Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2023ko ekainaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2786

AGINDUA, 2023ko ekainaren 6koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzen oinarriak, eta laguntza horien deialdia iragartzen baita.

Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zen. Sare horren funtzioetako bat da liburutegientzako laguntza-programak eta zerbitzuak ezartzea, bereziki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko, eta beste helburu batzuetarako.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan.

Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea.

Araudi horiekin bat etorriz, udal-liburutegi publikoen eginkizun funtsezkoena aintzat hartuta (herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko gune izatea), eta teknologia berriek horretan duten garrantzia kontuan izanda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal-liburutegi publikoetan ezartzeko eta garatzeko lagungarri izan daitezkeen jarduerak bultzatzea.

Agindu hau, halaber, sailaren 2021-2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan eta 2023ko Dirulaguntzen Urteko Planaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu ditu plan horiek 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bidez, eta sailaren webgunean daude argitaratuta, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Dirulaguntzen programa honi aplikatuko zaizkio Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, hemendik aurrera, TRLPOHGPV) eta honako hauetan jasotako oinarrizko araudia: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hemendik aurrera, DLO) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua, hemendik aurrera DLOE, onartzen duena).

Dirulaguntzen programa honetarako nahikoa aurrekontu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea 2023ko ekitaldirako.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Agindu honetan iragarritako dirulaguntzen gehieneko zenbateko globala 300.000 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko aurrekontu orokorren kargura emango dira.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedurarekin lotutako izapide oro eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.

2.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095910

3.– Eskaera egin osteko izapide elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Izapideak elektronikoki egin ahal izango dira, ordezkari baten bidez; horretarako, aipatutako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

4. artikulua.– Entitate onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-entitate eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-entitateak.

Udalerri bakoitzean onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako entitate eskatzaileen aurretik.

Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen entitateak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, entitate eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.

2.– Ezingo dituzte laguntzak eskuratu DLOren 13.2 eta 3 artikuluetan jasotako egoeraren batean dauden entitateek.

3.– Halaber, ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskuratu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako dekretuaren indarrez jarritako zehapenen ondorioz debeku hori dutenek ere.

4.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta.

Bi betekizun horiek bete beharko dituzte hala entitate onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntza likidatu arte. Alde horretatik, betekizunak betetzen direla egiaztatuko da bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

5. artikulua.– Entitate eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betekizun hauek egiaztatzeko:

– Entitate eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta hari atxikitako agirietan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

– Beste edozein entitate edo administraziotatik –publikoa zein pribatua– helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu badu edo lortu badu entitate eskatzaileak, horren berri jakinarazi beharko du.

– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dien zehapen administratibo edo penalik jaso duten entitate eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako dekretuan ezarritakoa barnean dela.

2.– Entitate eskatzaileen betekizunak –Administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu–, salbu eta entitate interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta garatzeko elementuak jartzeko edo eskuratzeko 2023ko ekitaldian egiten diren jarduera bereziak, baldin eta 100 eurotik gorako kostua badute.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira, halaber, 2023ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati diren inbertsio-jarduerak, baldin eta 2023. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela irizten bazaio eta haien banakako kostua zehaztu badaiteke.

3.– Zehazki, hauek eskuratzeko edo instalatzeko emango da laguntza:

a) Hardwarea edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta haren osagaiak sartzen dira multzo honetan, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezko den beste edozein elementu material ere, dela modu autonomoan lanean dihardutela, dela sarean dihardutela (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerrak, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze-unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, liburu irakurgailu elektronikoak, tabletak eta abar).

b) Softwarea edo informatika-sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.

c) Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai hari bidezkoak bai haririk gabekoak.

4.– Hauek joko dira, agindu honetan jasotako araudiaren babesean, diruz laguntzeko moduko gastutzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik, diruz laguntzeko jarduerarekin lotura estua duten gastuak; bai erosketaren gastuak, bai errentamenduaren gastuak edo laguntzeko modukotzat jotzen diren elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako sistemen gastuak. Gainera, diruz lagundu daitezkeen gastuak bat etorriko dira DLOren 31. artikuluan xedatutakoarekin.

5.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Ikus-entzunezko ekipamenduak edo bestelakoak, dituzten ezaugarriak direla-eta 3. puntuko atalen batean sartzen ez badira.

b) Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.

c) Liburuzainak edo erabiltzaileak teknologia berrien erabileran trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.

d) Liburutegien presentzia Interneten areagotzea beste asmorik ez duten softwarea eta gainerako elementuak.

e) Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, edozein dela ere funts horien euskarria, lokalizazioa eta edukietan sartzeko beharrezkoa den ekipamendua.

f) Software edo hardware plataformak kontratatzea, sortzea edo alokatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi guztientzat jada eskaintzen eta kudeatzen dituen zerbitzuetarako.

g) Inprimagailuetako, eskanerretako eta abarretako kontsumigarriak (tonerrak, inprimatze-kartutxoak).

