Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2023ko ekainaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3090

AGINDUA, 2023ko ekainaren 16koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko deialdia egiten eta arautzen duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 12. artikuluak autonomia-erkidego honi esleitzen dio lan-arloko Estatuko legediaren betearazpena. Aldi berean, Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak adierazten duenez, «Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko». Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak sindikatuei egiten dien aipamenak esan nahi du «Espainiako konstituzio-sistemaren oinarrizko osagaia» direla (1996ko abenduaren 17ko 210/1996 Auzitegi Konstituzionalaren Epaia). Konstituzio-aitorpen horrekin, sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak aintzat hartzen dira, alderdi politikoekin batera, Espainiako Konstituzioaren arabera zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoa osatzen duten elkarte gisa (Espainiako Konstituzioaren 6. artikulua).

Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluaren aitormenak, lehenik, jarduera-esparru subjektiboaren hedaduran eragiten du. Erakunde sindikalei ematen zaien garrantzi publikoaren ondorioz, erakunde horiek sindikatu bakoitzeko afiliatuen ordezkaritzan eta defentsan jarduteaz gain, langile guztien ordezkaritzan ere jarduten dute.

Aipatutako arauak erakunde sindikalei esleitzen dien izaerak, bestetik, sindikatuek lortu beharreko helburuei eragiten die. Espainiako Konstituzioaren 7. artikulu horrek berak zehazten du erakundeon helburuen berariazkotasuna. Arau horren arabera, «Langileen sindikatuek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko». Interes ekonomiko eta sozialak aipatzeak sindikatuen helburu zilegien askotarikotasuna dakar. Helburuok hertsiki lan-arlokoak izan daitezke –lan-baldintzak defendatzea enpresaburuaren aurrean–, baina baita arlo sozio-politikokoak ere, botere publikoen aurrean defendatzekoak –langileen bizi-baldintzen defentsa, gizatalde diren aldetik–.

Erakunde sindikalen izaera berezia elkarteetatik bereizitako araubide juridiko bat izatean ere islatzen da. Erregimen juridiko hori Espainiako Konstituzioaren 28.1 artikuluan eta Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan oinarritzen da. Aurreko horren froga da, halaber, Elkartze Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 1.3 artikulua sindikatuen berariazko legedian ezarritakoari lotzen zaiola. Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluak agintzen duenez, erakunde sindikalen sorrera-askatasuna eta jardunbidea bermatu behar ditu lege-esparruak, eta erakundeon sorrera eta jardunbidea Konstituzioaren eta Legearen araberakoak izan behar dira.

Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen finantzaketa-bideetako bat dirulaguntza publikoak dira. Erakundearen funtzionamendu-gastuei eta erakundearen helburuekin loturiko beste jarduera batzuei aurre egiteko laguntza gisa justifikatzen dira. Laguntza horiek, halaber, erakunde publikoetan parte-hartze instituzionala izateak dakartzan gastuei aurre egiteko balio dute.

Erakunde sindikalak eta enpresaburuen elkarteak ekonomikoi laguntzeko politika publikoek arazo nagusi bat dute; alegia, botere publikoek langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean eskurik ez sartzeko betebeharrarekiko bateragarritasuna. Zehazki, erakunde sindikalen ikuspegitik, aipatutako politikak sindikatu-askatasuna urratu dezakete bi alderditan, banakoan eta kolektiboan. Banakoan, sindikatu-askatasunari eragin diezaioke, langileak sindikatu jakin batzuetara afiliatzera bultzatzen baditu. Kolektiboan, sindikatu-askatasunean eragin dezake, berriz, sindikatu batzuk lehenesten baditu beste batzuen aldean eta sindikatu-jarduera askea oztopatzen badu.

Erakunde sindikalen eta enpresaburuen elkarteen finantzaketa publikoari buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazi izan du elkarteok bitarteko ekonomikoz hornitzeko politika publikoak ez direla langileen eta enpresaburuen antolakuntza askean Estatuak eskua ez sartzeko printzipioaren aurkakoak; izan ere, Espainiako Konstituzioak aitortzen dizkion funtzioak betearazteko ezinbestekoak dira erakunde sendo eta ekintzarako bitartekoz hornituak.

Askatasun sindikalak, zeinak askatasun-alor bat bermatzen baitie sindikatuei eta ez baitu Administrazio Publikoen esku-hartzerik, ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitzea bilatzen duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.

Alde horretatik, lan-arloan eskumena izan duten sailek eta, gaur egun, Lan eta Enplegu Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, hainbat dirulaguntza eman dizkiete sindikatuei, beren helburuen barruan jarduerak egiteko baldintzapean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean, 03 Atalean, 3112 Programan (Lana eta Enplegua), kreditu bat ezartzen da erakunde sindikalentzat, erakunde sindikal guztiek egin beharreko jarduerak diruz laguntzeko, haien hauteskunde-oihartzunaren arabera.

Dirulaguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2022ko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-audientziaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.

Horri dagokionez, Jurisprudentzia desberdina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren Jurisprudentzia errepikatua hartu behar dira kontuan; izan ere, Jurisprudentzia hori eskatzen ari da erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sartzeko, eta erakunde onuradunek justifika dezatela dirulaguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.

Adierazitako zentzuan, sindikatu-ordezkagaitasuna erreferentziazko eta beharrezko faktorea da dirulaguntza hauek zehazteko, Sindikatu-askatasunari buruzko Lege Organikoak espresuki ezartzen baitu sindikatuaren oihartzunaren irizpidea –lantokietako ordezkaritza bateraturiko hauteskunde-emaitzekin neurtzen dena– dagoeneko usadiozko irizpidea dela gure ordenamenduan. Hain zuzen ere, lege horretako 6.3 artikuluan jasota dago ordezkaritza handiena duten sindikatuei alderdi desberdinetatik aitortu behar zaiela ordezkaritza-gaitasuna, lantokietako eta haietatik kanpoko lan-harremanen demokratizaziorako tresna gisa, Konstituzioaren 7., 9.2 eta 129. artikuluak betez.

Gainera, kontuan hartu behar da aipatutako sindikatu-ordezkagaitasuna erabiltzen dela sindikatuek herri-administrazioetan edo beste hainbat arlotako erakunde edo organismoetan daukaten ordezkaritza instituzionalaren irizpide nagusi gisa, eta, horregatik, oso egokitzat jotzen da faktore hori erabiltzea deialdi honetako dirulaguntzetara bideratutako kredituak banatzeko formula ere zehazteko.

Era berean, Agindu hau 2023. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitan dago. Aipatutako plana Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2023ko martxoaren 2ko Aginduaren bidez onartu zen eta sailaren webgunean argitaratu zen.

Horren ondorioz, adierazitako helburua betetzearen, eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.2 artikuluan eta Lan eta Enplegu sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 3.2.e) artikuluan ezarritako eskumena betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2023ko ekitaldirako, erakunde horien jarduera sindikalak eragindako ohiko gastuak finantzatzeko eta sindikatu horien bulegoen eta zerbitzuen funtzionamenduak eragindako gastuei aurre egiteko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbateko banakatua hauxe da: 861.433,00 euro 2023rako ordainketa-kreditu gisa, eta 215.358,00 euro 2024rako konpromiso-kreditu gisa.

2. artikulua.– Erakunde sindikal onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan 2022ko abenduaren 31n ordezkaritza duten eta 2023. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza izateko ahalmena Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri hori espedienteari erantsiko dio deialdi hau kudeatzen duen organoak berak. Ziurtagiri horretan espresuki jasoko dira 2022ko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak.

2.– Ezin izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak jaso honako egoera hauetakoren batean dauden erakunde sindikalek:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan direnak, delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea; Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

c) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa da, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin ebazpen irmo bidez zigortua izatea.

e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala jaso izana, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean egotea, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

f) Horretara behartuta egonez gero, Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-planik ez edukitzea.

g) 50 langiletik gorako enpresetan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurririk ezarri ez izana, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluan zehaztutakoren arabera, entitate onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.

4.– Era berean, ezingo dute parte hartu dirulaguntza lerro bereko aurreko deialdien babesean jasotako laguntzak aurrez justifikatu ez dituztenek.

5.– Erakunde eskatzaileek eskaera aurkeztean egiaztatu beharko dituzte aurreko baldintzak betetzen dituztela.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betekizuna, bai eta itzulketa-betebeharrak egunean izatekoa ere, laguntza ematen den unean eta laguntza ordaintzen denean bete behar dira.

3. artikulua.– Izapidetze telematikoa.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta laguntzak emateko deialdi honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabiliko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059006

Izapideak bide elektronikoz egiteari buruzko jarraibideak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

3.– Espedienterako sarbidea, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta agindu honetan inplikatutako eskabidearen ondorengo gainerako izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabideak elektronikoki izapidetu ahal izango dira ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu behar izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea egiteko formulario elektronikoa bete beharko da. Agindu honen eranskinean zehazten dira formularioaren konfigurazioa eta edukia. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1059006

2.– Eskabide-orrian bertan jasoko den Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez honako baldintza hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuen egoera (eskatuta, jasota edo izapidetzen), edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa edo zehapen-prozeduren egoera, izapidetzen ari dira.

c) Erakunde eskatzailea ez dela kondenatua izan, epai irmo baten bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrera, edo delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Herri Administrazioen Zerbitzuko Langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean (1985, 14 LBK), eta ez direla kasu bakar batean ere. Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (1985, 1463 LBK eta 1986, 192 LBK) araututa daude, lege horretan edo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa.

f) Erakunde eskatzaileak ez duela ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin zehatu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.

g) Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik jaso, eta ez daukala horretarako legezko debekurik, sexu-bereizkeria egiteagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

h) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

i) Horretara behartuta dagoenean, erakunde eskatzaileak berdintasun-plan bat duela indarrean, Estatuaren araudiaren arabera.

j) 50 langiletik gorako enpresa, erakunde eskatzaileak neurriak ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

3.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria. Erakunde sindikalek euren estatutuak Enpresa Elkarteen eta Erakunde Sindikalen Erregistroan gordailututa badituzte, ez dute zertan aurkeztu dokumentazio hori, betiere, aurrez, deialdia kudeatzen duen organoari hori egiaztatzeko baimena ematen badiote.

b) Sinatzailearen identifikazioa, edo, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoari hura egiaztatzeko eman zaion baimena, eta ordezkotza egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.

c) 2023. urtean egingo diren jarduera eta gastuen aurreikuspena azaltzen duen memoria, memoria horretan deskribatutako jardueren kostuaren aurrekontu xehatua barne. Jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazi egingo da, halakorik egonez gero.

4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira, hurrenez hurren, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak. Espedientea kudeatzen duen organoak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean bilduko ditu dokumentu horiek. Hala ere, erakunde eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du; kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

Egoitza beste autonomia-erkidego batean duten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak elkarreragingarritasun-zerbitzurik ez duen erakunde eskatzaileen kasuan, zerga-betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

6. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.

Dirulaguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

7. artikulua.– Dirulaguntza erabakitzeko irizpideak.

Agindu honen helburu diren dirulaguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere, 2022ko abenduaren 31n dauden hauteskunde-emaitzen arabera, eta muga ezarriko du diruz lagundu daitezkeen egiaztatutako gastuen araberako zenbateko errealak.

8. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.

2.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eta erakunde sindikalak beste edozein erakunde publiko edo pribatutik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako dirulaguntzak metatzen badira, eta dirulaguntza horien baturak dirulaguntzaren helburua den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da; eta Lan eta Enplegu Sailak ematen duen dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.

1.– Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren berariazko ebazpenaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Ebazteko eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko helburua betetzat hartu bada eta erakunde onuradun izateko Agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzat hartu badira, dirulaguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero edo beste Administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako dirulaguntza batzuk metatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde sindikalek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Kasuan-kasuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

1.– Diruz lagundutako jarduera egiaztatzen duen Memoria (2023. urtean eginiko jarduerak eta gastuak azaltzen dituena) igorri beharko diote Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaritzari, 2023ko abenduaren 15a baino lehen. Memoria horretan, jarduera –gutxienez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 80ari dagokionez– burutu dela justifikatzen duten dokumentuak bilduko dira.

Halaber, jasotako dirulaguntza osoa justifikatu ez bada, gelditzen den zati horren justifikazioa 2024ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitarteko epean egin beharko da eta azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da.

Aipatutako memoriekin batera, gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda aurkeztu beharko da –nominak, fakturak eta abar–, kontuan hartuta eskuratze-kostua ezin dela izan merkatuko balioa baino handiagoa, eta horien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, bai eta, hala badagokio, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioaren egiaztagiriak ere.

2.– Konpromisozko bermeen bidez, dirulaguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu aipatutako dekretuak); horretarako honako hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu. Ildo horretan, dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek dirulaguntzari espresuki eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da dirulaguntza.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari.

3.– Halaber, erakunde sindikal onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betekizunak.

12. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, era honetan:

a) Lehenengo ordainketan dirulaguntzaren % 80 ordainduko da, agindu honetako 11. artikuluak adierazten duen memoria aurkeztu ondoren.

b) Bigarren ordainketa, alegia, dirulaguntzaren gastu osoa justifikatu osteko ordainketari dagokiona, 2024rako konpromiso-kredituaren kontura ordainduko da.

Entitate eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, betiere, aldeko ebazpena eman bada.

Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

13. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Dirulaguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren Bigarren Tituluak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

2.– Erantzukizunen erregimena Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

3.– Halaber, dirulaguntzen itzulketa-kasuei dagokienez, honako araua aplikatuko de: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua.

14. artikulua.– Datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesa eta datu horien zirkulazio askea arautzen duena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko xedapenak aintzat hartuta, deialdi horretako parte-hartzaileen datu pertsonalak «sindikatuen ordezkaritzagatiko dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren helburua erakunde sindikalei beren ordezkaritzaren arabera dirulaguntzak izapidetu eta ematea da eta tratamenduaren arduraduna Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako eginkizun bat betetzeko, Elkartze Sindikalerako Eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen eta Sindikatu Askatasunari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren babespean. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko eskubideak ere, tratamenduaren arduradunaren aurrean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 16a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala