Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2023ko ekainaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3092

AGINDUA, 2023ko ekainaren 20koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta deitzen baita azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzeko laguntzen Azpitek 2023 programa.

2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Plan berriak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programa berriarekin lerrokatuta baitago, Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna, horiek guztiak NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorriz. Horregatik, plan berriak lotura zuzena du Gobernuaren beste politika batzuekin, hala nola: Garapen ekonomikoa, Hezkuntza, Osasuna, Ingurumena, Etxebizitza, Nekazaritza eta Kultura.

Euskadik bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, azpiegituretan inbertitzea eta berrikuntza funtsezko eragileak dira hazkunde eta garapen ekonomikoan.

Horizon Europe Esparru Programa berria abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPk hiru zutabe estrategiko (bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko industriala eta berrikuntza irekia) eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: talentua.

Bikaintasun zientifikoaren zutabeak helburutzat dauka oinarri zientifikoa hobetzea eta bikaintasuneko ikerketa-jardueraren ondoriozko ezagutza sortzea, bai eta gaitasun eta konpetentzia teknikoak eta zientifikoak areagotzea ere. Lidergo industrialaren zutabeak Euskadiren lidergo teknologiko industriala sendotu nahi du, eta euskal gizartearen erronkei aurre egiten laguntzen duen ikerketa babestu, ikerketan eta garapen teknologikoan egindako inbertsioen emaitzak eta inpaktua hobetuta. Berrikuntza irekiaren zutabeak lankidetzaren arloko berrikuntza sustatzen du, eta, azkenik, elementu nagusiak, talentuak, ikerketan eta berrikuntzan aritzen direnek talentu izatearen premia planteatzen du, eta, hartara, 2030erako ZTBPren helburuak lortzen laguntzen du.

Euskadik erronka hauek ditu: bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun globaleko agertoki batean, industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea. Anbizio horiek betetzeko gaitasuna, neurri handi batean, I+G+b-ren mende dago. Funtsezkoa da industriak gaitasuna izatea teknologiak txertatzeko produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan, hain zuzen ere produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzeko. Testuinguru horretan, enpresek I+G+b-ko eragileekiko lankidetza indartu behar dute, eta bermatu behar da abangoardiako azpiegitura zientifiko-teknologikoak (AZ-T) erraz lortuko direla.

Zientziatik eta teknologiatik Euskadik dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko, beharrezkoa da azpiegitura zientifiko-teknologiko bikainak izatea, Euskadin eragina duten 3 trantsizioei heltzeko: trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-klimatikoa eta trantsizio soziala eta sanitarioa.

Azpiegitura zientifiko-teknologikoak (erakusleak, saiakuntza-bankuak, esperimentazio-instalazioak, living-labak eta abar barnean direla) I+G+b-ko ekosistemen eta berrikuntzan oinarritzen diren balio-kateen bizkarrezurra dira. Hala, AZ-Tek teknologiaren baterako garapena eta sorkuntza bultzatzen dute, kontzeptu-probatik eta laborategietan baliozkotzetik hasi eta industria-ingurunean egindako prototipoen erakustaldiraino, teknologia eskuratzea ziurtatzeko helburuarekin; kontuan hartu behar da horrek Euskal Autonomia Erkidegoan duen eragin sozioekonomikoa.

Ingurune fisiko eta/edo simulatu horiek funtsezkoak dira tamaina guztietako enpresentzat. AZ-Tek I+G+b arloko eragileekin lankidetzan aritzeko aukera ematen diete, balio erantsi handiko teknologia eta soluzioak garatzeko, fase guztietan laguntza eskainiz. Diseinutik hasi eta produktu, zerbitzu edo prozesu osoen azken probara arte, baldintza kontrolatutan, segurutan eta errealitatetik hurbil, bezeroen eta inbertitzaileen aurreko baliozkotzea barnean dela. Industria azpiegitura teknologikoen eskuragarritasunaren mende dago, teknologiak hobetzeko, garatzeko, baliozkotzeko eta prototipoak sortzeko, merkatuari soluzio teknologiko berriak eskaini aurretik. Hala ere, AZ-Tek baliabide eta konpetentzia asko behar dituzte euren eraikuntzarako, kudeaketarako, funtzionamendurako eta mantentzea egiteko. Oso garestiak izaten dira, eta goi-mailako teknikariak behar izaten dituzte bertan aritzeko. Beraz, enpresa gehienek ezin dute beren AZ-T propioa izan.

Azpiegitura Zientifiko-Teknologikoak eskuratu edo Eguneratzeko programaren helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura zientifiko-teknologikoak indartzea, eta I+G+b jarduera eta emaitzak baliozkotzea eta erakustea bultzatzea. Horretarako, kalitatezko ikerketa gauzatzeko, emaitzak hobetzeko, eta horien eragin zientifikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta dauden ikerketa-azpiegituren funtzionamendurako beharrezkoa den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematen du.

Programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak programa bat abiarazi du, Euskadiko azpiegitura zientifiko-teknologikoak indartzera bideratuta dagoena, honako eremu hauetan aurrerapausoak emateko helburuarekin:

a) Trantsizio teknologiko-digitala: teknologia eta digitalizazioa funtsezko tresna bihurtzen dira balio erantsi handiagoa ekarriko duten eta euskal industriaren lehiakortasun-posizioa hobetuko duten produktu eta soluzio berriak garatzeko. 2030erako Euskadi ZTBPk oinarri-teknologien mapa bat identifikatzen du, zeinak biltzen baititu teknologia digital edo birtualak eta teknologia fisikoak, biologikoak, kimikoak edo materialenak.

b) Trantsizio energetiko-klimatikoa: 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoak energiaren eremuan ikerketako eta garapen teknologikoko eta industrialeko lehentasunezko 9 area finkatzen ditu. Bestalde, 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiak ingurumena hartzen du jasangarritasunerako, lehiakortasunerako eta enplegu-sorrerarako funtsezko faktoretzat; horrekin batera, beharrezkotzat jotzen du hazkunde ekonomikoa baliabide naturalen kontsumotik, hondakinen sorreratik eta berotegi-efektuko gasak igortzetik bereiztea. Horretarako, trantsizioa sustatzen duten 10 jarduera-lerro identifikatzen ditu.

c) Trantsizio soziosanitarioa: biztanleriaren zahartzea erronka handia da, eta, aldi berean, aukera handia. Trantsizio honen helburua prebenitzea eta prest egotea da erantzun azkar eta eraginkorra emateko izan daitezkeen osasun-krisi edo pandemia berriei, eta, aldi berean, osasun-sistema jasangarri bat izatea, gizarte gero eta zaharrago baten premiei erantzun egokia emango diena.

Azpiegitura zientifiko-teknologikoetan eginiko inbertsioak ahalbidetuko du hiru trantsizio horietan aurrera egiteko behar diren teknologiak ikertu, garatu eta baliozkotzea, bai eta euskal industriak horiek ezartzea ere.

Hori guztia dela eta, beharrezkotzat jotzen da laguntza-programa berri bat arautzea, I+G+b garatzeko beharrezkoa den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratu, instalatu, berritu edo eguneratzeko, eta emaitzen baliozkotzea eta frogatzea bultzatzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko foku anitzeko zentro teknologikoek eta ikerkuntza kooperatiboko zentroek egingo dute hori.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua organo eskuduna da programa honen oinarri arautzaileak onartzeko, hala ezarrita baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8.1 artikuluarekin lotuta (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira eta horien funtzioak eta jardun-arloak ezartzen dira). Halaber, oinarri hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikulua, programaren dirulaguntzak ematea deskontzentratu egingo da, teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularraren esku utzita.

Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntza Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, eta argitara eman zen administrazio honen «euskadi.eus» web-orrian, sailari dagokion gunean, «Planak eta proiektuak» atalean.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Azpitek Programaren oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren baldintzetan, eta deialdia egitea, 2023ko ekitaldirako, I+G+b garatzeko behar den ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratu, instalatu, berritu edo eguneratzeko eta haren emaitzak baliozkotu eta frogatzeko laguntzetarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 20a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
AZPIEGITURA ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOEN AZPITEK PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2023an eman beharreko laguntza-programa bat arautzea, I+G+b garatzeko beharrezkoak diren azpiegitura zientifiko-teknologikoak eta ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratu, instalatu eta eguneratzeko, eta emaitzen baliozkotzea eta frogatzea bultzatzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko foku anitzeko zentro teknologikoek eta ikerkuntza kooperatiboko zentroek egingo dute hori. Hori guztia emaitzen kalitatea eta emaitzen eragin zientifiko-teknologikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzera bideratuta dago.

Laguntzei buruzko araudi honek, azpiegitura zientifiko-teknologikoen jarduera ekonomikoari dagokionez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra), ikerketa-azpiegituretarako inbertsioetarako laguntzei dagokienez.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak –zehazki, 6.714.286 euro– 2023rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzearen ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, betiere horretarako foku anitzeko zentro teknologikoen eta ikerkuntza kooperatiboko zentroen kategorietan akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Dena den, aurreko paragrafoan adierazitako erakundeek berek burutu beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean kokatu beharko dituzte laguntza jasotzen duten proiektuak.

3.– Erakunde onuradunek, era berean, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo beste ente publikoekin kontratuak izenpetzeko.

