Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2023ko ekainaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2801

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzetarako 2023ko deialdiaren oinarriak onartzeko.

Ingurumen aldetik jasangarriak diren ekoizpen-metodoetarantz aurrera egitea lehentasun politikoa da sailburuordetza honentzat. Eta ez bakarrik Europako herritarren eskaera sozialengatik, baserritik mahaira estrategian edo biodibertsitatearen estrategian islatzen direnak, eta Europar Batasun osoko nekazaritza azaleraren % 25 ekoizpen ekologikora bideratzea edo banaketa-lerroetan produktu ekologikoen eskaria handitzea aldarrikatzen dutenak.

Horretan benetan sinesten dugulako ere bai. Izan ere, nekazaritza-sektoreak garapen jasangarriko eta 2030 agendako helburuak betetzen lagundu behar du gure esku dauden esparruetan, hala nola klima-aldaketaren aurkako borrokan, elikadura osasungarri eta arduratsuaren sustapenean edo lurzoruaren eta ekosistema naturalen babesean.

Nekazaritzak aurrekaririk gabeko erronka bati egin behar dio aurre, elikagai eta zuntz gehiago ekoitzi behar ditu, munduko biztanleria gero eta handiagoa –aurreikuspen demografikoen arabera, mende amaieran 10.000 milioi pertsona– elikatzeko; horrek esan nahi du baliabideen eskaria % 70 handituko dela. Gainera, elikagaien ekoizpenaren hazkunde hori klima-aldaketaren testuinguruan gertatu behar da, baliabide naturalen gero eta eskasia handiagoa eta gero eta eskulan gutxiago egonik eta kontuan izanik munduko biztanle gehienak hiriguneetan bizi direla: kalkuluen arabera, biztanleria osoaren % 60 hiriguneetan biziko da (70eko hamarkadan, ordea, % 40 baino ez zen). Ez dugu ahaztu behar, halaber, gatazka beliko bat dagoela gaur egun Europaren bihotzean eta, horren eraginez, elikagaien hornidura eta prezioa nabarmen baldintzatuta daudela.

Horren ondorioz, elikagaiak ekoizteko egungo sistemen jasangarritasuna zalantzagarria da; izan ere, urteetan zehar, ekoizpena handitzeko helburu argiarekin, baliabideen erabilera intentsiboa egin da, eta horrek ingurumen-inpaktu konponezinak eragin ditu. Elikagaien ekoizpenak eragin du mundu mailan emandako biodibertsitate-galeraren % 60, baita berotegi-efektuko gasen isurketen % 24. Era berean, biodibertsitatearen galera hori, klima-aldaketa eta lurzoruaren degradazioa elikadura-segurtasunean zuzeneko eragina duten arazo handiak dira, etorkizuneko elikadura-segurtasuna bera arriskuan jartzeraino. Alabaina, kontuan hartu behar da nekazaritza, ingurumen-arazoaren parte izanik ere, ingurumen-erronkak konpontzeko ere garrantzitsua dela.

Horregatik guztiagatik, zalantzarik gabe, nekazaritza jasangarriago baterako trantsizioa egin behar da, elikatze-kateko eragile guztiak kontuan hartuko dituen trantsizioa. Zehazki, lehen sektoreak azkarrago eraldatu behar ditu bere ekoizpen-metodoak, eta ahalik eta modurik onenean erabili behar ditu irtenbide teknologikoak, digitalak eta naturan oinarritutakoak, ingurumen-emaitza hobeak lortzeko, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia handitzeko eta sargaien erabilera murriztu eta optimizatzeko. Etorkizuneko edozein agertokik proteina-iturri berriak eskatzen ditu, barazkiak ekoizteko ur, ongarri eta fitosanitario gutxiago behar dituzten sistemak, baita elikagai-galera eta -hondakinak geldiaraztea ere.

Baina aldaketa hori ezinezkoa da erakunde publikoen inplikaziorik gabe. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan, eragileen arteko lankidetza funtsezkoa da nekazaritza berde, digital eta erresistentea bermatuko duen ezagutza sortzeko, eta, aldi berean, jakintza hori helaraziko duten eta elikagaien ekoizpenaren ondoriozko ingurumen-arazo nagusiei irtenbidea emango dieten ingurumen-politikak diseinatzeko.

Uste sendo horretatik bultzatu nahi da gure Autonomia Erkidegoan ziurtatutako ekoizpen ekologikoaren hedapena, bere garaian ekoizpen integratuari eman zitzaion bultzadatik harago joanez, eta ondo jakinda uneotan Euskadiko egiaztapen ekologikoa duten laboreen azalera (7.500 hektarea gutxi gorabehera, % 11) urrun dagoela 2030erako EBko biodibertsitate-estrategiak markatutako parametroetatik, hau da, nekazaritza-azaleraren gutxienez % 25 izatetik.

Horregatik, laguntzen Agindu honen helburua da gure ekoizpen konbentzionalaren zati bat ekoizpen ekologikorako trantsizioan jartzea sustatutako duten jarduerak bultzatzea, betiere, ekoizpen-ereduen arteko liskarrik eragin gabe eta bi ekoizpen-sistemetako ekoizleen arteko errezeloak gainditzen laguntzeko.

Horretarako, bi motako laguntzak proposatzen dira: batetik, aholkularitzarekin eta ezagutza eta informazio transferentziarekin lotutakoak, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 Erregelamendua (EB) aintzat hartuta –nekazaritza eta basogintza sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (327. EBAO, 2022ko abenduaren 21ekoa)–; eta, bestetik, ekoizpen konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora aldatzeko proiektuak garatzen laguntzea, zenbait jarduketa bilduz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aintzat hartuta –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa (352. EBAO, 2013ko abenduaren 24koa)–.

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Halaber, dirulaguntzen deialdi hau, halaber, jasota dago 2022ko otsailaren 16ko Aginduan, zeinaren bidez laugarren aldiz aldatzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduak onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa; azken agindu horren bidez onartzen da, hain zuzen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluari jarraikiz. Horren bidez, elikadura ekologikoa, tokikoa, jasangarria eta osasungarriagoa sustatu nahi da, ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-sistemak sustatuta betiere.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeari jarraikiz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzetarako 2023ko deialdiaren oinarriak. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 30.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. oinarria.– Laguntzaren xedea.

Agindu honen xedea da ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzetarako deialdia egitea 2023ko ekitaldirako.

2. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsiziorako laguntzen barruan, honako lerro hauek ezarriko dira:

1.– «Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidaliburuak» sortzen laguntzea, oinarrion II. kapituluan garatuta dagoen bezala.

2.– Ekoizpen ekologikora aldatzeko proiektuen bideragarritasun-azterlanak egiten laguntzea; oinarrion III. kapituluan daude garatuta halako azterlanak.

3.– Erakusketa-jarduerak eta bisitak babestea; oinarrion IV. kapituluan daude garatuta halakoak.

4.– Ekoizpen ekologikora aldatzeari buruzko aholkularitza integrala; oinarrion V. kapituluan dago garatuta halako aholkularitza.

5.– Ekoizpen ekologikoan espezializatutako aholkularitza; oinarrion VI. kapituluan dago garatuta halako aholkularitza.

6.– Ekoizpen konbentzionaleko nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora aldatzeko proiektuak garatzea; oinarrion VII. kapituluan daude garatuta halako proiektuak.

1 eta 5 puntuen arteko laguntzok, II. kapitulutik VI. kapitulura garatuta daudenak, Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduko 22. artikuluan araututakoen artean daude. Erregelamendu horrek nekazaritza eta basogintza sektoreetarako eta landa eremuetarako laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Laguntza horiek Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita daude, Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe. Alabaina, erregelamendu beraren 11. artikuluaren arabera, derrigorrezkoa izango da Europako Batzordeari jakinaraztea, Erregelamenduarekin batera horretarako aurkeztutako formatu normalizatuan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egun balioduneko epean.

Bestalde, 6. puntuko laguntza, VII. kapituluan garatuta dagoena, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) araututakoen artean dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzetan aplikatzeari buruzkoa da.

Laguntza horiek Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarritako jakinarazpen-betebeharretik salbuetsita daude.

3. oinarria.– Finantzaketa.

1.– II., III., IV., V., VI. eta VII. kapituluetan aurreikusitako laguntzak osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira.

2.– Agindu honen bidez deitutako laguntzak finantzatzeko, 300.000 euroko aurrekontu-kredituak erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, honela banatuta:

– 20.000 euro II. kapituluko laguntzetarako.

– 20.000 euro III. kapituluko laguntzetarako.

– 20.000 euro IV. kapituluko laguntzetarako.

– 30.000 euro V. kapituluko laguntzetarako.

– 30.000 euro VI. kapituluko laguntzetarako.

– 180.000 euro II. kapituluko laguntzetarako.

3.– Jarduketa baterako aurreikusitako funtsak estaltzen ez badira, funts gehiago behar dituen beste jarduketa batera transferitu ahalko dira, 7.2 oinarriko azken paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

4. oinarria.– Baldintza orokorrak.

1.– Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dira. Baldintza horiek Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko baldintzak jasotzen dituzte. Hauek dira:

a) Ez izatea epai irmo bidez kondenatuta dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera, eta ez egotea aukera hori galduta prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta jasotako zigorragatik.

b) Konkurtso-deklarazio borondatezkorik eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hitzarmen batek hartu badu, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera ebatzita ez izatea.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta ez egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak ez izatea, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

f) Egoitza fiskala ez izatea paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

g) EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketa egunean dutela ulertuko da, baldin eta zorrik ez badute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edozein erakunderekin edo haren sektore publikoarekin, betearazpenaldiko dirulaguntzak itzultzeagatik, edo, onuradunen edo premiamendu-bidea erabili behar ez duten erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu ez diren zorrak ez badituzte. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo bermatuta daudenean, edo dagokion ebazpenaren inpugnazioa dela-eta horiek bertan behera uztea erabaki denean. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zigorrik ez izatea.

i) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez izatea, zigor-arloko delituren bat egin duelako arrazoizko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko ahala dagoela ziurtatzen duen ebazpen judizial irmoa eman ez bada.

j) Eskatzaileak jakinarazi behar du diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duen ala ez. Eta, VII. kapituluko laguntzen kasuan, de minimis erregimeneko beste laguntzarik eskatu ote duen, eta, eskatzekotan, jaso ote duen.

k) II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaintzat hartua izatea, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

l) II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 2. artikuluaren 59. puntuaren arabera krisian den enpresatzat hartua ez izatea.

m) II. kapitulutik VI. kapitulura bitartean araututako laguntzen kasuan, pertsona onuraduna berreskuratze-agindu baten eraginpean ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu emandako laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

n) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu baino ez direnean, ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan lege horretan aurreikusitako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, Lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateek ordaintzeko legezko ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatu behar dute, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko edozein finantzaketa alde batera utzita.

