Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2023ko ekainaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2802

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez abian jarritako deialdia. Agindu horren bidez, mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzen 2023. urterako deialdia egin zen.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko abenduaren 9ko Aginduaren bidez, mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzen 2023. urterako deialdia egin zen (2022ko abenduaren 27ko EHAA, 246. zk.).

Deialdi horri honako hauek aplikatuko zaizkio: 2021/2115 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan estatu-kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena eta 2013/1305 (EB) eta 2013/1307 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dituena; 2021eko abenduaren 7ko Batzordearen 2022/126 (EB) Erregelamendu eskuordetua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua osatzekoa, 2023-2027 aldirako NPEren plan estrategikoetan estatu-kideek esku-hartze mota jakin batzuetarako zehaztutako baldintza gehigarriei dagokienez; 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Batzordearena, 2021eko abenduaren 21ekoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduari jarraikiz olio-haziei, kotoiari eta ardogintzako azpiproduktuei dagozkien esku-hartze motetarako arauak ezartzen dituena, bai eta Batasunaren laguntzarekin eta NPEren plan estrategikoekin lotutako informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-arloko betekizunetarako ere; 2021/2116 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko abenduaren 2koa, politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 2013/1306 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena; 905/2022 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, mahastizaintza eta ardogintzaren arloko esku-hartzea arautzen duena, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan (5. atala, 55-72 artikuluak); 1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoko esku-hartzeen eta beste laguntza batzuen kudeaketa- eta kontrol-sistema arautzen duena (98. artikulua) eta 147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen dituena eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako alderdiak arautzen dituzten errege-dekretu batzuk aldatzen dituena (II. kapitulua eta azken xedapenetatik laugarrena).

Aipatutako 2022ko abenduaren 9ko Aginduan ezarritako epearen barruan, eta bertan ezarritako prozeduraren arabera, laguntza-eskabideak aurkeztu ziren.

2022ko abenduaren 9ko Aginduan eratuko Balorazio Batzordeak aurkeztu ziren eskabideak aztertu eta baloratu ondoren, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan xedatutakoaren arabera, behin-behineko zerrenda bat egin zen lehenetsitako programa hautatuekin, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziara bidali zen data honetan: 2022ko martxoaren 15ean.

Autonomia-erkidegoen proposamenak aztertuta, Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoa betez, 2023ko maiatzaren 3an, Euskal Autonomia Erkidegoko programa egokiak onartu zituen.

Ikusita Sektoreko Konferentziak onartu dituen Euskal Autonomia Erkidegoko programak, eta abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoa betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen eranskinean zerrendatzen diren eskatzaileei laguntzak ematea mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko, 2024ko NBEF ekitaldian. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko abenduaren 9ko Aginduaren babespean, mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzak deitzen dira 2023ko ekitaldirako, eta aipatu eranskinean zehazten dira diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa eta onuradun bakoitzari aitortutako zuzeneko laguntzaren zenbatekoa; hala, guztizko zenbatekoa 3.047.149,98 € (diruz lagun daitekeen gastuaren % 50,00) da, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kontura (NBEF).

Bigarrena.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 66. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa betez, ebazpen hau jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek ebazpen honen eranskinean zehazten den laguntza onartu dutela jakinarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen aldeko berme bat eratu dela ere, emandako laguntzaren zenbatekoa baino ehuneko 15 txikiagoa izango dena gutxienez.

Abala honela aurkeztu ahal izango da:

Aurrez aurre: Abalaren jatorrizkoa aldez aurretik gordailutuko da Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusian (Lakua II – 1. solairua), 09:00etatik 13:00etara artean.

Telematikoki: Eusko Jaurlaritzaren Bermeen Erregistroan:

1.– Banketxe/Elkarrekiko Berme Sozietate/Aseguratzaile batek digitalki sinatutako abal/kauzio-aseguruen kasuan, horiek posta elektronikoz bidali ahal izango dira TesoreriaAval@euskadi.eus helbidera.

2.– Eskudirutan eratutako abalak banku-transferentziaren bidez egin ahal izango dira. Interesdunak erregistratzeko behar diren datuak bidaliko ditu TesoreriaAval@euskadi.eus helbidera. Hauek dira: enpresaren izena eta IFZ, abalaren zenbatekoa, espediente-zenbakia, «mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko, 2024ko NBEF ekitaldia» laguntza-kontzeptua eta bermea jasoko duen organoaren identifikazioa (Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea). Datuak egiaztatu ondoren, dirua sartzeko kontu-zenbaki bat emango da eta, behin sartuta, egiaztagiria bidali beharko da. Diru-sarrera egin dela egiaztatu ondoren, bermea erregistratuta geratuko da. Hirugarrena alta emanda ez badago, horretarako behar den dokumentazioa eskatuko da.

Justifikazio-gastuen ordainketa guztiak sustapen-ekintzetarako eta -programetarako bakar-bakarrik erabiliko den banku-kontu baten bitartez egingo dira.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala