Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2023ko ekainaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3091

AGINDUA, 2023ko ekainaren 20koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2023. urterako laguntzen deialdia egiten baita Emakume Nekazarien Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko. («ENE laguntzak»).

Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea onartzeak nekazaritza-sektoreko emakumeek pairatzen duten bereizkeriari aurre egitea dakar, besteak beste, lanbide- eta gizarte-aitortzari zein beren eskubideak benetan baliatzeari dagokienez.

Legeak, berdintasun-printzipio hori gauzatzeko, funtsezkotzat jotzen ditu honako hauek: nekazaritza-ustiategien titulartasuna eta titulartasun partekatua (II. titulua), emakumeek nekazaritza-sektorean duten ordezkaritza (III. titulua), emakumeen gizarte-eskubideen aitorpena (IV. titulua) eta emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea (V. titulua).

Nekazaritza-ustiategien titulartasuna funtsezkoa da emakume nekazarien lana ikusarazteko eta titulartasun horretatik eratorritako eskubideak eskuratu ahal izateko. Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa ez dator bat emakumeek haietan egiaz egiten duten lanarekin.

Laguntza familiarra lan-arloko oso figura diskriminatzailea da; izan ere, pertsona horiek, lege-ondorioetarako, kontratu, soldata edo inolako aitortzarik gabe lan egiten dute, ez baitute Gizarte Segurantzan kotizatzen. Emakume guztien ia % 50 sartzen dira familia-mailako eskulanaren barruan, eta gizon guztien % 22 baino ez daude egoera berean. Historikoki, emakumeak edo seme-alabak egon izan dira lan mota horren barruan: ustiategia, legearen arabera, familiaburuaren izenean zegoen (gizona, ia beti), eta gainerakoak laguntza familiarra baino ez ziren, titularrak adina edo gehiago lan egin arren.

Ordezkaritza-eremuari dagokionez, emakume nekazariek erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea ez dator bat sektorean dutenarekin. Emakumeek nekazaritzaren eremuko erabakitzeko organoetan duten parte-hartzea askoz txikiagoa da gizonek dutena baino. Emakume Nekazarien Estatutuak, ildo horretatik, onartzen du bermatu beharra dagoela emakume nekazariak erabakitzeko organoetan egotea eta haietan parte hartzea.

Esparru publikoan duten partaidetzan emakumeek jasaten dituzten desberdintasunei aurre egitea ezinbestekoa da, nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko.

Emakume Nekazarien Estatutuaren Jarraipen Batzordea eratu zen 2018an, eta, ordutik, lehenetsi egin dira emakume nekazariak eta haien lana aintzat hartu eta ikusarazteko ekintzak –bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak–; horregatik, egokia da administrazio publikoetatik kanpoko antolakundeek egiten dituzten era horretako ekintzak Eusko Jaurlaritzak babestuta egotea.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dirulaguntza hauen deialdiaren oinarriak onartu, deitu eta argitara ematea (I. eranskina) eta diruz laguntzekoak diren jarduketak egiteko jarraibideak ematea (II. eranskina).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozeduraren arloan agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 20a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: laguntzen deialdia egitea nekazaritza-sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legean ezarritako helburuetako batzuk betetzen laguntzeko, nekazaritza-sektoreko emakumeen eskubideak aitortzeari dagokionez.

2. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

Laguntza hauen onuradun izateko, eskabidea egiten dutenek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte:

1.– Elkarte edo antolakunde onuradunen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea.

2.– Halaber, entitate onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen talde pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, baldin eta, nortasun juridikorik ez izan arren, dirulaguntzaren xede diren proiektuak edo jarduerak garatzeko eta gauzatzeko gaitasuna badute.

Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Betiere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute taldeek, taldeari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

3.– Diruz lagundutako jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egitea.

4.– Legearen arabera eratuta eta inskribatuta egotea dagokien erregistroan.

5.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Halaber, egunean egon beharko dute EAEko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

6.– Zuzendaritza-organoak dituzten onuradunek emakumeen presentzia orekatua izan beharko dute gutxienez.

7.– Entitate onuradunak, era berean, ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak izenpetzeko.

8.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako egoeraren batean dauden entitateak.

9.– Likidazioaren unean ere bete beharko da entitate onuradun izateko baldintza.

3. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzatuko dira. Aurrekontu-zuzkidura 60.000 eurokoa da.

4. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta gastuak.

1.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea bultzatzen duten jarduketak, bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere. Zehazki, honako gai hauetakoren bat garatzen duten jarduketak (jarraibideak II. eranskinean):

a) Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

b) Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea.

c) Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

d) Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

e) Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

f) Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

g) Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza.

2.– Guztiak jasota ez badaude ere, honako jarduketa hauek dira diruz laguntzeko modukoak: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, ikastaroak, lantegiak, konferentziak, erakusketak, ikus-entzunezko materialaren edizioa eta banaketa, eta deialdiaren xedea betetzen duen beste edozein jarduketa, betiere nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekin zerikusia badute eta aurreko apartatuan ezarritako gaietakoren batean oinarrituta badaude.

3.– Deialdi honen babespean, entitate bakoitzak dirulaguntza-proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.

4.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira laguntzaren xede diren jarduera egitean zuzenean sortutako guztiak, eta jarduera gauzatzeko epean zehar. Aipatzeko eta ez mugatzeko, hauek sartzen dira:

a) Aurkeztutako jarduerarekin berariaz lotuta dauden langileen gastuak.

b) Jarduera egiteko zerbitzu profesionalen errentamendua.

c) Lokalen alokairuak eta jarduera antolatzeko logistikaren ondoriozko gastuak.

d) Jarduera egiteko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

e) Laguntzaren xede diren jarduketen publizitatearekin eta zabalkundearekin lotutako gastuak.

f) Nahitaezko aseguruak kontratatzea.

g) Emandako garaikurrak edo sariak.

h) Jarduera egiteko behar diren materialak zenbait euskarritan editatu edo eskuratzea.

i) Bideoak eta ikus-entzunezko materiala.

j) Itzulpen-gastuak.

5.– Jarduerarekin lotutako kapital-inbertsioak edo -gastuak, zergak eta tributuak ez dira inola ere gastu diruz lagungarriak izango.

Kanpoan geldituko dira entitate eskatzaileak dituen baina jarduera egin, antolatu edo gauzatzearekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa eta esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza horien zenbatekoa ez da izango laguntza eskatu duten proiektu edo jardueraren guztizko kostuaren % 80tik gorakoa, ezta 10.000 euro baino handiagoa ere.

2.– Prozedura segidako konkurrentzia bidezkoa izango da eta, beraz, espedienteak eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira; horiek behar bezala formulatu eta osatu diren ordenaren arabera ebatziko dira. Landaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako teknikariek aztertuko dituzte eskabideak. Eskatutako betekizunak eta diruz lagun daitekeen aurrekontua egiaztatutakoan, ebazpen-proposamena egingo da.

3.– Aurrekontua agortu aurretik esleitutako azken laguntzari dagokionez, laguntza-proposamenak erabili daitekeen zenbatekoa gainditzen badu, eskatzaileari galdetuko zaio, eta, hala badagokio, aurrekontua agortu arte geratzen den laguntza esleituko zaio, edo ez zaio laguntzarik esleituko.

4.– Laguntzetara xedaturiko aurrekontua agortuz gero, egoeraren berri emango da Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskaerak, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ukatu egingo dira arrazoi hori dela eta, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

6. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Laguntzaren zenbatekoak –nazioko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxitu egingo dira, laguntzaren xede den jardueraren kostu errealeraino.

7. oinarria.– Gauzatzeko epeak.

Jarduketak egiteko epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da, eta 2022ko ekitaldiaren edozein unetan hasi ahalko da.

8. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Diruz lagundutako jarduketak deialdiaren urtean egingo dira.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, baita xedapen hauetan ezarritako betebeharrak ere: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan.

3.– Entitate onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.

c) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten entitateei Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritako betebeharrak onartzea. Horien artean daude tratu- eta aukera-berdintasuna, elkarteko kideen dibertsitatea eta ezberdintasuna errespetatzea, sexuaren arabera bereizitako datuak izatea, hizkera ez-sexista erabiltzea, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea eta aipaturiko 1/2023 Legegintzako Dekretuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako gainerako printzipio orokorrak errespetatzea.

d) Jendaurrean hedatzeko egiten dituzten agiri, kartel, propaganda eta argitalpenetan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logotipoa ageri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/adjuntos/MANUAL_ID_4PUBLICIDAD.PDF

Gainera, Emakume Nekazarien Estatutuaren logotipoa jaso beharko dute (laguntzen web-orrian egongo da eskuragarri).

Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

e) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez bost urtez.

f) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Helburu bererako edo antzeko helburu baterako dirulaguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabiderik eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko diote laguntzak kudeatzen dituen organoari.

9. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Laguntza-eskabideak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari bidali behar zaizkio.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Betiere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2023ko irailaren 30ean amaituko da.

3.– Eskabideak kanal elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, eredu normalizatuaren araberako eskaera eginez. Helbide honetan dago eskuragarri eredu hori:

https://www.euskadi.eus/servicios/12016034

4.– Eskabidearen ondoko izapideak hemen egin daitezke:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ Ordezkaritza erregistro horretan inskribatuta ez badago, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/formulario/impreso-normalizado-de-otorgamiento-de-representacion-legal-voluntaria/, edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

6.– Informazio hau bilduko du eskabideen eredu normalizatuak:

a) Eskatzailearen identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla adierazteko.

c) Dena delako jarduketari buruzko informazioa.

d) Lanen aurrekontua.

e) Zuzendaritza-organo edo -batzarraren osaerari buruzko ziurtagiri eguneratua, dagokion erregistroak emana.

f) Pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, elkarteko kide bakoitzak jarduketa egiteko hartutako konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

10. oinarria.– Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideari honako dokumentu hauek erantsiko zaizkio:

a) Jardueraren memoria, honako hau jasota:

– Entitatearen izena eta haren osaera: masa sozialaren osaera, bazkide-kopuru osoa, emakumeen eta gizonen guztizko kopurua eta masa sozial hori osatzen duten 40 urtetik beherako emakumeen ehunekoa.

– Jarduketaren xedearen deskribapena.

– Gauzatzeko epearen edo epeen aurreikuspena.

– Ekintzaren kokapenari eta hura zabaltzeko aukerei buruzko datuak, eta toki/eskualdean, lurraldean edo autonomian zer eragin duen.

– Jarduketatik espero diren emaitzen aurreikuspena.

– Jarduketak nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean izango duen eraginaren aurreikuspena.

– Deskribapena, jarduketak nekazaritza-sektoreko emakumeen ahalduntzea nola sustatzen duen.

b) Proiektuko jarduketen laguntza publiko edo pribatuari buruzko bestelako dirulaguntza eta diru-sarreren ziurtagiria.

c) Hirugarrenen alta, zeina elektronikoki izapidetu ahal izango den, dagokion zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/alta-modificacion-datos-terceros/web01-tramite/es/

d) Ordezkaritzaren egiaztagiria, hala badagokio.

e) Entitatearen IFK, eta entitatearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagokion erregistroan zigilatuta.

f) Proiektuaren barruko ekintzen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak. Aurrekontuek, proformako fakturek edo fakturek informazio hau jaso beharko dute, gutxienez:

– Zenbakia (baldin badauka).

– Kontratatzailearen izena.

– Hornitzailearen izena.

– Data.

– Kontzeptua.

– Zerga-oinarriaren eta BEZaren xehakapena.

2.– Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela, bai eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergako altari buruzko agiria ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala egiten badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaion guztietan.

3.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkezten badute eskatutako dokumentazioa eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.– Eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz, eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarrenen altaren kasuan izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 88. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

6.– Betiere, beharrezkoak diren bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

11. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak kudeatuko du laguntza.

2.– Landa-garapenaren arloko zuzendariak banakako ebazpena emango dio entitate eskatzaile bakoitzari, 5. oinarrian aurreikusitako proposamenari jarraikiz, eta laguntza eman edo ukatuko du horren bidez.

3.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

• Baietsitako eskabideei dagokienez:

a) Onuradunen izena edo sozietatearen izena, IFK.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

c) Pertsona fisiko edo juridikoen elkarteen kasuan, elkarteko kide bakoitzak hartutako konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

• Ezetsitako eskabideei dagokienez:

a) Eskatzaileen izena edo sozietatearen izena, IFK.

b) Eskabidea ezesteko arrazoiak.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota inolako ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin.

Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

6.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da entitate onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda.

7.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak entitate onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

8.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

9.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Egiaztatzen denean jakinarazpena eskura jarri zaiola, baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada haren edukira sartu, ulertuko da uko egin diola jakinarazpenari, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo interesdunak eskaturik egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

12. oinarria.– Justifikatzea eta ordaintzea.

Laguntzak zuzenean ordainduko zaizkie entitate onuradunei, eta bi zatitan banatu ahal izango dira, honela:

1.– Lehen ordainketa bat, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50 gehienez, diruz lagun zitezkeen gastu onetsiei buruzko fakturak eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Zenbatekoaren gainerakoaren ordainketa edo, hala badagokio, dirulaguntza osoa, laguntza behar den bezala erabili dela justifikatu ondoren. Honako agiri hauek aurkeztuko dituzte horretarako:

a) Jarduketaren ondorioz azkenean lortutako emaitzen berri jasotzen duen memoria. Jarduketaren izaeraren arabera, emaitza horietan jaso beharko dituzte zer partaidetza izan den, bertan ezarritako lan-lerroak, etorkizuneko konpromisoak, nekazaritza-sektoreko emakumeen eta gizonen berdintasunean zer eragin duen eta ondorioak.

b) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak eta ordainketa-ziurtagiriak; horiek laguntzaren onuradun den pertsonaren izenean egon beharko dute.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adierazten baita fakturak eta frogagiriak ez direla aurkeztu beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, baldin eta beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira dokumentu horiek, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo frogagiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa (justifikaziorako formularioan jasota).

3.– Laguntzen onuradunek jarduerarekin lotutako gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, eta ez jasotako laguntzari dagokion zatia bakarrik. Justifikazio hori 2024ko urtarrilaren 20an egin beharko da beranduenez.

13. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, jardueraren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

14. oinarria.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/037400-capa2-eu.shtml

15. oinarria.– Diru-aguntzen plan estrategikoa.

Dirulaguntzen deialdi hau dirulaguntzen plan estrategikoaren barruan sartu zen, 2023ko otsailaren 20ko Aginduaren bidez, ardatz honen barruan: Oparotasuna. Enplegua eta susperraldi ekonomikoa; zehazki, helburua/7. Ekimenaren barruan (Agindua, 2023ko otsailaren 20koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa laugarren aldiz aldatzen duena) Landa-eremuan, enpleguaren sorkuntza eta aukera-berdintasuna sustatzea, arreta berezia jarriz emakumeentzako, gazteentzako eta enplegurako sarbide-zailtasunak dituzten kolektiboentzako berariazko programen garapenean.

Ekintzari dagokionez, helburua da garatzea hala Emakume Nekazarien Estatutuan ezarritako helburuak betetzen lagunduko duten ekintzak nola aukera-berdintasuna eta emakume nekazarien eta landaguneko emakumeen lana bistaratzeko jarduketak.

II. ERANSKINA
Jarduketak egiteko jarraibideak

Diruz laguntzeko modukoak izango dira nekazaritza-sektoreko emakumeak eta haien lanaren garrantzia aitortzea bultzatzen duten jarduketak, bai eta, haien asoziazionismoa ez ezik, sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dutenak ere. Zehazki, honako gai hauek garatzen dituzten jarduketak:

1.– Emakume nekazarien parte-hartze soziala eta politikoa.

Emakumeek eremu publikoan duten parte-hartzean pairatzen dituzten desberdintasunei aurre egiteko jarduketak:

– Sektoreko antolakundeen eremuan, emakumeak ahalduntzeari buruzko jarduketak egitea.

– Antolakundeetako parte-hartzea hobetzeko tresnak.

– Asoziazionismoa sustatzea.

2.– Emakume nekazariak eta haien lana aitortzea eta ikusaraztea.

Emakume nekazarien aitortza profesionala eta estimazio soziala sustatzen duten jarduketak:

– Emakume nekazarien lana aitortzea, berrikuntza lehenetsita (ekofeminismoa, jasangarritasuna...).

– Beste mundu batzuetako emakume nekazariekin eta emakumeen beste elkarte batzuekin koordinatzea.

– Emakume nekazarien eskubide profesional, sozial eta fiskalak benetan gauzatzea.

3.– Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea: banakako titulartasuna eta baterako titulartasunak.

– Emakume nekazariek nekazaritza-jardueran duten partaidetzaren aitortza juridiko eta ekonomikoa, ustiategien titulartasun-figuren bidez.

– Baterako titulartasuneko aukerak, titulartasun partekatua bereziki aipatuta.

4.– Emakume nekazarien osasuna babestea lanean.

– Nekazarien osasunaren gaineko faktore bereizgarriak.

– Nekazaritza-lanean emakumeen osasuna bermatzeko neurri egokiak.

5.– Erantzukidetasuna nekazaritzaren arloan.

– Emakumeen eta gizonen genero-mandatuei buruzko jarduketak.

– Nekazaritzaren arloan erantzukidetasuna bultzatuko duten baliabideen informazioa, sentsibilizazioa eta zabalkundea.

6.– Babesa ematea emakume nekazarien aurkako indarkeriaren eta jazarpen sexistaren aurrean.

– Informazio- eta arreta-baliabideak.

– Sektoreko indarkeria- eta jazarpen-egoera espezifikoak.

7.– Emakume nekazarien prestakuntza eta gaikuntza.

– Profesionalizazioari lotua.

– Teknologia berriak erabiltzeko eta prestakuntza jasotzeko aukera izatea informazioaren gizartean.


Azterketa dokumentala