117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 8 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2949
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita irakaskuntza-sistema orokorrak handitzeko Sopelako arau subsidiarioen 10. aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2023ko martxoaren 6an, Sopelako Udalak eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, irakaskuntza-sistema orokorrak handitzeko Sopelako arau subsidiarioen 10. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urtarrilaren 16an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Sopelako arau subsidiarioen 10. aldaketa, irakaskuntza-sistema orokorrak handitzekoa (aurrerantzean, Plana), abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuen artean dago. Bertan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaiola, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Irakaskuntza-sistema orokorrak handitzeko Sopelako arau subsidiarioen 10. aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, Plana edo Aldaketa), honako baldintza hauetan:
A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua da «Zipiriñe Ikastetxea» eta «Iberre Institutua» izeneko udalerriko irakaskuntza-sistema orokorrak handitzeko hirigintza-esparru egokia ezartzea, ezinezkoa baita ikastetxeen partzelan bertan beharrezko azalera lortzea. Beraz, alde batetik, Zipiriñe ikastetxea handitzeko, Espazio Libreen Sistema Orokorreko partzela bat Hezkuntzako Ekipamendurako Sistema Orokorrera birsailkatzea proposatzen da; 5.434,28 m2-ko partzela da, egungo ikastetxetik 200 bat metro iparraldera dagoena. Bestalde, Iberre Institutuari dagokionez, 3.940 m2-ko azalera aprobetxatzen da ikastetxearen ekialdean dagoen bizitegi-lurzoru urbanizagarritik, bertan irakaskuntza-erabilera aurreikusita baitago; jarduketa horrek bide-sistema berrantolatzea ekarriko du, hezkuntza-eremuari jarraipena emateko.
Alternatibei dagokienez, gaur egun indarrean dagoen Irakaskuntza Sistema Orokorraren azalera mantentzeak ekarriko lukeen 0 edo «ez esku hartzea» aukera aztertu da; aukera horrek zaildu edo eragotzi egiten du ikastetxe publikoak handitzea, gaur egun udalerrian dagoen eskariarekin bat etorriz. Gainera, 1. eta 2. aukerek antzeko eremuak baloratzen dituzte jarduketa bakoitzerako, baina erreferentzia-zentroetatik urrunago kokatuta.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Aldaketak irakaskuntza-sistema orokorrak zabaltzeko esparrua ezartzen du, beste plan edo programa batzuetan ingurumen-ondorio aipagarririk eragin gabe. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Aldaketa egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, landaredia babestera bideratutako neurriak sartzea ahalbidetuz, bai eta aurrezpen eta efizientzia energetikoa sustatzea ere.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman aldaketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kutsadura akustikoari, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.
e) Era berean, Aldaketa egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo nazio-mailako ingurumenaren arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Aldaketak bi eremu aurreikusten ditu. Alde batetik, Zipiriñe ikastetxea handitzea BI-634 errepidearen hegoaldean dago, errepidearen eta Zabalbide kalearen artean, Landa Doktorearen kalearekiko elkargunearen parean. Kokaleku hori lurzoru urbanizaezinean dago, eta baratzeak eta lurrazaleko aparkaleku bat ditu. Bestalde, Iberre Institutuaren handitzea lurzoru urbanizagarrian dago, gaur egungo institutuaren ekialdean, Iberrota eta Abaro kaleen artean.
Zipiriñe ikastetxearen handitze-eremuko landaredia arantza-sasi eta aisialdiko baratzeen unitatean sartzen da gehienbat. «Artadi kantauriarra» (Kod. EU 9340, Batasunaren intereseko habitaten maparen arabera, 2019), eremuaren mendebaldeko muturrean dagoena, da garrantzitsuena eremuan. Flora-espezie exotiko inbaditzaileak identifikatu dira, batez ere Pampetako belarra (Cortaderia selloana) eta seska (Arundo donax).
EAEko landaredi-mapak Iberre Institutuaren hedapen-eremua «hiri-eremutzat eta alfer-lurtzat» sailkatzen du. Naharrak (Rubus spp) eta iratzeak (Pteridium aquilinum) osatzen dute sasia. Eremua zipriztinduz, hainbat ale sakabanatu ikusi dira: basaerramua (Euonymus europaeus), elorri zuria (Crataegus monogyna), sasiakazia (Robinia pseudoacacia) –espezie exotiko inbaditzailetzat hartzen da–, binorria (Ligustrum vulgare), mimosaren bat (Acacia dealbata) eta huntzak (Hedera hélix). Eremuaren mendebaldean dauden arteen (Quercus ilex) bi ale nabarmentzen dira.
Ez da intereseko fauna-espezierik identifikatu, eta aztergai diren eremuak eta haien ingurune hurbila ez dira ezein naturagune babesturen parte.
Planaren eremua «nekazaritza-eremutzat» jotzen da, «belardi eta labore atlantikoak ibai-jabari barruan dituela», eta pixkanaka aldatu da, hirigunea, industria-eremuak eta azpiegiturak hedatu direlako. Sopelako arroari paisaia-balio txikia esleitu zaio, batez ere eragin negatiboak dituelako, hala nola errepide-garraiorako azpiegiturak (BI-634) eta, neurri txikiagoan, trenbideak (Metro Bilbaoren linea).
Ez da kultura-ondare babestuko elementurik identifikatu.
Eremuak higadura-maila oso baxuko zonaldeetan daude; bi eremuak 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuetatik kanpo geratzen dira, eta lehentasunezko fluxutik kanpo; bi eremuak akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duten eremuetan daude; Sopela udalerria V intentsitateko eremuan dago, eta, beraz, ez da gertagarria eraikinak suntsitzeko gaitasuna duen sismorik gertatzea; ez dute baso-suterik izateko arriskurik, zuhaitz-landarediaren masa dentsorik gabeko hiri-asentamenduen eremu bati baitagokio; ez da arriskutsuak izan daitezkeen industria-jarduerekin lotutako industriarik hauteman; BI-634 bide-azpiegiturak salgaien garraioari lotuta duen arriskua oso txikia da eremuaren iparraldeko muturrean.
Zaratari dagokionez, BI-634 eta BI-3124 errepideak azterketa-eremuetatik gertu daude, eta Bilboko metropoli-trenbideak Sopela zeharkatzen du, eta Iberre Institutuaren hedapen-eremuaren ondotik igarotzen da. «Sopelako (Bizkaia) arau subsidiarioen 10. aldaketa puntualari lotutako azterlan akustikoak» (Audiotec Ingeniaritza akustikoa, 2023ko otsaila) ondorioztatzen du Zipiriñe ikastetxea handitzeko lurzatian ez dagoela gatazka akustikorik; Iberre Institutuaren lurzatian, berriz, trena gertu dagoenez, E motako (irakaskuntza) eremu akustikorako kalitate akustikoko helburu-balioak gainditzen dira hirigintza-garapen berrietarako. Balioak 55 dBA baino handiagoak dira eguneko aldian (56,5 dBA egunean eta 55,5 dBA arratsaldean), eta 45 dBA baino txikiagoak gaueko aldian. 40. artikulua betez, proposatzen da horma, pantaila akustikoa edo antzeko zerbait eraikitzea, 3 metroko altuera eta 23 metroko luzera izango duena, trenbidearekin muga egiten duen lursailean, etorkizuneko eraikinetik 24 metrora.
42. artikulua betez, Eragin Akustikoaren Azterlanak bibrazio-mailen ebaluazioa jasotzen du, etorkizuneko eraikuntza trenbide-ardatz batetik 75 m baino gutxiagora egongo baita. Aztergai den lursailaren ondoan gaur egun dauden bibrazio-balioak neurtu ondoren, agerian geratu da mailak erreferentzia gisa erabili diren helburuen azpitik daudela.
Ez da inbentariatutako kokalekurik identifikatu.
Ibai-uholdeek hiri-ingurunean duten inpaktuari dagokionez, kontuan hartuta itsas maila igotzearen ondoriozko uholdeek hiri-ingurunean duten inpaktua, lehortea areagotzeak jarduera ekonomikoetan duen inpaktua eta Sopelak EAEko udalerri guztiekiko duen posizio erlatiboa, Sopela batez besteko dezil baxuan dago (2-4). Aipatutako inpaktu-kateek ez lukete eragin esanguratsurik izango, eta aurreikusten da bero-boladek giza osasunean duten inpaktuak izango lukeela eraginik handiena.
Itsas mailaren igoerarekin lotutako arriskua egonkor mantenduko litzateke bi agertokietan eta erreferentziazko aldietan; egoera txarrenean (RCP 8.5), berriz, 2071-2100 aldirako arriskuaren gehieneko igoera % 7 izango litzateke, lehortea areagotzeak jarduera ekonomikoetan duen inpaktuari dagokionez, eta % 4koa, ibai-uholdeek hiri-ingurunean duten inpaktuari dagokionez.
Eremuek irisgarritasuna errazteko baldintza onak dituzte, modu jasangarrien bidez: oinezkoen, bizikleten edo hiri-garraioaren bidez.
Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, proposatutako berrantolaketaren ondoriozko eraginak ez dira oso handiak izango, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, bereziki, zaratari, hondakinen kudeaketari, isurketei, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afektazio-eremuko esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen dituztenean, besteak beste, zaratari, hondakinen kudeaketari, isurketei, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dagoen araudia betetzen badute.
3.– Ebazpen honetan neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan irakaskuntza-sistema orokorrak handitzeko Sopelako arau subsidiarioen 10. aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egiteko:
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan xedatutakoaren arabera, eta ebazpen honetan finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten irakaskuntza-sistema orokorrak handitzeko Sopelako arau subsidiarioen 10. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Aplikatu beharreko neurrien artean, Aldaketa garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmentzen dira. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:
• Landaredia babesteko neurriak:
– Ingurumen-dokumentu estrategikoak ezartzen duen bezala, Zipiriñe Ikastetxearen hedapen-eremuaren mendebaldeko muturrean dagoen artadi kantauriarraren gaineko eragina babestu eta murrizteko, eremuko espazio libreetan basoaren azalera sartuko da; gainera, eremuaren garapenaren helburua ingurumen-dokumentuan identifikatutako arte isolatuak (Quercus ilex) babestea izango da.
– Jarduketa-eremua balizatuko da, eta ez da kalterik eragingo eremuko baso-formazioetan. Era berean, eremuaren barruan aurreikusitako jarduketek ukituko ez dituzten zuhaitzak markatu eta babestu egingo dira.
– Eremu berdeak lorategi bihurtzeko, bereziki zainduko da inbasio-prozesua eragin lezaketen espezie aloktono apaingarriak ez sartzea. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan (Udalsarea 21eko lan-koadernoak, 20b zk. IHOBE, 2017).
– Beharrezkoa da eremuan dagoen flora exotiko inbaditzailearen hedapena prebenitzea. Horretarako, neurri espezifikoak ezarri beharko dira, batetik, bertan dauden aleak desagerrarazteko eta, bestetik, horien hedapena kontrolatzeko.
• Zaratarekin zerikusia duten neurriak:
– Ezingo dira etorkizunean hirigintza-garapenak gauzatu kanpoko kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa alde batera utzi gabe.
– Eraikinaren barruko kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, erabileren eta eraikin motaren arabera; horretarako, azterketa akustikoan proposatutako isolamendua aplikatuko da. Nolanahi ere, urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoko zarataren aurkako babesari buruzko DB-HRan xedatutakoa beteko da, bai eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2016ko ekainaren 15eko Aginduan xedatutakoa ere, eraikuntzaren kontrol akustikoari eta obren ikuskapen-araubideari dagokienez.
– Jarduketa-eremuko lurzatietako batek foru-errepideen zortasun akustikoko eremuari eragiten dionez (irailaren 18ko 4523/2013 Foru Aginduaren bidez onartu zen eremu hori), Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluaren arabera, Sopelako Udalari dagokio Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari igortzea zortasun-eremu horri atxikitako sektorean etorkizunean egingo diren hirigintza-garapeneko proiektuen azterlan akustikoak, aipatutako dekretuaren 37. artikuluak ezartzen duen bezala, sail horrek txostena egin dezan.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren txostenaren edukia kontuan hartuta, eraikuntza-proiektuan zehatz-mehatz aztertu beharko litzateke Zabalbide kaleko bidearen eragin akustikoa, eta, proposatutako pantailaz gain, KAHak betetzeko neurri gehiago aztertzea gomendatzen da.
• Jasangarritasun energetikoari buruzko neurriak:
– Baloratuko da A energia-ziurtagiria (ia kontsumorik ez duen eraikina) lortzeko, Energia aurrezteko DB HE dokumentuan ezarritakoa gainditzen duten iturri berriztagarrien energia aprobetxatzeko sistemak sartzea.
– Eraikinen estalkietan plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera aztertuko da, eguzki-energia energia-iturri gisa erabiltzeko.
– Eraikinen barruan argia egoki banatuz argi naturalaren erabilera optimizatzea gomendatzen da. Kontuan hartuko da eguzkia hartzearen efizientzia, haren portaera energetikoa hobetzeko (batez besteko tenperatura handiagoa, berokuntza-kontsumo txikiagoa, etab.) eta eguzki-argiaren aprobetxamendua (elektrizitate-kontsumo txikiagoa).
– Eraikinaren barruan, argi naturala aprobetxatzeko sistemak instalatzea gomendatzen da, argitasun-sentsore bidez argiztapen-maila proportzionalki eta automatikoki erregulatzeko, argi naturalaren ekarpenaren arabera. Erabilera esporadikoko eraikineko zonek pizte- eta itzaltze-kontrol bat izango dute, presentzia tenporizatuaren detekzio-sistema edo sakagailu tenporizatuaren sistema baten bidez.
– Eraikina erabiltzen den bitartean ura aurreztea ahalbidetzen eta bultzatzen duten ekipamenduak, gailuak eta sistemak instalatzea gomendatzen da, hala nola kontsumo txikiko tresna sanitarioak edo aireztagailuak dituzten txorrotak eta dutxa-buruak erabiltzea, ur-kontsumoa eta sareetan horiek bultzatzeko behar den energia murrizteko.
– Ihobek argitaratutako Eraikuntza Jasangarriaren Gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira eraikuntza jasangarriago baterako.
• Lehengaien erabilera murrizteari buruzko neurriak:
– Hala badagokio, azpiproduktuak, bigarren mailako lehengaiak, material birziklatuak edo berrerabiltzeko prestaketa-prozesuetatik datozenak berrerabiltzeko, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
• Hondakinen kudeaketari buruzko neurriak:
– Sortutako hondakinak Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatu beharreko berariazko araudietan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Hala badagokio, hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) behin-behinean biltegiratzeko gune espezifiko bat egokituko da, eta, gainera, hondakin geldoentzako edukiontzi espezifikoak jarriko dira haietatik bereizita.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Sopelako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, ez balitz onartuko Sopelako arau subsidiarioen 10. aldaketa, irakaskuntza-sistema orokorrak handitzekoa, lau urteko gehieneko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ez bazaio ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 5a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.