Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2953

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 14koa, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariarena, zeinaren bidez entzunaldi-izapidea eman eta jendaurrean jartzen baita Euskadiko turismo-giden jarduerari buruzko dekretu-proiektua.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak turismo-giden jarduera arautzen duen dekretu-proiektua prestatu du, eta ekainaren 30eko 6/2022 Legeak, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarenak, ezarritakoaren arabera izapidetu behar da.

Lege horretako xedapenak betez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak dekretu-proiektu hori egiteko prozedurari hasiera emateko agindua eman zuen 2023ko martxoaren 10ean. Halaber, 2023ko apirilaren 13an, dekretu-proiektuaren testua aldez aurretik onartzeko agindua eman zen.

Aipatutako 6/2022 Legeak 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, entzunaldi-izapidearen eta jendaurrean jartzeko izapideak herritarren eskubide eta interes legitimoei zuzenean eragiten zaien guztietan egin behar dira, baldin eta artikulu honetan aurreikusitako salbuespen-kausaren bat gertatzen ez bada.

Horretarako, turismo-giden jarduera arautzen duen dekretu-proiektua jendaurrean jarriko da, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Horregatik guztiagatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 8.1.a) artikuluak zuzendari kargua duten pertsonei ematen dien eskuduntzaz baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Entzunaldi-izapidea ematea eta jendaurrean jartzea turismo-giden jarduerari buruzko dekretu-proiektua, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, alegazioak aurkezteko aukera eman ahal izateko, dekretu-proiektuaren edukia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Hirugarrena.– Alegazioak aurkez daitezke, elektronikoki, https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ helbidean edo, zuzenean bertaratuz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzan (Donostia kalea 1 – Lakua I eraikina, 8. solairua); bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari zuzenduta.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 14a.

Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria,

AROA JILETE GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala