Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2023ko ekainaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2945

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 12koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, batera argitaratzen dira 2023ko lehiaketa arrunterako deialdiak, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 92 bis artikuluak aurreikusten du gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko sistemak lehiaketa eta, salbuespen gisa, izendapen askea izango direla.

Horrela, urtean bi lehiaketa daude: lehiaketa arrunta eta lehiaketa bateratua. Lehiaketa arruntari dagokionez, lanpostu hutsak dituzten toki-korporazioek onartzen dituzte lehiaketa arruntaren oinarriak eta deialdiak egiten dituzte, eta dagokion autonomia-erkidegoari bidaltzen dizkiote aldizkari ofizialetan aldi berean argitaratzeko.

2018ko martxoaren 19an, indarrean jarri zen Gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua. Errege-dekretu horrek erregulazio berria ematen die merezimendu-lehiaketen merezimendu orokorrei, eta puntuazio jakin batzuk aldatzen ditu, TAOLen 92 bis artikuluan jasotako merezimendu orokorren, autonomikoen eta espezifikoen ehunekoen erregulazio berriaren babesean. Era berean, eta aurreikuspen horiek garatzeko, otsailaren 16ko TFP/153/2021 Agindua onartu zen, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen merezimendu orokorren balorazioa arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegokoari dagokionez, TAOLen bigarren xedapen gehigarrian dago adierazita ezen, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen azken xedapenetako lehenengoak emandako idazkeran, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan, legearen 92 bis artikuluan eta lotutakoetan jasotako gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioen araudi erregulatzailea Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriarekin, 149.1.18 artikuluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoarekin bat etorriz aplikatuko dela, kontuan harturik aipatutako 92.bis artikuluan aurreikusitako ahalmen guztiak autonomia-erkidegoko araudiak ezarritako eran hartuko direla, haien artean hauek egonik: hautatzeko ahalmena; enplegu publikoaren eskaintza onartzea bakoitzari dagokion lurralde eremuko plaza hutsak betetzeko; soilik bere lurraldeko plaza hutsak betetzeko hornitze-prozesuetarako deialdia egitea; funtzionarioak izendatzeko ahalmena horniketa prozesu horietan; lehenengo destinoaren esleipena, eta administrazio egoerak.

Zentzu horretan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen hamahirugarren xedapen iragankorrak, zeina funtzionario publikoei dagokienez ahalmenak eta eginkizunak egikaritzeari buruzkoa baita, hau xedatzen du: «Oinarrizko arautegi estatalak xedatzen du arautegi autonomikoak esleitu behar dizkiela ahalmen jakin batzuk toki-erakundeei, lurralde historikoetako foru-instituzioei edo autonomia-erkidegoko instituzio komunei; lege hau indarrean sartzerakoan ahalmen horiek egikaritzen ari diren administrazio publikoek jarraitu egingo dute horiek egikaritzen, harik eta onesten den arte lege honen bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako Eusko Jaurlaritzaren dekretua»

Horrela, lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokie gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdia egiteko ahalmena, beren lurraldeetarako baino ez direnean. Deialdi horiek dagokien lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratzeaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu ahal izango dira.

Hori guztiori kontuan hartuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-erakundeek egin eta argitaratu dituzte 2023. urteko lehiaketa arrunterako deialdiak, lurralde historiko bakoitzeko toki-erakundeetan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko.

Gauzak horrela, koordinatze aldera, batera argitaratu behar dira lurralde historikoek egindako 2023. urteko lehiaketa arruntari buruzko deialdiak; hori dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea foru-aldundietako organo eskudunek egindako deialdiak, 2023. urteko lehiaketa arrunterako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako bakoitzeko toki-erakundeetan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko. Honako deialdi hauetan daude lehiaketak eraenduko dituzten oinarri komunak eta toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak:

a) Arabako Lurralde Historikoa: Foru Gobernu Kontseiluaren 237/2023 Erabakia, maiatzaren 2koa. Horren bidez, lehiaketa arrunterako 2023ko deialdia onartzen da, gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioentzat erreserbaturik eta hutsik dauden lanpostuak betetzeko Araban (2023ko maiatzaren 12ko ALHAO, 55. zk).

b) Bizkaiko Lurralde Historikoa: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren 4130/2023 Foru Agindua, maiatzaren 30ekoa, zeinaren bidez 2023. urteko lehiaketa arrunterako deialdia egiten baita Bizkaiko Lurralde Historikoko toki erakundeetan Estaturako gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostu hutsak betetzeko (2023ko ekainaren 2ko BAO, 106. zk.); Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren ekainaren 6ko 4276/2023 Foru Aginduaren bidez zuzendua (2023ko ekainaren 9ko BAO, 111. zk.).

c) Gipuzkoako Lurralde Historikoa: Gobernantza Departamentuko foru diputatuaren ekainaren 2ko 1054/2023 Foru Agindua, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak betetzeko 2023ko lehiaketa arrunta deitzekoa (2023ko ekainaren 6ko GAO, 108. zk).

Bigarrena.– Lehiaketetan parte hartzeko eskaera-orriak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Eskatzen diren betekizunak eta merezimenduak Ebazpen honen egunean bete beharko dira.

Laugarrena.– Deialdi hauetan baloratzeko merezimendu orokorrak izango dira Ebazpen honen egunean egiaztatuta eta inskribatuta daudenak gaikuntza nazionala duten funtzionarioen erregistroan, banakako zerrendaren arabera. Zerrenda hori interesdunen eskura dago Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Lehiakideek ezin izango dute beste egiaztagiri gehigarririk aurkeztu, ezta epaimahaiak bestelako balioespenik egin ere.

Merezimendu orokor horiek https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10619 helbidean ere kontsultatu ahal izango dira.

Bosgarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude jasota gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak, lehiaketa arrunterako deialdi bidez betetzekoak. Lanpostu horiek dira Ebazpen honen eranskinean agertzen direnak.

Seigarrena.– Foru-aldundiek egindako deialdietan daude toki-erakundeek onartu dituzten berariazko oinarriak. Oinarri horietan daude adierazita lanpostuen ezaugarriak eta merezimendu bereziak.

Zazpigarrena.– Lehiaketetan parte hartzeko eskabidea eta destinoak esleitzeko lehentasun-hurrenkeraren eredua argitaratuta daude foru-aldundiek egindako deialdien eranskinetan.

Zortzigarrena.– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitea eskatzen duten lehiatzaileek, eskabideak aurkezteko epean, adierazi beharko diote Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari zer hizkuntza-eskakizun egiaztatu nahi duten.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honetan eta foru-aldundien deialdietan aurreikusi ez diren gaietan, oinarritzat hartuko dira gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioei buruzko araudia eta aplikatu beharreko gainerako lege- edo arau-xedapenak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 12a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala