Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2950

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena. Ebazpen honen bidez egin da ingurumen-eraginaren txostena «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiekturako. Proiektu hori FV Comunión I SLk sustatu du Lantarón udalerrian (Araba).

AURREKARIAK

2023ko otsailaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Arabako Industriako Lurralde Ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, FV Comunión I SLk Lantarón udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren indarrez, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko martxoaren 14an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei.

Ebazpen honen xede den proiektua II.E eranskinean jasota dago; zehazki, 4.h epigrafean: «Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek, guztira, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute. Kanpo gelditzen dira jada finkatutako lur urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan kokatutako energia fotovoltaikoaren instalazioak».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– FV Comunión I SLk Lantarón udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:

A) Proiektuaren xedea da planta fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, «Comunión I» izenekoa, Lantarongo udalerrian. Instalazioak 7,12 ha-ko azalera hartzen du guztira, eta horietatik 4,96 ha panel fotovoltaikoek hartzen dute.

Proiektu hori zuzenean lotuta dago Fotovoltaica Comunión III SL enpresak garatutako «Comunión III» instalazio fotovoltaikoaren proiektuarekin. «Comunión III» instalazioak 6,33 ha-ko azalera du guztira, eta horietatik 5 ha panel fotovoltaikoek hartzen dute. Bi instalazioak elkarren ondoan daude, eta sarbidea, perimetro-hesia eta sare elektrikora husteko puntua partekatzen dituzte; beraz, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran kontuan hartu dira bi instalazioen inpaktu metagarriak.

B) «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea eta martxan jartzea, «Comunión I» izenekoa, 4,995 MW-ko potentzia nominala (MWn) eta 6,24 MW-ko puntako potentzia (MWp) izango duena, eta urtean 0,9933 GWh inguruko ekoizpena izango duena. Instalazioak 7,12 ha-ko azalera hartzen du guztira, eta horietatik 4,96 ha panel fotovoltaikoek hartzen dute.

Panelen konfigurazioa.

«Comunión I» instalazio fotovoltaikoa kristal bakarreko 10.400 panel fotovoltaikok osatuko dute, 600 W-ko potentzia unitariokoak. Panelen neurriak 2.274 x 1.134 mm izango dira.

Panelak ardatz bakarreko eguzki-jarraitzaileetan jarriko dira (ekialde-mendebalde jarraitzaile zenitala), ardatza iparraldetik hegoaldera orientatuta, 55 º-ko inklinazioarekin gehienez. Hala, panelen altuera, behin muntatuta, 4,5 m da. Guztira, 200 eguzki-jarraitzaile ipiniko dira. Jarraitzaile bakoitzak 6 ainguratze izango ditu, eta, beraz, instalazioak 1.200 ainguratze izango ditu guztira, eta horiek tinkatuta instalatuko dira; beraz, ez da beharrezkoa izango 1,5 eta 1,7 m arteko sakoneran zimendatzea.

Jarraitzaileak autonomoak izango dira, motorra 30 W-ko eguzki-panel batez elikatuko da eta. Ilaren artean egon daitezkeen itzalak optimizatzeko sistema izango dute, panelen inklinazioa automatikoki doituko duena. Hala, egitura finkoko instalazioetan baino % 18 gehiago ekoitziko da.

8 jarraitzailetik behin inbertsore bat elikatzen da, paneletatik datorren tentsioa zuzenetik alternora bihurtzen duena. Inbertsorearen irteerako tentsioa, korronte alternoan, 800 V-ekoa izango da; hala, kableatuko elektrizitate-galera optimizatu ahal izango da. Guztira, 200 kW-ko 25 inbertsore instalatuko dira, baina bat 195 kW-ra mugatuta egongo da. Inbertsore guztiak behe-tentsioko koadrora batzen dira, zuzenean lurperatutako aluminiozko kablezko linea trifasikoen bidez, transformazio-zentroekin konektatu arte.

Transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroak.