6.– Dirulaguntza hau jaso dezaketen elementuek dituzten ezaugarri espezifikoak direla-eta, entitate onuradunak diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: DLOaren 29. artikulua eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikulua.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen nahikoa entitate, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

7. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dituzte eskabideak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095910

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari atxikitako agiriak. Orobat, prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzaileko liburuzain arduradunek izenpetutako memoria bat, honako hauek bilduko dituena: zein diren 2023. urteko ekitaldian egin diren edo egitekoak diren jarduerak, dirulaguntzen xede direnak; zer helburu lortu nahi diren teknologia eskuratuta edo/eta instalatuta, eta zergatik den beharrezkoa.

b) Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak. Aurrekontuok BEZa barnean hartuko dute, eta liburutegiko ondasun edo instalazioak islatuko dituzte, ez udal osoarenak.

c) Baldin eta 2023ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati edo osagai badira jarduerak, justifikatu beharko da jarduera horiek banakatu daitezkeela eta erabilera beregaina dutela, eta, gainera, zehaztu beharko da zein den banaka duten kostua. Kasu horretan, eskabidea jarduera horietara mugatuko da.

5.– Baldin eta legez eratutako udal- entitateek edota udal-liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal- entitateek egiten badute eskabidea, agiri bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean dagoela liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea. Agiri horiek ez dira aurkeztuko, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren esku badaude. Horretarako, entitate interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein organoren aurrean aurkeztu zituen aipatutako agiriak.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako laguntzak kudeatzea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

2.– Halaber, 39/2015 Legearen 68.4 artikuluari jarraikiz, entitate eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Era berean, Kultura Ondarearen zuzendariak egingo du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Ebazpen-proposamenean, honako informazio hau jasoko da: onuradun izateko proposatzen diren entitateen zerrenda eta bakoitzari esleitutako diru-kopurua; ukatu egin diren eskabideen zerrenda eta onartu ez direnena (arrazoiak adierazita); eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan dirulaguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira deialdiaren diru-baliabideak.

2.– Eskatzaile bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua zehazteko, hurrengo apartatuan finkatutako irizpidea eta agindu honen hurrengo apartatuan jasotako kalkulu-sistema aplikatuko dira.

3.– Diru-zenbatekoak zehazteko, entitate onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan.

Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan entitate onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

a) Populazioaren homologazioa (P). Entitate onuradunen populazioak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta P populazioaren balore homologatua lortzen da, eskala honen arabera:

Populazioa P

0tik 1.000ra: 1.000

1.001etik 2.000ra: 2.000

2.001etik 3.000ra: 3.000

3.001etik 5.000ra: 5.000

5.001etik 10.000ra: 10.000

10.001etik 15.000ra: 15.000

15.001etik 20.000ra: 20.000

20.001etik 25.000ra: 25.000

25.001etik 50.000ra: 50.000

50.001etik 100.000ra: 100.000

100.001etik 150.000ra: 150.000

150.001etik 200.000ra: 200.000

200.001etik 250.000ra: 250.000

50.000naka jarraitzen du.

Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 5.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 100.000rekin.

b) Koefiziente zuzentzailearen aplikazioa (IZ).

Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

Populazioa IZ

0tik 1.000ra: 1,8

1.001etik 2.000ra: 1,6

2.001etik 3.000ra: 1,4

3.001etik 5.000ra: 1,2

5.001etik 10.000ra: 1

10.001etik 25.000ra: 0,8

25.001etik 50.000ra: 0,6

50.001etik 150.000ra: 0,4

150.001etik 200.000ra: 0,3

200.001etik 250.000ra: 0,25

250.001etik aurrera: 0,2

Formula.

P: biztanle-taldeentzako homologatutako populazioa.

IZ: zuzenketa-indizea.

B: onuradunak jasotako puntuazioa.

BB: onuradun guztien puntuazioen batura, hots, B guztien batura.

DK: dauden baliabideak. 300.000 eurokoa da aginduaren diru-hornidura. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.

DL: onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua, dauden baliabideak banatzearen ondoriozkoa. Hori zehazteko, onuradun bakoitzak lortutako puntuak eta puntu horiek onuradun guztiek lortutako puntuazioekiko duten erlazioa hartuko dira kontuan.

4.– Hauek dira eman beharreko pausoak:

a) P eta IZ baloreak esleitzea onuradun bakoitzari.

b) P eta IZ baloreak biderkatzea, onuradun (B) bakoitzak zer puntuazio eskuratzen duen jakiteko.

c) Onuradun (B) guztien puntuazioen batuketa egitea, BB balorea eskuratzeko.

d) Onuradun bakoitzari egokituko zaion zenbatekoa jakiteko, kalkulu hau egitea: eskura dauden baliabideak onuradun bakoitzaren puntuazioarekin biderkatuko dira lehenik, eta erdietsitako emaitza onuradun guztien puntuazioaren baturarekin zatituko da. Hau da: DL = DK * B / BB

e) Kalkulatzeko sistema hori aplikatuta, lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da; behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak ez du inolaz ere gaindituko agindu honetako 12. artikuluaren 1. puntuan jasotako muga.

f) Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak biribildu egingo dira aurreko edo ondorengo zenbaki oso hurbilenera. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoa deialdian finkatutako kreditua baino handiagoa bada, alde hori kendu egingo zaio finantzaketa handiena lortzen duen proiektuari.

12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.

1.– Jasotako dirulaguntzak ez du gaindituko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundu dezakeen aurrekontuaren % 90, eta ez da inolaz ere 100.000 eurotik gorakoa izango entitate onuradun bakoitzeko.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan adieraziko da eskatutako dirulaguntza ematen den edo ukatzen den; ematen den kasuetan, entitate onuradunaren nortasuna, diruz lagunduko den jarduera eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, entitate eskatzailearen nortasuna eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

2.– Emandako ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie entitate interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Errekurtsoak aurkezteko epea zehazteko, lehenik egin den jakinarazpenaren eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan xedatutakoarekin.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, lehenengo jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, agindu hau aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea.

c) Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

d) Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla laguntza ematea edo laguntzaz baliatzea eragin duten betekizunak eta baldintzak, eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio edo entitate publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.

g) Beste entitate publiko zein pribatu batzuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan ezarritako dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

h) Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu dela, hala gertatzen denean.

i) Jasota uztea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa jaso dela, dirulaguntza honen bidez egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako martxoaren 16ko Legegintzako Dekretuak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, entitate onuradunak hornitzaile desberdinen 3 eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago halakoak egiten, ematen edo hornitzen dituen nahikoa entitaterik, edo salbu eta gastua dirulaguntza baino lehenago egin bada.

l) Oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta DLOren 14. eta 46. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

15. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa.

1.– 2023ko abenduaren 29a baino lehen aurkeztu behar da dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa.

2.– Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Laguntzak justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, «Justifikazioak» ereduaren araberakoa, non jasoko baita informazio hau: egindako gastuak eta helburu berarako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zerrenda, halakorik balego.

– Fakturak: faktura bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatuko dira gastuak.

– Jarduketak justifikatzeko memoria bat, alkateak sinatua, non zehaztuko baita zein diren eskuratutako ondasunak eta egindako instalazioak zein lortutako helburuak, eta adieraziko baita eskuratutako ondasunen destinoa liburutegia bera dela eta ondasunak han daudela. Horretarako, «justifikazio-memoria» inprimaki-eredua jarriko da eskuragarri, alkateak izenpetu beharko duena.

– 14.k) artikuluan aurreikusitako kasuetan, entitate onuradunak DLOaren 31.3 artikulua aplikatuz eskatutako 3 aurrekontuak sartuko dira.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, DLOaren 30. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da beti.

5.– Justifikazio-epea administrazio-organo eskudunaren aurrean aurkeztu ez bada, hamabost egun balioduneko epe luzaezinean aurkezteko eskatuko dio administrazio-organo eskudunak onuradunari. Justifikazioa ezarritako epe berrian aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, bat etorriz DLOEaren 70.3 artikuluarekin.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, Kultura Ondarearen zuzendariak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko, eta, murrizketarik egin behar bada, bakoitzari dagokion likidazioaren ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari, hari baitagokio horren inguruko ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

2.– Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, emandako dirulaguntza justifikatu eta likidatu ondoren, betiere onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta baditu.

3.– Erregistratuta ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, alta edo aldaketa helbide honetan egingo da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

4.– Pertsona edo entitate eskatzailea itzulketa-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da ordainketa egin ahal izateko, eta, itzulketa-prozedura amaitutakoan, pertsona edo entitate eskatzaileak itzulketa-betebeharra badu, ordainketa egin ahal izango da baldin eta zorra borondatezko epean kitatzen badu, edo geroratu eta bermatzen badu, edo itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean hura etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo entitate eskatzaileak onuradun izateko debekua izango luke, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean ez edukitzeagatik.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo laguntza emateko ebazpenean adieraz litezkeen baldintzak.

c) Beste batzuk, betiere dirulaguntzen arloko beste edozein xedapenek ezarritakoak.

2.– Ez-betetzearen ondorioak:

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, honako xedapen hauetan aurreikusitakoa betez: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketari buruzko araubide orokorra arautzen duena; DLO, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, DLOaren Erregelamendua onartzen duena.

3.– Betetze edo ez-betetze partzialak:

a) Agindu honen 16.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da baldin eta aldatzen badira dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak, dela egindako gastua aurrekontuetan jasotakoa baino txikiagoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste entitate publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso, eta ezarri diren mugak gainditzen badira, eta betiere dirulaguntzen xedea bete bada.

b) Jarduera partzialki ez betetzea onartu ahal izango da baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat dela eta jardueraren betetze-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen dela gutxienez. Kasu horretan, eta agindu honen 16.1 artikuluan aurreikusitako baldintzei jarraikiz, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean eman den zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osotik egiatan justifikatu den kopuruaren proportzioaren arabera.

Salbuespen gisa, proiektua ezarritako ehunekora iristen ez bada, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak daudela balioetsi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren onuradun den pertsonak edo entitateak egindako lanek berezitasun eta espezifikotasun objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari balio erantsia ematen badiote.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira eta «Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta/edo garatzeko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko dirulaguntzak eta laguntza ekonomikoak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den misio bat betetzeko.

Hartzaileak: datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria kontsulta dezakezu gure web-orrian:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 6a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala