Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2023ko ekainaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2800

EBAZPENA, 2023ko ekainaren 1ekoa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, 2023. urtean gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren arloan. Urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuaren bidez, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da, eta Lehendakariaren irailaren 23ko 18/2022 Dekretuaren bidez aldatu zen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena. Aldaketa horrekin, Lehendakaritzari esleitu zitzaion gazteria-arloa, hasiera batean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende zegoena.

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzen duen martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuaren bidez, aipaturiko urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretua aldatu zen, haren egitura eta edukia egokitzeko Gazteriaren jarduketa-arlora (Lehendakaritzan sartu berria) eta Gazteria Zuzendaritza Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiari atxikitzeko.

Lehendakaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren esparruan jarduerak sustatzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, deialdi honetan zehazten diren eremuetako batean sartzen den jarduera bat garatzea helburu duten pertsona juridikoei –publiko zein pribatuei– beren xedea gauzatzen laguntzeko bideak ezartzen dira agindu horren bitartez.

Gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzen laguntzea da agindu honen helburua, eta hori da, hain zuzen ere, Lehendakaritzak planteatzen duen beste tresna bat gazteak gizartean integratzen laguntzeko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei aukera ematen zaie gazteen mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak egiteko, entitate horiek askatasunez egindako diseinuaren arabera, sormen-ekimena murriztu lezaketen muga estu zorrotzetatik urrun.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Lehendakaritzaren 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan islatzen da. Plan hori Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2023ko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez (Lehendakaritzaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena) onartu zen, eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2023ko martxoaren 9ko Ebazpenaren bidez aldatu (Lehendakaritzaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duena eta https://www.euskadi.eus webgunean argitaratua).

Horregatik, aintzat hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea eta lege hori garatzen duen araudian xedatutakoa, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2023ko ekitaldian gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko dirulaguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea, ondoren zehazten diren baldintza eta betekizunen arabera.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta horien guztizko zenbatekoa 145.000 eurokoa izango da.

3. artikulua.– Onuradunak.

Ebazpen honetako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta 5. artikuluan zehazten diren eremuetan sustapen- eta zabalkunde-jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek.

4. artikulua.– Entitate onuradun izateko betekizunak.

1.– Entitate eskatzailea dagokion erregistroan legez eratuta eta inskribatuta egon behar da.

2.– Ezin izango dituzte deialdi honetako laguntzak eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretako batean daudenak.

3.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren bereizkeria eragiten duten jarduerei, ezta sexuaren bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio edo zigor zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, zehapenean ezarritako epean.

Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar baina halakorik ez duten enpresek, ezta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 artikuluarekin bat etorriz.

4.– Hala entitate onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte., entitateak egunean izan beharko ditu indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

5.– Edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua), oraindik ere izapidetzen ari bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo organismo autonomiadunak ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

6.– Udalei dagokienez, onuradun izateko, bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak eskuratu beharko dituzte, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzen duen ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuaren arabera.

Mankomunitateen eta toki-entitateen beste elkarte-formula batzuen kasuan, horiek osatzen dituzten udal guztiei dagokienez lortu beharko dira txostenak, lehen adierazi den moduan.

5. artikulua.– Diruz lagunduko diren egitarauak edo jarduerak.

1.– Honako eremu hauetan egiten diren jarduera zehatzak lagundu ahal izango dira:

a) Gazteen mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak.

b) Gazteen mugikortasun eta elkartrukearekin loturiko lurraldez gaindiko sustapen-, zabalkunde- edo prestakuntza-jarduerak.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, gazteen mugikortasun eta elkartrukerako jardueratzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu-kideetako gazte-taldeen artean egiten direnak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izatea.

b) Gaiak interes komunekoak izango dira, garrantzitsuak parte-hartzaileentzat. Jardueren gai-kontzeptuak argia behar du izan, parte-hartzaileek batera lantzeko erakargarria. Gaia adostasunez aukeratuko da, parte-hartzaileen interesak eta beharrak jasotzeko, eta gazteen arteko trukean egiten diren jardueretan islatuko da.

c) Ikaskuntza ez-formalaren metodoak aplikatzea. Jarduerek gaitasunak eskuratzea edo hobetzea izango dute helburu (ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak), hartara garapen pertsonala, gizarte-heziketakoa eta profesionala lortzeko ikaskuntza ez-formal eta informalaren bitartez. Jardueren abiapuntuan, sormena, parte-hartze aktiboa eta ekimena (gogo ekintzailea) sustatuko dituen ikaskuntza-prozesua egongo da. Ikaskuntza-prozesu hori mugikortasun edo elkartrukerako jarduera osoan zehar planifikatu eta aztertu behar da: hausnarketarako espazio bat eskaini behar zaie parte-hartzaileei, ikaskuntzarekin loturiko esperientziez eta emaitzez gogoeta egiteko.

d) Parte-hartzaileen inplikazio aktiboa proiektuan. Eguneroko jarduera-egitarauak eta lan-metodoek ahalik eta inplikaziorik handiena sorrarazi behar dute parte-hartzaileen artean, eta ikaskuntza-prozesurako akuilua izan. Parte-hartzaileak inplikatuta egongo dira, baita ere, proiektua prestatzeko eta ebaluatzeko faseetan.

e) Parte-hartzaileen garapen soziala eta kulturala sustatzea. Jarduerek parte-hartzaileei beren buruan ziurtasuna izaten lagundu behar diete, esperientzia, jarrera eta jokamolde berriei aurre egiten ikas dezaten; orobat lagundu behar diete beren garapen soziala edo pertsonala sendotuko duten trebetasunak, gaitasunak eta ezagutza eskuratzen edo lantzen.

f) Kulturartekotasuna. Mugikortasun eta elkartrukerako jarduerek gazteek beste kultura batzuenganako duten sentiberatasun positiboa areagotu behar dute, eta ingurune eta kultura ezberdinetatik datozen gazteen arteko elkarrizketa eta kulturartekorako elkarguneak bultzatu. Horretaz gainera, lagundu behar dute aurreiritziak, arrazismoa eta bazterkeriak prebenitzen eta horiei aurre egiten, eta, horrekin batera, tolerantziaren eta dibertsitatearen ulerbideak zabaltzen.

g) Europartasuna eta nazioartekotasuna. Mugikortasun eta elkartrukerako jarduerek balio behar dute gazteen hezkuntza-prozesua indartzeko eta haiek bizi diren ingurumari europarrarekiko eta nazioartekoarekiko kontzientziazioa handitzeko.

h) Iraupena. Truke-jarduera bakoitzaren iraupena (bai joanekoa, bai harrerakoa) 6 eta 21 egun artekoa izango da, egun jarraituak alegia. Horretan ez dira zenbatuko prestakuntza-egunak, trukaketaren helmugarainoko bidaia, ezta jarduerak ebaluatzeko fasekoak ere.

i) Parte-hartzaileen kopurua. Talde bakoitzeko 6 partaide egongo dira gutxienez, eta gehienez 15. Dena den, gehienezko kopurua beti izango da 60koa. Talde bakoitzak, gainera, monitore bat izango du gutxienez; kopurua, baina, 4 pertsonako monitore 1 izango da gehienez ere, salbu eta parte-hartzaileren baten beharrizan espezifikoak direla-eta monitore gehiago behar direla justifikatzen bada.

3.– Deialdi honen ondorioetarako, gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukearekin loturiko sustapen-, zabalkunde- edo prestakuntza-jardueratzat hartuko dira EAEn egiten diren mintegi, prestakuntza-ikastaro edo zabalkunde-kanpainak, helburutzat dutenak hartzaileek etorkizunean bestelako mugikortasun- edo elkartruke-proiektuak egin ditzaten sustatzea. Jarduera horiek lurraldez gaindikoak izango dira, hau da, lurralde historiko bateko baino gehiagoko hartzaileak izango dituzte jomuga. Ildo horretan, aparteko gorabehera batengatik lurralde historiko bateko baino gehiagoko parte-hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.

4.– Eskaera batean ezberdinak diren jarduera bat baino gehiago sartzen badira, banaka-banaka adierazi beharko da zeintzuk diren jarduera bakoitzaren helburuak, hartzaileak eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua. Ondorio horietarako, ezberdintzat joko dira, xede edo hartzaile ezberdinak dituzten jarduerak ez ezik, finantzabide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak ere.

6. artikulua.– Bazterketak.