2.– Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluan xedatuta dagoen bezala, nekazaritzaren arloan eskumena duten EAEko administrazioek ez diete laguntzarik ez dirulaguntzarik emango nekazaritzaren arloan jarduten duten profesionalen, enpresen, sindikatuen edo bestelakoen elkarte edo erakundeei, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez badute.

3.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen taldeetako kideei dagokienez, onuraduntzat har daitezkeenek 1. apartatu honetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

4.– Era berean, dirulaguntzak jasotzeko debekuek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, horiek tartean izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipentzat edo deribaziotzat hartzekoei –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

5.– Era berean, aurkeztutako proiektuek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako epe hauetan eginak izatea:

II. kapitulutik VI. kapitulu artekoak: 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan araututako efektu pizgarriak ezartzen duenaren arabera, ezingo dira diruz lagundu agindu honen 5. oinarrian aipatzen den eskabidea aurkeztu aurretik hasitako jarduerak, betiere 10. oinarrian ezarritakoaren arabera.

VII. kapitulukoak: 2023an egindako gastuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.

5. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabide hori oinarri honen 7. paragrafoan ezarritako baldintzetan eskatutako dokumentazioarekin osatu beharko da, baita hurrengo kapituluetan adierazitako baldintza espezifikoetan oinarrituta beharrezkoa den dokumentazioarekin ere.

2.– Dirulaguntzen efektu pizgarria –2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan aurreikusitakoa– bermatzeko, gastu edo inbertsioa eskabidea aurkezteko data igaro ondoren abiarazten duten pertsona eskatzaileek –II. kapitulutik VI.era bitartekoek– baino ezingo dituzte baliatu.

Dena den, deialdi hau argitaratu eta eskabidea aurkeztu aurretik egiten diren gastu edo inbertsioak ere hartuko dira kontuan, inbertsioak abiarazi aurretik, eskatzaileak laguntza eskuratzeko aldez aurretiko idatzizko eskabide bat aurkeztu badu eta, salbuespenen 2022/2472 Erregelamenduaren 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, honako informazio hau jasotzen badu: enpresaren izena eta tamaina; proiektuaren edo jardueraren deskribapena, hasierako eta amaierako datak barne; proiektuaren edo jardueraren kokapena; diruz lagundu daitezkeen kostuen zerrenda; eskatutako laguntza mota (itzuli beharrik gabeko dirulaguntza); eta proiekturako/jarduerarako behar den finantzaketa publikoaren zenbatekoa. Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honetan ezarritako baldintzei jarraikiz.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraikiz, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, bai eta ondorengo izapideak egin ere. Pertsona fisikoek hala aurrez aurre nola elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak:

– Bide presentziala (aurrez aurre): eskabideak aldez aurretik hitzordua eskatuta besterik ez daitezke aurkeztu Zuzenean Zerbitzuan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

– Bide elektronikoa: bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207002).

Helbide horretan eskuratu daiteke eskabide-orria (II. eranskina), bai eta eskabideak aurrez aurre nahiz modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen (III. eranskina) laguntzeko informazioa ere.

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko (baita gastua justifikatzeko izapidea ere), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

7.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da (II. eranskina).

8.– Laguntza eskatzen duen pertsona fisiko edo juridiko bakoitzeko, honako dokumentazio hau aurkeztuko da laguntza-lerro bakoitzari dagokion kapituluan deskribatutako dokumentazioarekin batera:

a) Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren kopia bat eta estatutuen kopia bat (dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita). Gainera, II. kapitulutik VI. kapitulura bitarteko laguntzen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertain bat dela egiaztatzen duen dokumentazioa, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarriotan eskatutako baldintzak betetzen dituela eta aurkeztutako agiri guztietan egia dioela adierazteko.

c) Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

Laguntzak eskatu dituzten eta izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridikoen taldeen kasuan, proiektu pilotuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari dagokionez aurkeztu beharko da dokumentazioa.

Era berean, izaera juridikorik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen kasuan, eskabidean berariaz adierazi beharko dituzte taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza-zenbatekoa. Halaber, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da, eta nahiko ahalmen izan behar du taldeari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko. Taldea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NAN eta IFK zenbakiak, zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean direla egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, berariaz aurka egiten denean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko da. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 8. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak adierazi egin beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa betetzeko, eskabidea legez telematikoki aurkeztu behar badu interesdunak baina, aitzitik, aipatutako obligazio hori saihestu eta aurrez aurre egiten badu eskabidea, aurkezteko modua zuzentzeko eskatuko zaio, eta legez ezarritako bide elektronikoen bidez egiteko. Eskakizun hori bete ezean, aurrez aurre aurkeztutako eskabidea ez da baliozkotzat joko. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea da eskabidea aurkezteko epea.

Ondorio horietarako, baldin eta, zuzentzeko xedez, eskabide elektronikoa aurkezten bada, baina oinarri honetan ezarritako epetik kanpo, aurkeztu gabekotzat joko da eskabide hori.

13.– Edonola ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahalko dizkio eskatzaileari.

14.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak du deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Balorazio Batzorde bat sortuko da II., III., IV., V., VI. eta VII. kapituluetako laguntza-lerroetako proiektuak ebaluatzeko eta baloratzeko, bai eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haztatzeko ere.

3.– Balorazio Batzordea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako hiru kidek osatuko dute: Hugo Macía Oliver –zerbitzu horren arduraduna– batzordeburu izango da (hura ez badago, Beatriz Garcia Garcia andreak ordeztuko du); Amaia Pérez de Anucita González eta Resurrección Abasolo García, biak ala biak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako teknikariak. Resurrección Abasolo García andrea, berriz, idazkaria izango da.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, nola bileretan parte hartzeko hala aholkularitza emateko eskatu ahalko die arloko aditu diren pertsonei, beharrezko irizten dionean.

