Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2023ko ekainaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
3102

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 15ekoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baitira «Pilotu» 2023 laguntza-programaren oinarri arautzaileak, eta laguntzen deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Hala, Laguntza Programa hau diseinatu da, nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak sustatzeko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.

Gorago adierazitakoaren arabera,

HAUXE ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Pilotu» 2023 laguntza-programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2023ko ekainaren 15a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
PILOTU 2023 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehenengo ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.

Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da lehen atalean jasotakoa: «enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako programen garapena».

Hala, jarraipena ematen zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publiko bati, zeinaren helburua baita bultzada bat ematea nazioartekotu nahi duten enpresa hasiberriak sustatzeko ekimenei, beharrezkoak baitira atzerriko merkatuetara sartzean dauden oztopoak gainditzeko.

Pilotu programako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoak dira eta helburutzat dute babesa ematea nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinuan eta garapenean parte hartzen duten euskal enpresei.

Zehazkiago, Pilotu programaren helburua da nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak garatu behar dituzten Euskal Autonomi Erkidegoko enpresei laguntzea. Proiektu horien xedea da lan-modu, metodologia eta, besteak beste, proposamen berritzaileak probatzea eskala mugatuan, eta gero bolumen handiagoko proiektuetan erreplikatzea, lortutako esperientziatik abiatuta.

Horretarako, ezinbestekoa da proiektu pilotua gauzatzeko eskumena duen atzerriko organismo publiko batek konpromisoa hartzea proiektu horren garapena partzialki finantzatzeko.

Programa hau jasota dago erakundearen 2023ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan -2022ko abenduaren 21eko Administrazio Kontseiluaren erabakiz onartua-, eta Planaren helburu hau betetzea du xede: «nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuen diseinua eta garapena sustatzea, baldin eta proiektu horiek baliagarriak badira egiteko modu, metodologia edo proposamen berritzaileak probatzeko eskala mugatu batean eta erreplikagarriak badira bolumen handiagoko proiektuetan, betiere abiapuntutzat hartuz aurrerago bildutako esperientzia».

1. artikulua.– Xedea.

Pilotu programa bat dator Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuekin (zeintzuk jasota dauden XII. legealdiko gobernu-programan eta berau zehazten duen Garapen Ekonomikoko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 Planean), eta bere xedea da laguntza-programa bat arautu eta deitzea 2023ko ekitaldirako, dirulaguntza ez itzulgarriak emateko nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotuak diseinatu eta gauzatzeko prozesuetan parte hartu nahi duten Euskal Autonomi Erkidegoko enpresei, eta garapen jasangarria sustatzeko nazioartekotze-prozesu osoan.

Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu bat dela eskala minimoko inbertsio bat, zeinaren helburua den aztertzea bideragarria ote den Inbertsio Publikoko Proiektu (IPP) bat egitea atzerrian, irabazi ukigarriak sortzeko. Horretarako, azterketa batzuk izan behar ditu frogatzeko proiektua sozialki errentagarria eta jasangarria dela eta bat datorrela jomuga-herrialdeko agintariek ezarritako lerro politikoekin.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntza-programa hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago.

2.– Pilotu programako laguntzak tramitatzean, kontuan hartuko da balorazio objektiborako irizpideen arabera eskakizun guztiak betetzen dituzten eskaeren aurkezpen-hurrenkera. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete diren unearen arabera.

3.– Programa hau aplikatuz ematen diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak dira eta, beraz, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoa bete behar dute.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Oinarri hauetako 1. artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 300.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Deialdi honetara bideratutako funtsak agortzen badira, bukatu egingo da laguntzen prozedura eta, beraz, ez dira onartuko funtsak agortu ondoren aurkeztutako eskaerak. Aurretik aurkeztutako eskaeren kasuan, ebazteke badaude zuzkidura agortzen den unean, ezetsi egin beharko dira, dagokion ebazpenaren bidez. Funtsak agortzen direnean, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariak horren berri emango du sozietatearen web orrian (www.spri.eus/pilotu) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Oinarri hauetako laguntzen onuradun izan daitezke:

– Euskal Autonomi Erkidegoan kokatuta dauden edo produkzio-instalazioren bat duten enpresak, oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen eratutakoak. Deialdira aukeztu daitezke enpresa handiak, mikro-enpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE).

ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan (mikro-enpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

– Nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu bat dutenak. Proiektu horien xedea da lan-modu, metodologia eta, besteak beste, proposamen berritzaileak probatzea eskala mugatuan, eta gero bolumen handiagoko proiektuetan erreplikatzea, lortutako esperientziatik abiatuta.

Eskatzaileak onuradun izan daitezke, akordio hitzartu bat badute esperientzia pilotuaren xede den proiektua garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publiko batekin, zeinak aurrekontu bat izan beharko baitu proiektuaren abiarazte-prozesua partzialki finantzatzeko. Orobat posible da akordio bat izatea erakunde publikoa ez den beste erakunde batekin -irabazi asmoduna nahiz irabazi asmorik gabea-, aipatu proiektu hori kudeatu dezan. Nolanahi ere, finantzaketa publikoa duten proiektuak izan behar dute.

2.– Onuradun izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan bete behar dira.

3.– Ez dira izango programa honetako dirulaguntzen onuradun:

a) Sexu diskriminazioagatik edo emakume eta gizonen berdintasun arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapen edo zehapen penalen bat jaso dutenak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako epean. Estatuko araudiaren araberako berdintasun-plan bat izatera behartatuta egonik berdintasun-plan hori ez duten enpresek ere ez dute jasoko laguntza edo dirulaguntzarik, ez eta 50 langiletik gora izanik sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela ziurtatzen ez duten enpresek, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan dioenari jarraiki.

b) 200.000 eurotik gorako de minimis laguntza bat jaso duten enpresak, egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta.

c) Era berean, ez dira izango Pilotu programako laguntza publikoen onuradun 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluko eta 38/2003 Legearen 13.2, 13.3 eta 13.3 bis artikuluetako suposizioetan dauden enpresak, zeintzuen arabera ezin baitaitezke izan laguntzen onuradun, eta, bereziki, egoera hauetan daudenak:

– Bete gabe izatea Zerga obligazioak eta Gizarte Segurantzako Altxortegi Orokorrarekikoak edo/eta haren erakunde kolaboratzaileekikoak.

– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura batean badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

– Prozedura batean kaudimengabetzat joa izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

– Enpresen kasuan, eta soilik 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, ez betetzea Merkataritzako Eragiketetan Berankortasunari Aurre Egiteko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

d) Armak egin, merkaturatu eta finantzatzen dituztenak, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraiki.

e) Ekonomia Zirkularreko Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzearen ondoriozko arau-hauste larri edo oso larriengatik ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnak.

f) Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnak, harik eta neurri zuzentzaileak aplikatu edo zehapena bete arte.

g) LGTBIfobiaz jokatzen dutenak edo LGTBIfobia eragin edo sustatzen dutenak, jokabide horien barruan sartzen delarik konbertsio terapiak sustatu edo egitea, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legeak ezarritako terminoetan.

h) Ez da eskaerarik onartuko, baldin enpresa edota bere legezko ordezkariak epai irmo bidez kondenatuak izan badira lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo zehapen irmoa jaso badute deialdi honen aurreko 5 urteetan arlo horretako arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik.

i) Azkenik, ez dira onuradun izango EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe badaude eta Europar Batasunak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela; ez dira onuradun izango ezta ere krisialdian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (EO C249, 2014-07-31).

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta exekuzio-epea.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira proiektuaren diseinu eta exekuzioarekin lotutakoak eta zerikusia dutenak emaitzak lortu eta aztertzearekin, emaitza horien bidez jakin baitaiteke proiektua erreplikatzeko modukoa den.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira:

– Proiektuan lan egiten duten langileen kostu zuzenak.

– Egiturazko kostuak: diruz lagundu daitezkeen langile-kostu zuzenen % 15a.

– Proiektuarekin zuzenean lotuta dauden material eta horniduren kostuak.

– Proiektua garatzeko soilik erabilitako kanpo-aholkularitzaren kostuak.

– Proiektuaren jarduerarekin lotutako bidaiak.

– Makineria edo/eta osagaiak garraiatu eta instalatzeko kostuak.

– Proiektuaren amaierako ziurtapen-kostuak.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntzaren ebazpena eman eta gehienez hurrengo hamabi hilabeteetan eginiko gastuak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin daiteke izan merkatuko balioa baino handiagoa, eta, nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuak azpikontratatu egin daitezke, gehienez % 50eko mugaraino.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten badu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikientzat zehaztutako zenbatekoa, onuradunak gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu, lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko behar besteko erakunderik.

5.– Ez dira diruz lagunduko erakunde publikoek fakturatutako zerbitzuak, prezio publikoen menpe badaude.

6. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Enpresa bakoitzak eskaera bakar bat aurkeztu ahal izango du deialdi bakoitzeko.

7. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.

1.– Diruz lagundu beharreko proiektuaren guztizko zenbatekoa ezin daiteke izan 250.000 eurotik gorakoa, eta proiektu hori garatzeko eskumenak dituen atzerriko erakunde publikoak proiektu horren kostuaren % 49a jarri beharko du gutxienez.

2.– Enpresa onuradunei emandako laguntzek muga hauek izango dituzte: onartutako aurrekontuaren % 51raino, eta 50.000 euroko dirulaguntza gehienez.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek kontzeptu eta jomuga-herrialde bererako emandako beste edozein laguntzarekin.

2.– Aurrekoa gorabehera, aplikagarria izango da de minimis dirulaguntzen metatze-erregimena, laguntza horiei buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian edo Europar Batasunean xede horretarako emandako beste edozein zuzentarau edo xedapenetan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 29an amaituko da.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza-deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko www.spri.eus/pilotu helbidearen bidez.

3.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du, eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar da.

4.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.

6.– Laguntza eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen lege-ordezkariari akatsak zuzendu edo derrigorrezko dokumentuak aurkeztu ditzan. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak horretarako ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko Legean.

10. artikulua.– Eskaeren edukia.

1.– Enpresa eskatzaileek eduki hauek jaso behar dituzte eskaeran:

a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, horiek izango direlarik berau egoki baloratzeko oinarria.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektu pilotuari buruzko memoria, bertan adieraziz bere izaera berritzailea, erabilitako metodologia eta nola egokitu zaion bere ingurune geografikoari.

c) Erakunde eskatzailearen eskriturak edota ordezkaritza-ahalordea.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.

e) Erantzukizunezko adierazpena, azalduz zein diren aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako de minimis laguntzak, Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak.

f) ETEa dela egiaztatzen duen erantzukizunezko adierazpena (hala badagokio). Posible izango da bisita bat egitea ETEa dela egiaztatzeko.

g) Erantzukizunezko adierazpen bat, egiaztatzeko ez dagoela 4. artikuluan zerrendatutako ezein bazterketa egoeratan.

h) Enpresen kasuan, eta soilik 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Erantzukizunezko Aitorpena edo, hala badagokio, ROACen inskribatutako ikuskatzailearen ziurtagiria, Dirulaguntzen Lege Orokorrak 13.3 bis artikuluan legezko ordainketa-epeei buruz ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

i) Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide dela egiaztatzen duen akreditazioa (hala izanez gero), 1. eranskinean azaldutako ziurtagirietan oinarrituta.

j) Enpresa esportazio-partzuergo, salmenta-talde, klusterren dinamizazio-elkarte edo elkarte sektorial bateko kide bada edo lankidetzan eginiko nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen badu, hori hala dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

k) Atzerriko erakunde publiko edo erakunde kudeatzaile batekin proiektu pilotuaren diseinuan parte hartzeko sinatutako akordioa. Akordio horrek bere baitan hartuko ditu alderdi biek proiektua gauzatzeko hartu duten konpromisoa, finantzaketa-hitzarmena, aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza, proiektua erreplikatzeko aurreikuspenak eta proiektua garatzeko egoki irizten diren gainerako alderdi guztiak. Halakorik ezean, posible da erantzukizunezko adierazpen bat aurkeztea, erakusteko badagoela aurre-akordio bat. Horretarako, 2. eranskina bete behar da.