Ebazpen honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

a) Ikasketa akademikoetarako bidaiak.

b) Etekin ekonomikoa bilatzen duten elkartruke-jarduerak.

c) Turismotzat jo daitezkeen elkartruke-jarduerak.

d) Jaialdietan parte hartzea edo bertaratzea.

e) Opor-bidaiak.

f) Hizkuntza-ikastaroak.

g) Ikuskizun-birak.

h) Eskola-elkatrukeak.

i) Kirol-lehiaketak.

j) Antolakundeen arauzko bilerak.

k) Bilera politikoak.

l) Auzolandegiak.

m) Autofinantzaketa kostu osoaren % 30 edo hortik gorakoa ez denean, hau da, entitate eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioek jarduera horren aurrekontu osoarekiko duten proportzioa % 30 edo hortik gorakoa ez denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko da beren kapitalean administrazio publikoen partaidetza ez duten entitate pribatuek emandako diru-ekarpenak.

n) Gainfinantzaketa ezabatze aldera eskatutako diru-kopurua zuzentzearen ondorioz kopuru hori erabat desagertzen denean. Gainfinantzaketatzat hartuko da aurreikusitako gastuak gainditzen dituen aurreikusitako diru-sarreren zatia (eskatutako dirulaguntza guztiak barne).

o) Funtsezko ezaugarriak zehaztugabe dituzten jarduerak. Hau da, helburuak, jarduera-egitaraua, non egingo diren, egikaritze-egutegia, hartzaileak edo aurrekontua zehaztugabe dituzten jarduerak.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta aurrekontua.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, betiere behar-beharrezkotzat jotzen direnak eta laguntza emateko ebazpenean edo hari buruz egon daitezkeen aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ezingo da izan da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa.

2.– Gazteen mugikortasun eta elkartrukerako jardueretan, honako gastu hauek baino ez dira diruz lagunduko:

a) Eskaera egiten bada bakarrik gazteak Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetara bidaltzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira EAEko gazte-taldeari dagozkion bidaia-gastuak, jarduerak prestatzeko eta egitekoak, eta proiektua gauzatzen den tokiko ostatu- eta mantenu-gastuak.

b) Eskaera egiten bada bakarrik Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira gazte haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak, eta ostatu eta mantenu gastuak ere bai.

c) Laguntza eskatzen bada eskabide berean EAEko gazte-talde bat kanpora bidaltzeko eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira bai EAEko gazte-taldea bidaltzeko bidaia-gastuak bai Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak Euskadin hartzeko gastuak, alegia, haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak eta ostatu- eta mantenu-gastuak.

d) Aurreko hiru kasuetan, honako muga hauek hartuko dira kontuan:

d.1.– Bidaia-gastuak direla eta, jatorrizko herrialdetik jarduerak egiten diren tokirainoko joan-etorriko bidaia hartuko da aintzat, eta bitarteko eta tarifa merkeenak erabiliko dira.

d.2.– Jarduera prestatzeko eta egiteko gastuei dagokienez, gehineko kopurua 100 eurotan ezartzen da gazte parte-hartzaile bakoitzeko.

d.3.– Ostatu- eta mantenu-gastuei dagokienez, pertsonako eta gaueko gehieneko kopuru bat ezartzen da, jarduera egiten den herrialdearen arabera, ebazpen honen IV. eranskineko taulan xedatutakoaren arabera.

3.– Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, dirulaguntzaren onuradunak berak benetan ordaintzen dituenean eta berreskuratu edo konpentsatu ezin badira.

4.– Ez da laguntzarik emango entitate eskatzailearen zeharkako gastuetarako edo egitura-gastuetarako.

5.– Halaber, ez da laguntzarik emango inbertsio-gastuekin lotutako diru-kopuruak ordaintzeko.

6.– Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko zereginaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez, beti ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa jarraituz.

7.– Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioari dagokionez, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko, hornitzeko edo materiala entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituzten behar besteko hornitzaile kopururik ez badago, edo, salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatu beharko da memoria batean, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean. Gainera, eskaintzak justifikazioan aurkeztu beharko dira.

8.– Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota gastu horiek laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

8. artikulua.– Dirulaguntzen izapidetzea.

1.– Entitate interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatu, zuzendu, justifikatu eta egiteko.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak jasotzen dituena, eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen duena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102410

3.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4.– Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

5.– Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egingo direnak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliz egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, 10. artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan beteko da (Eskabidearen edukia I. eranskinean dago jasota).

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proiektuari buruzko memoria zehatza, egitaraua edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102410. Memoriaren edukia II. eranskinean dago jasota.

b) Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.

c) Entitatea dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko agiri eguneratua.

d) Azken estatutuen kopia, izaera juridikoaren arabera dagokion erregistroan inskribatuta daudenena.

Entitate eskatzaileak dokumentu horiek aurretik aurkeztu baditu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea, betiere dagokion prozedura amaitu zenetik 5 urte baino gehiago igaro ez badira. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz berretsiko ditu. Horretarako, nahikoa izango da adieraztea noiz eta zein zuzendaritza edo sailetan aurkeztu ziren dokumentu horiek.

3.– Dekretu honen 4.6 artikuluaren arabera, udalek bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak aurkeztu beharko dituzte, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzen duen ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuak ezarritakoaren arabera.

4.– Orobat aurkeztu ahalko da proiektua hobeto baloratzeko entitate eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentu.

5.– Gazteria Zuzendaritzak espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahal izango dizkio entitate eskatzaileari, eta entitateak aurkeztutako datuak egiaztatzeko behar diren frogak egin ahalko ditu.

10. artikulua.– Entitate eskatzaileen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidea aurkeztean, eskatzaileak organo kudeatzaileri baimena ematen dio automatikoki egiaztatzeko ea betetzen dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari. Kasu horretan, onuradunak Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da laguntza edo dirulaguntza emateko onarpen-proposamena eman aurretik, hala xedatzen baita 2023ko otsailaren 13an Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruz emandako Aginduaren 5.1 artikuluan, EAEko Aurrekontu Orokorren konturako laguntza eta dirulaguntzen esparruan.

2.– Eskatzaileak baimen espresua eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren arloan dituen eskumenak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.1.bis artikuluan eta aurretik aipatutako 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da eskabide normalizatuan honako baldintza hauek betetzen direla:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko adierazitako debekurik ez izatea.

– Ez izatea administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez egotea dirulaguntzak jasotzeko legezko debekuren baten eraginpean, bereziki sexu-bereizkeriagatik eragindako debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzeko Legearen testu bateginaren 23.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

– Ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta deialdia ebazteko unean izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan. Bestela, dagokion prozedura edo prozedurak adierazi beharko dira.

– Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo entitate publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen jarduerarik ez egitea, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik jaso ere, zehapenean ezarritako aldian.

– Berdintasun-plan bat indarrean izatea, baldin eta hori nahitaezkoa bada.

– 50 langiletik gorako enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.

– Halaber, entitate eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, hargatik eragotzi gabe gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez. Zuzenketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» ren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabidea aurrez aurre eta paperean aurkezten bada, interesdunari adieraziko zaio elektronikoki aurkeztu behar duela.

12. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Dirulaguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu egingo dira, eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, 14. artikuluan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, balorazio-batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:

100 x (puntu kopurua-40) / 20

Lortutako puntu-kopurua 60 edo gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Dena den, beti bete beharko da 15. artikuluan dirulaguntzen zenbatekoari eta mugei buruz ezarritakoa.

Lortutako emaitza hurbilen duen zenbaki osoarekin biribilduko da.

2.– 2. artikuluan deialdiari esleitutako hornidura ekonomikoa ez bada nahikoa artikulu honen aurreko puntuan aurreikusitakoaren arabera hasieran kalkulatutako laguntzak osorik ordaintzeko, laguntza horiek murriztu egingo dira. Hala egiten bada, azkenean ezartzen diren zenbatekoek, aipatu hornidurarekin lotuta, bete egin beharko dute horiek aurrera eraman ahal izateko hasieran kalkulatutako zenbatekoan kopuru orokorrarekiko zuten proportzioa.

3.– Dirulaguntzak emateko egiten duen proposamenean, balorazio-batzordeak laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak aipatuko ditu, berezituta. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, kasu horretan ere balorazio batzordeak zehaztu egin beharko dut, ebazpen-proposamenean, zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztu diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteriako arduraduna.

– Bokala: M.ª Jesús Emazabel Lekuona, gazteriako teknikaria. Ordezkoa: Beñat Martinez Castillo, Gazteriako teknikaria.

– Bokala: Agurtzane Iriondo Goti, Gazteriako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocáriz, Gazteriako teknikaria.

2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 14. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteriako zuzendariari.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Eskabideek lortzen duten puntuazioa, 12.1 artikuluan aipatua, jarraian adierazten diren irizpideak aplikatzearen ondorioz eskuratutakoa izango da:

1.– Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa; eskatzailearen baliabideak portzentaje handiagoan baloratuko dira, ondorengo eran, gehienez ere 10 puntu:

1.1.– % 30etik % 40ra bitarteko autofinantzaketa, 0 puntu.

1.2.– % 40tik gorako eta % 60ra bitarteko autofinantzakeeta, 5 puntu.

1.3.– % 60tik gorako autofinantzaketa, 10 puntu.

2.– Egitaraua edo jardueraren egokitasuna. Egitaraua edo jardueraren xedeak argi zehaztuta dauden eta gazte onuradunen beharren azterketan oinarrituta dauden hartuko da kontuan. Gehienez ere 15 puntu.

3.– Proiektuaren diseinuaren eta ezarpenaren kalitatea. Proposatzen den proiektuaren fase guztien (prestakuntza, jarduerak egitea eta ebaluazioa) argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea hartuko dira aintzat, bai eta nahi diren emaitzak lortzeko metodologia egokia erabiltzea ere, edota proiektuaren xedeen, proposatzen diren jardueren eta jarduerak egiteko aurrekontuaren artean koherentzia egotea ere. Era berean, kontuan hartuko da gazte parte-hartzaileen babesa eta segurtasuna ziurtatuko dituzten neurri zehatzak egotea, eta azken ebaluazioaren prozesua bat egotea ere bai, proiektua eta haren emaitzak iraunkorragoak izateko. Gehienez ere 25 puntu.

4.– Euskararen erabilera egitaraua edo jarduera garatzean, bai giza-baliabideen arloan bai baliabide materialen arloan. Gehienez ere 12,50 puntu:

4.1.– Proiektuaren garapenean ez dago euskararen erabilera bermatuko duen berezko neurririk: 0 puntu.

4.2.– Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50etik beherakoa izatea: gehienez ere 2 puntu.

4.3.– Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50 izatea: gehienez ere 5 puntu.

4.4.– Euskararen presentzia ziurtatzen duten ekintzen kopurua proiektuan jasotako jarduera guztien % 50etik gora eta % 100etik behera izatea: gehienez ere 10 puntu.

4.5.– Proiektua bere osotasunean euskaraz garatzea: gehienez ere 12,5 puntu.

5.– Generoaren ikuspegia, hots, proiektuaren garapenean sistematikoki aintzat hartzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan ezberdinak, ezberdintasunak ezabatzera eta berdintasuna sustatzera zuzendutako helburu eta jarduketa zehatzak txertatuz. Gehienez ere 12,50 puntu.

6.– Jardueren parte-hartzaile eta onuradunen gutxi gorabeherako kopurua eta profila. Horretarako, jardueren parte-hartzaile eta onuradunen kopurua baloratuko da, bai eta aukera gutxien dituzten gazteek horietan parte hartzea ere; hau da, egoera sozial, ekonomiko, hezitzaile, kultural edo geografiko ahuleko gazteek, edo jarduerak egitea eragozten ez dien desgaitasunaren bat duten gazteek. Gehienez ere 15 puntu.

7.– Proiektuaren inpaktua eta hedapena. Proiektuak parte-hartzaileengan, entitateetan eta garatuko den inguruan eduki dezakeen inpaktua baloratuko da, baita emaitzak hedatzeko nahiz ustiatzeko aurreikusten diren neurrien egokitasuna eta kalitatea ere. Gehienez ere 10 puntu.

7.1.– Ez dira garatzen proiektuaren inpaktua eta emaitzak hedatzeko eta ustiatzeko neurriak: 0 puntu.

7.2.– Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkundea eta ustiapena proiektuan jasotako jardueretan parte hartzen duten pertsonentzat baino ez dira: gehienez ere 3 puntu.

7.3.– Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen zabalkundea eta ustiapena parte-hartzaileen eremutik haratago doa, eta, oro har, gazteen kolektiboari edo gazteriaren eremuan jarduten duten beste entitate batzuei eragiten die: gehienez ere 5 puntu.

7.4.– Proiektuaren inpaktua eta haren emaitzen hedapen eta ustiapena herritar guztiengana iristen da: gehienez ere 10 puntu.

15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Onartutako aurrekontuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 70era artekoak izan ahalko dira deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzak, baina inola ere ezingo dute ehuneko hori gainditu.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean entitate eskatzaile bakoitzari emandako dirulaguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.

16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein entitate publikok edo pribatuk emandako laguntza edo diru-sarrerak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere 6.m) artikuluan aurreikusitako autofinantzaketa errespetatuz eta gainfinantzaketa ez badakar. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekotik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

17. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Gazteriako zuzendariari dagokio ebazpen honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

18. artikulua.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta ebazpenean erabakiko dira interesdunek azaldutako gai guztiak. Gazteriako zuzendariari dagokio ebazpen hori ematea, balorazio-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zeintzuk diren entitate onuradunak eta zenbateko dirulaguntza emango zaion guztira horietako bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

Era berean, emandako dirulaguntzen eta entitate onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

4.– Aurreko apartatuan aipatutako epea amaituta entitate interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako dirulaguntza ezetsitzat jo ahal izango da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin.

19. artikulua.– Dirulaguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

1.– Ebazpen honen xede diren dirulaguntzen entitate onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50 artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoak, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak, batez ere honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Gazteria Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

d) Ebazpen honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonak edo entitateak behartuta daude Lehendakaritzako Gazteria Zuzendaritzaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta dirulaguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera egiten dituzten egitaraua, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan, zeintzuk Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatuak izan beharko baitute. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Betebehar honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta dirulaguntza jasotzen duten entitateak, baita dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten entitateak ere.

e) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari.

f) Diruz lagundutako jarduketa, egitaraua edo zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2.– Administrazioak dirulaguntzen ordainketa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuna Sailaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Entitate eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuna Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, honako helbidean https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

20. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, emandako dirulaguntzaren ehuneko berrogeita hamar, 19.1.a) artikuluan ezarritako epea igaro ostean, baldin eta onuradunak dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badio epe horretan.

b) Bigarren ordainketa, emandako dirulaguntzaren erabilera Gazteria Zuzendaritzan justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa, hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, dirulaguntza ordainketa bakar batean ere eman ahal izango da, 18. artikuluan aipaturiko Gazteriako zuzendariaren ebazpenaren ondoko bi hilabeteetan, betiere eskabidearekin batera aurkezten bada jardueraren aurrekontuaren exekuzioa egiaztatzen duen dokumentazioa, ebazpen honen 21. artikuluan xedatutako eran justifikatuta.

2.– Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen eta dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura amaitzeak baldintzatuko du dirulaguntzen ordainketa.

Era berean, ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere 2024ko urtarrilaren 5a baino lehen, dirulaguntzen entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta:

a) Justifikazio-kontu erraztua, honako informazioa jasoko duena: buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen aurrekontu exekutatuak eta diruz lagundutako jarduerari dagokion gastu-zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu exekutatuan zehaztuta jasoko dira diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntzak. Era berean, gastuen zerrenda sailkatuan hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, zenbatekoa eta igorpen- eta ordainketa-data jasoko dira. Justifikazio-kontu erraztuaren eredua (edukia III. eranskinean jasota dago) euskadi.eus guneko honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102410

b) Egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntza-bertsio desberdinetako aleak, Lehendakaritzaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, dirulaguntzaren zuriketarako inprimaki-eredua erabilita. Inprimakia eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0102410

3.– Gazteria zuzendaritzak jarraian zehazten den laginketa-prozedura aplikatuz hautatutako diruz lagundutako proiektuen gastu-egiaztagiriak egiaztatuko ditu. Laginketa egiteko, diruz lagundutako proiektuen zerrenda alfabetikoki ordenatuko da, entitate onuradunen izenaren arabera, eta zenbaki korrelatibo bat esleituko zaie. Diruz lagundutako proiektuari esleitutako zenbakiaren azken digitua ebazpen hau argitaratzen den Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren zenbakiaren azken digituarekin bat datorrenean, entitate onuradunek hautatutako proiektuen gastuen egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte (adibide gisa, ebazpena 234 zenbakia duen aldizkarian argitaratzen bada, 4., 14., 24., 34. eta abarren zenbakiak esleitu zaizkien proiektu diruz lagunduen gastu-egiaztagiri guztiak aurkezteko eskatuko da).

22. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gazteriako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat ebazpen honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako ez-betetze kasuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina).

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan edukiko da ea gutxi falta izan den jarduera erabat burutzeko eta onuradunak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez. Hala, ez badira betetzen proiektuaren helburu partzialak edo jarduera zehatzak, helburu eta jarduera horietarako aurreikusitako dirulaguntza itzuli beharko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak ondorengo tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio: gazteentzako laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.

– Helburua: Gazteriaren laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

– Hartzaileak: datu pertsonalak gaian eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa1-eu.shtml

Honako hauek betetzeko:

– Datuen Babeserako Araudi Orokorra: https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa https://www.boe.es/boe/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 1a.

(Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari eginkizunak eskuordetzan ematen dizkion lehendakariaren apirilaren 21eko 13/2023 Dekretuaren bitartez emandako eskumen-eskuordetzaren bidez. 2023ko maiatzaren 2ko EHAA, 81. zk.).

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia,

juan antonio FERNANDEZ ERDOZIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala