122. zk., 2023ko ekainaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (529 KB - 4 orri.)
- EPUB (327 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
3089
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 12koa, Trafikoko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Salgai Arriskutsuetarako Ibilbideen Sarea, 2023. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko den 2023ko urtarrilaren 24ko Ebazpenean jasotakoa; izan ere, hegoaldeko metropoli-saihesbidearen 1b fasea (AP-8) inauguratu eta Bizkaiko Errepide Sarearen Katalogoan sartu da.
Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 18. artikuluan ezartzen duenaren arabera, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko beharrezkoa denean, edo ingurumenarekin lotutako arrazoiak daudenean, trafiko arloko agintaritzak dauka trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, besteak beste, 37 eta 39. artikuluetan, neurri horietako batzuk zehazten ditu eta horiek hartzeko prozedura arautzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzeko eskumena Trafiko Zuzendaritzak dauka, trafikoari, ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak jasotzen duen bezala.
Hori dela eta, Trafikoko zuzendariaren 2023ko urtarrilaren 24ko Ebazpena eman zen, 2023. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena. Halaber, horrek salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazio-murrizketak ezartzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoan zehar horrelako salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuek jarraitu beharreko Ibilbideen Sarea finkatzen du, otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren bidez onartutako Salgai Arriskutsuak Errepidez Garraiatzeko Erregelamenduak 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hegoaldeko metropoli-saihesbidearen (aurrerantzean HMS) 1b fasea inauguratu da, eta horrek AP-68rako lotune gisa balio du eta Bizkaiko Foru Aldundiko errepideen katalogoko lehentasuneko sarean (sare gorria) A-8ren luzapen gisa sartu da. Horregatik, orain fase hori Salgai Arriskutsuetarako Ibilbideen Sarean (SAIS) sartu nahi da.
Fase hori AP-68ra konektatuta dago Betelurin eta horri esker salgai arriskutsuak garraiatzeko ibilbide luzeek jarraipena izan dezakete penintsularen hegoaldetik eta ekialdetik eta hegoalderantz eta ekialderantz. Dena den, aipatu behar da errepide-trazaduraren zati bat tuneletatik igarotzen dela.
2004ko apirilaren 29ko 2004/54/EE Zuzentarauak (Europa barneko errepideen sareko tuneletarako gutxieneko segurtasun-betekizunei buruzkoa) eta maiatzaren 26ko 635/2006 Errege Dekretuak (Zuzentarau hori Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen duena) ezartzen dute, besteak beste, betekizun hau: tunelaren kudeatzailearekiko funtzionalki independentea den organismo batek arriskuen analisi bat egin behar du, segurtasunari eragiten dioten faktore guztiak kontuan hartuta. Bereziki, zoladuraren eta trafikoaren ezaugarriak, tunelaren luzera, ingurunea, ekipamendua, tunelaren geometria eta larrialdi-zerbitzuak heltzeko denbora.
Testuinguru horretan, eta abuztuaren 23ko 135/2006 Foru Dekretuarekin (errepideetako tuneletako segurtasunari buruzkoa) eta ADR araudiarekin bat, Bizkaiko Foru Aldundiak, bidearen titularra den aldetik, HMSren 1b faseko tunelak A motakotzat jo ditu eta, beraz, azpiegituraren segurtasun-mailak zein diren kontuan hartuta, ez dute inolako sarbide-murrizketarik salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuei begira.
Tunelen kudeatzailea eta bidearen titularra Bizkaiko Foru Aldundia denez, harekiko funtzionalki independentea den organismo batek egin ditu salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak igarotzeak ekar litzakeen arriskuen analisia eta ordezko ibilbideen azterketa; eta horien emaitzak eragin du, hain zuzen, aipatutako sailkapena. Analisi horien arabera, HMSren 1b faseko tunelek horrelako salgaien garraioan segurtasun-, zerbitzu- eta erosotasun-maila altua, uniformea eta etengabea eskainiko dute.
Ondorioz, azpiegitura berri hori abian jartzen denean, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuen trafikoa egokiago kudeatzeko aukera emango du.
Aurreko guztiagatik, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– V. eranskina aldatzea.
2023ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren V. eranskina aldatzen da, Salgai Arriskutsuen Ibilbideetarako Sarean (SAIS) hegoaldeko metropoli-saihesbidearen 1b fasea (AP-8) sartu nahi baita, AP-68rekin Betelurin lotzen duen ibilbide gisa.
Bigarrena.– Salgai Arriskutsuen Ibilbideetarako Sarean (SAIS) N-637 errepidearen eta A-8ko tarte baten izena aldatzea.
N-637 izan ordez, BI-30 deituko da, Bizkaiko Foru Aldundiko errepideen katalogora egokitzeko. Era berean, A-8ko tarte baten izena aldatu eta BI-10 jarri da.
AZKEN XEDAPENA.– Indarraldia.
Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 12a.
Trafikoko zuzendaria,
SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.