2.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa eskatzaileari eska diezaioke aurkeztu dezala eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu edo informazio osagarri. Bestalde, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko da arau honetan berariaz adierazi ez den orotarako. Eskatzen zaion momentuan eta epean aurkeztu beharko du dokumentazio hori.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Dirulaguntzak emango zaizkie onuradun izateko irizpideak betetzen dituztela egiaztatzen duten enpresei, balorazio-irizpide hauen arabera:

– 1. irizpidea: aurkeztutako proiektu pilotuaren izaera berritzailea (teknologiagatik, metodologiagatik edo ingurune geografikora egokitzeko moduagatik). Proiektua berritzailetzat jotzeko, aintzat hartuko da azken belaunaldiko aurrerapen teknologiko eta ezagutzetan oinarritutako jakintza eta teknologia berritzaileak erabiltzea, baldin kostuen arloko abantailak badakartzate beste proiektu batzuekin alderatuta, eta orobat aintzat hartuko da jasangarritasuna eta inplementatzen den ingurunean izan duen inpaktua. Gehienez 35 puntu.

a) Kalifikazio altua: 35 puntu.

b) Kalifikazio ertaina: 20 puntu.

– 2. irizpidea: proiektuaren erreplikagarritasuna, 25 punturaino.

a) Probabilitate handia atzerriko erakunde publikoak konponbide tekniko hori eskalatu eta lehiaketa publiko baten xede den proiektu batean sartzeko, pilotua egin eta hurrengo bi urteetan. Gehienez 25 puntu.

b) Probabilitate handia atzerriko erakunde publikoak konponbide tekniko hori eskalatu eta lehiaketa publiko baten xede den proiektu batean sartzeko, pilotua egin eta hurrengo lau urteetan. Gehienez 15 puntu.

– 3. irizpidea: lankidetza, 15 punturaino.

a) Proiektu pilotua bi euskal enpresa edo gehiagoren arteko lankidetzan gauzatu da: 15 puntu.

b) Enpresa eskatzailea klusterren dinamizazio-elkarte, esportazio-partzuergo, salmenta-talde edo aliantza bateko kide da: 10 puntu.

c) Enpresa eskatzaileak lankidetzan eginiko nazioarteko sustapen-jardueretan parte hartzen du: 5 puntu.

– 4. irizpidea: erantzukizun soziala eta jasangarritasuna. Gehienez 15 puntu. Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoa baloratuko da.

a) Laguntzaren xede den proiektu pilotuak ekarpen erabakigarriak egingo dizkio 2030 Agendako 17 Helburuetakoren bati jomugako herrialdean: 15 puntu.

b) Enpresa eskatzaileak 1. blokeko (Erantzukizun Soziala) ziurtagiriren bat dauka; edo Global Compact ekimeneko edo Munduko Ituneko bazkide da; edo badauzka ziurtagiriak edo/eta planak 1. eranskinean zerrendatutako arloetan (jasangarritasuna, genero berdintasuna, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboa): 5 puntu.

– 5. irizpidea: enpresaren tamaina. Gehienez 10 puntu.

a) Enpresa txiki eta ertaina (ETE) da: 10 puntu.

12. artikulua.– Eskaeren balorazio-irizpideak.

1.– Eskaerak baloratzean kontuan hartuko dira oinarri hauetako irizpideak eta bertan ezarritako mugak, eta ondoko portzentaje hauek 8. artikuluko zenbatekoaren gainean kalkulatuko dira:

a) 50 eta 59 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, onartutako aurrekontuaren % 35 esleituko zaie.

b) 60 eta 69 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, onartutako aurrekontuaren % 40 esleituko zaie.

c) 70 eta 79 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, onartutako aurrekontuaren % 45 esleituko zaie.

d) 79 puntu baino gehiagoko balorazioa lortzen duten eskaerei, onartutako aurrekontuaren % 51 esleituko zaie.

Ebaluazioan gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten laguntza-eskaerak ez dira onartuko.

13. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak modu ordenatuan ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

2.– Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egingo ditu behar diren txosten teknikoak, eta agentziak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak, oinarri hauen 11. eta 12. artikuluetan deskribatutako irizpideen arabera. Sozietate horrek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile gisa jardungo du, eta hauek izango dira bere eginkizunak:

a) Laguntza emateko: bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea eta dagokion txosten teknikoa prestatzea.

b) Laguntza likidatzeko:

– Gastu hautagarriak behar bezala egin direla kontrolatzea.

– Gerta litezkeen gorabeherak SPRIri jakinaraztea.

Txosten teknikoek informazio hau jasoko dute: baliozkotzearen xehetasunak eta eskaera bakoitzari dagozkion onartutako gastu hautagarriak.

3.– Behin ikusi ondoren Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren txosten teknikoetan oinarritzen diren proposamenak, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak laguntzak ebatziko ditu, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera, eta betiere aurrekontu-kreditua badago.

4.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak telematikoki emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.

5.– Ebazpen hori 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da espedientea osorik dagoen momentutik zenbatzen hasita, oinarri hauetako 2. artikuluko 2. apartatuaren arabera. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko da.

6.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu: erakunde onuraduna, aurkeztu eta onartutako gastuen aurrekontua, dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikazio-fasea amaitu arte jarraitu beharreko urratsak eta fase horretan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

7.– Ebazpena SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– SPRIk ordainketa bakar batean ordainduko dio dirulaguntza onuradunari, eta betiere likidazio-eskaera eta artikulu honetan eskatutako justifikazio-agiriak aurkeztu ondoren, agiri horien bitartez egiaztatuko delarik diseinatu eta garatu duela nazioarteko inbertsio publikoko proiektu pilotu bat.

2.– Justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu behar dira erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren sinadurarekin, proiektua amaitu ostean eta bi hilabeteko epean egun horretatik zenbatzen hasita. Hauek dira justifikazio-agiriak:

a) ETEa dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoak, halakorik balego.

b) Proiektuaren idazketa, diseinu eta garapenaren memoria, bai eta diruz lagundutako proiektuaren izaerarekin bat datozen jarduera guztiena.

c) Obra- edo proiektu-harreraren akta, proiektuan kolaboratu duen atzerriko organismo publikoak egina.

d) Langileen kostu zuzenak justifikatzeko, orduen kostua ziurtatu beharko da. Horretarako honakoak aurkeztu beharko dira:

d.1.– Urteko lanaldia, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboari jarraiki.

d.2.– Zuzeneko langile-kostuak justifikatzeko, enpresak 10T eta RNT (Langileen Zerrenda Nominala) ereduak aurkeztu beharko ditu, bai eta proiektuan aritu diren langileen lan-parteak, proiektuari eskaini dioten ordu kopurua adieraziz. Proiektuan inplikatutako pertsonak bakarrik hartuko dira kontuan.

e) Zeharkako kostuen justifikazioa: zeharkako kostutzat hartuko da diruz lagundu daitezkeen langile-kostu zuzenen % 15a.

f) Material eta horniduren justifikazioa: gastu hautagarrien fakturak aurkeztu behar dira, kostuak banakatuta, jaulkipen-data adierazita eta hornitzailea identifikatuta, eta baita ere ordainagiriak, bakoitza bere zenbatekoarekin eta ordainketa-datarekin.

g) Bidaia-gastuak: garraio-txartelak edo ostatuaren fakturak aurkeztu behar dira bidaiaren egiaztagiri gisa.

h) Kanpo-aholkularitzaren gastuak: kontzeptu horregatik ordaindutako fakturak aurkeztu behar dira.

i) Proiektu pilotuaren erreplikagarritasun ziurtagiria.

j) Kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.

3.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.2 artikuluari jarraiki, onuraduna enpresa bat denean, ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko Merkataritzako Eragiketetan Berankortasunari Aurre Egiteko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu ez diren gastuak.

15. artikulua.– Likidazioen zuzenketak.

Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada badaudela konpondu daitezkeen akatsak enpresak aurkeztutako justifikazioan, enpresari jakinaraziko zaio eta 10 egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzen Lege Orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 14. eta 46. artikuluetan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta idatziz espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

2.– Dirulaguntza erabiltzea ekintza-plana garatzeko.

3.– Onartzea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agiri osagarriak eska ditzakeela eta bere kolaboratzaile den Basque Trade & Investment-Naziaortekotzeko Euskal Agentziak izendatutako langileek beharrezko eta komenigarri jotzen dituzten egiaztapen eta azterketak egin ditzaketela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

5.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organismo eskudun batzuei.