Instalazioak bi transformazio-zentro izango ditu. Transformadore bakoitzak kubeta bat izango du, gerta daitezkeen olio-ihesak biltzeko. Aire zabaleko transformadorea eta lurgaineko eraikin prefabrikatu trinkoko erdi-tentsioko gelaxkak hautatu dira. Zentro horietan tentsioa 0,8 kV-tik 30 kV-ra igoko da, energia lurpeko linea bidez ebaketa-zentrora eroateko. Ebaketa-zentroak 2,5 x 6,44 m neurtuko du, legarrezko ohantzean eta eraikin prefabrikatuan instalatuko da, eta 1 metroko zabalerako espaloi perimetrala izango du.

Parkean sortutako energia hustea.

Lurpean doa instalazioko energia elektrikoa husteko bidea, lehendik dagoen bidetik, ebaketa-zentrora arte. Ebaketa-zentroa «Puentelarra transformazio-azpiestazioa, 1.L-erdi-tentsioko aireko linea» linean txertatuta dago, aireko-lurpeko bi lineen bidez.

Zerbitzu-hornidura.

Instalazioak ez du beharko ur-, telefono- eta argi-hornidurarik. Halaber, ez da espero ur sanitarioen zerbitzurik beharko denik.

Bestalde, euri-urak ez dira bideratuko; izan ere, aurkeztutako agirien arabera, apenas aldatuko da egungo orografia eta lurzorua.

Sarbidea.

Instalazioetarako sarbidea A-2122 errepidean egongo da, Zubillaga industriagunearen parean, egungo landa-bide bat aprobetxatuta. Sarrerako bideak 370 m-ko luzera izango du, eta azken 50 m-ak propio eraikitakoak izango dira.

Bidea 4 m zabal da, eta proiektuak landare-estalkia kentzea eta zabor-legarrezko geruza trinkotu bat zabaltzea aurreikusten ditu, egokitzeko. Tarte eraiki berrian gauza bera egingo da.

Barneko bideak eta perimetroko bidea.

Perimetroan 1.209 m luzeran eta 5 m zabaleran dituen bide bat egokituko da, zolatu gabe; lurra trinkotu baizik ez da egingo, quadak edo pick-upak ibiltzeko. Ez da biderik egingo barnean.

Lurzatiaren itxitura.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, itxitura ehiza-hesi motakoa izango da. Sarea altzairu lakatuzko 2,5 m-ko altuerako zutabeen artean ipiniko da, eta zutabeak lurzoruan ainguratuta egongo dira, hormigoizko zimendu isolatuen bitartez.

Lur-mugimenduak.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, instalazioak eremuko morfologiara egokituko dira, eta lurpeko eroapen elektrikorako zangak irekitzeko indusketak bakarrik egingo dira. Proiektu teknikoan jasotako Eraikuntzako eta Eraispeneko Hondakinak Kudeatzeko Azterlanaren arabera, 1.029 m3 indusketa-soberakin soilik sortuko dira, balorizatzeko erabiliko direnak.

Obraren iraupena eta instalazioaren bizitza baliagarria.

Obrak egiteko eta instalazioa martxan jartzeko epe aurreikusia 17 hilabete da. Bestalde, instalazioa 40 urtez aktibo egotea espero da; errendimendua galtzen hasten da hortik aurrera. Instalazio fotovoltaikoa ixteko unea iristen denean, jarduketa garatzeko ipinitako egitura eta elementu artifizial oro kenduko da, propio idatzitako proiektu bati jarraikiz.

Gainazal ukitu guztiak lehengoratu eta landareztatu beharko dira, eremuaren paisaia-kalitatea leheneratuz eta lurzatia berriz ere nekazaritzarako erabili ahalko dela bermatuz.

Proposatu diren alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak 0 alternatiba baztertzen du, ezer ez egitearena, ez lukeelako ekarriko CO2 emisioak murriztea, eta nekezagoa litzatekeelako markatutako helburu energetikoak betetzea.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, alternatiba teknikoetatik, aldaketa bakarra litzateke egingarria: hegoaldera begirako egitura finkoko makinak erabiltzea. Makina mota hori disimulatzea errazagoa da, eta behar den obra zibila txikiagoa da, baita mantentze-lan gutxiago ere; aitzitik, espazio gehiago okupatzen dute, eta errendimendua kaskarragoa da (mota zenitalekoek baino % 18 gutxiago ekoizten dute).

Instalazioaren kokaguneei dagokienez, ingurumen-dokumentuak hautatutako kokagunearen alde egiten du, monolabore intentsiboetarako nekazaritza-lurrak direlako, natur ondareko elementurik ez duena, ezta kultur ondarekorik ere, eta ur-ibilgurik nahiz hezegunerik ere ez dagoelako.

Hautatu den lurzatia laua da oso; beraz, ez da lur-mugimendu handirik behar. Sare elektrikoa elikatzeko puntua instalazioetatik hurbil dago eta lurzatirako sarbideek egokitzapen-lan txikia behar dute; ondorioz, ez dago sarbide berriengatiko inpakturik, ezta linea elektriko berriak egitearen ondoriozkorik ere.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Jarduketa Lantarongo Berecedo parajeko 6. poligonoko 326. lurzatian gauzatuko da. Gaur egun, lurzati horretan zereal eta erremolatxa laboreak daude.

Labore-sailekin egiten du muga eta A-2122 errepidetik nahiz Zubillaga industrialdetik 150 metro ekialdera dago.

Planaren eremuak ez du ukitzen naturagune babesturik, interes naturalistikoko gunerik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Ez dago geologia-intereseko leku katalogaturik ere.

Eremuan ez dago ur-ibilgurik, ezta hezegunerik ere. Gertuen dagoen ibaia Zadorra da, instalaziotik 500 metro hego-mendebaldera igarotzen dena, industrialdeak eta A-2122 errepideak bereizten dutena. ES2110008 «Ebro ibaia/Río Ebro» KBEan sartutako zatia da. KBE hau ibai-habitatei lotutako hainbat fauna-espezieren Interes Bereziko Eremua da, eta Arabako Lurralde Historikoan kudeaketa-planak dituzte: uhalde-enara (Riparia riparia), igaraba (Lutra lutra), bisoi europarra (Mustela lutreola), ibai-kabuxa (Salaria fluviatilis), mazkar arantzaduna (Cobitis calderoni) eta iparraldeko katxoa (Squalius pyrenaicus).

Bestalde, instalaziotik 400 metro ingurura Comunióneko garriga dago, Azpiegitura Berdearen Euskal Sareko Biodibertsitate Erreserben barruan, dagoena. Gainera, EAEko Korridore Ekologikoen sareko gune nagusietako bat da, eta EAEko Espazio Natural Garrantzitsuen Katalogo Irekian jasota dago.

Esan bezala, instalazioa kokatuko den lurzatia gaur egun nekazaritzarako erabiltzen da, zehazki, zereala eta erremolatxa hazteko. Ez da flora-espezie mehatxaturik identifikatu.

Faunari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, instalazioa kokatuko den nekazaritza-eremuak ez du ahalmenik batere fauna komunitate interesgarrien bizileku egokia izateko.

Nekazaritzak ezaugarritzen du proiektua egin nahi den eremuko paisaia, laboreek landaredi naturala eremu traketsagoetara baztertu baitute; gizatiarragoa da paisaia, beraz, eta balio bereziki aipagarririk gabea da. Ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan, eta paisaia-interes bereziko edozein eremutatik urrun dago.

Bestalde, adierazi behar da proiektuaren eremuan ez dela aurkitu kultur ondare babestuko elementurik.

Arriskuei dagokienez, ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik. Eremuak ez du uholde-arriskurik eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Proiektuak ukitzen duen eremua «Nekazaritza-abeltzaintza. Trantsizioko Landa Paisaia» da, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Planaren arabera.

Biztanlegune hurbilena, Zubillaga, ezarri nahi den instalaziotik 700 bat metrora dago.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, Lantaróngo HAPOri jarraikiz, instalazioa kokatu nahi den lurzatia eremu urbanizaezinean dago, Z4 motakoan: «Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak eta landazabala. Trantsizioko landa-paisaia». Zona horietan, 200. artikuluaren 4.4 apartatuaren arabera, «Lurzoru urbanizaezineko zonetako kalifikazio orokorraren bidez zuzenean baimendu daitezkeen erabileren sailkapen orokorra», A motako zerbitzu ez-linealen instalazio teknikoak daude sartuta, eta, zehazki, energia berriztagarriko parkeen instalazio teknikoak; beraz, ondorioztatzen du ez dagoela jarduerari eragiten dion inolako mugarik.

Hala ere, 200. artikulu horren 5. apartatuaren arabera, 200. artikuluaren 4.4 apartatuan jasotako azpiegituretan, ingurumen-inpaktuaren adierazpen indibiduala behar badute, eta 5.000 m2-ri baino gehiagori eragiten dioten azpiegituretan, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioaz gain, plan berezi bat idatzi eta onartu beharko da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 59.2.c.7 artikuluan adierazten denarekin bat etorriz.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuko jarduketen ezaugarriak eta proiektuak eragingo dion eremuarenak ikusita, instalazioa egitearen ondoriozko inpaktu nagusiak izango dira eguzki-panelek nekazaritza-lurrak okupatzea, elektrizitate-kableak hedatzeko zangak irekitzea, eguzki-jarraitzaileak tinkatzea eta transformazio-zentroen, ebaketa-zentroaren eta perimetroko itxituraren zutabeen oinarriak hormigoiztatzea.

Lurzorua okupatzearen ondoriozko inpaktua obra-fasean sortuko da, eta ustiapenean ere jarraituko du, instalazioa baliagarri dagoen aldi osoan. Inpaktua lehengoratu ahal izango da epe luzean, instalazioa desmuntatuta; izan ere, lurzoruak eragin txikia pairatuko du, eta lehengora itzuli ahal izango da, neurri zuzentzaile soil batzuk hartuta.

Kontuan hartu beharreko beste eragin bat, aurrekoarekin lotuta, ekologia- eta nekazaritza-produktibitatearen galera da, laborantzako lursail bat okupatuko da eta. Horri dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, instalazioak okupatuko duen soro landuen azalera txikia da, baldin eta kontuan hartzen bada Lantarón udalerrian erabilera horretara bideratutako azalera guztia; ondorioz, inpaktua ez da handia izango.

Etorkizuneko instalazioak A-2122 errepidetik eta sortuko duten energia husteko linea elektriko egokitik hurbil egongo direnez, ez dago zertan eraiki sarbide eta aireko linea elektriko berririk; ondorioz, azpiegitura berriak eraiki eta jartzeari loturiko inpakturik ez da egongo.

Faunari dagokionez, perimetroko hesiek konektagarritasun ekologikoan izan dezakete eraginik, lurreko faunarentzat batik bat; beraz, iragazkorrak izan beharko dute, faunak zeharkatzeko modukoak, ornodun txikiak pasa ahal izateko tamainako zuloak dituen sarearekin. Instalazio berriak disimulatzeko, eta abifaunak perimetroko hesiekin talkarik ez egiteko, instalazioaren perimetro osoan espezie autoktonoak landatzea aurreikusi da, 5 m-ko zabalerarekin, hesiaren kanpoaldean.

Panel fotovoltaiko guztiak beira antiislatzailez hornituta daude, eguzki-irradiazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko; horrek efektu antiitsutzailea du hala pertsonentzat nola faunarentzat.

Argi artifizialek ez dezaten fauna erakarri edo faunaren portaera aldatu, kontrol-etxolan bakarrik instalatuko dira halakoak.

Instalazioaren obrek eta funtzionamenduak ibilgailu eta makina astunen joan-etorriak eragingo dituzte, hondakinak sortuko dira eta lurzoruak nahiz ingurune hidrologikoa kutsatzeko arriskua egongo da, istripuzko isurien edo hondakin-kudeaketa okerraren ondorioz.

Azkenik, balizko inpaktuen artean kontuan hartu behar dira giza osasunaren eta atseden publikoaren gaineko eragin zuzenekoa edo zeharkakoa; hauts gehiago harrotuko da, soinu-maila igoko da, etab. Hala ere, eremua ez dago biztanleguneetatik gertu.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren paisaia-inpaktuari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, jarduketa ezkutu samarrean geratuko da. Kasu honetan, instalazioa industrialde baten eta errepide-sarearen alboan dago, eta biztanleguneetatik hurbil; beraz, ez du gehiegizko paisaia-inpakturik izango. Kontuan hartuta lehengoratze- eta landareztatze-neurriak, eta eremuko zuhaitzei eutsiko zaiela, instalazioa paisaian areago txertatuko da, eta zertxobait gutxiago ikusiko da A-4321 errepidetik. Gertuen dauden biztanleguneetatik ez dira ikusiko (Comunión eta Zubillaga); izan ere, Comunióneko garriga aipatu guneak baino gorago dago, muino batean.

Kontuan hartuta energia eoliko eta fotovoltaikoaren gaineko ingurumen-zonakatzearen proposamena –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak argitaratu zuen Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin (2022).

(https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2022/energia-eoliko-eta-fotovoltaikoaren-garapena-eta-horren-bateragarritasuna-eaeko-natura-ondarearen-kontserbazioarekin/web01-a2ingdib/eu/)

Instalazioa energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzearekiko «sentiberatasun txikiko» ingurune batean kokatuko da.

Bestalde, halako instalazio batek beste energia-alternatiba batzuen aurrean sortzen duen eragin positiboa baloratzen da.

Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat hondakinei, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, isurketei eta kultur ondareari buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta FV Comunión I SLk Lantarón udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan egingo dira. Aipatutako mugetatik kanpo, obrako makinak eta ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiliko dira. Adierazitako eremutik kanpo istripuz eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

Obrak egin aurretik, sasi-garbiketak eta lur-mugimenduak egingo diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, fauna aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatu, eta ez suntsitzeko.

Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, eta modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira, aztertu den dokumentazioan zehazten denari jarraikiz; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroa egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.

Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta hesi-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Sare-bilbeak 15 cm-ko altuera eta 30 cm-ko zabalera izango du beheko aldean, eta 500 metrotik behin katazuloak instalatuko dira. Hesia lurzorura finkatu gabe egongo da, eta ez du tenkatze-kablerik izango, ezta faunaren joan-etorriak eragotzi edo oztopatuko dituen ezein elementu ere.

Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, landare-hesi bat jarriko da instalazioaren perimetro osoan, 5 m-ko zabalerako landare-hesia, zuhaixka-espezie autoktonoak landatuta; horrekin, eguzki-instalazioaren ikus-inpaktua txikiagoa izango da.

Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira. Era berean, eta ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduketa-gunetik.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, ahal dela, ardi-aziendaren larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.

2.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

3.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Proiektua gauzatzean eta hark funtzionatzean sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan balorizatzea lehenetsiko da, baita erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan ere. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

4.– Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

5.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

6.– Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

7.– Jarduera etetea.

Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako neurri babesle eta zuzentzaile batzuk aplikatuz egingo dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu beharko dira.

Hirugarrena.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsaziokoak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua exekutatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.

2.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela, aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu gabe.

3.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo da, ikusteko zenbateraino lortu den proiektuak eragindako eremuak lehengoratzea.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen FV Comunión I SLk Lantarón udalerrian (Araba) sustatutako «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 5a.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGUIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala