117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (320 KB - 18 orri.)
- EPUB (1135 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2947
62/2023 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartzen dituen erabakia.
Gobernu Kontseiluak, 2023ko ekainaren 6an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartzen dituen erabakia onartu du, eta, behar den publizitatea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartzen dituen erabakiaren testua (Ebazpen honen eranskinean dago).
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 16KO 62/2023 EBAZPENARENA
ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITIRA HIZKUNTZA OFIZIALAK ERABILTZEKO IRIZPIDEAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREAN ETA HARI ATXIKITAKO SEKTORE PUBLIKOA OSATZEN DUTEN GAINERAKO ENTITATE GUZTIETAN APLIKATU BEHARREKOAK
Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak hauxe dio hitzez hitz bere 5. artikuluan:
1.– Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, bai ahoz eta bai idatziz.
2.– Euskal Herriko herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:
• Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azaroaren 19ko 179/2019 Dekretua onartu zuen, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa.
Erabaki-proposamen honek, onartzen den momentutik aurrera, EAEko Administrazio Orokorra eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitate guztiei eragingo die.
Horretarako markoa Euskal Sektore Publikoaren Legea eta Euskal Enplegu Publikoarena izango da.
Irizpide hauen ondorioetarako, «EAEko Sektore Publikoa» esaten denean ulertuko da aurretik aipatutako entitate horiei guztiei egiten zaiela aipamena. Ondorioz, dagokigun gaia Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoa denez gero eta, beraz, gaiari buruzko administrazio-espedientea kudeatzea eta bideratzea ere aipaturiko sailari dagokionez gero, behin Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren nahitaezko irizpena jaso ondoren, Gobernu Kontseilura bidaltzen dut honako
ERABAKIA
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako Sektore Publikoa osatzen duten gainerako entitate guztietan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartzea (Honekin batera atxikita doa I. eranskina).
Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak argitaratuko ditu, Eusko Jaurlaritzaren izenean, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta hari atxikitako Sektore Publikoa osatzen duten gainerako entitate guztietan aplikatu beharrekoak.