6.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko edo pribatutatik.

7.– Aldatu egin bada dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat, horren berri ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari.

8.– Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

9.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egitea diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen Agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen ebazpenean ezarritako betekizunen bat, organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du eta administrazio-ebazpen bidez deklaratuko du galdu egin duela dirulaguntza jasotzeko eskubidea; eta, hala badagokio, orobat deklaratuko du jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak Euskal Autonomi Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola bi hilabeteko epean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Baldin aurkeztutako proiektuen justifikazioan onartu den aurrekontuarekiko % 30 baino gutxiagoko beheranzko desbideratze bat badago, berriz kalkulatuko da dirulaguntza hasierako laguntza emateko erabili ziren irizpide berberei jarraiki.

3.– % 30eko edo gehiagoko beheranzko desbideratzeak berekin ekar lezake dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea, salbu eta justifikatzen bada bete direla laguntzak xedetzat dituen helburuak. Bigarren kasu horretan, dirulaguntzen zenbatekoa murriztu egingo da, aurreko apartatuan aurreikusitako moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen (EB) 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

5.– Enpresak sortu eta handitzeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (aurrerantzean «DPBEDB»), Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (aurrerantzean «DBEO»), eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatzekoa den gainerako araudiekin, jakinarazten da SPRIk tratatu egingo dituela eman dituzuen datuak eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.

Tratamendu hori deialdiaren interes publikoan eta zuen parte-hartze eskaeran oinarritzen da, helburutzat dauka eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk daukan interes publikoa Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetako xedeak betetzeko.

Informazio hori laga ahal izango zaie gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Datuak gordeta geratuko dira laguntza emateko espedientea tramitatzen den bitartean, eta lege-obligazioak betetzeko legez gorde daitezkeen denboran.

Interesdun guztiek dute eskubidea datuak zuzendu zein ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak aurkaratzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendu automatizatu batean bakarrik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, eta datu-babesaren arloan aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitako eskubideak baliatzeko, baldin eskubide horiek aplikagarriak badira, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: lopd@spri.eus Era berean, interesdunek posible dute harremanetan jartzea Datuen Babeserako Ordezkariarekin, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: dpd@spri.eus

Halaber, interesdun guztiek eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko dagokion Kontrol Agintaritzan eta, SPRIren kasuan, Datuen Babeserako Euskal Agentzian: www.avpd.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/pribatutasun-politika/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

Bilbao, 2023ko ekainaren 15a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

i. ERANSKINA
PILOTU 2023 PROGRAMA
GIZARTE- ETA JASANGARRITASUN-KONPROMISOEN ZIURTAGIRIAK

Erantzukizun sozial korporatiboa eta jasangarritasuna:

– Eusko Jaurlaritzaren GJHen plataformako kide izatea

– Global Compact erakundeko kide izatea, erakusteko bat datorrela Agenda 2030 agirian jasotako Garapen Jasangarriko 17 Helburuekin

– ISO 26000 ikuskapena (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).

– IQNet SR10 ziurtagiria (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).

– SGE 21 ziurtagiria (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).

– UNE 165010:2009 EX ziurtagiria (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).

– Xertatu (ekintza plana, azken ebaluazioaren data).

– SA 8000.

– Beste ziurtagiri batzuk.

Ingurumena:

– EMAS III ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– ISO 14001 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– Ekoscan ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– ISO 14006 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– ISO 14064 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– UNE 22470 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– UNE 22480 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– Beste ziurtagiri batzuk.

Berdintasuna eta kontziliazioa:

– Berdintasun plana, Emakunderen metodologiaren arabera egina (egin zeneko data, indarraldia).

– Kontziliazio plana (egin zeneko data, indarraldia).

– EFR ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).

– Beste ziurtagiri batzuk.

Euskara:

– Bikain ziurtagiria (maila, lortu zeneko data, azken berritzea).

– Bai Euskarari ziurtagiria (maila, lortu zeneko data, azken berritzea).

– Euskara plana (egin zeneko data, indarraldia).

– Beste ziurtagiri batzuk.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala