117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (204 KB - 9 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2948
EBAZPENA, 2023ko ekainaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Irungo (Gipuzkoa) Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.
AURREKARIAK
Irungo Udalak, 2023ko martxoaren 15ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Irungo (Gipuzkoa) Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko apirilaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plana (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.
Honako xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Irungo (Gipuzkoa) Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Egungo Planak 2011n onartutako Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarriko lehen Plana berrikustea dakar, udalerrian ingurumenaren aldetik jasangarria izango den mugikortasuna lortzeko, irundarren bizi-kalitatea hobetzeko, jarduera ekonomikoa ingurumen-jasangarritasunaren esparruan sustatzeko, eta eraginkorra izango den eta genero-ikuspegiarekin eta sozialki eta ekonomikoki kalteberak diren kolektiboekin inklusiboa izango den mugikortasuna lortzeko.
Helburu horiek lortzeko, Planak hiru ardatz nagusi garatzen ditu. Ardatz horiek, era berean, hainbat estrategia dituzte.
1.– Ingurumen-jasangarritasuna: ingurumen-eragina duten emisioak murriztea.
– 1. estrategia: Ingurumen-gune garbiak. Airea kalitatezkoa izatea eta zarata-maila txikia izatea.
– 2. estrategia: Ibilgailu elektrikoak eskuratzera bideratutako neurriak sustatzea.
2.– Gune publikoa: oinezkoentzako eta txirrindularientzako hiri-gune publikoa birbanatu eta berreskuratzea.
– 3. estrategia: Gune publikoa eta oinezkoen eta bizikleten azpiegitura hobetzea. Bide-segurtasuna hobetzea.
– 4. estrategia: Bizikleta-mugikortasuna sustatzea, azpiegitura hobetzearen bidez.
– 5. estrategia: Kaleko aparkalekuak berregituratzea eta kudeatzea, egoiliarrei lehentasuna emanez eta merkataritza-jarduera zainduz.
3.– Mugikortasuna: mugikortasunaren kudeaketa eraginkorra, kolektibo espezifikoei zuzendua.
– 6. estrategia: Ibilgailu-zirkulazioaren kudeaketa eraginkorra.
– 7. estrategia: Intermodalitatea optimizatzea, garraio publikoa gehiago erabiltzeko.
– 8. estrategia: Merkantzien hiri-banaketa (MHB-DUM) optimizatzea ingurumen-jasangarritasunaren arabera.
– 9. estrategia: Talde espezifikoentzako mugikortasuna seguruagoa eta arduratsuagoa izan behar dela azpimarratzea.
– 10. estrategia: Modu partekatuen erabilera eraginkorra.
– 11. estrategia: ITS tresnak, smartmobility eta MaaS plataformak (Mobility as a Service), mugikortasuna hobetzeko.
Estrategia horietako bakoitza programatan banatzen da, eta programak neurri zehatzetan. Jarraian, neurri zehatz horietako batzuk aipatzen dira:
– Hiri-lurzorua: isuri txikiko gune bat ezartzea, oinezkoen lehentasuneko guneak ezartzea, oinezkoentzako ibilbideen sarea indartzea Plan Orokorrean onartutako hirigintza-garapenaren arabera, oinezkoen iragazkortasuna hobetzea, informazio-seinaleak, Plan Orokorrean proiektatutako bizikleta-sarearen konektibitatea hobetzea, bizikleta-aparkalekuak jartzea, TAO arauketa egokitzea eta zabaltzea, bide publikoan kargagailu elektrikoak jartzea.
– Udal-bideak: trafikoa arintzea (30 hiria), bidegurutze arriskutsuak hobetzea eta istripuak egon diren tarteetan esku hartzea, oinezkoen eta bizikleten iragazkortasuna hobetzea AP-8an dauden bidegurutzeetan, landa-ingurunearekiko bizikleta-konektibitatea hobetzea lehendik dauden bideak aprobetxatzeko ibilbideak proposatuz, betiere bide horiek ahalik eta gutxien egokitu behar badira.
– Kudeaketa: tarifak koordinatzea aparkaleku publikoen, TAOen eta garraio publikoaren artean, semaforoen kudeaketa dinamikoa, autobus-linea berriak jartzea eta oro har zerbitzua hobetzea, salgaien zamalanetarako ibilbideak optimizatzea, garraiobide garbiak indartzea azken milian (motorrik gabeko ibilgailuak, bizikletak eta trizikloak edo motor elektrikoa dutenak), mugikortasun seguruko planak bultzatzea (eskola-inguruneak), bide-prestakuntza bultzatzea (oinezkoak eta bizikletak), bizikletak alokatzeko udal-sistema bat ezartzea, garraio publikoa bilduko duten eta hori erabiltzea erraztuko duten aplikazioak garatzea herritarrentzat, autobusak eta gainerako udal-ibilgailuak berritzea eta ibilgailu elektrikoetarantz migratzea, tren-geltokien irisgarritasuna eta intermodalitatea hobetzea.
– Zarata murriztea: ibilgailu astunen flotak berritzeko laguntzak, zarata-maila txikiko eta gutxiago kutsatzen duten ibilgailuekin ordezkatzeko, eta zoladurak hobetzeko laguntzak edo zarata murrizten duen asfaltoa erabiltzea.
Planean proposatutako ekintzetako batzuek obrak egitea ekarriko dute, hala nola bideak hobetzeko eta berrantolatzeko proposamenak, karga elektrikoko guneak instalatzea, trenbide gaineko pasabide berria egitea, bizikleta-sarea hobetzea eta bidegorri berriak egitea.
Alternatibei dagokienez, IAEak 0 alternatiba aztertzen du, hau da, aurreko Mugikortasun Jasangarriko Plana mantentzea. Horrek azken hamarkadan gertatutako aldaketetara egokitu gabeko plan bat indarrean jarraitzea ekarriko luke. Horrez gain, Planean xedatutako etorkizuneko mugikortasun-egoerekin bat datozen hiru alternatiba aztertzen dira:
– 1. alternatiba «Joerazko agertokia»-rekin bat dator. Planaren egungo mugikortasun-joerak eta etorkizuneko egoera islatzen ditu, mugikortasun jasangarria hobetzeko neurririk ezarri gabe.
– 2. alternatibak, «Agertoki neutroa edo karbono zero» izenekoak, udalerriaren egoera ebaluatzen du, Europar Batasunak aldarrikatutako «neutraltasun garbiaren» testuinguruan karbono dioxidoaren isuriak zorrotz murriztu ondoren.
– 3. alternatiba, «Agertoki Jasangarria», bat dator Planak aukeratutako alternatibarekin. BEGen murrizketa partziala eta mugikortasunaren banaketa modu jasangarrienetarantz aldatzea dakar. «Karbono zero agertokiaren» lehen fasetzat jotzen da, eta, beraz, joera-aldaketa bat ezartzen du epe luzean lortzeko.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, «4.1.3 programa: landa-eremuarekin lotzeko bidegorriak» Planaren ondorengo faseetan garatu beharreko ardatz estrategiko gisa mantentzen bada ere, baztertu egiten da Bentak-Mokozorrotz eta Arretxe-Ugalde-Altxubide-Bentak bizikleta-ibilbideak egitea. Ildo horretan, landa-eremuko sarbidea duten bizikleta-ibilbideetan, jarduketak ibilbideak egokitzera mugatuko dira, batez ere seinale bertikal eta horizontalei dagokienez, beste ekintza puntual batzuekin batera.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren antolamendu-eremua Irungo udalerria da. Planaren berrikuspenak jarduketa-proposamen berriak sartzen ditu hiri-lurzoruari, udal-bideei, zarata murrizteari edo mugikortasunaren kudeaketa espezifikoari dagokienez. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean. Zehazki, udalerriko mugikortasunarekin lotutako jasangarritasuna berariaz hobetzera bideratutako plana da, besteak beste, joan-etorrietarako motorrik gabeko ibilgailuak erabiltzea edo garraio publikoa erabiltzea sustatuz norberaren ibilgailuaren aurrean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta erasan-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua Irungo udalerria da, Gipuzkoako ipar-ekialdeko muturrean kokatua. Zehazki, lurraldean eragin zuzena duten Planaren proposamenak Irungo hirigunera eta ingurune hurbilera mugatzen dira nagusiki.
Beraz, planaren eremua urbanizatua eta artifizializatua da, eta intereseko natura-balioak, funtsean, berdeguneei eta hiri-parkeei dagozkie, bai eta hirigunea zeharkatzen duten errekei ere, Bidasoa ibaira isurtzen diren arte. Nabarmentzekoa da Irungo nukleoak ingurumen-balio handiko eremuak dituela inguruan. Zehazki, Bidasoaren bokalea eta haren ibai-dinamikari lotuta eratzen diren padura-eremuak hainbat babes-figuratan sartuta daude, hala nola Txingudiko hezegunea Ramsarko hitzarmenean (3ES048), Txingudi-Bidasoa KBEa (ES2120018) eta Txingudiko HBBEa (ES0000243). Era berean, Txingudiko hezegunea EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan natura-intereseko eremu gisa sartuta dago, «Bidasoako padurak eta terrazak» (DOT015) izenarekin, baita Naturagune garrantzitsuen katalogo irekian ere. Horrez gain, Txingudiko eremuak Txingudiko eremuaren baliabide naturalak babestu eta antolatzeko plan berezia dauka.
Eremu horiek, Europar Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak izateaz gain, intereseko eremuak dira animalia-espezie mehatxatuentzat, hala nola bisoi europarra (Mustela lutreola), arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus), apo lasterkaria (Epidalea calamita) eta hegazti-espezie askorentzat.
Jarduketen xede den eremua Bidasoaren itsasadarrera urak isurtzen dituzten errekek zeharkatzen dute. Ibilgu nagusiak Jaizubia, Kaskoitegi, Olaberri, Artia, Araso eta Dunboako ubidea dira.
Kultura-ondarearekin zerikusia duten alderdiak ere garrantzitsuak dira, hiriak kultura-ondare aberatsa duelako. Horregatik, planaren jarduketak zehazterakoan eta gauzatzerakoan, aintzat hartu beharko dira katalogatutako eta inbentariatutako elementuak. Irungo HAPOk, gainera, arkeologia-babeseko zonak mugatzen ditu. Baldintzatzaile horiek aintzat hartuta, Planaren proposamenek izan ditzaketen eraginak behar bezala baloratu behar dira zehaztuago daudenean, hala nola aurreikusitako lurpeko aparkaleku berriak.
Bestalde, ingurumen-arriskuei dagokienez, inguruneko ibilgu nagusiak Irun-Hondarribia Uholde Arrisku Handiko Eremuan sartuta daude, eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiek urpean utz ditzaketen lursail zabalak identifikatu dira. Gainera, planaren eremu osoko hainbat kokagunetan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuak identifikatu dira. Bestalde, nukleo gehiena akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun txikikoa da.
Azaldutakoa kontuan hartuta, Plana garatzeak izan ditzakeen ondorioak, funtsean, honako hauekin lotuta daude: bideak hobetzeko eta berrantolatzeko obrak gauzatzea, pasabide berriak egitea edo bizikleta-sarea hobetzea eta handitzea. Jarduketa horien ondorioz, lurzorua okupatuko da, hondakinak sortuko dira, makinak tokiz aldatuko dira, ustekabeko isurketek lurzoruak ukituko dituzte, isuri akustikoek eragozpenak eragingo dizkiete herritarrei, eta abar. Jarduketa horiek batez ere Irungo hirigunean egingo direnez, adierazi behar da izaera antropizatua dutela.
Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Kaskoitegi eta Jaizubia erreketan bizikleta-ibilbide berriak egitean, jabari publiko hidraulikoan eta hari lotutako babes-zonetan gorabeherak egon daitezke. Era berean, bizikleta-ibilbide berriak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasuneko eremutik eta Artia eta Dunboako ubideari lotutako babes-zonetatik ere igarotzen dira.
Identifikatutako arriskuei dagokienez, Planaren ekintzek kontuan hartu beharko dituzte kutsagarriak izan daitezkeen lurzoruen, urpean gera daitezkeen lurren eta ondare-elementuen ondoriozko baldintzak. Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.
Aitzitik, garrantzi handiagoa izan lezakete identifikatutako intereseko espazio eta eremu naturalen ondoan egingo diren jarduketek. Ildo horretan, Plaiaundiko bidegorria dagoeneko jasota dago indarrean dagoen Donostialdeko LPPn, eta ez da aurreikusten inpaktu esanguratsurik izango duenik. Era berean, ez da aurreikusten baso-masa autoktonoei eragingo dien bizikleta-ibilbiderik egingo denik landa-lurzoruan. Ibilbide horietan, batez ere, seinaleei lotutako jarduketak planteatzen dira, beste ekintza puntual batzuekin batera.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.
– Kultura-ondarea babesteko neurriak:
• Plana gauzatzearen ondoriozko obrek eta esku-hartzeek kultura-intereseko elementuak arautzen dituen babes-araubidea bete beharko dute, haien babes-ingurunea ere kontuan hartuta. Kontuan hartuko dira katalogatutako elementuak eta erdi- eta toki-mailan babesteko proposatutakoak, baita udalerritik igarotzen den Donejakue bidearen trazadura eta Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko arkeologia-babeseko zonak ere. Zorupeari eragiten dioten obren kasuan, nahitaezkoa izango da aldez aurretik azterketa arkeologiko bat egitea.
• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari. Ondoren, hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Identifikatutako intereseko balio naturalak babesteko neurriak:
• Ingurune hidrikoa babestea: Ibilguen zaintza-eremuan, jabari publiko hidraulikoan eta itsas-lehorreko jabari publikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren edo arlo horretako organo eskudunaren administrazio-baimena beharko da.
• Jabari publiko hidraulikoan eta itsas-lehorreko jabari publikoan zuzenean eragitea saihestuko da, baita zeharka eragitea ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondorioz. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko. Honako ohar hau hartuko da kontuan bereziki:
– Bizikleta-ibilbideak zortasun-eremutik kanpo egon beharko dira (5 m-ko zerrenda), eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean ezarritako erretiroak errespetatu beharko dituzte.
• Intereseko landaredia eta fauna babestea: Europar Batasunaren intereseko habitatei, landaredi autoktonoko masei eta identifikatutako animalia-espezie mehatxatuen intereseko zonei eragitea saihestuko da. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da moztuko eta kenduko hango landaredi autoktonoa.
• Obrek erasandako eremuak leheneratzea: planaren garapenagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
• Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio.
• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.
– Hautemandako arriskuekin lotutako neurriak:
• Kutsagarriak izan daitezkeen kokalekuak: Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko hainbat kokalekurekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.
• Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.
• Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten funtsezko zantzuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Irungo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
• Uholde-arriskua: Planetik eratorritako jarduketek kontuan hartu beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuan jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, baita Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikuluan jasotakoa ere.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:
• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Honako gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, Ebazpen honetan zehaztutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Irungo Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plana onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ez bazaio ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 5a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.