117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (293 KB - 18 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2954
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 9koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira «Nazioarteko Gauzatu» 2023ko laguntzen programaren oinarri arautzaileak eta deialdia.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak zenbait ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.
Hala, Laguntza Programa hau beraizik diseinatu da euskal enpresen atzerriko ezarpenak sustatzeko.
Bestalde, Euskal Autonomi Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak) bere 48.5 artikuluan agintzen du Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bidez finantzatzen diren erakundeek publizitate-printzipiora egokitu behar dutela euren dirulaguntza-jarduera.
Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe
ERABAKI DUT:
Lehenengoa.– «Nazioarteko Gauzatu» 2023 Laguntza Programaren deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzan, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2023ko ekainaren 9a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
MARÍA AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.
ERANSKINA
«NAZIOARTEKO GAUZATU» 2023 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
XII. legealdiko Gobernu Programak Industria eta Nazioartekotze arloaren barruan kokatutako bere lehen ardatzean (Oparotasuna) jasotzen du 18. konpromisoa: euskal enpresen nazioartekotzea.
Gobernu Programa horren aginduz, konpromiso hori gutxieneko eduki batzuekin zehaztu beharko da Jaurlaritzaren Industria eta Nazioartekotze Plan Estrategikoan eta Enpresen Nazioartekotze Programan, eta eduki horien artean aipatzekoa da honako hau: «enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako programen garapena, eta euskal enpresen kapitalean aldi batez parte hartzea funts publiko-pribatuen bidez, euren garapena eta atzerriko zabalkundea bultzatzeko».
Hala, jarraipena emango zaio aurreko legealdietan hasitako sustapen politika publikoari, zeinaren helburua baita atzerriko merkatuetan inbertsioak egiten laguntzea enpresen posizionamendua hobetzeko.
Nazioarteko Gauzatu programak mailegu itzulgarriak ematen ditu produkzio-ezarpenak egiteko atzerrian eta atzerriko enpresak erosteko kanpo merkatuetan.
Jarduera ekonomikoak eta mundu mailako merkataritzak ondorio kaltegarriak jasan dituzte pandemiaren ondoriozko osasun-krisiagatik eta Europaren egoera geopolitikoagatik. Pertsonen joan-etorriak eta salgaien mugikortasuna guztiz baldintzatuta dauden honetan, merkatuetan presentzia izatera bideratutako estrategiak bere garrantzia berretsi du. Horregatik, atzerrian produkzio-ezarpenak egiteko operazioak gero eta premiazkoagoak dira enpresentzat.
Nazioarteko Gauzatu programak helburutzat du enpresen premia berri horiek asetzea, arlo publikotik ahalegina egingo delarik errealitate berrietara egokitzeko.
Nazioarteko Gauzatu 2023 Programak badu behar besteko aurrekontu-kreditua, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 2023rako prestatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez 2022ko abenduaren 21ean onartua) sartuta dago, eta honako helburu hau lortzen laguntzen du: «Euskal enpresen kanpoko ezarpenak sor eta gara daitezen bultzatzea».
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauetan arautzen diren laguntzen xedea da atzerrian dauden euskal enpresen ezarpenak (produkzio-ezarpenak edo produkzio-prozesuari lotutako zerbitzu teknikoenak) kokatzen, zabaltzen eta berritzen laguntzea, babesa emanez sendotu daitezen eta jomuga-merkatu horietan duten presentzia indartu dezaten, horrela euren lehiakortasuna handitzeko eta etorkizuneko bideragarritasuna ziurtatzeko nahiz garapen jasangarria bultzatzeko euren nazioartekotze-prozesuetan.
2. artikulua.– Laguntzaren izaera.
Norgehiagoka-prozeduraren arabera emango diren laguntza hauek aurrerakin itzulgarriak izango dira, eta publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz esleituko dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Dirulaguntza-programa honetara bideratutako 2023ko baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2023ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Hauek dira oinarri hauetan jasotako laguntza eskuratu dezaketenak:
a) Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak), zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB) –zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, EBFIko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz- zehazki, araudi horren 17. artikulua, eta, subsidiarioki, laguntza horizontalen araudia eta baita ere laguntza sektorialena, betiere kanpoan uzten badira Salbuespenen Araudi Orokorreko 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategoriak.
ETEaren definizioa Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB gomendioan (mikro-enpresa eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa) ezarritakoaren arabera aplikatuko da.
Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak) dira 250 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin 50 milioi eurotik gorako urteko negozio-bolumenik ez badute edota 43 milioi eurotik gorako urteko balantzerik ez badute.
Enpresa Txikiak dira 50 langile baino gutxiago dauzkatenak, baldin eta 10 milioi eurotik gorako urteko negozio-bolumenik edo urteko balantze orokorrik ez badute.