4.– Balorazio Batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu; halaber, baloratu egingo du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak. Laguntza-lerroan inplikatutako azpisektorearen garrantziari lotutako balorazio-irizpidearen ondorioetarako (29., 41., 47. eta 53. oinarrietan dago), azken hiru urteetan Euskadiko azken nekazaritza-ekoizpenari egindako balio erantsi gordinaren ekarpenaren batez besteko ehunekoaren garrantzia hartuko da kontuan.

c) Balorazio-irizpide eta laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 8. oinarrian aipatzen den edukia jaso beharko du gutxienez.

6.– Balorazio Batzordeak nahi dituen funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta horietan xedatzen ez den guztian Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituko diote.

7. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Lehiaketa bidez esleituko dira Agindu honen II., III., IV.,V., VI., eta VII. kapituluek arautzen dituzten laguntza-lerro bakoitzeko laguntzak.

2.– Aipatutako kapituluek arautzen duten laguntza-lerro bakoitzaren barruan, proiektu bakoitzari ematen zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, aurkezten diren proiektuak konparatuko dira, eta aginduak finkatzen dituen hautaketa-irizpide objektiboak eta balioespena aplikatuko zaizkie. Ondoren, laguntza-lerro bakoitzeko aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ordena horretan esleituko dira laguntzak, deialdi honen 24., 30., 36., 42. eta 48. oinarriek finkatzen dituzten ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposatutako kopurua diru kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru kopuru erabilgarri hori izango da, baldin eta kopuru hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70ekoa edo handiagoa bada. Diru kopuru erabilgarri hori diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70 baino gutxiago bada, ez da laguntza esleituko, eta kopuru horrek 1. oinarrian jasotako beste lerro batera zuzendutako funtsak handituko ditu, honako hurrenkera honetan: II., III., V., VII., VI. eta IV. kapituluak, harik eta guztiz agortzen diren arte.

3.– VII. kapituluko laguntzen kasuan, eta lehen aipatutako 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren arabera, enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru zerga-ekitalditan (2021, 2022 eta 2023).

8. oinarria.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak eta Balorazio Batzordeak egin duen proposamena aztertu ondoren, eta 6. oinarrian xedatutakoaren arabera, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebatziko du eskatutako laguntzak eman behar ote diren, ebazpen bakar baten bitartez.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izen-abizenak edo izen soziala, eta Identifikazio Fiskaleko Kodea edo Nortasun Agiri Nazionala.

2) Diruz lagundutako zenbatekoa.

3) Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

4) Izaerarik gabeko pertsona fisikoen edo juridikoen taldeek berariaz adierazi beharko dituzte taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntza zenbatekoa.

5) VII. kapituluko laguntzen kasuan, de minimis laguntzak direla agerraraztea.

B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

1) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, Identifikazio Fiskaleko Kodea edo Nortasun Agiri Nazionala.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da.

4.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindu honen indarraldia hasten denetik aurrera. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.

Halaber, argitalpenaren egunean bertan, interesdunei horren berri emango zaie https://www.euskadi.eus/micarpeta helbidean, bertan sartu ahal izateko.

5.– Aginduaren indarraldia hasten denetik sei hilabete igaro eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazten, eskabideak ezetsi zaizkiela ulertu beharko dute interesdunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.9 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

7.– Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, hau da, honako hauek: 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko betebeharrak; eta laguntza ezberdinen betebehar espezifikoak, besteak beste, honako hauek direnak:

a) Diruz laguntzen den jarduera egitea 10. oinarrian ezarritako epean.

b) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat emango da.

d) Ebazpen-proposamena eman baino lehen, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak.

f) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko kontrol-organoei jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

g) Deialdi honen 4. oinarriko 1.j) paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskatu eta eskuratzen bada, horren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik. Gainera, VII. kapituluko laguntzen kasuan, beste de minimis laguntza batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea, aldi eta modu berean.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, idatziz.

i) Kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak behar bezala auditatuta izatea, merkataritza-legeriak eskatutako baldintzetan, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako gastu guztietarako kontabilitate-sistema bereizi bat edo kontabilitate-kode egoki bat izatea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

j) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

k) Finantzazioaren izaera publikoaren berri behar bezala ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren –Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoaren– 8.1.a) artikuluari jarraituz, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatu beharko du, eman beharreko zenbatekoa 5.000 euro edo gutxiago bada, erantzukizunpeko adierazpen baten medioz.

Haatik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ofizioz egiaztatu ahalko ditu datu horiek, elkarreragingarritasun-prozeduren bidez. Alabaina, eskatzaileak modu arrazoituan egin ahalko du aurka eta, hala eginez gero, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

10. oinarria.– Gehieneko exekuzio-epeak.

Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2023ko ekitaldiko abenduaren 15a izango da.

11. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu egin dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria, proiektuaren betetze-mailari, betetze-mailari eta azken emaitzei buruzko informazioa jasoko duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta aurreko Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera. (III. eranskina).

b) Langileen gastuak, honako hauen bidez justifikatuko dira: ordainsariak, horiek ordaindu izanaren agiriak, Langile Zerrenda Izenduna (LZI), aurreko ekitaldiari dagozkion Kotizazioen Likidazioaren Ordainagiriak (KLO) eta hitzartutako lanordu kopurua adierazten duen agiria. Langile autonomoen kasuan, ordutegi-kostuaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, proiektuan parte hartzen duten gainerako langileen ordu-kostuaren batezbestekoaren arabera kalkulatuta.

c) Fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, baliozkoak direnak merkataritzako trafiko juridikoan, edo administrazio-efikazia dutenak. Egiaztagiriak zigilu batekin markatuko dira, eta laguntza honetara aurkeztu izana eta egiaztagiriari egotzitako dirulaguntzaren ehunekoa adieraziko dira.

d) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

e) Aldaketa-proiektuaren kasuan, «ekoizpen-eskuliburu» bat egin beharko da, eta bertan jasoko dira garatutako proiektuaren informazio teknikoa, planteamenduak, lortutako emaitzak eta hirugarrenek pilotua ekoizpen-baldintzetan erreplikatu edo eskalatu ahal izateko behar den informazio tekniko eta ekonomiko guztia.

f) Behar izanez gero, dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

g) V. eta VI. kapituluetako laguntzak eskatuz gero, emandako zerbitzuaren ezaugarriak (ustiategiak, azalerak, azienda larriko unitateak, ekoizpen-orientazioak) jasotzen dituen urteko txostena aurkeztu beharko du erakundeak. Txostenean agerian jarri beharko dira aholkatutako ustiategiek ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria lortzea errazten edo zailtzen duten faktoreak. Txostena ekitaldia amaitzen den unean entregatuko da.

h) VII. kapituluko laguntzak eskatu dituzten nekazaritza-ustiategien kasuan, fase guztiak gauzatu ondoren, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoko Operadoreen Erregistroaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiria osorik gauzatu edo onartu ez bada, erregistro horretan inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, eta geroago, ziurtagiria aurkeztu.

i) III., IV. eta V. kapituluetako laguntzak eskatu badira, aholkulariak emandako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, laguntza honen xede den aholkularitza-zerbitzua jaso izana ziurtatzen duena.

2.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 31ra artekoa izango da.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahalko ditu, egoki irizten badio. Eskabide horrek arrazoitua izan beharko du.

12. oinarria – Ordainketa.

1.– Ordainketa egiteko, aurretik eskatu eta gastua justifikatu beharra dago, aurreko oinarrian adierazitako agiriak aurkeztuz.

2.– Ez da laguntzen aurrerakinik edo konturako ordainketarik emango.

3.– Ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 11. oinarriaren 1. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak ordainketa egin dezan.

4.– Diruz lagundutako gastua ez bada ezarritako gehieneko epean egiten, luzapenak barne, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, Agindu honen 16. oinarrian aurreikusitako itzulera-prozedura jarriko da abian.

5.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan, elkarteak funtsen hartzaile izateko izendatu duen kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu elkarteko gainerako kideen artean.

6.– Dirulaguntzak ordaintzeko, amaitu egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoak emandako antzeko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedurak, artean izapideetan daudenak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriz gero, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik, pertsona ez da inolaz ere onuradun izango eta ez zaio laguntza inolaz ere ordainduko.

7.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

13. oinarria.– Azpikontratazioa.

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikulua eta uztailaren 21eko 887/2016 Errege Dekretuaren 68. artikulua aplikatuz, diruz lagundutako jardueraren gauzatzea onuradun ez diren hirugarrenei azpikontratatu ahalko die onuradunak. Proiektua gauzatzeko azpikontratua diruz lagunduko den jardueraren % 60koa izan daiteke gehienez.

2.– Hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta, gainera, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskabidea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztuko da, eta onartze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea onartu egin dela ulertu ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuz.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean Agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 9. oinarrian adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezingo du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

a) 4. oinarrian ezarritako baldintza orokorrak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

c) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren guztizko kostuaren ehuneko jakin gisa zehazten badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Pertsona onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisikoekin edo juridikoekin, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

2) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa ez izatea atxikitako entitateak egindako kostua baino handiagoa. Onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan justifikatuta egiaztatuko da kostua.

e) Deialdi eta programa berean laguntza eskatu duten, baina baldintzak betetzen ez dituztelako edo beharrezkoa den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

3.– Baldin eta proiektuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagotu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

15. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskabidea, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak emandako laguntzari uko egin ahalko dio, baita laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 9. oinarriko 1.c) apartatutan ezarritako betebeharrarei jarraikiz–; hori bai, diruz lagundutako gastua gauzatu aurretik egin behar du hori, eta, betiere, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

3.– Nolanahi ere, ematen diren atzera egite edo uko kasuetan, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea 94. artikuluan ezarritakoari men egingo zaio.

16. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak finkatzen duen baldintzaren bat, proiektua ez badute osorik gauzatzen eta horren ondorioz erabat hutsaltzen badute laguntzaren helburua edo dirulaguntzak itzultzera behartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude, laguntzak ematen dituen organo eskudunak, baldintzak ez betetzeagatiko espedientea izapidetu eta interesduna entzun eta gero, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partzialki edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzulketa-prozedura Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion, baita interesdunari ere. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak.

17. oinarria.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu 30., 36., 42., 48., eta 54. oinarriek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio programa honen babespean emandako dirulaguntzari.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, baliteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntza ematea eragin zuen helburua mantendu beharko dira. Horretarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira doitzeko, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

VII. kapituluko laguntzen kasuan, beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko konkurrentziak ezin izango du gainditu 7. oinarriko hirugarren puntuan ezarritako muga.

18. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazioa lortzeko: https://www.euskadi.eus/clausulas–informativas/web01-sedepd/es/transparencia/113000-capa1-es.shtml

II. KAPITULUA
«EKOIZPEN EKOLOGIKOAN HASTEKO GIDALIBURUAK» SORTZEN LAGUNTZEA

19. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea honako laguntza-lerro hauek arautzea da:

1.– «Ekoizpen ekologikoan hasteko gidaliburuak» egiteko eredua sortzeko laguntzak: Edozein ekoizpen-orientaziori aplika dakiokeen bide-orriaren oinarrizko gidoia markatuko duen oinarrizko dokumentu bat ezartzea.

2.– «Ekoizpen ekologikoan hasteko gidaliburuak» sortzeko laguntzak: Gidaliburu horiek espezifikoak izango dira ekologikoki garatu beharreko ekoizpen-orientazio bakoitzerako. Ekoizpen ekologikora aldatzeko prozesua hasi nahi denetik Ekoizpen Ekologikoko egiaztagiria lortu arte egin beharreko urratsak argitzeko jomuga izan behar du edukiak. Beraz, Egiaztapen Ekologikoaren Kontseiluak eskatutako memoriaren eskakizunetara egokitu behar dira gidaliburuok. Elementu garrantzitsu gisa, ekoizpen paraleloko aldaketaren berezitasunak landu behar dituzte.

20. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak edo juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzua eskuratu ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

21. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

1.– Gidaliburuetarako ereduen kasuan, Agindu honen 4. oinarrian jasotako baldintza orokorrak betetzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren baliozkotzea beharko dute eredu eta gidaliburuok.

2.– Gidaliburuen kasuan, Agindu honen 4. oinarriko baldintza orokorrak ez ezik, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

a) Aurkezten den gidaliburuak gidaliburu berria izan beharko du, existitzen ez dena edo, existitzekotan, gutxienez hiru urteko antzinatasuna duena.

b) Eskabidearekin batera, lan-plan bat aurkeztuko da, garatu beharreko jarduerak deskribatuko dituena, eta kronograma bat, gehienez ere sei hilabeteko lana aurreikusiko duena.

c) Amaitu ondoren, gidaliburua sektore interesdunari aurkeztu beharko zaio.

3.– Erakusketa garatzen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

4.– Eskabide independente bat aurkeztuko da egin beharreko eredu edo gida bakoitzeko.

22. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langileen gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

23. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Eredu edo gidalibururako proposamena sortzea. Gehienez ere 30 puntu emango dira.

b) Gidaren xede den sektorearen garrantzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

c) Aurretiazko gidalibururik ez izatea (gidaliburuaren antzinatasuna). Gehienez ere 10 puntu emango dira.

d) Idazleen taldeak gidaliburuaren xede den sektorean duen esperientzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

e) Lan-plana eta kronograma. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

f) Idazle-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

24. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagundu daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500 euroko mugarekin eredu edo gidaliburu bakoitzeko.

III. KAPITULUA
NEKAZARITZA-USTIATEGIAK EKOIZPEN EKOLOGIKORA ALDATZEKO PROIEKTUEN BIDERAGARRITASUN-AZTERLANAK EGITEKO LAGUNTZA

25. oinarria.– Xedea eta helburua.

Nekazaritza-ustiategietan ekoizpen konbentzionaletik ekoizpen ekologikora aldatzeko proiektuen bideragarritasun-azterlanak egiteko laguntzak arautzea da kapitulu honen xedea.

26. oinarria.– Onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak edo juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzua eskuratu ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

27. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko baldintza orokorrak ez ezik, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

1.– Eskabidearekin batera, nekazaritza-ustiategiaren bideragarritasun-azterlanerako proposamen bat aurkeztuko da. Bertan, gauzatu beharreko jarduerak deskribatuko dituen lan-plan bat bilduko da, baita aldaketa-prozesuaren faseen kronograma bat ere. Azterlan hori justifikazio-fasean entregatu beharko da, eta nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikora aldatzearen bideragarritasuna justifikatzeko memoria ekonomiko bat izango du.

2.– Proiektua garatzen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

3.– Eskabide independente bat aurkeztuko da proiektu bakoitzeko.

28. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langileen gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

29. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Bideragarritasun-azterlana egiteko proposamenaren kalitatea. Gehienez ere 40 puntu emango dira.

b) Azterlanean interesa duen azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

c) 4 urte baino gutxiagoko antzinatasuna duen antzeko lanik ez egotea. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

d) Idazleen taldeak azterlanaren xede den sektorean duen esperientzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

e) Idazleen taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

f) Bideragarritasun-azterketaren xede den ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

30. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagundu daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500 euroko mugarekin azterketa bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
ERAKUSKETA-JARDUERAK ETA BISITAK BABESTEA

31. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea erakusketa-jarduerak egiteko laguntzak arautzea da, hau da, praktika, makineria edo lan-sistema berriak nola erabiltzen edo egiten diren erakusten duten saio praktikoak. Jarduera ustiategietan edo erakusketa-finketan egingo da.

32. oinarria.– Pertsona onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak edo juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzua eskuratu ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertainak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

33. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko baldintza orokorrak ez ezik, aurkeztu beharreko proiektuan jaso eta zehaztuko diren honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

1.– Jarduera berritzaile bat aurkeztu beharko da, berritzaile dena aurkeztutako praktikaren izaeragatik, edo bertaratu direnengatik. Gorabehera hori adierazi egin beharko da proiektuaren memorian.

2.– Garatu beharreko erakusketa-jardueraren deskribapena aurkeztuko da, jardueraren izaera berritzailea justifikatuz eta xede-publikoaren ezaugarriak zehaztuz.

3.– Jarduera zabaltzeko eta sustatzeko proposamen bat egingo da, eta proposamen hori proiektuan zehaztuko da.

4.– Erakusketa garatzen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

c) Nekazaritza-ekoizleen kasuan, ekoizpen ekologikoan gutxienez 5 urteko esperientzia frogatzeak balioko du.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

5.– Eskabide independente bakar bat aurkeztuko da jarduera bakoitzeko.

34. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikarien gastuak.

b) Erakusketa-jarduerak ematen dituzten nekazarien edo abeltzainen ordutegi-kostuen gastuak.

c) Desplazamendu-gastuak.

d) Jarduerarekin lotutako gastuak (gasolioa, ongarriak, tratamenduak, etab.).

e) Jarduera hedatu eta sustatzeko gastuak.

2.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

35. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Erakutsi beharreko teknikaren/prozesuaren/ekintzaren berrikuntza-maila. Gehienez ere 50 puntu emango dira.

b) Xede-publikoa osatzen duten pertsonen profila. Gehienez ere 20 puntu emango dira.

c) Erakusketa garatzen duten pertsonen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

d) Proposamenaren genero-ikuspegia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

e) Erakustaldi-jarduera kalteberatzat deklaratutako eremu batean kokatutako ustiategi batean egiten bada, eta frogapenaren zati bat nitratoekin ura ez kutsatzeko ustiategiaren kudeaketa egokira berariaz bideratuta badago, gainerako irizpideekin lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

36. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, jarduera bakoitzeko 1.500 euroko mugarekin.

V. KAPITULUA
EKOIZPEN EKOLOGIKORA ALDATZEARI BURUZKO AHOLKULARITZA INTEGRALA

37. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea da ustiategi osoa edo zati bat ekoizpen ekologikora aldatzeko aukera planteatzen duten ustiategiei laguntzeko etengabeko laguntza ematen dieten zerbitzuen laguntzak arautzea. Ustiategiak planteamendua egiten duenetik aldaketaren aldia amaitu eta bost urtera arte hartzen du, eta lagun egiteko urte horiek guztiak lagundu ahalko dira diruz. Ibilbide hori urte naturalarekin bat datozen faseen arabera zatitu daiteke, hau da, ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra. Fase bakoitzean gauzatuko diren jarduerak ezingo dira gauzatzen hasi deialdi bakoitzeko eskabideak aurkeztu aurretik.

38. oinarria.– Pertsona onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak edo juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzua eskuratu ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

39. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko baldintza orokorrak ez ezik, aurkeztu beharreko proiektuan zehaztuko diren honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

1.– Ustiategia partzialki edo osorik ekoizpen ekologikoko ustiategi bihurtzeko konpromisoa dutela egiaztatzen duten nekazaritza-ustiategien titularrei emandako zerbitzuak baino ez dira diruz lagunduko, aholkulariak emandako konpromiso-ziurtagiri baten bidez.

2.– Zerbitzua ematen duten erakundeek baliabide materialak eta langile kualifikatuak izan behar dituzte, aldian behin prestakuntza jasotzen dutenak eta aholkularitzaren arloan esperientzia eta fidagarritasuna dutenak.

3.– Zerbitzua ematen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

4.– Erakundeak zerbitzua emateko plan bat aurkeztu beharko du, eta bertan metodologia zehaztu beharko du, aholkatu beharreko ustiategien ezaugarrien arabera (esperientzia, ekoizpen-orientazioa, hedadura, etab.).

5.– Eskabide independente bat aurkeztuko da aholkatutako interesdun bakoitzeko.

40. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikarien gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

41. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Zerbitzua emateko aurkeztutako planerako proposamenaren kalitatea. Gehienez ere 40 puntu emango dira.

b) Ustiategiaren azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

c) Zerbitzu-emaileen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

d) Zerbitzua emateko eskura dauden baliabide materialak. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

e) Aholkularitza-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

f) Aholkatutako ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

42. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagundu daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500,00 euroko mugarekin urtean eta laguntzan parte hartzen duen ustiategi bakoitzeko.

VI. KAPITULUA
EKOIZPEN EKOLOGIKOAN ESPEZIALIZATUTAKO AHOLKULARITZA

43. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea hau da: ekoizpen ekologikoan ziurtatutako nekazaritza-ustiategietako titularrei emandako aholkularitza-zerbitzu espezializatu eta puntualetarako laguntzak arautzea, izaera berritzaileagatik, jakintzaren alderdi espezifikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik aholkularitza-zerbitzu jarraituek eman ezin dituzten gaiak ebazteko (hots, ziurtagiria lortu ondoren sortutakoak).

44. oinarria.– Pertsona onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira, pertsona fisikoak edo juridikoak, nekazaritza-alorreko kooperatibak edo bestelako elkarte batzuk barne hartuta, baldin eta, besteak beste, sektoreko aholkularitza edo informazioa eta laguntza emateko helburua badute, baita esperientzia egiaztatua ere ekoizpen ekologikoren alorrean. Aurrekoen artean sartzen dira ekoizleen elkarteak eta erakundeak, eta horiek ezin dute haietan afiliatzea eskatu zerbitzua eskuratu ahal izateko.

Pertsona juridikoen kasuan, mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak izan beharko dira, 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

45. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko baldintza orokorrak ez ezik, honako hauek ere bete behar dituzte:

1.– Zerbitzu hori ematen duten pertsonek trebakuntza eta esperientzia egiaztatua izan beharko dute, hau da:

a) Titulazioa izatea nekazaritza-alorrean eta antzekoetan.

b) Titulazio espezifikoa ekoizpen ekologikoan.

Kasu batzuetan, zerbitzua ematen duen pertsonaren gaitasun espezifikoa esperientzian oinarrituta egiazta daiteke, edo ekoizpen ekologikoaren arloan ospe handia duten argitalpenen bidez dokumentatuta.

2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 22.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, zerbitzu-emailea inpartziala izan beharko da eta ez du interes-gatazkarik izan beharko.

2.– Erakundeak zerbitzua emateko plan bat aurkeztu beharko du, premia justifikatzeko eta jarraitu beharreko metodologia azaltzeko.

46. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Teknikarien gastuak.

b) Desplazamendu-gastuak.

c) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

4.– Eskabide independente bat aurkeztuko da aholkatutako interesdun bakoitzeko.

47. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Zerbitzua emateko aurkeztutako planaren kalitatea. Gehienez ere 40 puntu emango dira.

b) Ustiategiaren azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

c) Zerbitzu-emaileen esperientzia eta prestakuntza. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

d) Zerbitzua emateko eskura dauden baliabide materialak. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

e) Aholkularitza-taldean emakumeen presentzia gutxienez orekatua izatea. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

f) Aholkatutako ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

48. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta jarduera bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 1.500 euroko mugarekin erakunde bakoitzeko.

VII. KAPITULUA
EKOIZPEN KONBENTZIONALEKO NEKAZARITZA-USTIATEGIAK EKOIZPEN EKOLOGIKORA ALDATZEKO PROIEKTUAK GARATZEA

49. oinarria.– Xedea eta helburua.

Kapitulu honen xedea zera da, nekazaritza-ustiategietarako laguntzak arautzea, ekoizpen-eredu konbentzionaletik ekoizpen-eredu ekologikora aldatzea (dela ekoizpena oso-osorik dela partzialki) ahalbidetuko dieten neurriak hartu eta ezartzeko proiektuak gauzatzeko laguntzak, hain zuzen. Azken helburua nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria eskuratzea da. Beraz, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak eskatutako memoriaren eskakizunetara egokitu behar dira gidaliburuok (https://ekolurra.eus/eragileak-ekolurra/).

50. oinarria.– Pertsona onuradunak.

Kapitulu honetan araututako laguntzen onuradun izan ahalko dira honako hauek: lehenik, nekazaritza-ustiategien titularrak, baldin eta euren nekazaritza-ustiategia partzialki edo osorik ekoizpen ekologikora bihurtu nahi badute; bigarrenik, jarduera ekologiko bat hasten duten pertsonak; hirugarrenik, jada ziurtagiri ekologikoa izanik, beren ekoizpen-eremua oso hein handian labore berrietara aldatzen dutenak.

51. oinarria.– Baldintza espezifikoak.

Agindu honen 4. oinarriko baldintza orokorrak ez ezik, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

1.– Aldatu nahi diren nekazaritza-ustiategiak Nekazaritza Ustiategien Erregistroan edo legez dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egon beharko dira.

2.– Nekazaritza-ustiategiak ziurtagiri ekologikoa eskuratzeko gauzatu beharreko faseak eta neurriak zehaztuko dituen proiektua aurkeztu beharko da. Era berean, proiektuan deskribatu egingo dira zer helburu eta emaitza espero diren eta aurrekontu arrazoitu batekin jarraitu beharreko lan-metodologia.

3.– Ustiategiaren titularrak/ek aldaketa-azterlanaren emaitzara sarbide publikoa izateko konpromisoa hartzen du(te), eta Eusko Jaurlaritzak ezarriko du azterlana argitaratzeko eta zabaltzeko modurik egokiena.

4.– Ziurtagiri ekologikoa duten ustiategien kasuan, baldin eta ekoizpena dagoeneko ziurtatuta dagoenaz bestelako ekoizpen-lerro batera aldatzea aurreikusten badute, gutxienez 10 hektareatan gauzatu beharko dute.

52. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko kostuak eta diruz lagundu ezin direnak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerarako gauzatu beharrekoak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan gauzatzen badira. Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

2.– Honako hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) Langileen gastuak.

b) Material-gastuak eta funtzionamendu-gastuak.

c) Hertsiki aldaketarekin lotuta dauden inbertsioengatiko gastuak.

3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

53. oinarria.– Proiektuak hautatu eta baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektua irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Aldaketa-proiekturako proposamenaren kalitatea eta ustiategiak etorkizunean ekoizpen ekologikoa mantentzearen bideragarritasuna. Gehienez ere 50 puntu emango dira.

b) Proiektuaren xede den azpisektorearen garrantzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

c) Proiektua garatzeko eskuragarri dauden giza baliabideak eta baliabide materialak: gehienez ere 20 puntu emango dira.

e) Aldatu beharreko nekazaritza-ustiategiaren titulartasunean gutxienez presentzia orekatua izatea. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

f) Ustiategia eremu kalteberatzat aitortuta badago, gainerako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren zenbatekoa 1,2ko koefizienteaz biderkatuko da.

54. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

Onuradun gisa hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, kapitulu honetarako ezarritako eta 3.2 oinarrian aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta proiektu bakoitzeko laguntzaren gehieneko ehunekoa diruz lagun daitekeen kostuaren % 100 izango da, 60.000 euroko mugarekin proiektu pilotu eta azterketa bakoitzeko.

Era berean, 1047/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun bakar bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ezingo da 200.000 eurotik gorakoa izan segidako hiru zerga-ekitalditan, dagokigun kasuan, 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala