122. zk., 2023ko ekainaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (277 KB - 21 orri.)
- EPUB (376 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3096
AGINDUA, 2023ko ekainaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2023ko bigarren seihilekoan kongresu eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez, Hezkuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzeko lana.
Sail honen iritziz, egiten diren kongresuak eta –beste arlo batzuen artean– bilera zientifikoak tresna egokiak dira ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, zientzia ikusgarriago egiteko. Horregatik da interes handikoa Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, haien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.
Horrelako jarduerak antolatzen laguntzeko, dirulaguntzak emateko kasuan kasuko sustapen-programa erabili da, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
2023ko lehen seihilekoko ekitaldietarako egindako deialdiak ebatzi ondoren, egokia da jarraipena ematea Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa zientifikoaren arloan kongresuak eta bilerak antolatzeko laguntzen programari.
Horrenbestez, kontuan hartuta deialdia Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartutako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuta dago (https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/)– eta horrelako laguntzak finantzatzeko gastuak baduela zuzkidura Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko Aurrekontu Orokorretan,
Horretarako, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2023ko bigarren seihilekoan ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera aurrez aurrekoak nahiz birtualak antolatzeko laguntzak arautzea eta haietarako deialdia egitea parte hartzeko interesa duten entitateei.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, kongresutzat hartuko dira gutxienez bi saio mota egiten diren ekitaldi zientifikoak: gonbidatutako hitzaldiak aurkeztekoak eta ikertzaileak unean-unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, maila zientifikoa bermatu beharko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin behar duena.
Bilera zientifikoak izango dira ekarpen zientifikoak aurkezteko deialdi irekirik ez duten lan-bilerak.
3.– Ekitaldiak nazioartekotzat edo estatukotzat hartuko dira erakunde deitzailearen izaeraren arabera.
4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira, oro har, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola: prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak eta mintegiak – irakasleak nahiz ikasleak trebatzekoak–; doktorego-, master- edo graduondo-programekin lotutako batzarrak; etengabeko prestakuntzarako jarduerak, eta ate irekien jardunaldiak eta jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, ikerketa zientifikoarekin lotura zuzena ez dutenak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko 200.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2023ko aurrekontuen kontura.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak izango dira soilik laguntza hauen entitate onuradunak, edozein dela ere haien agente-kategoria, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluari jarraituz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk.). Kanpoan geratuko dira, ordea, I+G enpresa-unitateak eta eskaintzako eta eskariko bitartekotza-erakundeak.
2.– Ezingo dira onuradunak izan honako entitate hauek:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. paragrafoan zehaztutako egoeretako batean daudenak. Egoera horien artean, honako hauek daude:
– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak.
– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat ez izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.
b) Armen ekoizpenean, merkaturatzean eta finantzaketan jarduten dutenak.
c) Laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela deklaratu duen Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten mende daudenak.
3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako betekizunak bete beharko dira laguntza-eskabidea aurkezten den unetik ematen den dirulaguntzaren likidazioa egin arte.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa honela egiaztatuko da:
a) Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu honako betekizun hauek:
– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragile batek egin duela eskaera.
– Erakundeak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betekizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duten eskudun organoaren administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu kasu bakoitzean.
b) Eskabidearen formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira gainerako betekizunak.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta finantza daitezkeen gastuak:
1.– Dirulaguntzaren xede diren kongresu eta bilerak, 1. artikuluan definitutakoak, 2023ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira.
2.– Diruz lagundutako ekitaldi zientifikoarekin zerikusia duten gastuak bakarrik lagunduko dira diruz. Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
3.– Ekitaldi motaren (kongresua edo bilera zientifikoa), izaeraren (estatukoa edo nazioartekoa) eta egiteko modalitatearen (aurrez aurrekoa edo birtuala) arabera, diruz lagundu daitezkeen gastuen tipologia zerrendan jasota dago eta zehaztuta daude:
a) Hauetatik eratorritakoak: ekitaldia antolatzea, alokairuak, web-orriak sortzea edo laguntza-zerbitzuak, itzulpenak, marketina edo seinaleak.
b) Zabalkundekoak, jardueraren argitalpena barnean dela.
c) Gonbidatutako hizlarien bidaiei, ostatuari eta mantenuari dagozkienak.
d) Diruz lagundutako jardueran parte hartzera gonbidatutako hizlarientzako haborokinak.
e) Deialdiaren xede diren ekintzetara joateko 30 urtera arteko (adin hori barne) gazte ikertzaileei inskripzioaren oinarrizko kuotaren (gastu sozialak kanpo) prezioetan aplikatutako beherapen osoak edo partzialak.
f) Erakundeak ikertzaile gazte horiei, diruz lagundutako ekitaldira joan daitezen, justifikatutako bidaia- eta ostatu-gastuengatik ordaindutako zenbatekoen ehuneko 20 gehienez. Ez dira inola ere zenbatuko norberaren ibilgailuarekin egindako joan-etorriak.
g) Kongresuetan sariak ematekoak.
(Ikus .PDF)
4.– Honako hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:
a) Gastu sozialak, bertaratutakoen otorduak eta ostatua, egintza ludikoak, kafe-etenaldiak, dietak, protokolo-gastuak, ez eta batzorde antolatzaileak ekitaldia hasi aurretik dituen gastuak ere.
b) Gonbidatutako hizlarien bidaliak, ostatua, mantenua eta haborokina, baldin eta laguntzaren xede den ekitaldiaren programan sartuta ez badaude.
c) Jarduerari egotzitako gastuak, erakunde onuradunaren beraren elementuak erabiltzeak sortutakoak.
d) Erakunde onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerkuntzako bekadunentzako zuzkidurak.
e) Bilera zientifikoetan, ez da inola ere finantzatuko sariak emateko gastua.
f) Enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen; justifikazio hori Ikerketa Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakunde edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. apartatuan adierazitako egoeraren batean badaude.
5.– Erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50era arte, azpikontratu guztien prezioak batuta.
6.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira diruz lagundutako proiektua sustatzaileak berak gauzatzeko egin behar dituen gastuak.
7.– Dena dela, diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, ziurtatuko da betetzen dela Aurrekontuei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa.
8.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko gainerako alderdiei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatua aplikatuko da.
5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea, dokumentazioa, eta aurkezteko epeak.
1.– Eskaerak egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz eskuratu ahal izango dena Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoan, honako webgune honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0057512
Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).
Ziurtagiri elektroniko bidez sartu beharko du aplikaziora (helbide elektroniko honetan argitaratuta daude elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/medios-de-identificacion-electronica-admitidos/web01-sede/es/). Aplikaziora sartzen diren erakundeek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.
2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta artikulu honetako 5. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez atxikitakoan, erakunde eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela.
Hori ziurtatzeko, erakunde eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeratuta. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.
3.– Azkenik, erantzukizunpeko adierazpena ere erantsi behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. apartatuan aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena).
4.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.
5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, inpugnatzea galarazi gabe.
6.– Eskatutako dokumentazioa.
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, bai eta aplikazio telematikoan sartu ere:
a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek zehaztuta:
– Ekitaldiaren garrantzia. Ekitaldiaren deskribapena, ezaugarriak, irismena eta tipologia jaso beharko ditu.
– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta programa argitaratua duen webgunearen esteka.
– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.
b) Eskatzen diren funtsen justifikazioa: kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak eta aurrekontuak zehaztu behar dira. Ahal dela, proformako fakturak aurkeztu behar dira.
c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta: espresuki adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.
d) Gonbidatutako hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria. Horretarako, aplikatiboak egiaztagiriaren txantiloi bat du eta behar bezala beteta eta sinatuta entregatu beharko du hizlariak. Hizlari bakoitzeko dokumentu bat aurkeztuko da. Baloratzeko ondorioetarako, behar bezala sinatutako txantiloi bidez emandako gonbidapenak baino ez dira kontuan hartuko.
Gonbidatutako hizlaritzat hartuko dira ekitaldirako espresuki hitzaldi bat aurkezteko eskatu zaien eta programan esplizituki ageri diren horiek, baldin eta kongresuaren edo bilera zientifikoaren batzorde antolatzailearen parte hartzeko gonbidapena onartu badute.
Ekitaldian poster edo ahozko komunikazioen bidez parte hartzen duten pertsonak ez dira gonbidatutako hizlaritzat hartuko; beraz, ez da haien egiaztapenik bidali beharko.
e) Laguntza honen eskabidearen epea amaitzean eskatu edo eskuratu diren laguntzen egiaztapena.
f) Erantzukizunpeko adierazpena.
Dokumentuak PDF formatuan aurkeztuko dira.
7.– Eskabidea aurkezteko epea.
Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdiaren kudeaketa.
7. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabideen erakunde sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Zuzenketak egiteko errekerimenduak 12. artikuluko hirugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
8. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.
1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordeko kideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria, Leire Gisasola, idazkari-lanak egingo dituena.
Hautaketa-batzordeak, hurrengo paragrafoan ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, eta proposamen horretan jasoko ditu eman nahi dituen dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun izateko proposatutako erakundeak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza zer jarduketa egiteko ematen den eta emandako zenbatekoa, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta. Horrez gain, ukatuko dituen dirulaguntzak ere jasoko ditu proposamenean, ukatzeko arrazoiak adierazita.
2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:
a) Ekitaldi mota. Kongresuek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek, berriz, 20 puntukoa.
b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.
c) Gonbidatutako hizlari-kopurua: 10 puntura arte gehienez. Puntuazio hori emateko, honako hauek hartu beharko dira kontuan:
c.1.– 0,5eko balorazioa emango da gonbidatutako hizlari bakoitzeko, baldin eta eskabidearen epea amaitzean haien parte-hartzea baieztatuta badago; 8 puntu, gehienez.
c.2.– Bi puntu gehiago emango zaizkio gonbidatutako hizlarien genero-orekari. Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, honako arau hau erabiliko da: bi puntu emango zaizkie sexu bakoitzeko hizlari gonbidatuen % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; puntu bat emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko atal honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean.
d) Zenbateko asistentzia aurreikusten den.
d.1.– Bertaratutako hogeita bost laguneko, puntu bat emango da; 10 puntu, gehienez.
d.2.– Bertaratutako hogeita bost laguneko, puntu bat emango da; 10 puntu, gehienez.
e) Kanpoko iturriek emandako finantzaketa: bertaratutakoen kuotak eta dirulaguntza publikoak edo pribatuak, jarduera egiteko egiaztatutakoak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.
9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 8. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen duten eskabideei, balorazio-fasean lortutako puntuazioari goitik beherako ordenan jarraituz, eta modalitatearen arabera lor daitezkeen puntuen erdiak lortu dituztenei baino ez zaizkie esleituko dirulaguntzak, harik eta agindu honen 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua amaitu arte.
Lortutako puntuazioan bi eskabideren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, eskabideak betetzeko aplikazioak eskabide bakoitzari esleitzen dion ausazko zenbakiaren goranzko hurrenkerari jarraituz esleituko da dirulaguntza. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-formularioan jasota geratuko da.
10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:
(Ikus .PDF)
2.– Kongresuetako sarietarako gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.
3.– Emandako zenbateko osoak ez du inola ere gaindituko ez eskatutako kopuru osoa, ez Agindu honen 4. artikuluan zehaztutako diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuaren herena. Ez da emango eskabidean aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.
4.– Kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, artikulu honen aurreko apartatuek ahalbidetzen duten gehienekoa hartuko da kontuan.
11. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira kongresu edo bilkura bera egiteko xedea duen beste edozein laguntzarekin, izan funts publiko edo pribatu. Alabaina, kongresu edo bilera bererako lortu diren laguntzen zenbatekoa guztira kostu osotik gorakoa bada, dagokion neurrian murriztuko da deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, hautapen-batzordeak proposamen justifikatua eta arrazoitua egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpena, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitarazten denetik sei hileko epean.
Ebazpenak hauek jasoko ditu: erakunde onuradunen zerrenda eta dagoen kredituaren mugara arteko zuzkidura ekonomikoa, eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz laguntzarik jaso ez duten erreserben zerrenda. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
Ebazpenak hauek jasoko ditu: espedientearen erreferentzia-zenbakia, erakunde onuraduna, erakundearen IFK, ebaluazioan guztira lortutako puntuazioa, ekitaldiaren deskribapena eta zuzkidura ekonomikoa.
2.– Baldin eta artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaerak ezetsiak izan direla.
3.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bi hilabeteetan.
4.– Alde batera utzi gabe 3. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die erakunde interesdunei, eurek jakinarazitako SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jasotako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
5.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez emango zaizkie laguntzak erreserben zerrendan agertzen diren eta aurrekontu-kreditua agortu delako onuradun izan ez diren eskabideei.
Emandako azken laguntzaren ondoren dauden eskabideei emango zaizkie laguntza horiek, baldin eta modalitatearen arabera lor daitezkeen puntuen erdia lortu badute. Esleitu beharreko zenbatekoa, gehienez ere, batzordearen balorazioaren arabera eskabideari legokiokeen zenbatekoa izango da.
Laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak erakunde interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie.
6.– Administrazio-bidea amaitzen ez duen ebazpenaren aurka, erakunde interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntzako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera, jakinarazpenaren hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.
13. artikulua.– Ebazteko eta jakinarazteko epeak. Publizitatea.
1.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori igarota aurreko paragrafoan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
2.– Jende guztiak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako laguntzen zerrenda, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoak adierazita, iragarki-taulan argitaratu ondorengo bi hilabeteetan.
3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, honako hauek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Izan ere, dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamar egun naturaleko epean interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.
b) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera hori hartzea.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen edo erakunde laguntzailearen aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.
d) Uko-egiteak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, Ikerketa Zuzendaritza jakinaren gainean egon dadin eta, behar izanez gero, berariazko baimena eman dezan.
e) Egiaztapen-jarduerak onartzea, laguntza eman duen organoak egingo dituenak, bai eta deialdi honen kargura jaso dituzten dirulaguntzei buruzko informazioa ematea ere Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
f) Organo emaileari edo erakunde laguntzaileari lortutako beste dirulaguntzen berri ematea, dirulaguntza jasotako jarduerak finantzatzen dituzten sarreren edo baliabideen berri ematea, baita emateko kontuan hartutako edozein egoera objektibo edo subjektiboren inguruko aldaketen berri ere. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
g) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
h) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa txertatzea, bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan. (Eusko Jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2017ko apirilaren 4ko Ebazpena (2017ko apirilaren 12ko EHAA, 72. zk.).
i) Irudi ez-sexistak erabiltzea ekitaldiaren publizitatea egiteko ikusizko edukietan eta seinaleetan, bai eta ekitaldiak iraun bitartean zabaltzen den materialean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan, bai eta aktetan edo baliokideetan ere, halakorik balego.
15. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.
a) Lehen zatia aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; 14.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatia, berriz, 2024. urtean ordainduko da, jarduera bukatzean. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere.
2.– Ordainketarik ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
3.– Laguntzak ordaintzeko, eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta egonez gero, prozedura horiek amaituta egon beharko dute.
16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
Laguntzaren xede den ekitaldiko ekintzak burutzeak dakartzan gastuak justifikatu beharko dira, agindu honetako 4.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu beharko dute kongresu edo bilera zientifikoa egin dutela, finantzaketaren helburu baita; hartarako, Ikerketa Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte inprimaki normalizatuan, finantzatutako jarduera bukatzen denetik hiru hileko epearen barruan (aplikazioan eskuragarri dago dokumentu horren txantiloi bat).
a) Emandako laguntzarekin egindako gastuaren ziurtagiria. Zerrenda bat erantsiko zaio, fakturak eta haien zenbatekoa zehaztuko dituena. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.
b) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da dokumentu hori.
c) Azken memoria, balantze zientifikoa duela, eta bertaratutakoei entregatu zaien materiala barnean dela; material hori eskuragarri jartzeko, esteka elektroniko bat edo link bat txertatuko da memorian, edukia eskuratzeko aukera emango duena. Horrez gain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan bi hizkuntza ofizialei dagozkien betebeharrak betetzen direla bermatzeko hartutako neurriak zehaztuko dira, bai eta babestutako jarduera guztietan Eusko Jaurlaritzaren logotipoa sartzea ere.
d) Kongresuaren akten ale bat, edo, halakorik badago, horien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, haiek argitaratzea aurreikusi bada.
e) Entitate onuradunak, gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, bekadunen zerrenda aurkeztu beharko du (izena eta NAN), bai eta egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.
Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, txartel prezioduna edo faktura aurkeztu beharko da.
2.– Artikulu honetan adierazitako agiri guztiak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, 5. artikuluaren 1. apartatuan adierazten den eran.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala erabili dela, erakunde onuradunen % 10eko ausazko lagin bat eginez. Horretarako, erakunde onuradunei eskatuko zaie dirulaguntzari egotzitako gastuen egiaztagirien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkezteko.
4.– Nolanahi ere, erakunde onuradunek fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan, faktura eta agiri horiek laguntzak eman dituen organoaren eskura egongo dira eta eskatu ahal izango ditu egiaztatzeko.
5.– Justifikatutako gastuak emandako dirulaguntza baino txikiagoak badira, dirulaguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, kontuan hartuta bai laguntzaren zenbateko osoa bai kontzeptuen araberako banakapena; hala badagokio, jasotako dirulaguntzak proportzioan itzuli beharko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.
Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako diruz lagundu daitekeen gastuaren herenetik gorakoa bada dirulaguntzaren zenbatekoa, murriztu egingo da.
Artikulu honetan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Ikerketa Zuzendaritzak berriro egiaztatuko du emandako dirulaguntzak ez duela gainditzen erakunde onuradunaren gastuaren herena.
17. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin behar du jardueraren jarraipena. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki iritzitako organo, batzorde edo adituak izendatuko, laguntzaren aplikazioaren jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, bai eta egoki jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko ere, alde batera utzi gabe agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezarritako jarraipen-jarduerak.
18. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak beharrezko diren ikuskapen eta kontrolak egin ahal izango ditu, agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.
19. artikulua.– Ez-betetzeak, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, hala badagokio, laguntza itzultzea.
1.– Aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik badago helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, onuradun izateko agindu honen 3. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badira.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola (698/1991 Dekretua, Dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta, behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.
4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.
20.– Artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, eta agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko dio atzera egiteko eskaera hori. Atzera egiteko eskaera Ikerketako zuzendariaren ebazpen baten bidez onartuko da, zeinak prozedura amaitutzat emango baitu dagokion erakundearentzat.
2.– Erakunde onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere egin ahal izango du hori. Uko egiteko eskaera laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko zaio, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoa itzuli beharko da. Baldintza horietan, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, uko-egitea onartuko da, eta uko egin zaion dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da.
3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko, baldin eta erakunde interesdunari jakinarazi bazaio ez-betetzea edo zehatzea deklaratzeko prozedura hasi dela deialdi honen esparruan. Prozedura horrek aurrera jarraituko du, ebatzi arte.
21. artikulua.– Datuak babestea.
«Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Ikerketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.
– Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin beharreko eginkizun bat betetzeko.
38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
– Hartzaileak:
Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
Ekonomia eta Ogasun Saila. Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
– Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai duzu helbide honetan: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)».
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 20a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.