Enpresa elkartuen edo elkarrekiko loturaren bat duten enpresen kasuan, pertsona kopuruaren eta fakturazio- eta balantze-mugen zenbaketa egiteko, kontuan hartuko dira 2014ko ekainaren 17ko 6517/2014 Erregelamenduko (EB), 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduko (EB) eta 2014ko abenduaren 16ko 13887/2014 Erregelamenduko (EB) 4, 5 eta 6. artikuluak.
b) Enpresa handiak, zeintzuei aplikatuko baitzaie Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).
2.– Enpresek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon behar dute edo bertan izan behar dute gutxienez produkzio-instalazio bat.
5. artikulua.– Erakunde eskatzaileentzako eskakizunak.
1.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte honako hauek:
a) Ez daudenak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.5 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2, 13.3 edo 13.3 bis artikuluetan aurreikusitako egoeretan, nola baitira:
– Egunean ez izatea zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
– Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta ez izatea administrazio-zehapenen edo zehapen penalen ondorioz, edo laguntza horiek eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenik ez izatea.
2.– Ez dira izango programa honetako dirulaguntzen onuradun:
a) Krisi-egoeran dauden enpresak, betiere krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Jarraibideetan azaltzen diren baldintzekin bat etorriz (EO, C249, 2014-07-31).
b) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe dauden enpresak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.
c) Edozein arrazoi dela medio, beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa diren enpresak, baldin eta artikulu honetan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatu bada eta inguruabar horietan oinarrituta ezin badira laguntzaren onuradun izan.
d) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
e) Sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten enpresak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
f) Azkenik, programatik kanpo geratuko dira honako enpresa hauek:
– Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzearen ondoriozko arau-hauste larri edo oso larriengatik ebazpen irmo baten bidez zehatuak izan direnak.
– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik zehatuak izan direnak, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.
– LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen dute, bihurketa-terapiak egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen baldintzetan.
3.– Aurreko ataletan ezartzen diren baldintzak nahitaez bete behar dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte.
6. artikulua.– Erakunde kolaboratzaileak.
1.– Oinarri hauen ondoreetarako, Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua Erakunde Kolaboratzaile izango dira, bat etorriz azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean, azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak) ezarritako terminoekin eta arau honetan jasotako zehaztapenekin, beti ere dagokion Lankidetza Hitzarmena sinatu beharko delarik.
2.– Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eginkizun hauek izango ditu:
a) Laguntza-eskaerak jasotzea, eta baita ere laguntzari uko egin zaiola jakinarazteko idazkiak, egin beharreko jardueren exekuziorako luzapen-eskaerak, inbertsioen adierazpenak eta, hala badagokio, zuzenketa-eskaerak.
b) Inbertsio-proiektuko dokumentazioa aztertu eta kalifikatzea.
c) Enpresa-proiektua eta ezarpen-plana teknikoki aztertu eta ebaluatzea.
d) Inbertsioen txosten teknikoa egitea eta ebaluazio-batzordeari bidaltzea.
e) Dokumentazio zurigarria jasotzea.
f) Ordainketa proposamena.
g) Itzulketen likidazioak ebaluatzea.
h) Oinarri hauetako 20. artikuluan araututako baldintzak aldatzeko proposamenak egitea.
3.– Finantzen Euskal Institutuak funtzio hauek izango ditu:
a) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak agindutako ordainketa-ebazpenetan ezarritako termino eta baldintzetan.
b) Aurrerakin itzulgarriekin lotutako operazioak espezifikoki kontabilizatzea.
c) Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuan islatzea.
d) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntzen kudeaketarekin lotutako alderdi guztien berri ematea, hiru hilean behin bidaliz alderdien artean sinatutako Lankidetza Hitzarmenean zerrendatutako kudeaketa-datuak:
d.1.– Operazio hauen balantzea, erregistro-datarekin:
– Onuradunei eginiko ordainketak.
– SPRIren ordainketengatiko kobrantzak.
– Onuradunen itzulketengatiko kobrantzak.
– Operazio bakoitzaren ondoren dagoen saldoa.
d.2.– Deialdiaren finantza-zorpetzeagatik sortutako interesen likidazioaren kalkulua.
d.3.– Deialdiaren kudeaketagatik sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.
d.4.– Erregistro indibidualizatu bat onuradun bakoitzeko, non barne hartuko diren ordainketa, itzulketa eta intzidentzien datak, bereziki onuradunek mugaeguneratzean amortizatu gabe dituzten zenbatekoei dagozkienak.
d.5.– Erreferentziazko Hitzarmenaren hirugarren klausulan aipatzen den Jarraipen Batzordeak zehaztutako bestelako informazio oro.
e) Urteko likidazio bat egitea, bertan sartuz kudeaketari buruzko datu esanguratsuenak, aurreko atalean zerrendatuta daudenak.
f) Itzulitako zenbatekoak eta horien interesak jasotzea eta, hala badagokio, urtero transferitzea Euskadiko Diruzaintza Orokorrari, behin kitatu ondoren Finantzen Euskal Institutuak Nazioarteko Gauzatu 2023 programa gauzatzeko bere gain hartu duen zorra.
g) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek laguntzen kudeaketari buruz egiten dituzten egiaztapen-jarduerak onartzea.
7. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen inbertsioak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira inbertsio-proiektu hauek: atzerriko herrialde batean establezimendu berri bat irekitzea, atzerrian lehendik irekita dauden establezimenduak berritu edo handitzea edo atzerriko sozietateak eskuratzea, euskal enpresak gehiengo partaidetza duenean horietan, salbu inbertsioa jasoko duen herrialdeko legeak besterik agintzen badu. Enpresa berriak sortuta egon behar du edo lehendik existitzen denak erosita egon behar du laguntzaren ebazpena eman aurretik.
2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa egin behar dute azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotako Kontabilitateko Plan Orokorraren kategorietan edo inbertsioak xedetzat duen herrialdeko Kontabilitate Plan baliokidearen kategorietan. Hona hemen kategoria horiek:
203 Industri Jabetza eta Patenteak.
206 Aplikazio informatikoak.
210 Lurrak eta Ondasun naturalak.
211 Eraikuntzak.
212 Instalazio teknikoak.
213 Makineria.
214 Tresneria.
215 Bestelako instalazioak.
216 Altzariak.
217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.
3.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa gehienez 36 hilabeteko epean gauzatu beharko da laguntza ematen denetik kontatzen hasita eta, nolanahi ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen.
4.– Inbertsio hori euskal enpresak proiektuan duen partaidetzaren araberakoa izango da.
5.– «Lurrak eta Ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren gehienezko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen berdina izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da kontuan hartuko laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa, laguntzak ebazteari dagokionez.
6.– Aktiboen preziotzat jotzen da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo jomuga herrialdeko baliokidea kenduta ateratzen den balioa.
7.– Era berean, aktibo horiek:
a) Lehenengo aldiz erabilitakoak edo martxan jarritakoak izan behar dute.
b) Atzerriko enpresa bat erosten bada, aktiboak aktibo berritzat hartuko dira.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-epea izan behar dute, eta gutxienez bost urtez egon behar dute enpresaren aktiboan.
d) Ezin zaizkie laga hirugarrenei, kontraprestazioarekin edo kontraprestazio gabe.
e) Ezin dute izan enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak (eta, nolanahi ere, inoiz ez dira zenbatuko barne hartzen dituzten kanpo-kontsumoak baino balio handiagoarekin).
f) Ez dira diruz lagunduko bazkide batek kapitalari generotan egindako ekarpenak.
g) Diruz lagun daitezkeen aktibo immaterialak enpresa onuradunaren establezimenduan bakarrik ustiatu beharko dira, aktibo amortizagarriko elementutzat hartuko dira, hirugarrenei merkatuko baldintzetan erosiak izango dira, eta gutxienez bost urteko epean mantendu beharko dira enpresaren aktiboan.
8.– Leasing edo finantza-alokairuaren bidez finantzatutako inbertsioa diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko da, baldin eta enpresa berariaz konprometitzen bada erosketa-aukera erabiltzera kontratua amaitutakoan, eta erosketa gauzatzen bada bi alderdiek sinatuta.
9.– Laguntzaren xede diren inbertsioak aurre-eskaera edo eskaera aurkeztu ondoren hasiko dira, eskaera aurkezten den deialdiko ekitaldiaren barruan.
10.– Atzerriko sozietateen erosketari dagokionez, Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) 17. artikuluan ezarritakoa bete behar da:
a) establezimendua itxita egotea edo ixtekotan izatea erosia izan ez balitz.
b) aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea.
c) operazioa merkatuko baldintzetan egitea.
Oinarri hauen ondoreetarako, berritze proiektutzat joko dira lehendik dagoen establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra esanguratsuki aldatzen dutenak.
11.– Laguntza jaso ahal izango dute soilik laguntzaren onuradun diren enpresen filialek atzerrian eginiko inbertsoek, baldin eta bi enpresen xede sozialek lotura argia badute elkarrekin.
12.– Enpresa elkartu edo lotuei aktiboak erosteko inbertsioak espreski jakinaraziko zaizkio SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz emandako 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorreko I. eranskinaren arabera, eta kanpo-ikuskaritzetan oinarrituta baloratuko dira.
13.– Ez dira diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko:
a) Sektore hauetara zuzendutako inbertsioak: eraikuntza, higiezinak, finantzak, aseguruak, defentsa, arrantzako produktuak eta akuikultura eta nekazaritzako ekoizpen primarioa.
b) Ez da inbertsiotzat hartuko enpresa baten akzioak eskuratze hutsa, Batzordearen 651/2014 Salbuespenen Araudi Orokorraren 17. artikuluaren arabera.
c) Ekipamendua edo makineria ordezkatzea beste helbururik ez duten inbertsioak, baldin eta ez badute aldaketa nabarmenik eragiten ekoizpen-prozesuan.
d) Atzerrian banaketa-sare bat ezartzea helburu duten inbertsioak.
14.– Laguntza-eskaera aurkeztu aurretik egiten diren inbertsioak diruz laguntzeko modukotzat joko dira, laguntzaren eragin pizgarria bermatzen den neurrian.
Horretarako, kontuan hartuko dira eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioak, baldin erakunde onuradunak, inbertsioak hasi aurretik, idatziz aurkeztu badu laguntza aurre-eskaera bat ondoko informazio hau bilduko duena, beti ere bat etorriz Batzordearen Salbuespen Erregelamendu Orokorretako –2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduko eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamenduko– 6.2 artikuluekin:
a) Enpresaren izena eta tamaina.
b) Egingo diren inbertsioen azalpena (hasiera- eta amaiera-datak barne) eta kokalekua.
c) Proiektuaren kostu-zerrenda.
d) Eskatutako laguntza-mota (aurrerakin itzulgarria).
e) Eta proiektua gauzatzeko behar den finantzaketa publikoa.
Kasu honetan, interesatuak, deialdiaren epea ireki ondoren, behin betiko eskaera bat aurkeztu beharko du, oinarri hauetako 11. eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
15.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 23/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat datozenak, aplikagarria denean.
8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Laguntza emango zaie onuradun izateko eskakizunak bete dituztela frogatzen duten enpresei, beti ere kontuan hartuz balorazio irizpide hauek eta euren haztapena:
1. irizpidea: inbertsio-proiektuaren memoria xehea, zeinak barne hartuko baitu ezarpen-plana (ezarpen-plan horrek 1go eranskinean azaldutako edukia jasoko du). (gehienez 50 puntu).
1.1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna (gehienez 10 puntu).
1.2.– Proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 20 puntu)
1.3.– Inpaktua enpresan, bere lehiakortasunean eta trakzio-efektua Euskadin (gehienez 10 puntu)
1.4.– Koherentzia estrategikoa (gehienez 10 puntu)
2. irizpidea: Inpaktua enpleguan: kontuan hartuko da EAEko enplegu sorkuntzan duen inpaktu positiboa (gehienez 30 puntu).
2.1.– Enpresa eskatzailearen plantilla-hazkundea (30 puntu)
2.2.– Enpresa eskatzailearen plantilla-finkapena (15 puntu)
3. irizpidea: gizartearekiko konpromisoa eta jasangarritasuna: Garapen Jasangarriko Helburuekiko lerrokatzearen erakusgarri, aintzat hartuko da enpresa eskatzaileak eragin positiboa izatea jomugako ingurunean 2030 Agendaren helburuekiko konpromisoaren bidez edo ziurtagiriak edo/eta planak izatea oinarri hauetako 2. eranskinean jasotako arloei buruz (jasangarritasuna, genero-berdintasuna, laneko eta etxeko kontziliazioa, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboa), betiere ez badira derrigorrezkoak enpresaren ezaugarriengatik (gehienez 20 puntu).
3.1.– Inpaktu positiboa jomugan Giza Eskubideei dagokienez, Ez Finantzazko Informazio Txostenarekin edo antzeko ezaugarriak dituen memoria zertifikatu batekin egiaztatuta (20 puntu)
3.2.– Ingurumen-jasangarritasun, genero-berdintasun, euskararen sustapen eta erantzukizun sozial korporatiboko ziurtagiri bi edo gehiago (15 puntu)
3.3.– Aurreko puntuko gaiei buruzko ziurtagiri bat (5 puntu)
2.– 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerek ezingo dute izan programaren onuradun.
9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Eskaerak lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuko dira.
2.– Ondorio hauetarako, dirulaguntzak esleitzean kontuan hartuko da 8. artikuluko irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren lehentasun-hurrenkera, eta dirulaguntzaren zenbatekoa izango da artikulu horretan ezarritako finantzaketa-portzentajea eta muga kuantitatiboak aplikatu ondoren ateratzen den kopurua, harik eta deialdiaren zuzkidura agortu arte.
3.– Enpresaren tamainaren arabera, hauxe izango da finantzaketa itzulgarriaren portzentajea:
a) Enpresa txikiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50eko finantzaketa itzulgarria.
b) Enpresa ertainek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko finantzaketa itzulgarria.
c) Enpresa handiek: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko finantzaketa itzulgarria.
4.– Laguntza kalkulatzeko bakarrik hartuko da kontuan euskal enpresak inbertsio-proiektuan duen partaidetza portzentajea.
5.– Laguntza ezingo da izan 1.000.000 euro baino handiagoa enpresako.
6.– Proiektu bakar baterako laguntza emango da deialdi, enpresa eta herrialde bakoitzeko.
10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.
Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek xede bererako ematen dituztenekin, baldin eta betetzen badituzte oinarri hauetako 4. artikuluan enpresa txiki eta handientzat ezarritako mugak.
11. artikulua.– Laguntza eskaera.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hasiko da Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean eta 2023ko irailaren 29an amaituko da.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bitarteko elektronikoak erabiliko dira eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntza-deialdi honek berekin dakartzan gainerako tramiteak egiteko.
3.– Tramitazioa elektronikoki egiteko xehetasunak www.spri.eus/gauzatuinternacional helbide elektronikoan daude, eta helbide horretan bete beharko dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak.
4.– Behin bete ondoren, eskaerak eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortua izan behar du, eta hurrengo artikuluan zehaztuko den dokumentazioa ere atxiki behar da.
5.– Espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak elektronikoki egingo dira, www.spri.eus/gauzatuinternacional helbidean.
6.– Laguntza-eskaera eta gainerako dokumentazioa edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu daitezke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
7.– Laguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean eskura dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion guztietan.
12. artikulua.– Zuzenketak.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak edo/eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziak akats edo okerreko daturen bat aurkitzen badu aurkeztutako dokumentazioan, horren berri emango die enpresa eskatzaileei, eta 10 egun balioduneko epea emango die zuzenketak egiteko; zuzendu ezean, ulertuko da uko egiten diotela eskaerari, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoarekin.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Enpresa eskatzaileek ondoko hauek atxiki behar dizkiote eskaerari:
a) Eskaera telematikoa, enpresari buruzko datuekin behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen behar besteko ahala duen legezko ordezkariak sinatuta.
b) Inbertsio-proiektuari buruzko memoria xehea, zeinetan jasoko baitira inplementazio-egitasmoa, plan ekonomiko-finantzarioa eta horiek burutzeko epeak, 1. eranskinean definitutako egiturari jarraiki. Atzerriko sozietate bat erosten den kasuetan, beste enpresa batek egindako balorazioa aurkeztu beharko da, salerosketaren ondorioetarako. Makineria berritzeko proiektu bat egiten den kasuetan, memoriak xeheki justifikatu behar du berritze-proiektu horrekin esanguratsuki aldatu dela establezimenduaren produkzio-prozesu orokorra.
Kasu guztietan, memoriak frogatu beharko du proiektuak indartu egiten duela enpresak merkatuan duen posizioa, lehiakortasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna, betiere Euskadin duen jarduera industrialari kalterik egin gabe.
c) Hala badagokio, jomugako ingurunean izan duen inpaktu positiboari buruzko justifikazio-memoria, 3. Irizpidean («Konpromiso soziala eta jasangarritasuna») adierazitakoaren arabera.
d) Enpresa eskatzailearen eta laguntzaren xede izan den ezarpenaren eratze-eskritura eta ordezkaritza ahalordea eta, hala badagokio, horren ondorengo aldaketena.
e) Kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta ez bazaio baimenik eman erakunde-emaileari egiaztapen hori zuzenean lortzeko.
g) Enpresa handien kasuan, aurreko bi zerga ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga ekitaldian jasotako minimis laguntzen (Batzordearen de minimis laguntzei buruzko 1407/2013 (EB) Araudiaren menpe daudenak) zerrenda.
h) Azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan utzitako Urteko kontuak eta dokumentazio osagarria, eta Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.
i) Gizarte Segurantzaren «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batez bestekoaren ziurtagiria, eta bai txostena eta bai ziurtagiria deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetakoak izango dira.
j) Erantzukizunezko aitorpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:
– Enpresa eskatzaileak betetzen dituela oinarri hauetako artikuluetan eskatzen diren baldintza guztiak.
– Aitortu dituela beste erakunde publiko edo pribatu batzuei proiektu berarentzat eskatu dizkien eta/edo haietatik jaso dituen laguntzak.
– Eskaera egiteko unean, enpresa eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, eta ez duela aipatutakook eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenik.
– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren menpeko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.
– Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela, eta ez dagoela krisi-egoeran, krisi-egoeran dauden eta finantza arlokoak ez diren enpresen salbamendurako eta berregituraketarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera (EO, C 249, 2014-07-31).
– Erregularizatuta daukala Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko egoera.
– Betetzen dituela Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan eskatzen diren baldintzak.
– Ez dagoela oinarri hauetako 5.2 artikuluan adierazitako ezein kausatan.
k) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, eta enpresentzat bakarrik, Erantzukizunpeko Adierazpena edo, hala badagokio, ROACen izena emandako auditorearen ziurtagiria, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua, ordaintzeko epe legalei buruzkoa, betetzeko.
l) Dokumentazioa EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu beharko da. Ingelesa ez den beste hizkuntza batean dagoen dokumentazioa dagokion zinpeko itzulpenarekin batera aurkeztu beharko da.
2.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak behar den dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, aurkeztutako laguntza-eskaera behar bezala ulertu eta ebaluatzeko.
3.– Ez da derrigorrezkoa SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Horrelakoetan, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentu horiek, Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko Legean ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez.
14. artikulua.– Eskaeren azterketa.
1.– Nazioartekotzeko Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskaerak aztertzea, eta, orobat, oinarri hauetan esleitzen zaizkion funtzioen barruan, hasierako txosten bat egitea enpresa-proiektua baloratzeko.
2.– Ebaluazio-batzorde bat sortuko da eskaeren azkeneko balorazioa egiteko 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera. Balorazio-batzorde hori 3 pertsonak osatuko dute:
– Presidentea:
• Presidentea: Iñaki Ezkurra. Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Enpresa Nazioartekotzeko zuzendaria.
• Ordezkoa: Iván Fernández. Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Adimen Lehiakorreko zuzendaria.
– Bokalak:
• Maite Subinas. Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Enpresa Zerbitzuetako arduraduna.
• Ordezkoa: Josu Mugertza, Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziako Enpresa Zerbitzuetako proiektu kudeatzailea.
– Idazkaria:
• Idazkaria: Iker Arruabarrena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Programen arduraduna.
• Ordezkoa: Inmaculada López. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Programen teknikaria.
3.– Batzorde honen eraketa baliozkoa izango da bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, baldin bertan batzen badira, presentzialki nahiz urrunetik, presidentea eta idazkaria edo euren ordezkoak eta gutxienez gainerako kideetako bat. Batzordearen funtzionamenduari buruz atal honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, aplikagarri izango da Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa.
4.– Eskaeren balorazio teknikoa egiteko, 8. artikuluko irizpide eta haztapenak aplikatuko zaizkie aurkeztutako proiektuei eta atxikitako dokumentazioari. Ondorioz, proiektuak puntuazioaren arabera ordenatuko dira.
5.– Jarraian, Ebaluazio-batzordeak laguntzak esleitzeko ebazpen-proposamen bat egingo du, balorazio fasean eskuratutako lehentasun-hurrenkerari jarraiki.
15. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.
1.– Laguntzak prozedura bakar batean tramitatuko dira, eta SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak ebatziko du prozedura hori, Balorazio-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
2.– Ebazpen horretan laguntza jasoko duten enpresen zerrenda adieraziko da eta informazio hau gehituko da bakoitzari buruz: aurkeztutako inbertsioa, diruz lagundu daitekeen inbertsioa eta emandako laguntzaren zenbatekoa, epeak banakatuz ezarritako 3 urteko mugaren barnean.
3.– Eskaera ukatzen denean, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa enpresa interesatuei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota interesatuei ebazpenik jakinarazi ez bazaie, ulertu beharko dute dirulaguntzaren eskaera ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak xedatutako ondorioetarako.
5.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak emango du eskaera onartzeko edo ezesteko ebazpena eta eskatzaileari jakinaraziko dio. Eskatzaileak aukera izango du ebazpenaren aurkako berraztertze errekurtsoa aurkezteko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze Zuzendaritzan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran.
6.– Ebazpena indibidualki jakinaraziko den arren, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko dira onuradunen zerrenda, onuradun ez direnena eta emandako laguntzaren zenbatekoa, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren 49.2 artikuluari jarraiki.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen betebeharrak dira:
1.– Emandako laguntza onartzea. Enpresa onuradunak ez badio espreski eta idatziz uko egiten laguntzari, ulertuko da onartzen duela, nahiz eta posible duen inbertsioa bukatu aurretik noiznahi uko egitea, baldin eta Administrazioak ez badu egin inolako ordainketarik.
2.– Laguntza eman den helbururako erabiltzea, eta inbertsioaren eta enplegu-sorkuntzaren arloan hartutako konpromisoa bete eta justifikatzea.
3.– Inbertsioa gauzatzeko eta sortutako enplegua mantentzeko epean, eskatutako informazio osagarri guztia bidaltzea eta gerta daitezkeen aldaketen berri ematea organo kudeatzaileari, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ditzan inbertsioen garapenari eta exekuzioari buruz.
4.– Inbertsioen behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura edukitzea 5 urtez.
5.– Eskatutako agiri guztiak ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dietenean.
6.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste edozein Administrazio edo Erakunde publiko zein pribatutatik.
7.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari jakinaraztea enpresak ba ote daukan legez kanpoko laguntzaren bat, zeinari buruz Europako Batzordeak, dirulaguntza hori eman eta gero, hartua daukan erabaki negatibo bat itzuli dadin aginduz eta dirulaguntza oraindik itzuli gabe badago.
8.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea. Horretarako, erreferentzia argi bat txertatu behar da diruz lagundutako inbertsio bat dela ikusarazteko, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren logo korporatiboa dagoen tokian.
9.– Laguntza indarrean dagoen epean egunean izatea zergekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, eta funtsak itzulita izatea, baldin ebazpen baten bidez behartua badago horiek itzultzera.
10.– Enpresa ez deslokalizatzea 10 urteko epean, laguntza emateko ebazpenaren egunetik kontatzen hasita. Deslokalizaziotzat joko da onuradunaren produkzio osoa edo zati bat Euskal Autonomi Erkidegotik kanpora eramatea.
11.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14 eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein obligazio.
17. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.
1.– Laguntzak jasotzeko, enpresa onuradunek Nazioartekotzeko Euskal Agentziari aurkeztuko diote gauzatutako inbertsioen aitorpen bat, aitorpen horri erantsiko dizkiotelarik fakturen koadroa -eredu ofizialaren arabera- eta fakturak eta ordainagiriak. Horrez gain, kanpoko ikuskapen-txosten bat aurkeztu beharko dute, bere bitartez ziurtatzeko gauzatu direla ebazpenak xedetzat dituen inbertsioak eta benetan egokitzen direla oinarriotan adierazitakora.
Enpresa onuradunak, hala badagokio, SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren edo Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren esku jarriko ditu egindako inbertsioak egiaztatzeko eskatzen zaizkion agiri guztiak.
2.– SPRIko Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, non adieraziko duen zein den enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala). Finantzaketa itzulgarria urtean behin ordainduko zaio enpresa bakoitzari.
3.– Goian adierazitako ebazpena, enpresa onuradunari ez ezik, Finantzen Euskal Institutuari ere igorriko zaio, ordaindu dadin bertan adierazitako zenbatekoa.
4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak erabaki negatibo bat hartu duen hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketaren eskaerarekin batera, hura ezeztatu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da, ez baita ordainduko hori justifikatu arte.
18. artikulua.– Finantzaketa itzulgarria itzultzea.
1.– Behin inbertsioak amaitu ondoren, enpresek urtebeteko gabealdia izango dute itzulketak egiten hasi aurretik; beraz, lehen itzulketa egingo da inbertsio-proiektua amaitu eta hurrengo 2. urtean, eta gainontzekoak lau urtetan, kuota berdinetan.
Finantzaketaren itzulketak urtero egin beharko dira Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) kontu batean, itzulketari dagokion ekitaldi ekonomikoaren lehen bi hilabeteetan. Urte bakoitzean itzuli beharrekoa jasotako laguntzaren bosten bat izango da.
2.– Enpresa onuradunek autolikidazio txosten bat egin beharko dute emango zaien ereduari jarraiki, bertan adieraz dezaten bost ekitaldietako bakoitzean egin beharreko itzulketaren kalkulua. Behin itzulketa egin ondoren, enpresak autolikidazio txosten hori eta bankuko transferentziaren kopia bat bidaliko dio Nazioartekotzeko Euskal Agentziari.
Itzultzeko epearen bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenek aurreko ekitaldietan egindako itzulketen aipamen bat jasoko dute.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen inbertsioa egiteko eta emandako finantzaketa itzultzeko konpromisoa, edo ez baditu betetzen Oinarri hauetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin ondoren, ebazpen administratibo bidez adieraziko du onuradunak galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, jasotako laguntzaren printzipala eta dagozkion interesak itzuli behar dizkiola SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, beti ere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta beronen garapen arauetan ezarritakoari jarraiki.
Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketari buruzko urtarrilaren 12ko 1/2021 Erregelamenduan horrelako diru-sarrerentzat ezarritakoari jarraikiz kobratuko dira. Borondatezko epean erreklamatutako zenbatekoak ordaintzen ez badira, premiamendu-prozedura administratiboaren bidez kobratuko dira.
2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea, eta posible da espedientea Nazioartekotzeko Euskal Agentziak edo Finantzen Euskal Institutuak (FEI) proposatuta abiaraztea itzulketei buruzko gorabeherak daudenean.
20. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Inbertsioaren exekuzioa atzeratzea: salbuespen gisa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak urtebeteko atzerapen bakar bat eman ahal izango du egin beharreko inbertsioak egiteko, enpresak aldez aurretik eskatu eta justifikatzen badu. Atzerapen horrek dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratuko du, betiere alegatutako arrazoiek hala justifikatzen badute. Atzerapen horrek ez du aldatuko onuradunak jasotako finantzaketa itzulgarriaren zenbatekoa, ez eta itzultzeko baldintzak, soilik suposatuko du urtebete atzeratzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-datak.
2.– Aldatu badira laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak -beti ere beteta egonik laguntzaren xedea-, eta horrekin batera, eskuratu badira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak, posible da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, kontuan izanik arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko dela dirulaguntzaren onuradun izateko. Horretarako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariak dagokion ebazpena emango du, non emandako laguntzaren zenbatekoa berregokituko baita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1). (EBAO 2013 L 352/1).
5.– ETEei dagokienez, Salbuespenei buruzko 651/2014 (EB) Erregelamendu Orokorra, EBAOren 2014ko ekainaren 26ko 187. alean argitaratua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (aurrerantzean «DPBEDB»), Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (aurrerantzean «DBEO»), eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatzekoa den gainerako araudiekin, jakinarazten da SPRIk tratatu egingo dituela eman dituzuen datuak eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.
Tratamendu hori deialdiaren interes publikoan eta zuen parte-hartze eskaeran oinarritzen da, helburutzat dauka eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk daukan interes publikoa Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren sorrera-estatutuetako xedeak betetzeko.
Informazio hori laga ahal izango zaie gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.
Datuak gordeta geratuko dira laguntza emateko espedientea tramitatzen den bitartean, eta lege-obligazioak betetzeko legez gorde daitezkeen denboran.
Interesatu guztiek dute eskubidea datuak zuzendu zein ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak aurkaratzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendu automatizatu batean bakarrik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, eta datu-babesaren arloan aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitako eskubideak baliatzeko, baldin eskubide horiek aplikagarriak badira, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: lopd@spri.eus. Era berean, interesatuek posible dute harremanetan jartzea Datuen Babeserako Ordezkariarekin, idatzizko jakinarazpen bat bidaliz helbide elektroniko honetara: dpd@spri.eus.
Halaber, interesatu guztiek eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko dagokion Kontrol Agintaritzan eta, SPRIren kasuan, Datuen Babeserako Euskal Agentzian: www.avpd.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/privacidad/ web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa izango da jurisdikzio eskuduna.
1.ERANSKINA
INBERTSIO-PROIEKTUAREN MEMORIA XEHEA
1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna. Gehienez 10 puntu.
– Enpresaren jarduera nagusia eta produktuak.
– Enpresaren finantza-gaitasuna ezarpena egiteko.
– Produkzioko/logistikako gaitasuna.
2.– Proiektuaren erreplikagarritasuna. Gehienez 20 puntu.
– Helburuak.
– Ezarpenak jaso ditzaketen herrialdeen analisia.
– Faktore erabakigarriak aukeratu duzun herrialdea aukeratzeko.
– Jomugako herrialdearen abantailak EAErekin alderatuta.
– Aukeratutako herrialdearen balizko arriskuak (politikoak, ekonomikoak, sozialak)
– Ezarpena jasoko duen herrialdearen lege-baldintzak.
– Proiektuaren plangintza: jarri proiektuaren faseak, ekintzak eta epeak.
– Sektorearen azterketa proiektua egingo den herrialdean.
– Proiektuaren aurrekontua.
– Enpresaren egoera nazioarteko merkatuetan (AMIA)
• Ahuluneak.
• Mehatxuak.
• Indarguneak.
• Aukerak.
3.– Inpaktua enpresan eta bere lehiakortasunean, eta trakzio-efektua Euskadin. Gehienez 10 puntu.
– Fakturazio / Esportazio aurreikuspenak.
• Enpresaren fakturazio orokorra.
• Proiektuaren ondorioz lortutako fakturazioa.
– EAEko plantillaren aurreikuspenak.
• Enpresako enplegua guztira.
• Proiektuaren ondorioz sortutako enplegua.
– Aurreikuspen kualitatiboa.
• Intzidentzia enpresaren lehiakortasun-egoeran.
• Jatorrian eta jomugan sortutako enpleguaren tipologia: (enpleguaren kalitatea, berdintasuna, etab.)
4.– Koherentzia estrategikoa. Gehienez 10 puntu.
– Kontuan hartuko da enpresak nazioartekotzeko proiektuari ekiteko duen gaitasuna, horretarako aintzat hartuko delarik azken bi ekitaldietan izan duen eboluzioa, fakturazioan izan duen hazkundea eta esportazioen arloan egin duen ibilbidea.
2. ERANSKINA
GIZARTE- ETA JASANGARRITASUN-KONPROMISOEN ZIURTAGIRIAK
INGURUMENA (1)
• EMAS III ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
• ISO 14001 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
• Ekoscan ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
• ISO 14006 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
• ISO 14064 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
• UNE 22470 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
• UNE 22480 ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
BERDINTASUNA ETA KONTZILIAZIOA (2)
• Berdintasun plana, Emakunderen metodologiaren arabera egina (egin zeneko data, indarraldia).
• Kontziliazio plana (egin zeneko data, indarraldia).
• EFR ziurtagiria (lortu zeneko data, azken berritzea).
EUSKARA (3)
• BIKAIN ziurtagiria (maila, lortu zeneko data, azken berritzea).
• Bai Euskarari ziurtagiria (maila, lortu zeneko data, azken berritzea).
• Euskara plana (egin zeneko data, indarraldia).
ERANTZUKIZUN SOZIAL KORPORATIBOA ETA JASANGARRITASUNA (4)
• Global Compact erakundeko kide izatea, erakusteko bat datorrela Agenda 2030 agirian jasotako Garapen Jasangarriko 17 Helburuekin.
• Eusko Jaurlaritzaren GJHen plataformako kide izatea.
• ISO 26000 ikuskapena (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).
• IQNet SR10 ziurtagiria (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).
• SGE 21 ziurtagiria (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).
• UNE 165010:2009 EX ziurtagiria (izatea, lortu zeneko data, azken berritzea).
• Xertatu (ekintza plana, azken ebaluazioaren data).
• SA 8000