakarrik, handiagoetan legeak behartzen baitu.
3.– SPRI eta enpresa onuradunak helbide elektronikoz egindako jakinarazpen guztiak baliozkotuko dituzte, mezuak laguntzaren eskaeran enpresak harremanetarako emandako pertsonaren helbide elektronikora eginak badaude. Harremanetarako helbide elektroniko gisa onartuko da bakarrik programarako onuradun gisa azaltzen den enpresari dagokiona.
4.– Eskatzaileek programa honen ondorioz SPRIrekin izandako harremanetan beren hizkuntza berean (euskaraz edo gaztelaniaz) arreta jasotzeko eskubidea bermatuta izango dute, bai eta hori erabiltzeko ere, ahoz nahiz idatziz.
12. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta 2023ko urriaren 31n amaituko da. Era berean, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2023ko urriaren 31ko 15:00etan (Espainiako penintsulako ordua) bukatuko da.
Halaber, izapidetzeko laguntza-eskaerak onetsiko dira, baldin eta proiektuak 2023ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi badira.
13. artikulua.– Ebaluatu eta ebazteko prozedura.
1.– Laguntza-eskaerak espedientea osorik dagoenean ebaluatu eta ebatziko dira.
2.– Proiektuak ondorengo irizpide eta puntu hauei jarraikiz ebaluatuko dira:
a) Programa aintzat hartuta, proiektuaren egokitasuna (5 puntu).
b) Enpresan birfinantzatzeko proiektuaren garrantzia (5 puntu).
c) Proiektua gauzatzeko aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna (5 puntu).
d) Finantza-aditu aholkulariaren egokitasuna (5 puntu).
e) Azken gertakariek edo egungo egoerak enpresaren finantza-arazoetan duen eragina (5 puntu).
f) Birfinantzatzeko proiektua justifikatze aldera, enpresaren ibilbide egiaztatua (5 puntu).
g) Proiektuek puntu gehigarri bakarra (1 puntu) lortu ahalko dute, enpresak hurrengo baldintzaren bat betetzen badu:
– Bikain Hizkuntza Kudeaketan Kalitateko Ziurtagiria izatea, enpresan euskara erabili, agertu eta kudeatzen dela ziurtatzeko.
– Berdintasun-plana izatea, 50 pertsona edo hortik behera aritzen diren enpresen kasuan bakarrik, handiagoetan legeak behartzen baitu.
Laguntza-eskaerek a) irizpidean (proiektua programari egokitzea) gutxienez 3 puntu lortzen ez badituzte, ezetsiko dira. Era berean, laguntza-eskaerak ebaluazioan 15 puntura iristen ez badira, ezetsiko dira.
3.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du zuzeneko esleipen-araubidean, beraz, aurkezpen-hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Horien aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutako epe eta moduan.
4.– Ebazpen-epea. Gehienez 6 hilabete daude ebazteko, dokumentazio guztia aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazten ez bada, ebazpena ezetsitzat joko da.
5.– Erakunde eskatzaileei ebazpenak jakinarazten zaizkienean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, baldintzak eta diruz lagunduko jarduketa egiteko epeak adieraziko dira. Halaber, beste baldintzaren bat ere azalduko da, jarduketa garatzeko beharrezkoa bada.
6.– Ebazpena eman eta bitarteko elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari ematen denetik gehienez ere 10 egun baliodunen epean.
7.– Emandako laguntzak aditzera emateko, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.
14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako jarduketak amaitutakoan, erakunde onuradunek proiektua gauzatu dutela justifikatu beharko dute, eta, horretarako, SPRIren webguneko likidazio-inprimakiak erabili beharko dituzte.
2.– Likidazio-eskaerak sinadura elektronikoaren bidez erakundea ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatuko ditu. Aurkezpen-datatzat joko da SPRIren sistemetan sinadura elektronikoa agertzen den hori.
3.– Eskaerak berariazko baimena ematen dio SPRI erakundeari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gainekoak betetzen direla ziurta dezan eskatzeko, baita EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) enpresa zer epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko ere.
4.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailea eta legezko ordezkaria identifikatzeko datuak izango ditu.
5.– Likidazio-eskaera gehienez 2 hilabeteren buruan aurkeztuko da proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, 2024ko irailaren 16a baino lehen. Honako dokumentazio berezi hau erantsiko zaio:
a) Gauzatutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu hautagarrien fakturak kostuen arabera banatuta.
b) Proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuak finantza-erakundeak ordaindu izanaren banku-frogagiriak.
c) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren izenean titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen dituena, lehen azaldutakoarekiko aldatzen bada.
d) Egindako lanak egiaztatzen dituen memoria teknikoa, erakunde hornitzaileak egina proiektua gauzatu ondoren. Hurrengo informazio hau emango du:
– Onuradunaren abiapuntuari buruzko diagnostikoa, bai operazioaren ikuspuntutik, bai eta finantza-ikuspegitik ere. Ezinbestekoa da diagnostikoa zenbait ikuspegitatik egitea, hala nola finantza-egoera (aztertuko dira finantza-egoerak, funtsen jatorria eta aplikazioa, inbertsio-politikak, zorraren kalitatea eta diru-sarreren eredua), produktuak eta zerbitzuak (bezeroen zorroa, merkatuaren segmentazioa, prezioak eta bilakaera, lehia, osagai teknologikoa, urtaroko izatea, etab.), barne-prozesuak (ekoizpena, logistika, erosketak, hornitzaileen katea, etab.) eta antolaketa nahiz giza baliabideak (enpresaren egiturari buruzko alderdiak, arloen artean giza baliabideen eta bitarteko teknikoen banaketa, etab.).
– Ekintza-plana, besteak beste, hurrengo deskribapen hauekin: proiektuko ekintzak eta gauzatzean izandako hobekuntzak, bai eta abiapuntuko diagnostikoa oinarritzat hartuta, etorkizunean ezartzear gelditu diren neurriak ere.
– Zorraren birfinantzaketa: dagoeneko hasitako ekintzak eta hasteke daudenak.
– Aurreko bi puntuetan jasotako jarduketen behin betiko egikaritze-kronograma;
– Finantza-aholkulariak egindako laguntza-ekintzak pasibo finantzarioa berriz negoziatzeko, baita emandako laguntza planean aurrez ikusitako neurriak egikaritzeko ere, finantza-osasuna ahalbidetzen badute.
e) Gutxienez hiru aholkulariei eskaintza eskatu izanaren froga, 11.1.a) artikuluan oinarri hauek argitaratu aurretik hasitako proiektuei buruz ezarritakoari kalterik egin gabe.
6.– Ez dira kontuan hartuko merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.
7.– SPRIko Industria Garapenerako Arloak edozein unetan onuradunari jarraipen-bilerak eska diezazkioke proiektua egikaritzen ari den bitartean.
8.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta horren aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren aurrean, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutako epe eta moduan.
15. artikulua.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaerak zuzentzea.
1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaera ez badaude oso-osorik osatuta edo eskatutako dokumentazioarekin ez badatoz, SPRIk erakundeko legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere 10 egun baliodunen epean akatsa zuzen dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan.
– Epe hori igaro ondoren zuzenketarik egon ezean, eskaeran atzera egin dela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.
16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– SPRIk dirulaguntzak bi ordainketen bidez formalizatu eta emango ditu. Lehenengo zenbatekoa laguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da. Dirulaguntzaren % 50 izango da, eta aplikagarria zaion bermeen araubidea kontuan hartuko da.
Bigarrenean beste % 50 ordainduko da. Horretarako, 14. artikuluko likidazio-eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztuko dira.
2.– Gastu hautagarria laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontua baino txikiagoa bada, proportzioz egokituko da, 7. artikuluan xedatutako irizpideari jarraikiz.
3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu, edo zorduna bada.
17. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunei oinarri hauen babesean dirulaguntzak ematen bazaizkie, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen) 50.2 artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte eta, bereziki, honako hauek:
a) Emandako laguntza onestea. Alde horretatik, dirulaguntza ematen duen jakinarazpena hartzen den egunetik zenbatzen hasita, hamabost egun naturalen buruan erakunde onuradunak SPRIren aurrean berariaz uko egiten ez badio, onartutzat joko da.
b) Emandako laguntza xedea garatzera bideratzea.
c) SPRIk egokitzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatzeko aukera onestea, bai eta SPRIk izendatutako langileek edozein instalaziotan egokitzat eta bidezkotzat jotzen dituzten egiaztapenak eta kontrolak egin ahal izatea ere, emandako laguntzaren xede den proiektua egin dela eta eskatutako baldintzak bete direla ziurtatzeko.
d) Gastu hautagarriak egiten diren unetik zenbatzen hasita, bost urtez faktura osoak gordetzea eta SPRIren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea.
e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ala bestelako kontrol-organo eskudunei, bai naziokoei, bai erkidegokoei, laguntzen helmuga fiskalizatzeko funtzioetan eskatzen duten informazioa helaraztea.
f) SPRIri berehala jakinaraztea dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak ala baliabideak eskatu edo lortu direla beste administrazio ala erakunde publiko edo pribatu batetik, baldin eta hemen araututakoen xede berdina edo antzekoa badute.
g) SPRIri jakinaraztea edozein inguruabar aldatu dela, laguntza emateko kontuan hartu bada.
h) Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari publizitate egokia ematea, SPRIk eskatutako moduan diruz lagundutako proiektuaren emaitzen hedapenaren bidez.
i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentu eta euskarrietan.
18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko ala pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak lortu badira, bai eta helburu berarekin beste diru-sarrera edo baliabide batzuk badaude ere, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan xedatutako gutxieneko baldintzak babesten badira.
2.– Era berean, erakunde eskatzaileak eskatu eta justifikatu ondoren, programa kudeatzen duen arduradunak jarduketak egiteko orduan luzapena eman dezake, baldin eta proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 6 hilabetetik gorakoa ez bada.
3.– Jarduketak halabeharrez laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurrez ikusitakoak izango dira. Dena den, SPRIk aldaketak baimen ditzake, betiere erakunde onuradunak amaitu baino lehen aldez aurretik justifikatu baditu eta jarduketen izaera nahiz hasieran programarekin lortu nahi ziren helburuak ez badira hutsaltzen.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan, gainerako arau aplikagarrietan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutako baldintzaren bat ez badute betetzen, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte jasotako laguntzen zenbatekoa gehi berandutze-tasak. Nolanahi ere, beharrezkoa bada, legezko ekintzetara joko da itzultzea lortzeko. Era berean, eragotzi ahal izango zaio enpresa aholkulariari programa honen barruko proiektu berriak egitea, hutsen bat egiaztatuz gero.
2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurrez ikusitakoetarako ez-betetzeak ondorengo hauek dira:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaerak eta dokumentazio osagarriak aurrez ikusitako jarduketak aldatzea. SPRIri gauzatzeko orduan edozein aldaketa jakinarazten ez bazaio, betiere laguntza emateko aztertu ziren baldintzak aldatzen baditu, ez-betetze bat izango da. Aldaketak baimen daitezke, baldin eta erakunde onuradunak SPRIri eskatu eta justifikatu badizkio, ahal bada proiektuan aplikatu baino lehen. Horrez gain, horiek ez dituzte hutsalduko jarduketen izaera eta programarekin lortu nahi diren helburuak.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan ala laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Proiektua oso-osorik ez garatzea.
d) Diruz lagundutako proiektua egiteko epeak gainditzea, betiere aldatzeko edo luzatzeko baimenik ez badago.
e) Laguntza programa honetan xedatutako baldintzak eta eskakizunak izan gabe edo laguntza emateko xedatutakoak bete gabe lortzea.
f) Programan edo laguntza ematean aurrez ikusten den edozein kontrol-neurri ukatu edo oztopatzea.
g) Beste edozein desbiderapen proiektutik edo laguntza emateko ebazpenak eskatzen duen edozein eskakizun ez betetzea.
h) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 37. artikuluan aurrez ikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta emateko ebazpenean xedatutako baldintzak betetzen ez badira, ez-betetzeari buruzko espedientea izapidetu ondoren, laguntzak indargabetu eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko zaizkio berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, EAEko aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak bermatu eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duenak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak xedatzen dituenak, II. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz, dagozkion zehapenak eta legezko ekintzak gorabehera. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiak hasi eta ebatziko ditu indargabetze-espedienteak eta, bidezkoa bada, laguntzak zati batean edo oso-osorik itzultzeko espedienteak.
5.– Halaber, laguntzak programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duenean, zati hori itzuli beharko da kobratu ondoren, laguntzak metatzeagatik gehiegiz finantzatuta dagoenean (9. artikulua). Ustezko honetan itzuli behar den zenbatekoa egitatea aitortu eta itzultzea erabakitzen duen ebazpenean zehaztuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Programa honetarako hurrengo araudi hau da aplikagarria:
1.– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra eta garatzen duen Erregelamendua (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) dirulaguntzen arloan oinarrizko legedia denean.
2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzkoa.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, EAEko aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak bermatu eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak xedatzen dituena.
4.– 1407/2013 EB Erregelamendua, abenduaren 18an Batzordeak emana, Europako Batasuneko Funtzionamenduaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko denak. (2013 L 352/1 EBAO).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DPBEDBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da SPRIk tratatuko dituela emandako datuak, eta bere Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Deialdiaren interes publikoan eta parte-hartzeko egin duzun eskaeran oinarrituta, tratamendu horren xedea da eskatu duzun laguntzaren espedientea kudeatzea, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIk duen interes publikoa baita, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betez.
Informazio hori gai horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahalko zaie.
Datuak laguntza emateko espedientea izapidetu bitartean eta legez eskatu daitekeen epea iraun bitartean gordeko dira, lege-betebeharrak betetzeko xedez.
Interesdun guztiek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuak zuzentzea edo ezereztea, tratamendua mugatzea, datuen eramangarritasunari aurka egitea edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izatea, bai eta datuen babesaren inguruan aplikagarria den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetan: lopd@spri.eus. Halaber, interesdunak Datuak Babesteko ordezkariarekin harremanetan jar daitezke, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Halaber, interesa duen pertsona orok edozein motako erreklamazioa aurkez dezake kontrol-agintaritza eskudunaren aurrean; SPRIren kasuan Datuak Babesteko Euskadiko Agentziaren aurrean: www.avpd.eus
SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsultatzeko, webguneko Pribatutasun Politika atalera (https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/) jo daiteke.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.
Oinarri hauei dagokienez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak administratiboak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazio-auzien eremukoa da.