4.– Era berean, erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak, eskaera egiten dutenetik aurrera.

b) Ezin dira egon zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolamendurako Printzipioen Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Krisialdian dauden enpresa eta erakundeak ezingo dira onuradun izan, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideak (2014/C 249/01)

d) Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten erakundeak ezin izango dira onuradun izan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 bis artikuluan zehaztutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

5.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik eta dirulaguntzaren indarraldi osoan zehar bete beharko dira aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak.

6.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaituta egotea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira azpiegitura zientifiko-teknologikoak eta ekipamendu zientifiko-teknikoa (aurrerantzean, azpiegitura eta ekipamendu ZTa) eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko jarduketak, barnean direla eraikinak eraikitzeko, birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jardueretan erabilitako altzariak, baita horien emaitzak baliozkotzea eta frogatzea ere.

Deialdi honen ondorioetarako, azpiegitura eta ekipamendu ZTa honako hau dela ulertzen da: I+G+b jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoak (ekipoak) eta instalazioak (behar diren baliabide fisikoak dituen barrutia), baita horien emaitzak baliozkotzea eta frogatzea ere. Ekipamendu hori ekipo bakar bat izan daiteke, edo instalazio bat edo ekipo-multzo bat –espazio bakar bat edo helburu jakin bat hornitzeko–; era berean, ekipamendua zertarako erosten den, helburu hori bete ahal izateko beharrezkoak diren aldaketak, gehigarriak, osagarriak edo aparatu laguntzaileak barne hartu ahal izango ditu.

2.– Deialdi honetara 2023aren eta 2024ko urriaren artean garatutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira.

3.– Programa honetako dirulaguntzak jarduera ekonomikoak nahiz ez-ekonomikoak finantzatzeko erabil daitezke, denak ere Batzordearen honako komunikazio honetan ezarritako baldintzetan ulertuta: «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua (2014/C 198/01)».

Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak garatzen baditu, jarduera-mota bakoitzaren finantzaketa, kostuak eta diru-sarrerak bereiz kontsignatuko dira, koherentziaz aplikatutako kostuen kontabilitate-printzipioak, objektibotasunez justifikatu daitezkeenak, oinarri hartuta.

4.– Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak garatzen dituenean:

a) Azpiegituren jarduera edo erabileragatik kobratutako prezioa merkatuko prezioa izango da.

b) Hainbat erabiltzailek erabili ahal izango dituzte azpiegiturak, eta erabiltzeko baimena gardentasunez eta modu ez-diskriminatzailean emango dute. Azpiegituraren inbertsio-kostuen % 10 gutxienez finantzatu duten enpresek lehentasunez erabiltzeko onura izango dute, baita horretarako baldintza hobeak ere. Gehiegizko konpentsazioa saihestearren, enpresak inbertsio-kostuei egindako ekarpenaren araberakoa izango da erabilera, eta baldintzak jendaurrean ezagutaraziko dituzte.

c) Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoa betez, jarduera ekonomikoak finantzatzera bideratutako laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-programan eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Gastu finantzagarritzat hartuko dira 2024ko urriaren 31ra arte egindako exekuzio-kostuak –aktibo finko materialetan eta immaterialetan eginikoak–, 4. artikuluan zehaztutako azpiegitura eta ekipamendu ZTa eskuratzetik zuzenean eratorritakoak, bai eta eguneratzeko beharrezkoak diren osagarriak edo tresna lagungarriak eskuratzeko gastuak ere, eta ekipamendua abian jartzeko eta funtzionatzeko behar diren beste kostu batzuk.

Era berean, software espezializatuko lizentzia iraunkorrak ere finantzatu ahal izango dira, baldin eta ikerketarako baino ez badira eta eskuratutako ekipamendua behar bezala erabiltzeko aukera ematen badute.

Halaber, proiektuaren kostuen auditoriari dagozkion gastuak ere finantzatu ahal izango dira. Auditoria-kostuak direla eta, gehienez ere 1.500,00 euroko dirulaguntza emango da proiektu eta erakunde onuradun bakoitzeko.

Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

Eguneratze-jardueratzat jotzen dira soilik ekipamenduaren prestazioak nabarmen handitzea edo ekipamenduaren zaharkitzea atzeratzea dakartenak.

2.– Azpiegitura eta ekipamendu zientifiko-teknikoen proiektu bakoitzaren guztizko inbertsio-kostua 100.000 eurokoa edo hortik gorakoa eta 1.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa izan beharko da. Ez da onartuko 1.000.000 eurotik gorako aurrekontua duten ekipamenduak hainbat proiektutan zatikatzea. Proiektu berean ere ez dira onartuko 100.000 euro baino gutxiagoko kostu unitarioa daukaten eta beren artean loturarik ez duten elementuak. Erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

Muturreko berezitasuna duten proiektuek (ebaluazio teknikoan 90 puntutik gora lortu dutenek) 1.000.000 euroko muga gainditu ahal izango dute aurrekontuan.

Zentro bakoitzak aurkeztutako aurrekontuaren zenbateko osoa ezin izango da izan aurreko ekitaldian izandako I+Gko ustiapen-sarreren % 10 baino handiagoa.

3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez zenbait hornitzaileren hiru eskaintza eskatu beharko ditu erakunde eskatzaileak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den egin eta ordaindu dirulaguntzaren ebazpena eman aurretik.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

4.– Gainera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren laugarren apartatuan xedatutakoaren arabera, azpiegitura eta ekipamendu inbentariagarriak eskuratu, instalatu eta eguneratzean, erakunde onuradunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak, bost urtez gutxienez, erregistro publiko batean inskribatzeko moduko ondasunen kasuan, eta bi urtez gutxienez, gainerako ondasunen kasuan.

Erregistro publiko batean inskribatzeko moduko ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; alderdi horiek dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.

Erabilera-betebehar hori ez betetzea, zeina betiere ondasuna besterentzearekin edo kargatzearekin batera gertatuko baita, itzultzeko arrazoia izango da, eta ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita geratuko da, edozein dela ere edukitzailea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluaren laugarren apartatuak horretarako arautzen dituen salbuespenekin.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

2.– Norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honetako 13. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 13. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

3.– Agindu honetako 7. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak onartu diren proiektuei.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza kalkulatzeko, artikulu honetako 2. apartatuan aurreikusitako laguntzarik handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

2.– Erakunde onuradun bakoitzari emango zaizkien laguntzen ehunekoak hauek izango dira gehienez:

– % 50, azpiegituraren erabilera erakundearen jarduera ekonomikoarekin lotuta badago.

– % 100, azpiegituraren erabilera erakundearen jarduera ez-ekonomikoarekin lotuta badago.

3.– Deialdia finantzatzera bideratutako zuzkidura ekonomikoa, deialdi-agindu honetan ezarritakoaren arabera, nahikoa ez bada jarduketa guztiak finantzatzeko aurreko 2. puntuan ezarritako ehunekoen arabera, diruz lagunduko diren proiektuak puntuaziorik onena lortu dutenak izango dira, dagokion aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten eragile zientifiko-teknologikoek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduketa horiek gauzatzeko, edozein dela ere laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 8. eta 26. artikuluetan xedatutakoa.

2.– Eragile zientifiko-teknologikoek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinarazten badiote beste administrazio edo erakunderen batetik dirulaguntzak eskuratu dituztela jarduera bererako, laguntzak ezin izango dira aurreko artikuluan aipatutakoa baino handiagoak izan. Horrela, bada, agindu honi jarraituz emandako laguntzak murriztu egingo dira muga horretara egokitu arte.

9. artikulua.– Organo kudeatzailea eta izapideak Europar Batasunarekin.

1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza da organo eskuduna agindu honetako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta bideratzeko. Ebazpen-proposamena, berriz, agindu honetan jasotako ebaluazio-organoak egingo du, eta teknologia, berrikuntza eta lehiakortasunaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak ebatziko du prozedura.

2.– Kategorien araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek aipatu erregelamenduaren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartzen dutela.

3.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere Kategorien araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 11. artikuluko b) apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen II. kapituluko III. tituluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1110703/ (gaztelania)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1110703/ (euskara)

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta haren aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Erakunde interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Eskabide-inprimakia, proiektua aurkezten duen erakunde eskatzaileak sinatua, egin beharreko jarduerak eta aurreikusitako aurrekontua zehaztuta.

b) Azpiegitura edo ekipamendu zientifiko-teknikoaren proposamena deskribatzen eta justifikatzen duen memoria tekniko-ekonomikoa (II. eranskineko ereduaren arabera).

c) Erakunde eskatzailearen jarduerari buruzko oinarrizko datuak, erakundearen jarduera ekonomikoaren eta ez-ekonomikoaren xehetasuna barnean dela.

d) Deialdiaren aurreko ekitaldian onetsitako finantza-egoeren auditoria-txostena.

e) Auditoria-erakundeak emandako ziurtagiria, honakoak jasotzen dituena: erakundearen kostuen kontabilitate-prozedurarekin bat etorriz, jarduera ez-ekonomikoaren kostua, gastu-kontzeptuen arabera banakatua, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokiona.

f) Auditoria-erakundeak emandako ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena: jarduera ez-ekonomikoaren ondoriozko sarrerak, finantzaketaren jatorriaren arabera banakatuak, deialdiaren aurreko ekitaldiari dagozkionak.

g) Deialdiaren urteari dagokion jarduera ez-ekonomikoaren sarrera eta gastuen aurrekontua.

h) Erakunde eskatzailearen pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua.

i) Aurrekontuak edo proforma fakturak, dirulaguntzaren xede den kontzeptu bakoitzari dagokion jarduketaren guztizko kostua egiaztatzen dutenak.

j) Obra-lizentzia, hala badagokio.

k) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek ziurtatzeko:

– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda, diruz lagundu daitezkeen kostu berberei dagozkien de minimis laguntzak barnean direla, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotakoak, betiere Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Erregelamenduari lotuta. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutela.

– Erakunde eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunena, edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez duela araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela itzulketa- edo zehapen-espedienteetan sartuta, ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta; halaber, ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dagoen ala ez.

– Erakunde onuradunak, Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borroka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan dagoenean, ez dituela lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak urratzen.

– Erakunde eskatzailea ez dela berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo erakunde bat, Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu komunarekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.

– Erakunde eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa edo erakunde bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01)

– Hala badagokio, efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Kategorien araberako Salbuespenaren Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, baimena jaso beharrik izan gabe, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 2023ko otsailaren 13ko Agindua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.

Hala ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluaren arabera, eskatzaileak berariaz ukatu ahalko du baimena. Horretarako, ziurtagiria aurkeztu beharko du, aurreko apartatuetan adierazitako baldintzetan.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren arabera:

– Administrazio jarduleak izapideak egiteko behar diren dokumentuak eskatu edo kontsultatu ahal izango ditu –bertan daudenak edo beste administrazio batzuek egin dituztenak–. Hala ere, erakunde eskatzaileak tratamendu horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, betebeharra bete duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

– Erakunde eskatzaileek ez dute beharrik izango prozedura bideratzeko organo eskudunak lehendik dituen agiriak aurkezteko, eta eskabidean adierazi beharko dute zein den orduko hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, betiere bost urte igaro ez badira dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.

8.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin nahiz oinarri hauetan araututako dirulaguntzaren erakunde laguntzaile SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea eta prozeduraren antolamendua.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta berrikuntzaren arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko azaroren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan.

2.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eragile eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Berariaz xede honetarako sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta proiektuak onartzeko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio-organoko lehendakaria teknologiaren eta berrikuntzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularra izango da, Alberto Fernández González, edo karguan hura ordezten duen pertsona, eta ordezkoa, berriz, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzako titularra, Leire Madariaga Bilbao, edo karguan hura ordezten duen pertsona.

Honako kide hauek izango dira bokalak:

– Ana Camacho Vera, industriaren eta energia-trantsizioaren arloko eskumenak dituen zuzendaritzako titularra, edo karguan hura ordezten duen pertsona; ordezkoa, berriz, Agustín García Pérez, industriaren garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako teknikaria.

– Amaia Martínez Muro, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Saileko ordezkaria; ordezkoa Cristina Oyón izango da.

– Rikardo Bueno Zabalo, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo zientifiko-teknologikoaren ordezkaria; ordezkoa Jon Kepa Gerrikagoitia Arrien izango da.

– Begoña Iriarte Trabudua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean teknologia eta berrikuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena; ordezkoa Natividad Niño Bartolomé izango da.

Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Sailak egingo ditu, eta, ondoren, ebaluazio-organoan aurkeztuko ditu.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

13. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTen proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Funtsezko irizpideak eta irizpide espezifikoak:

1.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTaren kalitatea eta garrantzia (40 puntu):

1.– Kalitate teknikoa: azpiegitura edo ekipamendu ZTak gaur egun eskatzaileak eskura ez dituen zenbait ezaugarri tekniko eta prestazio betetzen ditu (15 puntu).

2.– Egokitasuna: azpiegitura edo ekipamendu ZTaren ezaugarriak egokiak dira lortu nahi diren helburu zientifiko-teknikoak lortzeko, eta horrek ekipamenduaren beharra edo hura eguneratzeko beharra justifikatzen du (15 puntu).

3.– Ekarpena: zientzia eta teknologia erabiltzeak eta teknologia industriara transferitzeak aurrera egiten laguntzen du laguntza eskatzen duen erakundearen ikerketa-ildoetan, eta bat datoz Euskadiren estrategiarekin: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Plana eta RIS3 Estrategia (10 puntu).

2.– Ustiapen-eredua (10 puntu):

1.– Erabilera- eta kudeaketa-plana: azpiegitura edo ekipamendu ZTaren erabilera- eta kudeaketa-plana eta ustiapen-eredu xehatua ditu, baita fase bakoitzaren kronograma zehatza (3-5 urte) ere (10 puntu).

3.– Eragin zientifiko-teknologikoa (10 puntu):

1.– Eragin zientifiko-teknologikoa: besteak beste, honako hauek baloratuko dira: argitalpen zientifikoak, doktorego-tesiei laguntzea, I+G+b proiektuei egindako ekarpena –bai enpresekin, bai ZTBESko eragileekin eta nazioarteko beste eragile batzuekin–, bai eta azpiegitura edo ekipamendu ZTaren erabileran oinarrituta sortzea espero den patente-kopurua ere (10 puntu).

b) Irizpide orokorrak (40 puntu):

1.– Hirugarrenek erabiltzeko zabalik: badago estrategia bat azpiegitura edo ekipamendu ZTa hirugarrenei zabaltzeko, dela tokiko edo nazioarteko eragile eta ikertzaileei, dela nazioartean erreferente diren erakundeei (10 puntu).

2.– Eragin sozioekonomikoa: azpiegituraren garapenetik eta azpiegituratik eratorritako proiektuetatik lortutako emaitzak baloratuko dira (ahal bada, fakturazioari, inbertsioari, merkatu berriei, zuzeneko enpleguari, zeharkako enpleguari eta abarri dagokienez), baita trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta soziosanitarioari egin diezaiekeen ekarpena ere; horrez gain, herritarrek azpiegitura zientifiko-teknologikoetan egin diren ikerketen emaitzak ezagutzea eta ekipamenduak gizarte-ongizateari egin dion ekarpena ere baloratuko dira (10 puntu).

3.– Lantaldea: erakunde eskatzailean ekipamenduaren ardura duen taldearen osaera eta esperientzia, haren erabilera eta kudeaketa, eta erakunde eskatzaileak orain arte egindako proiektuen eta ekarpenen garrantzia. Positiboki baloratuko da gizonen eta emakumeen osaera parekidea izatea ikerketa-taldean (10 puntu).

4.– Aurrekontua: aurrekontua bat dator jarduketarekin, eta egokia da lortu nahi diren helburuei eta egin beharreko jarduerei dagokienez (10 puntu).

2.– Proiektu batek, hautatua izateko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehieneko notaren (50 puntu) % 50era iristea ebaluazioan lortutako guztizko nota, eta, bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehieneko notaren % 40 baino nota hobea ateratzea.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskaerak, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari helaraziko dio prozedura ebazteko proposamen arrazoitua.

2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak honako hauek jasoko ditu gutxienez:

a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Prozedura bakar batean ebatziko dira aurkeztutako eskaerak, eta, ebazpenean, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Teknologia, berrikuntza eta lehiakortasunaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, ebaluazio-organoaren proposamenez.

2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren hautatutako eta onartutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako/onetsitako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako laguntzaren zenbatekoa; horrekin batera, jakitera emango da ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute ebazpena eman zuenaren aurrean edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, erakunde onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten justifikazio-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).

5.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie, honako era honetan zatikaturik:

a) Dirulaguntzaren % 70 ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da, betiere 17.4.a) artikuluan zehaztutako epea igarota dirulaguntzari berariaz uko egin ez bazaio.

Emandako zenbatekoak gainditzen baditu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 3. artikuluko bigarren apartatuan ezarritako mugak, ordainketa aurreratua egingo da, banku-abala artikulu horretan zehaztutako moduan eratu eta aurkeztu ondoren (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).

b) Gainerako % 30a jasotzeko, aurretik agiri bidez justifikatu beharko dira dagokion jarduera egin izana, finkatutako xedeen erdiespen-maila eta egindako gastua.

2.– Dirulaguntza 2024ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Justifikazio-kontua betetzen laguntzeko, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, erakunde onuradun bakoitzari dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio.

Justifikazio-kontuak honako hauek jasoko ditu:

a) Dirulaguntza eman zenean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduketa-memoria. Bertan, honako hauek zehaztuko dira: egindako jarduketak; lortutako emaitzak kuantifikatuta eta/edo baloratuta; eskatutako eta emandako aldaketak; kontratu, hitzarmen, akordio eta abarren azken betetze-mailari buruzko txostena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:

– Jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz eman den eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman baldin bada, gertatutako desbideratzeen berri emango da.

– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.

– Tasazio independentearen ziurtagiria, behar bezala egiaztatua eta dagokion erregistro ofizialean inskribatua, ondasun higiezinak eskuratuz gero.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira, zenbatekoa eta haren jatorria zehaztuta.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluari jarraikiz, erakunde onuradunak 3 aurrekontu eskatu behar ditu, obrarako konpromisoa hartu aurretik, edo zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, ezaugarri bereziak dituztela-eta, ez badago merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina erakunde, edo salbu eta gastua eskabidea aurkeztu aurretik egin bada.

c) Kontuen auditoria-txosten sinatua, Kontabilitate eta Kontu Auditoriako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko auditoria-txosten bat aurkeztu beharko da.

Auditoria-txostena osatzeko, justifikazio-kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren, dagokion deialdian ezarritako ereduari jarraituz. Dokumentu hori erakunde onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.

d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.

2.– Laguntzak ordaindu aurretik, erakunde onuradunak Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren esku jarriko du agindu honen 10. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean azaltzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa (hala eskatzen bazaio).

3.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake, erakunde onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatze aldera.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horretan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, eta agindu honen 5.1 artikuluan aipatutako epean. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, exekuzio-epea bukatu eta hurrengo lau hilabeteetan fakturatu ahal izango dira.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere alde batera utzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan.

3.– Erakunde onuradunek, orobat, beren jarduera ekonomikoa merkatuaren baldintza arrunten arabera gauzatzeko, honako hauetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte: batzordearen «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua» (2024-06-27ko, EBAO, C 198) jakinarazpenaren 2.2.1 apartatuan eta ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 15. artikuluan (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

4.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza zer jardueratarako esleitu den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak onar ditzakeen jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira, eta teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularraren berariazko baimena lortu bada, agindu honen 27. artikuluan ezarritako moduan.

c) Baimena ematea teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari edota hark izendatutako auditoreari, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izateko.

d) Publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia azaldu beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpenari erantsitako jarraibideetan ezarritako moduan. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Laguntza ematea teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari, emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

f) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatzen duten informazio guztia ematea.

h) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

18. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako dirulaguntzak kudeatzeko, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako erakundea– erakunde laguntzaile izendatu da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideak hasiera batean ebaluatzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.

b) Aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.

c) Erakunde onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin dituztela eta ekintzetan izandako kostua izan dutela ziurtatzen duten agiriak egiaztatzea.

d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela egiaztatzea, eta dagokion jarraipena egitea, ziurtatzeko laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko betekizunak betetzen jarraitzen dutela.

e) Onetsitako proiektuen kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehaztu eta ezartzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egiten dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

19 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.

1.– Erakunde onuradunak agindu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ez da beharrezkoa izango laguntza edo dirulaguntza ordaintzea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, betiere beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondoreetarako.

2.– Itzultzeko prozedura honako hauetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53.4 artikulua eta haren erregelamenduzko garapena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan arautua –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira–. Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzea erabakiko du.

Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea –itzulketa osoa edo partziala– teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari dagokio, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, espedientea hastea eragin dezaketen inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen atzematen badira.

3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, honako inguruabar hauek atzematen baditu:

– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.

– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.

– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzaren zenbateko efektiboa eta behar bezala justifikatua ordainduko zaio onuradunari, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.

Era berean, desbideratze horren konpentsazioak egin daitezke behar bezala justifikatu eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin, eskaeraren aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, eta betiere dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontu globalaren zenbatekoa gainditzen ez bada.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta erakunde emaileak onartu ondoren.

20. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, salbuespen gisa, egin beharreko jarduerak egiteko epea luzatu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, erakunde onuradunak aldez aurretik horretarako eskabidea egin eta justifikatuz gero, baldin eta alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.

Proiektu bakoitzeko, luzapen-eskaera bat aurkeztu beharko da. Hasieran aurreikusitako proiektua gauzatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago egin beharko da eskaera, eta berariaz onartu beharko du dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen administrazio-organoak, eta erakunde interesdunari jakinarazi. Deialdia dagokion urtaldian ebazten ez bada, eskaera egiteko epea hilabetekoa izango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena emateko organo eskudunak ez badu jakinarazpenik egiten, erakunde interesdunak legitimatuta egongo dira eskaera ezetsi dela ulertzeko.

3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduketak. Nolanahi ere, teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak baimena eman dezake memorian aldaketak egiteko, erakunde onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.

4.– Proiektua porrot teknikoarekin amaitzen bada, erakunde onuradunak laguntzak emateko administrazio-ebazpena aldatzeko ere eskatu ahal izango du, egindako proiektu-zatiari egokitzeko.

Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak aldakuntza onar dezake, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen badu.

Porrot teknikotzat jotzen da eskaera egiteko unean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea ezinezkoa izatea, ustekabean akats tekniko konponezinak agertu direlako.

5.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla –dirulaguntzaren xedea edo izaera funtsean aldatzen ez dutenak– eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea artikulu honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den administrazio-baimenaren izapidea ez denez egin, aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango da, betiere hori eginda hirugarrenen eskubideei kalte egiten ez bazaie.

II. ERANSKINA
MEMORIA TEKNIKO-EKONOMIKOA

Memoria tekniko-ekonomikoak honako atal hauek izan beharko ditu:

1.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTaren beharraren justifikazioa, edo hura eguneratu beharraren justifikazioa, eta azpiegituraren onura jasoko duen eskatzailearen I+G+b jarduerak zehaztea.

2.– Eskatutako azpiegitura edo ekipamendu ZTaren deskribapena, azpiegitura edo ekipamendu horretan eskatzen diren gutxieneko prestazioak eta ezaugarri teknikoak adierazita; deskribapen horrek ez du, inola ere, marka komertzialik aipatuko.

Azpiegitura edo ekipamendu ZT hori eskuratzeak edo eguneratzeak ekarriko dituen abantaila teknikoen eta prestazio berrien zehaztapenen deskribapena, erabiltzen ari diren beste ekipamendu batzuen aurrean teknika instrumental hori erabiltzeko beharra adierazita.

Ekipamenduaren ezaugarri teknikoen eta eskatzailearen helburu zientifiko-teknologikoak lortzeko ezaugarri horien egokitzapenaren arteko loturaren gaineko deskribapena.

Azpiegitura edo ekipamendu ZTak jorratutako gaiaren/teknologiaren nazioarteko egoeraren azterketa laburra.

Instalazio- eta egokitzapen-obrak egin behar badira, horien aurreikuspenaren deskribapen laburra egingo da.

3.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTarekin lortu nahi den erabilera zientifiko-teknologikoaren eta industriarako teknologia-transferentziaren deskribapena, baita laguntza eskatzen duen erakundeak garatzen dituen ikerketa-lerro eta -proiektuen aurrerapenean egiten duen ekarpena eta Euskadiko estrategiarekin duen lerrokatzea ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Planean eta RIS3 Estrategian oinarrituta.

Azpiegitura edo ekipamendu ZTa jarduera ekonomiko bati edo jarduera ez-ekonomiko bati atxikita dagoelako justifikazioa. Azpiegitura edo ekipamendu ZTa atxikita dagoen jarduerak partaidetza ekonomikoa zein ez-ekonomikoa baditu, jarduera ez-ekonomikotzat hartuko da jardueraren erabilera ekonomikoa osagarria baino ez denean.

4.– Azpiegitura edo ekipamendu ZTa eta industriara teknologia transferitzeko aukera erabiltzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko plana, zeinak lerrokatuta egongo baitira RIS3 Euskadi estrategiarekin. Kronograma zehatz bat sartu beharko da (3-5 urte), bai azpiegitura diseinatu, garatu, instalatu eta martxan jartzeko edo hobetzeko, bai laguntza eskatzen duen erakundearen ikerketa-proiektuetarako ustiatu, erabili eta kudeatzeko.

Erabiltzeko aukera hirugarrenei zabaltzea: zer estrategia dagoen azpiegitura edo ekipamendu ZTa hirugarrenei zabaltzeko, dela tokiko edo nazioarteko eragile eta ikertzaileei, dela nazioartean erreferente diren erakundeei.

5.– Azpiegitura erabiltzeari esker sortu nahi den eragin zientifiko-teknologikoaren deskribapena; hauek, besteak beste: enpresekin zein ZTBESko beste eragile batzuekin eta nazioarteko ikerketa-zentroekin egindako I+G+b proiektuetarako ekarpena, azpiegitura erabiltzetik eratorritako argitalpen zientifikoak, teknologia industriara transferitzea, sortutako patenteak, etab.

Azpiegitura edo ekipamendu ZTa erabiliz garatutako I+G+b aplikatzeko sektore eta eremu nagusiak identifikatzea. Horietan izan dezakeen eraginaren garrantzia baloratzea (kualitatiboa eta kuantitatiboa), bereziki euskal egitura ekonomikoaren barruan.

Honako hauek identifikatzea: azpiegitura garatu eta erabiltzetik eratorritako emaitzek trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta soziosanitarioari egin diezaieketen ekarpena; herritarrek azpiegitura edo ekipamendu ZTan egin diren ikerketen emaitzak ezagutzea, eta azpiegiturak gizarte-ongizateari egin dion ekarpena.

6.– Laguntza eskatzen duen erakundean azpiegitura edo ekipamendu ZTa erabiltzeko ardura duen taldea. Taldearen curriculum vitaea erantsi beharko da, adierazita kualifikazio teknikoa, aurretiko esperientzia eta arloan egindako jarduketak (deialdiaren datatik zenbatzen hasita azken 6 urteei dagokienez); horrela, I+G+b proiektuak, lortutako emaitzak, eskura dituzten baliabide fisikoak eta giza baliabideak eta abar zehaztuko dira. Ildo horretan, positiboki baloratuko da ikerketa-talde horren genero-osaera paritarioa.

7.– Gastu-kontzeptuen arabera banakatutako aurrekontua, jarduketaren guztizko kostua jasoko duena. Justifikatu beharko da aurrekontu hori beharrezkoa dela azpiegitura edo ekipamendu ZTa eskuratzeko edo eguneratzeko, bai eta hura instalatzeko, egokitzeko eta abian jartzeko garatu behar diren lan osagarrietarako ere. Horrez gain, azpiegitura edo ekipamendu ZTa eguneratzeko beharrezkoak diren tresna osagarri edo lagungarriak eskuratzeko kostua zehaztuko da.


Azterketa dokumentala