Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2952

AGINDUA, 2023ko ekainaren 8koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako titularraren esku uzten baita eragiketaren arduradunaren eginkizunak betetzea, interes-gatazkaren arriskua sistematikoki aztertzeko.

AURREKARIAK

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretan interes-gatazkaren arriskua sistematikoki aztertzeari buruzko urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduaren 4.2 artikuluak kontratazio-organoari edo dirulaguntzak emateko organo eskudunari esleitzen dizkio eragiketaren arduradunaren eginkizunak.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 21/2021 Dekretuak 4.2.d) eta 4.2.e) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari dagozkio honako hauek: «Saileko 1.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.» eta «ailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua –sektore publikoko kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoaren arabera– 1.000.000 eurotik gorakoa duten kontratuetan.»

Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan xedatutakoa betez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak kontratazio-organo moduan jarduten du eta eragiketaren arduraduna izango da; haren konturakoak izango dira CoFFEE eta Minerva aplikazio informatikoen kudeaketa, dokumentuen prestaketa eta kudeaketari lotutako besteko eginkizunak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.1 artikuluak eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 25. artikuluak aukera ematen diete administrazio publikoetako organoei administrazio bereko beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzeko.

Efikazia, proportzionaltasuna, efizientzia eta arintasun administratiboaren arrazoiak direla eta, komeni da Zerbitzu zuzendariak CoFFEE eta Minerva aplikazioaren funtzioak erabiltzea, bai eta horiei lotutako beste eginkizun batzuk ere, bera arduratzen baita ohiko kudeaketaz. Beraz, bidezkoa da Zerbitzu zuzendariaren ordezkaria izendatzea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako titularraren esku uztea urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduak eragiketaren arduradunari esleitzen dizkion eginkizun hauek, interesen arriskua sistematikoki aztertzeko:

– Minerva aplikazioan sartzea eta, bertan, CRO kodea eta prozeduretan esku hartzen dutenei buruzko informazioa jartzea, ex ante egin ahal izateko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen ehun eta bigarren xedapen gehigarriaren Bost paragrafoan aurreikusten den interes-gatazkako arriskuaren analisia, honela:

a) analisia egin behar duten pertsonen identifikazio fiskaleko zenbakiak (eragiketaren erabakitzaileak), izen-abizenak eta guzti.

b) prozedura bakoitzean parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridikoen identifikazio fiskaleko zenbakiak, eta horien izen-abizenak (pertsona fisikoen kasuan) edo sozietatearen izena (pertsona juridikoen kasuan), baldin eta prozeduran lizitatzaile edo eskatzaile gisa aurkezten badira.

Horrez gain, eragiketaren arduradunak interes-gatazkarik ezaren adierazpenak kargatuko ditu CoFFEEn, eragiketaren erabakitzaileek beteta eta sinatuta.

– Bandera gorri bat edo gehiago detektatuz gero, horren berri ematea eragindako erabakitzaileari eta eragindako erabakitzailearen goragokoari, hala badagokio, abstenitu dadin.

– Minervan egindako analisiaren emaitza proiektu edo azpi-proiektuen organo kudeatzaileei bidaltzea, edo horien baliokideei, erakunde instrumentalen kasuan.

– Egindako analisiaren emaitzak CoFFEE aplikazioan erregistratuta geratzen direla ziurtatzea.

– Interes-gatazkako arrisku bat identifikatu ondoren abstenitu ez badira, hautemandako arriskuei buruzko informazio gehigarria eskatuko dio Minervari, eta informazio gehigarria helaraziko dio bere erabakiaren goragoko mailakoari.

– Ofizioz edo dagokion nagusi hierarkikoak eskatuta, dagokion Iruzurraren aurkako Batzordera jo dezake, kasu jakin batean abstentzioa bidezkoa den ala ez argitzeko txostena egin dezan.

– Interes-gatazkarik ezaren alegazio arrazoituari buruzko dokumentazioari CoFFEE aplikazioan alta emateko ardura izango du.

Bigarrena.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez, edozein unetan erreboka daiteke eskuordetza hau.

Hirugarrena.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 8a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala